Kritika: Beauty and the dogs

Egilea: MAIDER OÑEDERRA

Pelikula honek azaleratzen du zein zaila edo ia ezinezkoa den herrialde oso bateko ohitura eta tradizioa aldatzea. Tunisian asko borrokatu dute aurreko agintari diktadore eta maltzurra boteretik kendu ahal izateko, baina lortu dute. “Udaberri arabiarraren” ostean aldaketa garaia da, beraien eskubideengatik borrokatu eta lortu dituzte, edo hori dirudi behintzat.

Orain herrialde demokratikoa da Tunisia, non denen eskubideak errespetatzen eta babesten diren. Ezinezkoa da ordea gobernu osoa ordezkatzea, herrialde demokratikoa da, baina lehengo zimentuen gainean eraikia. Oso argi ikusten da hau pelikula honetan, Mariamen kasu errealarekin. Bera defendatu behar dutenen eskutik jasaten du bortxaketa, poliziarengatik alegia. Gauzak aldatu direla dirudi iraultzaren ostean, baina poliziak berdina izaten jarraitzen du, zapaltzailea eta besteen eskubideak errespetatzen ez dituen instituzio nazkagarria.

Bortxaketa gertatu ondoren ospitalera joaten den momentutik jartzen dute zalantzan bere hitza eta berari egozten die errua. Izan ere, bizi garen sistema patriarkalean beti erruduna emakumezkoa da eta gizonezkoa da arrazoia duena eta beste aukerarik izan ez duena. Feminismoan oso garrantzitsua da patriarkatuaren ideia, baina patriarkatua kontzeptua bera ez da teoria feministek sortua. Engels eta Weber filosofoek erabili zuten lehen aldiz eta honela definitu zuten: patriarkatua gizona emakumearen gainean jarri duen boterea da eta horren ondorioz, nagusitasun sistema bati lotuta dago. Engelsek definizio horri gehitu zion patriarkatua mendetasun sistema zaharrena zela. Ondoren feministek kontzeptua eguneratu zuten: gizonek emakumeen eta familiako neska- mutilen gainen duten nagusitasunaren adierazpena eta instituzionalizazioa, nagusitasun hori gizarte osora zabalduz.

Pelikulan azpimarratzeko beste kontua kapitalismoa da. Nabarmena da sistema kapitalistak patriarkatua eta matxismoa nola, behin eta berriz, erreproduzitzen dituen. Mariamek salaketarekin aurrera jarraitzeko arazoetako bat dirua da, arazo ekonomikoa. Sistema kapitalistak eskubideak irentsi egin ditu eta noski pertsona guztiok eskubideak ditugula, soilik ordaindu ahal baditugu ordea. Mariamek justizia lortu ahal izango du ordaindu ahal badu. Baita ere, aipatu nahiko nuke feminismoaren lema berri bat, iruditzen zaidalako oso egokia dela kasu honetarako, eta honako hau da: “etxera bidean askea izan nahi dut, ez ausarta”.

Amaitzeko esan nahi dut, pelikula amaitzean sentsazio gazi-gozoa geratu zitzaidala. Mariamek asko borrokatu ostean justizia lortzen du, baina ez dugu ahaztu behar beste milaka antzeko kasu daudela ez dutenak horrelako amaierarik izaten. Borrokatzeko asko dago, zeinbait gauza lortu ditugun arren, oraindik beste asko falta zaizki gulako gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzera iritsi arte.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>