Euskararen biziberritzea

2014(e)ko urtarrilaren 30a

 

Botere Judizialaren Lege Organikoak berme osoa ematen dio euskararen erabilerari Justizia Administrazioarekin eta Auzitegiekin zerikusia duten izapide eta prozesuetan. Izan ere, honela dio 231. artikuluak:

Epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta epaitegietako eta auzitegietako gainerako funtzionarioek autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ere erabili ahal izango dute, baldin eta alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, hizkuntza hori ez dakiela alegatuz, modu horretan defentsa-gabezia sor dakiokeenean.

Alderdiek, alderdien ordezkariek, alderdien zuzendaritzan dihardutenek, lekukoek eta adituek jardun judizialak izango diren lurraldeko autonomia-erkidegoan koofiziala den hizkuntza erabili ahal izango dute, bai ahozko adierazpenetan baita idatzizkoetan ere.

Autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean gauzatutako jardun judizialek eta aurkeztutako agiriek erabateko baliozkotasuna eta eraginkortasuna izango dute, gaztelaniara itzuli beharrik gabe.

Hala ere, ondo dakigunez, oraindik oso mugatuak dira Justizia Administrazioaren bulegoetan eta auzitegietan euskara erabiltzeko aukerak. Egoera hori normalizatzeko hainbat ekimen proposatu eta garatu dira azken urteotan. Eta, apurka-apurka bada ere, ereindako hazia hasi da tarteka fruitu batzuk ematen. Hainbat artikulu eta lanetan jaso dira orain arte egindako ibilbidearen kronikaren argi-ilunak. Hona hemen sarean eskura daudenen artean, argigarri gerta daitezkeen batzuk zerrendatuta:

 

Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasleek hainbat gogoeta egin dituzte euskarak une honetan Administrazioan eta Justizian duen egoeraren inguruan. Hona hemen gogoeta horien emaitza batzuk.

 

 

 

 

 

  1. Josebe Zarautz
    2014(e)ko urtarrilaren 22a 14:49(e)tan | #1


    Euskara Administrazioan

    ___________________________________________________________

    Euskal Autonomia Erkidegoan euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera. Baina duela gutxira arte euskadunek ezin zuten administrazioarekin euskara hutsean aritu. Alabaina, azken urteotan aurrerapauso nabarmenak eman dira euskararen normalizazio-prozesuan eta, pixkanaka-pixkanaka, euskara hedatzen joan da Administrazioan, Zuzenbidean zein Kriminologiaren alorrean .

    Era berean, azken 20 urteotan, 22 puntu handitu da administrazioan euskaraz lan egiteko gai diren pertsonen kopurua, hau da, langile erdiak baino gehiagok hitz egiten du euskaraz eta, horietatik %82,5ek euskararen profila du. Herritar euskaldunek egunerokotasunean euskara barra-barra erabili arren, administraziora jotzen dutenean gaztelera erabiltzen dute gehienetan. Datuek diotenez, hirutik bakar batek betetzen ditu agiriak euskaraz.

    Bestalde, euskararen kalitate mailak garapen nabarmena izan du Administrazioan, Zuzenbidean eta Kriminologian, izan ere, euskararen corpusa emankorra da arlo horietan. Hala ere, denetan ez du garapen-maila berdina izan. Administrazioan eta legegintzan bilakaera emankorra izan du; epaitegietan eta auzitegietan oraindik gauza asko dago egiteke; baita enpresaren eremuan ere; Kriminologian eta herrizaingoan du euskarak erronkarik handiena.

    Dena dela, aipatzekoak dira justiziaren arloan euskararen normalizazioaren alde martxan jarri diren ekimenak, Auzia Euskaraz eta Epaibi esaterako. Auzia Euskaraz ekimenaren helburua hauxe da: epaitegietako eta auzitegietako prozesuak, bere osotasunean, euskara hutsean egin ahal izatea; hau da, abokatuak demanda tarteratzen duenetik erabaki judiziala ematen duen arte. Horrek prozesuan parte hartzen duten guztiek (epaileak, abokatuak, fiskaltzak, idazkari judizialak….) euskaraz egiteko gai izatea eskatzen du. Horrela ezean, itzultzaile edo interpretatzaile baten zerbitzua beharko lirateke.

    Tresnak eta baliabideak jarrita daude dagoeneko alor gehienetan. Orain denon aldetik borondatea behar da baliabide horiek erabili eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Izan ere, garbi dago oraindik ere gaztelania nagusi dela administrazioarekiko harremanetan. Urrats garrantzitsuak eman dira, baina oraindik asko dago egiteko.

  2. E. Arruti, L. Gurrutxaga, J. Zarautz eta M. Belloso
    2014(e)ko urtarrilaren 10a 17:11(e)tan | #2


    Oraindik ere bide luzea aurretik

    ___________________________________________________________

    1979ko abenduaren 18an onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua, zeinak euskara hizkuntza ofizialtzat aitortu baitzuen. Urte batzuk geroago, 1982an hain zuzen ere, euskararen erabilera arautzen duen legea eman zen argitara. Lege horrek herritarren hizkuntza eskubideak zerrendatzen ditu. 1989ko uztailaren 6an, berriz, Euskal Funtzio Publikoari buruzko legea eman zen, eta horren bidez, langile publikoek egiaztatu beharreko hizkuntza eskakizunak zehaztu ziren.

    Ildo horretatik, 90.eko hamarkadaren amaieran EAEko Administrazio Publikoaren euskararen normalkuntza prozesua arautu eta aurrez aipatutako bi legeak garatzen zituen 86/1997 dekretua atera zen. Lege honetan administrazioaren eta herritarren arteko harremanean euskaldunok ditugun eskubideak bermatzeko beharrezko diren neurriak zehaztu ziren.

    Harrezkero, hainbat ekimen burutu dira euskararen erabilera administrazioan normalizatzeko bidean Bide horretan egindako lanaren erakusgarri dira alde batetik, hizkuntz eskakizunen galdakizuna eta, bestetik, administrazioan ezarritako normalizazio- eta erabilera-planak.

    Izan ere, 1989ko legeaz geroztik administrazioko lanpostuek hizkuntza eskakizun zehatz bat atxikita dute, lurraldearen egoera soziolinguistikoaren arabera eta erakundeak dituen zereginen arabera finkatua. Alabaina, legeak ez zien eragin aurretik jada administrazioan ari zirenei.

    Bestalde, 1998tik aurrera euskararen ezagutza baino areago, euskararen erabilera bultzatzen hastea erabaki zen. Horretarako, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu, eta 2012. urtera bitartean garatu zen. Plan honen helburuei dagokienez, hiru nabarmen litezke:
    1. Euskararen transmisioa etenik ez izatea
    2. Euskararen erabilera gizarteko arlo orotara hedatzea
    3. Euskararen corpusa landu eta aberastea

    Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Elebide zerbitzua sortu zuen herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Berme hori eskaintzeko eskubideen betetze-maila begiratu eta herritarrei zuzendutako ekimenak proposatu ditu ELEBIDEk, betiere, hizkuntzen inguruan herritarrek helarazitako kexak abiapuntu.

    Guztiari esker, euskarak hainbat lorpen izan ditu azken urteotan:
    – Euskarak Europan babes berezia lortu du, Europako Kontseiluaren Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunean (1992/11/5).
    – EAEn eta Nafarroako eremu batzuetan, legez, bermatuta dago euskara Administrazioarekiko harremanetan erabiltzeko eskubidea, nahiz eta praktikan askotan ez den posible.
    – Zenbait euskal lurraldetan euskarak ez du estatus ofiziala.
    – Enplegu Publikoko Eskaintza askotan euskara jakitea oraindik meritu gisa kontuan hartzen da, ez ordea betebeharra bezala. Ez da derrigorrezkoa euskal hiztuna izatea administrazioan lan egiteko.
    – Askotan, administrazioko langileek ez dute menperatzen erregistro administratibo juridikoa.
    – Administrazioan eta Zuzenbidean euskarak ez dauka oraindik erabateko garapena eta estaldura.

  3. D. Martin, L. Perez eta A. Barañano
    2014(e)ko urtarrilaren 10a 17:01(e)tan | #3


    Baliabideak euskaraz? Non?

    ___________________________________________________________

    Epaitegietan eta auzitegietan euskaraz egiteko eskubidea dugu. Beraz, ezinbestekoa da zuzenbidearen alorreko baliabide guztiak egoera onean izatea, hau da, dena eguneratua izatea. Hori dela eta, nola erabili behar diren jakitea ezinbestekoa da.

    Jarraian, zuzenbidearen arloan euskaraz ditugun baliabide batzuk zertarako balio duten eta non aurki ditzakegun azalduko dugu.

    Lehenik eta behin, lege-testuekin hasiko gara. Lege-testu orokorrak, autonomikoak (EAE eta Nafarroa), foralak (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia) zein udaletakoak euskaraz aurki dezakegu interneten eskuragarri dauden hainbat web-gunetara joz gero. Eskuliburuei buruz, UPV/EHUk eta Deustuko Unibertsitateak osatuenak eta aurkitzeko errazenak argitaratu dituzte.
    Inprimakien aldetik, justizia.net webgunean abokatuentzako inprimakiak aurki ditzakegu. Inprimaki hauek laguntza ezin hobea eskaintzen dute, inprimaki mota asko leku bereanbiltzen dituztelako. Hiztegiak behar baditugu, aukera asko ditugu, horien artean, Euskalterm, Oinarrizko Hiztegi Juridikoa edota Glosategi Juridikoa. Corpusen eta Itzulpen-memorien aldetik, lehen bezala, baliabide ugari ditugu. Esate baterako Zuzenbide Corpusa, lmemoriak eta Bizimena itzulpen-memoriak. Estilo-liburuak bilatzen baditugu, Eusko-Legebiltzarraren estilo-liburua daukagu. Amaitzeko, Hizkuntza-prestakuntzarako materialak ere baditugu. Adibidez, Zuzenbidean (HABE).

    Ikusi dugunez, hainbat baliabide ditugu zuzenbidearen alorrean, beste arlotan gertatzen ez den bezala. Dena den, ez gara honekin konformatzen eta baliabide gehiago eta, batez ere, kalitatezkoak behar ditugu. Esate baterako, batzuetan oso korapilatsua da bilatzen ari zaren informazio topatzea. Beste aldetik, corpus gehiago eta txantiloi eguneratuak egitea beharrezkoa da.

    Dena den, Zuzenbidearen alorrean euskaraz ditugun baliabideak kontuan izatekoak dira. Hobetu ahal da, noski, baina beste arloekin konparatua pribilegiatuak gara.

  4. D. Martin, L. Perez eta A. Barañano
    2014(e)ko urtarrilaren 10a 16:59(e)tan | #4


    Euskara juridiko administratiboaren eragileak

    ___________________________________________________________

    Gaur egun, administrazio eta arlo juridikoan euskara hizkuntza bultzatzen dituzten hainbat eragileen laguntza dago; gero eta baliabide gehiago ezagutzeko aukera sortatzen digulako internet-ek.

    Badaude hainbat erakunde horretaz arduratzen direnak, horien artean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Euskal Herriko Unibertsitatea edo Deustuko Unibertsitatea, besteak beste. Azken bietatik kontuan hartu behar duguna zera da, zuzenbide fakultatearen laguntzak errazten eta arintzen duela euren lana. Zerrendatutakoak eragile nagusien artean koka ditzakegu.

    Bestetik, eragileez aparte, zerbitzu garrantzitsu asko daude. Artez, adibidez, euskara lan edota zerbitzu-hizkuntza izateko beharrezkoa den aholkularitzaz, prestakuntzaz eta baita laguntzan oinarritutako zereginez arduratzen da. Ildo beretik, Emun, berrikuntza sozialean apustua egiten du.

    Euskara hizkuntza garatzeko tresna gehienak azken hamarkadetan sortu dira edo indarra hartu dute; zeren eta, Euskal Herriko biztanleria kontzientziatu da hizkuntza zabaltzea eta erabiltzea beharrezkoa dela hau galdu ez dadin. Horregatik, eragile guztien helburu nagusia euskararen egoera normalizatzea da. Beraz, ez dugu ahaztu behar, euren laguntza barik, askoz zailagoa izango dela administrazioan eta arlo juridikoan aurrerapausoak ikustea.

  5. E. Arruti, L. Gurrutxaga, J. Zarautz eta M. Belloso
    2014(e)ko urtarrilaren 10a 16:49(e)tan | #5


    Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko bidean

    ___________________________________________________________

    Ezin uka daiteke epaitegien eta abokatuen mundua oso eremu erdalduna izan dela beti, baina, euskararen biziberritze-prozesuak aurrera egin ahala, eremu honetan ere bere esparrua ari da lortzen euskara. Honela, gaur egun gero eta ohikoagoa da Justizia Administrazioarekiko harremanetan herritarrak gaztelaniarekin batera euskaraz aritzeko aukera ere izatea. Lorpen hau lan saiatsuaren emaitza da eta horren eragile nagusiena EpaiBI lantaldea izan da.

    Lantalde honen eginkizuna epaitegietan euskararen erabilera normalizatzea da, eta hauek dira, hain zuzen, bere xede nagusiak: euskarari garrantzi handiagoa ematea eta herritarrekiko zein eguneroko lanetan euskara erabiltzeko aukerak eta baliabideak ahalbidetzea.

    Horretarako, euskarazko zerbitzuen eskaintza zabaltzen saiatzen dira, eta, horren bidez, herritarrek zein profesionalek euskara maizago erabiltzea espero dute. Honela, langileek euskara erabiltzeko duten inplikazio maila handitu eta epaileen, fiskalen eta idazkari judizialen artean euskararen normalizazioa ematea lortu nahi dute. Era berean, garrantzitsutzat jotzen da abokatuen elkargoetako kideak sentsibilizatzea, ere.

    Aipatutako guztia lortzeko, lantalde honek badaki beharrezkoa dela esparru ugaritan lan egitea eta beraz, esparru edo alor desberdineko pertsonek osatzen dute EpaiBi: normalkuntzaren alorreko pertsonal teknikoak, dinamizazioaren eta hizkuntza-prestakuntzaren alorrekoak, itzulpengintzaren alorrekoak eta informatikaren alorrekoak.
    L
    antaldea anitza izanik, anitzak dira euren proiektuak ere. Baina, beti arreta berezia jartzen da honako bi esparru hauetan: euskararen erabilera indartzean eta haren ezagutza zabaltzean.

    Euskararen erabilera indartzeko ahaleginean, EpaiBI-k bulego judizialetan eta bake epaitegietan dokumentu elebidunak egin daitezen sustatu nahi du. Horretarako, langileentzat laguntza-tresnak garatzen dituzte zalantzen aurrean euskarri sendoa izan dezaten. Bestetik, Justizia arloan erabiltzen diren aplikazio informatikoak ere euskaraz jarri nahi dira; bai langileek erabiltzen duten kudeaketa prozesaleko aplikazioa (JustiziaBat eta Epainet) bai herritarrek kontsultatzen duten ataria (JustiziaNET). Amaitzeko, euskarak presentzia handiagoa izan dezan, lantalde honek errotulazioak ere elebidunak izatea nahi du.

    Euskararen ezagutza zabaltzeko ahaleginean, berriz, hiru eremutan egiten dan lan: batetik, lanpostuetan hizkuntza-eskakizunak ezartzen dira langileek horiek lortu ditzaten; bestetik, alfabetatze eta euskalduntze ikastaroak antolatzen dira epaitegi zein euskaltegietan; eta, azkenik, egun informatikak eskaintzen dizkigun abantailak baliatuz, hizkuntzaren inguruko onlineko ikastaroak antolatzen dira.

  6. Alba Beaumont, Ainhoa Usandizaga eta Erika Astibia
    2014(e)ko urtarrilaren 3a 14:52(e)tan | #6


    Auzitegietan ere euskaraz zergatik ez?

    ___________________________________________________________

    “Auzitegietan euskara erabiltzerik ba al dago?” Zenbatetan entzun dugu zalantza hau? Botere Judizialaren Lege Organikoak berme osoa ematen dio euskararen erabilerari Justizia Administrazioarekin eta Auzitegiekin zerikusia duten izapide eta prozeduretan. Berme hau oinarritzat hartuta, azken hamarkadatan euskara juridikoak bizi izan duen susperraldia itzela izan da. Hainbat erakunde, itzultzaile eta hizkuntzalarik gogor egin dute lan auzitegietan euskara normaltasunez erabil dadin.

    Ahalegin hau emankorra izan da eta euskara juridiko eta administrazioko euskararen garapenean geratu da agerian. Dagoeneko, corpus zabala osatu da, bai eta Zuzenbidearen alorrerako kontsulta-baliabideak eraiki ere. Izan ere, auzitegietan euskara erabili ahal izateak profesionalek euskara juridikoa bikainki menperatzea eskatzen du eta horretan laguntzeko errekurtso ugari jarri dira abian.

    Egun, profesional horiek eratutako Corpusak nahiz kontsulta baliabideak dauzkagu sarean eskuragarri. Baliabide horiek Zuzenbidearen eta Administrazioaren alorreko profesionalentzat hizkuntza-irizpideak eta zalantzak argitzeko tresnak dira. Aitzitik, jasotzen duten informazio kopuru handia dela eta ezinbestekoa da baliabide bakoitzak zer eskaintzen duen eta zertarako eta nola erabil litekeen ezagutzea.

    Azken hamarkadetan, profesional ugariren ahalegin jarraituaren ondorioz euskarak nabarmen suspertu da auzitegi nahiz administrazioaren esparruan. Emandako aurrerapausoa nabarmena bada ere, oraindik bide luzea dago aurretik; pauso asko emateke, alegia. Oraindik ere egun, zaila suertatzen da zenbait dokumentu ele bietan eskuratzea, eta zer esanik ez euskara soilean. Euskara batez ere itzulpen lanaren bitartez ari da bere bidea eraikitzen justiziaren arloan eta kalitatearen bermea funtsezkoa da garapena behar bezalakoa izan dadin.

    Horri guztiari esker, euskarak irabazi du justizian dagokion tokiaren zati bat, eta legeria eta baliabideak alde ditu. Hala ere, oraindik ez du erabateko autonomiarik esparru horretan. Espero dezagun Epaibi zerbitzuak abian jarritako Auzia Euskaraz ekimenak horretarako bidea egitea, eta luze gabe euskara normaltasunez erabiltzen hastea, behintzat, zenbait prozedura eta auzitegitan.

  7. Alba Beaumont, Ainhoa Usandizaga eta Erika Astibia
    2014(e)ko urtarrilaren 3a 13:14(e)tan | #7


    Justizia Administrazioan euskarari arnasa emateko prest?

    ___________________________________________________________

    Urratsez urrats, aurrerapauso handiak eman dira Justizia Administrazioan euskarari toki egiteko, eta jada martxan dauden ekimenekin, aurrerapauso handiagoak emango direla aurreikusten da. Eman diren pausoak Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, EPAIBI zerbitzuak, “Auzia Euskaraz” ekimenak eta beste hainbat ekintzailek burutu duten eta burutuko duten lanari esker eman dira eta emango dira. Emandako urrats hauek helburu jakin bat dute: herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea. Horren guztiaren harira, ondorengo galderak egiten dizkiot neure buruari: Nor dabil helburu hau lortzeko lanean? Zer-nolako konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak ildo horretan?

    Lehenengo galderari dagokionez, Justizia Sailaren EPAIBI euskalduntze-zerbitzua eta zerbitzu honek abian jarritako Auzia Euskaraz ekimena dira aipatzekoak. “Auzia Euskaraz” ekimenak justizia-arloan normalizazio bultzatzea du helburu nagusia. Proiektu honen bidez, prozedura judizialak euskaraz erabat izapidetu ahal izatea lortu nahi da. Helburua lortzeko, prozedura judizialean diharduten operadore judizial guztiekin (epaileak, abokatuak, fiskalak…) lantaldeak sortuko dira. Modu honetan, talde bakoitzean, programa aurrera eramateko beharrak antzemango dira, garatu edo egokitu beharreko tresnak aztertuko dira eta dokumentu-ereduak edota legeak eguneratuko dira. Ekimenaren lan-ildoak honakoak dira:

    – Ele bietan sortzen diren agirien kopurua handiagoa izan dadin lan egiten dute.
    – Prestakuntza (formazioa) eskaintzen diete epaitegietako langileei ahoz zein idatziz euskara erabili dezaten.
    – Euskaraz lan egiteko laguntza-tresnak garatzen dituzte.

    Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du. Izan ere, orain dela gutxi, Josu Erkorekak, Juan Luis Ibarrak eta Juan Calparsorok “Auzia Euskaraz” ekimena azaldu eta Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizazio prozesuarekin duten konpromisoa plazaratu dute.

    Alabaina, posible izango ahal da Justizia Administrazioan normalizazioa lortzea? Egia da lan itzela egin dela; konpromisoak hartu dira alor ezberdinetan (abokatuak, epaileak, politikariak…) baina azkenengo urratsa ematea falta da: hartutako konpromisoak betetzea, emandako hitzari leiala izatea (leialtasunez jokatzea).

    Beraz, bi pauso handi eman dira: euskara justizian aintzatestea eta euskara auzitegietako

  8. Alba Beaumont, Ainhoa Usandizaga eta Erika Astibia
    2014(e)ko urtarrilaren 3a 12:51(e)tan | #8


    Euskararen egoera herri-administrazioan: lorpenak eta erronkak

    ___________________________________________________________

    Hogeita bost urte pasa dira, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko 10/1982 Oinarrizko Legea onartu zenetik, 1982ko azaroaren 24an, Eusko Legebiltzarrak. Denbora luzea da. Esan daiteke administrazioaren espurrean euskararen legeak ez duela garapen luzerik izan. Horrek ez du esan nahi Herri Administrazioetan euskararen erabilera hedatzeko plangintza lanik egin ez denik. Dena den, planen emaitzak ez dira txarrak izan zenbait erakundetan, hala nola, Foru Aldundiak (Bizkaikoa eta Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritza bera (Osakidetza eta Ertzaintza alde batera utzita) eta udal gehienetan (ingurune erdalduneko zenbait udalerritan salbu).

    Aipatu beharra dago Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen (1989-7-28ko EHAA) helburua Euskal Funtzio Publikoaren eta hori osatzen duten langileen erregimen juridikoa eratzea eta arautzea dela. 2. artikuluan legearen eragin eremua zehazten da eta V. Tituluan, aldiz, hizkuntza normalkuntza arautzen da, 97tik 99rako artikuluetan, hain zuzen ere. Ikus daitekeen bezala, 97.artikuluan euskara eta gaztelera Euskal Administrazio Publikoetako hizkuntza ofizialak direla jasotzen du. Horrez gain, Administrazio Publikoetako zeregin garrantzitsuenetariko bat bi hizkuntzen erabilera bermatzea da, bere barneko zein kanpoko harremanetan. Horrez gain, 86/1997 Dekretuko 1. artikuluak euskara eta gaztelania, biak, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten herri-administrazioetan hizkuntza ofizialak direla jasotzen du.

    Hala eta guztiz ere, herri administrazioaren arloan euskararen erabileraren aldeko araugintza ahaleginak eskasagoak izan dira plangintza saioak baino. Lege xedapenen arloan, herri administrazioen esparruan, euskararen legeak garapen nagusi bakarra izan du 1997ko apirilaren 15eko 86/97 Dekretuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzekoa, hain zuzen ere (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 72. zk., 1997ko apirilaren 17koa). Hala ere, ezin dezakegu ahaztu hezkuntzaren alorrean, osasunaren alorrean, hedabideen alorrean, justiziaren alorrean, kontsumoaren alorrean eta hainbat esparrutan ere egin direla euskararen legearen garapen garrantzitsuak, eta guztiek eragin handia izan dutela euskararen biziberritzean.
    Kontuak kontu, 86/97 Dekretuak garrantzi handiko xehetasunak arautu zituen Euskal Autonomi Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari dagokionez. Jarraian zehazten dira funtsezkoenak.
    – Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko bideak eta baliokidetzak: hau da, zer deialdi eta proba-mota egongo diren eta zein diren erakunde ezberdinek aitortutako gaitasun-agirien arteko baliokidetasunak.
    – Salbuespen egoerak: HEren beharkizunaz salbuetsita dauden egoerak. 86/1997 Dekretuko zazpigarren atalburuak, baliokidetasunak eta salbuespen-arauak jorratzen ditu. Bertan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 97.3 atalean ezarritakoaren arabera, hizkuntz eskakizunen derrigortasun-araudi orokorra bete beharrik izango ez duten langileak daude, euren lanpostuei dagokienez, adibidez: Plangintzaldietako bakoitza hasterakoan 45 urtetik gora dutenek, oinarrizko Batxilerra edo Oinarrizko Heziketa Orokorra gainditu ez duten pertsonak, minusbaliotasun fisiko edo psikologikoak izanik ikasteko eragozpenak edo ezintasunak dituzten pertsonak eta azkenik, hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik ez duten pertsonak.

    Ondorioz, araugintzaren aldetik esan daiteke inork ez duela Euskararen Legea berritzeko proposamenik egin Legebiltzarrean. Izan ere, duela gutxi egindako berrikusketan, ezker abertzaleak lege berri bat garatzeko aldarrikapena egin, egin zuen baina azkenenan ez du inolako lege-proposamenik aurkeztu. Abertzale asko dira euskaraz dakitenak baina euskara era normalean erabiltzeko ahalegina egiten ez dutenak. Dakigunez, gizartearen errealitate soziolinguistikoa konplexua da. Honen ondorioz, zaila da egungo egoeran lege handinahiagoak onartzea.

    Dena den, euskaldun askok gehiago nahi dugu eta gehiago behar dugu. Ez dugu orain arte lortutakoa gutxiesten, inondik inora ere. Duela 30 urte inork ez genuen pentsatuko gaur egun gauzak hain aurreratuta egongo zirenik. Izan ere, gaur egungo egoera 90.ko hamarkadako egoerarekin konparatuz aldea izugarria da. Alabaina, ez dugu zertan horrekin konformatu; ez behintzat, Euskararen Legeak berak aurreikusitakoa bederen betetzen ez den bitartean.

  9. Miren Amaia Belloso
    2014(e)ko urtarrilaren 3a 12:08(e)tan | #9


    Bide erdia egina, baina beste erdia oraindik egiteke

    ___________________________________________________________

    Begirada orain 30 urte atzera botatzen badugu, berehala ohartzen gara euskarak oso egoera ezberdina zuela orduan eta orain. Alegia, ohartzen gara euskarak sekulako aurrerapausoak eman dituela oro har eta, batez ere, administrazioan eta arlo juridikoan. Beraz, euskerak egun duen egoera ikusita, esan genezake batek baina gehiagok egin duela gogor lan. Honako hauek dira eragile horietako batzuk: HAEE-IVAP, IZO, Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutua, UZEI, UPV/EHUren Euskara Juridikoaren Mintegia, Justizia Sailaren Euskara Batzordea eta Eusko Ikaskuntza, bestea beste.

    Esan bezala, lan ikaragarria egin dute eragile horiek euskararen alde, eta horretan dihardute gaur egun oraindik ere. Ahalegin horren beste emaitza batzuen artean ere, baliabide ugari eta desberdinak jarri dituzte herritarren eta alorreko langileen eskura. Beraz, eskertu besterik ez dago euskararen alde lan egin duten guztiagatik.

    Izan ere, geroz eta herritar gehiago dabil euskara ikasten eta, beraz, geroz eta gehiago dira euskaraz dakitenak. Horri esker, euskararen presentzia ere areagotu egin da eremu publikoetan, eta baita zuzenbidearen arloan ere. Azken honetan euskarak inoiz baino presentzia nabarmenagoa dauka gaur egun, eta inoiz baino testu juridiko gehiago eta teknikoki espezializatuagoak ekoizten dira une honetan.

    Antzeman daitekeen modura, asko dira euskararen eremuan (estatusean, erabileran eta corpusean hain zuzen) izan diren lorpenak; hala ere, tamalez, asko dira oraindik lortu gabe daudenak ere. Izan ere, denok ez dugu gogo eta indar bera jartzen euskarak aurrera egin dezan. Ondorioz, oraindik gaztelania da lehen mailako hizkuntza eta euskara bigarren mailakoa, askotan meritu gisa bakarrik hartu eta modu sinbolikoan erabiltzen baita. Horrek euskararen kalitatea galtzea dakar, zalantzarik gabe.

    Kontua da administrazioko langile, abokatu edota epaile askok oso inplikazio txikia dutela, eta ez dutela ahalegin handirik egiten euskararen normalizazioa eman dadin euren esparruetan. Esaterako, zuzenbidea gaztelaniaz ikasi duten jurista euskaldun batzuek ez dute euskarazko terminologia ezagutzen eta ez dute hori ezagutzeko ahalegina ere egiten. Baina, zuzenbidea euskaraz ikasi dutenek, aldiz, gaztelaniazko terminologia ere ezagutu ohi dute eta, noski, erabili beharra ere gertatuko zaie.

    Beraz, eandakoarekin ohartzen gara Administrazioan zein Zuzenbidean euskarak oraindik erabateko garapena eta estaldura izateko asko falta duela eta hortaz, bide luzea dagoela oraindik egiteke. Horrez gain, kontuan izan behar dugu oraindik ezberdintasun handiak daudela Euskal Herriko herrien artean euskararen erabilerari dagokionez, beraz, horretan ere lanean jarraitzeko premia dago, zalantzari gabe.

  10. Olaia B., Ander U., Denis G. eta Irune U.
    2013(e)ko abenduaren 10a 19:35(e)tan | #10


    Euskararen garapena auzitegietan

    ___________________________________________________________

    Azken urteotan hainbat euskarazko baliabide garatu dira auzitegietan euskararen erabilera erraztu eta sustatzeko asmoz, besteak beste, lege-testuak, agiri-ereduak, hiztegiak eta estilo-jarraibideak jasotzen dituzten lanak.

    Lege testuen artean ondorengoak nabarmen ditzakegu: Euskararen Oinarrizko Araudia, Espainiako Konstituzioa, EAEko eta Nafarroako estatututuak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren hainbat atal, Zigor Kodea, Kode Zibila, Erregistro Zibilaren Legea, Prozedura Zibilaren Legea, Adingabeen Legea, Laneko legeria eta Administrazioarekiko Auzien Legea eta abar-.

    Agiri ereduei gagozkielarik, hainbat dokumentu-banku garatu dira:
    EPAINET (Bake epaitegien dokumentuak biltzen dituena), Epaitegietako agirien eredu elebidunen biltegia eta abokatuentzako dokumentuen bilduma, guztiak Justizia Sailak eta UZEIk elkarlanean garatuak.

    Hiztegiaren alorrean, bestalde, nabarmendu behar da epaitegietako lexikoa biltzeko egin den ahalegina. Gainera, lexiko hori itzulpen-memoria batean txertaturik eskaintzen denez, benetako erabileraren erakusgarri diren testuinguru aberatsetan kontsulta liteke.

    Estilo-gaien inguruko lanei gagozkielarik, azkenik, Justizia Sailaren estilo-fitxak aipa litezke. Oso erabilgarriak dira, zalantzarik gabe, baina, agian, oraindik hainbat gai eta kontu jakingarri jasotzen ez dituztenez, nolabaiteko garapena eskertuko lukete.

    Jurisprudentziaz eta kontsulta-baliabideez gain, ezin aipatu gabe utzi profesional euskaldunak prestatzeko dagoen berariazko eskaintza:
    Zuzenbideko eta kriminologiako graduak, Abokatutza Masterra, euskara juridikoko ikastaroak, Auzia Euskaraz ekimena…

    Horrek guztiak agerian uzten du, Zuzenbideko beste alor asko ez bezala, justizia administrazioaren eta epaitegien esparruan aurrerapauso izugarriak egin dira euskararen normalizazioaren alde.
    Hala eta guztiz ere, jakina denez, oraindik asko dago egiteko hor ere.

    Justizia alorrean hutsune asko topa ditzazkegu oraindik ere, horien artean, euskaratzeke dauden abokatuen idazkiak. Gainera, Botere Judizialaren Legearen hainbat atal euskaratu gabe daude, eta Zigor Kodea eta Kode Zibila tarteka eguneratzen badira ere, legeen euskarazko bertsioak eguneratzeko prozesuen moteltasuna dela eta denbora dezente itxaron behar izaten da eguneratze horiek argitaratzeko; eta horrek guztiak, nolabaiteko ziurgabetasuna dakar.

    Horretaz gain, beharrezko deritzogu euskaraz idatzitako epaien ereduak sortzea justizia alorraren corpusa osatzeko. Gutxi dira epaitzak euskaraz ematen dituzten epaileak eta, horrenbestez, lan hau errazteko eta bultzatzeko egokia izango litzateke ereduak eskaintzen dituen estilo-liburu bat sortzea. Honen harira, kontutan hartu beharrekoak dira EPAIBI-ren eta interpreteen ekarpenak.

  11. Silvia P., Iñaki P. eta Laura L.
    2013(e)ko abenduaren 10a 11:23(e)tan | #11


    Euskara juridikoa: lorpenak eta erronkak

    ___________________________________________________________

    Nahiz eta euskararen arloan aurrerapen nabarmenak eman diren, euskara juridikoak zenbait erronkei aurre egin beharra du oraindik ere.
    Lehenik eta behin, euskara juridikoak tradizio eta ibilbide laburra du; hori dela eta, hizkuntzalariek egiten dituzten idazkiek kalitate juridiko mugatua dute, askotan gaztelaniako testuen itzulpen edo moldaketa besterik ez direlako. Era berean, ia ez dira euskarazko testu juridikoak sortzen, nahiz eta euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izan.
    Bestalde, hizkera juridikoa erraztu egin nahi izan da. Hori dela eta, testuek kalitatea galdu egin dezakete. Baina, era berean, hizkera honen helburua herritarrei eskubideen, obligazioen, zigorren eta onuren inguruko informazioa era ulergarrian ematea da. Izan ere, horretarako, ezinbestekotzat jotzen da hizkuntza guztietan hizkera juridikoaren sinplifikazioa.
    Ildo horretatik, euskara juridikoaren arloan, administrazioak eta justiziak erronka hauei aurre egiteko zenbait baliabide jarri dituzte abian. Alde horretatik, eta justizia ulergarria izan dadin, beharrezkoa dela uste dugu eragile juridikoek eta bertan parte hartzen duten erakundeek konpromiso serioa izatea hizkera juridikoaren eraberritzearekin. Zorionez, gero eta kontzientzia handiagoa dago erakundeen eta profesionalen artean, eta gero eta garrantzia handiagoa ematen zaie hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten alderdiei.
    Horren erakusgarri dira azken urteotan garatu diren baliabideak; adibidez, hiztegi orokorrak, espezializatuak, itzulpen-memoriak eta lege testuen biltegiak garatu dira. Bestalde, Zuzenbideko profesionalek euskararen ezagutza ona ez badute, egoera erraztu baino zaildu egin dezakete, akats sintaktiko eta gramatikalak egiteagatik. Horregatik baliabide hauek arlo juridikoko profesionalentzat oso baliagarriak izan daitezke. Haatik, era berean esan genezake azkenengo urteetan, baliabide asko sortu direla, baina, jende askok ez duela honen berri, eta, ondorioz, ez dituztela erabiltzen.
    Honetaz gain, erronka nagusi bat dago euskararen hobekuntzari dagokionez, hots, testuak sorburutik euskaraz egitea edota testu elebidunetan, itzulpenaren ordez korredakzioa erabiltzea. Alegia, hizkuntza ofizialak erakundeetan erabiltzeko irizpideek eskatzen duten bezala. Izan ere, horexegatik gertatzen da oraindik euskarazko dokumentuen kalitatea ez da izatea nahi adinakoa, batez ere, askotan gaztelaniazkoen itzulpen edo moldaketa direlako. Hala ere, zorionez, euskal itzultzaile juridikoak oso talde ona dira, eta itzulpen ofizialak, gaur egun, oso kalitate onekoak eta berme handikoak dira. Alabaina, ohitura eta prestakuntza faltagatik, batzuetan erdipurdiko testuak egiten dituzte operadore juridiko askok -borondate onenarekin bada ere-; bereziki, testua lehenbizi gaztelaniaz idatzi badute eta gero euskarara pasa.
    Bestalde, hizkera juridikoaren sinplifikazioak ere baditu, lehen esan denez, bere arriskuak. Baina, gauzak muturrera eraman gabe, gaur egun ezinbestekotzat jotzen da, ez euskararen kasuan bakarrik, baizik eta hizkuntza guztietan. Europako erakundeek oso kanpaina zabalak egin dituzte estatu kideei ahalegin irmoagoak eskatzeko. Egin diren azterketek erakutsi dute badagoela honetan zer hobetua, batez ere, frantsesez eta gaztelaniaz. Beraz, badirudi mutur batetik bestera, alde guztietan daudela era bateko edo besteko arazoak.
    Baina, lehenago ere nabarmendu denez, gero eta kontzientzia handiagoa dago erakundeen eta profesionalen artean, eta gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten alderdiei. Horren adibide, Aranzadik antolatutako ikastaroak dira:
    http://www.aranzadiformacion.es/index.php?page=curso&cursoid=50
    http://www.aranzadiformacion.es/index.php?page=curso&cursoid=51
    Euskaraz ere hainbeste egiten dira halakoak, eta, zorionez, gero eta kalitate hobeko testuak egiten dira alor honetan. Haatik, oraindik badugu erronka bat: testuak sorburutik euskaraz egitea edota, testu elebidunen kasuan, itzulpenaren ordez, korredakzioa erabiltzea. Alegia, hizkuntza ofizialak erakundeetan erabiltzeko irizpideek eskatzen duten bezala:
    http://www.euskara.euskadi.net/r59-euhadm2/eu/contenidos/informacion/erabilera_planei_buruzkoak/eu_lauplang/adjuntos/Irizpideakeus.pdf

  12. Lide Gurrutxaga
    2013(e)ko abenduaren 9a 13:13(e)tan | #12


    Zuzenbidea eta euskara

    ___________________________________________________________

    Argi neukan behin batxilergoa amaituta Zuzenbidea ikasi nahi nuela, bai eta ikasketak euskaraz burutu nahi nituela ere. Zuzenbidea euskaraz ikasteak zenbait gorabehera dakartza; izan ere, nahiz eta irakaskuntza euskaraz jaso, arlo juridikoari dagokionez euskaraz dagoen materiala murritza da. Hala ere, nire lizentziaturako azken urte honetan, arlo juridiko administratiboan euskarazko baliabide asko daudela ari naiz ohartzen. Era berean, ikusi dudanez, azken hogeita bost urteotan hainbat lege nahiz ekimen sortu dira euskarari bide egiteko arlo horietan. Beraz, gogo apur bat jarrita, eta eskura ditugun baliabideekin eta sortuko direnekin uste baino gehiago lor dezakegu administrazio eta justizia eremuetan gure hizkuntzari eta honen normalizazioari dagokionez.

    Euskararen erabilerak izan ditu halako lehentasunak arlo juridikoan historiako une batzuetan. Baina XX. mendearen hasiera arte itxaron behar izan zen argi apur bat ikusteko; izan ere, orduan aitortu zion abertzaletasunak euskarari hizkuntza nazionalaren estatusa. Gerora, frankismoaren garai iluna igaro ostean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru komunitateko eskualde batzuetan euskara hizkuntza ofizial gisa aldarrikatu zen 1978an.

    Harrezkero, hainbat ekimen garatu dira euskararen erabilera normalizatze bidean. Horien artean ditugu hizkuntza eskakizunen galdakizuna eta 1998ko normalizaziorako ekimen nagusia, euskera biziberritzeko plan nagusia hain zuzen ere. Eragileei dagokienez, hainbat erakunde izan dira euskara juridikoaren arloan lan ugari eta nekeza egin dutenak: IVAP/IZO, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, UZEI/EPAIBI, Eusko Legebiltzarra, Foru Aldundiak etab.

    Andres Urrutiak dio –Notario euskaldun, euskara juridikoaren suspertzaile eta, gaur egun, Euskaltzainidaren buru da bera-, hautu pertsonal baten ondorioz dela legelari euskaldun. Belaunaldiek badute horretan zeresanik. Andresek gaztelaniaz ikasita, erosoagoa zuen gaztelaniazko mundu juridikoan bizi eta jardutea, euskaraz aritzera behartuko zion inor alboan izan gabe. Meritu galanta daukate bere egoeran daudenek, ez baitira asko izango egoera soziohistoriko horretan jaio, gaztelaniaz ikasi eta gauzak aldatzeko erabat arrotza zen mundu batean interesa jarri eta euskararen normalizazio prozesuan lan egin dutenak.

    Bejondeizula, bada, Andres! Ni neu D ereduan ikasia naiz eta Zuzenbide ikasketak ere euskaraz egin ditut Euskal Herriko Unibertsitatean. Alde horretatik, onartzen dut bidea “egina” izan dudala nolabait esatearren, baina horrekin ez dut adierazi inongo interesik ez dudanik hizkuntza arlo juridikoan normalizatze bidean. Euskal hiztunak kontzientzia badu asko egin dezake, bakoitzak berari dagokionean eta dagokion neurrian. Andres, guk, gure bidelagun izan den eta izango den euskera juridikoan jarriko dugu indarra.

  13. J. Berrocal, Y. Calparsoro, A. Nuñez eta D. Tejedor
    2013(e)ko abenduaren 9a 12:37(e)tan | #13


    Euskararen egoera arlo juridiko-administratiboan eta kriminologian

    ___________________________________________________________

    Euskarak eremu berriak irabazi ditu azken 30 urteotan eta garapen prozesu nabarmena izan du administrazioan eta arlo juridikoan. Garapen hori eta horri esker irabazi duen gizarte-egoera, hizkuntza horren estatusak (euskararen ofizialtasuna eremu batzuetan), erabilerak (gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz) eta corpusak (IVAPen lana Administrazioan) adierazten digute.
    Hala ere, nahiz eta euskararen erabileraren lege testuingurua sendoa izan, lege horiek eguneroko praktikan jartzeko orduan izango dugu arazoa. Horretarako, normalkuntza planak eratu dira. Horien artean, hauek bi nabarmen ditzakegu duten garrantzi bereziagatik:
    •EBPN- 2012ra arte indarrean egon dena- https://www.euskadi.net/r59-euhadm2/eu/contenidos/informacion/941/eu_2383/eu_12372.html
    •ESEP- 2013tik aurrera garatuko dena- https://www.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/informacion/esep_sarrera/eu_esep/esep.html
    Dokumentu hauek hamarraldi baterako helburuak jasotzen dituzte, gizartearen eta euskararen eboluzioa kontuan izanda, eta geroagoko hiru arloen egoera zein izango den ere.
    Gainera, helburu hauek erdiesteko plan bereiziak ere egin dira, adibidez administrazioan:
    •http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/es/contenidos/informacion/argitalpenak/es_6092/adjuntos/Planaeus.pdf
    •http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/dokumentuak/2013/V_PLANGINTZALDIRAKO_IRIZPIDE_OROKORRAK.pdf
    Justizia arloan aldiz:
    •http://www.justizia.net/servlet/Satellite?blobcol=urldata&blobheader=application%2Fpdf&blobheadername1=Content-Disposition&blobheadervalue1=filename%3DHizkuntza_Normalizazio_Plana_2008-2017.pdf&blobkey=id&blobtable=MungoBlobs&blobwhere=1290507835936&ssbina
    Ildo beretik, euskarari erakundeetan bide egiteko, eta euskaldunek esparru horietan aitortuta dituzten eskubideak bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak euskara normalizatzeko hainbat plan garatu ditu azken urteotan. Jarraian zehazten dira plan horien euskarri diren dokumentu nagusiak, herri-administrazioari, ertzaintzari eta justizia-administrazioari dagozkionak, hurrenez hurren bereizita. Kasu guztietan oinarri juridikoak nabarmendu dira.
    1. Herri administrazioan honako erreferentzia hauek azpimarra ditzakegu:
    •Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua: Ofizialtasun izaera aitortzen dio euskarari gaztelaniarekin batera.
    •Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen Erabilpena Arautzekoa, hizkuntza betebeharrak ezartzen zaizkie herri administrazioei.
    Zehazki bi arau hartu behar dira kontuan:
    – 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
    – 86/1997 Dekretua, EAEko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.
    Bi arau hauen eragin eremua herri administrazioa da, eta euskararen normalizazioak arlo horretan izango dituen ondorioak eta herri administrazioen betebeharrak finkatzen dira bertan.
    Bestalde, alor honetan konkretuki 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, araua dugu: bertan hizkuntzen erabilera administrazioarekiko harremanetan arautzen da.
    2. Ertzaintzari dagokionez, hauek dira erreferentzia esangarrienak:
    Administrazioak baditu hizkuntzen gaineko betebehar batzuk, eta hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu euren zerbitzua ematean. Era berean, polizia arloan kontuan hartzekoak dira:
    •10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen Erabilpena Arautzekoa
    •6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena
    Ertzaintzari eragiten dioten eta hizkuntzak kontuan hartzen dituzten arauen artean, bi hauek nabarmentzekoak dira:
    •4/1992 Legea Poliziari buruzkoa 39. Artikuluan, Euskal Administrazio publikoak beren menpeko poliziako funtzionarioek behar bezalako hizkuntz gaitasuna lor dezaten saiatuko dira.
    •30/1998 Dekretua, 3. artikuluan, Ertzaintzako lanpostuei 1. eta 2. hizkuntza eskakizunak ezarriko zaizkie.
    3. Justizia Administrazioan, azkenik, hauek dira lege-testuingurua osatzen duten erreferentziak:
    Euskara dakitenek lehentasuna izango dute lanpostu publikoen deialdietan. Eremu Urriko Hizkuntzaren Europako Gutunean, neurri batzuk jasotzen dira euskararen eskubideen inguruan. Nahi duten hizkuntza ofiziala erabili ahal izango dute hemen. Justizia administrazioaren hizkuntzaren erabilera azaltzen dituzten arauak hurrengoak dira:
    •Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa: hizkuntzen erabilera justizian arautzen da.
    •Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lankidetza Hitzarmena: euskararen erabilera normalizatzeari buruzkoa da.
    •174/2010 Dekretua: hizkuntza-normalkuntzari buruzkoa da.
    Epaibi orrialdean ikus ditzakegu eman diren lorpenak 2012 urtean eta hauek dira guri nabarmentzekoak iruditu zaizkigunak:
    – Lehen aldiz epaitegietan eredu elebidun gehiago gaztelaniaz baino. 3.000.000 eredu euskaraz ere.
    – 150.000 unitate baino gehiago kontsultatzeko moduan.
    – Zuzenbidearen gainean euskaraz argitaratutako guztia kokapen bakar batean biltzeko saiakera.
    – Legeak, epaitegietako ereduak, lexiko juridikoa, epaitegietan idatzitako testu libreak, errotulazioa…
    – Abokatuentzako formularioak euskaraz ala ale bietan hautatzeko aukera
    – Inskripzioak euskaraz egiteko aukera erregistro zibiletan.

  14. Alfredo G., Maria B., Miren E. eta Garazi O.
    2013(e)ko abenduaren 9a 12:24(e)tan | #14


    Administrazioan euskara sustatuz

    ___________________________________________________________

    Jakina da euskara gutxi erabiltzen dela Administrazioan. Izan ere, hizkuntza-normalizazioan indarrean dagoen legeria betetzeko neurriak hartu arren, guztiok onartzen dugu euskarak ez duela egoera normalizatua Administrazioan. Gainera, berrets daiteke gaur egun ez dagoela bermatuta herritarrak berak aukeratutako hizkuntzan zerbitzua jasotzeko duen eskubidea. Hala eta guztiz ere, lorpen ugari egin dira euskararen normalkuntza arloan.
    Hizkuntzaren estatusari dagokionez, aipagarria da Europako Batasunaren aldetik euskarak jaso duen babes berezia. Era berean, aurrerapausu garrantzitsuak eman dira eremu publikoan. Adibide argiak ditugu hurrengo hauek: batetik, ikastetxe publikoetan derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleek euskara menperatzeko ezarri den bermea eta, bestetik, lanpostu publikoetarako lehiaketetan euskararen ezagutza lehentasunezko meritutzat baloratzea.
    Erabileraren inguruan, berriz, udal askotako dokumentu administratiboetan euskara da lehen hizkuntza. Horretaz gain, lanpostuetako eskatzen den euskara maila dela eta, geroz eta jende gehiago dabil euskara ikasten.
    Azkenik, legelarien hizkuntza-gaitasuna hobetu egin da, eta ondorioz, geroz eta lege-testu gehiago daude euskaraz emanak.
    Emaitza hauek guztiak ekimen desberdinen bidez lortu dira. Horren isla da ertzainen kasuan hizkuntza gaitasunerako ikastaroak martxan jarri izana edota justiziaren arloan 117/2001 Dekretuaren gauzatzea. Arestian aipatutako ikastaroan 700 ertzainek hartu zuten parte. Areago, 250 ertzainek beraien kabuz jo dute euskaltegietara. Jardun hauek emakorrak izan dira azken urteetan 487 ertzainek lortu baitute bere lanposturako eskatzen zen euskara maila. Justiziaren arloan, bestalde, 2004.urtean elebiduna %9a bazen ere, 2011an %35a eman zen ele bietan. Gainera, eman dituzten zedulen %87a elebiduna da , jakinarazpenen %100 a eta errekerimenduen %75a.
    Alabaina, lorpen ugari egin diren arren, oraindik badaude sustatu beharreko zenbait eremu. Adibidez, zenbait euskal lurraldeetan euskarak ez du erabateko ofizialtasunik edota gaztelaniak euskarak baino estatus handiagoa du, eta euskaraz dakiten epaileak gutxi dira.
    Horregatik guztiagatik, nahiz eta euskararen inguruan aurrerapausuak eman, oraindik garatu beharreko arloak daudela iruditzen zaigu. Beraz, aipatu ditugunen moduko ekimen gehiago egiten jarraitu beharko litzateke, bide batez herritarren kontzientzia ere bultzatzeko. Alegia, oraindik lan asko dagoela egiteko deritzogu; eta erronka nagusia euskaraz dakiten administrazioko langileek euskara erabiltzea da. Horren harira, kontuan hartzekoak dira Eusko Jaurlaritzaren “Euskara Sustatzeko Ekintza Plana” eta “Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak”. Izan ere, proposamen zehatzak egiten dituzte helburu horiek epe zentzuzko batean lortze aldera.

  15. R. Pérez, M. Pérez, D. Pérez eta M. Arruti
    2013(e)ko abenduaren 8a 09:04(e)tan | #15


    Euskara juridiko eta administratiboaren eragile nagusiak

    ___________________________________________________________

    Euskara juridikoaren eta administraziorako euskararen hizkuntza-eredua garatzeko ahaleginean ekarpen esangarriak egin dira azken hamarkadetan. Euskara administrazioan eta arlo juridikoan normalizatzeko ahaleginean, hainbat erakundek jardun dute elkarlanean; horien artean daude, besteak beste: IVAP, Deustuko Unibertsitatea, Justizia Sailaren Euskara Batzordea, Eusko Ikaskuntza, Udalak eta Foru Aldundiak.

    Erakunde horien lanaren fruitu gisa, hainbat tresna erabilgarri ditugu gaur egun eskura. Horien bitartez, euskarari administrazioan, epaitegietan eta ertzaintzan leku egin nahi izan zaio. Tresna horien artean, honako hauek dira aipagarrienak: lege testuak euskaraz, estilo-liburuak, hiztegi espezializatuak, corpusak eta itzulpen memoriak, web orriak eta blogak.

    Tresnen sorkuntzak egun bizi dugun kontzientziazio eta erabilera-eskaeren gorakada izan zituen jatorri. Horri esker, duela hamarkada batzuk ez bezala, gaur egun ugariak dira justizia eta administrazioaren alorrean euskaraz jardun nahi dutenak. Izan ere, gaur egun herritar guztion eskura daude baliabide horiek, besteak beste, programa informatikoei eta Interneti esker. Beraz, ez dugu justiziaren eta administrazioaren alorrean euskaraz jarduteko aitzakiarik.

    Hori horrela, azken hogeita hamar urteetan izandako garapenak aurrera jarraitu behar du, orain artean eginiko lana galdu ez dadin, eta, etorkizunean, justiziaren eta administrazioaren alorrean euskararen erabilera guztiz normala izan dadin. Bide horretan ahalegintsu jardun dute arestian aipaturiko elkarte eta erakundeek; alabaina, gerora, herritarroi dagokigu beraiek garattuako baliabideak erabili eta euskararekin aurrera egitea.

    Ildo horretatik esan beharra dago eragile horiek erraztasun handiak eskaintzen dizkigutela administrazio, zuzenbide edota kriminologia arloan izan ditzakegun hizkuntza arazoak konpontzeko. Horien artean aipagarria da, adibidez, IVAP/IZO erakundearen lana, euskaraz administrazioan aritzeko beharrezko diren alderdi nagusiak jorratu baititu: besteak beste: estilo-liburuak, euskarazko prestakuntza profesionalerako laguntzak, hiztegi espezializatuak, kontsulta baliabide juridikoak…

    Euskararen arloan lan handia egin duten beste erakunde batzuk EHU/UPV eta Deustuko Unibertsitatea izan dira, eta, batez ere, euskarazko eskuliburuak, hiztegi espezializatuak eta lege-testuak garatu dituzte. Horrez gain, Hiztegi espezializatuak, kontsulta baliabideak, itzulpen memoriak eta corpusak eskaini dizkigun erakundea UZEI terminologia eta lexikografia zentroa da.

    Ondorioz, argi dago aipatutako erakunde hauek guztiek baliabide ugari garatu dituztela euskaraz eta garrantzi handikoak direla euskara arlo juridikoan bultzatzeko. Baina ez bakarrik euskararen kasuan normalizazio bidean dagoelako; edozein hizkuntzatan da hori garrantzitsu, nahiz eta duela gutxira arte alor honetako aditu eta profesional asko ez guztiz ohartuta egon. Horren adierazgarri izan daitezke UNIR unibertsitateak Komunikazio Juridikoaren inguruan eskaintzen duen masterra eta UNEDek Marketin Juridikoaz eskaintzen duen bestea. Bestalde, gaztelaniaz zein beste hizkuntzetan lan ugari argitaratu dira azken urteotan profesionalei zuzenduak. Eta ez dugu ahaztu behar Justizia Ministerioak baduela lan-talde bat hizkera juridikoaren modernizaziorako plana garatzeko ardura duena.

  16. Lander Perez eta Ainhoa Barañano
    2013(e)ko urriaren 8a 07:31(e)tan | #16


    Eskubideak eskura!

    ___________________________________________________________

    Herritar moduan esparru publikoaren aurrean hainbat eskubide dauzkagu; baina, ezagutzen al ditugu? Eta, are gehiago, errespetatzen al dira?

    Galdera hauek, printzipioz, sinpleak dirudite baina orain ikusiko dugunez, ezkutatzen dute nolabaiteko korapiloa. Adibidez, legearen arabera, poliziei euskaraz hitz egin diezaiekegu eta euren erantzuna euskaraz jasotzeko eskubidea ere badaukagu; epaitegi eta auzitegietan ere dokumentazio guztia euskaraz aurkezteko eskubidea daukagu; eta abar.

    Interneten hainbat baliabide ditugu eskura eskubide hauek zein diren azaltzen dutenak; hala nola, euskadi.net; Eusko Jaurlaritzaren ELEBIDErena, Euskaltzaindiak argitarutako Hizkuntza-zuzenbidea izeneko lege-bilduma…Eskubide horiek betetzen direla bermatzeko, Euskal Herrian bi erakunde daude: ELEBIDE eta BEHATOKIA. Elebideren sustatzailea Eusko Jaurlaritza da eta Behatokiaren sustatzailea, berriz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

    Baina gure eskubideak ez dira Euskal Herrira mugatzen; Espainia osoan eta Espainiatik kanpo ere hainbat hizkuntza-eskubide ditugu. Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Kartak bere 22. artikuluan esaten du Europar Batasunak errespetatzen duela aniztasun kultural, erlijioso eta linguistikoa; eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ezartzen du hizkuntza horien babesa eta sustapena lagundu behar dela. Adibidez, Espainiatik kanpo poliziarekin harremanetan jartzen garenean, gutxienez itzultzaile bat egon behar du.

    Hauek adibide batzuk dira eta, ikusi dugunez, bestelako informazioa eskura dago. Artikulu honen asmo nagusiak balibideak pilatzea eta jendeari baliabideak eskaintzea da. Izan ere, asmo horiek lortze hutsa ere urrats handia da gure eskubideen defentsan jarraitzeko.

  17. Diana Martín, Diana Tejedora eta Pilar García
    2013(e)ko urriaren 7a 07:35(e)tan | #17


    Lagundu hizkuntza eskubideak babesten, kexatu zaitez!

    ___________________________________________________________

    Espainiako Konstituzioak bere 3. artikuluan aitortzen du Espainako hizkuntza ofiziala gaztelera dela; baina badaude hainbat Autonomi Erkidegotan beste hizkuntza batzuk, euskara adibidez, ofizialtzat hartzen dituztenak. Lege goren honetaz aparte, bi lege-testu garrantsitzu aipa ditzakegu, alde batetik, Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna eta bestetik, Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Bi lege-testuk ematen diote babesa euskarari.

    Argi dago, beraz, gure legediak irmo aitortzen dituela euskaldunen hizkuntza-eskubideak baina ez dakigu zenbatetaraino balia daitezkeen bermatuta dauden eskubide horiek. Izan ere, hainbat kasutan urratuak izaten dira euskaldunok administrazioan, poliziarekin harremanetan eta epaitegietan dauzkagun eskubideak, batez ere, ahozko komunikazioan.

    Hori horrela, hizkuntza eskubideak babesteko bi agentzia sortu dira: Behatokia eta Elebide. Lehenengoak hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan bermatzen ditu eta bigarrenak, EAE mailan; beti ere, herritarrek helarazten dituzetn kexen, kontsulten eta irapdokizunen arabare. Hain zuzen, oso garrantzitsua da kexak, kontsultak eta iradokizunak azaltzea, poliki-poliki hizkuntza arazoak konpontzen joateko. Izan ere,, Euskal Herriko herritarron betekizuna da hizkuntza-eskubideez arduratzea da. Bestela, nekez bermatu ahal izango dira edonon eta edozein egoeratan.

  18. Julen Gascon eta Endika Lopez de Munain
    2013(e)ko urriaren 4a 17:47(e)tan | #18


    Arrazoi txikien garrantzia

    ___________________________________________________________

    Euskal Herri osoa gogoeta honen jomugan hartuz, gaur egun bertako errealitate soziolinguistikoan antzeman daiteke hizkuntz aniztasuna dagoela (gaztelera, euskara eta frantsesa.). Euskaraz dihardutenak, adminitrazioaren aurrean aukera gutxi dute euskaraz aritzeko, gaztelania eta frantsesarekin parekatzen badugu, azken hauek mintzatzeko aukera gehiago dago eta.

    Hala ere, ezin da ukatu araudian bermatua dagoela euskaraz aritzeko eskubidea administrazioaren aurrean behintzat, baina zenbait arrazoi ikusi ditugu euskararen erabilera administrazioaren aurrean txikia dela baieztatzeko eta ondorioz administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea kili-kolo dagoela ikusi dugu. Hainbat adibide aipa ditzazkegu erabilera urri horren jatorria bilatzeko, hala nola, jendearen segurtasun falta euskaraz hitz egitan; hizkera teknikoa euskaraz arrotza egiten ahal zaiola herritar bati…

    Euskararen erabilera administrazioaren aurrean murritza izateko arrazoietako bat, lehen esan bezala, euskaldunok administrazioaren aurrean dugun segurtasun falta da. Araudian antzeman daitekeenez, euskaraz hartuak izateko eskubidea bermatua dugu, baina askotan harrera eskaintzen digun funtzionarioek ez dakite euskaraz, momentu deseroso bat sortuz funtzionario eta herritarren artean. Egoera hau askotan eman ohi denez, herritarrak une deseroso hori saihestearren, herritarra funtzionarioari zuzenean gaztelaniaz zuzentzen zaio. Ondorioz, elkarrizketa guztia gazteleraz egiten bukatzen dute.

    Administrazioan euskaraz erabiltzen den hitz teknikoen berritasuna dela eta, arrotza egiten zaio jendeari hitz hauen erabilera, orokorrean ez baitago ohiturarik gauz hauen inguruan euskaraz mintzatzeko, baina honek ez du baztertzen hitz tekniko hauek behar izata. Aurrekariak ikusita, ikusi dezakegu 10/ 1982 oinarri legea indarraldian sartu arte administrazioa elebakarra zela. Honen ondorioz, herritarren ohituran gaztelaniako hitz teknikoak barneratu ziren, gaur egungo euskarazko hitz teknikoen erabilpena arrotza egiten delarik, administrazioak euskaraz erabiltzen dituen hitzak nahiko berriak baitira. Hori dela eta, herritarrak administrazioarengana zuzentzerakoan orokorrean erderaz aritzen dira.

    Nahiz eta, administrazioarengana erdaraz zuzentzeko arrazoiak txikiak izan- hain zuzen, oraintxe azaldu berri ditugunak- horrek ez du esan nahi balio handirik ez dutenik. Horregatik, administrazioak zenbait neurri hartzera gonbidatzen ditugu hala nola, euskaraz arreta jasotzeko beharrezkoa den euskara maila nahikoa edukitzea funtzionario guztiek ea abar… Horrela, euskaldunok administrazioaren aurrean euskaraz jarduteko eskubidea bermatua izango dugu

  19. Denis Gonzalez eta Ander Urdangarin
    2013(e)ko irailaren 27a 15:06(e)tan | #19


    Polita badirudi ere…

    ___________________________________________________________

    Idatzi honek jasotako kritika edota gaizki-egonak, herritarren ikuspegi “pasibo” nahiz langileria publikoaren zati baten jarrera salatzea du helburu nagusitzat.

    Nahiz eta asmo segur aski zintzoz agintariek baliabide ezberdinak garatu ( 10/1982 Oinarri Legea, ELEBIDE, BEHATOKIA…) EAEko herritarrek zerbitzu publikoen eskaintza euskaraz nahiz gaztelaniz parekotasunez jaso ahal izan dezaten, gure ustean, euskal herritarren kontzientzia faltak sutsuki defendatu beharreko hizkuntza-eskubideen ezarpena mugatzen du etengabe. Ideia hau ulertzeko adibide gutxi batzuk nabarmendu nahiko genituzke.

    Guztiok bizi izan dugu erakunde publiko batean harrera jaso eta lehen hitzak gaztelaniaz entzutea. Hasteko, esan beharra dugu gure iritziz egokiagoa litzatekeela langilearen lehen hartu emana euskaraz izatea edota gutxienez ahalegin bat nabaritzea honen partetik (funtzionario batzuek zailtasunak izan ditzakete, hala ere).

    Egoera horretan, euskal herritar batek edozein arrazoi dela medio eta, betiere errespetuz, harrera euskaraz jasotzeko nahia adierazi diezaioke funtzionarioari zilegitasun osoz. Puntu honetara iritsirik, behin baina gehiagotan bizi edota entzuna dugu funtzionarioak eskaeraren aurrean aurpegi txar edota kexaren bat adieraztea.
    Langilearen jarrera guztiz gaitzezgarria iruditzen bazaigu ere, are eta larriagoa iruditzen zaigu inguruan dauden herritarrek egoera honen aurrean inolako asaldadurarik ez erakustea eta, kasu batzuetana areago, bere eskubide legitimoaren defentsan diharduen subjektua petraltzat hartzea.

    Ildo horretatik, guri bereziki aipagarria iruditzen zaigu segurtasun indarren aurrean hizkuntza-eskubideak defendatzeko erakusten dugun beldurra. Ez dakigu ongi ausardia faltagatik edota denbora galtzearen sentsazioarengatik izango den, baina oso gutxitan galdatzen dugu ertzain, guardia-zibil nahiz EAEn diharduten beste segurtasun indarretako kideen aurrean, beraien zerbitzua euskaraz eta ez gaztelaniaz jasotzeko eskubidea.

    Haatik, guztiok kontziente izan behar dugu, barne nahiz atzerriko legeriak aitortu diguten eskubide baten defentsan ari garela, eta honen aurrean mugaketarik jasoz gero, geurearen alde borroka egitea ezinbestekoa dugula.

    Amaitzeko eta ondorio gisa adierazi nahiko genuke aipatutako adibideak geroz eta gutxiago errepika daitezen eta euskara hizkuntzari zor zaion indarra galdu ez dadin, guztion indarrak bildu eta helburu komun baten alde borrokatzea baino tresna eraginkorragorik ez dugula aurkituko.

  20. Iñaki Perez, Silvia García eta Laura Lopez
    2013(e)ko irailaren 27a 14:32(e)tan | #20


    Hizkuntza eskubideak babesten dituzten erakundeak

    ___________________________________________________________

    Hizkuntza babesten duten lege-euskarriak nahikoak eta ondo oinarriturik daude. Arazoak sortzen dira lege hauek betetzen ez direnean. Ez dago metodo zehatz bat euskaldunen hizkuntza eskubideak babesteko, oso zaila da hizkuntza babesten dituzten legeak betetzen ez direla jakitea herritarrek salatzen ez badute. Herritarren eskuetan dago eskubide hauek babestea.
    ELEBIDE eta BEHATOKIA erakundeen bitartez, hizkuntzarekin lotutako eskubideak hausten diren momentuan parte hartzen dute. Herritarrek erakunde hauetara jotzeko aukera dute sortzen zaizkien arazoak konpontzeko, laguntza lortzeko eta beraien eskubideak babesturik daudela jakiteko.
    Erakunde hauek, jasotako kexa guztiak bildu eta aztertzen dituzte eta urtero txosten batean argitaratzen dituzte, horrela euskaraz eta gaztelaniaz mintzatzen diren pertsonak identifikaturik aurkituko dira antzeko kasuak irakurtzean. Erakunde hauen helburua euskaraz eta gaztelaniaz mintzatzen duten pertsonen eskubideak babestea da. Gainera webguneei esker, kexen bilketa errazagoa egiten da eta antzeko egoeratan dauden pertsonei laguntza eskaintzen zaie antzeko arazoak berriro gerta ez daitezen.
    Alabaina, jende askok ez ditu bere hizkuntza-eskubideak ezagutzen. Hori dela eta, ondo egongo litzateke herritarren eskuetan informazio guztia egotea eta erakunde hauen erakunde hauen berri izatea, horrela, haien hizkuntzarekin lotuta dauden eskubideak babesturik daudela jakingo lukete.
    Hala ere, arazoari aurre egiteko eta guztiz konpontzeko, pertsonek kontziente izan beharko lirateke gertatzen ari denarekin eta beraien eskuetan dagoena egin. Edonork euskaraz mintzatzeko aukera eduki beharko luke, eta hau, errespetuz eta onarturik egon beharko luke. Horregatik, Administrazioan eta Gobernuan, elebitasunak bermatuta egon beharko luke Herritarrekiko tratua berdina izan dadin.

  21. Maria Arruti eta Maria Perez
    2013(e)ko irailaren 27a 14:27(e)tan | #21


    Eskubideak hiztunenak, ez hizkuntzenak

    ___________________________________________________________

    Hizkuntzek ez dute berezko eskubiderik; ez ingelesak, ez txinerak, ez gaztelerak, ezta euskarak ere. Hizkuntza horien hiztunak dira eskubide horien jabeak. Baten batek esan zuen elkarri emanez bizi garela hizkuntza eta hiztunok; elkarri ematen dizkiogula arnasa eta izatea.
    Bada, euskal hiztunoi arnasa falta zaigu, lurralde eremu osoan ofiziala ez den hizkuntza baten hiztunak garelako. Hiru lurralde (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Ipar Euskal Herria) eta bost estatus desberdin ditugu; hizkuntza bera baina eskubide ezberdinak, lurraldearen arabera.
    Lehen, legeek, hizkuntzen erabilera arautu beharrean, horien erabilera onartu edo debekatzen zuten. Espainiar estatuak euskara bera ere debekatu zuen orain hamarkada gutxi. Egun, aldiz, legeek askoz ere modu zehatzagoan arautzen dituzte hizkuntzen erabilera eta hiztunon eskubideak. Baina badirudi legeen garapenak ez dakarrela, ezinbestean, hizkuntzen babesa.
    Euskal Herrian, esaterako, egunero urratzen dira euskal hiztunon eskubideak. Euskara ikasi eta erabili nahi ez duenik bada, bere aukeraketa propio eta askez izan dadila. Zer gertatzen da, ordea, gainerako guztiokin?
    Euskaraz bizi eta komunikatu nahi dugunok oztopo ugari ditugu egunero. Oztopoak administrazioan, polizian eta epaitegietan, oztopoak gure hizkuntzaren babesa bermatu beharko luketen berdinekin.
    Egoera honetan beharrezkoa da euskal hiztunok gogoeta egitea; zer egin dugu orain artean, eta zer egiteko prest gaude gerora, hizkuntza baten hiztun izaten jarraitu nahi badugu.
    Beraz, euskaldunak euren eskubideak baliatzen saiatzera bultzatzea besterik ez zaigu geratzen. Baliatu ditzatela eskura dituzten eskubideak eta erakundeak.

  22. J. Zarautz, Lide Gurrutxaga, E. Arruti eta M. A. Belloso
    2013(e)ko irailaren 27a 14:14(e)tan | #22


    Teorian eskubidea … baina praktikan?

    ___________________________________________________________

    Herritarrok hainbat hizkuntza-eskubidea ditugu aitortuak, nahiz eta guztiok ez izan horren jakitun. Hau da, araudi zabala dago euskararen normalizazioari babesa emateko, baina, praktikan sistema ez dago prestatuta EAEko bi hizkuntza ofizialei berdintasunezko trataera bat emateko.

    Hori horrela, hizkuntza politikako arduradunek herritarren aurrean erantzukizuna dutela uste dugu. Izan ere, euskal hiztunen kopurua gorantz doan heinean, gero eta gehiago dira egunerokotasunean euskaraz jardutea galdatu behar izaten duten herritarrak. Zenbaitetan herritar hauek Administrazio Publikoak eskaintzen dituen bitartekoez ere baliatu behar izaten dute hizkuntza urraketaren aurrean babesa bilatzeko. Izan ere, jende gehiagok egingo balu gauza bera, segur aski, azkarrago egingo genuke aurrera euskararen normalizazioan. Alegia, jarrera pasiboa alde batera utzi, eta ekimen sozialen bitartez euskarak behar duen tokia lortzea litzateke helburu.

    Ildo horretatik, euskararen normalizazioa lortze aldera, lagungarriak izan daitezke ELEBIDE zein BEHATOKIA hizkuntza-eskubideen aldeko agentzien txostenak. Izan ere, euretan arlo publikoan zein pribatuan euskararen erabilera zenbateraino bermatzen den azter dezakegu. Guri, Administrazio Publikoan dauden gabeziez jabetzea interesatzen zaigu, herri-administrazioaren betebeharra baita herritar guztion eskubideak berdintasunez zaintzea Haatik, iazko ELEBIDEren txostenaren arabera urraketen %79a Administrazio Publikoari dagokio; beraz, argi dago zerbait ez dabilela behar bezain ondo.

    Horri aurre egiteko, euskaldunok kontzientziatu behar dugu euskararen normalizazio bidean lan egin behar dugula etorkizunean euskaldunen hizkuntza-eskubideak guztiz bermatu daitezen. Hau da, ezin garela zain geratu, eta gure eskubideak zain daitezela eskatu behar dugula, beharrezko denean, hizkuntza-eskubideen aldeko agentzietara joz babes eske. Bestela, zaila izango da epe labur-ertainean aldaketa nabarmenik ikustea, eskubideak eskubide.

  23. Irune Ugalde eta Olaia Barrenetxea
    2013(e)ko irailaren 27a 14:09(e)tan | #23


    Hizkuntza-eskubideak gutxietsita. Hezkuntza ote konponbidea?

    ___________________________________________________________

    Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek euskara erabiltzeko hainbat eskubide dituzte arauetan aitortuak. Batetik, beste lege testu batzuen artean, Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunak aitortzen ditu Europako herritarrek eremu urriko hizkuntzen inguruan dituzten eskubideak. Espainiako Konstituzioak, bere aldetik, euskarari ofizialtasuna aitortzen dio eta Abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuak, bestetik, aurreikusten du zein eskubide dituzten EAEko herritarrek administrazio publiko nahiz eremu pribatuko erakundeen aurrean eta zein obligazio dituzten erakundeek eskubide hau bermatze aldera. Hala eta guztiz ere, praktikan arazoak sortzen dira eta herritarrek aitortuta dituzten hizkuntza eskubideak urratzen dira. Hauen kexak eta kezkak konpontzen ahalegintzeko bi erakunde sortu dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren erakunde ofiziala den Elebide, zeinak lan esparrua EAEn baitu. Bestetik, ekimen soziala duen Hizkuntza Eskubideen Behatokia dago. Bi erakundeek memoria-txostenak egiten dituzte urtero; bertan herritarren kexak biltzen dituzte eta egoera aztertzen dute, baina Elebide erakundearen txostenek bakarrik dute indar loteslea.

    Esandakoa kontuan hartuz, euskaldunek eskubide asko dituzte aitortuta; beraz, ez dugu aitorpen gehiagoren premiarik ikusten. Benetako arazoa praktikan dagoela deritzogu; hau da, gaur egun, aitortutako hizkuntza eskubidearen egikaritza eta bermea utopia hutsa dela deritzogu. Adibidez, nahiz eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko hainbat eskubide izan, errealitatean herritarrei askotan ukatzen zaizkie, batez ere, langileek ez dutelako hizkuntza hau guztiz menperatzen eta gaztelania erabiltzera bultzatzen dute herritarra. Hemendik ondorioztatzen dugu erakundeek euskara sustatzeko eta eskubide hauek benetakoak izateko betebeharra ez dutela zorrozki betetzen.

    Hori horrela, bi ondorio nagusi atera ditzakegu. Batetik, beharrezkoa deritzogu erakunde publikoei dagokienez, herritarrei aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko duten obligazioa aintzat hartzea eta obligazio hori betetzen dela egiaztatzeko neurriak hartzea. Horretaz gain, garrantzitsua deritzogu, herritarrei dagokienez, euren eskubideen berri izatea eta hauen urrapenei aurre egiteko dituzten baliabideak ezagutzea.

  24. Yoli Calpasoro
    2013(e)ko irailaren 27a 14:06(e)tan | #24


    ELEBIDE ETA BEHATOKIA: hizkuntza-eskubideak bermatzeko erakundeak

    ___________________________________________________________

    Zer baliabide ditugu herritarrek hizkuntza-eskubideen betetze maila aztertu eta betearazteko?

    Elebide 2008. urtean (uztailaren 29ko 150/2008 dekretua ) Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko sortutako zerbitzua da. Zerbitzu honen helburua EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoko) bi hizkuntza ofizialen artean benetako oreka lortzea da. Horretarako, kontsulten, iradokizunen eta kexen araubidea eratu zuen.

    Eskaintzen dituen zerbitzuen artean hauek dira garrantzitsuenak: eskaera edo kexen kudeaketa; informazioa eta aholkularitza; behar eta eskatzen dutenei laguntza ematea; elkarte eta erakundeekiko koordinazioa; proposamen eta iradokizunen harrera eta abar.

    Hizkuntz Eskubideen Behatokia, berriz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, euskalgintzako eta eragile sindikaletako hainbat ordezkariren babespean, sortu eta eratutako fundazioa da, 2001eko ekainaren 26an Iruñean aurkeztua. Euskal Herri osoko herritarren hizkuntza-eskubideak babesteaz arduratzen da, arlo publikoan zein pribatuan, kontuan hartuta euskarak status ezberdinak dituela Euskal Herrian.

    Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: hizkuntza-eskubideak babestu, defendatu eta, urratzen direnean, salatzea; Euskal Herria osoan euskaraz mintzatzeko, administrazioarekiko harremanetan erabiltzeko (osasuna, hezkuntza, justizia, informazioa…), eta gizarte mailan hizkuntza aukerak bermatzea.

    Bere lan-ildo nagusienak hauek dira: herritarren kexak hartzea eta bideratzea erakunde publiko zein pribatuen aurrean, baita, beharrezkoa balitz, bide judizialera joaz ere; hizkuntza-eskubideen egoeraren azterketak eta txostenak egitea, gizarteari, Euskal Herriko administrazio erakundeei eta nazioartekoei aurkeztea; hizkuntza-eskubideen edukiak sozializatzea; hizkuntza-eskubideekiko kontzientzia eta sentiberatasuna lantzea; hizkuntzaren presentzia soziala bermatzen saiatzea.

  25. Alfredo Galan
    2012(e)ko azaroaren 10a 17:31(e)tan | #25


    Euskara herri-administrazioetan

    ___________________________________________________________

    Euskararen erabilera normalizatzeko prozesua apirilaren 15eko 86/1997 dekretuak arautzen du. Dekretuaren menpe dauden erakundeak honako hauek dira:

    – EAEko administrazio orokorra eta bere erakunde autonomoak
    – Herri kontuen euskal eaitegia
    – Lan harremanen kontseilua
    – Foru eta toki administrazioak eta bere erakunde autonomoak
    – Eta abar.

    Euskararen erabilera normalizatzeko proiektuak egin direnetik gaur egunera arte, ikus daiteke euskararen egoerak orokorrean eta herri administrazioan zehazki hobera egin duela.

    2010ean Eusko Jaurlaritzako lanpostuen %44.3k dute derrigortasun data. Lanpostuen jabe diren langileen %46.3k egiaztatuta dute euren lanpostuari dagokion euskara maila. Ezer egiaztatu ez dutenak %3.8 dira, %3.9k bere lanpostuari dagokion maila baino 1, 2 edo 3 gutxiago dute. Titularren %4.9 salbuetsita dago.

    Foru diputazioen egoerari begiratuz gero, egoera ondorengoa da: lanpostuen %57.8k egiaztatuta dute euren lanpostuari dagokion hizkuntza maila. Ezer egiaztatu ez dutenak, %4.3 da. %5.5ek beraien lanpostuari dagokion maila baino 1, 2 edo 3 gutxiago dute. Titularren %7.8 salbuetsita dago. Aipagarria da Gipuzkoak duela betetze maila altuena(%61.5) eta Arabak du maila baxuena(%51.6).

    Udaletan derrigortasun data duten lanpostuen %52.6k. Lanpostuen jabe diren langileen % 56.7k dute hizkuntza maila egokia. %5.6ak ez du ezer egiaztatu.

    Euskararen egoerak hobera egin du, 1997tik hona, dekretua eman zenetik, baina datuek berek erakusten dutenez, oraindik asko gelditzen da hobetzeko administrazioan, ez hainbeste euskararen ezagutzari dagokionez, baizik eta euskararen erabilerari dagokionez gehienbat.

  26. Joana Andreu
    2012(e)ko azaroaren 10a 06:52(e)tan | #26


    Justizia administrazioan euskaraz aritzeko eskubideari buruz

    ___________________________________________________________

    Nahiz eta urteen joan etorrian euskarak indarra hartu, oraindik ere, Euskal autonomia erkidegoan euskararen erabilera murritza da Administrazio Sailari dagokionez. Gure autonomia-erkidegoan bi hizkuntzen erabilera bermatzen zaigu, gizabanako bakoitzak bere hizkuntzan jorratzeko eskubidea baitu; horregatik EAEko hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelera dira.

    Hizkuntzen koofizialtasun honek dakarzkigu zailtasunak, gaztelerak baitu indar handiena euskal administrazioaren gaien egikaritzan. Justizia Administrazioa gizabanakoak bere eskubideak eta berari dagokiona eskatzeko duen baliabiderik boteretsuena da eta ondorioz, gure eguneroko bizitzetan behar-beharreko organoa dela esan beharra dugu. Agian, horren garrantzitsua izateagatik uste dugu gai hauetan euskara erabilita ez duela indar juridiko loteslerik izango, baina ez da horrela: euskaraz zein erdaraz efektu juridiko berberak sortzen dira. Ikus dezagun hau argiago:

    Lehendabizi jakin behar dugu Espainiar estatuak hizkuntza eskubidea aurrezagutzen digula; honen bermea Estatuak berak sinaturiko legeetan eta hitzarmen batzuetan ikus dezakegularik. Lege eta hitzarmen horiek indarrean daude eta ondorioz aplikagarriak zaizkigu Euskal Autonomia Erkidegoan; eta Espainiar Gobernuak errespetatu egin beharko ditu. Zentzu berean arautzen dute 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmenak; 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Hitzarmenak; 1992ko Gutxiengo Nazional, Etniko, Erlijioso eta Linguistikoetako kide diren pertsonen eskubideen gaineko Adierazpenak; Kultur aniztasunaren gaineko UNESCOren Adierazpenak; eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak.

    Honako lege eta hitzarmen hauek dira Euskal Administrazioan euskararen erabilera bermatzen duten arau eta eskubideak:
    • Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 2. artikuluak hauxe dio: “Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko (…) hizkuntza, (…) edo beste inolako gorabeheragatik”.
    • Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuko 6. artikuluak hauxe dio: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea (…) Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko”.
    • Espainiako Konstituzioko 3.2. artikuluak hala dio: “Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz”.
    • Espainiako Konstituzioko 9.2. artikuluak hauxe dio: “Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomi-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere”.
    • Espainiako Konstituzioko 10.2. artikuluak hala dio: “Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak interpretatzeko, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bai eta gai berberen inguruan Espainiak berretsi dituen nazioarteko tratatuak eta itunak ere”.
    • Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak holakoa dio: “Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta”.
    • Espainiako Konstituzioko 24.1. artikuluak hauxe dio: “Gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabetasunik gerta”.
    • Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Itunak garrantzi berezia du eta horregatik nabarmendu beharrekoa da, zuzenean aplikatu beharreko zuzenbidea baita Espainian, 2001 urtetik hona, 2001eko irailaren 15ean argitaratu baitzuen Estatuko Aldizkari Ofizialak Itunaren berrespen tresna. Eta berrespen tresna horretan berariaz jasotzen da Espainiako Erresumak Itunaren 9.1. artikulua bere osotasunean onartzen duela: “jurisdikzio-organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzeko”.

    Horiek horrela, euskara hizkuntza ofiziala bada EAEn, botere publikoek beraien jarduera ofizialetan eta herritarrekiko harremanetan euskaraz jardun beharko dute, interesatuek euskaraz jardutea erabaki badute eta hori gauzatzeko beharrezko baliabideak daudenean. Euskaldunok gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea daukagu, baina normalizazio prozesua oso makal dabil eta honek euskara beheragoko maila batean kokatzea dakar, ez baitago guztiz garaturik Administrazioko arlo guztietan, eta ondorioz, nahiz eta interesatuek euskaraz egin nahi, ezin izango dute baliabide faltengatik edo testuen ulermen zailtasunagatik. Hau horrela izanik, Botere Judizialaren 231.artikuluak honako hau dio:

     Jardun judizial guztietan epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta epaitegietako eta auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania erabiliko dute, Estatuko hizkuntza ofiziala.
     Jardun judizial guztietan epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta epaitegietako eta auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania erabiliko dute, Estatuko hizkuntza ofiziala.
     Alderdiek, beren ordezkariek eta zuzentzen dituztenek, baita lekukoek eta adituek ere, jardun judizialak gauzatu behar dituzten lurraldeko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofiziala erabil dezakete, bai ahozko adierazpenetan baita idatzizkoetan ere.
     Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean gauzatutako jardun judizialek eta aurkeztutako agiriek erabateko baliozkotasuna eta eraginkortasuna izango dute, gaztelaniara itzuli beharrik gabe. Jardun judizial eta agiri horiek ofizioz itzuliko dira Autonomia Erkidegotik kanpo dauden organo judizialetan ondoreak sortu behar dituztenean, salbu eta hizkuntza ofizial bera duten Autonomia Erkidegoak badira. Era berean, itzuli egingo dira legeetan horrela ezartzen denean edo defentsa-gabezia alegatzen duen alderdiak hala eskatzen duenean.
     Ahozko jardunetan, interprete-lanak egiteko gaitzat jo dezake epaileak edo auzitegiak erabiliko den hizkuntza ezagutzen duen edonor, pertsona horrek aldez aurretik zin egin edo hitzeman ondoren.

    Ikusten denez, artikulu honek xedatzen du erdara izango dela Justizia Administrazioan erabiliko den hizkuntza ofiziala eta Autonomia-erkidegoetan beraien hizkuntza erabili dezaketela baldintza batzuk ematen badira. Artikulu honi kritika egin beharko genioke, artikuluak berak diolako bi alderdiek, nahi izanez gero, euskaraz aurrera eraman daitekeela prozesu oso bat; baina alderdietako batek ez balu nahi euskaraz egin, erdaraz egin beharko litzateke prozesua bestela babesgabetasunean eroriko litzateke bere hizkuntza ofizialean egin ezin duen alderdia.
    Hau guztia aztertuta euskara Justizia Sailean indartsu agertu daitekeela ikusi dezakegu, guztion eskubideak bermatuta eta besteenak errespetatuz. Orain euskara bultzatzea soilik falta zaigu, gogoz hartu beharreko aurrera pausua. Jada efektu batzuk ikus ditzakegu Euskal Gobernuaren aldetik, 174/2010 dekretuarekin, ekainaren 29koa, EAEko Justizia Administrazioko Hizkuntz-Normalkuntzari buruzkoa, honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen koofizialtasun erregimena praktikara eramatea da, Justizia Administrazioarekin harremanetan dagoen edozein herritarrek euskaraz nahiz gazteleraz egiteko aukera izan dezan. Dekretuak euskararen erabilera sustatu nahi du eremu judizialean jarduteko hizkuntza bezala. Horretarako 10 urtetan Justizian lanpostuen %35 lanpostu hizkuntzaren arabera eskakizun berezikoak izatea ezarri da, eta lanpostu horiek zehazteko, lehentasunezkoak diren eskualdeak zehaztea eskatzen da Dekretuan. Dekretuko 3. artikuluan, besteak beste, ondorengo neurri hauek aipatzen dira:

    • Lanpostu jakin batzuk lanpostu berezi gisa sailkatzea.
    • Unitateak katalogatzea.
    • Euskaran trebatzeko ikastaroen eskaintza arautzea.
    • Euskara erabiltzeko programak arautzea .
    • Lantalde elebidunak funtzionalki eratzea.

    Justizia Administrazioak, horrela, arreta handiagoa jarri behar du herritarrekiko dituen harremanetan, baita hizkuntza-eskubideen inguruan ere; ezinbestekoa da Justizia Administrazioak bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eta erabiltzeko gai izatea, herritarrari, bere eskubidearen egikaritzan aukeratutako hizkuntza edozein delarik ere, behar duen erantzuna eman dakion. Egia da euskaldunok Justizia Administrazioarengana jotzen dugunean erabiltzen dugun hizkuntza erdara dela, eta euskara erabiltzea burutik pasa ere ez zaigula egiten. Hau euskararen normalizaziorako arazo izan daiteke eta horregatik erabili behar dugun lehendabiziko hizkuntza geurea izan behar da, eta agian harrituta geratuko gara zenbat pertsonek dakiten, hobeto edo txarrago, euskaraz erantzuten. Ez al da hobeto izango menperatzen dugun hizkuntza batean geurea dena defendatzea?

  27. Ainhoa Fernandez
    2012(e)ko azaroaren 10a 05:54(e)tan | #27


    Soinugilearen etxean, guztiak dantzari!

    ___________________________________________________________

    Gogoeta honekin lortu nahi nuen helburua pentsatzen ari nintzelarik, hura bi bidetatik egitea bururatu zitzaidan. Lehenengoa, Euskarak herri-administrazioan duen egoera islatzen duten dokumentuetan adierazitako datuei buruzko gogoeta egitea zen eta, bigarrena, berriz, Administrazioa eta euskararen arteko esperientzia pertsonalari buruzkoa egitea. Azkenean, bigarren bide hau aukeratu nuen. Horretarako, euskararen diskriminaziozko-egoera agerian uzteko, gure EHUko Zuzenbide Fakultatean bertan bizi izandako bi gertakarien adibideak mahaigaineratu izan ditut.

    Atzo, 2012ko urriak 10ean, idazkaritzan aukera askeko kredituen amortizazioari buruzko dokumentuak betetzen ari nintzelarik, hauek erdaraz bakarrik idatzita zeudela ohartu nintzen, EHUren Estatutuen eta Euskararen Normalizazio Planaren (artikulua) aurka doana. Bestetik, Fakultateko atezainak, arestian aipatutako arau horien arabera ere, euskara ikasi ondoren, euskaraz mintzatzen saiatzen da. Zoritxarrez, berak euskaraz elkarrizketa hasi, eta euskarazko irakasle batzuren partetik erdarazko erantzuna jasotzen du. Agian, batzuentzan bi gertakari hauek anekdota hutsak baino ez dira, garrantzirik gabekoak. Baina Unibertsitatea herri-administrazioko gertuen dugun arloa da eta akatsak zuzentzeko ez dago autokritika baino ezer aberasgarriagorik.

    Hori horrela, testu honen helburua gure jarrera kritikoa sustatzea da, ez EHUk euskararen hedapenerako egindako lanari merezimendua kentzea, ezta gutxiago ere! Agerian baitago unibertsitateak esfortzu handia egin duela euskarari bultzada emateko eta, zehazkiago, Zuzenbide ikasketak euskaraz egin ahal izatea bermatzeko. Baina badago egiterik eta esaera zaharrak dioen moduan, “soinugilearen etxean, guztiak dantzari”.

  28. Xabier Etxaniz
    2012(e)ko azaroaren 5a 20:09(e)tan | #28


    Ezkorregia ote naiz?

    ___________________________________________________________

    Onartu behar dut aurreko idazkietan ezkor aurkeztu naizelaJustizia Sailean euskarak duen erabilera mailaren inguruan . Baina adi! Agian ez dut guztiz balioetsi gauden egoera,izan duguna eta izan daitekeena.

    Ez da ahaztu behar orain dela gutxi arte euskarak ez duela inolako tokirik izan administrazioan.Zenbat denbora behar da euskara babesteko plan bat egikaritu ahal izateko? Edo haren emaitzak ikusten hasi ahal izateko?

    Har dezagun adibidetzat IVAP.Erakunde honek hainbat ekimen jarri ditu martxan: lege- eta administrazio-testu historikoak argitaratu, prestakuntza-planak eskaini, kontsulta-baliabideak garatu…. Horrek guztiak esfortzu bat eskatzen du baina argi dago euskaraz aritu edota euskara ikasi nahi duenak baduela nora jo

    EHU ren liburutegian arlo guztietan euskarazko testuak urki ditzakegu. Ez dezagun ahaztu hori guztia langile batzuek duten interesa eta ekimenari zor zaiola.Hau da, egunero egiten den etengabeko jardun bati esker ari dela euskara aurrera egiten .

    Nahiz eta askotan euskara lur jota ikusi, edo beheak jota dagoela uste, horrelako ekimenek beste errealitate batean kokatzen gaituzte. Izan ere, hotxe ditugu euskarazk baliabideak; hori bai hauen berri zabaltzea eta berauek erabiltzea falta!

  29. Naiara de la Torre
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:23(e)tan | #29


    Euskararen normalizazio-egoera arlo juridikoan

    ___________________________________________________________

    Orain dela urte batzuk ez zen ohikoa euskararen ezagutza eskatzea administrazioan lan egiteko. Gaur egun, berriz, normala ez ezik, ia ezinbestekotzat jotzen da kasu askotan.

    Euskara normalizatzeko hainbat ahalegin egin dira urteetan zehar eta ahalegin horiei esker esparru berriak irabazi itu euskarak gizartean. Besteak beste, Euskara Biziberritzeko plangitza garatu da azken hamarraldian. Horren bidez, herritarren eskubideak bermatu nahi izan dira, gero eta elebidunagoa den gizarte honetan.

    Orain arte Hiru normalizazio-plangintza eraman dira aurrera administrazioi publikoan. Laugarren plangintzaren bidez orain arte egindakoa sendotu nahi da: ezagutzak garrantzia izango du baina baita ere hizkuntzaren erabilerak. Alegia, etapa berri honetan helburua Administrazioan bi hizkuntzen erabileran berdintasuneranzko pauso eraginkorrak ematea da.

    Arlo juridikoan euskararen normalkuntzarako aurrerapauso garrantzitsuenak Administrazioaren erregulazioan eman direla esan dezakegu. Aurrerapauso horietako batzuk hauek dira:

    • 1978ko Konstituzioan, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskubideak bermatzeko oinarriak ezarri ziren.
    • EAEko Autonomia Estatutuan, gaztelaniaren eta euskararen koofizialtasuna ezarri zen.
    • Euskal Autonomia Erkidegoak 10/1982 Legea onartu zuen euskararen erabileraren normalizazioa lortzeko helburuarekin. Lege honekin, hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkie herritarrei, eta horiek bermatzeko administrazioaren eginbeharrak ezartzen ditu.
    • Botere Judizialaren Lege Organikoak honako hau esaten du:
    o Jardun judizialetako hizkuntzaren ofizialtasuna zehazten du hizkuntza ofizial propioa duten Autonomia Erkidegoetako organo judizialetan.
    o Karrera judizialeko kideei erreserbatutako lanpostuak betetzeko merezimendutzat joko da hizkuntza ofizial propio jakitea.
    o Zuzenbide Zibil berezia edo forala eta hizkuntza ofizial propioa duten Autonomia Erkidegoetako Auzitegi nagusietako eta Probintzia-auzitegietako lehendakarien lanpostuak betetzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak merezimendutzat hartuko ditu Zuzenbide Zibil Berezia edo Forala ezagutzea eta Autonomia Erkidego horretako hizkuntza jakitea.
    • 174/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen koofizialtasun erregimena praktikara eramatea du helburu, Justizia Administrazioarekin harremanetan dagoen edozein herritarrek euskaraz nahiz gazteleraz egiteko aukera izan dezan.

    Beraz, euskara juridikoaren normalizazio prozesuan urteetan zehar aurrerapauso handiak lortu ditugun arren, oraindik bide luzea dago egiteko.

    Normalizazio prozesu horren helburua edozein herritarrek epaitegietan euskaraz egiteko ahalmena izatea edo Justizia Administrazioarekin izan dezaketen edozein harremanetan euskaraz aritzeko eskubidea izatea da, baina helburu hori ez dago guztiz hedatuta Euskal Herrian.

    Prozesu honetan parte hartzen duten erakundeak asko dira, baina gehienetan ahazten dugu gu garela prozesu horren beste parte hartzaile garrantzitsu bat, eta hori ez genuke ahaztu behar. Horregatik, gure eskubidea denez bizitzako hainbat eremutan eta batez ere, eremu juridikoan, euskaraz hitz egin beharko genuke.

Iruzkinen orrialdeak
  1. Momentuz aipurik ez.