Jakingarriak

2011(e)ko martxoaren 29a
  1. Glx
    2009(e)ko abenduaren 18a 15:11(e)tan | #1


    Matxin gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsio hobetua
    ______________________________________________________

    Eleka enpresak Matxin gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsio hobetua garatu du. Elhuyar Fundazioarekin eta EHUko IXA taldearekin elkarlanean garatu da.

    Bost urte pasa dira Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, SL Galiziako eta Herrialde Katalanetako enpresa eta unibertsitateekin batera Opentrad kode irekiko itzulpen automatikorako plataforma garatzen hasi zenetik (www.opentrad.com).

    Matxin gaztelania-euskararen bertsio hobetua Opentrad plataformaren parte da, eta bertan itzulpen automatikoko teknika ezberdinak erabili dira.

    Koldo Mitxelena Kulturunean atzo egin zen jendaurreko aurkezpenean Elekako kudeatzaile Inaki Irazabalbeitia, Elhuyar Fundazioko proiektu kudeatzailea Josu Waliño eta IXA taldeko Iñaki Alegria izan ziren. Adierazitakoaren arabera, aurrez zegoen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsioaren eboluzioa da aurkeztu dena.

    Matxin kode irekiko aplikazioa da, eta Opentrad plataformaren parte da. Gaur aurkeztu den bertsio berrituan bi ezaugarri nabarmen daitezke. Alde batetik, gaztelaniatik euskararako itzultzailea hobetu da. Hau da, gaur aurkeztutakoa 2006an aurkeztu zen prototipoaren bertsio berritua da, eta itzulpenen kalitatean nabarmen hobetu da. Beste alde batetik, euskaratik gaztelaniarako Matxin itzultzailearen lehen prototipoa sortu da. Bi itzultzaileak http://www.opentrad.com web-orrian erabil daitezke doan.

    Itzulpen automatikoaren munduan itzulpenerako bi metodo erabiltzen dira: erregeletan oinarritutakoa eta estatistikoa. Erregeletan oinarritutako sistemak informazio linguistikoarekin funtzionatzen du, alegia, informazio horren araberako erregelak sortzen dira. Estatistikoa, aldiz, lehendik egindako itzulpenetan oinarritzen da, eta jakintza hori erabiltzen du hurrengo itzulpenak egiteko garaian. Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren kasuan bi teknikak garatu eta Matxinen integratu dira. Euskara-gaztelania itzultzailearen kasuan teknika estatistikoak bakarrik erabili dira.

    Matxin gaztelania-euskara sistemaren balio erantsi garrantzitsuena da Opentrad kode irekiko sistemaren barruan dagoela. Ondorioz, gaztelania-euskara motorra behin garatu ondoren, komunitatearen esku geratzen da. Horrela, edonork bere beharretara egokitu dezake lizentzia ordaindu beharrik gabe.

    Aurkezpenean esker oneko hitzak izan zituzten Donostiako, Gasteizko eta Arrasateko Udalentzako, IVAPentzako, Eroskirentzako, EiTBNETentzako eta Aldaketa 16 aldizkariarentzako, beraiek lagatako itzulpen-memoriak oso baliagarriak izan baitira sistema estatistikoaren entrenamendurako. Ekimen honek Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren, eta Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren laguntza izan du, Gaitek eta Profit deialdien bidez, hurrenez hurren.

    Iturria:
    http://sustatu.com/1260885784
    © cc-by-sa Eleka Ingeniairtza Linguisitkoa, S.L. ; Ainhoa Salegi ¦ 2009-12-16 ¦ 08:13

  2. Glx
    2009(e)ko abenduaren 18a 15:09(e)tan | #2


    ZEHAZKI hiztegia sarean
    __________________________________________________

    Gaurtik aurrera Ibon Sarasolaren ZEHAZKI hiztegia sarean ere kontsultatu ahal izango da EHUren Euskara Institutuaren orrialdean.

    ZEHAZKI Gaztelania-Euskara hiztegiak 100.000 sarrera azpisarrera eta adiera ditu, adibide ugariren bidez bakoitza bere testuinguruan finkatuta, eta hitz bakoitza ager daitekeen testuinguru guztietan zehaztua. Hiztegiaren bukaeran eranskin bat jarri da munduko leku-izen, herritar-izen eta hizkuntzen zerrendarekin. Liburukiak 952 orri ditu, eta 5 milioi karaktere inguruz osatua dago.

    Argitalpen honen hartzaile potentziala, oro har, euskara idatziaren erabiltzaile arrunta da, zeinahi delarik ere bere maila, eta bereziki irakasleak, komunikabideetako profesionalak, hizkuntza zerbitzuetakoak (idazleak, itzultzaileak, zuzentzaileak…), eta maila guztietako ikasleak.

    Bestalde, hiztegi honetan ez zaio euskara-gaztelania zatiari lekurik egin, izan ere, praktikan, gaztelania ongi dakien euskal hiztunari zuzendua baita, euskararen normalizazio erabatekorik ezean, gaztelaniaz garbi esaten duena kalko zuzenik gabe euskaratzeko zailtasunak dituen euskal hiztunari. Euskal hiztunarentzat pentsatua dagoenez, euskara da hizkuntza gida hiztegi osoan barrena, aurkezpenean izan ezik.

    Iturria: http://www.alberdania.net

  3. JOSEBA ANDONI EZEIZA RAMOS
    2009(e)ko abenduaren 9a 15:51(e)tan | #3


    ARAU-IDAZKETA ELEBIDUNAREN ALDARRIKAPENA
    __________________________________________________

    Idazketa elebidunaren aldarrikapena ez da berria euskal erakundeetan. Urte batzuk pasa dira itzultzaileek eta legelariek koerredakzioaren ezinbestekotasuna azaldu dutela, euskarak gutxieneko egoera normalizatua izango badu arlo juridikoan.

    Eusko Legebiltzarrak urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan “Euskara Gutxituak Administrazioan” izenburua zutenak. Beste aditu askoren artean, jardunaldi horietan Eneko Oregik eta Zelai Nikolasek hartu zuten parte, arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko.

    Agerpen horretan emandako azalpenak eta egindako aldarrikapenak TIRAKA blogean jaso dituzte argitaratu berri diren bi sarreratan. Batean ponentziaren testua irakur daiteke osorik. Bestean, idazketa elebidunaren ezinbestekotasuna justifikatzen saiatu dira.

    Bi ekarpen horiek –TIRAKA blogean argitara emandako beste guztiak bezalaxe- ageri-agerian uzten dute zein atakatan dagoen euskara administrazioaren eta legegintzaren alorrean. Oso aintzat hartzekoak dira, beraz.

  4. Glx
    2009(e)ko azaroaren 25a 13:19(e)tan | #4


    ItzulTerm, baliabide ezin interesgarriagoa euskara juridikoa aztertzeko

    ___________________________________________________________

    Elhuyar Fundazioko I+G+B unitateak ItzulTerm web-zerbitzua sareratu berri du, itzulpen-memoria batetik euskarazko eta gaztelerazko termino baliokideen bikoteak automatikoki erauzten dituen doako zerbitzua.

    Baliabide hau ezin praktikoagoa da euskara juridikoa aztertzeko. Lege-testu gehienak elebidunak dira eta testu paralelo moduan zabaltzen dira. Horietako asko, gainera, itzulpen-memorietan daude jasota. Kasurako hortxe ditugu sarean EIZIErenak, Bizkaiko Foru Aldundiarenak edota Itzulpen Zerbitzu Ofizialarenak.

    ItzulTerm-ek izugarri erraztuko du material horietan erabiltzen den terminologia atzitzea eta sistematikoki aztertzea.

    ___________________________________________________________

  1. Momentuz aipurik ez.