Kronika: 15. Giza Eskubideen Zinemaldia

Egilea: Aintzane Aguirre Otamendi

Zinema, XIX. mendearen azken urteetan sortu zen eta hasieran dibertimendu soil bat zena, XX eta XXI. mendeetan gizakiak komunikatzeko eta aisialdirako baliabide bihurtu da, batzuentzat lan esparru delarik. Baina, XXI. mende hasierako ekonomia eta gizarte krisiak, krisi kulturala ekarri dute, honek beste zenbait kultur alderdiri bezala zineari ere eragin diolarik.

Soziologoek dioten moduan, kulturak, gizarte batek sortzen duen guztia biltzen du, bai elementu materialak (arropa, jakiak …) eta materialak ez direnak ere (balioak, sinboloak, arauak …). Honek argi uzten du kulturak funtsezko eragina duela gure egunerokotasunean eta gure bizitzetan. Baina, egia da ere, kultura aldakorra dela eta horren eragiletako batzuk teknologia eta komunikabideak dira, hauek neurri handi batean gizartea kontrolatzeko gizarte kapitalistaren esku dauden baliabideak bai dira.

Kultura guztiak errespetagarriak diren moduan, kritikagarriak ere badira, izan ere, kultura guztietan modu batean edo bestean giza eskubideen urraketa ematen da. Giza eskubideak, lehengo urtean aipatu moduan, pertsona izateagatik bakarrik, norbanako bati aitortzen zaizkion balore, ahalmen eta eskubideak dira. Berdin du norbanakoaren sexua, etnia, arraza, estatusa … esan bezala, pertsona garen momentutik guztiok ditugu, inori ezin zaizkio ukatu eta errealitatean horrela izango balitz eta eskubide hauek pertsona guztiek izango balituzte gizarteko arazo asko ez lirateke egongo eta gizakien bizi baldintzak hobetzeko irtenbide bat izango lirateke.

Donostiako giza eskubideen zinemaldia, 2003 urtea ez geroztik Donostian antolatu ohi den zinemaldia bat da, non, giza eskubide, nahiz gizarte gaiei buruzko filmak estreinatzen diren. Honek, bertan parte hartzen duten hiritarren artean, giza eskubideen urraketaren inguruko gogoeta, sentsibilizazioa, eztabaida eta salaketa bultzatzeko eta elkartasuna, errespetua, bakea, askatasuna, justizia soziala … bezalako baloreak indartzeko balio du. Modu honetan, zinema, informazioa emateko eta heziketarako baliabide gisa erabiliko da.

Giza eskubideen XV. zinemaldi honetan, guztira 27 herrialdeetako 54 film (30 luze eta 24 labur) proiektatu dira. Gazte epai mahai kide izanik, film laburrak baloratzeko aukera izan dugu eta baita film luzeak ere ikusle moduan. Horretaz gain, 6 erakusketa antolatu dira ( emeek emana, giza eskubideen aldeko tira, artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XIII. Edizioa …) eta hainbat jarduera paralelo egin dira: Filmetako zuzendariarekin, protagonistarekin eta landuko diren gizarte gaietan adituak diren pertsonekin solasaldiak, ikastetxeentzako goizeko zinema saioak, gazte epaimahaipeko bi kidek Fisaharan (Dajlako errefuxiatu kanpamenduan (Tindouf, Arjelia) ospatzen den zinemaldi bakarra) parte hartzeko aukera … Honetaz gain, aurten ere, Dike Lehor izeko presondegian dauden bi nerabeentzako epaiketa justu bat lortzeko sinadura bilketak egin dituzte berriz. Bestalde ere, zinemaldia, Donostiako auzo ezberdinetara zabaldu da bertako kultur etxeetan doako proiekzioak antolatuz, honen helburua, gizartearen erronka eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala eskaini eta eragitea delarik.

XV. zinemaldi honetan guztira 4 sari banatu dira. Alde batetik, Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria, hau, Indian jaioa den eta Kanadan bizi den Deepa Mehta zuzendariarentzat izan delarik. Emakume hau, era guztietako problematika sozialei so egiten dien zinegilea da eta bere filmek, beti egin izan die aurre tradizioari eta estereotipoei modu arriskutsu, ausart eta probokatzaile batean. Zinemaldiaren edizio honetan aurkeztu duen film-a Anatomy of violence izan da eta hau 2012ko abenduaren 16an, New delhin, sei gizonek emakume gazte bat autobus batean bortxatu eta handik bi astera emakume hori hil ondorengo gertakari erreal horretatik abiatuta, eta dokumentala eta fikzioa nahastuz egin du; zerk bultzatu ote zituen gizon haiek ekintza bortitz hura burutzera aztertzen saiatu da, eta aldi berean imajinatu egiten du zeintzuk ziren emakumearen ametsak eta itxaropenak bere bizitza eten zuen eraso izugarri horren aurretik. Bestetik, 18 film luzek hartu dute parte aurten Giza Eskubideen zinemaldiaren sail ofizialean eta ikuslearen saria film luze onenari, La cazadora del águila filmarentzat izan da eta Amnesty International saria berriz, Jackson filmarentzat. Sariekin amaitzeko, gazte epaimahaiaren saria film labur onenari, Watu Wote filmarentzat izan da. Film hau ere, benetako kasu batean oinarritua dago eta Kenian gertatutako Al-Shabaab taldearen eraso terrorista bat kontatzen digu. Komunitate kristau eta musulmanaren arteko deskonfiantza areagotzen doan gizarte batean, filmak elkartasun lezio bat ematen du, giza bizitzaren balioa, erlijio, arraza zein sinesmen gainetik dagoela gogoraraziz eta itxaropen mezu bat jaurtiz.

Aurtengo zinemaldi honek ere gai ezberdinak lantzeko aukera eman du, esaterako, politika, genero indarkeria, abortua, autismoa, transexualitatea, lana eta enplegua, drogen trafikoa, korrupzioa, ezkontza behartuak, ablazioa, pobrezia, pertsonen trafikoa, terrorismoa … Gazte epaimahaiok ordea, ez dugu aukerarik izan film guztiak ikusteko, guztira, film laburren lehiaketan parte hartu duten 18 film eta film luzeen lehiaketan parte hartu duten beste 6 film ikusi ditugu, ondorioz gai batzuk soilik landu ahal izan ditugu.

Zinemaldiari hasiera, Mohamed Diab egiptoarrak zuzenduriko Clash pelikulak eman dio. Bertan, 2013an manifestazio batean sinesmen erlijioso eta ideia politiko desberdinetako pertsona ugari atxilotu zituzten eta polizia furgoneta berean amaitu zuten denek beraien desberdintasunak gainditu beharko zituztelarik. Film honetan, Egiptok bizi duen ezegonkortasun politiko eta soziala islatzen da, eta beste herrialde batzuetan gertatzen diren gatazka politiko ezberdinez hausnartzeko aukera ematen du. Gatazka politikoak azaleratu dituen beste film bat, Boiling Point izan da, honek, gaur egungo Finlandiako gizarte banandu eta haserretuaren bi aurpegiak (asiloa eskatzen dutenak eta migratzaileen aurkako taldea) erakusten ditu. Honek aukera ematen du ere, urte gutxitan zehar, Europako ultraeskuindarren gorakadaz hausnartzeko eta eskuineko populismoak duen indarraz jabetzeko, honen adibide direlarik Brexiten arrakasta Erresuma Batuan eta Donal Trumpena Estatu batuetan. Hau, krisi ekonomiko-finantzarioaren, errefuxatuen iritsieraren, erlijio musulmanarekiko deskonfiantzaren (deskonfiantza hori azaltzen duen film labur bat ere ikusi genuen Un état d“ugence izenekoa) … ondorio da, honen aurrean hainbat neurri desegoki hartzen direlarik, esaterako, mugak ixtearena.

Gatazka politikoekin batera, zinemaldian nabarmendu den beste gaia emakumeen jazarpena da. Film labur bat baino gehiagotan landu da emakumearen gaia, esaterako, My Life I Don`t Want filmean emakume jaiotzeagatik jasaten dugun diskriminazioa ikustarazten da eta honen adibide da The Cut filmean afrikar neska bati ablazioa egiteko duten beharra. Beti bezperako koplak laburmetrailean berriz, genero indarkeriaren inguruko salaketa egiten da Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuz. Bestalde, Sheroes filmean, generoen arteko ezberdintasuna eta gizonezkoek emakumearenganako duten boterea azaleratzen da; Horri erantzuteko, tratu txarrak jasandako bost emakumek denda bat irekitzen dute gizarteari erakutsiz bizitza gogorra izan daitekeela baina bakoitzaren jarrerek hori alda dezaketela. La niña de la buseta filmean, bakarrik dagoen ama gazte batek bizitza aurrera ateratzeko dituen zailtasunak agertzen dira.

Jackson film luzean, abortuaren legea lantzen da. Bertan, Estatu batuetako estatu guztietan abortatzea legezkoa dela ikus daitekeen arren, azken urteotan ugaritzen ari diren tranpazko legeak hori nola zailtzen duten agertzen da. Izan ere, batik bat hegoaldean, nahiz eta legezkoa izan, hori egiten duten zentroei kostu handiko berrikuntzak exijitzen dizkiete, eta berrikuntza horiei aurre ezin egitearen ondorioz klinika asko histen ari dira.

Zinemaldian landu den beste gai bat ezintasunak dituzten pertsonena izan da. Esaterako, Palabras de Caramelo film laburrean, Saharako basamortuko errefuxiatuen eremu batean bizi den haur gor batek idazten ikasteko dituen zailtasunak eta jasaten duen bazterketa (ingurukoek jaramonik ez egitea, gai ez dela pentsatzea …) azaleratzen dira. Life, Animated film luzean berriz, autismoa duen Owen Suskind mutikoaren istorioa kontatzen da. Autismoa, alterazio neuroebolutibo bat da, bereziki pertsonen sozializatzeko, komunikatzeko eta harremanak ezartzeko gaitasunekin lotzen dena. Owen, Disney filmetako hainbat pertsonaiekin identifikatzen da eta haiekiko enpatia sentiarazten du, film horiek bere sentimenduak hobeto ulertzeko eta errealitatea interpretatzeko baliabidetzat dituelarik. Gaur egun oraindik ere, ikertzen ari dira autismoaren jatorria zein den eta hau nola senda daitekeen.

Amaitzen joateko, aipatu, azken urteotan bolo-bolo dabilkigun enpleguaren gaiaren inguruko filmak ikusteko aukera ere izan dugula. Alde batetik film laburrean, Tous les jours filmak, gaur egun hartzen ditugun lan kargek pertsonengan duten eragin psikologikoa azaleratzen du. Bestetik, La mano invisible film luzeak, lana egitearen zergatian hausnartzeko balio du, hau da, bizirauteko egiten al da? Aisiarako egiten al da? Identitate eta errekonozimendu soziala lortzeko egiten alda?. Bestalde ere, lanaren ondorioz sortzen diren botere eta esplotazio egoerak, mehatxuak, genero rolen ezberdintasuna … agertzen dira eta bertan agertzen diren abusuak, gu geuk gure azpitik daudela sentitzen ditugun beste pertsonekin egiten dugula jabetzeko balio du. Egia da ere, erreproduzitzeko balio ez duena, gizartetik baztertua geratzen dela eta askotan ez dugula kontuan hartzen erreproduzitzen ari garen hori gizartearen onurarako edo kalterako diren.

Argi dago, oraindik ere, egunez egun urratzen direla pertsona askoren eskubideak eta duintasuna. Izan ere, haur askok oraindik ere etorkizun hobeago baten bila emigratzen dute beraien bizitza arriskuan jarriz, emakume askok ezin dute aske bizi, adierazpen askatasuna ukatzen da boteredunek entzun nahi ez dutena esaten denean … baina ezin da itxaropena galdu eta horretarako baliabidea da balioak kontuan hartzen dituen hezkuntza. Giza eskubideen zinemaldia, hezkuntzak kontuan hartzen dituen balio horiek zabaltzen saiatzen da bertara gerturatzen diren ikusleei, ondoren ikusle horiek ere praktikan jar ditzaten beren egunerokotasunean.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>