Euskararen garabideak

2016(e)ko abenduaren 22a

Euskara administrazioan eta arlo juridikoan normalizatzeko ahaleginean, hainbat talde eta erakunde nabarmendu dira. Haien ekarpenari esker, nekez egingo zituen  euskarak azken 30 urteoan alor hauetan egin dituen urratsak alor . Zein dira erakunde eta talde horiek? Zer nolako ekarpena egin diote euskara juridiko-administratiboaren garapenari? Galdera horri erantzuten saiatu dira Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasleak eta hona haien ikerketaren emaitza:

Eragile horiek ahalegin handia egin dute euskara juridikoaren corpusa zabaltzeko eta osatzeko. Ahalegin horri esker ugariak dira gaur egun euskaraz eskuragarri ditugun testuak eta baliabideak: administrazioko eta alor juridikoko profesionalak euskalduntzeko materialak; lege-testu eta epaitegietako inprimaki elebidunak; zabalkunde materialak; hiztegi eta glosategi espezializatuak; estilo-liburuak; eta abar. Horrela, bada, zer material ditugu Zuzenbidearen eta Administrazioaren alor ezberdinetan? Non eskura daitezke baliabide horiek? Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoko ikasleak saiatu dira galdera horiei erantzuten. Hona hemen egin duten lanaren emaitza:

  1. E. Arruti, L. Gurrutxaga, J. Zarautz eta M. Belloso
    2014(e)ko urtarrilaren 22a 14:45(e)tan | #1


    Lan eta enpresa zuzenbidearen alorreko baliabideak euskaraz

    ___________________________________________________________

    Azken urteotan ahalegin handia egin da euskararen normalizazio prozesua zuzenbidearen eremu ezberdinetara heldu dadin. Euskara hizkuntza ofiziala dela kontutan harturik, herritarrek eskubidea dute bizitzako esparru guztietan euskaraz aritzeko. Zuzenbidean euskarak izan duen garapena handia izan da, baina hala ere eremu batzuetan oraindik asko dago egiteko. Bestetan aldiz, Lan eta Enpresa Zuzenbidearen alorrean esaterako, euskaraz jarduteko hainbat hizkuntza-baliabide daude prest sarean:

    LEGE-TESTUAK
    • Lan Zuzenbideko legeria
    • Lan Arloko Prozeduraren Legea
    • Lan Arloko Prozeduraren Legearen aldaketak
    • Enpleguari buruzko Legea
    • Merkataritzako sozietateen legeria
    • Kontsumoari buruzko legeak
    • Konkurtso legeria

    HIZTEGIAK
    • Lan Zuzenbideko Hiztegia
    • Merkataritzako sozietateen legeariari buruzko berbategia
    • Lan Zuzenbideko Legeriaren berbategia

    AGIRI-EREDUAK
    • Enpresa Euskaldunduz: fitxa juridikoen eskuliburua
    • EUSKARAZ.NET: Lanerako Idazkiak
    • MERKATARI.NET: Merkataritzako idazkiak
    • Agiriak.net web ataria
    • LANHITZ: agiri soziolaboralak
    • LANBIDE: dokumentu soziolaboralak
    • LAB: Gizarte arloko jurisdikzioan erabiltzen diren hainbat ereduren bilduma elebiduna

    Aipatutako zerrendarekin, garbi geratzen da lan eta enpresa alorrean euskara hutsean aritu nahi dutenek tresna eta baliabide ugari dituztela. Alde batetik, hainbat lege testu ditugu jada euskaratuta, baina zuzenbidearen eremuan lege erreformak etengabe egiten eta onartzen dira, lehendik daudenak baztertuz. Horregatik, komenigarria izango litzateke web atari bat sortzea eta bertan indarrean dauden lege guztiak eguneratuta azaltzea.

    Gaztelerazko Noticias Juridicas atariak eskaintzen duen zerbitzu bera euskaraz eskainiko duen atari batek hutsune hori bete lezake eta era berean segurtasuna emango lieke zuzenbidearen inguruan aritzen diren langile eta enpresei. Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak esaterako batiduzte beraien web-orrian hainbat lege dokumentu euskaratuta, baina ez da batere erraza horiek topatzea.

    Nire ustez beste aurrerapausu bat eman beharko litzateke eta esan dudan bezala lege guztiak bateratuta azalduko duen web-orri baten beharra ikusten dut. Agirien kasuan ere gauza bera egin liteke.

    Laburbilduz, lan eta enpresa zuzenbidearekin lotutako eduki euskaratuak bateratuko dituen webgune baten beharra ikusten da, maiz eguneratuko dena, eta zuzenbidearen inguruan aritzen diren langile eta enpresei euskaraz argitaratutako eduki guztiak modu seguru eta errazean eskainiko diena.

  2. Endika Lopez de Munain
    2014(e)ko urtarrilaren 11a 16:59(e)tan | #2


    Euskara Juridikoak, gero eta baliabide gehiago

    ___________________________________________________________

    Testu honetan euskararen erabilera arlo juridikoan eta administrazioan sustatzen duten hainbat erakundek egin duten lanaren berri emango dut: Deustuko unibertsitatea, UPV/EHU eta IVAP.

    Lehenik eta behin Deustuko Unibertsitateari buruz hitz egingo dut. Erakunde honek arlo juridikoetan euskaraz dihardugunoi lan asko aurreratu eta errazten digu, izan ere, bere egiteko nagusienetakoa testu liburuen eta kodeen itzulpengintza baita. Adibidetzat, Kode Zibila edo Zigor Kodea ditugu, instituzio honek eginak. Horrez gain erakunde honek hitzarmenak sinatu ditu Euskaltzaindiarekin, euskararen eta euskal kulturaren arloan lankidetza proiektuak eta ikerketak bultzatzeko. Beraz, argi eta garbi ikusi dezakegu Deustuko Unibertsitatearen helburuetariko bat euskara zuzenbide arloan normalizatzea izan dela.

    Bestalde, beste unibertsitate bat aipatuko dut, kasu honetan Euskal Herriko Unibertsitatea. Bertan zuzenbideko ikasketak euskaraz egiteko aukera nahiko berandu iritsi zen, 1999 urtera arte itxaron behar izan baitzen. Hala eta guztiz ere, 80eko hamarkadan zenbait irakasgai euskaraz ikasteko aukera zegoen eta euskararen normalizazioaren hastapenak (arlo juridikoan) garai horretan kokatu daitezke. Gaur egun gainera, Zuzenbidea zein Kriminologia euskaraz egin daitezke. Ez hori bakarrik, izan ere, Abokatutza Masterra euskaraz egiteko aukera ere badago bertan. Erakunde honetan bereziki garrantzitsua iruditzen zait Euskara Juridikoaren Ataria aipatzea. Bere helburua gizarteak zuzenbidearen edozein baliabide (legeak, ikasmaterialak, zuzenbide corpusak…) euskaraz eskuragarri izatea da. Bertan arlo juridikoarekin zerikusia duen zenbait baliabide euskaraz eskuratzeko aukera daukagu inolako zailtasunik gabe, eta hau zalantzarik gabe zuzenbidea euskaraz ikasten dugunoi oso lagungarria zaigu. Gainera UPV/EHUk administrazio alorrean euskara bultzatzeko, AZPIDAZKI izeneko baliabide sortu du. Administrazio dokumentuak euskaraz modu egokian idazteko eta esaldiak euskaraz ondo idazteko oso lagungarria da.

    Azkenik IVAP erakundearen berri emango dut. IVAPen web orrian estilo liburuak, legeria euskeraz, idazki ereduak… daude eskuragarri. Azken finean IVAPen besteak beste ondorengo hauek aurkitu ditzakegu: administrazioan euskara bultzatzeko baliabideak, testuak euskaraz modu egokian idazteko baliabideak…

    Honekin esan nahi dudana da, gaur egun, baliabide dezente ditugula arlo juridikoan euskaraz idazteko. Nire ustez 80ko hamarkadan arrunta zen testu juridiko bat, adibidez, zuzenbideko ikasle batek modu desegokian idaztea, ez baitzeuden gaur egun ditugun baliabideak. Honek ez du esan nahi zuzenbide arloan euskara erabat finkatuta dagoenik, baina, geroz eta aurrerapauso gehiago ematen dira helburu hori lortzearren.

  3. JOSEBA ANDONI EZEIZA RAMOS
    2014(e)ko urtarrilaren 10a 16:58(e)tan | #3


    Teknologia eta garapena, biak batera

    ___________________________________________________________

    Laguntzen al diote teknologia berriek garapenari? Erabiltzen dituzte herritarrek teknologia berri hauek informazioa lortzeko? Normalean, jendeak ez du internet erabiltzen informazio mota hau bilatzeko; normalean, teknologiak soilik erabiltzen dira aisiarako eta ez gauza garrantsitzuak egiteko.

    Beste aldetik, gure eskura daukagun informazioa ez da lehen bezala. Aitzinean dena paperean idatzia zegoen eta gauzak bilatzeko denbora pila eduki behar zen. Hauxe asko aldatu da, orain interneten bidez hainbat web-orri aurki ditzakezu informazioz beteak, eta informazio hori askoz errazago aurki dezakezu; zeren eta, sailkatuta ematen da, aurkibideekin, etab.

    Ziurrenik, internetek eskura ditugun web-orrialdeen informazioa beste mendean esku genuela, baina ez zen hain arina eta normalean jendeak ez zekien nora joan behar zen informazio hau bilatzeko.

    Informazio oso erabilgarria daukagu; hala nola, hiztegiak (orain nahi duzun hiztegia eduki ahal duzu zeure ordenagailuan eta denbora asko ez daramatzazu hitz bat bilatzea), ondo idazteko zenbait aholku, zuzenbideari buruzko zenbait informazio erabilgarri (corpusak, lege-testuak, estilo liburuak…), etab.

    Baina ez dira bakarrik ortografia edo horrelakorik ematen; beste informazio oso garrantzitsua ere badaukagu geure eskura; adibidez, legeak (normalean gazteleraz idatzita daude, baina zenbait orrialdetan euskaraz ikus ditzakezu); edo euskaldunen eskubideak (jende arruntak ez daki zeintzuk diren euren eskubideak adibidez poliziaren aurrean hainbat baliabide daude eskubide hauek ezagutzeko; hala nola, Eusko Jaurlaritzaren ELEBIDErena, Euskaltzaindiak argitaratutako Hizkuntza-zuzenbidea izeneko lege-bilduma etab.).

    Amaitzeko, esan nahi dudana da informazio asko daukagula geure eskura, eta ez dugula erabiltzen behar den bezala edo behar denean, askotan ez jakiteagatik eta besteetan ez dugulako nahi; eta hau aldatu behar da.

  4. O. Zubiola eta A. Encinas
    2012(e)ko abenduaren 11a 19:45(e)tan | #4


    Polizia-gaien inguruko baliabideak euskaraz

    ___________________________________________________________

    Azken urteotan Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten hiru probintziek, euskara zabaltzeko asmoarekin, hainbat programa bultzatu dituzte alor ezberdinetan. Horren eredu dugu, Euskal Herriko poliziek izan dituzten eraldaketak, hizkuntzari dagokionez hain zuzen ere. Ertzaintzak adibidez, bere web gunea (www.ertzaintza.net) elebitan eskaintzen du. Horrela, erdaraz nahiz euskaraz azaltzen zaizkigu egungo berriak, ikastaroak, hautaketa prozedura gainditzeko oinarriak, segurtasunari buruzko aholkuak, trafikoaren egoera edo genero indarkeria jasan duten emakumeentzako eskubideen zerrenda eta arreta eskaintza.

    Bestalde, duela gutxi Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskal Poliziaren Eskuliburua argitaratu du, polizia profesional guztientzat, bai Ertzaintzakoentzat, bai Euskadiko udal kidegoetakoentzat ere; bertan Arkauteko esperientzia didaktiko guztia jaso da, polizia prestakuntzako alderdi guztietan. Lana zortzi liburukitan kaleratu da.

    Bestetik, poliziaren arloko lexikoa ezagutu nahi dutenentzat, web gune hauek daude sortzen zaizkien zalantzak argitzeko:

    Zirkulazio hiztegia
    http://tinyurl.com/zirkulazioa
    Delituen zerrenda
    http://www.justizia.net/uzei/idazki/1587/1587_15.html
    Polizia Hiztegia
    http://tinyurl.com/polizia-hiztegia

    Horrez guztiaz gain, trafiko arloan egiten diren arau-hausteak eta hauek dakartzaten diru-isunak eta gidabaimeneko puntuen zenbatekoa eta antzekoak, ondorengo web orrian kontsulta daiteke euskaraz: http://www.trafikoa.net/

    Salaketa bat aurkezteko momentuan web-ak aukera bat baino gehiago eskaintzen du; izan ere, Ertzaintzak nahiz Udaletxeak salaketa mota hau euskaraz egitea bermatzen dute bi gune hauetan, besteak beste: http://tinyurl.com/salaketak etahttp://tinyurl.com/salaketak2.

    Ikusten denez, zerbitzu ugari eskaintzen zaizkigu euskaraz. Horrelako baliabideak egotea benetan garrantzitsua da bakoitzak nahi duen hizkuntza erabil dezan.

  5. Ainara Artaza
    2012(e)ko azaroaren 21a 16:21(e)tan | #5


    Zuzenbide Zibileko hainbat baliabide sarean

    ___________________________________________________________

    Legearekin egunero jarduten duten profesionalek hutsune nabariak igarri dituzte urteetan zehar: ez zegoen euskaraz lege idatzirik! Beraz, beharrezkotzat jotzen hasi ziren euskarara itzulita zeuden legeak eskaintzeko baliabideak aurreikustea. Ondorioz, Deustuko Unibertsitateak, Justizia Administrazioak… hainbat lege eskaintzen hasi ziren, interneteko sarean aurki daitezkeenak. Nire lana Zuzenbide Zibileko lege testuak aztertzea da, eta ondoren ikusiko dugun moduan, hainbat lege itzuli dira euskarara, hainbat profesionali laguntza eman zaie. Hauek lirateke Zuzenbide Zibileko eta internet sarean dauden lege testu euskaratuak:

    – LEGE TESTUAK:
    o 1889. urteko Kode Zibila, uztailaren 24koa.
    o 1888ko maiatzaren 11ko Oinarri-Legea. Kode Zibila: aurrekariak
    o 13/2005 Legea, Kode Zibila aldaraztekoa, ezkontzeko eskubidearen arloan.
    o 15/2005 Legea, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldaraztekoa, banantze eta dibortzioaren arloan.
    o 1957ko ekainaren 8koa. Erregistro Zibilaren Legea.
    (2004ko martxoaren 31n eguneratua)
    o 1958ko azaroaren 14ko Dekretua. Erregistro Zibilaren Erregelamendua.
    (2004ko martxoaren 31n eguneratua)
    o 1/1973 Legea. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila.
    (2005eko uztailaren 1ean eguneratua)
    o 29/1994 Legea, Hiri-errentamenduena.
    (2004ko uztailaren 31n eguneratua)
    o 49/2003 Legea, Landa-errentamenduena.
    (2004ko uztailaren 31n eguneratua)
    o 42/1998 Legea, Turismo Erabilerako Ondasun Higiezinen Txandakako Aprobetxamendu – eskubideena eta Zerga-Arauena.
    (2004ko uztailaren 31n eguneratua)
    o 49/1960 Legea, Jabetza Horizontalarena.
    (2004ko uztailaren 31n eguneratua)
    o Uztailaren 1eko 3/1992 Legea, Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzkoa
    o 2/2003 Legea, maiatzaren 7koa, Izatezko Bikoteak arautzekoa
    o Bizkaiko eta Arabako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumari buruzko uztailaren 30eko 1959/32. Legea
    o Epailaren 18ko 6/1988 Legea, Foruzko Herri-Legea zati baten aldatzezkoa
    o Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen Aurreproiektua
    o Euskal Lege Zibilaren Proposamen berria

    – IKAS MATERIALAK:
    o Zuzenbide Zibila I. (UPV/EHU)
    o Zuzenbide Zibila: obligazio-zuzenbide eta erantzukizun zibila. (UPV/EHU)
    o Zuzenbide Zibila III (Betebeharren zuzenbide, erantzukizun zibila eta kontratuen teoria) (UPV/EHU)
    o Zuzenbide Zibileko ikasgaiak. Pertsona. (UPV/EHU)
    o Oinordetza Zuzenbidea. (UPV/EHU)
    o Euskal Zuzenbide Zibila. (UPV/EHU)
    o Euskal Zuzenbide Zibilaren oinarriak. (UPV/EHU)
    o Eskubide Errealak. (UPV/EHU)
    o Familia Zuzenbidea. (UPV/EHU)
    o Ondasun Zuzenbidea. (UPV/EHU)
    o Zuzenbide Zibilaren eskuliburua (Deustoko Unibertsitatea)

    – AGIRI EREDUAK:
    o Abokatuei zuzendurikoak:
     Demanda idazkia
     Adostasun gabeko dibortzioko demanda
     Eskaera Bateratua
     Erantzuna eta errekonbentzioa
     Hitzarmen erregulatzailea

    o Epaitegietakoak:
     Abizenak euskaraz jartzeko eskaera
     Izena aldatzeko eskaera
     Heriotzari buruzko ezezko eginbidea
     Zibilez ezkontzeko baimen-eskaera
     (…)

    o Bizkaiko Foru Zibila:
     Agerraldia
     Foru-saka eta ondasun tronkalak lehenespenez eskuratzeko eskubideak
     “Hilburuko! Testamentua protokoloan jasotzea
     Testamentu mankomunatua
     Testamentu-ahalordea eta komisario bidezko testamentua
     Senipartea eta bazterketa
     Testamenturik gabeko oinordetza
     Dohaintzak
     Oinordetza-itunak
     Ezkontzako itunak eta ezkontzaren araubide ekonomikoa
     Herentzia
     Bide zorra Bizkaian Arabako Foru Zibila:
     Llaudio eta Aramaio: Agerraldia
     Aiara: Agerraldia, botere osoko gozamenduna izendatzea, senipartedunak baztertuz eta jaraunslea izendatzea, senipartedunak baztertuz.
    o Gipuzkoako Foru Zibila:
     Agerraldia
     Testamentua eta jaraunsle-izendapena (testu tradizionala)
     Testamentu-ahalordea eta komisario bidezko testamentua
     Testamentu mankomunatua
     Senipartea eta baserriaren gaineko oinordetza antolatzea
     Oinordetza-ituna eta baserriaren gaineko antolaketa
     Ezkontzako itunak (testu tradizionala)
    o Auzotartasun zibila:
     Idazkiaren eredua, ezkontzaren ondorioz auzotasun zibila aldatzeko eskaerarena
     Idazkiaren eredua, egoitza aldatzearen ondorioz, egoitza berriari dagokion auzotasun zibila eskatzekoa
    o Izatezko bikoteak:
     Izatezko bikotea eratu baino lehenagoko itunak
     Izatezko bikotekideen testamentu mankomunatua, bizkaitar forudunak direnean
     Bizkaitar forudunak bere kabuz izatezko bikotekideari emandako testamentu-ahalordea, aurreneurrizko testamentua jasota
    – HIZTEGIAK:
    o Kode Zibilaren berbategia
    o Txandakako Aprobetxamendu-eskubideen berbategia
    o Nafarroako Foru Berriaren berbategia
    o Jabetza Horizontalaren Legeko berbategia
    o Hiri-errentamenduen Legeko berbategia
    o Landa-errentamenduen legeko berbategia
    o Hipoteka-legeriaren berbategia
    o Erregistro Zibilaren Lege nahiz Erregelamenduko berbategia
    o Zuzenbide Zibileko berbategia

    Ikus dezakegunez, Zuzenbide Zibilaren arloko dokumentuen oso zerrenda luze baten aurrean gaude (testuak, agiriak…). Lan izugarria egin ostean, eta esfortzu hori eskertzekoa da, hainbat pertsonari lan asko kentzeko aukera eskaintzen zaie. Adibide xume bat jartzearren, abokatu batek demanda bat euskaraz tarteratu nahi izanez gero, demanda hori euskaratzen hasi beharrean, internet sarean berta aurki dezake.

  6. Joana Andreu
    2012(e)ko azaroaren 21a 06:37(e)tan | #6


    Euskara juridikoaren eragileak

    ___________________________________________________________

    Azken urteetan, euskararen normalizazioa Euskal Administrazioan, Epaitegietan eta Ertzaintzan oso nabaria izan da, batez ere ahalegin handiak egin dituztelako hainbat talde edo erakundek. Nik talde horiek egindako lanaren balorazio pertsonala egingo dut.
    Lehenik eta behin, unibertsitateak aipatu nahi ditut. EHUk eta Deustuko Unibertsitateak ekarpen handia egin dute legediak euskaratzeko eta hizkera juridikoa garatzeko. Unibertsitateek beraien argitaletxeen bidez guztien esku jartzen dituzte mota askotako baliabideak, legeetatik hasi eta eskuliburuak ere barne. Lan horiek guztiak zoriondu beharrekoak dira; izan ere, bikainak dira eta euskara ulergarrian idatzirik daude. Bai EHUko bai Deustuko Unibertsitateko web-orrialdeetan aurkitu daitezke bilduma horiek guztiak.

    Unibertsitateekin batera, UZEI izan da euskara juridikoa garatzen ahalegin iraunkorra egin duten beste eragile nagusienetako bat. UZEI taldeak gure eskura jartzen ditu zuzenbide hiztegi eta testu liburuak; EUSKALTERM baliabidea ere oso interesgarria zaigu, terminologia banku publikoak beste hizkuntzetako hitzak euskarazko baliokidean ematen digulako hainbat adibide eskainiz. Gainera, abokatuen eta epaitegietako inprimakiak ere prestatu dituzte UZEIn; baita bertako itzulpen-memoriak eta auzitegietako lexikoa ere. Ageriko denez, UZEIk lan handia burutzen duela euskararen normalizazio prozesuan, txalotzekoa benetan. UZEI taldeak parte hartzen du Justizia Sailaren Euskara Batzordean.

    Aipatu beharreko beste erakunde bat IVAP/IZO da, zeinak lan oso zabalak burutzen dituen: Legediak euskaraz, hiztegia eta terminologia, estilo liburuak,… Gainera, aldizkari bat ere argitaratzen du, non Administrazioko langileei zuzendutako informazio interesgarria ematen duten. IVAP/IZOk administrazioko testu eta inprimakiak ere jorratzen ditu. Honetaz aparte, kontsulta-tresna baliagarria eskaintzen dute, DUDANET izenekoa. DUDANET edonork erabili dezakeen kontsulta-gunea da, zeinaren bidez zalantzak argi daitezkeen. Zalantza horiek edozelakoak izan daitezke, beti ere administrazioko z zuzenbideko hizkera zein estilorekin zerikusia baldin badute. Kontsultak internet bidez egiten dira, eta interneten bertan eskegitzen dituzte IVAP/IZOko arduradunek.

    Eusko Legebiltzarrak eta Foru Aldundiak ere EAEko legeak eskaintzen dituzte euskaraz; baita Legebiltzarraren dokumentazio guztia ere. Eusko Legebiltzarrak, bestalde, bere web-orrialdetan hiztegi bat eta estilo liburu bat ditu eskuragarri.. Aldiz, Nafarroako Legebiltzarrak lege testuak soilik eskaintzen ditu euskaraz, bestelako guztia (dokumentazioa, ereduak,…) gazteleraz baino ez ditu eskaintzen. Udaletako dokumentazioa ere eskuragarri dago EUDELen eta EUMAren web-orrialdeetan gehienbat.

    Baina erakunde publikoez gain, badira hainbat enpresa eta fundazio batzuk -ARTEZ, EMUN eta ELHUYAR, besteak beste- alor honetan lanean dihardutenak. Erakunde horiek hiztegiak, web-orriak eta idazkien ereduak garatu dituzte Horrez gain, euskararen zabalkunderako estrategiak ematen dituzte, enpresetan eta lantokietan euskarak indarra hartu dezan, Epaitegietan, besteak beste. Haiekin elkarlanean, HABEk hainbat material garatu ditu epaitegietako langileak euskalduntzeko.

    Ageriko denez, asko dira euskara juridikoaren normalizazio prozesuan esku hartzen duten eragileak, eta asko dira, halaber, euskaldunen eskura jartzen dituzten baliabideak. Tresna horiek guztiak oso baliagarriak dira Zuzenbidearen eta Administrazioaren eguneroko jardunerako, eta oso erabilgarriak alor horietan lanean dauden pertsonentzat, oso-osoak baitira. Horregatik, ekarpen hauek guztiak eskertzekoak dira, zalantzarik; euskara arlo juridikoan eta administrazioan erabiltzeko ezinbesteko baitira.

  7. Ainhoa Fernandez
    2012(e)ko azaroaren 14a 10:48(e)tan | #7


    Euskararen corpusaren garapena zuzenbidearen arloan

    ___________________________________________________________

    Zuzenbidea euskarazko corpus sendoa izatea oso garrantzitsua da, funtsekoza baita euskarak Administrazioan eta Justizian dagokion aintzatespena irabaz dezan. Batez ere, euskarak EAEn ofizialtasuna lortu zuenetik (1982. Urteko Euskararen Legearen bitartez) nabarmenak izan dira aurretik Zuzenbidearen esparruan lekurik ez zuen hizkuntzak bere lekua har dezan egindako esfortzuak. Arlo honetan aipamen berezia merezi dute euskal unibertsitateek. Izan ere, euskara juridikoa garatzeko baliabide ugari garatu dituzte bai beren ekimenez, bai administrazioarekin lankidetzan. Bestalde, Zuzenbide ikasketak euskaraz egiteko aukera eskainita/euskaraz eskaintzearekin, ikasleon euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen dute. Horri esker, administrazioan eta justizian lan egingo duten profesionalek euskaraz aritzeko gaitasuna eskuratu ahal izango dute eta kalitate-maila onargarria duen euskara juridikoa garatuko dute. Dena den, esan dudan moduan, unibertsitateeek ez ezik, administrazioak eta zenbait erakunde pribatuk ere zuzenbideko corpus sendo bat eraikitzeko ahalegin handiak egin dituzte. Hona hemen, emaitza nabarienak:

    Gaur egun, lege-testu nagusiak euskaraz ere eskura daitezke, bai autonomia mailakoak (hauek beti elebidunak izan behar baitute), baina baita lege orokor asko ere. Horrez gain, Justizia.net bezalako web-orrietan, bai profesionalentzako (abokatu eta epaile) bai herritarrarentzako agiriak eskuragai daude euskaraz zuzenbide-harremanak (kontratu soil batetik auzi batera arte) euskaraz egitea izugarri erreztatzen dutenak.

    Paperezko edizioetan ez ezik, interneten badira euskara juridikoari buruzko zalantzak argitzeko baliabideak guztion eskura daudenak: batetik, hiztegi teknikoak kontzeptuei buruzko zalantza konkretuak argitzeko baliabide errazak eta argiak ditugu, hauen artean: Oinarrizko Hiztegi Juridikoa, Euskalterm… Bestetik, corpusak, estilo-liburuak eta itzulpen-memoriak euskara jator eta egoki bateko testu juridikoak egin ahal izateko aholku eta irizpideak ematen dituzte (Imemoriak, Zuzenbide Corpusa, Eusko Legebiltzarraren estilo-liburua…)

    Ikusi dugunez, Euskarazko Zuzenbideko Corpusak baditu oinarri sendoak. Aurrerantzean egin beharrekoa, hau osotzen eta praktikotasunera eramaten saiatzea da, baliabideak gaurkotuta mantentzeko esfortzuaren bitartez. Bukatzeko esan Euskara Juridikoaren Ataria eta antzeko web-orriek bultzada handia ematen diotela euskara juridikoaren garapeneri. Izan ere, dauden baliabide gehienen erreferentziak gune berean konpilatzeak asko errazten ditu gauzak: horiei esker ezagutzera ematen baitira eta euskara juridiko egokia sustatzen da.

  8. Erika Rikoy
    2012(e)ko azaroaren 10a 18:25(e)tan | #8


    UPV/EHU euskara juridikoaren sustapenaren aintzindari

    ___________________________________________________________

    Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak euskarazko testu eta baliabide juridikoen ekoizpenean egindakoa azaltzeko zenbait datu kontuan hartu behar dira: 1985.urtetik aurrera, Fakultatean euskarazko ikasketak ematen hasi ziren eta euskaraz irakasten zuten irakasleen kopurua handituz joan zen heinean, 1999 urtean jada irakasgai guztiak euskaraz eskaini ahal zituzten.

    Ekoizpenari dagokionez, Zuzenbide Fakultateko irakasleen ekimen partikular eta kolektiboak ugariak izan dira. Hasteko, Euskara Juridikoaren Mintegia hasieran euskara juridikoaren inguruko ikastaroa eskaintzen bazuen ere, Mintegi horretatik beste hainbat ekimen bideratu izan dira Fakultateko Euskara Batzordearen babespean. Prozesu horretan irakaskuntza programetan agertzen ziren arazoak konpontzen hasi ziren eta horien edukia bateratzen,izan ere, programetan irakasgai bakoitzaren terminologiarik garrantzitsuena agertzen zen eta beharrezkotzat jo zen lehenik horien euskarazko itzulpenentik hastea. Horren ondoren, zenbait irakasleek arlo bakoitzeko termimologia berezitua egiten hasi ziren. Aipagarriena Zuzenbide Zibilean egindako corpus zabala izan zen 1998 urteaz geroztik. Lan hori Unibertsitatearen barruko erabilerarako argitalpen batean jaso zen 2000.urtean eta UZEIren bidez Euskalterm datu-basea elikatzeko ere erabili zen.

    Euskarazko dokumentu juridiko historikoen bilduma egiten ere saiatu ziren. Horrela, HAAEEren eskutik, bilketa lan ugaria argitaratu zen, Administrazio zibileko testu historikoak lanean bildu zena. Beste hainbat liburu eta itzulpen egin ziren ondoren: Zuzenbide Zibilaren Hastapenak itzulpena, 1993an Elkar argitaletxeak argitaratua; 1994 eta 1995 urteetan Zuzenbide Konstituzionalaren bi aleak eta Lacruz Berdejo autorearen Familia Zuzenbidea argitaratu ziren; Ekonomiaren hastapenak izeneko eskuliburua ere 1980. urtean plazaratu zen; 1986. urtean Zuzenbide Zibileko eskuliburu laburra eta 1993. urtean Zuzenbidearen Teoriari buruzko eskuliburua agertu zen, beste batzuen artean. Bestalde, 2003/2004 ikasturtean euskarazko irakaskuntza materiala sortzeko egitasmo bat aurkeztu zen Euskarako Errektoreordetzari eta kalean dira dagoeneko Legea-Leyes izeneko testu elebidunak (Espainiako Konstituzioa, Lan Arloko Prozeduraren Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa, Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Jurisdikzio Gatazkei buruzko Legea. Hauek http://www.justizia.net –en aurki daitezke. Zerrenda hurrengokoa litzateke:

    -Legeria elebiduna:

    • Hizkuntza-normalkuntzari buruzkoa Dekretua (2010eko uztailak 12)
    • Lurzoruari buruzko Legea
    • Enpleguari buruzko Legea
    • Jabetza Intelektualari buruzko Legea
    • Merkataritzako sozietateen legeria
    • Lan Arloko Prozeduraren Legearen aldaketak
    • Konstituzio Auzitegiari Buruzko Lege Organikoa
    • Lan Arloko Prozeduraren Legea
    • Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea
    • Espainiako Konstituzioa
    • Prozedura Zibilaren Legea
    • Erregistro Zibilaren Legea eta Erregelamendua
    • Adingabeen Legea
    • Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala

    EHUko irakasleen ikasmaterialen sare argitalpenei dagokienez, EHUren web orrialdean eskaintzen dira eskuragarri dauden testu guztiak. Era berean, aukera dago eskuragarri dauden ikasmaterialen artean irakasgai bakoitzari dagokion terminoak bilatzeko, (http://testubiltegia.ehu.es/bilatu) eta glosarioak kontsultatzerik ere badago (http://testubiltegia.ehu.es/glosarioa). Horrez gain, EHUko ikasle, irakasle edo AZPko langileek aukera dute ikasmateriala osorik jaisteko eta unibertsitatekoa ez izatekotan, sarbidea eskaintzen du web orrialde horrek (http://testubiltegia.ehu.es/register). Eskaintzen diren liburuen zerrenda honako hau da:

    -Administrazio Zuzenbidea – Atal Berezia. (Iñigo Urrutia Libarona 2008).
    -Administrazio Zuzenbidea eta ekonomian esku hartzeko teknikak. (Iñigo Urrutia Libarona 2010).
    -Epai-babes zibil adierazlea: Prozesu zibil adierazle arruntak. (Katixa Etxebarria Estankona, Ixusko Ordeñana Gezuraga, Miren Josune Pérez Estrada 2007).
    – Estatuko Zuzenbide Eliztarra: Atal Orokorra. (Ana Leturia Navaroa 2007).
    – Eskubide errealak. (Leire Imaz Zubiaur 2009).
    – Euskal Zuzenbide Zibila. (Leire Imaz Zubiaur 2009).
    -Euskal Zuzenbide Zibilaren Oinarriak. (Itziar Alkorta Idiakez, Mikel M. Karrera Egialde 2007).
    -Ezkontza-sistema eta kontzientzia askatasuna. (Ana Leturia Navaroa eta Igor Minteguia Arregui 2010).
    -Familia-Zuzenbidea. (Leire Imaz Zubiaur 2009).
    – Konstituzio Zuzenbidea. (Leire Escajedo San Epifanio 2008).
    -Lan-Prozesua. ( Ixusko Ordeñana Gezuraga 2010).
    – Ministerio Fiskala Espainiar Ordenamendu juridikoan. (Katixa Etxebarria Estankona 2009).
    – Oinordetza-Zuzenbidea. (Mikel Mari Karrera Egialde 2005).
    -Oinordetza-Zuzenbidea. ( Leire Imaz Zubiaur 2007).
    -Ondasun Zuzenbidea. (Mikel Mari Karrera Egialde 2005).
    -Prozesu zibil bereziak. (Katixa Etxebarria Estankona, Josune Perez Estrada, Alberto Saiz Garitaonandia, Ixusko Ordeñana Gezuraga 2008).
    -Prozesu zibila: exekuzioa eta kautelazko neurriak. (Ixusko Ordeñana Gezuraga, Katixa Etxebarria Estankona, Josune Pérez Estrada, Alberto Saiz Garitaonandia 2007).
    -Zigor Prozesu Bereziak. (Ixusko Ordeñana Gezuraga, Katixa Etxebarria Estankona, Josune Pérez Estrada, Alberto Saiz Garitaonandia 2007).
    -Zigor Prozesua: exekuzioa eta kautela. (Ixusko Ordeñana Gezuraga, Katixa Etxebarria Estankona, Josune Pérez Estrada, Alberto Saiz Garitaonandia 2007).
    – Zigor prozesu adierazlea. (Ixusko Ordeñana Gezuraga, Katixa Etxebarria Estankona, Josune Pérez Estrada, Alberto Saiz Garitaonandia 2007).
    -Zuzenbide erromatarreko praktikak. (Jaione Arieta-Araunabeña Alzaga eta Blanca Gamboa Uribarren 2008).
    – Zuzenbide penaleko ikasgaiak: zati orokorra eta berezia. ( Jon-Mirena Landa Gorostiza 2003).
    -Zuzenbide Prozesaleko Sarrera. (Alberto Saiz Garitaonandia 2006).
    – Zuzenbide Zibileko Ikasgaiak: Pertsona. (Itziar Alkorta Idiakez 2005).

    Aurreko material horiek guztiek euskara Zerbitzuko euskara teknikarien ikuskaritza izan dute, euskera zuzentasuna bermatzeko eta aukera terminologikoen koherentzia egoteko.
    Era berean, GARALEX proiektua ere aipatzekoa da. Blog hori (www.ehu.es/ehusfera/garalex) EHUren Zuzenbide Fakultatean sortu da “Euskara Juridikoa” , “Euskararen Arauak eta Erabilerak Administrazioan eta Arlo Juridikoan” eta “Komunikazioa Euskaraz Arlo Juridikoan eta Adminstratiboan” irakasgaietan egiten diren lanak eta gogoetak sarean zabaltzeko. Irakasgai horiek Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailak eskaintzen ditu Zuzenbideko eta Kriminologiako ikasketen. Helburu nagusiak hiru dira: Batetik, euskarak administrazioan eta arlo juridikoan duen egoera aztertzea. Bigarrenik, administrazioan eta arlo juridikoan erabiltzen den hizkuntza-ereduaren iturriak eta berezkotasunak ezagutzea. Azkenik, Administrazioko euskararen eta euskara juridikoaren alorrean etengabeko eguneratze-lanerako eskaintzen diren kontsulta-baliabideak beregaintasunez erabiltzea. Blog hau Joseba Ezeizak administratzen du eta fakultateko ikasleen ekarpenak daude, beste artikulu eta dokumentu interesgarri batzuen artean. Bestalde, GARALEX Twitter (http://twitter.com/GARALEXEHU) eta GARALEX euskara juridikoaren jakintza-bankua (http://www.hizlan.org/db-zuzenbidea) ere oso baliagarriak dira.

    Ondorioz, nabarmena da Euskal Herriko Unibertsitateak lan handia egin duela denbora tarte laburrean. Bestalde, azpimarratzekoa da ahalegin handiagoa egin dela euskarazko sorkuntza bultzazteko, itzulpen-lana sustatzekoa baino. Horrela, gaur egun, proiektu ugari martxan daude eta hainbat irakasle elebidun prest daude euskarazko materialen ekoizpenean konpromiso berriak hartzeko. Zentzu honetan, euskarazko material juridikoen ekoizpenak une ona bizi du eta irakasle elebidun askoren formazio eta prestakuntza aldia gainditutzat eman daiteke. Zentzu honetan, etorkizuneko eragile juridiko elebidunak ugaritzean euskararen egoera hobetuko da seguruenik eremu publikoan. Beraz, ezinbestekoa da EHUren orain arteko ildoari jarraitzea: Material didaktikoak ugaritzea, kalitatezko lege itzulpenak proposatzea eta euskara juridikoaren eredua finkatzen laguntzea.

  9. Nahikari Santurde eta Nekane Conde
    2012(e)ko azaroaren 10a 17:01(e)tan | #9


    Deustuko Unibertsitateak euskara juridikoaren corpusari egin dion ekarria

    ___________________________________________________________

    Deustuko Unibertsitatea 1886an ireki zen. Bere sorreran Euskal Herrian bertako unibertsitate bat izateko kezka eta interes kulturalak kontuan harturik, bertan hainbat alorretako goi mailako ikasketak egiteko aukera sustatu zuen.

    Deustuko Unibertsitateak zuzenbide ikasketak eskaintzen dizkie alor horretan interesatuta dauden etorkizuneko ikasleei, era berean , urteetan zehar honen inguruko aurrera pauso juridikoak eman dira. Urte horietan garatu dituzten baliabideen artean azpimarragarrienak hiztegi juridikoak eta lege-testuen itzulpenak dira.

    Lege testuei dagokienez, azpimarratzekoa da Deustuko unibertsitateak hainbat alorretako legeak itzuli dituela: zuzenbide zibila, zigor zuzenbidea… Helbide elektroniko honetan topa dezakezue: http://tinyurl.com/ya7wvez. Aipatutako ikasgaietan ikusi daiteken moduan, lege foru zibilen inguruan, erregistro zibilaren lege eta erregelamenduetan, prozedura kriminalaren legean, zuzenbide politikoaren legerian landu dira.

    Hiztegiei dagokienez , bestalde, nabarmentzekoa da Deustuko unibertsitateak legez lege bereizten dituela bere hiztegi juridikoak. Helbide elektroniko honetan dago ikusgarri: http://tinyurl.com/8aoxo47. Hiztegi horietan terminologia egokia eskaintzen da, euskara juridikoaren erabilera bultzatzeko. Adibidez guk, kriminologiako graduan zigor zuzenbideko berbategia erabiltzen dugu, besteak beste. Horrez gain, adingabeei dagokien hizkera teknikoa kontsultatzeko, adinabeen berbategira jotzen dugu.

    Hau guztia kontuan izanda, zuzenbidean aritzen diren euskaldunak baliabide eta kontsultabide anitzak begiratzeko aukerak lituzkete, kasu bakoitzean egokia eta beharrezkoa den euskara maila juridiko teknikoa barneratzeko eta menderatzeko.

  10. Sharon Amutxastegi eta Aitziber Bilbao
    2012(e)ko azaroaren 10a 07:19(e)tan | #10


    IVAP/IZO eta Euskara Juridikoa

    ___________________________________________________________

    Euskararen ofizialtasunaren ondorioz, administrazioan eta justizian hainbat pausu eman dira, erakunde horiek elebitasuna, bakoitza bere esparruan. Eusko Jaurlaritzak orain dela hogeita hamar urte inguru IVAP zerbitzua martxan jarri zuen, bere helburua, Euskadiko Herri Adminstrazioekin lankidetzan aritzea, herritarrei ematen dieten zertzua eraginkorra. Efizienteagoa eta elebiduna izan dadin lortzeko.

    Urteetan zehar administrazioan euskaren erabilera sustatzeko, testuak itzultzen hasi ziren nahiz eta araudiak argi izan bakoitzak bere irizpideak erabiltzen zituen itzulpenak eta idatzitako arautegiak egiterakoan. Honen ondorioz, hizkuntzaren aldetik, hainbat ezberdintasun egiaztatu ondoren, IVAPeko Aholku Kontseiluak erabaki zuen arlo berezi bat behar zuela gai hau ondo bideratzeko. Beraz Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO) izeneko erakundea sortu zuen, legeriak, hiztegiak eta terminologiak, Euskal Herriko toponimiak eta itzulpen memoriak eskeintzen dituena.

    Administrazioa eta Justiziak azken urteetan izan dituzten baliabideei IZO erakundea gehitu zaie, orokorrean arautegi guztiek itzulpen eta dokumentazio berbera aukeran izan ditzaten. Horren ondorioz, herritarrek gai ofizial guztietan euskara normalizatua (arautua) eskuragarri izango du, eta arlo honetan euskararekiko dagoen distantzia murrizten joango da.

    Kontuan izan behar da erakunde hauei buruzko datuak harrigarriak direla, azken urteetan euskaraz eginiko itzulpenak ugaritzen joan direlako, herritarrek euskarazko eskaerak %60an igo baitira. Honek adierazten du helburua lortzen ari dela, euskara administrazioan eta justizian finkatzea lortzen ari delako.

  11. Ainara Artaza
    2012(e)ko azaroaren 5a 20:03(e)tan | #11


    UZEI, euskara juridikoaren eragilea

    ___________________________________________________________

    UZEI 1977. Urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkartea da. Edozein hiritarrentzat edota euskara arloan lan egiten duten pertsonentzat zuzenduta dago, bere helburu nagusiena euskara egokitasunez eta zehaztasunez erabiltzea den heinean. Bere web orrialdea hauxe da: http://www.uzei.com/antbuspre.asp?nombre=1655&cod=1655&sesion=14. Ezinbestekoa da aipatzea 80ko hamarkadan UZEI izan zela lehenengo Zuzenbide Hiztegia egin zuen erakundea.

    Bertan, urte askotan sortu ziren hiztegi terminologikoak batu eta barneratu ziren. Aipatzekoa da bere ekarpen nagusi bat: EUSKALTERM terminologia bankua. Hau, 1986. Urtean sortu zen bere baitan, eta egun oso erabilgarria da hainbat ikasketa lanetarako, hiztegi espezializatua baitu. Esate baterako, nik zuzenbide ikasketak burutu ditut eta hainbat lan egiteko ezinbestekoa egin zait hainbat hitz espezializaturen euskarazko itzulpenak bilatzeko. Aipatu ere, urte bat beranduago, hau da, 1987. Urtean Eusko Jaurlaritzaren Babeseko elkarte bihurtu zela, hainbat ikerketa lan egiteko.

    Beraz, eta laburbilduz, UZEI euskara jurikoaren eragileak bere baitan zein jarduera lerro nagusi dituen hauek aipatzekoa ezinbestekoak dira: Batetik, Hiztegi Orokor bat aurki genezake UZEr-en barnean, non hitzen itzulpenak aurkitzeko aukera ematen duen. Bigarrenik, corpusgintza ere bere barnean koka daiteke, eta honi esker XX. Mendeko Euskararen Corpus-a aurki genezake, hori delarik bere lanik garrantzitsuena. Hirugarrenik, Hiztegi teknikoak ere baditugu eta honen barne dago EUSKALTERM terminologia bankua, lehen aipatu moduan, hitz espezializatuen itzulpenak aurkitzeko ezinbestekoa dena. Laugarrenik, itzulpengintza teknikoa dugu, arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak egiten dituelarik (medikuntza arloan, arkitekturan, zuzenbidean…). Bosgarrenik, trebakuntzari dagokionez, trebakuntza eskaintzen du ezagutza arloetan, graduetan eta graduondokoetan. Azkenik eta lerro nagusi hauekin amaitzeko, hizkuntza teknologiakok ere badaude, ikerketak egiten direlarik bere ezagutza esparruetan.

    Ikusi dugun moduan, euskara juridikoaren alde ezinbesteko lana egiten du erakunde honek, zeren arlo espezializatuan egiten du lan. Esan dudan moduan, itzulpengintza teknikoa eskaintzen du hainbat arlotan: medikuntzan, arkitekturan… baita zuzenbidean ere. Beraz, euskara juridikoaren bizitzan ezinbesteko eragina du erakunde honek.

    Orain aipatutakoaz gain, beste hainbat lan ere egin ditu erakunde UZEI-k euskara juridikoaren alde eta honako hauek dira: Hasteko, Auzitegietako lexikoa deritzona. Honen bidez, Epaitegietan erabilgarriak diren hainbat formulario gaztelaniaz eskaintzen ditu, hauek egiteko hainbat magistratuk parte hartu dutelarik. Hau egin ondoren, euskara hizkuntzara itzultzen dira eta honako web orrialdean aurki genitzake: http://www.justizia.net/uzei/. Bigarrenik, eta aurrekoarekin harremanetan jarriz, Epaitegietako eredu elebidunak aurki genitzake ere lehen aipaturiko web orrialde horretan. Hirugarrenik, Abokatuei bere lanerako erabilgarriak zaizkien hainbat eredu elebidun eskaintzen zaizkigu eta hauek honako honetan aurkitu daitezke: http://www.justizia.net/JustiziaNet/liburutegia/abokatuen-ereduak. Azkenik, testu juridikoen itzulpen-memoriak ere eskaintzen dira bertan, argi geratzen delarik euskara juridikoaren alde egindako ahalegin bat dela. Azken honetan, hitz espezializatu edota teknikoen itzulpenak aurki genitzake eta ezinbestekoa da web orrialde honetara jotzea egunero, gure lanean, sortzen zaizkigun arazoei konponbide bat emateko. Honako hau da bisitatu beharreko web orrialdea: http://www.justizia.net/euskara-justizian.

    Legeari dagokionez, UZEIren internet sareko orrialdean sartzean, ezker aldeko taulatxo batean “Produktuak” jartzen du. Bertan sartu ezkero, testu – liburuak aurki ditzazkegu, non lehen aipatu moduan, hainbat alorretakoak aurki daitezkeelarik. Bertan, zuzenbide alorrera joanez, abokatuei interesgarri zaizkien hainbat formulario agertzen dira, esate baterako familia zuzenbideko formularioak, adingabeen epaitegietan erabilgarri diren dokumentuak… hori bai, denak euskaraz!

    Beraz, eta lan honekin amaitzeko, UZEI erakundeak hainbat kontsulta baliabide aurkezten dizkigu bere web orrialdeko ezker aldean: hasteko, UZEI erakundeari buruzko sarrera bat eskaintzen da, bertan zer den eta zer nolako gauzetarako balio duen aipatuz. Bigarrenik, terminologiaren inguruan sor daitezkeen arazoei konponbideak emateko hainbat baliabide eskaintzen ditu (hiztegiak bertan daudelarik, kontsultak, EUSKALTERM…). Hirugarrenik, lexikografiari dagokionez, lexikoaren garapenak aurki ditzakegu, baita XX. Mendeko Corpusa ere. Laugarrenik, produktuak eskaintzen ditu, bertan daudelarik hiztegiak eta testu liburuak, eta azkenik, itzulpen teknikoak aurki ditzakegu, baita honi buruzko egindako lanak ere.

  12. Jokin Babaze
    2012(e)ko azaroaren 4a 19:06(e)tan | #12


    Eusko Ikaskuntza, zaharra berri

    ___________________________________________________________

    Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, EI-SEV, izaera pribatuko Erakunde zientifiko kulturala da, 1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek sortua, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa, eta sortze urteagatik erakunde zaharkitua irudi badezake ere, erakunde aktibo eta eguneratua da, baita euskara juridikoaren alorrean ere.

    Eusko Ikaskuntzaren ikaragarrizko lana aipatu gabe, nabarmentzekoa da Euskara Juridikoaren alorrean bereziki garrantzitsua den ekimen bat: Eleria, Euskal Herriko Legelarien Aldizkaria.

    Eleriak Zuzenbidearen atal guztiak euskaraz lantzea du eginbide. Eusko Ikaskuntzak bere webgunean dioen bezala: “Euskaraz egiten den Zuzenbidea sustatzea eta euskara juridikoaren normalizaziorako tresna baliagarria izatea dira, hala unibertsitatearen alorrean nola praktikaren eremuan, argitalpenaren helburuak”. Webgune honetan gainera, Eleriaren edizio elektronikoa eskuragarri dago. 1996tik hona 22 ale argitaratu dira, eta denetan Zuzenbidearen alorreko punta-puntako gaiak jorratu dira. Euskararen normalizazio prozesuan bereziki kontuan hartzekoa da Eleria, artikuluon ugaritasun eta kalitateagatik.

    Argi dago, bidea ekinez egiten dela, eta zerbaitek mugimenduan jarraitzen duen bitartean, ez duela desagertzerik. Eusko Ikaskuntzak argi utzi du euskararen alde lanean jarraitzen duela, eta jakitera ea zer daukan aurretik!

  13. Ana Vegas
    2012(e)ko azaroaren 4a 19:01(e)tan | #13


    IVAP/IZO euskara juridiko-administratiboaren eragile

    ___________________________________________________________

    IVAP/IZO Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua da, besteak beste, euskararen normalizazioaz Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioan arduratzen dena. IZO 39 itzultzaile, interprete eta terminologo talde bat da. Teknologia, itzulpen-memoriak eta datu-base indartsuak ditu kalitatezko itzulpenak, euskaraz zein gaztelaniaz, egiteko. IZO Zerbitzuen Karta bat du bere gain. Karta honen bidez, bezero eta erabiltzaileekin hartzen dituen konpromisoak errespetatzen eta betetzen dute.

    Euskaraz eta gaztelaniaz arteko interpretazio eta itzulpen profesionala ondorengo helburuak ditu: herritarren hizkuntza-eskubideen errespetua ziurtatzea eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzea.

    IVAPeko eginkizunak honakoak dira: itzulpenak, interprete-lanak eta terminologia-lanak egitea administrazio publikoentzat, euskara eta gaztelania arteko itzulpenak zehatzak eta juridikoki baliokideak direla bermatu beharko du, Euskal Autonomi Elkarteko administrazio publikoetako lagileen hizkuntz gaitasuna indartzea, antolatzea eta ebaluatzea, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko euskarazko frogen edukia eta modua zehaztea, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko langile publikoak prestatu eta hobetzea eta gainerako euskal administrazio publikoei beren langile publikoak prestatu eta hobetzen laguntzea, Euskara administrazio publikoan sartu, zabaldu, ezarri eta normaltzea eta euskarazko administrazio-hizkera finkatzea.

    Beste kompromiso hauek ere badituzte: haien langileek trebatu, beraz, bere lana eta teknologia hobetu kalitate onena bermatzeko, itzulpen datu-basearen sarbidea eman zerbitzuaren erabiltzaileei eta amaitzeko, “Duda-Muda” helbidea kontsultatu 24 orduko epean.

    Amaitzekeko, hauek dira interneten eskaintzen dituen baliabide ezberdinak: IVAPeko estilo-liburua, IVAP/IZOren lege-testu juridikoen liburutegia, IVAPen hiztegiak, ARGIRO liburuaren bertsio elektronikoa, GALDEZKA, Udal Espedienteak, Administrazioa Euskaraz aldizkaria, Zalantza Dantza, eta abar.

  14. Joana Loyo
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:50(e)tan | #14


    Eusko Ikaskuntza, euskara juridikoaren eragile

    ___________________________________________________________

    Eusko Ikaskuntza izaera pribatuko Erakunde zientifiko kulturala da, 1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek sortua, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa. Bere sortzaileek diotenez, “Eusko Ikaskuntza sortarazi beharko zuen batzar nagusi baten ideia Angel Apraizena izan zen, Bilbon eman zuen hitzaldi batean azaldurikoa. Ideia zabaldu egin zen gero eta, euskal Aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular askoren atxikimendu beroari esker –Zuberoa eta Erronkaritik Karrantza eta Gobiaraneraino–, batzar handi hura egin ahal izan genuen”. Honekin batera esan beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian ezarpen ofiziala duen diziplina anitzeko zientzi erakunde bakarra da EI–SEV. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak 14 Sail Zientifiko dauzka, beste hainbeste jakintzagairi dagozkionak.

    Erakunde honen eginkizunari dagokionez esan dezakegu Euskal Herriaren jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzea dela. Haren aurrerapena bultzatzea da jomuga, gizarte kohesioa eta partekaturiko nortasunak sustatu dadin. Hori kontuan hartuta, helburuak euskal kulturaren balio tradizionalak finkatzea, kultura goratzea eta hedatzea, eta euskal kulturako eskualdeetan bizi diren pertsona guztien mesederako izango diren balio berriak sortzea da.

    Orain arte aipatutako helburu guztiak lortzeko, honako hauek dira EI-SEV-ren ildoa nagusiak:

    o Ikerketa sustatzea: beste hainbat ekimenen artean, urtero-urtero bazkideek eskura ditzaketen Ikerketarako Bekak eta Laguntzak banatzen ditu. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak Hitzarmenak sinatu ditu hainbat udalekin, Erakunde publikorekin eta erakunde pribaturekin kultura eta zientzi jarduerak garatzearren.
    o Prestakuntza: Eusko Ikaskuntzak Ikastaroak eta Jardunaldiak sustatu eta antolatzen ditu bere jakintza diziplina guztietan, hala bazkideei nola interesa duten pertsonei zuzenduak. Era berean, lau urtean behin Kongresuak antolatzen ditu. Goren mailako foro honetan era askotako diziplinetan jakintza garatzen laguntzen da eta garrantzi handieneko gizarte arazoak eztabaidatzen dira.
    o Dibulgazioa: EI-SEVen baitan sorturiko ikerketak eta eztabaidak argitalpenetan biltzen dira. Aipatzekoa da 1996an Lankidetzan bilduma sortu zela udalekin eta beste erakundeekin lankidetzan burututiko testurik interesgarrienak biltzearren. Era berean, ohorezko Sariak eman eta eduki kulturalak jendartean zabaltzea sustatzen du komunikabideen bitartez.
    o Diziplina askotariko proiektu bereziak: azkenik, zeharkako ikerketa proiektuak bultzatzen ditu.

    Orain arte aipatutako guztiaz gain, Eusko Ikaskuntzak Euskara Juridikoaren garapenari ekarpenak egin dizkio ere. Garrantzitsuena, ELERIA aldizkaria da 1996an sortua Josu Iñaki Erkorekaren zuzendaritzapean. Argitalpenaren helburuak Zuzenbidearen atal guztiak euskaraz lantzea, euskaraz egiten den Zuzenbidea sustatzea eta euskara juridikoaren normalizaziorako tresna baliagarria izatea dira, hala unibertsitatearen alorrean nola praktikaren eremuan. Euskaraz dagoen aldizkari espezializatu bakar den honek, Interneten ditu argitaratutako artikulu guztiak.

    Beste alde batetik, Zientzia Juridikoez hasieratik arduratu ziren. Izan ere, beren entziklopedia eta dibulgazio–materialetan Zuzenbidearen lotutako hainbat kapitulu daude euskaraz emana. Besteak beste, “Zuzenbide penal minimoa” (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/Eleria/17/17081091.pdf), “Oinordetza itunak eta euskal Zuzenbide Zibilean” (http://hedatuz.euskomedia.org/5095/), “Zuzenbide Komunitarioan zer berri” (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/Eleria/00/00091098.pdf), eta abar.

    Horrez gain, beren argitalpenetan hainbat dibulgazio-artikulu argitaratu izan dira zuzenbideari buruz euskararaz. Euskonews – en adibidez, “Justizia eta Zuzenbidea” (http://www.euskonews.com/0200zbk/gaia20001eu.html), “Administrazio Zuzenbidearen hastapenak” (http://www.euskonews.com/0369zbk/ebooks.html) edota “Justizia eta euskara, topikoak mintzagai” (http://www.euskonews.com/0120zbk/gaia12004eu.html) aurkitu ditzakegu.

    Beraz, inongo zalantzarik gabe esan dezakegu diziplina (15 Zientzia Sail), lurralde (herrialde guztietan) eta lanbide (akademiko, profesionalak, adituak…) aniztasun erakunde baten aurrean gaudela, 1978ko irailean Jose Migel Barandiaran finkatutako helburua bete delarik: “gure Elkartea euskal ikerkuntza eta ikaskuntza gunea izan dadin, hemengo eta mundu osoko euskalarien bilgune edo elkargunea”.

  15. Unai Jul
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:44(e)tan | #15


    UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa, euskara juridikoare eragile

    ___________________________________________________________

    UZEI Terminologia eta Lexikografiako Zentroa 1977an sortu zen, euskara mundu modernora egokitzeko asmoz. Zuzenbidearen eremuan, euskarazko terminologia juridikoa eraikitzen laguntzen eta euskarazko testu juridikoak lantzen ari da.Gaur egun, beraien lana azaltzeko, bi esparru bereiziko ditugu: itzulpengintza juridikoa eta terminologia juridikoa

    Alde batetik, itzulpengintza juridikoaren esparruan, beren lan nagusienetarikoak Zuzenbide Prozesaleko testuak dira. Horretarakao, batetik,abokatuen idazki-ereduen bildumak euskaratu dituzte, hainbat jurisdikziotakoak; eta bestetik, auzitegietan sortzen diren dokumentuak ere euskaratzen dituzte

    2.500 dokumentu euskaratu eta adostu dituzte, eta guztiak Justizianeten (Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren webgunean) jarri dituzte kontsultatzeko moduan.

    Horrez gain, UZEIk corpus elebidunak kudeatzeko eta kontsultatzeko garatu duen softwarea sortu du, eLENA izenekoa. Tresna ezin hobea da erakunde ezberdinek erabilitako terminologia batera kontsultatzeko eta kontrolatzeko.

    Beste aldetik, terminologia juridikoaren esparruan, EUSKALTERM oso erabilgarria izan zen euskarazko terminologia juridikoa normalizatzeko. UZEIk EUSKALTERMeko Zuzenbideko terminologia eguneratzen ibili ziren: Zuzenbide Zibileko, Zigor Zuzenbideko, Zuzenbide Prozesaleko eta Administrazio Zuzenbideko fitxak eguneratu zituzten. Beraien helburua zegoena berrikustea eta aipatutako testu juridikoetan erabilitako terminologiaren arabera eguneratzea zen.

    Amaitzeko, UZEIk beste tresna bat garatu du euskarazko espezializazio-testuetan lexikoa eta terminologia egiaztatzeko balio duena: IDITE. Tresna hau etengabe eguneratzen doa, eta oso aproposa da Terminologia Batzordeak hartzen dituen normalizazio-erabakiak espezializazio-testuetan betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

  16. Maria Uria
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:33(e)tan | #16


    Euskara juridiko-administratiboaren corpusa: Estilo-liburuak

    ___________________________________________________________

    Estilo-liburua edo estilo eskuliburua zuzen eta artez idazteko aholkuak biltzen dituen liburua da. Hizkuntza estandarizatua eta Hizkuntza Akademia daukaten hizkuntzetan Hizkuntza Akademiak berak atera ahal ditu estilo liburuak. Bestela, hedabide edo hizkuntzalari jakin batzuek argitara ditzakete horrelako estilo-liburuak, baita tokiko administrazioek ere.
    Estilo-liburu garrantzitsuenen artetik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak EIMA programaren barruan ikasmaterialetarako argitaratu izan dituen zenbait estilo-liburu, IVAPeko estilo liburua, Eusko Legebiltzarrarena, Justizia Sailaren Euskara Batzordearen estilo-liburua edota aipatuko ditut; baita AZPidazki ere.
    EIMAko estilo-liburuetan ototipografia, kalko okerrak, onomastika, letra larrien erabilera nahiz estandarizatu gabeko solasak aurki genitzazke, eta esan bezala, liburu hauek guztiak ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko eginak dira.
    Bestalde, 1996an eginiko IVAPeko estilo-liburua, batiz bat administrazioetako langileentzat dago zuzendua, hauen kalitatezko komunikazioa sustatzeko helburuz; euskaraz lan egin nahi duten guztientzat eskaintza interesgarria da, bertan aholku, eredu nahiz argibide ugari agertzen baitira modu erraz eta arin batean azalduak.
    Eusko Legebiltzarraren estilo-liburuari dagokionez, honek eskaintzen dituen zerbitzuak euskararekin harreman berezia dute, batez ere terminologiaren ingurukoek. Euskaraz idazteko, zuzentzeko nahiz itzultzeko jarraibide lagungarriak ematen ditu.
    Azkenik, AZPIDazki, Administrazio eta zerbitzuetako langileez gain, ohiko zalantzak argitu nahi dituen orok behar duen laguntza aurkitzeko webgune interesgarria da, non, euskararen inguruko gomendio, arau eta baliabideak biltzen diren.
    Laburbilduz, idazterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko baliagarriak dira estilo eskuliburuak. Aipatu ditugunak interneten aurkitu ahal izateko, hona hemen euren web orrialdea:
    •EIMAko estilo-liburua: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/eu/contenidos/informacion/dih/eu_5490/estilo_liburua_e.html
    •IVAPeko estilo-liburua: http://www.ivap.euskadi.net/r61-euskcont/es/contenidos/informacion/euskalduntze_argitalpenak/es_hizkera/adjuntos/IVAPeko%20estilo-liburua.pdf
    •Eusko Legebiltzarraren estilo-liburua: http://www.parlamento.euskadi.net/e_normas_redaccion.html
    •Justizia Sailaren estilo-liburua: htt://www.justizia.net/normalizacion/default.asp%3Fidioma%3Deu +justizia+ sailaren+euskara+batzordea&cd= 1&hl= es&ct=clnk&gl=es&source=www.google.es
    • AZPIDAZKI: http://www.ehu.es/azpidazki/

  17. Irati Gaztelumendi
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:26(e)tan | #17


    UPV/EHUren Euskara Juridikoaren Mintegia, euskara juridikoaren eragile

    ___________________________________________________________

    Euskara administrazioan eta arlo juridikoan normalizatzeko saiakeran zenbait talde edo erakunderen lana nabarmendu da. Izan ere, euskarak azken hogeita hamar urteotan jasandako garapena izan da eragile hauek egindako ekarpenen erantzuna.

    Aipatu ditzakegun eragile guztien artetik, UPV/EHUren Euskara juridikoaren mintegiak zeresan handia daukala baieztatu dezakegu.

    UPV/EHUren Euskara Juridikoaren Mintegia Zuzenbide Fakultatean sortu zen 1990.urteko Hamarraldian; fakultatean bertan euskaraz irakasten ari ziren irakasle batzuen ekimenez eta hurrengo helburuak finkatzeko asmoz:

    1. Zuzenbidearen alorreko euskarazko ikasmaterialak sortzeko.
    2. Lege-testuak euskaratzeko.
    3. Euskara juridikoaren garapenean modu aktiboan esku hartzeko.

    Bertan eskaintzen diren baliabideak erabili nahi izanez gero, ondorengo helbide elektronikora jo beharko dugu: http://testubiltegia.ehu.es/.

    Azken urteotan Euskara Juridikoaren Mintegiak Zuzenbide Fakultatearen Dekanotzaren eremuan lekutu du bere eginkizuna, euskararen alorra landu duten Dekanordeen zereginarekin uztartuz. Gaur egun ere Euskara Juridikoaren Mintegia batetik, euskararen alorraz arduratzen den Dekanordetzaren eta bestetik, fakultateko Euskara Batzordearen eremuan txertatzen da.

    Euskara Juridikoaren Mintegian parte hartzeko aukera, UPV/EHUn zuzenbide-gaiak irakasten dituzten irakasle euskaldun guztiek dute. Hala ere, erabilera ez da soilik talde horretara mugatzen. Izan ere, fakultatekoak ez diren pertsonei, sarbidea eskatzeko aukera eskaintzen die aipaturiko web orrialdeak berak.

    Une honetan Euskara Juridikoaren Mintegiak bost lan-ildo ditu zabalik:

    a. Legeak-Leyes lege-testu elebidunen bildumaren proiektuaren koordinazioa, gainbegiratzea eta edizioa.
    b. Ikasmaterialen ekoizpena (UPV/EHUren Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetzarekin elkarlanean)
    c. Artikulu akademikoen ekoizpena (Eusko Ikaskuntzaren Eleria aldizkariarekin elkarlanean)
    d. Terminologia juridikoaren harmonizazioa (UPV/EHUren Euskara Zerbitzuarekin eta Justizia Sailaren Euskara Batzordearekin elkarlanean)
    e. Euskara Juridikoaren alorreko kontsulta-baliabideen garapena (UPV/Eguren Euskara Institutuarekin eta Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren alorreko irakaslearekin elkarlanean)

    Euskara Juridikoaren Mintegiaren burua Ana Leturia Navaroa da, Zuzenbide Fakultateko Euskara Dekanordea. Terminologia alorraren koordinatzaile, bestalde, Jasone Urcola Iriarte Administrazio Zuzenbideko irakaslea da. Eta Euskara Juridikoaren Atariaren arduradun, Joseba Ezeiza Ramos da, Euskara Juridikoko eta Erakunde Komunikazioko irakaslea bera.

    Alabaina, hainbeste dira Euskara Juridikoaren Mintegiaren partaideak: Carmen Agoues Mendizabal, Itziar Alkorta Idiakez, Aitor Bengoetxea Alkorta, Garbiñe Biurrun Mancisidor, Iñaki Esparza Leibar, Mikel Karrera Egialde, Edurne Terradillos Ormaetxea, Leire Imaz Zubiaur, Jose Angel Tamayo Errazkin, Juan Inazio Ugartemendia, Antton Elosegi, eta beste batzuk.

    Lan teknikoetan, bestalde, hainbat itzultzaile eta hizkuntzalariren lankidetza (izan) du Euskara Juridikoaren Mintegiak: Irene Aldasoro Katarain (itzultzailea), Patxi Petrirena Altzuguren (itzultzailea), Iñaki Iñurrieta Labaien (itzultzailea), Juan Garzia Garmendia (UPV/EHUren Euskara Zerbitzua), Ibon Sarasola Errazkin (UPV/EHUren Euskara Zerbitzua), Iñaki Ugarteburu Gastañares (UPV/EHUko Euskara Zerbitzua), Juan Kruz Igerabide Sarasola (UPV/EHUko Euskara Zerbitzua), Haizea Corpa Burguillo (Euskara Juridikoaren Mintegiko bekaduna), Begoña Albisu Sukia (Euskara Juridikoaren Mintegiko bekaduna), eta beste batzuk.

  18. Jon Aranburu
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:19(e)tan | #18


    Euskara juridikoaren garapenerako ahaleginak direla eta

    ___________________________________________________________

    Lan handia egin da erakunde publiko eta irabazi asmorik gabeko entitate ezberdinen aldetik euskara eremu anitzetan hedatzeko eta garatzeko. Horien artean ezagunenak Elhuyar taldea eta HAEE/IVAP (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea/Instituto Vasco de Administración Pública) izango dira seguruenez, bereziki berauek egin dituzten argitalpen ugariei esker: Elhuyar Hiztegia, Zuzenbidea ikas-materialak, IVAPeko estilo-liburua, GALDEZKA, Dudanet, Zalantza Dantza, Administrazioa Euskaraz, eta abar.

    Hala ere, ezin dira ahantzi, esparru honetan lan handia egin duten beste erakunde batzu; unibertsitateak, alegia. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak lan handia egin dute Zuzenbidea edo Kriminologia ikasketak euskaraz eskaintzeko, baita testuliburuak edo legeak euskaraz argitaratzeko ere. Nabarmentzekoa da, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateak urtez urte Kriminologia ikasketak euskaraz eskaintzea, nahiz eta ikasketa horiek euskaraz egin nahi duten ikasleen kopurua txikia izan.

    Baina, unibertsitateez gain, oso kontuan hartzekoa da beste erakunde batzuen ekarpena ere. Horien artean daude, zalantzarik gabe, Foru Aldundiak, udalak eta Legebiltzarrak.. Honela, berauek itzulpen-memoriak, datu-base terminologikoak eta estilo- liburuak garatu dituzte euskara arlo juridiko eta administratiboan modu egokian erabil dadin bermatzeko.

    Ahalegin horiei guztiei esker, aurerrapauso nabarmenak eman ditu euskarak administrazioan eta justizian dagokion tokia bereganatzeko. Kontuak kontu, oraindik ere hainbat erronka ditu euskarak alor horietan. Hori horrela, ildo beretik jarritu beharko dugu etorkizunean ere lanean euskarari erakunde publikoetan dagokion garrantzia izan dezan, bide horretatik baino ezin baitaiteke bermatu euskararen erabateko estatus normalizatua eta euskara juridiko-administratiboaren erabilera herritarren artean.

  19. Idoia Rodriguez
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:09(e)tan | #19


    Administrazioko euskararen eta euskara juridikoaren eragileak

    ___________________________________________________________

    Euskara administrazioan eta arlo juridikoan normalizatzeko helburuarekin hainbat talde eta erakunde nabarmendu dira. Erakunde hauen ekarpenak, oso garrantzitsuak izan dira euskara bultzatzeko eta haien ekarpenari esker, nekez emango zituen euskarak azken 30 urteoan eman dituen urratsak alor hauetan. Gainera, euskara juridikoaren barruan, aurrerapauso asko eman dira eta baliabide asko daude gaur egun, alor hau lantzeko. Jarraian, erakunde ezberdin batzuen ekarpenak zeintzuk izan diren azaltzen dira.

    Azpimarratu dezakugun erakunde bat, IVAP da (http://www.ivap.org), Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua izanik, euskararen normalizazioa Adiministrazio alorrean, Euskal Autonomi Erkidegoko lurraldeen barruan eman dadin nahi du. Hau da, euskararen erabilera erakunde publikoetan normalizatzea du helburu. Gainera, euskal autonomiaren berezitasunak eta, oro har, administrazio-zientzia ikertu, irakatsi eta ezagutzera ematea nahi du. Erakunde honek, baliabide ugari eskaintzen ditu: ESTILO-LIBURUA, Euskaraz lan egiteko ELET aplikazioa, Administrazioa Euskaraz aldizkaria, GALDEZKA liburu elektronikoa, DUDANET kontsultagunea, eta abar.

    Beste eragile garrantzitsu bat, euskara bultzatzen duena, Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Juridikoaren Mintegia da (http://testubiltegia.ehu.es/). Zerbitzu hau, Euskal Herriko Unibertsitateak eskeintzen du eta EHUko irakasleen ikasmaterialen sare argitalpenak eskaintzen dira. Testu guztietan, edo hautatzen direnetan, terminoak bilatzen ditu, bakoitza bere testuinguruan; eta dauden glosarioak kontsultatzeko aukera ere ematen du. Horrez gain, EHUko ikasle, irakasle edo AZPa izanik, ikasmaterialak osorik jaitsi daitezke. Unibertsitatekoa ez bazara, sarbidea eskatzeko aukera ematen du web orrialdeak.

    Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatzeak, Zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera ematen dute. Euskal Herriko Unibertsitatzea, 1990. urteaz geroztik Zuzenbide Ikasketa osoak euskaraz egiteko aukera eskaini du. Orain Zuzenbidea ez ezik, Kriminologia ere euskaraz egin daiteke bertan. Deustuko Unibertsitateak, Euskararen Normalizazio Plana prestatu du eta berorren arabera 2006ra bitartean irakasgai gehiago euskaraz ematea aurreikusten du, enborreko irakasgaien % 80 euskaraz ematea helburu harturik. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea, Euskara Juridikoa I eta Euskara Juridikoa II izeneko irakasgaiak ematen dituzte, euskararen erabilera bultzatuz.

    Administrazioak euskararen erabilera bultzatzeko, erakunde ezberdinak sortu ditu eta hauen garapena nabarmena izan da azken urteotan, izan ere, erakunde hauen helburua bete izan da, hauen lanari esker, euskararen erabilera bultzatu delako. Esan beharra dago, euskararen inguruan baliabide ugari daudela eta gainera, baliabide hauek aproposak eta oso erabilgarriak dira, ez bakarrik, zuzenbidea ikasten duten ikasleentzat, herritar ororentzak oso egokiak dira. Baliteke, gende askorentzat ezezagunak izatea baliabide ezberdin hauek, baina interesa eskeintzen duen pertsona orok, ziurtatu dezake, eskeintzen diren baliabideak aproposak direla.

  20. Oihane de los Ojos eta Zuriñe Dominguez
    2012(e)ko azaroaren 4a 17:48(e)tan | #20


    UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa, euskara juridikoaren eragile

    ___________________________________________________________

    UZEI 1977an sortu zen irabazi-asmorik gabeko erakundea da, euskara berritu eta mundu modernoari egokitzeko helburuarekin. Hiztunen esku jartzen ditu Terminologia eta Lexikografia saliak, euskara arlo desberdinetan egokitasunez eta zehaztasunez erabili dezagun.

    1986an UZEIk, EUSKALTERM, Terminologia Banku Publikoa, sortu zuen. Momentura arte egin zituzten hiztegi terminologiko guztiak han bildu zituzten. Geroxeago, 1987an, Eusko Jaurlaritzaren Babespeko Elkarte bihurtu zen, hizkuntza plangintzaren ikerketan elkarlanean aritzeko.

    Bruselako Adierazpenaren sinatzailea da ere, adierazpen hau estatuei, gobernuei, gobernu eta nazioarteko eraakundeei, eta hizkuntza politikan diharduten erakundeei zuzenduta dago, terminologiaren arloan hainbat helburu lortu eta bete dezaten.

    Gaur egun UZEIk dituen lan-ildoak hauek dira:

    • Hiztegi orokorra: lexikografia sailek ikerketa lanak egiten dituzte euskaltzaindiaren hiztegi bankurako.
    • Corpusgintza: euskarazko testu-corpusak diseinatu eta egituratzen ditu, bereziena, XX.mendeko eurkararen corpusa da. Gainera itzulpen corupusak kudeatzeko sistema garatzen ari dira.
    • Hiztegi teknikoa: UZEIk sortzen dituen hiztegiak Eusklatermen argitaratzen dituzte eta terminologiaren normalkuntzarako erabakiak harten ditu Eusko Jaurlaritzako Batzordean.
    • Itzulpegintza teknika: arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak egiten ditu, medikuntzan, informatikan, zuzenbidean, arkitekturan eta enpresa kudeaketan.
    • Hizkuntza teknologia: INNOBASQUEko kide da eta hainbat ikerketa egiten ditu terminologian eta lexikografian.

    Egitasmo nagusiak:

    • Normaliazio linguistikoaren alde agitea.
    • Euskararen barnean, xede berezietako hizkeren finkapena eta hedapena sustatzea.
    • Euskal lexikoaren eboluzio zehatza etengabe aztertzea, egungo euskararen lexikoaren corpusa bilduz eta ikertuz.
    • Hizkuntza naturala prozesatzeko proiektuetan parte hartu eta hizkuntzalaritza aplikatuaren arloan ikerketak bultzatzea eta indartzea.
    • Datu-banku terminologikoa eta Datu-base lexikografikoa antolatu eta mantentzea.
    • Euskararen moldatze-lanak burutzea, bai bertan testu originalak sortuz eta baita ere beste hizkuntzetan sortutako testuak itzuliz.
    • Unibertsitateekin eta hizkuntzaren arloan ikerketa egiten duten bestelako erakundeekin harreman kulturalak izatea eta lankidetza-hitzarmenak egitea.
    • Bekadunak trebatu eta ikerketa-proiektuetan sartzeko aukera ematea.

    Justizia eta administrazioren alorren inguruan lan ugari egin du euskararen erabilera sustatzeko. Adibidez: zuzenbiderako idazki-ereduak (Guipuzkoako abokatuen elkargoarentzat eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarentzat), EHUrako eskuliburuak, zuzenbiderako testu-bildumak, abokatuentzako agiriak eta Justizia Auzitegien inprimakiak euskaratu.

    Beraz ikusi dezakegunez UZEIk administrazioarekin lotutako egitasmoak bete ditu. Bere xedeak bete dituen arren, lanean jarraitzen du euskararen normalizazioa geldi ez dadin

  21. Nagore Alberdi
    2012(e)ko azaroaren 4a 16:59(e)tan | #21


    UPV/EHU Unibertsitate bat baino gehiago

    ___________________________________________________________

    Gaur egun, EHU/UPV, euskararen normalizazioari dagokionez eragile oso garrantzitsua da. Euskal Herriko Unibertsitate publikoa izateaz gain, ikasketak euskaraz egiteko bitartekoak eskaintzen dizkigu. Horretarako, hainbat tresna eskaintzen ditu, bai ikasleentzat eta baita interesa duen beste edonorentzat ere.

    Hainbat zerbitzu eskaintzen dizkigu, euskararen erabileraren normalkuntza jomugan artuz. Zerbitzu hauen artean aurki ditzakegu EHULKU edo EHUTSI besteak beste. Lehena, unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen jakintza eta zerbitzuetako hizkuntza-arazoei irtenbide egokiak bilatzen saiatzen den zerbitzua da. Bertan, zuzenean galderak egin ditzakegu edota beste batzuek egindako galderen erantzunak kontsultatu. Gainera, testu-zuzenketak eta hizkuntza-aholku didaktikoak ere kontsultagai ditugu bertan. EHUTSI, bestalde, euskaraz egiten ditugun akatsak identifikatzen eta zuzentzen laguntzen digun plataforma da. Bere antolamenduari esker, erraza da baliabide hau erabiltzea, adibideez zein itzupen proposamen eta azalpenez hornitzen baita, besteak beste.

    Aipaturiko zerbitzuez gain, EHUk euskararen normalizazioan garrantzitsuak diren beste hainbat baliabide eskaintzen ditu. Hauen artean aurki ditzakegu Zuzenbideko ikasle garenontzat oso praktikoak diren hainbat. Adibidez, LEGEAK/LEYES bilduma aurrera ateratzen du, Zuzenbideko unibertsitateko eskuliburuak egiten ditu eta Glosategi juridikoa eta Zuzenbide Corpusa ere gure eskuetan ipintzen ditu. Azpimarragarria da oso, Euskara Juridikoko irakasgaiak eskaintzen dituela.

    Langile, ikasle… izan, bitarteko hauek euskara guztion eskuetan jartzen dute, eskolako lanak egiten ari garenean nahiz testu bat idazten gabiltzanean sortzen zaizkigun zalantza eta kezkei erantzunak eman eta euskaraz idaztea errazago bilakatzearen bidetik. Pausoz pauso, euskararen normalkuntzaren bidea eraikitzen goaz.

  22. Amaia Burgos
    2012(e)ko azaroaren 4a 16:51(e)tan | #22


    Eusko Legebiltzarrak euskara juridikoari egindako ekarriaz

    ___________________________________________________________

    Jarraian, Eusko Lege Biltzarrak prestatutako ekimenaren bitartez, hiritarrek http://www.euskolegebiltzarra.net web-gunean aurki ditzaketen baliabideak aurkeztu eta era labur batean aztertuko dira.

    Hasi aurretik, beharrezkoa da argitzea Eusko Lege Biltzarrak ekimen honekin lortu nahi duena: legeak idazteko garaian, gazteleratik euskararako itzulpen soila egin beharrean, gure hizkuntzan ditugun baliabideak erabiltzea, hain zuzen ere.

    Baliabide horiek, http://www.euskolegebiltzarra.net helbidean aurki daitezke. Behin orrialde horretan egonik, orrialdearen goikaldean dauden etiketen artean Zerbitzuak izenekoa aukeratu behar da. Azkenik, Hizkuntza arloa atalera jotzea beharrezkoa da. Pauso horiek jarraituz gero, hiru dira aurkituko ditugun baliabideak: a) Euskara-gaztelania datu-base terminologikoa; b) Idazkera arauak eta c) Hiztegia (Definizioak) dira zehazki. Jarraian, hiru baliabideak aztertuko ditut labur-labur.

    a) Euskara-gaztelania datu-base terminologikoa (http://www.parlamento.euskadi.net/pfrm_cm_hiztegie.html): baliabide hau oso erabilgarria; izan ere, bilatzen dugun hitzaren baliokidea emateaz gain, hitz horrekin harremana duen hainbat hitzen itzulpena ere eskaintzen duelako. Adibidez: “disposición” euskaraz “xedapen” dela esateaz gain, hitz honekin sor daitezkeen izen-multzoak ere zerrendatzen dira: xedapen indargabetzaile, xedapen gehigarri…

    b) Idazkera arauak (http://www.parlamento.euskadi.net/e_normas_redaccion.html): atal honetan testuak idazteko garaian Eusko Legebiltzarrean beren testuak euskaraz emateko orduan baliatzen dituzten arauak azaltzen dira. Arau horiek, sei ataletan sailkatuak daude: puntuazioa, ortotipografia, sintaxia kontuak, tratamendua, ahozko testuak zuzentzeko irizpideak eta gaztelania formaletik itzultzeko estrategiak. Atal desberdinetan, bakoitzari dagozkion arauak azaltzen dira eta azalpenez gain, adibideak ere jartzen dira, irakurleak arauak hobe uler ditzan.

    c) Hiztegia (Definizioak) (http://www.parlamento.euskadi.net/pfrm_cm_cdhize.html): azken lanabes moduan, Eusko Legebiltzarraren hiztegia dugu. Hiztegi honek, hitzen definizio soila emateaz gain, hitz hori esaldi batean nola erabili beharko litzatekeen ere azaltzen du, adibideak ezarriz. Hala ere kontuan hartu behar da, hiztegi honetan Eusko Legebiltzarrak ohikotasunez erabiltzen dituen hitzak aurkituko ditugula soilik, hiztegi honen base terminologikoa mugatua delarik.

    Baliabide hau aztertu eta irakurleari honen berri emateaz gain, Eusko Legebiltzarrak izandako ekimen hau oso garrantzitsua, baliagarria eta beharrezkoa dela azpimarratzea zen nire helburua. Izan ere, honen bitartez gaztelaniako testuen hitzez hitzeko itzulpen bat egitea ekidin nahi delako, gure hizkuntzaren baliabideak erabiliz testu egokiagoak sortzeko.

  23. Sara Zabala
    2012(e)ko urriaren 25a 16:54(e)tan | #23


    Eusko Ikaskuntza eta ELERIA aldizkariak, euskara juridikoaren sustatzaile

    ___________________________________________________________

    Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek, erakunde pribatu zientifiko kultural gisa. Bere helburua, oro har, euskal kultura garatzea da, “Euskal Herriaren jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzen du, haren aurrerapena bultzatzeko eta gizarte kohesioa eta partekaturiko nortasunak sustatzeko”.

    Zehazki, helburuak honakoak dira: “euskal kulturaren balio tradizionalak finkatzea, kultura goratzea eta hedatzea eta euskal kulturako eskualdeetan bizi diren pertsona guztien mesederako izango diren balio berriak sortzea” (Eusko Ikaskuntzaren orrialdeko “Nor garen” atala).
    Administrazioko euskararen zein euskara juridikoaren esparruan Eusko Ikaskuntzak egin dituen ekarpen nagusiak bere argitalpenak izan dira, bereziki 1996. urtean argitaratzen hasi ziren Eleria aldizkariarenak. Errebista hau Euskal Herriko Legelarien Aldizkaria da eta bere helburu nagusia Zuzenbidearen atal guztiak euskaraz lantzea da, hau da, “euskaraz egiten den Zuzenbidea sustatzea eta euskara juridikoaren normalizaziorako tresna baliagarria izatea”.

    Orain arteko Eleria bilduma 22 alek osatzen dute eta ale bakoitzean Zuzenbidearen adar ezberdinetako gai oso diferenteak lantzen dira eta guztietan euskara juridikoari eskainitako atal bat dago. Bertan, askotariko artikuluak argitaratu ohi dira: testu aipagarrien euskarazko itzulpenak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko hizkuntza normalkuntzari buruzko araudiaren iruzkinak, 2008ko Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, Stanford-eko Unibertsitatean euskararen egoera soziojuridikoari buruzko mintegian aurkeztu ziren lanak, Euskararen egoera juridikoa Ipar Euskal Herriko udaletan, Hizkera Juridikoa eta Itzulpengintza: euskararen norabideak sinposioa, Euskararen egoera juridikoa Nafarroan, Administrazio zibilean euskaraz sortutako dokumentazio historikoa, etab.

    Honenbestez, esan beharra dago, Eusko Ikaskuntzak eta bereziki Eleria aldizkarian parte hartzen duten aditu eta irakasleen lana oso goraipagarria dela, Zuzenbideko gai oso ezberdinak euskaraz aztertu, landu eta eskaintzen dituztelako, honela euskara juridikoaren esparrua eta erabilera geroz eta gehiago hedatuz.

  24. Joana Loyo
    2012(e)ko urriaren 25a 16:50(e)tan | #24


    Eusko Ikaskuntza eta euskara juridikoaren garapena

    ___________________________________________________________

    Eusko Ikaskuntza izaera pribatuko Erakunde zientifiko kulturala da, 1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek sortua, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa. Bere sortzaileek diotenez, “Eusko Ikaskuntza sortarazi beharko zuen batzar nagusi baten ideia Angel Apraizena izan zen, Bilbon eman zuen hitzaldi batean azaldurikoa. Ideia zabaldu egin zen gero eta, euskal Aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular askoren atxikimendu beroari esker –Zuberoa eta Erronkaritik Karrantza eta Gobiaraneraino–, batzar handi hura egin ahal izan genuen”. Honekin batera esan beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian ezarpen ofiziala duen diziplina anitzeko zientzi erakunde bakarra da EI–SEV. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak 14 Sail Zientifiko dauzka, beste hainbeste jakintzagairi dagozkionak.

    Erakunde honen eginkizunari dagokionez esan dezakegu Euskal Herriaren jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzea dela. Haren aurrerapena bultzatzea da jomuga, gizarte kohesioa eta partekaturiko nortasunak sustatu dadin. Hori kontuan hartuta, helburuak euskal kulturaren balio tradizionalak finkatzea, kultura goratzea eta hedatzea, eta euskal kulturako eskualdeetan bizi diren pertsona guztien mesederako izango diren balio berriak sortzea da.

    Orain arte aipatutako helburu guztiak lortzeko, honako hauek dira EI-SEV-ren ildoa nagusiak:

    o Ikerketa sustatzea: beste hainbat ekimenen artean, urtero-urtero bazkideek eskura ditzaketen Ikerketarako Bekak eta Laguntzak banatzen ditu. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak Hitzarmenak sinatu ditu hainbat udalekin, Erakunde publikorekin eta erakunde pribaturekin kultura eta zientzi jarduerak garatzearren.
    o Prestakuntza: Eusko Ikaskuntzak Ikastaroak eta Jardunaldiak sustatu eta antolatzen ditu bere jakintza diziplina guztietan, hala bazkideei nola interesa duten pertsonei zuzenduak. Era berean, lau urtean behin Kongresuak antolatzen ditu. Goren mailako foro honetan era askotako diziplinetan jakintza garatzen laguntzen da eta garrantzi handieneko gizarte arazoak eztabaidatzen dira.
    o Dibulgazioa: EI-SEVen baitan sorturiko ikerketak eta eztabaidak argitalpenetan biltzen dira. Aipatzekoa da 1996an Lankidetzan bilduma sortu zela udalekin eta beste erakundeekin lankidetzan burututiko testurik interesgarrienak biltzearren. Era berean, ohorezko Sariak eman eta eduki kulturalak jendartean zabaltzea sustatzen du komunikabideen bitartez.
    o Diziplina askotariko proiektu bereziak: azkenik, zeharkako ikerketa proiektuak bultzatzen ditu.
    Orain arte aipatutako guztiaz gain, Eusko Ikaskuntzak Euskara Juridikoaren garapenari ekarpenak egin dizkio ere. Garrantzitsuena, ELERIA aldizkaria da 1996an sortua Josu Iñaki Erkorekaren zuzendaritzapean. Argitalpenaren helburuak Zuzenbidearen atal guztiak euskaraz lantzea, euskaraz egiten den Zuzenbidea sustatzea eta euskara juridikoaren normalizaziorako tresna baliagarria izatea dira, hala unibertsitatearen alorrean nola praktikaren eremuan. Euskaraz dagoen aldizkari espezializatu bakar den honek, Interneten ditu argitaratutako artikulu guztiak.

    Beste alde batetik, Zientzia Juridikoez hasieratik arduratu ziren. Izan ere, beren entziklopedia eta dibulgazio–materialetan Zuzenbidearen lotutako hainbat kapitulu daude euskaraz emana. Besteak beste, “Zuzenbide penal minimoa” (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/Eleria/17/17081091.pdf), “Oinordetza itunak eta euskal Zuzenbide Zibilean” (http://hedatuz.euskomedia.org/5095/), “Zuzenbide Komunitarioan zer berri” (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/Eleria/00/00091098.pdf), eta abar.

    Horrez gain, beren argitalpenetan hainbat dibulgazio-artikulu argitaratu izan dira zuzenbideari buruz euskararaz. Euskonews – en adibidez, “Justizia eta Zuzenbidea” (http://www.euskonews.com/0200zbk/gaia20001eu.html), “Administrazio Zuzenbidearen hastapenak” (http://www.euskonews.com/0369zbk/ebooks.html) edota “Justizia eta euskara, topikoak mintzagai” (http://www.euskonews.com/0120zbk/gaia12004eu.html) aurkitu ditzakegu.

    Beraz, inongo zalantzarik gabe esan dezakegu diziplina (15 Zientzia Sail), lurralde (herrialde guztietan) eta lanbide (akademiko, profesionalak, adituak…) aniztasun erakunde baten aurrean gaudela, 1978ko irailean Jose Migel Barandiaran finkatutako helburua bete delarik: “gure Elkartea euskal ikerkuntza eta ikaskuntza gunea izan dadin, hemengo eta mundu osoko euskalarien bilgune edo elkargunea”.

  25. Maider Uriarte
    2010(e)ko abenduaren 10a 11:16(e)tan | #25


    EUSKARA JURIDIKOA GARABIDEAN
    ___________________________________________________________

    Ai, Euskara, gure euskara maitea!! Zenbat aldiz entzun eta esan dugu esaldi hori, bai etxean, lagunekin, eta baita giro horretatik at, kalean, eskolan, unibertsitatean,… Izan ere, hau baita euskaldun gehienek maite dutena, faltan botatzen dutena eta hau babesteko eginahalak egiten dituztenak, artikulu honekin agerian utzi nahi baitut hizkuntza hau dela euskaldun askok jaio ginenetik daukaguna eta asko eta asko honen zordunak gara.

    Beste batzuek aldiz, euskarari ez diote hainbesteko garrantzirik ematen, pentsatzen baitute bigarren mailako zerbait dela, familiartean, lagunekin, eta antzeko beste alor batzuetan erabiltzen dutelarik edo erabili behar dela pentsatuz. Hori dela eta, euskarak hasieratik zeukan indarra galtzen doa, eta honen gaineko arazo eta zalantza asko ematen dira. Eta artikulu honekin, agerian utzi nahi dut hori horrela pentsatzen dutenak erratuta daudela, eta, tamalez, gertaera hau hainbat alorretan ematen denez, administrazioaren eta justiziaren alorra da honen guztiaren ondorioetako bat eta hori da artikulu honekin kritikatu nahi dudan gaietako bat.

    Bai, hain zuzen ere, administrazioaren eta justiziaren alorra. Baina, hori, zergatik ote? Hasteko, esan beharra dago abertzaletasunari esker, euskara hizkuntza ofizial bezala sartu zela XX. mendean. Ondorioz, Autonomia Estatutuan euskara hizkuntza nazional moduan agertu zen eta horrek, legelariengan nahi bat piztu zuen, hain zuzen ere, euskara langai bilakatzea, horren eraginez legeak euskaraz izateko eta eragile juridikoak ere euskaraz lan egiteko gai direnak. Baina, honekin nahikoa ote da?

    Aurreko galdera horren erantzuna ezezkoa da. Izan ere, esan beharra dago egun, Zuzenbide alorrean zuzenbidearen alorrean euskara behar den bezala txertatzeko aditu batzuk egiten ari diren lana oso garrantzitsua dela eta honen fruitu bezala har genezake, orain dela gutxi argitaratutako Zigor kode elebiduna, hau baita Zuzenbide Penalaren alorrean lege-liburu garrantzitsuena.

    Baina, egun oraindik euskararen normalizazioak eta garapenak hainbat zailtasuni egin behar die aurre eta ez dira edozelako zailtasunak. Izan ere, zoritxarrez, hainbat gauza daude komentatzeko arlo honetan.

    Hasteko, eta hauxe da garrantzitsuena, euskarazko testu juridikoen eskasia oso nabarmena da, nahiz eta testu eta formulario batzuk egon. Hau zergatik ote da? Hain zuzen ere, esan behar da, euskara administrazio eta justizia alorrean sartu zenetik, hainbat legelari egon direla bakoitza bere aldetik lanean. Ondorioz, handia izan da legelariek edo juristek izan duten erreferentzia falta. Hori dela eta, ez da izan bat ere erraza euskal legegilearentzat hizkera juridikoarentzat egokitutako materiala eta aholkuak aurkitzea.

    Baina hau oraindik ez da bukatu; izan ere, gaur egun, legelari bakoitzari sarri tokatzen zaiolako entzutea gramatikari, zuzentzaile, maisu, irakasle eta beste hainbaten agindu, aholku eta arauak eta honek oraindik ere, erreferentzia gabezia hori eragiten du.

    Testu juridikoen eskasia horren adibide bezala jar liteke Espainiako Estatuko Konstituzioak nahiz Autonomia Estatutuak mailakaturiko esparruetan ematen den egoera, bertan ez baitago euskararen inolako arrastorik eta, ondorioz, gutxi batzuk dira euskarazko testuak estatu mailako administrazioan. Baina, hor ez da bukatzen dena, hain zuzen ere, legelaria esanahi zabalean itzultzailea den heinean, euskararen aldetik erreferentzia testua falta zaion orduan, euskaraz azaldu beharra tokatzen zaiolako gaztelaniaz idatzita dagoena.

    Eta, nolabait, puntu honekin bukatzeko, administrazio erakundeetan zein epaitegietan dauden gabeziak, hainbat direla esan beharko dugu: besteak beste, hiritar batek Justizia Administrazioan ahoz zein idatziz euskara erabili nahi badu, gaur egunean oraindik, itzultzaile baten beharra izatea, edo demandatu batek, epaiketa batean euskara erabili nahi duenean eta hirugarrenek ulertzeko zailtasunak dituztenean, gaztelera egitea behartzea. Horrez gain, euskarazko letratu-asistentzia bermatzeko baliabideak bultzatu behar dira, ez dauden lekuetan sortuz eta dauden lekuetan garatuz,… eta hauen konponbideetako bat izango litzateke epaitegi barruti bakoitzean epaitegi batek gutxienez baliabide egokiak edukitzea prozedurak euskaraz aurrera egoki eramateko.

    Baina, beste alde batetik begiratuta, honi guztiari zentzu positiboa ere eman geniezaioke, izan ere, euskara gutxi gorabehera orain dela 30 urte justizia eta administrazioaren alorrean sartu zenetik hona, hainbat izan dira berrikuntza hori bultzatzeko eta horren eraginkortasuna eskuratzeko egon diren eta dauden baliabideak eta horietatik sortutako fruituak. Lehenik eta behi goraipatu behar da legelariek erakutsi duten gogoa da euskara langai izateko eta ondorioz, euskaraz lan egiteko. Horren merezimendu izan dira jarraian argitaratu eta plazaratu dituzten metodologia irizpideak, besteak beste, Espainiako unibertsitateek egindako itzulpenak, zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera ematea eta aldizkari juridikoa euskaraz argitaratzea. Baita ere, Euskarazko idazki-ereduak euskaratzea eta hiztegi juridikoen sorrera.

    Baliabide hauek guztiak edo gehienak sortu zirenetik gaur egunera arte, esan beharra dago hainbat urte igaro direla. Horren ondorioz lortutako eskarmentua, teknikak, makinak, itzulpen memoriak, corpus linguistikoak, etab… baliagarri izan dira testu juridikoak gero eta irakurriagoak izateko. Eta, lan honen fruiturik garrantzitsuena Zigor Kodea euskaraz egitea izan da, delituaren definizio orokorra, gehi delitu mota ezberdinen definizioak eta guzti hauekin zerikusia duten terminologiak zehazteko.

    Baina oraindik ere, jurista euskaldunek eta administrazioan euskaraz lan egiten dutenek jardunean jardute eta aurretik badituzte erdiesteko asmoz zenbait erronka:

    Hasteko, lehentasunezkoa da oraindik euskarak jasaten dituen diskriminazioak eta euskara erabiltzeko oztopoak ezabatuz, euskara juridikoa indartzeko eta sendotzeko eginahalak egitea. Eta, honetarako zer da beharrezkoa? Jende euskaldunaren borondatea, gaitasuna eta prest egotea euskararen alorrean lan egiteko.

    Behin hori burututa, eman beharreko hurrengo pausua euskara normalizatzeko plangintza orokor bat egitea litzateke, horrekin finkatuz zeintzuk izango diren erabili behar diren euskarazko terminoak arlo juridikoan, testuetan edo liburuetan hizkuntzaren batasun bat emateko eta honekin lotuta, testu juridikoak euskaratzean lege-xedapenak bi hizkuntzetan (euskaraz eta gaztelaniaz) agertzea.

    Eta, behin hori lortuta, ondoren, organo eta erakunde administratibo eta judizialetan jorratu beharko lirateke azkenengo erronka horietako batzuk eta garrantzitsuenak: besteak beste, lan egiteko molde eta aukera sistematikoa euskaraz izatea funtzionarioen eta jardule juridikoen artean.
    Justizia Administrazioan lan egin behar dutenek euskara juridikoa ikasteko obligazioa ere ezinbestekotzat jo beharko litzateke, horretarako dauden baliabideak bultzatuz eta baita, Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak bere 1998ko otsailaren 25eko Osoko Bilkuran, karrera judizialaren ekainaren 7/1995eko Erregelamenduaren 108. artikulua eta hurrengoak aldatzea erabaki zuenean eta honako hau ezarri zuenean: karrera judizialeko kideen lekualdatze lehiaketetan Autonomia Erkidegoetako hizkuntza ofizialak (euskara barne) eta foru zuzenbide zibila jakitea merezimendu nagusitzat hartuko zirela harrez geroztik.

    Eta, bukatzeko, Zigor Kode elebidunari ere, aipamena egin beharra daukagu, izan ere, kode hau egin dutenen helburua, hau da, Euskal Herriko unibertsitate eta administrazio publikoena, honako hau izan baita: zientzia penala bereganatu nahi dutenentzat edo zigor alorrean euskaraz aritzen direnentzat lehenengo oinarriak jartzen ahalegintzea edo beste hitz batzuetan esanda, esparru juridiko penala sistematikoki euskalduntzen laguntzea, horretarako terminologia finkatuz.

    Ondorioz, honekin guztiarekin jada heldu gara artikulu honen azken oinetara, baina, bukatzeko, honako hau da helarazi nahi dudana nire mezua indartzeko: azkenengo 30 urteetan jurista euskaldunek eta administrazioan euskaraz lan egiten dutenek egindako lanarekin ez dela nahikoa euskararen normalizazio eta garapen egoki bat eskuratzeko. Horregatik dauden baliabideak aprobetxatuz eta berriak sortzeko bidean, posible izatea hemendik 20 edo 25 urtera beste era bateko heziketa bat jasaten duen euskara juridikoak arlo juridiko eta administratiboan behin betiko funtsezko normalizazio egoera bat eskuratzea.

    ___________________________________________________________

  26. Glx
    2009(e)ko abenduaren 9a 15:47(e)tan | #26


    ARAU-IDAZKETA ELEBIDUNAREN ALDARRIKAPENA

    Idazketa elebidunaren aldarrikapena ez da berria euskal erakundeetan. Urte batzuk pasa dira itzultzaileek eta legelariek koerredakzioaren ezinbestekotasuna azaldu dutela, euskarak gutxieneko egoera normalizatua izango badu arlo juridikoan.

    Eusko Legebiltzarrak urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan “Euskara Gutxituak Administrazioan” izenburua zutenak. Beste aditu askoren artean, jardunaldi horietan Eneko Oregik eta Zelai Nikolasek hartu zuten parte, arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko.

    Agerpen horretan emandako azalpenak eta egindako aldarrikapenak TIRAKA blogean jaso dituzte argitaratu berri diren bi sarreratan. Batean ponentziaren testua irakur daiteke osorik. Bestean, idazketa elebidunaren ezinbestekotasuna justifikatzen saiatu dira.

    Bi ekarpen horiek –TIRAKA blogean argitara emandako beste guztiak bezalaxe- ageri-agerian uzten dute zein atakatan dagoen euskara administrazioaren eta legegintzaren alorrean. Oso aintzat hartzekoak dira, beraz.

  27. Glx
    2009(e)ko abenduaren 7a 15:44(e)tan | #27


    “Lexinder” ekimenak irabazi du Manuel Laborde saria

    Urko Mugikak eta Iker Mugikak aurkeztutako “Lexinder ekimenak” jaso du ideia berritzaileetan oinarritutako teknologia-oinarriko enpresa-ekimen onenari emandako Manuel Laborde Werlinden saria. Aurkeztutako proiektua “Ezagutza juridikoa kudeatzeko sistema aditua” da. Ekimen sarituak 7.500 euro jasoko ditu eta laguntzak eta aholkuak izango ditu enpresa-proiektua garatzeko.

    Euskal Herriko Uunibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campusak eta BIC Gipuzkoa Berrilan Europako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak garatzen eta kudeatzen duten “Entreprenari” programaren esparruan sustatu da Manuel Laborde Werlinden sariaren bederatzigarren edizioa. “Entreprenari” programaren helburua da ekintzaileei bultzada bat ematea, eta aholkuak eta laguntza eskaintzea, EHUko Gipuzkoako campusean enpresa berritzaileak sor ditzaten.

    Aurtengo lan irabazleari dagokionez, zuzenbidearen langileentzako egina, “Ezagutza juridikoa kudeatzeko sistema aditua” delako sistemak kasuaren azalpen laburra sartzen uzten du eta erantzuna txosten modura ematen du, kasu horri aplikatu ahal zaion araudi eta dokumentazio osoa eta zuzenbidearen arabera prozesurako garrantzitsuak diren alderdi guztiak bilduz.

    Pozgarria litzateke proiektu honetan euskarak ere toki esanguratsua izatea!

    Bitartean ere, zorionak proiektuaren arduradunei

  28. Glx
    2009(e)ko abenduaren 7a 15:40(e)tan | #28


    Euskal Zuzenbide Zibilaren formulario batzuk euskaraz

    FORULEGE web atarian euskal zuzenbide zibilaren arloan epaiketatik kanpo adierazgarriak diren formularioak daude eskuragarri, lurraldeen arabera antolatuta. Horiez gain, izatezko bikoteen kasuan gehien erabiltzen diren formularioak ere eskaintzen dira, betiere bikote horiek maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen babesean eratu direnean.

    Formulario horiek guztiak ez, baina batzuk gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere eskura daitezke bertan. IVAP/HAEEek eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak sinatutako hitzarmenaren arabera, aurki euskaratuko dituzte oraingoz gaztelaniaz soilik eskaintzen diren dokumentuak.

    Formularioen biltegia helbide honetan dago: http://www.forulege.com/default.cfm?atala=formularioak&hizkuntza=0

  29. Glx
    2009(e)ko abenduaren 7a 15:32(e)tan | #29


    Lanabes berri bat legelarientzat

    Iturria: M. RUBIO – Bilbo – 07/12/200. URL: http://www.elpais.com

    Zuzenbide zibilaren inguruko datu-basea sareratu du Zuzenbidearen Euskal Akademiak – Arlo juridikoan euskara ere sustatzeko baliagarria izango da.

    Euskal zuzenbide zibila denon eskura jartzea. Era erraz eta erabilgarrian. Euskaraz eta gazteleraz. Hori da Forulege izeneko interneteko datu-basearen eskaintza. Zuzenbidearen Euskal Akademiak jarri du martxan proiektu hau. Arlo juridiko zibilaren inguruko oinarrizko kontzeptuak plazaratzeko balio du, eta elebiduna denez, euskararentzako ere bultzada izango da.

    Eguneroko lanabes izateko jaio da Forulege. Arlo honetan lanean ari direnentzako informazio baliagarria eskaintzen du, eta Interneten eskegita dagoenez, erraz erabili daiteke. Hala dio Andres Urrutia akademiako zuzendari-ordeak eta datu-baseko koordinatzaileak: “Foru zuzenbide zibilaren inguruan beharrezkoa diren hainbat datu emango ditu. Eguneroko zereginetan dabiltzan profesionalei datu erabilgarriak eskaintzea da helburua, teknologia berriak aprobetxatuz”.

    Euskal zuzenbide zibilean indarrean dagoen legedia eta jurisprudentzia eskaintzen ditu Forulegek. Bibliografia eta formularioak ere eskura daude bertan, testu bat idazteko argibideak, adibidez, kontsultatu ahal izateko. Erkaketak egiteko ere balioko du, Euskal Autonomia Erkidegoko eta estatuko gainerako lurraldeen arteko zuzenbide zibilaren ezberdintasunak kontsultatu ahal izango direlako. Gainera, zalantzak argitzeko galdera-erantzun atala ere izango du, oso modu “erraz eta sotilean” behar dugun informazioa lortzeko aukera izango da.

    Helburu praktikoa du, beraz, baina erabilera akademikoa ere izango du, Urrutiaren hitzetan. “Praktikotasuna izan dugu hasieratik buruan, baina horrek ez ditu bestelako helburuak baztertzen. Gure ikasleentzat lagungarria izango den instrumentua sortu nahi izan dugu, eta oro har, gai honetan interesa izan dezakeen edonorentzat”.

    Elebiduna da datu-basea, euskarazko atala oraindik garatzeke bada ere. Hurrengo urterako zerbitzua osotasunean bi hizkuntzetan eskaintzea da helburua, euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua izan daitekeela uste baitu Urrutiak. “Gure asmoa ez da bakarrik tresna bat sortzea. Euskararen ikuspegitik ere landu nahi dugu. Sarritan hitz egiten da euskararen normalizazioaz administrazio foraletan. Horregatik, nik uste dut horrelako ekimenak garrantzitsuak direla. Gainera, erabilera oraingoz txikia izan arren, hazten doa. Ezerezetik gatozen neurrian, itxaropentsu izateko moduan gara, esparru juridiko horretan euskarak bere presentzia bermatua izango baitu”.

    Proiektuak, hala ere, zabalik jarraitzen du oraindik, Urrutiaren hitzetan. “Bestelako instituzio publikoetako edo pribatuetako ekarpenak batzeko prest gaude. Gainera, bestelako pausuak ere eman nahiko genituzke, jurisprudentzian eta baita bestelako gaietan ere”. Horrela, euskal zuzenbidea teknologia berrien munduan murgiltzen joango litzateke, eta behar-beharrezkoa da hori Urrutiaren ustez. “Lanabes moduan esanguratsua dela uste dut, lehen urratsa delako. Foru zibila aspalditik datorren tradizioa da, eta tradizio hori teknologia berriekin batzen ahalegindu gara. Gure akademiaren aldetik apustua garbia da. Paperezkoak ez ditugu baztertzen, baina teknologia berriek mundu berri bat ahalbideratzen digute, eta mundu hori zuzenbidera ekarri behar da”.

    Gehiago irakurtzeko sakatu hemen

  30. Glx
    2009(e)ko azaroaren 11a 16:01(e)tan | #30


    Sarean da jada Administrazioan Euskaraz aldizkariaren 65. alea

    Urriko alea sarean duzue jada eskuragarri IVAPen web-orrian. Beti bezala, gai interesgarri asko jorratzen ditu aldizkariak, euskara txukun eta atseginean.

    Guztien artean bi lan iruditu zaizkit nabarmentzeko moduko: Jon Agirre zinpeko itzultzailearen artikulua mailegu lexikoei buruz eta Iñigo Roke euskara-zuzentzailearen lana puntuazio-markei buruz.

  31. Garalex
    2009(e)ko azaroaren 11a 15:57(e)tan | #31


    Argitaratu da ZUZEN albistariaren bigarren alea

    Justizia eta Herri Administrazio Sailak ZUZEN aldizkariaren bigarren alea argitaratu du jada.

    Ale honetan euskarazko bertsioa aurrekoan baino zainduagoa ematen du. Lehen begibistakoan behintzat, ez dugu ezer larririk antzeman.

    Lastima da begizorrotz ibili behar izatea, baina gaitzerdi, aurreko aleak jasotako kritiken ondoren gauzak “zuzenago” egin baitira ZUZEN informazio-aldizkariaren ale honetan.

  32. Jsb
    2009(e)ko urriaren 11a 12:33(e)tan | #32

    ZUZEN aldizkaria

    Eusko Jaurlaritza ZUZEN aldizkaria argitaratzen hasi da Justizia Sailaren web-orrian.

    Aldizkaria gaztelaniaz zein euskaraz argitartzen da. Zoritxarrez, euskaraz ez dago behar bezain txukun idatzia.

    Masaia-ikastaroa blogean aurkituko duzue lehen alean aurkitutako huts batzuen “salaketa”.

    Ea hurrengo aleak txukunagoak diren!

    Jsb

  1. Momentuz aipurik ez.