Aurrekariak

2013(e)ko martxoaren 3a

Antton Elosegi irakaslearen hitzak erabiliz, euskara juridikoaren historia aldapa txikiko goranzko lerro batez irudika daiteke XV., XVI., XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan, ugaritasunari, dibertsitateari eta teknikotasunari dagokionez.

XX. Mendearen hasieran, bereziki 1918 inguruan eta Errepublika aldian, halako loralditxo bat bizi izan zen, eta garai berri bat zabaldu zen euskara juridikoarentzat. Edonola ere, euskara juridikoaren normalizazio prozesuan eragin gehien izan duen gertaera euskararen ofizialtasuna izan da dudarik gabe. Izan ere, alde handiz, azken 30 urte hauetan aurreko mendeetan baino testu juridiko eta administratibo gehiago sortu dira euskaraz .

Euskara Juridikoaren ibilbidearen mugarri nagusiak zehazte aldera, Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasleek gainbegiratu bat eman diete gai hau jorratzen duten hainbat eta hainbat lani. Hona hemen beren ekarpena:

Horrela bada, eta bildutako datuen arabera, euskara juridikoaren historia egitean ez litzateke oker handirik egingo 1500-1936 bitarteko ia lau mende eta erdiak garai bakar batean sartuko balira, eta 1936an hasitzat ematea garai berria, itzalaldi luze batekin gure egunetara arte luzatzen dena.

Edonola ere, Cesar Gallastegi eta Gotzon Lobera adituek ondo frogatu duten moduan, euskarak zeregin funtsezkoa izan du garai guztietan itzulpen-hizkuntza gisa. Zuzenbideak eta Administrazioak euskaraz bestelako hizkuntzetan egin dute lan ia beti, baina herritarrak euskaldun elebakarrak ziren kasu askotan. Hori dela eta, itzulpena funtsezko komunikazio-tresna izan da betidanik erakundeen eta herritarren bitartekari gisa.

Gaur egun ere legeak, dekretuak, aginduak, ordenantzak, txostenak, ofizioak, eta abar gaztelaniazko testuen gainean eztabaidatzen dira, baita onartu ere; eta  oso gutxi dira euskaraz landu eta idatzita aurki daitezkeen dokumentazio eta jarduera administratiboak. Beraz, euskaraz idatziz ekoizten den gehiena  gaztelaniazko testuen itzulpenetik datorkigu.

Hala ere, ematen du joera berriak ere hasi direla sortzen multilingual legal drafting  edo arau idazketa eleanitza izenez ezagutzen denaren bidetik. Aurki Eusko Legebiltzarrean egingo diren jardunaldi batzuetan horri buruz hitz egingo du Zelai Nikolas legelariak.

Ea joera honek bide berriak zabaltzen dizkion euskara juridikoari!

  1. Ainhoa Fernandez
    2012(e)ko urriaren 25a 15:50(e)tan | #1


    Euskara juridikoa: EEE egoeratik kaudimen nabarira

    ___________________________________________________________

    Euskararen historia (baita euskara juridikoarena ere) enpresa baten galera eta irabazien grafiko batean irudikatuko bagenu, ikusiko genuke garai latzak pasa izan dituela, askotan EEE baten (enplegu-erregulaziorako espedientea) edo ugazabek enpresa ixtetik gertu. Garai ilun horietatik, bai herria bai aginte publikoek euskaren alde egindako apustu eta ekimenaren ondorioz, euskara bizitza administratibo eta juridikoan bere lekua hartzen ari da.

    Euskara juridikoaren estatusa historian zehar aztertzen badugu bere lehen oztopoa Erromanizazioan izan zuela ikus dezakegu. Euskara izan zen latinaren inposaketatik bizirik atera zen hizkuntza bakarra Iberiar Penintsula zelakoan, baina biziraupen hau maila guztietan eman zen? Latina erabat sartu zen administrazio eta zuzenbidearen munduan, euskara eremu pribatuan erabiltzen zelarik. Jarrera berberarekin, Erdi Aroa ere gaztelania zen dokumentuentan erabiltzen hizkuntza. Aro Modernoan, Nafarroako Erreinuaren desegiteak ez zion mesede egin euskara juridiko eta administratiboaren hedapenari, gainera Estatu Zentralaren ideia bultzatzen hasi zen, non gaztelania gailentzen zen”.

    Dena den, tokiko erakundeetan euskara gutxinaka bere lekua hartzen hasi zen. XIX. mendearen amaieran, nahiz eta Estatu Zentralak gaztelaniarekiko politika sendoarekin jarraitu, euskararen presentzia gero eta nabarmenagoa egin zen eremu pribatuan eta publikoan (aipatzekoa Euskaltzaindiaren eraketa).

    1936rako bidean, euskararen ofizial izateko proiektuari ekin zitzaion, bere hedapen publikorako gertaera ezinhobea. Dena den, Guda Zibilaren amaieraren osteko Frankismoarekin, aldaketa garrantzitsu bat etorri zen: honen debekua arlo publikoan bai

    Frankismoaren urte ilunak atzean utzita, demokraziarekin euskararentzako garai berria ailegatu zen. Herria ez ezik, botere publikoak ere euskara bultzatzeko lan ikaragarria egiten hasi ziren, gaur egun dirauen lana.

    Euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomi Erkidegoan (ezin da gauza bera esan Nafarroan, non euskarak ofizialtasun partziala duen, ezta Iparraldeko Euskal Herrian, non hizkuntza ofizial bakarra frantsetsa den). Administrazioak euskarari emandako garrantziaren ondorioz, eremu publikoan euskaraz aritzeko material anitza dago. Aurrekoa gizartearen euskaldutze prozesura gehituta, arlo juridiko eta administratiboak euskarak ateak irekiak izaren hasi du.

    Esan daiteke euskara juridikoa EEE-tik gertu izatetik, enpresa kaudimenduna dela orain. Dena den, oraindik badago euskara juridiko aberats bat lortzeko bidea egiteke: itzulpengintzak ekarpen handia egin dio euskara juridikoari, baina, askotan, ekarpen horren emaitza testuen ulert-zailtasuna da, gaztelaniazkoen itzultze zorrotza baitirelako. Enpresaren adibidearekin amaitzeko, euskara juridikoaren kaudimen espekulatiboa osatzen duten zorroztasun eta ulertezintasuna, likidezia duen euskara juridiko eta administratibo gertu batean bihurtu behar ditugu.

  2. Jon Aranburu
    2012(e)ko urriaren 25a 15:46(e)tan | #2


    Pausoz pauso eta etenik gabe aurrera

    ___________________________________________________________

    Aipagarria da euskarak historian zehar izan duen ibilbide gorabeheratsua. Harrigarriak dira benetan, historiaren une bakoitzean, aurkitu dituen oztopo eta traba guztiak. Erromatarrek beraiena zen hizkuntza (latina) gailendu zuten eremu juridiko eta administratiboan, beste hizkuntzak at utziz. Honela, latianaren eragin handiaren ondorioz euskaran bere arrastoa utzi zuen, besteak beste, pacem (bake), regem (errege) edo lege (lege) terminoak.

    Honela, latinaren menpe egotetik gazteleraren eta frantseren menpera igaro zen urteak joan ahala, eremu juridiko zein administratiboan zeresanik ez zuelarik izan euskarak. Aro Modernoan izango ditugu euskararen erabilpen formalago baten lehen azternak, nagusiki arazo edo gatazka linguistikoei dagozkienak, baina baita zenbait ezkontza auzi edo prozesu kriminalei dagozkien erreferentziak ere.

    XX. mendean kokatuz gero, egoera ez zaigu asko aldatzen aurreko mendeekiko: gaztelania da erabili behar den hizkuntza eta euskara eremu pribatuan uzten da. Egoera hau, euskarak bere historia guztian zehar pairatu behar izan duena, indartu egin zen espainiar gerra zibila eta Francoren diktadurarekin, garai hartan bizi ziren herritarren ezkutuko erabilerak biziraunarazi duelarik egungo euskara, nahiz eta gerra aurretik euskara erabiltzen hasi zen arlo administratibo zein juridikoan modu ofizial batean.

    Historian oztopo ugari aurkitu dituen arren, inguruan zituen guztiek baztertu ez ezik ezabatu nahi zuten arren, euskaraz hitz egiten dugunon ekimenez, euskaldunon eta euskaran sinesten zutenen borrokaz, egun hizkuntza ofizial izan dadin lortu dugu, herritarrek Estatuko organoen gain (administrazio ezberdinak, ente publikoak…) bere eskubide linguistikoak aldarrika ditzaten kanpoko inolako oztopo barik, hizkuntza zehatz baten gailentasunik gabe.

  3. Arantzazu Baztarrika
    2012(e)ko urriaren 25a 15:43(e)tan | #3


    Euskara testu juridikoetan historian zehar

    ___________________________________________________________

    Euskara Juridikoaren inguruan mintzatzen hasteko lehenik eta behin beharrezkoa deritzot euskara testu juridikoetan nola erabilia izan den aztertzeari.

    Ia historia osoan zehar Administrazioari eta Zuzenbideari loturiko testuak gazteleraz egin diren arren, Erdi Arotik aurrera, euskarazko esaldiak ere agertu izan dira tarteka horrelakoetan. Aro Modernoan jadanik euskararen erabilera onartu, eta honi buruzko lekukotza ematen da. XV, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, euskara testuetan indarra hartzen joan zen pixkanaka, eta gero eta gehiago agertzen da eta ikuspegi teknikotik ere landuago azaltzen da. Hala ere XX. mendean izan zuen euskarak benetako bultzada testu juridikoetan; bereziki Eusko Jaurlaritzaren ingurukoak, 1936 inguruan eta Errepublika garaian.

    Baina gerra ostean garai txarragoak agertu ziren euskararentzat eta hau klandestinitatean soilik mantendu zen testu batzuetan, aldizkari, liburuxka edo orrietan soilik. Gerra osteko garai haiek latzak izan ziren; urte haietan euskarak testu juridikoen erabilpenean ez zuen inongo aurrerapenik egin.

    Hala ere XX. mendearen amaiera baino lehen euskararen izaera juridikoak eta honen erabilerak testu hauetan benetako estatus bat lortu zuen; horrela esaterako aldizkari ofiziala elebiduna da.
    Ondorioz nabarmena da euskara testu juridikoetan pixkanaka-pixkanaka indarra hartzen joan dela. Baina edozein eratara ere oraindik ez du lortu esparru horretan gazteleraren maila bera izatea gaur egun, oraindik ezin delako ukatu Zuzenbidean nahiz Administrazioan gaztelerak indar handiagoa duela Euskal Herrian.

  4. Amaia Burgos
    2012(e)ko urriaren 25a 15:38(e)tan | #4


    Euskara juridikoak historian zehar izan duen bilakaera

    ___________________________________________________________

    Euskara juridikoaren erabilera eta egoera ulertzeko beharrezkoa da historian atzera egitea. Horrela, lehenik, euskarak bere horretan izan duen bilakaera aztertuko dut, ondorioz euskara juridikoaren gaur egungo egoera zein den barneratzeko asmoz.

    Jakina denez, euskara nondik datorren zehaztea gaur egun oraindik ezinezkoa zaigu. Batzuen esanetan Kaukaso inguruko lurraldeetatik datorren hizkuntza bat da, besteen esanetan berriz, Afrika Iparraldetik datorren hizkuntza zahar bat izan daiteke, izan ere bertan bizi diren Berebere-en ohiturengatik eta haiek erabilitako hizkuntzarekin duen antzekotasunagatik. Aldiz, argi dagoena, euskara hizkuntza aurre-erromanikoa dela eta beste hizkuntza asko ez bezala, historia osoan zehar aurre egin ahal izan diela jaso dituen erasoei;izan ere, gaur egun arte heldu da bizirik.

    Erromatarren garaian latina ezarri zen administrazioko eta zuzenbideko hizkuntza gisa erromatarren jurisdikziopeko lurralde guztietan. Horrek ez zion euskarari mesederik egin, noski; nolabaiteko deseuskalduntzea ekartzeaz aparte, euskara gune publiko garrantzitsuenetatik kanpo utzi zuelako eta kaleko hizkuntza izatera mugatu zuelako.

    Erdi Aroan ere euskara oso hedaturik eta finkaturik zegoen Euskal Herri gehienean eta garai honetan hasi zen euskara testu idatzietan agertzen. Aipagarriak dira, X. mendean Donemiliaga Kululako Monastegian agertu ziren lehen euskal hitz idatziak. Hala ere, idatzi horien agerraldia eta Euskal Herrian herria mintzo zen hizkuntza euskara izanik ere, gai politiko administratiboan, euskarak ez zuen latina ordezkatu.

    Egoera horrek luze iraun zuen, Aro Modernoan barrena ere. Garai honetan, Nafarroako Erresuma desegin zen eta gertakizun hau ere ez zen euskararentzat batere mesedegarria izan. Hala ere honek iraun zuen bitartean, gaztelaniaren nagusitasunak jarraitu zuen baina euskararen mantenu eta bilakaerarako itxaropen izpiak ere agertu zien, esaterako: 1545ean eta 1571n euskarazko lehen testuak eta euskarazko literaturaren hastapenak agertzerakoan.

    Argi-izpi horiek indartuz joan ziren Aro Garaikidean. Hala ere, garai hau euskararentzako oso gora-beheratsua izan zen. 1789. urtetik aurrera, zenbait euskal erakundeetan euskararen aldeko jarrera nagusitu zen eta jarrera horiekin Bizkaiko Batzarretan bi hizkuntzatan parte hartzeko ohitura onartu zen. Gainera, 1888. urtean euskararen ofizialtasuna eskatu zen eta dena den, 1936. Urtera arte itxaron behar izan zen (ia 50 urte) ofizialtasun- aldarrikapen horiek legeztatzeko. 1936. Urteko Autonomi Estatutuan jaso zen ofizialtasun izaera hori. Baina ofizialtasunak ez zuen askorik iraun, Gerra Zibilaren ondoren ezarritako erregimenak baliogabetu egin baitzuen Autonomi Estatutua eta gaztelania ezarri baitzuen hizkuntza ofizial gisa. 1978. urte arte iraun zuen egoera ilun horrek, ondorio gisa euskararen ofizialtasuna galdu eta eremu juridikoan erabilera izateari utzi ziolarik.

    Gaur egun euskararen egoera honakoa da: Ipar Euskal Herrian, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta euskararen erabilerak indarrean diraun. Hego Euskal Herrian egoera desberdina da Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako Foru Komunitatean. Toki batzuetan ofizialtasun osoa du; beste batzuetan, ofizialtasun partziala. Eta beste batzuetan ez da ofiziala.

    Nabaria denez, euskarak beti egin du aurrera, lehen aipatu ditudan oztopoei aurre eginez, pixkanaka, hitzak eta testuak euskaraz gordez, eremu politiko administratiboan motel bada ere bere tokia eginez … baina, bere loraldia azken 30 urteetan jasan du. Izan ere, Frankismoaren porrotak eta euskara gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizial bezala onartu zenetik, eremu politiko, administratibo eta juridikoan indarra hartu duelako. Baina amaitzeko esan behar da, euskararen eta euskara juridikoaren egoera positiboa den arren, nabari dela oraindik euskararen normalizazio osoa lortzeko urrats ugari eman behar direla, esaterako, jurisprudentzia, testu doktrinalak, lege-testuak… euskaraz maizago idatziz.

  5. Maialen Badiola
    2012(e)ko urriaren 12a 13:42(e)tan | #5


    Euskara juridikoaren garapena historian zehar

    ___________________________________________________________

    Jarraian landuko dudan testuan administrazio eta arlo juridikoan, euskarak izan duen garapena azaltzen saiatuko naiz Erroma garaian hasi eta gaur egunera arte iritsiz historian zehar izan diren oztopoak aztertuz; Historian zehar egon den tradizio ezak eta lantze urriak ahulezia nabarmena ekarri diote euskarari zuzenbidearen zereginetarako.

    Erromanizazioa
    Euskal Herrian erromatarren eragina handia izan zen eta desberdina Euskal Herriko lurralde bakoitzean. Honek munduko egitura sozio-ekonomiko, kultural eta juridiko politikoetan progresio handia ekarri zuen eta ondorio nabarienetakoa latinizazioa izan zen. Beraz, Erromanizazio prozesuak kultura ezberdinen latinizazioa ekarri zuen, ondorioz, deseuskalduntze prozesu bat eman zen. Gainera, latinak euskarari hizkuntzari dagokionez ekarpen garrantzitsuak ekarri dizkio.

    Erdi Aroa
    XII. menderarte euskal lurraldeetan idatzitako hizkuntza bakarra latina izan zen. Euskal Herrian, nahiz eta euskaraz mintzatzen zen, gai politiko eta administratiboetan euskarak ez zuen latina ordezkatu.
    Garrantzitsua da Erromatarren eta bisigodoen garaian, beste hizkuntza aurre-erromaniko guztiak galtzen ziren bitartean, euskarak iraun egin zuela. Euskara oso hedaturik eta zabaldurik zegoen Euskal Herriko herrialde gehienetan, baina bazeuden herrialdeen arteko ezberdintasunak: Nafarroako erreinuaren kasuan, herri gehienaren mintzaira euskara zen. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian berriz, aldakuntza ekonomiko eta sozial handiak eman ziren.

    Foruen idazketa
    Foruak, Euskal Herriko lurralde historiko bakoitzean zuzenbide orokorra biltzen duten konpilazioak dira. Foruak ohituraren idatzizko forma baino ez ziren. Garrantzitsua da ez zirela euskaraz idatzi, baizik eta beste edozein hizkuntza erromanikoz. Nafarroan, Foru Nagusia idatzi zen XIII.mendean. Arabako lurraldean jasotako idatzizko Zuzenbide arauak gaztelaniaz agertzen dira XIV-XV.mendeetan. Gipuzkoari dagokionez , bai hamalaugarren mendean agertu ziren ordenantzak bai hirurehun urte geroago agertutako Foruen Errekopilazio Orokorra gaztelaniaz idatzi ziren. Bizkaian hamabosgarren mendeko Foru Zaharrean eta beraren berriztapena den Foru Berrian, hurrengo mendean, gaztelaniaz erabiltzen da ere. Iparraldean antzera gertatu zen. Gipuzkoari dagokionez, bai hamalaugarren mendean agertu ziren ordenantzak bai hirurehun urte geroago agertutako Foruen Errekopilazio Orokorra gaztelaniaz idatzi ziren. Bizkaian hamabosgarren mendeko Foru Zaharrean eta beraren berriztapena den Foru Berrian, hurrengo mendean , gaztelaniaz erabiltzen da ere.
    Beraz, latina desagertzean erabili izan zen lehen hizkuntza gaztelera izan zen eta Euskal lurraldeek gaztelerarekin lotura aspaldidanik zuten.

    Aro modernoa
    Errenazimenduan, Europako Monarkia handiek lurraldeak bildu ez ezik, estatuaren tresneria ere hobetu zuten, erakunde publikoak hobeki eratuz, errege ogasuna berrantolatuz eta koroaren funtzionariak ugalduz. Boterea erregearen ingurura biltzeko ahalegin handiak egin ziren. Koroaren pean bizi ziren herrialdeek hizkuntza desberdinak erabiltzen zituzten. Erregeek gorte inguruko hizkuntza aukeratu zuten batasunerako: Frantzian egungo frantseza eta Penintsulan gaztelania.
    Espainako monarkia Estatu multzo batek osatua izan zen. Hala ere, boterearen organoak Gaztelan lekuturik zeudelako eta Gaztela lurrez eta demografiaz indar handiagokoa zelako, beraren kultura gailendu zen haren eremutik kanpora ere. Gaztelaniaren hedapena errekonkistarekin eta Amerikako aurkikuntzarekin arindu zen.
    Nafarroako Erresumaren desegiteak ez zion mesederik egin euskarari. Gaztelako koroaren pean euskararen berpizkundea ezinezkoa gertatu zen, gaztelania hizkuntza ofizialaren zabaltzearekin batera. Aldez aurretik esan beharra dago euskara ez zela izan Nafarroako koroaren hizkuntza ofiziala, baina 1545 ean eta 1571 n euskarazko lehen testu inprimatuak agertu ziren eta euskarazko literaturaren hastapenak agertu ziren.
    Austriar monarkian Espainiako zenbait lurraldek autonomia politikoa zuten eta gaztelania ez beste erromantze bat mintzatzen zen lurraldeetan euren erromantzea erabiltzen jarraitu zuten. Austriarrak ez ziren Borboiak bezain zentralistak izan.
    Borboiak heldu zirenean, estatuaren politika linguistikoen aldaketa garbia gertatu zen; gaztelania bultzatu zen eta beste hizkuntzen erabilpena galarazi zen.
    Gazteleraren nagusitasunak jarraitu zuen. Ipar Euskal herrialdeak Frantziako Koroarekin bat egin zuen.

    Aro Garaikidea
    Aro Garaikidean hizkuntzaren trataera politikoa ezberdina izan zen Frantzian eta Espainian; Frantzian, iraultzarekin Frantsesa hizkuntza nazionaltzat hartu zen eta tokiko hizkuntzak erregimenaren etsai zirelakoan, horien kontrako borroka hasi zen. Espainian aldiz, euskararen aldeko hautapen ofizialik ez zen egin. 1876-1936 arteko epealdian, Espainian ez zitzaion euskarari lekurik utzi nahi izan. Administrazioaren eremuan, ez zen euskara erabiltzen eta gaztelania zen hizkuntza ofizial bakarra. Hala ere, XIX. mendean, Euskal erakundeen baitan, euskararen aldeko zenbait pausu eman ziren: adibidez, administrazioaren funtzionarien hizkuntza gaitasuna zaintzeari begira). Diputazioek erabaki garrantzitsuak hartu zituzten. Errepublika urteetan euskarari buruzko testuak sortu ziren. Eta honi lotuta, gerra zibila hasita zegoela, 1936Ko Urrian 1ean Autonomi Estatutuaren onarpena izan zen eta bertan eman zitzaion euskarari estatus ofiziala. Horren ondorioz, Euskal Administrazioaren jarduerak elebiduntzearen bidea hartu zen. Baina hurrengo urtean gerra amaitu zenean lan hori ezereztatu zen eta euskara eta euskal kultura debekatuak gelditu ziren urte luzeetarako.
    1936ko gerraren ostean, frankismoarekin euskararen zapalkuntza areagotu zen; aurretik lortu zuen ofizialtasuna bertan behera geratu zen. Erregimenak aldarrikapen hau egin zuen: nazio bakarra, hizkuntza bakarra.
    Hizkuntza zabalkuntza ez zen frankismoarekin hasi baina frankismoak egoera gogortu zuen. Estatuak 1936an aitorturiko ofizialtasuna ukatu zitzaion hizkuntzari.

    Gaur egun
    Gaur egun, Euskal Herriko banaketa politikoak baldintzatzen du euskararen estatus juridikoa. Frantziako sistemak hizkuntza bakar bat baino ez du aintzatesten: frantsesa.
    Espainian, gaztelaniaz gain, beste hizkuntza ofizialak egon daitezke, eta guztiak berdintasun juridikoan egongo dira. Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuaren 6.artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, gaztelaniarekin batera. Nafarroan, Foru Hobekuntzaren 9.artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, baina soilik zonalde euskaldun eta mistoetara mugatua.
    Euskararen ofizialtasun estatusak, euskara juridikoaren normalizazio prozesuan garrantzia handia izan du.
    Historiaren garapena aztertu ondoren ikusi dezakegu nola euskarak hizkuntza bezala izan dituen oztopoak ez direla gutxi izan eta ez dela lan erraza izan gaur egun dugun normalizazioa eskuratzea. Beraz, guztion ardura da euskara bizirik mantentzea atzerapausu bat gerta ez dadin.

  6. Naiara de la Torre
    2012(e)ko urriaren 12a 08:28(e)tan | #6


    Euskara arlo juridikoan historian zehar

    ___________________________________________________________

    Euskal hizkuntzak jasandako gorabehera historikoek euskara inguratzen duten egoera guztiak baldintzatu dituzte. Mendeetan zehar zapalkuntza handia jasan duen arren hizkuntza ofizial moduan aldarrikatzeko saiakera asko egon dira eta hauek oso garrantzitsuak izan dira gaur egun dugun euskara juridikoa lortzeko. Izan ere, euskarak gaur egun duen egoera urteetan zehar egindako bidearen ondorioa da.

    Dena den, euskaraz idatzita dauden testuetatik batzuk bakarrik dira hasieratik euskaraz sortutakoak, gehienak, itzulpen lanak dira. Horregatik esan ahal dugu itzulpena ezinbestekoa izan dela horrelako testuak eduki ahal izateko. Administrazio arloan gauza bera gertatu da, euskaraz daudenak beste testu batzuen itzulpenak dira gehienaetan.

    Baina euskara juridiko bateratu bat ez dagoenez, egiten diren itzulpenak ez diote beti eredu berberari jarraitzen. Horregatik, oso garrantzitsua da euskaldun hizkuntza juridikoaren bateratze lana. Bateratze lan honetaz arduratzen direnak, tresna desberdin ugari guztion eskura jartzen dituzten arren, hauen ezagutza urria da. Beraz, orain gure txanda ailegatu da, euskara juridikoaren errotzeari lagundu behar diogu. Tresna horiek erabiltzen edo gure lanak guk aukeratu dugun hizkuntzan eginez.

  7. Irati Gaztelumendi
    2012(e)ko urriaren 8a 18:05(e)tan | #7


    Euskara juridikoaren garapen historikoa

    ___________________________________________________________

    Garapen historikoaren hasiera, erromatarren etorrerarekin bat egiten du. Alabaina, erromanizazio-prozesuak kultura ezberdinen latinizazioa ekarri zuen. Horren ondorioz, euskal lurraldeetan latina ezarri zen hizkuntza idatzi gisa eta zuzenbidean baita arlo administratiboan ere ateak itxi zitzaizkion euskarari.

    Hala ere, erromatarren eta bisigodoen ondoren erromatarrak etorri aurreko hizkuntza guztiak galdu baziren, euskara ez zen galdu, horrenbestez, euskararekiko kontzientzia bat bazegoela esan dezakegu. Edonola, euskararekiko kontzientzia maila ezberdina zen Euskal Herriko herrialde bakoitzean:

    a) Nafar Erreinuan euskararen kontzientzia egon bazegoen, baina ez zen Nafarroako Artxibo Nagusiko agiririk euskaraz idatzi.

    b) XIV. mendean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia behin betiko lotu ziren Gaztelania hizkuntzarekin, izan ere: batetik, aldaketa ekonomiko eta sozial nabarmenek bizimolde tradizionalak aldatu zituen; eta bestetik, Monarkiaren eta mendebaldeko Euskal Herriaren arteko lotura politikoak boterearen zereginetarako gaztelania erabiltzea eragin zuten.

    c) Iparraldean ere euskara ez zen testu juridikoetan erabili, honen ordez, okzitaniera erabili zen, erabilera literarioa izateaz gain, erabilera juridikoa ere izan zuelarik.

    Aro modernoan, bestalde, Hego Euskal Herrian, Espainiar Koroak eragina izan zueneko eremuetan, hizkuntza batasuna lortzeko ahaleginak egin zituen, eta ez batasuna lortzeko ahaleginek ez eta Nafarroako Erresumaren desegiteak ez zuen gehiegi lagundu euskaren garapen prozesuari. Ipar Euskal Herriari dagokionez, berriz, herrialdea osatzen duten hiru lurraldeak, Frantziar Koroaren menpe gelditu ziren.

    Aro garaikidean, euskarak ondoko garapena jasan zuen:

    i) 1789-1876.urte bitarte: Epe honetan, euskararen aldeko hautapen ofizialik ez zen egin, hala ere, esan beharra dago, zenbait euskal erakundek euskararekiko jarrera berriak hartzen hasi zirela XIX. mende inguruan -esaterako, botazioak egin orduko eztabaidetan, bi hizkuntzatan parte hartzeko ohitura onartu zen Bizkaiko Batzarretan-.

    ii) 1876-1936.urte bitarte: Mende bukaeran, aginte zentralaren eskuetan zeuden erakundeetan gaztelania baino ez zen erabiltzen. Egoera politikoa horrela, euskararen ofizialtasuna 1888.urtean eskatu eta 1936ko urriaren 1ean autonomia estatutua onartu bezain laster lortu zen.

    iii)1937-1978.urte bitarte: Gerra osteko frankismoaren ondorioz, euskararen zapalkuntza areagotu egin zen, ofizialtasuna galtzera arte. Horrenbestez, euskaren erabilera zigortu eta era horretan, euskarak eremu juridikoan erabilera izateari utzi zion.

    iv) 1979.urtetik gaur egun bitarte:

    a) Ipar Euskal Herrian: Orokorrean, frantsesa baino ez da onartu.

    b) Hego Euskal Herrian: Hego Euskal Herria bi autonomia elkartetan dago banatuta: Euskal Autonomi Elkartea eta Nafar Foru Komunitatea. Batetik, Euskal Autonomi Elkartea osatzen duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, euskara gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizialtzat aitortzen da. Bestetik, Nafarroa hiru zatitan banatu ditzakegu: iparraldeko zati batean euskara eta gaztelania ofizialak dira, erdialdean ez da guztiz ofiziala eta hegoaldean ez da aipamen zehatzik egiten euskararen ofizialtasunaren inguruan.

    Gaur egun, eztabaidaezina da azken hogeita hamar urteotan euskarak bultzada handia izan duela bai administrazioan baita arlo juridikoan ere. Hala eta guztiz ere, argi dago euskara ez dela erabat normalizatuta dagoen hizkuntza, eta horrek beraz, hainbat ardura eta helburu ezartzea dakar hiztun arrunt baita bereiziki profesionalen gain ere.

  8. Ainara Artaza
    2012(e)ko urriaren 8a 18:00(e)tan | #8


    Euskara: 1936. urteko Gerra Zibiletik gaur egunera bitartean

    ___________________________________________________________

    Euskararen erabilera gerra zibiletik gaur egun bitartean aztertzeko ezinbestekoa da inugurumari historikoak kontuan hartze. Errepublika garaian – Gerra Zibilaren aurreko aldian – eskararen alde egin zen eta hizkuntza sustatzeko eta babesteko hainbat saiakera egin ziren. Horren lekuko da 1936. Urtean onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutua, bertan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen baita. Baina, aintzatespen hori bertan behera geratu zen Gerra Zibilaren ondorengo erregimenean. Guda Zibilari hasiera eman zitzaion eta ordurarte eginiko saiakera guztiak bertan behera geratu ziren.

    Izan ere, Frankismoak iraun zuen 40 urte luzeetan euskara erabat bazterturik egon zen. Gaizki ikusia zegoen euskaraz hitz egitea, bai kaleetan, bai eskoletan… Garai hura sufritu zuten pertsonek, gerraren ondorioz pairatu beharrekoez gainera (gosea esaterako), euskararen aurkako jazarpena ere ongi gogoratzen dute. Etxean soilik hitz egiten zuten euskara, ezkutuan erabili beharreko hizkuntza izatera iritsi baitzen.

    Hizkuntza batek honelako egoera sufritu ostean, gerta zitekeen egoera ohikoena galtze-bidean egotea litzateke. Baina zorionez, ez da horrela izan eta euskarak berriro ere indar handia hartu zuen frankismoa bukatu ondoren. 1979. Urtea ere aipatzekoa da, urte honetan idatzi baitzen Estatutu berria eta bertan, bigarren aldiz, euskaren ofizialtasuna aldarrikatu baitzen.

    Orduz geroztik, hainbat aurrerapen egin dira hainbat arlotan. Zuzenbidearen arloari so eginez, hainbat testu euskaraz idatzi eta jaso direla ikus dezakegu eta aurrerapen ikaragarria izan da hori, lehen aipatutako egoera kontuan izanda. Baina, nire ustez, oraindik aurrerapen handiagoa egiteko beharra dugu, testu gehiago idazteko aukera baitago, nahiz eta egun testu asko euskaraz jasotzeko eskubidea eta aukera izan. Arlo juridikoa alde batera utziz, kalean ere euskararen erabilera areagotu eta zabaldu daitekeela uste dut. Azken hau lortzen dugunean, urte luzeetan lortu nahi izan dugun egoera, hau da, euskararen normalizazio prozesua, nolabait amaituta izango dugu.

  9. Oihane de los Ojos
    2012(e)ko urriaren 7a 18:02(e)tan | #9


    Euskararen estatusa eta erabilera administrazioan eta arlo juridikoan historian zehar

    ___________________________________________________________

    Euskarari historian zehar oztopo ugari jarri dizkiote, nahita ala ez. Horren ondorioz, ez da beste hizkuntza bat bezala hedatu eta zabaldu Euskal Herriko biztanleen artean eta eremu publikoan arazo asko izan ditu. Horrek administrazio eta arlo juridikoan finkatzea mugatu du.

    Erromatarrak ailegatu arte Euskal Herrian euskara guztiz finkatuta zegoen. Erromatarrek latina sartu zuten herritarren artean eta handik aurrera administrazioan eta arlo juridikoan erabakiak hartzeko eta azaltzeko orduan latina erabili zen.

    Modu berean, Erdi Aroan ere euskara ez zegoen onarturik arlo juridikoan. Nahiz eta administrazioko pertsonek euskaraz jakin , testuak gaztelainaz idatzi behar zituzten. Latinak euskararen eremua irabazita zeukan eta hizkuntza ofiziala zen administrazio arloan. Hala ere, euskararen lexikoari ondo etorri zitzaion latinizazioa , honek aberastu egin baitzuen.

    Alabaina, Aro Modernoan erakunde publikoetan euskararen erabilera hazi zen arren , oraindik gaztelania erabiltzen zen gehienbat. Hala ere, garai honetan agertu ziren euskarazko lehen testuak; horien artean, testu juridiko batzuk ere.

    Dena den, Aro Garaikidean euskarak ez zuen oraindik bereganatu behar zuen lekua. Izan ere, estatuak euskara mugatzeko politikak abian jarri zituen.

    Aldaketa, XX. mendearen lehen erdian heldu zen. 1936ko urriaren 1ean Autonomi Estatutua onartu zen eta honekin batera, euskarari eman zitzaion estatus ofiziala. Momentu honetan hasi zen elebiduntze prozesua administrazio jardueretan . Gerra ostean, euskarari emandako ofizialtasuna ezeztatu zitzaion eta horren ondorioz, gai juridikoetan euskara ia ezin zen erabili.

    Gaur egungo xedea euskararen erabilera gaztelaniaren erabilpenarekin parekatzea da. Argi dago, euskararen ofizialtasuna eragin handia izan duela euskara juridikoaren garapenean eta normalizazioan. Aurrerapauso asko eman dira, baina hala ere oraindik bide luzea geratzen da .

  10. Joana Loyo
    2012(e)ko urriaren 4a 18:53(e)tan | #10


    Euskararen estatusaren gorabeherak administrazioan eta arlo juridikoan

    ___________________________________________________________

    Gaur egun lortzen ari garen normalizazio prozesu honek urteetako esfortzuaren emaitza zuzena da. Izan ere, nahiz eta zuzenbidearen arloan historian zehar gaztelania izan nagusi, euskarak ere presentzia garrantzitsua izan du .

    Hasteko, gogoratu behar dugu erromanizazio prozesuak izan zuen eragina. Izan ere, kultura ezberdinen latinazioa ekarri zuen ; horren ondorioz , euskal lurraldeetan latina ezarri zen hizkuntza idatzi gisa . Hori dela eta, gai politiko eta administratiboetan, eta zuzenbidearen arloan ere, latina izan zen nagusi.

    Erdi aroan, bestalde, antolamendu sozio – ekonomiko berri bat sortu zen, hiri –gutunekin batera. Honek Espainiatik karguak ekarri zituen Hego Euskal Herrira , eta horren ondorioz, botere zereginetarako, gaztelania ezarri zen hizkuntza ofizial edo administratibo gisa.
    Hala eta guztiz ere, herri xehea euskalduna zen, eta, horren ondorioz, zuzenbidean aditu zirenek euskara erabili behar izaten zuten justizia aplikatu ahal izateko. Gainera, zenbait euskal erakunderen langileek euskaraz hitz egiten zuten nagusi, nahiz eta dokumentuak gaztelaniaz idatzi. Horregatik esan dezakegu euskarak ahozko funtzioa zuen bitartean, gaztelania idazlanetan erabiltzen zela

    Aro Modernoan, berriz, euskarazko lehen testuak eta euskarazko literaturaren hastapenak agertu zire n. Horregatik, nahiz eta zuzenbidean eta administrazioan gaztelania nagusi izan , oraingo honetan ere, euskara idatziaren lehen seinaleak ditugu hemen.

    Aro Garaikidean, aitzitik, gobernu zentralistak euskara mugatzeko politika martxan jarri zuen, eta horren ondorioz erakundeetan euskararen erabilera ere murriztu zuten. Hala ere, Euskal erakundeek euskararen aldeko proiektuak ez zituzten alde batera utzi eta 1936ko urrian 1ean Autonomi Estatutuaren onarpena lortu zuten, euskararen ofizialtasunarekin batera. Horri esker, Administrazioan elebinduntze prozesua hasi zen. Baina aldaketa honek gutxi iraun zuen, izan eren frankismoarekin ofisialtasuna galdu zuen eta gaztelania inposatu zen hizkuntza bakar gisa .

    Gaur egun, euskara gaztelaniarekin batera hizkuntza ofiziala da EAEko Autonomi Estatutuak dioen moduan. Gainera, botere publikoei euskararen sustapenean konpromisoak hartzeko eskatzen zaie, Justizia euskaraz egiteko oinarrizko eskubidea bait da.

    Beraz, inongo zalantzarik gabe esan dezakegu euskarak makina bat oztopo aurkitu dituela historian zehar. Hala eta guztiz ere, beti garaitzaile atera da bai herritarren bai euskal erakundeen esfortzuei esker. Gaur egun, inoiz baino tresna gehiago ditugu euskaraz bizi ahal izateko, etengabe lanean dauden horiei esker. Baina ahalegin guzti hori ez du ezertarako balio euskal herritarrok erabiltzen ez badugu. Beraz, guztion ardura da euskara bizirik mantentzea eta haren bilakaeran laguntzea.

  11. Sara Zabala
    2012(e)ko urriaren 4a 12:15(e)tan | #11


    Jurista euskaltzaleen aitzindariak

    ___________________________________________________________

    Gaur egun ugariak dira euskara zuzenbidearen alorrean normalizazio bidean jartzeko jurista eta ez-jurista euskaltzaleek egiten dituzten ahaleginak. Horren berri jende gutxik badute ere, XX. mende hasieran izan ziren halako batzuk ahalegin horretan lehen pausuak ematen hasi zirenak. Hain zuzen horren berri ematen digu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak argitaratzen duen Bidegileak bildumak. Izan ere, argitalpen horrek aurreko mendean euskara sustatzeko lanetan aritzen ziren lau jurista euskaldunen biografiak eskaintzen dizkigu: Nazario de Oleaga, Hipolito Larrakoetxea, Jesus Maria Leizaola eta Bonifazio Etxegarairenak hain zuzen.

    Laurak, juristak eta euskaltzaleak izanik, laurek egin zituzten ekarpen garrantzitsuak bakoitzak bere esparruan. Legelari hauen fruituak gainera ez ziren nolanahikoak izan. Oleaga, adibidez, Euskaltzaindian idazkari zain zen eta Errepublika garaian euskal estatutuaren idazketan parte hartu zuen.Larrakoetxeak, berriz, Erromako Elizaren Araudia euskaratu zuen. Bestalde, Leizaolak Aldizkari Ofizialaren elebitasuna sustatu zuen bere Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura Sailburu kargutik. Azkenik, Etxegaraik ikerkuntza eta argitalpen ugari egin zituen eta lanean Espainiako Auzitegi Nagusiaren Sala bateko idazkari-kargua eskuratu zuen. Honenbestez, argi geratzen da lau legelari hauek eredu adierazgarriak izan daitezkeela jurista euskaldunontzat eta euskara Zuzenbide munduan guztiz txertatu ahal izateko ahaleginetan dabiltzanentzat.

    Lau jurista hauen bizitzaz eta ekarpenaz jakin-mina duenak jo dezala Bidegileak aldizkariaren 34. zenbakira (Argitaratzailea: Eusko Jaurlaritza, Kultura saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza). Sarean ere kontsultagai da Bidegileak bilduma. Helbide honetan aurki daiteke: http://www1.euskadi.net/euskara_sustapena/bidegileak/indice_e.asp.

  12. Sharon Amutxastegi eta Aitziber Bilbao
    2012(e)ko urriaren 4a 11:37(e)tan | #12


    Goitibehera luze baten ostean, zelaia jorratuz

    ___________________________________________________________

    Euskara juridikoak izan dituen aurrera pausuak azaltzeko aldez aurretik euskararen historia aztertzera behar da ezinbestean.

    Erromatarren garaira arte, euskara guztiz finkatuta zegoen herrian, nahiz eta herrialde bakoitzak bere euskalkia izan. Euskal Herria erromanizazioa garaitzera behartuta zegoen, eta honek euskararen atzerakada eragin zuen. Baina beste alde batetik latinizazioak lexikoaren aberastasuna ekarri zuen , eta euskara hor mantendu zen. Erdi Aroan instituzioetan euskara ez zen onartua izan, latina eta hizkuntza erromantzeek bereganatu zuten eremu hori. Latinak goi statusa zeukan.

    Foruak idazterakoan lurralde historiko guztietan hizkuntza erabiliena euskara izan arren, latina erabili zen , eta horrek arlo juridikoan euskararen baztertze handiagoa ekarri zuen; izan ere, administraziotik ia guztiz kanpo geratu zen. Hala ere, testu juridiko gutxi batzuk mantendu behar izan ziren herritar nahikok gaztelera ezagutzen ez zutelako. Iparraldean berriz frantsesa hizkuntza bakarra legez inposatu zen, eta euskara galdu erabat baztertua geratu zen erakundeetatik.

    Aro modernoan ere Nafarroako erresumaren desegiteak ez zion mesede egin euskarari, nahiz eta aldi berean 1545 eta 1571n euskarazko lehen testuak agertu ziren, baina euskal erakunde nagusiek euskarari ofizialtasunik onartu ez arren. XIX. mendean, berriz, Euskal erakundeak euskararen aldeko zenbait saiakera egin zituzten, baina nazioaren elebakartasun joerak gaztelania gailendu zuen.

    Adibidez 1814. urtean Foru Aldundiko langile berriei euskara eskatzen zitzaien, euskara mantentzeko aurrera pausu bat izan zen. Ildo horretatik jarraituta 1919an Oñatin, Hego Euskal Herriko lau Aldundiek Euskaltzaindia sortu zuten. Euskara, zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburua duen akademi ofiziala. “Ekin eta jarrai” izanik goiburua. Sortze ekitaldian orduko Espainiako erregeak, Alfontso XIIIak hau esan zuen:

    «Sagaratu zaitezke ikasketa eta sustatu ahal den guztian Herriaren aurrerapen eta garapenerako, zeuon hizkuntza landu, milaka urteko euskara beneragarria, gizateriaren altxorraren bitxi preziatua, zeuon gurasoengandik jaso duzuena eta zeuon semeei osorik oinordetzan utzi behar diezuena»

    Hasieran Euskaltzaindia bi atal nagusitan banatu zen: ikerketa atala, hizkuntzaren arazoak bideratuko zituena, eta gizarteko arlo guztietako alor guztietan euskara erabiltzea bultzatuko zuena. Lehenengo batzarrak gazteleraz egiten ziren, ondorioz euskara batuaren arazoa tartean zegoela. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko “Euskera” aldizkaria sortu zen.

    Bitartean aurretik aipatutako Espainiako Gerra Zibila eta Munduko Gerra medio, eragina izan zuten akademiaren lanetan, eta 1941an berpizteko lanetan hasi ziren berriz ere, aldizkaria ere berrargitaratua izan zen, eta 1956tik aurrera eten gabe argitaratu da aldizkaria. Nahiz eta Frankoren garaiak izan eta aurrera egindako pausu guztiak atzera botatzeko ahalegin guztiak egin. Euskara garai horretan debekatua izanik, eta euskarari ofizialtasuna ukatu zitzaion.

    Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun euskara batua sortzeko bidea finkatu zuten eta hizkuntza idatziari buruzko arauak, eta idazkera, joskera, jokabide, aditza eta hiztegiari buruzko erabakiak hartuz. Frankoren diktadura bukatuta, bestalde, jadanik demokrazia hasieran, Espainiako Konstituzioa onartua izan zen. Honen 3. Artikuluan, Estatuaren hizkuntza ofiziala Gaztelania dela aipatzen da eta artikulu honen 2. puntuan Euskararen ofizialtasuna adierazten da. 1978tik aurrera Espainiako gobernuan izan diren Alderdi Politiko ezberdinak ezinbesteko trabak jarri dituzte Euskara administrazioan sar dadin.

    Dena den, administrazioa eta justizia, 1976tik gaurko egunetara ahalegindu dira, beraien arlotan ere, Euskaltzaindiak jorratutako arau horiek eskuratzen eta bereganatzen. Hau medio instituzio ezberdinetan hainbat lan egin dituzte legeak itzultzen, herritarrek esku izan ditzaten. EHU, Deustuko Unibertsitatea, Justizia barnean ere adibide dira lan tinko horretan.

  13. Alfredo Galan eta Nahikari Santurde
    2012(e)ko urriaren 4a 11:26(e)tan | #13


    Euskara juridikoa Aro Modernoan

    ___________________________________________________________

    Aro Modernoan (XV. Mendearen amaieratik, 1789 urtean Frantziako iraultza hasi zen arteko epe historikoan) euskarak indar nabarmena zuen Hego Euskal Herrian; izan ere, herritarren hizkuntza nagusia zen lurralde osoan Nafarroako Erresuma desegin zen arte.

    Gertaera horrek kalte handia egin zion euskararen erabilerari, gaztelaniak bere tokia hartu baitzuen esparru publikoan bereziki. Izan ere, Gaztelako Koroaren menpean euskararen berpizkundea ezinezkoa izan zen, Koroarentzat hizkuntza nazio-identitatea sortzeko baliabide funtsezko izan baitzen garai hartan. Eta nazio identitate hori gaztelaniak ematea nahi zuten.

    Hala ere, administrazioan nabaria zen euskararen ahozko erabilera, baina ez zen idatzizko dokumenturik euskaraz egiten. Honek zuzenbidearen bi hizkerak desberdintzera eramaten gaitu; alde batetik, ahozkoa (euskara) eta bestetik idatzia(gaztelania), Dokumentu idatziak gaztelaniaz egiten ziren. Horrek euskararen egoera are gehiago a ahuldu zuen.

    Egoera hori larriagotu egin zen Espainian Borboiak koroa eskuratu zutenean. Borboiek hizkuntza-politika zorrotza ezarri zuten. Gaztelania bultzatu zuten eta beste hizkuntzen erabilera debekatu egin zuten. Testuinguru horretan euskaraz egindako idatziak argitaratzea ia ezinezkoa zen.

    Beraz, esan daiteke Aro Modernoa, aro ilun bat izan zela euskararentzat, nahiz eta gero euskarak garai ilunagoak sufritu.

  14. Maria Uria
    2012(e)ko urriaren 4a 11:22(e)tan | #14


    Euskal hizkera juridikoa testuetan

    ___________________________________________________________

    Euskara Juridikoaren historian doktore-tesi bakarra egin da: hain zuzen ere, Antton Elosegik, Miren Azkarate irakaslearen zuzendaritzapean 2000. Urtean argitaratutakoa. Hauxe da tesi horren izenburua: “ Zuzenbideko euskal hizkera berezia”. Bertan bi gai interesgarri lotzen ditu: euskara juridikoaren historia eta terminologia juridikoaren bilakaera eta berezitasunak. Azken batean, lan honek, bere osotasunean, zuzenbideko hizkuntzaren inguruko ikerkuntza-lan bat erakusten digu. Alor honetan gabiltzanontzat, beraz, oso jakingarria. Dena den, tesi honetatik nik atal bat nabarmendu nahi nuke: IV. Kapitulua, hain zuzen ere (183-243 orrialdeak).

    Laugarren kapitulu honetan euskara juridikoaren ikusmira orokorra egiten da gehienbat. Hasteko, historian zehar euskarazko zuzenbide alorreko testuak zer nolako garrantzia izan duten eta zer nolakoak izan diren azaltzen digu. Aldi berean, euskarak zuzenbidearen alorrean izandako bilakaera ere azaltzen da. Azkenik, euskarak gaur egun (beno, 2000. Urtearen bueltan) zer egoera duen ere azaltzen du. Horrela bada, atal honetan Antton Elosegik, lan lexikografikoen nahiz laguntzazko testuen naiz ikerkuntza inguruko testuen informazio jakingarri ugari ematen digu: nola gauzatu den euskararen garapen hori testuetan, zer idatzi den hizkera horri buruz, eta abar.

    Kapitulu honek ondorengo eskema honi jarraitzen dio:
    1. Zuzenbideko hitzak eta testu juridikoak
    2. Euskal testu juridikoak historian 1936 arte
    3. Zuzenbide-testuak euskaraz 36tik hona
    4. Euskal hizkera juridikoari buruzko lanak
    5. Ondorioak: euskara juridikoaren ibilbidea azken aldian.

    Ikusten denez, azterbide honetan bi aldi nagusi bereizten dira: 1936. Urtera artekoa, bata, eta handik honakoa, bestea. Antton Elosegik dioen bezala beraz, “euskara juridikoaren historia aldapa txikiko goranzko lerro batez irudika daiteke XV., XVI., XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan, ugaritasunari, dibertsitateari eta teknikotasunari dagokionez. XX. mendearen hasieran, bereziki 1918 inguruan eta Errepublika aldian, halako loralditxo bat izan zen. Euskara juridikoaren historia egitean ez litzateke oker handirik egingo, 1500-1936 bitarteko ia lau mende eta erdiak garai bakar batean sartuko balira, eta 1936an hasitzat emango balitz garai berria, itzalaldi luze batekin, gure egunetara arte luzatzen dena”.

    Norbaitek informazio gehiago eskuratu nahiko balu, helbide honetan eskura dezake testu osoa:

    http://hal.archives-ouvertes.fr/docs/00/10/32/84/PDF/Testu.pdf

  15. Jokin Babaze
    2012(e)ko urriaren 4a 11:17(e)tan | #15


    Euskara Juridikoaren historiaren mugarriak

    ___________________________________________________________

    Euskarak egun Zuzenbidearen eta Administrazioaren alorrean gabezia garbia dagoelako sentsazioa dago euskaldunon artean. Honen arrazoiak ulertzeko Erromanizazioaren aldira jo beharra daukagu. Izan ere, konkistatutako lurraldeak Erromatarrek zeukaten administratzeko moduak, idatzizko lanak zeukan garrantziagatik batik bat, Euskara Gauza Publikotik bazterrarazi zuen, latina baitzen eta Gauza Publikoaren lan hizkuntza. Berriz, Erromatar Inperioa desagertzean, latinaren lekua tokian tokiko hizkuntza latinoek hartu zuten: Euskal Herriaren kasuan, gaztelerak eta frantsesak.

    Bestalde, Hego Euskal Herrian, Gaztelako Koroarentzat gaztelania funtsezko tresna izan zen batasun nazionalaren kontzientzia sortzeko; Errekonkistarekin bereganatutako lurretako aniztasun kultural eta erlijiosoa gainditzeko aukera bakarra, hain zuzen ere.. Egoera horretan Gaztelako Koroak ez zien inolako tarterik eskaini gainontzeko hizkuntzei. Gainera, gogoan hartu beharra dago Erdi Aroan euskara ez zela hizkuntza idatzia, eta beraz ez ziela, edonola ere, Zuzenbidearen eta Administrazioaren inguruko lanen eskakizunei erantzuten

    Euskararen Zuzenbidean eta Administrazioaren alorrean izandako lehen hastapenak, Karlismoaren edo Bonaparteren ekintza sinbolikoak ezean, 1936ko Euzkadiren Autonomia Estatutuaren inguruan egiten dira. Lehen aldi hau Espainiako azken Gerrate Zibila amaitzearekin deuseztatuko da ordea; eta euskara edozein espazio publikotik aterarazi eta zenbaitetan galarazi ere egingo da, nahiz eta Euskaltzaindiaren lana baimenduko den, betiere kontrol politiko hertsian.

    Egungo egoerara mugatuz, 1978ko Espainiar Konstituzioak bere 3. artikuluan gaztelera ez besteko hizkuntzen garrantzia aldarrikatzen du, eta 1979ko Euskal Autonomia Estatutuak bere 6. artikuluan euskara Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofiziala dela adieraziko du. Nafarroako lurralde euskaldun eta mistoei dagokienez, Nafarroako Foru Hobekuntzaren 6. artikuluan ezartzen da ofizialtasuna. Ofizialtasun honek euskara Zuzenbidearen eta Administrazioaren esparruan erabilgarria egitera behartzen gaitu.

    Beraz, esan liteke euskara Zuzenbidearen eta Administrazioaren esparruan berriki sartu den hizkuntza dela, eta beraz ildo honetan lan asko egin beharra daukala, baina nola arlo honetara hizkuntza heldu eta jorratu bat izanik iritsi den, suposa dezakegu lan hau ez dela bereziki zaila izango

  16. Janire Barinagarrementeria, Edurne Manzisidor eta Nekane Conde
    2012(e)ko urriaren 4a 11:08(e)tan | #16


    Euskararen bilakaera historikoa arlo juridikoan

    ___________________________________________________________

    Historian zehar euskararen erabilera oso murritza izan da, arlo zehatzetako gaietan. Zuzenbidearen alorrean, adibidez, berehala ikus daiteke hori… ez baita oso ohikoa alor horretan euskara erabiltzea. Izan ere, historian zehar hizkuntza honek hainbat zailtasun izan ditu legearen esparruan bidea egiteko.

    Hasteko, Frantziako Iraultzaren garaira egiten badugu atzera, pentsatzekoa litzateke egon ziren aldaerak euskarari onurak ekar ziezazkiokeela. Izan ere, honek Frantziako Estatuan ez ezik, inguruko herrialdeetan ere mugimenduak ekarri zituen. Dena den, azkenerako, euskararen baztertzea ekarri zuen. Espainian ere garai bertsuan gaztelania indartu zen hizkuntza ofizial bakar gisa.

    Egoera larri hori XIX. mendean hasi zen pixka bat arintzen, Hego Euskal Herrian euskararen aldeko ideologia zabaltzen hasi zenean Larramendi, Mogel eta beste apologista batzuen eskutik. Hauen aldarrikapenek izan zuten arrakastari esker, indarra hartzen hasi zen euskararen aldeko gizarte-iritzia. Hala ere, esan behar da euskarak arlo juridikoan ez zuela inolako aurrekaririk; beraz testu juridiko guztiak erdaraz zeuden eta orduan ere hala egiten ziren.

    1931ko Errepublikak aurrerapen nabarmenak ekarri zituen, eta honi esker administrazioan euskara suspertu zen. Hala ere, Gerra Zibilaren etorrerak euskararen erabilerari kalte egin zion. Izan ere, honen ondoren ezarri zen Estatu ereduak Estatu bakar eta batua nahi zuen; eta horrek hizkuntza bakarra onartzen zuen; gaztelania hain zuzen ere.

    Diktaduraren ondoren eta 1978ko Konstituzioa indarrean sartu zenean, tokiko hizkuntza batzuen ofizialtasuna onartu zen. Horrela, harrezkero euskara hizkuntza koofiziala da EAEn eta Nafarroako lurralde batzuetan. Horrez, gain EAEri eta Nafarroari lege autonomikoak egiteko eskumena eman zitzaien, orduz geroztik, bi lurralde horietan onartutako lege guztiak bi hizkuntzetan argitaratu izan dira. Horrez gain, estatuko eta nazioarteko lege testua batzuk itzultzeko proiektuak ere garatu dira.

    Hori horrela ondoriozta dezakegu aurrekari ilunak izan arren eta oraindik ere erabateko bermea ez izan arren, gaur egun euskara hasi dela administrazioak eta legegintzan dagokion tokia hartzen. Orain erronka nagusia erabilera da; izan ere, gero eta gehiago erabiltzen den arren, oraindik gutxi baitira arlo juridikoan euskaraz aritzen diren profesional eta herritarrak.

  17. Idoia Rodriguez
    2012(e)ko urriaren 4a 11:01(e)tan | #17


    Euskara juridiko-administratiboaren mugarri historiko nagusiak

    ___________________________________________________________

    Euskarak arlo juridikoan eta administrazioan historian zehar izan duen egoera ezberdina izan da. Gaur egun dugun egoera nokalo den ikusteko, komenigarria da, historian zehar izan duen ibilbidea ezagutzea, izan ere, izan duen ibilbidea ez da oso erraza izan historian zehar.Euskararen egoera arlo juridikoan eta administrazioan zehar nolakoa izan den ikusteko, honako mugarri historiko nabarmen ditzakegu:

    1. Erromanizazioa. Erromanizazio linguistikoak euskara baldintzatu zuen eta deuseuskalduntze prozesu bat ekarri zuen.

    2. Erdi Aroa. Lehen euskal hitz idatziak Donemiliaga Kululako monastegian agertu ziren X. mendekoak.

    – Nafar erreinuan: Nafar lurralde gehienetan, euskara zen mintzaira nagusia, baian ez zen administrazio hizkuntza idatzia izatera iritsi.
    – Iparraldean: euskara, eremu juridikoetan ez zen erabili. Okzitaniera izan zen agiriak, testu juridikoak, nahiz foruak emateko erabiltzen zen hizkuntza.
    – Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian: Hiri foru edo hiri gutunak latinez edo erromantzean idatzirik zeuden, beraz, euskarak herritarren mintzaira eremuan soilik hartzen zuen.

    3. Foruen idazketaren garaia. Lurralde historikoetan ohiturazko zuzenbidea konpilatzen zuten foruak ez ziren euskaraz idatzi, izan ere, hizkuntza erdaldunen nagusitasuna argi geratu zen.

    4. Aro modernoa. Hego Euskal Herrian, boterea Erregearen inguruan bildu ez ezik, hizkuntza arloan batasunerako ahaleginak ere egin ziren. 1545ean eta 1571n euskarazko lehen testuak eta euskarazko literaturaren hastapenak agertu ziren. Dena den, gazteleraren nagusitasuna nabarmena izan zen.
    – Euskal erakundeen hizkuntza: Euskal erakunde nagusietan euskara idatziak ez zuen ofizialtasunik izan, nahiz eta erabilpen mintzatua izan.
    – Euskararen agerpena testu juridikoetan: zuzenbidea, gaztelaniari lotua zegoen, baina tarteka, euskara idatziaren arrastoak agertu ziren, euskaraz eginiko esaldiak dituzten erdal dokumentuak barne.

    5. Aro garaikidea. Espainian, nazioaren elebakartze joera nagusia izan zen, gaztelera nabarmena izanik. XIX mendean, euskararen aldeko zenbait pausu ematen hasi ziren.

    Espainiako hizkuntza politikari dagokionez (1876-1936): Epealdi honetan Espainian ez zitzaion euskarari lekurik utzi. Administrazio eremuan, euskararen ezagutzarik ez zegoen eta gaztelania zen hizkuntza bakarra. Egoera honen aurrean, izpiritu euskaltzale eta abertzaleen indarra sumatzen joan zen.

    Diputazioek zenbait ekimen egin zituzten euskararen alde. Errepublika garaian sortu ziren hizkuntzari buruzko gogoeta sakonak eta proiektu sendoak, nahiz eta 1931ko autonomi proiektua onartua ez izan,1936ko urriaren 1era itxaron beharko da Autonomi Estatutuaren onarpenerako eta bertan eman zitzaion euskarari estatus ofiziala. Horren ondorioz Euskal Administrazioaren jarduerak elebiduntzearen bidea hartu zuen.

    6. Gaur egun arteko bilakaera. 1936etik gaur egungo egoera arteko epealdian, hainbat testuinguru desberdindu daitezke:

    – Gerra ostean: frankismoarekin euskararen zapalkuntza areagotu zen. Hizkuntzak lortutako ofizialtasuna ukatua izan zen. Mundu juridikoan ere euskararen erabilpena eskasa izan zen.

    – Euskal herriko banaketa politikoak baldintzatu zuen euskararen estatus juridikoa:

    + Estatu frantsesean: Frantziako 1958ko Konstituzioan ez zuen 1992ra arte hizkuntza aipamenik egin. Sistema frantsesak hizkuntza bakar bat onartu zuen, fantsesa.

    + Espainiar estatuan: Espainiar Konstituzioaren 3.artikulutik ondoriozta daiteke, gaztelaniaz gain, beste hizkuntza ofizialik egon daitekeela, berdintasun juridikoan egonik biak.

    EAEko Autonomi Estatutuaren 6. artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, gaztelaniarekin batera. Araudi zehatza 10/1982 Legeak osatzen du, euskararen erabilpena gaztelaniarekin parekatzea helburu duelarik eta bide horretan botere publikoen konpromisoa eskatzen duelarik.

    Mugarri historiko nagusiak aipatuta, zera esan dezakegu ondorio gisa: gaur egun, euskararen erabilera arlo juridikoari dagokionez, ofizialtasun estatusa dela eta normalizazio prozesu bat ekarri duela. Euskal argitalpenak ugarituz joan dira, baina, euskara juridikoak, bide luzea du oraindik, normalizazio egoera batera iristeko. Hau da, nahiz eta aurrerapausoak eman diren, euskarak arlo juridikoan eta administrazioan duen tokia mugatua da oraindik; izan ere, euskararen erabilera administrazio arloan, gaztelerarekin alderatuz, urriagoa da eta bi hizkuntzen normalizazioa bideratu dadin ahalegindu beharko genuke, izan ere, hiritar guztien onura suposatuko lukeelako.

  18. Oihana Ezkerro
    2012(e)ko urriaren 4a 10:53(e)tan | #18


    Euskara Juridikoaren Historia Administrazioan eta Arlo Juridikoan

    ___________________________________________________________

    Historiaren hasieran Zuzenbidea erromatarren esku zegoenez, euskarak latinaren eboluzioz hitz hauek hartu zituen.

    Erdi Aroarekin hasierarekin, haatik, euskararen egoera arlo juridikoan zertxobait hobetzen dela esan genezake, nahiz eta hobekuntza hau ez den oso nabaria zenbait lekuetan. Nafarroan esaterako, bazegoen euskararen nolabaiteko kontzientzia bat, baina oso dokumentu gutxi daude garai hartakoak euskaraz.

    Aldaketa handienak, hala ere, Aro Modernoak ekarri zituela esan dezakegu; bereziki Hego Euskal Herrian. Administrazioaren arloan, euskararen erabilera nabarmen handitu zen baina gaztelania nagusiagotzat hartzen zen hala ere. Iparraldean, haatik, Frantziaren boterearen pean geratu aurretik euskarazko zenbait testuren ekarpena egin zela jakin ahal izan dugu, baina euskararen egoera bertan Hego Euskal Herrian baina kaxkarragoa zen.

    Aro Garaikidean, bestalde, euskara juridikoak gora-behera dezente izan zituen. Alde batetik, gobernu zentralaren laguntza eza aipatu daiteke, euskararen bultzadari lagungarri izan ez zena. Aldi berean, 1937an euskarak ofizialtasuna lortu zuen, eta horek hizkuntzari bultzada handia eman zion. Baina, berehala, eta frankismoak hala eraginda, hizkuntza honek indar handia galdu zuen, zapaldua eta debekatua izan zelarik.

    Hau guztia gainditu ondoren, gaur egun euskarak duen egoera guztiz ezberdina dela ikusi daiteke eguneroko bizitzan, bai juridikoki baita administratiboki ere. Berriz ere bereizketa egin behar da Hego Euskal Herriaren eta Iparraldearen artean, azken honetan frantsesaren aldeko joerak irabazi izan du eta.

    Egiteko lan dezente dago oraindik ere, baina behin euskara galtzeko zegoen beldur hori jada gainditu du gizarteak eta hemendik aurrera euskararen pisua handiagotzean egin behar da esfortzua.

  19. Andoni Molina
    2012(e)ko urriaren 4a 10:33(e)tan | #19


    Euskararen estatusa eta erabilera administrazioan eta arlo juridikoan 1936tik gaur egunera bitartean

    ___________________________________________________________

    Euskararen estatusa historian zehar aztertzeko (bai arlo juridiko-administratiboan, bai beste edozein esparrutan) behar-beharrezkoa iruditzen zait gerra zibilak eta ondorengo frankismoak iraun zituen 40 urteak gogoratzea.

    Gerra zibila hasi baino lehen zegoen Errepublikak,hizkuntzak babesteko asmoa zuen, eta Hego Euskal Herrian lehen Autonomia Estatutua onartu zuen 1936ean. Testu hartan, euskararen ofizialtasuna onartzen zen. Zoritxarrez ordurako guda hasia zen eta Gipuzkoa eta Araba jadanik nazionalen eskuetan zeuden. Beraz, Estatutua Bizkaian baliatu ahal izan zen eta denbora laburrean egon zen indarrean; dakigunez Francok irabazi baitzuen guda eta politika mota horiek guztiz baztertuta geratu ziren.

    Horren ondoren, ia 40 urte luze eta gogor pasa zituen euskarak, debekatuta baitzegoen, bai kalean eta bai eskoletan. Zorionez, ez zen galdu eta frankismoa bukatu ostean, eta behin trantsizioa lasaitasunez pasa zenean, 1979an Estatutu berria idatzi eta bertan jaso zen euskararen ofizialtasunez bigarren aldiz.

    Estatutu honen arabera Hego Euskal Herriko biztanle guztiek dute gaztelania ezagutzeko betebeharra (lehen hizkuntza baita Espainiako estatuan) eta euskara erabiltzeko eskubidea. Hala, lurraldea diglosia egoeran zegoelarik, aurrerapauso handia izan zen.

    Eta handik aurrera arlo juridikoan eta administratiboan ere egin dira zenbait testu eta idatzi euskaraz, baina normalizazioa iritsi dadin, lehenengo elebiduntasun egoera lortu behar da; hau da, bi hizkuntzak, bai gaztelaniak eta bai euskarak biztanle gehienengatik berdintasunez erabiliak izan behar dira.

    Elebitasun egoera hau kalean lortzen dugunean, orduan izango da posible arlo juridikoan euskararen normalizazioa lortzea.

  20. Mirari Arriola
    2011(e)ko urriaren 17a 09:36(e)tan | #20


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________

    1. Erromanizazio garaia: Garai honetan Zuzenbidea erromatarren esku dagoenez, zuzenbidetik eratorritako hitz ugari hartzen dituzte hizkuntzek, euskararen kasuan esaterako; merkatari, merke; karrika, abere… bezalako hitzak sortzen dira, latinetik eboluzionatuz.

    2. Erdi aroa: Kristautasunaren zabalkundearekin batera latinak paper garrantzitsua izango du hedapen horretan. Hainbat hizkuntzatara itzuliko da Biblia baina euskararen kasuan, latinarekiko gertutasun ezak ez du batera lagunduko erlijio testuen inguruan. Faktore ugari zeuden euskararen egoera okerrera ekar zezaketenak, kontuan hartu behar dugu, erromatarren eta bisigodoen ondoren erromatarren etorrera aurreko hizkuntza guztiak galdu egiten direla iberiar penintsulan euskara izan ezik. Honela, badago euskararekiko kontzientzia bat. Foruen idazkerari dagokionez erdara erabiliko da.

    2.1. Nafar erreinua: Antso VI Jakitunak idatzi zuenaren arabera, bazegoen euskararen kontzientzia bat nafarren hizkuntza gisara; hala ere, errealitatean, maila jantzirako erabiltzen zen hizkuntza erromaniko nafar bat zen, euskeraz agiri garrantzitsu gutxi aurki ditzakegularik garai honetan.

    2.2. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba: XII eta XII. Mendeak esanguratsuak izango dira hiru
    lurralde hauentzat Nafarroako erresumako parte izatetik Gaztelako erresumaren parte izatera pasatuko baitira. Antolamendu sozio-ekonomiko berri bat sortuko da hirien inguruan eta hiri-gutunak sortuko dira. Euskararen egoera ere aldatu egingo da, Korregidore bezalako karguak Espainiatik eta beraz erdal hizkuntzatik baitzetozen, honela, erdara erabiliko dutelarik hauek euren artean.

    2.3. Iparraldea: Bertan ere, testu juridikoetan orokorrean gutxi agertuko da euskararen erabildera, batez ere, Okzitaniera erabiliko da testu juridiko nahiz literarioetan.

    2.4. Lapurdi eta Zuberoa: Ingalaterraren esku urte batzuez egon ostean azkenik, Frantziaren pean geratuko dira.

    2.5. Behe Nafarroa: Aurreko biak lez Gakoniari loturik egongo da baina gero Nafarroari erantsiko zaio Enrike III. errege nafarra Frantziako errege bihurtzen den arte, orduan hau ere Frantziaren pean geratuko delarik.

    3. Aro Modernoa: Oro har; administrazioan erdara erabiliko da hizkuntza jaso gisara baina herri mailako batzarretan etab. euskararen erabilera ezinbesteko izango da, kasu batzuetan zigorrak ezartzeraino ez zekienari. Ondorioz, hainbat dokumentu agertuko zaizkigu euskaraz, herrian erro handiagoa dutenak, esaterako ezkontza erregistroak…

    3.1. Hego Euskal Herria: Erakunde publikoen lana hobetuz joango da, honela, euskaldun ugari erakunde hauetan sarturik zeudenez, hauen gaztelaniarekiko begirunea handituko delarik. Bateratze garaia Borboien dinastiarekin etorriko da, honela, hauek, Espainiako hizkuntzatzat Gaztelania kontsideratuko dutelarik.

    3.2. Iparraldea: Errege boterearekin batera, frantziar koropean geratuko dira hiru lurraldeak; Nafarroa Beherea beranduago geratuko da, euskal literaturari ekarpen batzuk egingo dizkiolarik.

    4. Aro Garaikidea:

    4.1. Iparraldea: Testu bakan batzuk egongo dira (esaterako Napoleoni D.J. Garat-ek eginiko eskaera) hizkuntz politika aldatzearen aldekoak, hala ere, frantsesaren orokortzea bultzatuko da.

    4.2. Hego Euskal Herria:

    4.2.1. XVIII-XIX. mendeak: Hainbat dokumentu elebidun egitea erabakitzen da, esaterako Bizkaiko Batzarretan jasoak, bultzada txiki bat emanez euskarari.

    4.2.2. XIX-XX. mendeak: Hasiera batean, botere zentralak gaztelania hutsaren aldeko borroka egingo du, baina azkenik, 1936-37 artean iraun zuen Autonomia Estatutuak ofizialtasuna emango dio euskarari.

    4.2.2.1. 1937-1978: Gerra osteko frankismo ondorioz, euskararen egoera oso kaltetua agertuko da, gaztelania inposatuko baita hizkuntza bakar, euskara (eta beste hizkuntza gutxituak) zapalduz. Iparraldean berriz, hizkuntza politikak frantsesaren alde soilik egiten jarraituko du.

    4.2.2.2. 1979tik gaur egun arte:

    a) Iparraldea: Oro har, frantsesaren alde egiten jarraitu da, hala ere, badira lege batzuk hizkuntz gutxituei aipamen egiten dietenak.

    b) Hego Euskal Herria: Hizkuntzaren loraldia hasi zen frankismo ostean eta egun bi egoera bereiz ditzakegu, batetik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera, eskubide batzuk aintzatesten zaizkiolarik. Bestalde, Nafarroan hiru zati bereiz genitzake, hasteko iparralde zati batea euskara ofizialtzat hartzen da gaztelaniarekin batera, erdialdean ez erabat eta hegoaldean ez zaio ofizialtasunaren inguruan aipamenik egiten.

    Euskara ofiziala den lekuetan, bultzada handia jaso du, populazioa euskalduntzeaz gain, arlo ekonomiko, juridiko eta administratiboan geroz eta leku handiagoa hartzen ari baita. Hala ere, oraindik zer egin handia dago normalizaziora iristeko. Erdararekin batera ofizial ez den lekuetan berriz, badirudi euskararen egoera bere horretan dagoela, Nafarroan beste faktore batzuen laguntzaz oso mantso doa normalizazioa, Iparraldean aldiz, badirudi atzeraka doala euskararen sendotzea; hots ahulduz doala.

  21. Sara Zubizarreta
    2011(e)ko urriaren 14a 16:19(e)tan | #21


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________

    Gaur egun euskarak eta euskararen erabilerak duen egoera eta garrantzia azaltzeko, historian zehar izan diren gertakizunak aztertuko ditugu, erromanizazio garaietatik gaur egunotara arte.

    Erromatarren eragina handia izan zen. Erromanizazio prozesuak kultura ezberdinen latinizazioa ekarri zuen, ondorioz, deseuskalduntze prozesu bat eman zen. Hala ere, euskarak latinaren sarbideak izan zituen, horrela, latinak euskararen lexikoa asko aberastu zuen.

    XII. menderarte euskal lurraldeetan idatzitako hizkuntza bakarra latina zen (goi hizkuntza statusa zuen). Euskal Herrian, nahiz eta herria euskaraz mintzatzen zen, gai politiko eta administratiboetan euskarak ez zuen latina ordezkatu.

    Erromatar eta bisigodoen garaian, beste hizkuntza aurre-erromaniko guztiak galtzen ziren bitartean, euskarak iraun zuen. Euskara oso hedaturik eta zabaldurik zegoen Euskal Herriko herrialde gehienetan, baina bazeuden herrialdeen arteko ezberdintasunak:

     Nafar Erreinuan, herri gehienaren mintzaira euskara zen. Euskara administraziotik at geratu zen, ez zen hizkuntza idatzia. Nafarroako Foruaren hizkuntza nafar-erromanikoa zen arren, euskal hitzak azaldu ziren. Erregeek ez zuten euskararen egoera juridikoan lagundu.
     Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, aldakuntza ekonomiko eta sozial handiak eman ziren. Monarkiaren eta mendebaldeko Euskal Herriaren arteko lotura politikoak zirela eta, XIII eta XIX. mendeetan boterearen zereginetarako gaztelania erabiltzen zen. Hiri foru edo hiri gutunak latinez edo erromantzean idazten ziren. Euskarak herritarren mintzaira eremua soilik hartzen zuen.
     Iparraldean, euskara ez zen eremu juridikoetan erabili. Okzitaniera izan zen agiriak, testu juridikoak eta foruak emateko erabilitako hizkuntza.

    Euskal Herriko lurralde historikoetan, zuzenbide orokorra biltzen zuten foru-konpilazioak idatzi ziren. Hizkuntza erromanikoan idatzi ziren.

    Aro Modernoan, Hego Euskal Herrian bizi ziren herriek hizkuntza ezberdinak erabiltzen zituzten eta arlo horretan batasun ahaleginak egiten hasi ziren. Nafarroako Erresumaren desegiteak, ez zion mesederik egin euskarari. 1545ean eta 1571n euskarazko lehen testuak eta euskarazko literaturaren hastapenak agertu ziren. Gazteleraren nagusitasunak jarraitu zuen. Ipar Euskal herrialdeak Frantziako Koroarekin bat egin zuen. Hau gertatu zenerako, euskarak egoera soziala hobetu zuen: ezagutzen ditugun lehen bi liburuak argitaratu ziren. Euskal erakundeetan euskarak erabilpen mintzatua zuen, baina ez zuen ofizialtasunik izan. Nahiz eta Zuzenbidea eta Administrazioa gaztelaniari lotuak izan, euskara idatziaren arrastoak agertu ziren.

    Aro Garaikidean, hizkuntzaren trataera politikoa ezberdina izan zen Frantzian eta Espainian:

     Frantzian, iraultzarekin Frantsesa hizkuntza nazioaltzat hartu zen eta tokiko hizkuntzak erregimenaren etsai zirelakoan, horien kontrako borroka hasi zen.
     Espainian, euskararen aldeko hautapen ofizialik ez zen burutu. 1876-1936 arteko epealdian, Espainian ez zitzaion euskarari lekurik utzi nahi. Administrazio eremuan, euskara ezagutzarik ez zegoen eta gaztelania zen hizkuntza bakarra. XIX. mendean, Euskal erakundeen baitan, euskararen aldeko zenbait pausu eman ziren: adibidez, administrazioaren funtzionarien hizkuntza gaitasuna zaintzeari begira). Diputazioek erabaki garrantzitsuak hartu zituzten. Errepublika urteetan euskarari buruzko testuak sortu ziren. 1936Ko urrian 1ean Autonomi Estatutuaren onarpena izan zen eta bertan eman zitzaion euskarari estatus ofiziala. Horren ondorioz, Euskal Administrazioaren jarduerak elebiduntzearen bidea hartu zuen.

    1936ko gerraren ostean, frankismoarekin euskararen zapalkuntza areagotu zen; lortu zuen ofizialtasuna ukatua izan zen. Erregimenaren ideologia honakoa zen: nazio bakarra, hizkuntza bakarra.

    Gaur egun, Euskal Herriko banaketa politikoak baldintzatzen du euskararen estatus juridikoa.

     Frantziako sistemak hizkuntza bakar bat baino ez du aintzatesten: frantsesa.
     Espainian, gaztelaniaz gain, beste hizkuntza ofizialik egon daiteke, guztiak berdintasun juridikoan egonik (Espainiako Konstituzioaren 3.artikulua). Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuaren 6.artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, gaztelaniarekin batera. Nafarroan, Foru Hobekuntzaren 9.artikuluan aintzatesten zaio euskarari ofizialtasun estatusa, baina soilik zonalde euskaldunetara mugatua.

    Gaur egungo euskararen erabilerari dagokionez, ofizialtasun estatusak euskara juridikoaren normalizazio prozesuan izan duen garrantzia ezin ukatu daiteke. Arlo honetan egin diren euskal argitalpenak ugalduz joan dira. EHUk Zuzenbide Fakultatean euskarazko eredua txertatu zuen lehendabizikoz.

  22. Antso
    2011(e)ko urriaren 13a 10:44(e)tan | #22


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________

    Zuzenbidearen eremuan Hego Euskal Herrian gaztelania eta Iparraldean frantsesa gailendu egin zaizkio euskarari,hala ere ukaezina da honek etengabeko presentzia izan duela. Izan ere, herri xehea elebakarra eta euskalduna izanik, zuzenbidean aditu ziren goi klaseetako elebidunek euskara erabili behar izan zuten ezinbestean legeak ezagutzera emateko edo justizia aplikatu ahal izateko. Ondorioz, literatur juridikoa gaztelaniaz jaso zen arren, bere aplikazioa euskaraz eman izan da historian zehar.

    Nahiz eta euskara ez zen idatzizko hizkuntza bat, hainbat gaztelaniazko zein latinezko testutan erreferentzia egiten zitzaion, eta batzuetan euskarazko hitzak agertu izan dira. XIII. Eta XV. mendeen artean idatzitako Foruak dira horren adibidea: gaztelaniaz jaso ziren euskaraz berba egiten zuen herri batentzat, beraz, herritarrek euren edukia ezagutu zezaten, itzulpengintza beharrezkoa izan zen.

    Euskara herri xehearen hizkera zen eta gaztelania noblezia eta kleroarena alderantziz, herritarrek kargu publikoetara aurkezteko zailtasunak izaten zituzten arrazoi honengatik, askotan gaztelania jakitea espresuki eskatzen baitzen. Honek erakunde publikoak herriarengandik nahiko urrun egotea ekarri zuen. Hala ere, hainbat tetsu historikori esker, badakigu zenbait euskal erakundetan, Batzar Nagusietan esaterako, ordezkariak euskaraz berba egiten zutela, nahiz eta gero aktak gaztelaniaz jaso izan behar. Epaiketa prozesuetan iguala geratzen omen zen: justizia aplikatu ahal izateko, epaileek gaztelania jakin behar zuten, baina herritarrek lekukotza euskaraz ematen zuten. Beraz, euskarak ahozko funtzio juridikoa izan du, gaztelaniak idatzizkoa izan duen artean. Egoera horretara moldatu ahal izateko, itzulpen lanetan aritu ziren eskribauak, pregoilariak, erretore eta apaizak. Hala ere, itzulpen beharraren eta herritarren ez ulertze egoera horrek arazo bat baino gehiago ekartzen zituen praktikan, eta horregatik, gobernu zentralistek euskara mugatzeko politika desberdinak abiatu zituzten. XIX. mende hasieran Hegoaldeko lurraldeetan, liberalismo garaietan hezkuntzaren bidez gaztelania zabaldu nahi izan zen euskararen kaltetan, eta geroago, Borboiek politika hori gogortu zuten, hori erakundeetan euskara desagerrarazteko nahikoa izan ez zen arren. Iparraldeko egoera bereziki esanguratsua izan zen, XVIII. mendean, Frantziako Iraultzaz geroztik, frantsesa bultzatu zelako hizkuntza nazional eta ikur bezala, baina, joera hori zabaldu aurretik, iraultzaren aldekoek frantses eraginpeko eremuetako beste hizkuntza batzuk, euskara horien artean, erabili zituzten iraultzaren ideiak zabaldu eta herritarrak bereganatzeko. Are gehiago, Hegoaldean, liberalismoaren aldeko lan batzuk euskaratuak izan ziren, horretarako Larramendiren hiztegia baliatuz. Baina behin iraultza bukatuta, hizkuntzen aldeko aurpegi anitz hori aldatu eta frantsesa ez ziren gainerako hizkuntzak iraultzaren kontrakotzat izendatu ziren.

    XVIII. eta XIX. mendeetan, Espainian hizkuntzekiko joera zentralistak aurrera egin zuen, erakundeetan euskararen erabilpenari mugak jarriz: euskara bizitza publikotik desagerraraztea zen helburua. Bazterketa horrek eta Foruen galerak, euskaldunengan gure hizkuntzarekiko kontzientzia sortzea ekarri zuen, bere aldeko errebindikazio mugimendu bat sortuz, gutxi gora behera, Katalunian gertatzen ari zen bezala. Izpiritu euskaltzaleek eta abertzaleak hizkuntzan identifikatu zuten herriaren ezaugarria eta hainbat pauso eman ziren, Diputazioek euskal eskualdeetarako notarioek euskara menperatu behar izatea erabaki zuten, Euskaltzaindia sortu edo euskarazko unibertsitatea sortzeko ahaleginak.
    Urrats horiek indartzen joatearekin, testu asko sortu eta euskaratu zen Errepublika garaian, eta autonomia estatutua lortzeko prozesuan, Eusko Ikaskuntzak 1931. urtean aurkeztutako autonomia proiektuan, euskararen ofizialtasuna ezartzen zen gaztelaniarekin batera. Nahiz eta proiektu horrek aurrera ez egin, dagoeneko gerra hasita zegoenean, 1936an, beste proiektu bat onartu eta urriaren 1ean Euskal Herriko Autonomia Estatutua onetsi zen. Euskadiko Agintaritzaren Egunerokoa sortu eta bertan argitaratu ziren Jaurlaritzaren, Bizkaiko Diputazioaren eta udalen arauak eta beste erakunde batzuen iragarkiak. Gerratea amaitzerakoan, frankistek lan guzti hori deuseztatu eta euskara zein euskal kultura debekatu zituzten.

    Gaur egun, euskararen estatus juridikoa Ipar eta Hego Euskal Herriko banaketa politikoak baldintzatuta dago. Ipar Euskal Herrian, Frantziak hizkuntzekiko mantentzen duen jarrera zentralista dela eta, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, babes legala izango duen bakarra, horrek egunerokotasunean biztanle euskaldunei dakarzkien arazo guztiekin (euskaraz lan egiteko aukera gutxi, euskaraz ikasteko hezkuntza pribatura jo beharra). Hego Euskal Herrian ordea, 1978ko Konstituzioak ezartzen du gaztelania hizkuntza ofiziala izango dela, eta beraz, espainiar guztiek ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dutela, baina autonomia bakoitzeko Estatutuak ofizialtasuna eman diezaiokeela bere hizkuntzari, horregatik Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan, euskara gaztelaniarekin batera ofiziala da, Nafar Foru Komunitatea hiru eremutan (euskalduna, mistoa eta erdalduna) banatuta dagoen artean, eta eremu hauetan euskararen arauketa guztiz ezberdina da euren artean

    Lurralde hauetan euskararen erabilpena sustatzeko hainbat ekimen burutu izan dira. Arlo juridikoari dagokionez, ofizialtasunak normalizazio prozesua ahalbidetu du, oraindik lan asko egiteke dagoen arren. EHU-ko Zuzenbide fakultatea izan zen lehenengoa irakaskuntza programetan euskara sartzen; ondoren, UZEI-k Zuzenbide hiztegia argitaratu zuen; eta, Deustuko Unibertsitatea hasi zen ondoren programa euskaratzen. Hezkuntzatik kanpo ere, hainbat jurista euskaldun ari dira euskarak profesional munduan duen papera zabaltzen. Bestalde, euskara juridikoak estandarizatu gabe jarraitzen du, eta horrek lana zaildu egiten du ezinbestean, Hori dela eta, lan asko da oraindik benetako normalkuntza lortu aurretik geratzen dena.

  23. Irati Sienra Zengotita-Bengoa
    2010(e)ko abenduaren 10a 15:24(e)tan | #23


    EUSKARA JURIDIKOAREN MUGARRI HISTORIKOAK
    ___________________________________________________________


    1.1. Erdi Aroa

    Euskara inperio garaiko erromanizazioa gainditu zuen hizkuntzetako bat izan bazen ere, XII. mendera arte euskal lurraldeetan idatzitako hizkuntza bakarra latina izan zen. Bestalde, garaiko Elizak eta administrazioek erromantzearen alde egin zuten, herriak euskaraz bizitzen jarraitzea oztopatu gabe. Izan ere, Nafarroako Erresuman erromantzea hizkuntza ofizial eta idatzi bezala egitearen aldeko faktore linguistiko zein estralinguistikoak ematen ziren: lehenengoen artean, latinaren presentzia daukagu, euskararentzat hitz eta sintaxi iturri garrantzitsua; eta bigarrenen artean, faktore soziologiko eta politikoak dauzkagu, batzuk aipatzearren, erromantzearen presentzia Nafarroako erresumaren lurralde zabal eta aberatsenean, latinezko liturjia hedatzea, Erresumako eskualderik erromanizatuetatik etortzea Gortea eta dinastia… Horrek ez du esan nahi euskara hedaturik eta erroturik ez zegoenik, idazkietan erdara erabiltzen zela baizik. Hori islatzen dute Donemiliaga Kukulako monastegian X. mendean erdarazko testu batean idatzi ziren lehenengo hitzek, baita nafar handikiek gaztelaniazko testuak baliatu arren erakusten zuten euskararen nafartasunaren kontzientziak ere (Antso VI Jakitunak “lingua navarrorum” deitu zuen).

    Garai hartako hizkuntza juridikoari dagokionez, XIII. eta XVII. mendeen artean Foruak eta gainerako testu juridikoak erromantzez eta gaztelaniaz jaso ziren Hego Euskal Herrian, eta gaskoieraz Ipar Euskal Herrian. Beraz, nahiz eta erdara izan hizkuntza ofiziala eta goi maila eta noblezian erabiltzen zena, euskara zen herri xeheak bere egunerokotasunean erabili eta ulertzen zuena.


    1.2. Aro Modernoa

    Aro Modernoan espainiar Koroa bere eraginpeko eremuetan hizkuntza batasuna lortzeko ahaleginetan hasi zen, agiri eta erakunde publikoetan erromantzea erabiltzeko agindua ezarriz eta Planta Berriko Dekretua (1760) bezalako arauen bitartez lurraldeen berezko egitura politikoak deuseztatuz. Horrek eta Nafarroako Erresumaren desegiteak ez zion mesederik egin euskararen garapenari. Ipar Euskal Herrian antzeko egoera eman zen Ehun Urteko Gerraren ondoren zentralismo monarkikoak frantsesa gailentzea bultzatu zuenean, nahiz eta euskara baino, horrek gaskoiera kaltetu.

    Hala ere, ezin dugu ahaztu noblezia eta goi mailak hizkuntza arrotzetan mintzatu arren, herriak menperatzen zuena euskaraz zela, eta, beraz, zuzenbidean bi hizkera desberdindu behar ditugu: ahozkoa (euskara) eta idatzia (frantsesa edo erromantzea). Dena dela, bakoitzaren erabilera aldatu egiten den erakundearen arabera: udal administrazioetan, esaterako, erregeak aginte gutxiago izatean, euskaraz hitz egiten zen, nahiz eta gero aktak gaztelaniaz jaso; herrialdeko erakundeetan, ordean, esku hartze zuzenagoa zuen korregidore edo erregeordearen bidez, eta instituzio horietan euskara alboratu egiten zen.

    Gaztelaniaz idazteko obligazioa gorabehera, euskararen erabilera herrian errotuta egoteak zenbait arazo eragin zituen, zeinen berri ematen duten zenbait testu iritsi zaigun, auzi penaletan lekukoek gaztelania ez jakiteagatik euskara erabili ahal izatearen lekukotza ematen dutenak, besteak beste. Ezkontza bezalako egintza zibilak ere euskaraz egin ohi ziren.Badaude eskribauen hainbat dokumentu, halaber, euskarazko hitzak agertzen direnak.


    1.3. Aro Garaikidea

    Aro garaikideari hasiera eman zion Frantziako Iraultzak, bere ideia ilustratuak herriari zabaltzeko euskara eta beste hizkuntza “gutxitu” batzuk erabili zituen arren, baztertu egin zituen gero, frantsesa eremu osoan hizkuntza ofizial bakar ezarriz. Hegoaldean ere, espainiar Koroan bere elebakartze nahiari eutsi zion, baina Foruen galerak ekarri zuen mugimendu abertzaleak euskararekiko kontzientzia areagotu eta Diputazioak berau sustatzeko ekimenak abiatu zituzten. Mugimendua indartzen joan zen eta, horrela, Errepublika garaiko estatutuan lehenengo aldiz ofizialtasuna eskuratu zuen gaztelaniarekin batera eta “Euzkadiko Agintaritzaren Eguneroko” elebiduna argitaratu zen.

    Zoritxarrez, gerra galtzeak eta gerraosteko frankismoak egindako lanaren ezabaketa ekarri zuten errepresioaren bidez. Orduko euskarazko sorkuntza bakarra erbestean idatzitako artikuluak izan ziren.

    Egun, Ipar Euskal Herriko zatiketa politikoa eta Frantziakoa ez datoz bat, hiru lurraldeak Akitania barruko Pyrénées-Atlantiques departamentuan dauden heinean. Bertako Konstituzioak frantsesa bakarrik hartzen du aintzakotzat hizkuntza ofizial legez eta gainerakoek ez dute inongo babesik. Nazioarteko erakundeek behin baino gehiagotan kritikatu dute hizkuntza eskubideekiko bere jarrera zapaltzailea.

    Hego Euskal Herrian, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoa, non euskara gaztelaniarekin batera ofiziala den, eta Nafarroako Foru komunitatea, non eskubide desberdinak dauden hiru hizkuntza eremu (euskalduna, mistoa eta erdalduna) bereizten dira. Espainiar Konstituzioan gaztelaniaren ofizialtasunarekin batera, Autonomia Erkidegoek izan ditzaketen hizkuntzen ofizialtasuna aurreikusten da. Horrela, EAEko Autonomi Estatutuak euskararen ofizialtasuna aldarrikatu eta Eusko Jaurlaritzari eskumen zabalak esleitzen dizkio 6. artikuluan. Xedapen hori Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko 10/1982 Legeak sakontzen du, botere publikoei euskararen sustapenean konpromisoak ezarriz eta euskal herritarrei hizkuntza eskubideak aitortuz.

    Ondorioz, Justiziaren Administrazioa ere euskaraz jasotzeko oinarrizko eskubidea dugu herritarrok, baina argi dago hori ez dela errealitatean ematen den egoera, gaztelania baita zuzenbidean gailentzen den hizkuntza, euskarak ia lekurik ez duelarik. Hala ere, ugariak izan dira egoera eraldatzeko saiakerak UZEI, Deustuko Unibertsitatea zein EHU, UEU eta partikular desberdinen aldetik.

    ___________________________________________________________

  24. JOSEBA ANDONI EZEIZA RAMOS
    2009(e)ko abenduaren 9a 09:57(e)tan | #24


    Lau jurista euskaldun BIDEGILEAK bilduman
    ___________________________________________________________

    BIDEGILEAK bildumak lau jurista euskalduni egin die toki: Nazario de Oleaga, Hipolito Larrakoetxea, Jesus Maria Leizaola eta Bonifazio Etxegaraik. Laurek izan zuten, banan-banan, zer erakutsi eta zer eskaini ugari XX. mendeko euskalgintzan.

    BIDEGILEAK bildumak euskararen alde aritutako norbanakoak, etxekoak zein kanpokoak, ditu aztergai. Aztertu ez ezik, omendu ere egin nahi ditu, gaurko zein bihar-etziko belaunaldiek gu baino lehen aritu izan diren andre-gizon saiatu horien berri izan dezaten.

    Izan ere, Andres Urrutiak lau biografia hauen aurkezpenean zioen moduan, hizpide hartu nahi izan ditugun lau jurista hauen izenak esanguratsuak izan arren, nekez erdietsiko genuke horien oihartzuna gaurko euskaltzale askoren artean. Beraz, aukera paregabea eskaintzen digu BIDEGILEAK bildumak haien berri izateko.

    Hogeita lau orriren bueltan dabiltzan biografia-lan hauek eskema jakin baten arabera atondu dira:

    a) Haurtzaroa eta prestakuntza-garaia.
    b) Urratutako bideak eta ekintzak zein idazkiak.
    c) Egindako lanaren balorazioa.

    Argazkiz eta irudiz ondo hornituta dator testuak, eta irakurtzen atseginak dira guztiak.

    ___________________________________________________________

  25. jsb
    2009(e)ko azaroaren 11a 15:31(e)tan | #25


    BESTE TESTU HISTORIKO BATZUK SAREAN

    ___________________________________________________________

    Klasikoen Gordailua izeneko interneteko baliabidean administrazioko eta zuzenbideko hainbat testu historiko daude digitalizatuta XIV. mendetik hasita XX. medera arte.

    Bertan daude XIV. mendeko Nafarroako Foruan azaltzen diren euskarazko hitz eta esaldiak, XVI. mendeko hainbat ezkontza-fede eta notario-idazkietakoak, XVIII. mendeko Frantziako dekretu bat herrietako kargudunez, XIX. mendeko bandoak, XX. mendearen hasierko lege-testuak, eta abar.

    Helbide honetan eskura daitezke:
    + http://klasikoak.armiarma.com/zaharrak.htm
    ___________________________________________________________

  26. Garalex
    2009(e)ko azaroaren 9a 13:03(e)tan | #26


    LEGERIA EUSKARAZ: Testu historikoak

    ___________________________________________________________

    HAEE/IVAP-en web atarian jasota daude hainbat lege-testu historiko:

     1839ko urriaren 25eko Legea, Euskal probintzien eta Nafarroaren foruak berresten dituena

     1841ko abuztuaren 16ko Lege hitzartua

     1876ko uztailaren 21eko Legea

     Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra (aurreproiektua) (1931)

     Euzkadiren Berjabetasun Araudia (1936)

    Bestalde, Euskadi.net orrialdean, 1936 eta 1937 urteetan euskaraz zein gaztelaniaz argitaratutako Euzkadi´ko Agitaritzaren Egunerokoa irakur liteke, 1978tik gaur egun arte argitaratu diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren beste ale guztiekin batera.

    1936 eta 1937 urteetako Egunerokoen hiztegia liburu batean dago jasota. Hona hemen izenburua:

    Hiztegia : Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoa : (1936ko urritik 1937ko ekainera).

  27. Garalex
    2009(e)ko azaroaren 9a 12:49(e)tan | #27

    EUSKAL HIZKERA JURIDIKOA TESTUETAN

    Antton Elosegi irakasleak oso ekarpen baliotsuak egin dizkio Euskara Juridikoaren historiari. Bera da orain artean gai honen inguruan egin den doktore-tesi bakarraren egilea. Tesi argia eta jakingarria da Anttonena, euskarazko terminologia juridikoaren iturriak eta funtsak modu zientifikoan ikertzen dituena.

    Lan horren parte batean euskarak zuzenbideko testuetan izan duen tokia aztertzen du. Azterketa hori ikuspegi historikotik egiten du, garai bakoitzean euskarak justiziaren eta zuzenbidearen alorrean izan duen estatusa azpimarratuz.Azterketa hori guztia bere tesi-lanaren IV. kapituluan dago jasota, 183 eta 244 orrialdeen artean.

    Interesa baduzue, sarean bertan aurkituko duzue Elosegi irakaslearen lana: http://hal.archives-ouvertes.fr/docs/00/10/32/84/PDF/Testu.pdf

  28. Garalex
    2009(e)ko urriaren 26a 12:53(e)tan | #28

    EUSKARAREN OFIZIALTASUNA: zenbait aurrekari historiko

    Euskaltzaindiaren 2007. urteko JAGON jardunaldietan Joseba Intxaustik oso ponentzia interesgarria aurkeztu zuen euskararen ofizialtasunaren aurrekari historikoei buruz.

    Zentzu zabalean ulertuta, hizkuntzek bi ofizialtasun mota izan ditzakete: a) legezkotasun osoz aitortua; eta b) halakorik ezagutu gabe ere praktikan gertatzen dena.

    Dakigunez, XX. mendera arte (Euskadi 1936; Euskadi 1979, Nafarroa 1982) euskarari ez zaio inoiz legezko ofizialtasun funtzioanitza aitortu. Baina, Intxaustik artikulu honetan erakusten duenez, euskara mintzatu eta idatziak nolabaiteko izaera ofiziala izan du aurretik ere hainbat garai historikotan.

    Hori frogatzeko zortzi abagune historiko aztertzen ditu egileak lan honetan:

    1. XIII. mendea
    2. Ernazimentua, Erreformak
    3. XVII.eko zenbait gertakari
    4. Euskal Herriaren Adiskideak
    5. Frantziako Iraultza eta ondokoak
    6. Karlismoaren eskea
    7. Eusko Pizkundea
    8. Frankismoko parentesia

    Ofizialtasunaren hau gai zabala da, eta, Intxaustik ondo dioen moduan, ikerlan arretatsua beharko luke iraupen luzeko historian lekututa, botere, politika, gizarte eta mentalitateen bidegurutzetik begiratuta. Bidegurutze horretara eramaten gaitu lan honek, eta bidegurutze horretan lekutzen ditu artikuluan eskaintzen dituen datu eta gogoeta ezin interesgarriagoak.

    Artikulu osoa: http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/71479.pdf

  1. Momentuz aipurik ez.