Euskararen kalitatea

2012(e)ko maiatzaren 11a

Azken urte hauetan arreta berezia eskaini zaie administrazioan eta arlo juridikoan hizkuntzaren kalitatearekin lotutako gaiei.  Izan ere, estatu demokratikoetan erakundeek bermatu egin behar dute hiritarren berdintasuna administrazioaren eta legearen aurrean, eta, horretarako, funtsezkoa da erakundeek hartzen dituzten erabakiak eta onartzen dituzten legeak hiritar guztientzat eskuragarri izatea, eredu eta jarraibide jakin batzuen arabera idatziak izatea eta, ahal den punturaino, argiak zehatzak eta zalantzagabeak izatea. Horrela bada, kalitatea jomugan hartzen denean, hiru alderdi zaintzen dira nagusiki: segurtasun juridikoa, estandarizazioa eta funtzionaltasuna.

Alabaina, Administrazioan eta mundu juridikoan berez badarabilten kalitatearen inguruko kezka orokorrari, azken urteotan erantsi zaio euskararen normalizazioaren eta estandarizazioaren arloko adituek hizkuntza-kalitatearen inguruan duten kezka. Administrazioko hizkerari eta hizkera juridikoei bagagozkie, ezin ukatu ahalegin paregabea egin dela hizkuntza-eredu funtzionala garatzeko; alabaina, alor horietan euskarak oraindik balio sinboliko handiagoa du, balio funtzionala baino. Gainera, alor horietan euskara itzulpen-hizkuntza da gehienbat; eta zenbait itzultzailek (batez ere, erakundeetan bertan lan egiten dutenek) hizkuntza-kalitatearen garapenari ekarpen ezin hobea egiten badiote ere, zoritxarrez, zenbait kasutan, emaitzak ez dira beti, hain zuzen ere, bikainak. Bestalde, zenbait testuingurutan kosta egiten ari zaio euskarari “itzulpen-hizkuntzaren” estatusetik harantzago, erabateko beregaintasuna aitortua izatea.

Gauzak horrela, hiru lan-ildo izango ditu GARALEX blogak orri honetan:

Komunikaziorako Gaitasunak atalean, lehenik, administrazioko eta zuzenbideko jardunek dituzten komunikazio-eskakizunak aztertuko dira.

Hizkuntzaren Erabilera atalean, bestalde, euskarak administrazioan eta justizian duen estatusa eta tokia aztertuko da, erabilera baita, azken batean, kalitatearen funtsezko baldintza eta aldagai

Kalitatearen Hatsarreak atalean, azkenik, kalitatearen bidean hizkera juridiko-administratiboak dituen erronkei buruzko gogoetak,  iritziak eta proposamenak landuko dira.

  1. Jon Aranburu
    2012(e)ko abenduaren 2a 08:00(e)tan | #1


    Kalitatearen erronka aztergai

    ___________________________________________________________

    Onartu beharra dago gaur egun ibilbide luze bat egin dela euskara osatuago bat eratzeko bidean. Honela, nagusiki, euskararen zuzentasuna, zehaztasuna eta argitasuna eztabaidagai izan diren arren, azken urteetan arlo juridiko-administratiboaren hizkuntza kalitatera bideratu dira ahalegin handiak, hizkuntzaren kalitateak adierazten baitu hizkuntza batek daukan garapena.

    Hizkuntzaren kalitatea osatzeko xede horretan, lehenik eta behin, hizkuntzaren modernizazio edo errealitatearen egokitzapen bati ekin beharko genioke, esaterako, Espainiako Gobernuak Justizia Ministeritzaren bitartez gazteleraren hizkera juridikoa egungo hizkerara hurbiltzeko ahaleginak egin ditu.

    Nire aburuz, egun euskarak duen erronka nagusia bere hizkera juridiko-administratiboa herritarren, hots, hiztunen erabilerara hurbiltzea izango da, bitarte horretan hizkuntza orok izan behar duen kalitateari eutsiz. Izan ere, kalitate handia duen euskarak ez du ezertarako balioko herritarrek nekez ulertuko badituzte testu juridikoak, hau da, hizkera juridiko-administratiboa bere ohiko hizkeratik urrun ikusten badute, euskarazko testuak baztertu egingo dituzte eta beste hizkuntza baterantz jo.

    Ondorioz, ezinbestekoa daukagu gure hizkuntza den euskararen kalitatea behin eta berriz hobetzen joatea, baina ezin dugu ahaztu ordea hizkera juridiko-administratiboaren erabilgarritasunaren garrantzia eta hiztunen onarpena.

  2. Erika Rikoy
    2012(e)ko azaroaren 27a 05:45(e)tan | #2


    Euskara juridiko-administratiboaren kalitatea gogoetagai

    ___________________________________________________________

    Gaur egun hizkuntza kalitatearen inguruko kezkak indar handia hartu du Zuzenbidezko Estatuan, EKaren 9.3.artikuluak bermatzen duen segurtasun juridikoa babeste aldera. Jakina da guztion artean hizkera juridiko-administratiboa teknolektoa dela, alegia, hizkera teknikoa, terminologia bereiztua erabiltzen dituena. Hala ere,errealitateari so eginez, esan al daiteke antzinatik hain erroturik dagoen hizkera formalistak hizkuntza beraren kalitatea bermatzen duela? Alegia, justiziaren eta administrazioaren arloetan erabilitako hizkerak betetzen al ditu segurtasun juridikoaren eskakizunak?

    Ildo horretatik Hizkuntza Juridikoa Modernizatzeko Batzordeak espainiar estatuan egindako ikerketa baten arabera, hiritarren %82ak arazoak dituzte hizkera juridikoa ulertzeko eta, zehazki, hau iluna, nahasia eta konplikatuegia dela deritzote. Izan ere, hizkera hau opakua, zaharkitua eta formulismoz beterikoa da, eta horrek ezinbestean segurtasun juridikoa kaltetu eta gatazka sozialen ebazpen egokia galarazten du.

    Baina arlo honetan Zuzenbideko profesionalek ere zeresanik badute eta, oro har, zailtasunok erraztu baino, askotan egoera okertzen dute. Hauetariko askok akats sintaktiko eta gramatikal ugari egiteaz gain, eraginkortasun komunikatiboan eragina duten hainbat hutsegite egiten dituzte, bai ahozko zein idatzizko adierazpenetan. Honen inguruan gogoeta eginez, aspaldi irakasle batek azaldu zigunez, zehaztasun teknikoaren eta argitasunaren arteko oreka konplexua da jurista on bat definitzen duena. Beraz, justizia ulergarri bat lortzeko beharrezkoa da eragile juridikoen eta bertan parte hartzen duten erakundeen konpromiso sendoa, eta hauek argitasunaren, zehaztasunaren eta zuzentasunaren ezaugarriak errespetatzea; izan ere, modu honetan lortuko da hiritarrok gure eskubide eta obligazioen berri izatea, noren aurrean defendatu behar dugun jakitea eta, finean, erakunde publikoenganako konfiantza izan, eta horietan parte-hartzea ahalbideratzea.

    Hori horrela izanik, ezinbestekoa da aipatzea euskara juridikoak arlo juridikoan eta administratiboan dituen erronkak eta horiei aurre egiteko abian jarri diren ekimenak eta baliabideak.

    Diskurtso juridiko eta administratiboan agertzen diren erronkei dagokienez, lehenik eta behin, euskara juridikoak ez omen du tradiziorik eta aurretik aipatu bezala, hizkuntzalariek idazki juridikoen kalitate eskasa eta zuzentasun falta salatzen dute. Era berean, euskaraz ia ez da testu juridikorik sortzen, nahiz eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zenetik aurrerapauso anitz egin diren. Hainbat arrazoirengatik, ordea (tradiziorik eza, idazki juridikoak idazten dituztenek erdaraz ikasi izanak…), egun euskaraz idatzitako testu juridiko gehienak euskarara egindako itzulpenak dira.

    Bestalde, hizkera juridikoa “erraztu” nahi izateak hizkuntzaren kalitateak behera egingo duen beldurra dago. Hala ere, hizkera juridikoaren helburu nagusietako bat eskubideen, obligazioen, zigorren eta onuren inguruan informatzea bada, eginkizun hori bete dezake eta, aldi berean, kalitatezkoa eta ulergarria izan. Hizkuntza ulergarria ere segurtasun juridikoarekin uzartu beharko litzateke. Honen arira, Konstituzio Auzitegiak epai batean ematen du azken termino horren definizoa:

    EKko 9.3. artikuluan aldarrikatzen den segurtasun juridikoak adierazten du legegileak zehaztasuna bilatu behar duela eta ez nahasketa araugilea. Legegilea saiatu behar da arautzen ari den arloa operatzaile juridiko eta hiritarrek ulertu dezaten, eta objektiboki nahasiak diren egoerak baztertu behar ditu.

    Beraz, ahaleginak egin behar dira idazkiak herritarrei hurbilarazteko eta testu juridikoak ahalik eta argien eta zehatzen idazteko; hori guztiori aldez aurretik jakinda “guztiontzako kafearekin” ez dela inoiz bete-betean asmatuko, alegia, ezinezkoa dela herritar guzti-guztiek ulertzeko moduko testu juridikoak idaztea, testu horien esanahiaz jabetzeko nozio juridiko batzuk ezagutzea ezinbestekoa delako. Hala ere, zenbat eta ezagunagoa eta zehatzagoa izan testu baten hartzailea, orduan eta egokiago molda daieteke testu hori hartzailearen ezaugarrietara.

    Ildo beretik, egun testu juridikoak ez dira idazten behar den besteko arretarekin eta legelari eta eragile juridikoen arazoak zentzu honetan jatorri bikoitza izan dezake: Batzuek ez dakite ondo idazten eta diskurtsoa nahasten dute dotoreziaren bila. Beste batzuek, aldiz, ondo idazteko gai dira baina estilo zaharkituari eusten diote. Zalantza-izpirik gabe nabarmendu behar dena da Zuzenbidean profesionalak direnen emaitzei begiratu behar zaiela beraien prestigioa neurtzeko, eta ez erabiltzen duten idazkera sasi-barrokoaren arabera.

    Bestalde, erdal diskurtsoa geureganatu dugu euskaraz, eta erdararen morroi bilakatu da askotan euskara. Adibide batzuetara jo besterik ez dago: Azaldu beharrean aurkitzen naiz, etxeen pintaketari ekingo zaio, espainiar hiritartasunaren jabe da…Euskal idazle eta itzultzaile gehienek orain arte jarraitu duten bidea ustezko erdara “jasoan” oinarrituta, euskara “jasoa” eraikitzea izan da.

    Terminologiari bagagozkio, bestalde, erdal terminoen euskal ordainak aurkitzeko orduan arazo ugari izan dira, eta erakunde bakoitzak bere “terminoak” erabili izan ditu. Zehaztasunaren eta segurtasun juridikoaren kaltetan, batzuk hitz berriak asmatu dituzte eta beste batzuek maileguetara jo dute nahiko arintasunez. Adituen esanetan, benetako terminoak urriak dira lege-testuetan; hots, benetako terminoak ez direnak hizkera ulergarriagoan idatz daitezke eta, horrenbestez, testu juridikoetan bi motatako hitzak aurki genitzake: benetako termino juridikoak eta sasi-terminoak. Lehenak zehatzak eta adiera bakarrekoak direnez, errespetatu beharko lirateke. Bigarrenak, aldiz, moldatu egin behar dira testuak argiagoak izan daitezen.

    Hizkera juridikoaren egoera hori izanda, euskal diskurtso juridiko-administratiboak hobetzeko eta geureganatzeko hainbat baliabide eskaini dira lau oinarriren inguruan. Komunikazioan, lehen aipatu bezala, hartzailea hiritarra denean profesionalek oreka bilatu behar dute hizkera teknikoaren eta herritarrek zenbait mezu ulertzeko izan behar duten eskubide demokratikoaren artean. Ahal denetan, beraz, testuarekin batera marko teoriko bat ematen saiatu beharko genuke (azalpen, definizo edota adibideen bitartez) eta formaltasuna arindu. Hizkuntza-arazoak ere ugariak izaten dira eta horien adierazle argiak mailegu eta latinismoen gehiegizko erabilera da. Idazki juridiko baten idazleak bere buruari galdetu behar dio maileguak erabili ordez, ideia bera adierazteko ez ote dagoen beste hitzik, ea aukeratutako maileguak beste hitzak eratortzeko balio duen eta ea nolako harrera egingo dioten testuaren erabiltzaileek termino horri. Zaila badirudi ere, saiakera egiten ez dugun bitartean horrelako esaldi astunak aurki ditzakegu:

    Berebat dio: Epai hori betetzeko, Epaitegi horri errekeritzen zaiola, ofiziatu ditzala jarraiango banketxeak, enbarga ditzaten demandatuak modu indibidual, amankomun edo solidarioan, organismo edo entitate horietan eduki ditzakeen saldoak, kontu korronteetakoak edo beste edozerenak, exekutatzaileari printzipalkia eta kostuak ordain darizkion”.

    Latinismoak ere baztertu behar dira dotorezia eta jantzitasuna agertzeko sartzen direnean. Bestalde, hizkera juridikoan gero eta ohikoagoa da hitz abstraktuen erabilera eta horregatik aukeratzen ditugu izen multzokariak hitz bakunak baino. Hala ere, euskaraz naturalagoa omen da hitz bakunak erabiltzea plurala baino (estolderia – estoldak, adibidez). Finkatutako formulak, lokuzioak eta errepikapenak ere alde batera utzi behar dira esaldiak puztu, ilundu eta luzatzen dutelako, ohituraren izenean. Hizkera sexista ere alboratu behar dugu, nahiz eta, zorionez, euskarak arlo horretan beste hizkuntza batzuen aldean ez duen horrenbesteko arazorik. Dena-dela, akats batzuk zuzendu behar dira eta euskararen berezko joerari jarraitu: *Legegizonak – legelariak. *Jaunak – jaun-andreak, etab.

    Morfojoskerari arreta jarriz, esaldi laburrak hobesten dira, eta esaldiak elkartzeko orduan koordinazioa eta justaposizioa berezkoago ditu euskarak gaztelaniak erabiltzen dituen menpeko esaldiak baino. Modu horretan, oro har, joskerari dagokionez, aditza da informaziorik gehien eskaintzen duen esaldiaren atala eta, hortaz, zenbat eta aurrerago egon, orduan eta errazago izango zaigu informazio hori. Adibidez, galdegaia eta aditza aurreratuz:

    Mintegi horrek euskal zuzenbidearen oinarriak zabaltzeko eta ezagutarazteko hartu dituen lanak eta nekeak aipatzeko modukoak iruditzen zaizkigu.
    Aipatzeko modukoak iruditzen zaizkigu mintegi horrek euskal zuzenbidearen oinarriak
    zabaltzeko eta ezagutarazteko hartu dituen lanak eta nekeak.

    Nominalizazioa ere ekidin egin behar da. Egia da nominalizazioak testuari objektibitate, inpertsonaltasun eta maila jasoa ematen diola. Hala ere, gehiegikeriaz jokatzen dugu maiz eta horren ordainean idazkiak berdinegiak eta hotzegiak izaten dira, erdararen menpe. Badirudi, beraz, aditzak kendu eta euren ordez izenak jarrita, hizkera arruntetik ihes egiten dugula.Baina euskarak aditu askoren ustetan atzizkidun hitz abstraktuen ugarikeriari aurre egin behar die, mezua ilundu eta ekintza indarrik gabe utz dezaketelako. Adibide baten bitartez hobeto adierazi daiteke aurreko ideia. Hurrengo testuetan, lehena gaztelaniaren estilotik hurbil idatzia da; bigarrena, aldiz, euskaraz:

    17.1. Administrazio-organoetako arduradunak horiek izendatzeko organo eskumendunak aukera ditzanak ordezkatu ahal izango ditu aldi baterako, hutsune, kanpoaldi edo gaixotasunik gertatuz gero.
    17.1. Administrazioko organoren batean titularrik ez bada edota kanpoan edo gaixorik badago, aldi baterako ordezkoa jar dezake titularrak izendatzeko eskumena duen organoa
    .

    Era berean, perifrasiari dagokionez, hitz bakar batean esatekoa ez da hitz bitan esatea komeni. Perifrasia erabiltzeko gehiegizko joera dago administrazioko idazkietan, testuari maila jasoa eman nahian; baina, horrela, beharrik gabe luzatzen ditugu esaldiak, eta mezua azkar jasotzea oztopatzen dugu sarritan. Adibide bezala: -Helburua lortu ahal izateko aukera izan dezagun beharrezkoak diren baldintzak aztertu behar ditugu. – Helburu lortzeko behar diren baldintzak aztertu behar ditugu.

    Esaldi inpertsonalak ere ugari erabiltzen direnez, argitasunaren izenean, ahaleginak egin behar dira esaldien subjektuak edo eragileak adierazteko. Halaber, esaldi pasiboak baztertu behar dira egitura aktiboen alde, estilo arinago eta biziagoa lortzeko. Gerundiozko menpeko esaldi gehiegi erabiltzeak, bestalde (gaztelerazko eredua imitatzeagatik), kutsu zaharkitua izateaz gain, luzatu egiten ditu esaldiak. Baiezko esaldiak ere errazago ulertzen ditugu ezezkoak baino eta, finean, erlatibozko esaldiak gutxitu beharko lirateke eta arestian aipaturiko beste egitura batzuk erabili, hala nola, koordinazioa edo justaposizioa.

    Testugintzaren alorrean, bestetik, testuaren antolaketa oso garrantzitsua da. Izan ere, idaztea arau jakin batzuk ezagutzea baino gehiago da: Egoera komunikatiboa aztertu behar da, eta ideiak bildu eta egoki antolatu. Honekin lotuta zenbait baliabide eskaintzen dira: Elipsia gehiegi erabiltzen bada, testua ulergaitz eta nahasia bilaka daiteke; erakusleak informazio garbia edota aurreko kontzeptu bati erreferentzia egin beharko diote, bestela, ulermen-arazoak sortzen dira; ordezkapen semantikoa neurriz erabili behar da zehaztasuna delako testu juridiko-administratiboetan bilatzen dena.

    Perpausen arteko loturak ere egoki erabili behar dira eta testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar dute, testuaren koherentzia ahalbideratzeko. Hitz batean esanda, euskaraz askatasuna izan behar dugu testu-antolatzaileen bidez testua egoki egituratzeko.

    Azkenik, diseinuari dagokionez, kontuan hartzekoa da testu juridiko gehienak itogarriak izaten direla: trinkoegiak izaten dira. Lerroaldeen artean ez da tarterik erabiltzen, marjinak txikiegiak dira, lerroak estuak, etab. Horrenbestez, ahaleginak egin behar ditugu idazkien itxura erakargarriagoa izateko.

    Ondorio bat ateratzearren, aurretiaz aztertu den bezala, arlo juridiko-administratiboaren hizkeran erdara izan da nagusi, eta euskara arlo honetan sarberria eta tradizio urrikoa izanez, ez da behar bezain ezaguna. Hizkuntzaren corpus-aren normalkuntzan urrats handiak eman badira ere, ezin esan daiteke guztiz normalizaturik dagoenik, hainbat elementu lotu eta finkatu gabe daudelako. Hortaz, hutsune horiek betetzeko arazo eta zalantza ugariri erantzun behar dizkiete egunero euskaraz lan egiten duten eremu publikoko langileek.

    Hainbatetan nabarmendu den bezala, arlo publikoko hizkera oso formala da, hiru ezaugarri nagusiren inguruan oinarritzen dena: zehaztasuna, argitasuna eta zuzentasuna. Hiru ezaugarri horiek, ordea, arazo bihurtzen dira euskaraz mintzatzean, gure hizkuntzak duen egoera dela-eta. Zuzentasunari dagokionez, hizkera administratibo-juridikoak estandarren gainean eraikitzen da eta hainbat termino finkatu eta normalizatu gabe daudenez, zaila da mezua ematea administrazioan eta jurisdikzio arloan behar den zehaztasunez, eta are zailagoa da hartzaileak ondo ulertzea. Horren arrazoia da termino ugari berriak direla eta hiztunak ez dituela oraindik bereganatu. Bestalde, kontzeptu bera adierazteko aldaera anitz daudenez, ez dituzte beti ñabardura berberak adierazten.

    Argitasunari dagokionez, ondoriozta daiteke eremu publikoko testuak ulergaitzak eta jatortasunik gabekoak direla. Euskaraz sortu barik, itzulpenak egiten dira hein handi batean, batzuetan jatorrizko testua erdaraz dagoelako edo, besteetan, testua euskaraz egonik, erdaraz pentsatua izan delako.

    Honen arrazoia zein izan daiteke? Bada,aipatu bezala, tradizio handirik gabe, eredu estandarrik gabe, erdaraz oso finkaturik dauden esamoldeak eta fraseologia euskaratzerakoan, buruhauste eta denbora gutxien eskatzen omen duen jokabiea hartu ohi dugu: eskura dugun erdararen estilobidea imitatzea. Eta ez bakarrik erdaraz zuzen dagoena, baita oker dagoena ere bai. Ondorioak agerikoak dira: testu korapilotsuak, ilunak, naturaltasunik gabekoak.

    Erronka, beraz, hizkuntzaren kalitatea hobetzea da. Ezin dugu ahaztu behar hizkuntza bakoitzak berezko bideak dituela informazioa esaldi modu egokietan antolatzeko eta esaldi horietako elementuak modu jakin batean kokatzeko. Hori dela-eta, hizkuntza baten hiztunentzat arrotzak diren bideak hautatzean irakurleak nekez ulertuko du testua, bere ohiko hizkeratik urrun ikusirik. Horrela, hizkuntzaren autonomiberezkotasunaren alde egin beharko genuke eta gure hizkuntzaren baliabideetara jo.

    Beraz, erronka hauei aurre egiteko aipaturiko baliabideei jarraitu beharko genieke. Hauek estilo-arazoekin lotuta daude batez-ere, gramatika-zuzentasuna baino; izan ere, jakina denez, esaldi bat zuzena izan arren, ulergaitza izan daiteke 20 lerroko erlatibozko esaldi bat osatzean. Kontua ez da zelan egiten dugun esaldi soila, baizik eta, testua osatzean, erabiltzen ditugun esaldi eta esaera moten arteko oreka. Horrela, irakurgarritasuna (idatzizkoaren ulergarritasuna) azpimarratu behar da, berak gidatuko gaituelako hizkera argiaren bidetik eman behar diren urratsak ematera.

    Zalantza izpirik gabe, gaur egun segurtasun juridiko eta hiritarren eskubideen alde, iraganekotzat jotzen da administrazio eta justizia arloko ohiko antilingua, ustezko maila jaso bat ematearren azalpen sinpleena ere itxuragabetu eta nahaspilatzen duen kriptohizkera.

    Azkenik, nabarmentzeko da hizkuntzaren kaliatea hobetu nahi badugu, Zuzenbideko profesional eta erakunde publikoen konpromisoa areagotu egin behar dela. Zentzu honetan, Euskararen Legeak 30 urte bete eta euskararen normalizazioan aurrerapauso handiak egin badira ere, euskara erabat normalizatu gabeko hizkuntza da oraindik eta ez da Euskal Herri osoan ofiziala. Beraz, lanean jarraitu beharko dugu guztion artean euskararen erabilera eta kalitatea arlo publikoan barnebiltzeko beste hizkuntza batzuen parekotasun-maila berean.

  3. Ainara Artaza
    2012(e)ko azaroaren 25a 15:53(e)tan | #3


    Hizkera juridikoaren kalitatearen garrantzia gaur egun

    ___________________________________________________________

    Arlo juridikoan eta Administrazioan erabiltzen den hizkera juridikoa betidanik arrotza egin zaigu herritarroi. Administrazioa hiritar orori zuzentzen zaigun erakunde publikoa den heinean, ezinbestekoa zaigu bertan erabiltzen den hizkera ezagutzea, pertsona arruntaren eta erakunde honen arteko harremanak aurrera eramateko garaian. Horregatik, argi dago nahitaezkoa dela hizkuntza juridikoa erraztea, komunikazio hori arintzeko.

    Egun, teknologiaren aurrerapenak izugarriak izan direla kontuan hartuta, Administrazioak hainbat dokumentu internet sarearen bidez betetzeko aukera aurreikusten du. Baina, aurrerapen horrek ere badu bere akatsa: ez bada zerbitzu hori modu ulergarri batean eskaintzen, herritarrok zailatasunak ditugu hauek bete behar ditugun unean. Beraz, ezinbestekoa da hizkuntza juridiko hori modu ulergarrian aurkeztea, esaldi konplexuak alde batera utziz eta gutxi erabiltzen diren hitzak baztertuz. Beharrezkoa izango litzateke esaldi motz eta argiak erabiltzea, edozein pertsonak ulertzekoak alegia. Hala, hartzaileok errazago eta arinago ulertzeko aukera izango genuke, azken finean zerbitzu hauek edonork erabiliko baititu.

    Laburbilduz, Administrazioan erabiltzen den hizkuntzak ez du oztopo izan behar herritarrek zerbitzu hori erabiltzeko garaian. Beraz, korapilatsuak diren esaldiak alde batera uzteaz gain, esaldi errazak egitea da kontua, sor daitezkeen zalantza kasu guztiak baztertzeko. Azken finean, testu edota esaldi formalegiak egitean testuak ulertezin izan daitezke. Alegia, ezinbestekoa da herritarron onurarako esaldi argiak egitea.

  4. Naiara de la Torre
    2012(e)ko azaroaren 23a 12:42(e)tan | #4


    Hizkuntza-kalitatea garrantzitsua da

    ___________________________________________________________

    Testu edo hitzaldi administratibo zein juridiko askoren hartzaileak herritarrak dira, eta horretan adituak ez direnez, komunikazio horien hizkera-eredua herritarren mailara egokitu behar dira. Gainera, kontuan izan behar dugu zuzenbidearen helburua ez dela estetikoa ezta literarioa ere, beraz, hizkuntzaren bidez transmititzen dugunak ulergarria izan behar du segurtasun juridikoa bermatu ahal izateko.
    Hortaz, hizkuntza eta haren kalitatea funtsezkoak dira administrazioaren eta herritarraren arteko harremanetan. Gaur egun administrazioaren eta herritarren artean dagoen harresia botatzeko ahaleginak egin behar dira, bestela, nekez bermatuko da segurtasun juridikoa.

    Azken batean, helburua herritarrei informatzea bada, ulermena errazten duten baliabideak erabiltzea komeni da. Horretarako, hitz formalegiak eta zaharkituak albo batera utzi behar dira herritarrei hurbiltzeko. Izan ere, zehaztugabetasunak eta ulermen ezak ondorio legal larriak ekar ditzakete. Gainera, zehaztugabetasunak interpretaziorako bidea zabalik uzten du, eta, ondorioz, auzi ugaritan testu juridikoen esanahia guztiz argituta ez dagoenez, botere judizialen erabakiak legegilearen helburua kaltetu dezakete.

    Argi dago, beraz: hizkuntzaren kalitateak izugarrizko garrantzia dauka.

  5. Amaia Burgos
    2012(e)ko azaroaren 20a 12:07(e)tan | #5


    Administrazioko eta arlo juridikoko euskararen kalitatearen bila

    ___________________________________________________________

    Administrazioko zein arlo juridikoko hizkera oso teknikoa izan da betidanik; ondorioz, arlo horietan aritzen ez den jendearentzako hizkuntza ilun eta ulertezina da.Teknizismoz betea egoteaz gain, askotan modu korapilatsuan idatzia egoten da eta horrek esaldiaren haria jarraitzea ezinezko egiten du .
    Euskararen ofizialtasuna Espainiako Konstituzioan onartu zenetik, asko dira euskararen ofizialtasun hori benetako izaten lagundu duten ekintzak eta horri esker, herritarrak administrazioan zein arlo juridikoan euren hizkuntzan aritzeko aukera dute
    Bestalde kontuan hartu beharrekoa da orain arte euskaraz ditugun dokumentuak, gaztelaniatik hitzez-hitz itzulitakoak direla. Jatorrizko testua berez, korapilatsua eta teknizismoz betea izatea k itzulpena are ilunagoa izatea ekarri du . Horrek guztiak euskarazko itzulpenek izan beharko luketen zentzua galtzea eragin du.
    Zorionez, Eusko Jaurlaritzak eta IVAPek izugarrizko lan ona egin dute alderdi honi dagokionez; bai administrazioko baita justizia arloko dokumentuak euskaratzeaz gain, hauek ulerterrazak egiten saiatu baitira . Gaur egun gainera anitzak dira administrazioaren aurrean edo auzitegietan aurkeztu behar diren dokumentuen kalitatezko itzulpenak. Horien adibide garbia dira Forulegen eskaintzen diren formularioak.
    (ikus: http://www.forulege.com/default.cfm?atala=formularioak&hizkuntza=0)
    Laburbilduz , oso garrantzitsua eta nabaria izan da orain arte erakunde ezberdinek egin duten lana. Lan horren bitartez, euskarak Administrazioan eta eremu juridikoan merezi duen tokia du gaur egun. Baina aipatutako alor horietan euskararen erabilera sustatzeaz gain, oso garrantzitsua eta ezinbestekoa da, era berean, euskara hori kalitatezkoa izatea. Zergatik? Herritarrek euskarazko inprimakiak betetzeko orduan arazorik izan ez dezaten. Esan bezala, orain arte, gaztelaniatik hitzez-hitz eginiko itzulpenak oso ilunak zirenez, herritarrek jatorrizko testuetara jo izan dutelako; ondorioz, euskararen erabilera baztertu dute . Beraz, eutsi diezaiogun Eusko Jaurlaritzak, IVAP eta antzeko erakundeek hasitako lanari.

Iruzkinen orrialdeak
  1. Momentuz aipurik ez.