Kronika: Giza Eskubideen Zinemaldiaren 15. edizioa

Egilea: Iraia Labaca Vela

Lehengo urtean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian gazte epaimahai gisa parte hartzeak ekarri zidan esperientzia positiboa ikusirik, argi nuen aurten ere aukera paregabe hori aprobetxatuko nuela eta horrela izan da. Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak antolatutako Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 15. edizio honetan, martxoaren 31tik apirilaren 7ra bitartean, 27 herrialdetako 54 film (30 luze eta 24 labur) ikusteko aukera eskaini dute. Beti bezala, filmetako zuzendariekin, protagonistekin eta landu ziren gizarte arloko gaietan adituak diren pertsonekin solasaldiak izateko gonbita ere egin zaigularik.

Lehenik eta behin, azpimarratzekoa iruditzen zait aurten ere zinea guztion eskura jartzeko eginiko ahalegina (azpititulu irisgarriak eta audio-deskribapena zenbait emanalditan, aparteko emanaldia Martuteneko kartzelan bigarren urtez jarraian…). Izan ere, irisgarritasun unibertsala, urritasun fisiko edota psikologiko bat duten pertsonek aukera berdintasuna izateko eta mendekotasunik gabeko bizitza egin ahal izateko lehen mailako giza eskubide bat da. Horrela, pertsonen aniztasun funtzionala (mugikortasun, ikusmen, entzumen, edota ahalmen intelektual anitza) kontuan hartuz, guztiei egokitutako espazio eta zerbitzuak sortzeko irizpidea lantzen du “irisgarritasun unibertsala” kontzeptuak. Gainera, bizitzan zehar, gutako edonork gure gaitasunak eraldatuta edota murriztuta ikus ditzakegunez, guztiok eskertu beharko genuke. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zait hori errealitatean eta ekintzekin ikustarazi eta bultzatzea. Aldi berean, Palabras de caramelo izeneko filmarekin ere irisgarritasuna edota aukera berdintasunaren garrantzia azaleratzea lortu da, filmaren bitartez ezintasunen bat duten haurren hezkuntza eskubidea errebindikatuz.

Bestalde, gaien aniztasuna erabat aberatsa izan da beste behin: komunitateen arteko erlijio eta kultura liskarrak (Clash eta Watu Wote), lan munduko gatazkak (The Fourth Kingdom), herrialde bereko ideologia ezberdinen arteko gatazkak (Boiling Point), arrazakeria (Vernon Walks), narkotrafikoa (Tempestad), aukeratzeko askatasuna edota eskubidea (My Life I Don´t Want eta Jackson), transexualitatea (Just a Normal Person), terrorismoa (Un état d´urgence), autismoa (Life, animated), indarkeria matxista edota genero berdintasuna (Sheroes) … izan dira aztergai.

Hala ere, kulturak eta kultura-artekotasunak berebiziko protagonismoa izan duela uste dut, landuriko bestelako gai asko honen barnean kokatzen direlarik. Kontuan izanik, nazio arteko migrazio mugimenduen ondorioz, gaur egungo gizartean kultura mota ezberdin asko aurkitzen direla elkarren artean nahasturik, ezinbestekoa da kulturak gugan duen garrantziaz eta eraginaz jabetzea. Lehenik eta behin, kultura hitzak, gizarte batek produzitzen duen guztia biltzen duela jakin behar dugu, bai gauza materialak (jantziak, etxeak) eta baita gauza ez materialak (balioak, ohiturak, arauak) ere. Soziologo batzuk “izeberg-aren metafora” erabiltzen dute kulturaren kontzeptua azaltzeko: uraren gainean dauden kulturaren ezaugarriez kontziente gara (janzkerak, festak, elikadura), baina uraren azpian geratzen diren kulturaren ezaugarriez ez gara kontziente, ez baititugu ikusten (ideiak, inkontziente kolektiboa). Horrela, arraientzat ura litzatekeena dira guretzat inkontzienteki bizitzen ditugun ezaugarri horiek. Izan ere, arraiak euren mundua aztertzen jardungo balira ohartuko liratekeen azken gauzaz, uraz izango litzateke, egunero uraz inguratuak bizi direnez ikusezin bihurtu zaielako. Baina, zinemaldian behin eta  berriz ikusi dugun moduan, orokorrean oharkabean igarotzen zaizkigun ezaugarri kultural horiek sekulako eragina dute gure egunerokotasunean (pentsatzeko moduan, jokatzeko moduan, interpretatzeko garaian …) eta horretaz jabetu behar gara.

Migrazioan, pertsonak batetik bestera mugitzean, beraiekin eramaten dituzte dagozkien arraza eta kulturak. Beraz, oso garrantzitsua da bi kontzeptu hauek zeri egiten dioten erreferentzia jakitea. Arraza bat, herentziaz jasotako ezaugarri fisiko zehatz batzuk partekatzen dituzten pertsona talde bat da. Kulturarekin lotzen direnak, aldiz, etniak dira, hau da, kultura bat partekatzen duten pertsona taldeak. Orduan, arrazak ezaugarri biologikoetan oinarritzen dira eta etniak ezaugarri kulturaletan.

Baina, migrazioen ondorioz, arraza eta etniei buruzko sekulako aurreiritziak, orokortasun zurrun eta irrazionalak ditugu inguratzen gaituen gizartean. Hauek, gure gizarteak edo kulturak eman dizkigun patroi edo eskemen arabera eraikiak izaten dira, pertsona horiek benetan ezagutu izan gabe. Horien ondorioz, estereotipoak eraikitzen ditugu, aurreiritziz beteriko irudi distortsionatuak hain zuzen, errealitatea distortsionatzen dutenak eta beste arraza eta etniak ulertzeko erabiltzen ditugunak. Aurreiritzi eta estereotipo horietan oinarrituz sortzen da arrazismoa eta horiek sortzen dituzten arraza edo etnia desberdinen inguruan ditugun portaeren edo tratatzeko moduen ondorioz sortzen da diskriminazioa (negatibo eta positiboa). Beraz, kulturak harreman estua du politikarekin, ideologiarekin, boterearekin … Bizi garen gizartean, politika eta boterea gizarte faktore guztien oinarrizko eragileak dira, elementu guztiak kontrolatzen dituztenak hain zuzen, eta esan bezala, kultura ere horien artean dago. Azken batean, “arrain handiak, arrain txikiak jaten ditu” eta kulturarekin berdin gertatzen da, kultura boteretsuenak eta orokortuenak kultura txiki eta minorizatuak zapaltzen dituztela.

Nire ustetan, gizarte batean kultura guztiak elkarrekin armonian bizitzeko ez litzateke inongo kultur zapalkuntzaren aldeko jarrerarik egon beharko. Orduan, bakoitzak maite duena ez galtzeko ez luke borrokarik egin behar, saiakerak eta inplikazioak egin beharko lituzke, baina zapalkuntzarik jasotzeko beldurra izan gabe. Azkenean, horrelako aniztasun eta askatasunarekin, pertsonak askoz ere aberatsagoak izango ginateke ezagutzari dagokionez, eta ditugun aukerak ezagutu ondoren bat edo bat baino gehiagotan sakonduko genuke. Horrela, kulturak ez lirateke desagertuko, beti egongo litzatekeelako norbait hori jarraituko lukeena eta kulturarteko gizarte batetik etekin asko aterako genituzkeela uste dut.

Behin baina gehiagotan azaldu den eta oso esanguratsua iruditzen zaidan beste gaietako bat aurrez aipaturiko indarkeria matxista edota genero berdintasuna izan da: Indiako indarkeria matxista (Sheroes eta Anatomy of violence), genero indarkeriaren salaketa (Beti bezperako koplak), emakumearen goraipamena (Ama, nora goaz?), emakume izateak lan-munduan dituen eraginak (Tous les jours), abortatzeko eskubidea AEBn (Jackson), genero ikuspegiarekiko herrialdeen arteko ezberdintasunen islak (My life I Don´t Want) eta “pertsonen trafikoa” (Tempestad).

Aipaturiko film eta laburmetraiek, genero berdintasunera iristeko oraindik ere lan handia egin behar dugula adierazten dute eta geure urrutiko zein gertuko errealitatea erreparatuz gero, behin eta berriz baieztatu ahal izango dugu ideia hori. Begirada kultura ezberdinengan ipintzen badugu, beste zenbait lurraldetan oso kultura atzerakoi eta matxistak dituztela ikusi dezakegu, emakumeen hemen lortu izan ditugun eskubide asko beraientzat oraindik ere pentsaezinak direlarik (etxetik kanpo lan egitea, ablazioa, indarkeria, erabakiak hartzea, iritzia ematea, abortua …). Halaber, fokua geure egunerokotasuneko errealitatean ipiniz gero ere agerikoa da aldatu beharreko egoera ugari ditugula naiz eta egoera horiek itxuraz garrantzi gutxiagoak izanik gehiengoari oharkabean igaro: enpresa indartsuenetako lanpostu garrantzitsuen gehiengoak gizonezkoek betetzen dituzte oraindik ere, publizitatean emakumeon gorputza izugarri erabiltzen da produktu ezberdinak saltzeko garaian, etxeko lanekin zerikusia duten jostailu ugari (sukaldetxoak adibidez) neskei zuzentzen dira, seme-alaben zaintzan oraindik ere geuk hartzen dugu zama handiena etab. Guzti honengatik, oso positiboa iruditzen zait genero berdintasuna ikuspegi eta alderdi ezberdinetatik landu izana.

Amaitzeko, Giza Eskubideak unibertsalak diren bezala, horietako batzuk mantendu eta gainontzekoak lortzeko borrokak ere unibertsala izan behar duela argitu nahi dut. Hau da, guztion ardura dela errepresio egoeren aurrean borrokatu eta geure etorkizuna defendatzea. Zinemaldi honen helburua, zinema eta kultura erabiliz eta giza eskubideen urraketak salatzea ardatz izanik, hiritarren artean gogoeta, sentiberatasuna eta eztabaida eraginez gizartearen ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala sustatzea izanik, giza eskubideen aldarrikapenerako abiapuntua izan daiteke. Horregatik, ezin dugu horrelako ekintzak bultzatzez eta horietan parte hartzez utzi, zinemaldiak gero eta agertoki gehiago ditu, auzoetara ere zabaldu da eta horrela jarraitzea espero dut. Giza Eskubideen Zinemaldiaren XV. edizio hau laburbiltzeko, ez zait honi hasiera eman zion Nelson Mandelaren esaldia baino egokiagoa den besterik bururatzen: “Pertsonei giza eskubideak kentzea haien gizatasuna bera zalantzan jartzea da”.

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>