Kritika: Desde el otro lado del charco

Egilea: MAIDER OÑEDERRA

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut film hau ez dela dokumentala, baizik eta bizia duen dokumentua dela. Filmaren zuzendarietako bat den Isabel Suarezek solasaldian esan zuen bezala etengabeko inpunitatearen dokumentu bizia da, frankismoaren kasua den bezala kontzienteki ezkutatutako errealitatea. Dokumentu bizi honetan hainbat pertsonen testigantzak eta salaketak agertzen dira, baina denek gauza bera nahi dute: egia, justizia eta erreparazioa.

Frankoren diktadura garaian bere aurka altxatu zirenak atxilotuak, torturatuak, erailak eta desagertuak izan ziren. Asturiasko minako langileak greban hasi zirenean gogorki errepresaliatuak izan ziren frankismoaren tropen aldetik, beraien alde jarri ziren apaiz eta abadeak ere atxilotuak eta batzuk torturatuak izan ziren. Euskal Herrian ere erresistentzia sutsua izan zen Frankoren aurka eta horregatik bereziki zigortuak izan ziren bertako biztanleak. Honegatik sortu zen lehendabizi Ekin eta ondoren ETA (Euskadi eta Askatasuna). Aipatzeko da ere Andaluzia eta inguruko probintzietan jende ugari izan zirela fusilatuak sindikatu soil bateko partaide izate hutsagatik. Emakumeek ere paper garrantzitsua izan zuten frankismoaren aurkako borrokan, hala nola Asturiasko minako langileen emazteek indar handia izan zuten eta esanguratsua da ere Saturraranen emakumeentzako kartzela egon izana.

Diktadura amaitu zela urte asko pasa badira ere milaka pertsonak jarraitzen dute desagertuta, fosetan eta areketan botata, fusilatuak. Antzeko zerbait gertatzen da Argentinako Errepublikan, bertan ere diktadura latza jasan zuten eta oraindik milaka pertsona daude desagertuta, itsaso zabalean jaurtiak drogatuak eta eskuburdinekin. Alde horretatik egoera berdinean gaude itsasoaren bi aldeetako herrialdeak, baina desberdintasun handia ere badago: Argentinan diktadura garaiko torturatzaile eta hiltzaileak epaitegietara emanak eta kondenatuak izan dira, desagertuak bilatzen saiatu dira eta gobernuak publikoki barkamena eskatu du hainbeste denboran ezer ez egiteagatik. Erreferenteak dira horretan, baita “las abuelas de la Plaza de Mayo” mugimenduan ere, eta lotsagarria da Espainiako gobernua.

Fraude hutsa izan zen trantsizio garaiko amnistia legea dela eta Espainiako gobernuak ez ditu frankismo garaiko torturatzaile, hiltzaile eta bortxatzaileak zirenak epaitu nahi, ez du justiziarik nahi. Azken finean, borondate politiko faltaren arazoa baino ez da. Gainera, ez da ez duela epaiketarik egin nahi, fosetan eta areketan dauden milaka pertsonen gorpuak ere ez ditu nahi ateratzea eta identifikatzea. Gobernarientzat nahikoa da memoria historikoarekin.

Baina biktimek ez dute amore emango, ezin dute halako biolentzia jasan ondoren amore eman, egia azaleratzea eskatzen dute, justizia egitea eta errekonozimendu bai instituzionala eta bai soziala jasotzea. Gobernuak ordea ez du halakorik nahi, frankismoaren garaian karguak izan zituzten pertsonak oraingo gobernuan ere karguak baitituzte eta baita berain seme alabak. Beraien nahia arma bidez inposatzetik, gobernutik ideologia eta trikimailuen bidez inposatzera pasa dira, baina ez dugu ahaztu behar torturatzaile eta hiltzaileak direla. Nahiz eta beraiek egon gobernuan eta boterea kontrolatu, ez dugu ahaztu behar egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen dugunok asko garela eta guk ere boterea dugula.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>