Hizkuntzaren erabilera

2016(e)ko abenduaren 22a

Administrazioan eta mundu juridikoan berez badarabilten kalitatearen inguruko kezka orokorrari, azken urteotan erantsi zaio euskararen normalizazioaren eta estandarizazioaren arloko adituek hizkuntza-kalitatearen inguruan duten kezka. Euskarak hiztunak irabazi ditu, baina erabileran egiten du huts. Gainera, euskara estandarraren garapen-prozesua ez dago amaiturik, eta are gutxiago espezialitate-hizkerena. Testuinguru horretan, hiztun batzuek erraz jotzen dute alboko hizkuntzetara; izan ere, ez dituzte euskaran aurkitzen nahi moduko esan-indarra izango duten ereduak. Beste hiztun batzuek, berriz,  testu zuzenak, agian bai, baina esan-indarrik gabekoak sortzen dituzte. Alabaina, euskararen kalitatearen inguruko gogoetek eta aldarrikapenek argi adierazi dutenez, hizkuntzaren kalitatearen soburua, bitarteko eta jomuga erabilera da. Erabiltzen ez den hizkuntzak ez du kalitatezko eredurik izateko, ez benetako premiarik, ez baliabiderik ezta bere komunikazio-ahalbideak modu sistematiko eta orekatuan egokitzen, aberasten eta zabaltzen jarraitzeko irizpiderik.

Euskarak zailtasun batzuk ditu kalitatearen eta erabileraren elkargune honetan; zer esanik ez arlo juridkoan eta administrazioan. Batetik, arlo hauetan euskaraz sortzen diren testuen kopurua beste batzuetan baino nabermen ugariagoa izan arren, testu horiek ez dute, gehienetan, erabilera funtzionalik; balio sinboliko hutsa dute. Izan ere, euskarak administrazioan eta arlo juridikoan duen tokia erabaki politiko bati zor zaio gehienbat; ez hainbeste herritarrek esparru hauetan euskaraz aritzeko duten berezko joerari. Bestetik, testu horiek ia beti itzulpen-lanaren emaitza soila dira, eta ez erabateko komunikazio-prozesu batenak. Ondorioz, maizegi, alboko hizkuntzen oso menpeko dira adierazpidearen aldetik, eta gaitzak gertatzen zaizkio erabiltzaileari. Eta hala izango da egoerarik onenean, zeren eguneroko esperientziak erakusten baitigu oraindik ere ugari direla akats eta huts nabarmenak dituzten testuak eta itzulpenak alor hauetan. Honek guztiak lehen aldagaiari egiten dio kalte, hau da, erabilerari; eta, horrek, amaitzen ez den sorgin-gurpil zoro batean sartzen du hizkuntzaren garapen-prozesua.

Hala ere, euskararen normalizazioaren eta garapenaren bidean azken urteotan egindako ahaleginek ekarri dituzte emaitza oparoak ere. Batetik, administrazioan eta arlo juridikoan euskaraz aritzeko beharrezko ziren oinarrizko azpiegiturak sortu eta egonkortu dira (hizkuntza-gaiez arduratuko diren erakundeak eta profesionalak; hizkuntza-prestakuntzarako programak; hizkuntza-ereduak eta baliabideak; eta abar), eta, agente horiek egin duten ahalegin iraunkorrari esker, garatzen, osatzen eta egokitzen joan da euskara zainduaren eredua ere. Bestetik, bitarte honetan bai euskara batua bera eta bai erregistro zainduko hainbat hizkera-eredu ere garatu dira (kazetaritzarena, literaturarena, zientzia eta teknologiarena…); alor horietan emandako urratsen emaitzak oso baliagarriak izan dira administraziorako eta arlo juridikorako (baita, segur aski, alderantziz ere). Eta horrekin guztiarekin batera, administrazioan eta arlo juridikoan hizkuntza erabiltzeko gida-lerro nagusiak finkatu dira, eta baliabide ugari sortu dira gida-lerro horien berri emateko, eta arian-arian sortzen diren zalantzei zuhurki erantzuteko.

Ondoren bildutako azterlanetan jaso dituzte Zuzenbide Fakultateko ikasleek erabileraren ikuspegitik euskarak administrazioan eta arlo juridikoan egindako ibilbidearen inguruko gogoetak; baita ere euskararen erabilera bultzatzeko abian jarri diren ekimenen inguruko balorazioa, betiere, hizkuntza-kalitatea jomugan.

 

 

  1. Amaia Burgos eta Xabier Etxaniz
    2013(e)ko apirilaren 20a 07:14(e)tan | #1


    Interpretazio-lana epaitegietan komunikatzeko tresna

    ___________________________________________________________

    Zer da? Galdera honi erantzun bat emateko, beharrezkoa da argitzea interpretazioa eta itzulpengintza ez direla gauza bera. Beraz, zertan dira desberdin?

    a) Alde batetik, itzulpena jatorrizko testu bat, beste hitz batzuetan jartzen denean burutzen den heinean, interpretazioa, jatorrizko ahozko testu bat edo idatzizko testu bat, zuzenean ahoz edo idatziz ematen denean burutzen delako.
    b) Bestalde itzulpena, pasadaz eginiko lana da. Hau da, lana burutzerakoan gramatika arauak, hiztegiak etab. eskura izaten ditu langileak; gainera, itzulpena burutzerakoan ez da jakiten hartzailea zein den. Interpretazioa ordea bat-bateko lana da, batzuetan pentsatzeko, denbora tarte bat izan arren. Egia da, lan honetan ere hiztegiaren laguntza beharrezkoa izaten dela, baina itzulpengintzan ez bezala, interpreteak bere hartzaileak aurrean izaten ditu.
    c) Azkenik esan behar da, itzulpena burutzerakoan, nahitaezkoa dela jatorrizko testua bere osotasunean errespetatzea. Interpretazioan aldiz, zehaztasun hori mantentzea ezinezkoa izaten da askotan; interpreteak duen presioa dela eta. Hori horrela izanik garrantzitsua da interpretea oso hizlari ona izatea, horrela, segurtasun handiarekin jardungo delako eta hartzaileak hitzaldia sinetsiko duelako.

    Beraz, interpretazioa, bat-bateko edo zuzeneko“itzulpena” dela esan dezakegu. Hau ahoz edo idatziz burutu daiteke eta garrantzitsua da interpretea hizlari ona izatea; interpretatzerakoan zehaztasuna falta denean entzuleak hitzaldia sinetsi dezan.

    Behin itzulpen eta interpretazioaren desberdintasuna argituta, interpretazio motak azaltzeari ekin zion Lourdes Auzmendi irakasleak. Lau interpretazio mota daude zehazki:

    1. Aldi berekoa:
    Nola burutzen da? Hau, hizlariak hitz egin eta une berean egiten dena da.
    Tresneria: Jardun hau aurrera eramateko beharrezkoa da hizlariak mikrofono bat erabiltzea. Bestalde, interpretea kabina baten barruan egoten da eta hartzaileek, beraiek dituzten aurikular batzuen bitartez entzuten dute interpreteak esandakoa.
    Non erabiltzen da? Batzarretan, Eusko Jaurlaritzan, Batzar Nagusietan, Udan handi eta txikietan etab. Lourdes Auzmendiren esanetan, Donostiako Epaitegietan tresneri paregabea dago lan hau aurrera eramateko.

    2. Esan ostekoa:
    Nola burutzen da? Kasu honetan, hizlariak hitz egiten duen bitartean interpreteak esaten duena apuntatu egiten du. Ondoren, hizlaria isildu eta interpreteak hitz egiten du. Interpretea, jendaurrean egoten da eta Lourdes Auzmendik dioen moduan horrek izugarrizko presioa eragiten dio interpreteari.
    Tresneria: hitzaldiak 10, 12 minutu artekoak izaten direnez, interpreteak ez du hitzez hitz hizlariak esandakoa apuntatzen; ezinezkoa baita! Baina interpretazioa modu egokian egiteko, laburdurak, sinboloak, hainbat hizkuntzetako hitzak … erabiltzen ditu. Teknika hau oso zaharra da, Ginebrako irakasle batek Nurembergen erabili eta formalizatutakoa hain zuzen ere.
    Non erabiltzen da? Auzitegietan aldi berekoarekin batera erabiltzen da.

    3. Xuxurlatua:
    Nola burutzen da? Interpretea, interpretazioa behar duen pertsonaren ondoan edo atzean jartzen da eta zuzenean, hizlaria esaten ari dena kontatzen dio belarrira. Gehienez bi pertsonentzako egiten da lan.
    Tresneria: kasu honetan ez da tresneriaren beharrik izaten; informazioa oso arin transmititu behar baita.

    4. Osteko – aldi berekoa:
    Interpretazio mota hau berria da. Herri Batasuna alderdi politikoaren legalizazio ezagatik burutu zen prozesuan erabili zen lehen aldiz, Madrilen dagoen Entzutegi Nazionalean hain zuzen ere.
    Nola burutzen da? Lan hau bi itzultzaileren artean burutzen da. Hitzaldia grabatu eta interpreteetako batek notak hartzen zituen. Ondoren, grabatutakoa entzun eta aldi bereko bat egiten zuten.
    Tresneria: beharrezkoa da grabagailua, baita notak hartzeko tresneria ere (boligrafoa, arkatza, orriak …).
    Lourdes Auzmendi irakaslearen esanetan, interpretazio metodo hau askoz hobea da.

    Amaitu aurretik beharrezkoa da interpretazioaren jatorria eta historia era labur batean bada ere azaltzea. Esan daiteke, interpretazioak Lehen Mundu Gerran duela jatorria. Adituen esanetan, benetako interprete eskola izan zen; izan ere, Aliatuek aginduak hizkuntza ezberdinetan ematen zituztelako.

    Beranduago, OIT (Langileen Nazioarteko Erakundea) sortu zen. Bertan, Frantsesa zen hizkuntza ofiziala, hasiera batean bada ere. Beraz, bertara hurbiltzen ziren langile guztiek bertan esaten zena uler zezaten beharrezkoa izan zen interpreteen lana. Adituek diotenez, esan osteko interpretazio motak erakunde honen biltzarretan du jatorria.

    Baina, esan osteko interpretazioa oso motela zenez, Ipar Amerikar bat IBMrekin harremanetan jarri zen eta aldi bereko interpretazioa burutu ahal izateko prototipo bat asmatu zuten. Prototipo hau Bigarren Mundu Gerra ostean ospatu zen Nurembergeko epaiketan erabili zen lehen aldiz. Izan ere, epaiketa horretan lau hizkuntza ezberdin baino gehiago entzun izan ziren (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera …).

    Ondoren, Nazio Batuen Erakundea sortu zen eta bertan aldi bereko interpretazioari bultzada handia eman zitzaion, ondorioz, erakunde mota guztietara hedatu zelarik.

    Euskal Herriari dagokionez, beti esan osteko interpretazio mota erabili ohi izan da. Aipatzekoak dira Pello Zabaleta eta Xabier Mendiguren Bereziartu, hauek izan baitziren Euskal Herriko lehen interpreteak. Gaur egun, erakunde publiko guztietan erabiltzen den praktika bat da.

    Non egin dezake lan interprete batek? Eta zein prestakuntza behar du? Interprete batek, unibertsitateko titulu bat beharrezkoa du, lanbide horretan lan egin nahi badu. Pertsona hauek, erakunde batean edo freelance bezala, hots, beraien kontura aritu daitezke lanean.

    Interprete baten lana, kontratatzen duten une berean hasten da eta ez, interpretazioa burutzeko kabinan sartzen denean. Ez da gomendagarria izaten ordu eta erdi baino gehiagoko saioak egitea; oso lan gogorra baita eta azkenean langilea saturatu egiten delako.

    Azkenik, kontuan izan behar da 2010eko urriaren 20ean argitaratu zen legea. Lege honen arabera, prozesu penal guztietan, herrialdeko hizkuntza ezagutzen ez duen pertsonaren bat badago, derrigorrezkoa da interpretatzaile-itzultzaile bat jartzea; baita, emango den zerbitzua kalitatezkoa izatea ere. Honen harira, espero dugu lege hau benetan betetzea; izan ere, orain arte egin izan diren itzulpen asko ez direlako ganorazkoak izan, ondorioz, prozesatuaren eskubideak urratuak izan ohi direlarik.

  2. Amaia Burgos eta Xabier Etxaniz
    2013(e)ko apirilaren 20a 07:11(e)tan | #2


    Euskara epaitegietan bizirik

    ___________________________________________________________

    Euskara epaitegietan bizirik dago. Ez dugu esango gure hizkuntzaren egoera ezin hobea denik arlo honetan, baina bai bizirik dagoela, eta arnas gehiago hartzeko asmoarekin gainera. Konturatu gaitezen 11 urte badaramatzagula aurrerapenak egiten ohituraz zeharo erdalduna izan den mundu batean, hortaz, tipi tapa irabazitako espazio bakoitza garaipen txiki bat da.

    Argi dago 11 urtek ez dutela 90 urteren inertzia aldatuko, eta zaila dela kasi konturatu gabe erdarara jotzeko erreflexua ekiditea. Orain arteko kudeaketa, eskari eta alegazio denak erdaraz egin dira, gure hizkuntza erabiltzeko aukera pentsaezina zelako.

    Euskara eta politika nahastea ere ohikoa izan da gurean, hortaz, epaitegiak euskalduntze intentzioarekin joan diren langileak komisario politiko bezala ikusiak izan dira, horrek suposatu duen errezeloarekin beraientzako.

    Euskalduntzeko estrategia horretan, gehienbat jorratu beharreko arloak hurrengoak lirateke:

    a) Euskararen erabilera sustatu. Honek agerikoa dirudi, baina lehen aipatu dugun inertzia horrekin du zerikusia. Iraganeko garaietan ez zen ohikoena legelari euskaldunak aurkitzea, eta gailentzen den tentaldia kudeaketak erdaraz egitea da. Baina, eman izan dira kasu bitxiak: nahiz eta alderdi guztiek euskaraz jakin, epaiketa erdaraz egitearena.Zergatik? Ba beti horrela egin direlako, beste modu batean egin daitekeenik ezin sinetsi.
    b) Aurreko puntua garatu ahal izateko, ezinbestekoa da sentsibilizazio lan egoki bat egitea abokatuekin. Tamalez, sarri euskaldunak gara gure eskubideen murritztzaile eta. Gure hizkuntzan eskaera egiteko eskubidea izanda ere, erdarara jotzen dugu erosotasunagatik.

    Batez ere bi baliabide dira erabilienak lan honetan:
    a) Epaibi estrategia
    b) Azpiegitura informatikoa. Oso garrantzitsua teknologia aplikazioak euskaraz ezartzen dituelako.
    Bi baliabide hauen harira, 200.000 eredu atera dira euskaraz erabili ahal izateko, bai demanda tarteratzeko ereduak, legeak itzulita etab. Lan hori aurrera eramateko bi modu nagusi desberdin genitzake. Bi puntutan bereiziko ditugu:
    1.- Eredu elebidunak:
    Lan bikoitza baten prezioan. Oinarria txantiloian legoke. Orduan, itzulpen lagundua programa informatikoa atera behar da lan ereduak bideratzeko. Zehatzago esateko, makina bat, idatzitakoa itzultzeko.
    Langileentzako faena bat litzakeela? Ba tira, ikasi beharko dute hauek ere. Informazioa eskuratzeko erraztasunak badaude. Argi dago ezingo ditugula aldaketak ikusi beti berdina egiten jarraitzen baldin badugu, beraz, arlo honetan ere pixka bat estutu beharko da.

    2.- Euskara hutsean lan egiteko aukera :

    Dena den, testua elebiduna aterako litzateke. Orduan, testua gaztelaniaz epaitegira bidaliko zen, eta euskaraz, udaletxeari doakio. Hau da erabiltzen dena zenbait udalekin, zeintzuek, beren eskubidearen egikaritzan, lana soilik euskaraz egiten duten.

    Emaitza ona izaten ari dira. Euskara presente dago halabeharrez egin beharrekoa delako. Honetarako erabili daitezkeen baliabideak Epaibin aurki ditzakegu. Lege eredu guztiak dauzkagu honen barruan. Momentuan itzultzen dira, eta modu honetan, 200.000 unitate daude sistema honen barnean.

    Baina, benetan garrantzitsua den arlora bueltatuz amaituko dugu gaurko azalpena. Andoni Egañak esan zuen bezala: “ Euskararen alde edozer gauza egiteko prest gaude, erabiltzea izan ezik”. Hasieran aipatu dudan bezala, gakoa abokatuek sentsibilizazioan legoke, gure borondaterik gabe, gainontzeko lan eta ahalegin guztiak alperrik galtzen dira.

    Horregatik, Xabier Balerdi bezalako euskara zaleak abokatuekin lantaldean aritzen dira agiriak lantzen. badago auziak euskaraz exijitzeko aukera, komunikazioa euskaraz egitekoarena!

    Baina arlo praktikora itzuliaz, erabilerarenera, inork ez zuen euskaraz dibortziatu nahi. Abokatuak ez ziren fidatzen, eta alderdiak ere ez. Ekinaren ekinez, kasuak eman dira dibortzioa euskaraz tarteratu eta modu arrakastatsu batean ebatzi direnak.

    Beraz argi dago egin behar dena. Operadore juridiko guztiak bildu behar dira produktua saltzeko. Lan taldeak sortu eta euskarazko formulazioak egin bakoitzak bere arloan.

    Lan horren fruituetako bat Zuzenberri aldizkariak dira, hauek zabaldu behar dira! Abokatu eta epaileek ez badute erabiltzen, ez da inoiz sekulakoa izango. Jarrai dezagun “ justizia.net” web orriaren adibidea.

    Euskara justizian gehiago erabiltzeko bidea argi dago beraz: elkarlana, koordinazioa eta komunikazioa… eta erabilera!

  3. A. Baztarrika eta A. Artaza
    2013(e)ko apirilaren 19a 17:51(e)tan | #3


    Prozesu juridikoak euskaraz: arlo idatzia eta ahozkoa

    ___________________________________________________________

    Euskara Juridikoko ikasgaia dela eta, bi hitzaldi ezberdinetan parte hartzeko aukera izan genuen 2013. urteko martxoaren 4 eta 5ean. Bertan, bi gaiez mintzatu ziren: batetik, Xabier Balerdik euskarak epaitegien alorrean duen erabilerari buruz hitz egin zuen eta bestetik, Lurdes Auzmendik interpretazioaren sorreratik gaur egun arteko aurrerapenak aipatu zituen. Gai hauek komunean zera dute: euskararen erabilera arlo juridiko eta profesionaletan zein den erakustea. Hitzaldi hauen ondorioz, gure egoera profesionalaren inguruan, euskararen erabileraren inguruko aurrerapen nabarmenak garbiago ikustea lortu dugu, bi hizlari hauek euskararen egoera eremu juridiko zehatzetan zein den agerian utzi baitute. Prozesu juridiko bat hasten den momentutik bukatzen den uneraino euskaraz egiteko aukera izatea litzateke egoera ideala, eta horretarako eskubidea dugula badakigu. Hori lortzeko baditugu instrumentu ezberdinak: batetik, idatzizko dokumentu juridikoak euskaraz egin ahal izateko programa teknologiko berezi bat eta bestetik, ahozko epaiketa aurrera eramateko, interpretatzaileen lana.

    Garbi dago euskara eremu juridikoetan berria dela, tradizionalki ez baitziren dokumentu juridikoak bi hizkuntzetan idazten. Honek euskal hiztunen eskubideak urratzen zituen, hau da, euskaldun orok dugu dokumentuak bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea eta hau Administrazio Publikoak bermatzea ezinbestekoa da. Esan bezala, azken urteetan egin den lana azaltzeari ekin zion Xabier Balerdik eta honen bidez ikusi ahal izan dugu egin den ahalegin handiari esker, testu juridiko gehienak bi hizkuntzetan egitea lortu dela. Honekin lotuta aipatzekoa da, 2012. urtean Euskal Herriko Epaitegietan tarteratu ziren mota ezberdinetako 5 milioi dokumentuetatik 3.200.000 testu elebidunak ziren. Hau normalizazioari begira urrats garrantzitsua izan da, beti erdara soilik ikusi ahal izan dugun eremuan euskara ere barneratu baita.

    Teknologia aurrerapenek zerikusi handia izan dute lorturiko arrakastan, laguntza hori gabe ezin izango baitziren hain emaitza onak lortu. Aintzakotzat hartzekoa da dokumentu hauek idazten dituzten langile asko ez direla gai euskaraz komunikatzeko edota gai izan arren, beraien formazioa dela eta, ez dutela gaitasunik dokumentu hauek euskaraz egiteko, terminologiaren inguruan arazoak sortzea ez baita hain arraroa. Hala ere, ezinbestekotzat jotzen dugu Euskal Herriko Administrazio Publikoetako langileek oinarrizko euskara maila izatea, gutxienez egiten ari diren lana ulertzeko eta ez makinen moduan jarduteko.

    Langile mota hauez gain, abokatuek ere paper garrantzitsua dute jarduera juridikoan. Horretarako, beraiek erabiltzen dituzten dokumentu mota ezberdinak ere euskaraz idatzi dira, hala nola, demandak, errekurtso ezberdinak, eta abar.

    Orain arte aipaturiko lan guztia baliagarria izateko, argi dago hau erabiltzeko prest dauden langileak behar direla. Ondorioz, lana egiten dutenen eta erabiliko dutenen arteko elkarlana, koordinazioa eta komunikazioa ezinbestekoa dela uste dugu. Baina, euskararen erabilera justiziaren alorrean ez da soilik idazkietara mugatu behar. Bi hizkuntzak ofizialak direnez, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein pertsonak izan beharko luke prozedura juridiko guztia euskara hutsean egiteko eskubidea, erdaraz egiteko izango lukeen bezala. Horretarako, egun bi aukera izango ditugu: alde batetik, prozesuan parte hartzen duten aktore guztiek euskara menperatzea, eta bestetik, ahozko prozesuetan euskaraz ez dakiten pertsonak agertzen badira, euskaldunon eskubidea (euskaraz egiteko eskubidea, alegia) bermatzeko laguntzaileak egotea.

    Laguntzaile horiek interpreteak dira. Hauek prozesuan dauden aktore guztiak elkar ulertzen laguntzen dute. Nahikoa da prozesuko norbaitek euskaraz ez jakitea interpretearen beharra izateko. Adibidez: Epaileak ez baldin badaki euskaraz, eta demandatzaileak euskaraz egin nahi badu ahozko epaiketa, interpreteak alegazioak itzuliko dizkio Epaileari eta alderantziz, momentuan edo hitz egin ondoren.

    Lan hau ez da soilik euskaratik erdarara edo alderantziz egiten. Edozein pertsonak du bera parte den prozesuan gertatzen den guztia ulertzeko eskubidea eta posible izango da pertsona horrek Euskal Herriko hizkuntza ofizialik ez ulertzea. Ondorioz, hauei laguntzeko ere interpreteen lana beharrezkoa izango da. Honekin ikus dezakegu, justiziaren alorrean interpreteen lanak zeresan handia duela, nahiz eta eremu honetara soilik ez mugatu, bertan egiten duten lana oso garrantzitsua eta beharrezkotzat jotzen dugu. Lan honen inguruan, Lurdes Auzmendik emandako azalpenei esker figura honen garrantzia argiago ikusi dugu, nahiz eta euskaldunak garenez eta euskararen erabilera baxua ikusiz, betidanik hauen lan jarduerak asko baloratu.

    Langile mota hauen parte hartzearen garrantzia ezinbestekoa dela badakigu, baina bere lana objektibotasunez bete behar dute, prozesuan duten papera dela eta ezin baitute interpretazioa beraien ideologiaren arabera burutu. Horrez gain, lana era egokian aurrera eramateko interpretatu behar duen hizkuntza bere osotasunean menperatzea nahitaezkoa izango da, interpretazio oker batek arazoak larriagotu baititzake. Gertatu izan da interpretatzaileen lana egokia ez izatearen ondorioz, prozesuko aktoreren batek euskaraz egin nahi izan arren, erdaraz egitera jotzea, bere burua hobeto defendatzearren. Honekin ez dugu esan nahi interpretatzaileen lana txarra izan behar denik, baina bai kasu batzuetan zalantzazkoa izan daitekeela.

    Orain artean esandako guztia laburbilduz, euskararen erabilera prozesuko bi une nagusietan antzeman dezakegu: idatzizko alderdian eta ahozkoan. Pixkanaka pauso garrantzitsuak eman dira euskararen normalizazioaren alde. Dokumentu guztiak elebidunak izateko ahaleginak aurrera jarraitzen dute, gero eta erraztasun gehiago ipiniz hauek egiten dituztenen eskuetan. Bestalde, prozesu osoa euskaraz egiteko ez da nahikoa izango dokumentuak euskaraz izatearekin, baizik eta ahozko prozesua ere euskaraz egitea bermatzeko figurak beharrezkoak izango dira, zaila izango baita prozesuan parte hartuko duten guztiek euskara juridiko maila landua izatea. Nahiz eta alor honetan euskararen erabilerari soilik aipamena egin, ez da gure asmoa beste hizkuntzak alde batera uztea, zaila izan arren posible izan litekeelako prozesua erdaraz egin nahi izatea eta aktore guztiek erdaraz ez jakitea.

    Horiek horrela, hainbat ondorio ezberdin atera ditzakegu: hasteko, euskararen erabilera urria orain dela urte gutxi arte eta honi buelta eman ahal izateko erakunde ezberdinen aldetik egon diren ahalegin ugariak (kasu honetan dokumentazioa elebidun izatea lortzeko eta ahozko prozesuak era eraginkorrean aurrera eramateko). Bestetik, ahalegin horiei emandako erantzunak erabilpena bermatzeko. Horretarako, elkarlana, koordinazioa eta komunikazioa ezinbestekoak dira. Hirugarrenik, interpreteen lana benetan egokia izateko, egun graduazio batean bilakatu da, goi mailako heziketa dutelarik lan hau egiten duten langileek. Azkenik, guzti honi esker, euskaldunon eskubideak bermatzeko helburua gero eta hurbilago dugu, nahiz eta oraindik benetako normalizaziora iristeko lan asko egin beharko den.

  4. Mireia Mochales
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:34(e)tan | #4


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Gauza jakina denez, Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioko lanpostuei hizkuntza eskakizun jakin bat ezartzen zaie. Batzuetan eskakizun hori egokia da, beste batzuetan, ordea, apalegia. Adibidez Justizia Administrazioko funtsezko langile publiko gehienek 2. hizkuntza eskakizuna baino ez dute egiaztatu behar lanpostu hori betetzeko. Hala gertatzen da, besteak beste, laguntza judizialeko kidegoko langileen kasuan, edota izapidetze prozesal eta administratibokoen eta laborategiko laguntzaileen kasuan. Alabaina, ezagutza maila honek ez du bermatzen euskarazko zerbitzu duina emango dutenik, eta ondorioz euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko direnik.
    Arazo ugari sortzen da, ez hainbeste teorian, baina bai praktikan. Izan ere, Justizia Administrazioko lanpostuak eskuratzeko unean euskaraz jarduteko gaitasuna izateak, ez du bermatzen etorkizunean gaitasun hori mantenduko denik. Hainbat faktoreren eraginez langileen gaitasuna zaharkitua gera daiteke. Besteak beste, euskara urte askotan erabili behar ez izateak, edota arau berrietara ez egokitzeak. Horrelakorik gerta ez dadin, beharrezkoa da, lanpostu horietan dihardutenei jarraipen bat bermatzea.
    Gogoeta honekin amaitzeko, Justizia Administrazioko langileak autokritika txiki bat egitera gonbidatzen ditut, euskaldunon hizkuntza eskubideak babestea guztion lana dela ahaztu ez dezaten.

  5. Iñigo Azurmendi eta Aitor Maeso
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:33(e)tan | #5


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    1997ko apirilak 17an argitaratutako dekretu hau erabat egokia iruditzen zaigu. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera euskara eta gaztelania ofizialak dira Euskadin beraz euskararen alde dagoen edozer da egokia. Ziur gaude, bertan esaten dena bete dela eta ez dela paper hutsean geratu baina hala ere duela 14 urteko lege bat da eta gaur egun zorionez euskarak indar handiagoa du eta geroz eta gehiago erabiltzen da bai jendearen artean baita administrazioaren arloan ere. Beraz, gaur egungo eskakizunei begira uste dugu lege berri bat egin beharko litzatekeela egun dauden eskakizunei aurre egiteko. Administrazio munduan lan egin nahi duenak ongi jakin behar du euskaraz bai idazten, irakurtzen eta zer esanik ez hitz egiten, hortaz guk ahalegin gehiago egingo genuke arlo horretan. Izan ere, behin baino gehiagotan gazteleraz hitz egin behar izan dugu langileak euskaraz ez jakin edota oso gaizki hitz egiten zuelako. Gainera gaur egun, esan dugunan bezala, euskaran dagoen maila duela 14 urte baino altuagoa da, beraz euskara maila ere altuagoa izan beharko luke eta ez litzateke aski izan beharko lehenengo edota bigarren mailako profila aurkeztearekin.

  6. Ane Miren Irizar
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:33(e)tan | #6


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Egokia iruditzen zait hizkuntza-eskakizunen lau mailen banaketa, lehenik eta behin, uste dudalako, hainbat lanetarako euskara hitz egiten jakin ez ezik, euskarazko maila jakin bat izan behar dela. Gainera, eta kontuan hartuz, lan guztiak ez dutela hizkuntza eskakizun bera behar, praktikan euskarazko maila ez delako lan guztietan berdin erabiltzen (lan batzuetan behar beharrezkoa da eta besteetan ez), logikoa dirudit, hizkuntza-eskakizunen banaketa, euskaldunek jakin dezaten lan bakoitzean eskatuko zaien hizkuntza maila.
    Nire ezagutzak kontuan harturik, bigarren hizkuntza eskakizuna egiaztatu dezakedala esango nuke. Elebiduna izanik, ahoz nahiz idatziz, euskaraz egiteko gaitasun nahikoa dudala pentsatzen dut.Ahoz parte hartu ahal izango dudala baieztatzen dut, nire lanarekin zerikusia duten hizkuntz ekintza ugarietan, eta euskara egunero erabiltzen dudan hizkuntza denez,lanerako hizkuntza egoera mugatu gabekoetara egokitzeko ahozko adierazgarritasuna dudala baieztatuko nuke. Hori ez ezik, bigarren hizkuntza eskakizuna izateko erregulatuta dauden ukanbeharrak ditudala baieztatuko nuke.
    Euskarari dagokionez, eta kontuan hartuz, zuzenbideko lizentziaturan, jurista izango den oro, euskaraz, hitz tekniko ugari ezagutu behar dituela, pertsonalki uste dudana da, zuzenbidearen arloko hitz tekniko ugari ikasi behar ditudala oraindik ere, eta horiek ikasten noan heinean, erabiltzen saiatzea, batez ere, hitzaldi edo debateetan,baita esposizioetan ere hitzaldia aberasgarriago egiteko.

  7. Irati Oleaga
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:32(e)tan | #7


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Euskarak administrazioan eta zuzenbidearen alorrean normalkuntzaren beharra duela gauza jakina da; hamaika adibide jar genitzake horren inguruan, aparteko ahaleginik egin gabe. Zentzu horretan, aipatu alorretako profesionalen euskarazko hizkuntz gaitasunak neurtuko dituen sistema edo sailkapena beharrezkoa da, eta behar hori asetzeko sortu zen egun indarrean dagoen hizkuntz eskakizunen mailaketa, besteak beste. Lau hizkuntza-eskakizun bereizten dira sistema horretan. Lehenak behe-mailako ulermen maila finkatzen du; bigarrenak oinarrizkoa, baina nahiko mugatua; hirugarrenak arlo guztiei oinarrizko zaiena; eta azkenik, laugarrenak gaitasun-maila jasoa zehazten du.
    Burutu beharreko lan motaren arabera, hizkuntz eskakizun bat edo beste galdatu ohi zaie zenbait langileri arlo juridikoan zein administrazioan; eta maila jakin horietako bat lanpostua lortzeko ukanbeharra ez den kasuetan, puntuazioa igotzeko balio dezake. Nire ustez, baina, teoria egokia izan arren, ez da guztiz eraginkorra planteatzen den sistema. Lehenengo hizkuntza-eskakizuna oso azalekoa dela iruditzen zait, esaterako; hutsaren parekotzat jo liteke zenbaitetan. Baina egia da egungo egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, arlo publikoko langile batzuei gutxiengo hori jakitea eskatzea aurrerapausoa izan daitekeela.
    Euskararen normalizazio prozesuarekin bat, abian diren ekimenek bere bidea jarraituz gero, orain lehen hizkuntz eskakizuna dena desagertu eta egungo bigarrena lehenengoa bihurtzea litzateke egiazko aurrerapausoa. Horrek, baina, euskararen statusa igotzea galdatzen du aldi berean, beste aldaketa askoren artean. Hala, etorkizunean hizkuntza-eskakizunak alde batera utzi eta zenbait lanpostu betetzeko Teknikari Gaitua deritzon maila edukitzea eskatuko litzateke, horretan burutu beharreko lanak halako espezializazioa galdatuko balu. Baina gainerakoan, denok eduki beharko genuke euskaraz lan egiteko maila jasoa, inongo egiaztagiriren beharrik izan gabe.
    Tamalez, lau hizkuntz eskakizunen taula barneratu eta horren inguruan lan egitea besterik ez zaigu geratzen. Bestearekin amets egitea, baina, librea da…

  8. Ane Etxebarria
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:31(e)tan | #8


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Hizkuntzak funtzio ugari betetzen ditu gizakion bizitzan; eta arlo juridiko zein administratiboan ere hizkuntza oinarrizko baliabidea da gizartearen antolamendurako eta Zuzenbidea ezarri, zabaldu eta aplikatzeko. Euskara hizkuntza ko-ofiziala den heinean, administrazioan eta jurisdikzioan zeregin komunikatiboek (jakinarazpenek, iragarkiek, sententziek…) elebidunak izan beharko lukete. Horrela baino ez dira bermatzen herritarrei ustez aitortzen zaizkien hizkuntza-eskubideak. Ez hori bakarrik, administrazio eremuan zein arlo juridikoan gehien erabiltzen den hizkuntza gaztelania da, oraindik euskara menderatzen ez duen jende asko dagoelako bertan lanean. Euskaraz dakitenek, bestalde, gutxitan ezagutzen dute behar bezainbeste arloko hizkera teknikoa.
    Nire ustez, arlo hauetako profesionalek oso ondo menderatu behar dute hizkuntza, eta trebetasun jasoa garatu behar dute hizkuntzaren bitartez beren solaskideengan eragiteko. Horregatik, Administrazioen zerbitzuan diharduten langileei hizkuntza gaitasun maila zehatz bat eskatzen zaie, hots, hizkuntza-eskakizuna. Eta gaitasun hori lau mailatan banatzen da: lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Banaketa hau langile publikoen profil eta soslaien araberakoa izango da, hau da, aurreko jardueran landu dugun bezala, lanpostu publiko mota bakoitzak hizkuntza gaitasun maila bat eskatuko du.
    Hizkuntza-eskakizun hauek beharrezkoak direla uste dut, horrela, lanpostu publikoetan euskara maila bat exijituko da, eta hau gure hizkuntza aurrera ateratzeko bide bat izateaz gain, herritarroi aitortzen zaizkigun hizkuntza-eskubideak bermatzeko tresna da baita ere.

  9. Maider Uriarte
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:31(e)tan | #9


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Zuzenbideko profesionalen hizkuntza-gaitasunak euskaraz aztertzerako orduan, esan beharra dago lau hizkuntza eskakizun horiek aztertu ondoren argi eta garbi ikusten dela mailaketa bat dagoela hizkuntza eskakizun horien artean, hain zuzen ere, esan liteke euskarazko hizkuntza maila minimo bat daukaten pertsonetatik abiatuta, maila handiagoa edo nolabait esateko, euskarazko maila “formalagoa” bat daukatenera arte.
    Hori kontuan izanik, hizkuntza-eskakizunen mailaketa hori egokia iruditzen zait, euskara darabilgun hiztun guztiok ez dugulako gaitasun bera hizkuntzaren inguruan eta ondorioz, kontutan izanik zuzenbidea eta administrazioaren alorrean euskara gero eta gehiago eskatzen edo bultzatzen dela eta azterturik zer nolako pertsonak dauden lanpostu horietan, horiei hizkuntza eskakizun horiek egiteko edota, bestela, euskaraz egoki mintzatzen diren pertsonak lanpostu horietan jartzeko.
    Hizkuntzari buruzdauzkadan ezagutzak ikusirik, bigarren mailatik hirugarren mailako hizkuntza-eskakizuna daukadala esango nuke edo behintzat, hirugarren mailako hizkuntza eskakizun horretara hurbiltzen naizela. Izan ere, hirugarren mailako hizkuntza eskakizunen ezaugarriak betetzen ditudala uste dudalako, kontutan izanik oinarrizko ikasketa guztiak euskaraz eginak ditudala, euskarazko gramatika eta ortografia, etab… ondo ezagutzen dudala eta era guztietako eskutitzak, barne-idazkiak, laburpenak,… egoki egiteko gai naizen ustea dudalarik.
    Ondorioz, nire aukera profesionalak hobetzeko, uste dut hizkuntza eskakizunen laugarren maila eskuratzen trebatu behar naizela, edota, behintzat, hirugarren mailako hizkuntza eskakizunak sakonki finkatuz, laugarreneko eskakizun batzuk eskuratzen, besteak beste, ikerketa-txostenak, artikuluak, egitarau politikoak,… egiteko.

  10. Ane Iragi
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:30(e)tan | #10


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Dakigunez, gure Autonomia Erkidegoan gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat badaukagu: euskara. Honek biek maila orekatua izango dutela suposatzen du, administrazio eta zuzenbide arloari dagokionez behintzat,Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskara, gaztelaniarekin batera, EAEko hizkuntza ofiziala dela esateko oinarria Espainiar Konstituzioaren 3.artikuluan dago eta beraz, bermatu eta errespetatu beharreko araua izango da.
    Aurreikusirik dagoen eskubidea da eta batez ere arlo jakin batzuetan bermatu beharrekoa, zuzenbide eta administrazioa arloetan batez ere. Horretarako bertako funtzionamendua bi hizkuntzetan eskaini beharko zaio herritarrari eta hori gorpuzteko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzari buruzko 174/2010 dekretua, ekainaren 29koa, sartu dute indarrean. Bertan esaten da arlo hauetan aritu nahi duten langileek zein maila beharko duen. Honen abiapuntua pertsonek prozesu judiziala hizkuntza koofizialetako edozeinetan izateko duen eskubidean datza, gutxienez, Justizia Administrazioaren zerbitzuen kudeaketaren eta prestazioaren esparru espezifikoari dagokionez. Honez gain aplikazio eremua eta dituen helburuak ere ezartzen ditu.
    Aipagarria da ere, dekretuaren 5.kapitulua. Bertan administrazio eta zuzenbidean jarduten dutenen euskara maila hobetzeko prozedura ageri da, haien tresna printzipala euskara ikastaroak ematearena izanik. Azkenik esateke, gauza oso garrantzitsua dela euskararen erabilera sustatzea, batez ere, lehen mailako errealitate eta komunikaziorako oinarrizko hizkuntza gisa; honek gutxieneko printzipioak bermatuko lituzke eta.

  11. Yaiza Perez
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:29(e)tan | #11


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Jakina da, euskara juridikoak iturri gutxi dituela eta bere beharra eztabaidatua izan dela. Horrela, zuzenbideko profesionalen artean, funtzionario publikoko izaera dutenei, zenbait hizkuntza gaitasun izatea galdatzen zaie.
    Alde batetik, zenbait jarduera profesional egikaritzeko, herritarrekin harremanak izan behar dituzten heinean, ezinbesteko baldintza da euskara menperatzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gazteleraz izateko eskubidea dute eta ondorioz, langileek hauek nahi duten hizkuntzan erantzuteko gaitasuna izan beharko lukete.
    Bestetik, herritarren eskubide hau onartu aurretik, euskara menperatzen ez duten langileak zeuden eta oraindik lanpostua kontserbatzen dutenak. Batetik, bidezkoa da langile hauek lana kontserbatzea, baina aldi berean, ez da bidezkoa lanpostu hura kontserbatzea beharrezkoak diren zenbait gaitasun ez badituzte. Horretarako, euskal hizkuntza ikasteko aukera ematen zaie lan orduetan.
    Kontuan hartu behar dugu ere, eskatzen den hizkuntza gaitasuna ezberdina izango dela lanpostuaren arabera. Izan ere, adminstrazioko zerbitzu juridikoan lan egiten dutenek hizkuntza izango dute tresna eginkizun gehienetarako eta ordea, auzitegietako medikuen kasuan, hizkuntzaren erabilerara mugatuko dira eskakizunak. Beraz, guztiz bidezkoa deritzot nik

  12. Maria Nuñez
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:29(e)tan | #12


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Zuzenbideko profesionalei, beste arloko profesional askoei bezala, azkenaldian gutxiengo hizkuntza-gaitasun maila bat eskatzen hasi zaie. Hau, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin egiten da, izan ere, oraindik administrazio eta zuzenbideko arlo askotan euskaraz jardutea ezinezkoa dirudi. Justizia Administrazioko langile publikoei dagokionez, 174/2010 dekretua, ekainaren 29koa, zehazten du zein hizkuntza-eskakizun egiaztatu beharko duen langile bakoitzak; kontuan hartuta 4 profil bereizten direla.
    Horretaz gain, ezin dugu ahaztu zuzenbideko profesional batzuek, lan bikoitza dutela, herritarren eta justiziaren arteko lotura puntua diren heinean. Hori dela eta, herritarrekin modu argi eta ulerkor batean komunikatzen jakiteaz gain, baita ere epaile baten aurrean arazo berdinari buruzko hitzaldi formal eta tekniko bat gauzatu beharko dute.
    Niri neuri, egokia iruditzen zait gutxiengo prestakuntza bat aitortu behar izatea, izan ere, horrek ezer baino ziurtasun gehiago ematen digu pertsona horren euskarako hizkuntza-gaitasunaren inguruan. Hala ere, “ziurtagiri” horiek lortzeko modua edo bidea ez zait egokiena iruditzen, euskara sustatzearen helburua bigarren maila batean geratzen dela uste dudalako. Lehendabizi, froga desberdinen prezioa desberdina dela esan behar dugu, eta bestetik EGA ez den azkeneko mailako azterketa gauzatu ahal izateko, derrigorrezkoa da Euskaltegi batera joatea, horrek dakarren dirua eta denborarekin.
    Azkenik, eta bukatzeko, ados nago Euskal Autonomi Erkidegoan, hizkuntza ofiziala den heinean, herritarrei edozein zerbitzu, eta batez ere, zuzenbide eta administrazio alorretan, euskaraz jasotzeko aukera bermatzearekin eta lan arlo guztietan horrela izan beharko litzatekeela uste dut.

  13. Usue Garmendia
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:28(e)tan | #13


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Argi dago euskal herritarron artean euskararen maila ez dela denetan bera. Batzuk ama hizkuntza dute eta beste batzuk zerotik hasita ikasi behar izan dute, arrazoi desberdinak direla medio. Ezagutza maila desberdin hau dela eta, erakundeak sailkapen bat egitera behartuak izaten dira, lanpostu batzuk euskara maila jakin bat exijitzen dutelako. Baliteke batzuei azken ideia hau arrotza izatea edo ulertzeko zaila, gaztelaniarekin horrelako arazorik ez delako suertatzen. Baina badu bere arrazoia.
    Gure sistema honetan badaude hainbat erakunde, on herritarrok aukeratutako ordezkariek lan egiten duten. Ordezkari hauek herria ordezten duten heinean, herriaren isla ere izan behar dute eta kontuan izan herri honetan ere badela beste hizkuntza bat. Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zait erakunde horietan lan egiten dutenek euskararen ezagutza bat izatea. Eta ez nolanahiko ezagutza.
    Esan bezala, herria ordezkatzen dute eta euskara maila kaxkar bat emango balute herri honetatik kanpora, iruditzen zait ez luketela irudi on bat emango eta, horregatik, euskarak behar lukeen seriotasun hori ez litzatekeela egongo.
    Baliteke askok pentsatzea gehiegizkoa dela neurri hau, euskara derrigorrean jakitea, baina nire ustez zerbitzu publikoetan lan egitearen beste exijentzia bat izan beharko litzateke: euskara jakitea eta maiztasunez hitz egitea. Horrela, hainbat buruhauste konponduko genituzke.

  14. Unai Loiarte
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:28(e)tan | #14


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Lehenik eta behin, arauketa honekin guztiz desados nagoela adierazi nahi nuke. Izan ere, bi hizkuntza koofizialak ezagutzea(euskara koofiziala dela pentsatzea akats galanta da, hitzak berak bien arteko erlazioa adierazten duelako)beharrezko jotzen ditut; biak neurri berean. Honekin, “eskakizunen” eta “merezimenduen” arteko bereizketa baztertuko nuke, guztiak lan-postu hori eskuratu ahal izateko ezinbesteko eskakizun bilakatuz.
    Nire aburuz, “meritu”-aren atzean, euskara gutxiestea baztertuta, gizartean orokortuta dagoen ideia bat gordetzen da: “zertarako jakin behar du horrenbeste?”. Eta norainoko hori, lanpostu bakoitzean definitu beharko litzatekeela deritzot, betiere, berau eskuratu ahal izateko ezinbesteko jakintza moduan. Haratago joanez, ordea, beste galdera batzuk formulatu nahi nituzke. Titulu bat nahikoa da gaitasun bat frogatzeko? Titulu horiek egiaz lan mundu praktikora bideratzen dira? Ez bada hala, zein baliozkotasun dute? Jarraipenik behar da hizkuntza-gaitasun kontuetan?
    Gogoeta honetarako, ikasgaiak zertan lagun gaitzakeen galdetzen zaigu. Egia esan, euskara maila hobetzea baino gehiago, honen egoeraz konszientzia eratzea eta berau eskuratu ahal izateko trebatzea helburu duela esango nuke. Oso helburu baliagarria etorkizun batean. Baina kontutan eduki behar da, Euskara Juridikoa hautazko ikasgai bat dela. Hitz gutxitan, ez dutela ikasle guztiekin honen berri jakingo. Eta bestalde, ene aburuz, enborreko irakasgai teorikoak baino gehiago, lan munduan beharko genituzkeen konpetentzia horiek (oh, maite ditut bai Bologna planaren konpetentziak), hau bezelako ikasgai teknikoen bitartez eskuratzen dira.

  15. Mirari Arriola
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:27(e)tan | #15


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA GAITASUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Hizkuntza eskakizunaren banaketari begira, lehen begiratuan ikusten dena da informazio artatze arloan dagoela gaitasun eskaera altuena. Administrazio juridiko arloan laugarren maila eskatzen baita, altuena izango litzatekeena. Aldiz, baxuena izapide prozesal eta administratiboen kidegoan eta laborategiko laguntzaileen kidegoan eskatzen da, bigarren mailarekin. Hala ere, jakina da epaiketa bertan nahiz hizkuntza gaitasun eskakizunak egon epaiketa bat euskaraz aurrera eramateko dauden zaitasunak.

  16. Itsaso Gonzalez
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:26(e)tan | #16


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Eusko Jaurlaritzak egiten duen hizkuntza eskakizunen mailaketak ondorio positibo nahiz negatiboak ekartzen dizkio euskarari. Alde batetik, ondorio negatiboen artean dugu gutxieneko hizkuntza eskakizuna exijitzen duten lanpostuetan, bermatzen den euskararen ezagutza oso txikia dela, eta maiz, pertsona horiek ia ez direla gai izaten euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko. Bestalde, ondorio positibotzat dugu hizkuntza eskakizun maila altuena eskatzen den postuetan, argi geratzen dela zein gaitasun izan behar dituzten, eta beraz, bermatzen dela lanpostu horietan dauden pertsonak gutxienez gaitasun horien izatea

  17. Asier Egiluz eta Arkaitz Herreros
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:26(e)tan | #17


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Argi dago Zuzenbideko Profesionalen arloan euskara presente egon behar duela, izan ere, gizarte elebidun batean bizi gara Euskal Herrian eta beraz, euskaraz mintzatzen eta aritzen dakiten profesionalak beharrezkoak ditugu. Hori dela eta, hauek euskaraz egokitasunez herriarekin aritzen direla ziurtatzeko, ezinbestekoa da hizkuntza-gaitasunak ezartzea, hizkuntza ondo menperatzen dutela argi geratzeko.
    Horretarako, Zuzenbideko edozein arlotako Profesionalei hizkuntza-eskakizun ezberdinak ezartzen zaie. 4 dira hizkuntza-eskakizun horiek, eta bakoitzean gauza eta maila ezberdinak eskatzen dira. Lehenengoan benetako testuak ulertzea baino ez da eskatzen (idatzizkoak zein ahozkoak), beraz, behe-mailako ulermen-maila daukagu hau. Bigarrenean, oinarrizko maila eskatuko da hizkuntz trebetasun guztietan, idazmenean izan ezik, beraz alor horretan ere behe-mailako gaitasuna eskatuko da. Hirugarrenean, oinarrizko maila eskatuko da hizkuntz trebetasun guztietan, idatzizkoan zein ahozkoan. Azkenik, laugarren hizkuntza-eskakizunean gaitasun-maila jasoak eskatzen dira lau hizkuntza trebetasunetan, hots, ulermenean, mintzamenean, irakurmenean eta idazmenean.
    Orduan, hau ikusita, gure aburuz, hizkuntza-eskakizun hauek ondo ezarrita daude. Beste lan arlo ezberdinetan gertatzen den bezala, euskararen normalizazioa eta bertako langileek euskara menperatzea beharrezkoa da, lehen esan bezala, gizartea elebiduna baita. Ez dago esan beharrik, Zuzenbidearen arloan guzti hau garrantzi handiagoa duela, izan ere, zuzenbideak gizartearen arlo gehienak ukitzen baititu, beraz hauen prestakuntza maila altuagoa izan behar da, profesional hauen lan postua zein den kontuan izanik noski; hau da, eskakizunak ez dira berdinak izango Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoan aritzen den langile baten eta Administrazioko Zerbitzu Juridikoan parte hartzen duen langile baten artean.

  18. Etna Rey
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:25(e)tan | #18


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Euskal Herrian diharduten zuzenbideko profesionalen hizkuntza gaitasunak estatuko gainontzeko profesionalena baino altuagoa izan behar da, behitzat bi hizkuntz ofizial maneiatzen ez dituzten autonomietan dauden profesionalena baino. Izan ere, Euskal Autonomi Erkidegoa autonomi elebiduna da, bi hizkuntz ofizial bizi dira elkarrekin berton, hori dela eta, lurralde honetan bizi diren pertsonen eskubideak oinarri izanik, profesional horiek haien lana bi hizkuntzetan aurrera eramateko gaitasuna izan behar dute, beste eremu edo arlo batzuetako profesionalek bezala.

    EAEko administrazioen zerbitzuan diharduten langileen euskara gaitasuna da hizkuntza eskakizuna. Segun zein lana burutzen duten, zein arlotan murgiltzen diren edota zein lan egiten duten profesional horien hizkuntz eskakizun maila desberdina izango da, orokorrean gizartearekin edo pertsonekin duten kontaktuaren araberakoa izango da eskakizun maila hori. Gaitasun hori lau mailatan banatzen da: lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizunak.Administrazioko lau hizkuntza eskakizun horiek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu ziren 64/2008 Dekretuaren bidez:
     1 HE = B1
     2 HE = B2
     3 HE = C1
     4 HE = C2

    Esan beharra dago, administrazioko langileen hizkuntza eskakizunak IVAPek kudeatzen duen hizkuntza eskakizunen erregistroan jasotzen direla eta, bestalde, hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko hiru bide daudela:
     Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko IVAPek antolatzen dituen deialdiak. Izena emateko epeak dirauen tartean EAEko administrazioren batean lanean ari direnek parte hartu dezakete. Urtean bi deialdi antolatzen dira.
     Herri-administrazioko erakundeek (udalek, aldundiek…) euren lanpostuak betetzeko deitzen dituzten hautaketa prozesuetan. Lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko egiten diren azterketetara aurkez daitezke hautaketa prozesuko hautagaiak.
     Europako Erreferentzi Marko Bateratuak bideratutako euskara tituluen baliokidetza sistemaren bidez. Hizkuntza eskakizunen erregistroan jasotzen dira hizkuntza gaitasun zehatza adierazten duten euskara titulu horiek beren baliokidetza adieraziz.
    Prestakuntzari dagokionez, aipatu behar da administrazioak euskera ikastaroak eskaintzen dituela, eta Eusko Jaurlaritzak horiek jarraitzeko dirulaguntzak ematen dituela baita. Orokorrean eusko Jaurlaritzako langileek, osakidetzako langileek eta IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako langileek (udalak, foru aldundiak, EHU, etab.) eskatu dezakete ikastaro horietan parte hartzea, azken finean administrazio publikoetako langileek hizkuntzan prestatzeko bide bat da.

  19. Asier Cuesta
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:25(e)tan | #19


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Nire ustez, hizkuntza-eskakizunak ez daude ondo bideratuta batik bat honek hizkuntza baten inguruan dakiguna momentu konkretu eta zehatz batean islatzen duelako, beraz lehenengo perfila izateak edo laugarrena ez du pertsona baten jakituria bermatzen, behintzat modu etengabean.
    Horregatik, arazo burokratiko hau konpontzeko, proposatzen dudana zera da, bost edo hamar urtetik behin sasi-frogatxoren bat egitea benetan hizkuntza eskakizunak iraunkorki bermatzeko. Teknika hau ibilgailuekin gertatzen da, noizean behin psikotekniko bat egin behar da gure baimena motibatzeko.
    Beno, bada, hizkuntza eskakizunekin, ez hemen bakarrik baizik eta gazteleran,ingeleran eta besteetan suertatzen den moduan zeozer egin zezaketen instituzioek. Alegia, proposatzen dudana utopia ez bada honen inguruan egongo da eta gutxi balitz bezala instituzioek “ero” bihurtuko ziren haien funtzionarioei hizkuntzen inguruan frogak eginez noizean behin.
    Halere,uste dut honela benetan zuzenbideko hizkuntza eskakizunak ezin hobeak izango lirateke segurtasun juridikoan oinarrituz.

  20. Ainara Jauregi
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:24(e)tan | #20


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Azken urteetan zehar, euskarak gizarte mailan lortu duen garapena oso nabarmena izan da. Gaur egun jada seinale ugari euskaraz adierazten dira lehendabizi, gaztelerako itzulpena bigarren maila batean utziz, edota lan bat eskuratzeko garaian euskara jakiteari garrantzi handiagoa ematen zaio, adibidez. Era berean, Zuzenbidearen arloan ere aurrerakuntza handiak lortu dira, Dekretu hauek ideia honen isla argia direlarik.
    Maila altuko testu juridiko hauek ikustean, Administrazioak euskararen erabilera sustatzeko etengabe egiten ari den saiakera argitasun osoz erakusten digu berriro ere. Kasu honetan, esan genezake, bere menpeko langile batzuei (4. hizkuntza maila dutenei, alegia) euskararen inguruko jakinduria egoki bat exijitzen diela eta, beraz, herritarrekin nahiz adituekin aritzean euskaraz jardungo dutela C-mailako exijentzien arabera, hau da, maila egoki batean. Baina, era berean, exijentzia maila baxuagoa duten profesionalak ere euskaraz jakiteko eta aritzeko bultzatzen ditu, beren jakituria meritu gisa baloratuz.
    Orokorrean Dekretu hauen bitartez ezarri diren erregelak eta profesionalen arteko maila ezberdinak egokiak direla esan genezake. Izan ere, ezin ditugu exijentzia maila berean jarri jende aurrean jarduten duten profesionalak eta atal-berezian daudenak. Lehenengoek, dudarik gabe, euskara maila askoz ere landuago eta sakonagoa adierazi beharko dute, Administraziotik at dauden gainerako pertsonekin ere komunikatu beharko baitute. Ondorioz, hartzailea nor den kontuan hartuta, hizkera tekniko edota formalago bat erabili beharko du batzuetan eta besteetan, berriz, arruntagoa. Bigarrengoek, ordea, Administrazioaren eremuan ariko dira eta dokumentu ez hain garrantzitsuak landuko dituzte. Hortaz, beraien euskarak ez du zertan hain ona izan beharko. Hala ere Dekretu honen bitartez eskainiko diren ikastaroak egitea gomendagarria izango litzateke, beren uskara hobetzeak txarrik ez baitie ekarriko.

  21. Miren Ortiz
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:23(e)tan | #21


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Hizkuntza baten ezagutzak hainbat esfera lotzen ditu: ulertzea, ideiak adieraztea eta hauek sintetizatzea, elkarrizketak mantentzeko gai izatea, eta abar. Elementu hauetako bat falta denean, edo nekez betetzen denean, komunikazioa hausteko arriskua sortzen da, eta hizkuntzak komunikazio tresnak dira oinarrian. Euskararen hizkuntza eskakizunen banaketa egokia iruditzen zait, baina beste ikuspuntu batetik landu behar dela uste dut: eskailera bat balitz bezala, mailak igo adina gaitasun desberdinak eskuratzen dira, eta gorenera, hots, erabateko ezagutzara heltzea izango dugu helburu.
    Euskararen egoera bereziaz jabetuta (normalizazio prozesuan murgilduta, historian zehar etengabeko erasoak pairatu ondoren, orain ere oztopo eta zailtasun mila gainditu behar dituelarik), argi dago, hainbeste urtetan administraziotik kanporatua egon ondoren, bere indarberritzea etengabeko progesio bat izan beharko dela, geldiezina, ezinbestekoa. Testuinguru honetan, baliagarri zaizkigu hizkuntza eskakizunak.
    Ezin ditugu ahaztu, baina, euskal hiztunen eskubideak. Alde batetik, egoera partikularretan gure hizkuntzaren ezagutza onargarria duen profesionalaren aurrean aurkitzeko eskubidea; eta beste aldetik, orokorrean hizkuntza egonkortzeko, administrazioan ezartzeko dugun eskubidea. Izan ere, gure solaskideak terminoak nahasten baditu, akatsak egiten baditu (nahiz eta ulertu ahal, zaildu egiten dute elkarrizketa), edo nekez aritzen bada, administraziora euskaraz jotzeko gogoak galdu egiten ditugu, edozein izapide burutzea enpresa zaila bilakatzen baita. Horregatik, profesionalei etengabeko hezkuntza eman behar zaie, ez baita nahikoa oinarrizko gaitasuna izatearekin. Beti ere, administrazio arloan euskararen normalizazioan inplikatuta gauden alderdi guztien (hiritarrak zein langileak) eskubideak kontutan hartuz, guztienak baitira garrantzitsu: euskaldunok gure hizkuntzan aritzeko daukagun eskubidea, eta erdaldunek lan egiteko eta administrazioaren parte izateko dutena ere, gure kulturaren ardatz den hizkuntzarekiko konpromezua hartzeko bultatzen zaielarik.

  22. Irune Lasarte
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:22(e)tan | #22


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Zuzenbide profesionalen hizkuntza gaitasunei dagokionez, egin den aurrerapauso garrantzitsuenetako bat zuzenbide ikasketak euskaraz egin ahal izateko aukera izan da, modu honetara bideak irekiz eremu honetan. Ikasketak euskaraz egiten dituzten profesionalekin, printzipioz, arazorik ez da suertatzen euskarari dagokionez, izan ere, ikasketak burutzen ari diren bitartean nahiko trebakuntza eta baliabide jasotzen dituzte euskara bere alor guztietan kontrolatzeko. Benetako arazoa euskara bere osotasunean, arrazoi ezberdinengatik, kontrolatzen ez duten profesionalengan biltzen da.
    Zenbait lanpostu lortu ahal izateko hizkuntza eskakizun batzuk egiten dira, lanpostu bakoitzari egokituak daudenak. Teorian eskakizun mota hau oso ongi dago, baina zer gertatzen da praktikan? Eskakizun horiek betetzen edo exijitzen al dira? Administrazioari dagokionez geroz eta jende gehiago topatzen da euskaraz erantzuten zaituena, baina askotan pertsona horien euskara maila ez da egokiena duten lanposturako. Segituan sumatzen da pertsona horiek euskara guztiz ez dutela menperatzen eta suposatzen da hor egoteko zenbait betekizun betebehar izan dituztela. Hor konturatzen gara praktikan betekizun horiei nolako garrantzia ematen zaien.
    Pertsona hauek, batez ere, herritarrei begira lan egiten dutenak, hobeto prestatu behar dira, batez ere komunikazioari dagokionez. Prestaketa modu bat pertsona hauei euskarazko klaseak ematea izango litzateke, beste gai batzuen inguruan egiten diren ikastaroen moduan. Eta teorian ikasten dutena, ondoren, praktikan modu egokian jartzen irakastea. Inbertsio mota hau aberasgarri izango litzateke euskararen normalizaziorako, izan ere, hizkuntza geroz eta hobeto kontrolatu, geroz eta jende gehiagok erabiliko du, errazagoa egingo zaielako bere erabilera.

  23. Amaia Abendaño
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:22(e)tan | #23


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA GAITASUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Euskarazko hizkuntza-eskakizunen gaia benetan eztabaidatua eta maiz oso kritikatua den auzia dugu. Ez nau batere harritzen, oraindik ere asko eta asko oztoporen bat dutenean soilik ohartzen baitira bi hizkuntza dituen lurralde batean bizi direla, eta horietako bat euskara dela. Gai hau oso entzutetsua bada ere, eta nik neuk horren inguruan inoiz iritzia eman dudan arren, egia esan behar badut, inoiz ez dut informazio zehatza bilatu postu bakoitzerako egiten diren hizkuntza eskakizunen inguruan.
    Bada, ikusitakoak ikusirik, Justizia Administrazioko langile publikoen hizkuntza-eskakizunei dagokionez behintzat, ez zait iruditzen gehiegizko edo lekuz kanpoko eskakizunik egiten denik. Nire kasuan behintzat, langile horietakoren baten zerbitzua jasoz gero, gorago zehaztu ditudan euskara mailarekin erantzutea gustatuko bailitzaidake, kontutan izanik hau ez dela nire desio edo nahi hutsa, nire eskubidea baizik.
    Hori dela eta, nire ustean, egun Administrazioko langileei eskatzen zaien euskara maila guztiz zilegi da, eskatzen den maila honen lorpena oinarrizko helburua izanik eta hortik gorakoa lortzeko xedez

  24. Inazio Sanz
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:21(e)tan | #24


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN KOMUNIKAZIORAKO GAITASUNAK
    _________________________________________________________

    Testu honen bitartez gustuko nuke gogoeta txiki bat egitea hainbat parametro kontutan hartuta. Lehenik eta behin erantzun nahiko nukeen lehenengo galdera litzateke ea egokia iruditzen zaidan gaur egun Euskal Autonomi Erkidegoan dugun hizkuntza-eskakizun mailaketa. Bada, lehenik eta behin, kontsultatu ahal izan dudan bezalaxe, esan EAE-n dugun mailaketak ez duela jarraitzen Europa erreferentzia markoak esaten diguna. Bertan 6 maila daude, txikienetik gorenera doazenak. Maila horiek izen desberdinak dituzte (erabiltzaile gaitua C1 eta C2 ataletan bereiziak, erabiltzaile independentea B1 eta B2 ataletan bananduak eta oinarrizko erabiltzailea A1 eta A2 ataletan). Beraz, mailaketa hau euskararen normalizazio dekretuak jasotzen duena baina zehatzagoa dela esatea ez da inolako ausarkeriarik, eta behin hau konprobatu ahal izan dudanean, nire iritzia aldatu da. Ez zait egokia iruditzen dugun hizkuntza-eskakizun mailaketa eta nire aburuz europar erreferentzi markoak esaten diguna hartu beharko genuke erreferentzi gisa.

  25. Ane Baque eta Sara Zubizarreta
    2012(e)ko maiatzaren 8a 15:20(e)tan | #25


    ZUZENBIDEKO PROFESIONALEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EUSKARAZ
    _________________________________________________________

    Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan eta Justizia arloan dauden lanpostuetan euskaraz jarduteko beharrezko den hizkuntza-gaitasun maila kontuan hartuta, erabakiko da zein hizkuntz-eskakizun dagokion. Nahiz eta derrigorrezkoa ez den, meritu gisa baloratuko da. Lau dira hizkuntza-eskakizunak:
     1.Hizkuntza-eskakizunean, idatzizko zein ahozko testuen oinarrizko ulermena eskatzen da.
     2.Hizkuntza-eskakizunean, oinarrizko maila eskatuko da hizkuntz trebetasun guztietan (ulermena, mintzamena eta irakurmena), idazmenean ez ezik.
     3.Hizkuntz-eskakizunean, oinarrizko maila eskatuko da hizkuntz trebetasun guztietan (ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena).
     4.Hizkuntza-eskakizunean, gaitasun-maila jasoak eskatzen dira.
    Ane Baque eta Sara Zubizarreta

  26. Jon Korta
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:54(e)tan | #26


    EUSKARA JURIDIKOAREN NORMALIZAZIOA
    ___________________________________________________________

    Euskara juridikoaren normalizazioaren inguruan edozein gogoeta egin aurretik, kontuan izan behar da zer berezitasun dituen euskara juridikoak, eta gure hizkuntzarekiko ditugun lotura sentikorrez gain zer nolako garrantzia duen ikuspuntu juridiko hutsetik ere. Izan ere, edozein gizartetan legelari eta juristek gizarte horren beharrei erantzun behar diete, eta gurean euskara komunikazio-ikuspegitik garrantzitsua denez, beharrezkoa da zuzenbidearen arloan ere euskararen erabilera normalizatzea eta euskaldunoi arlo publikoan gure hizkuntzan jardun ahal izatea bermatzea. Gaur egun lan asko dago egiteko erabateko normalizazioa lortzeko, baina azken urteetan egindako bidea itxaropentsu egoteko arrazoia da.

    Horrela, normalizazioa helburutzat edukita, aurrerapauso nabariak eman dira azken 30 urteetan. Ofizialtasuna lortu zenean ia dena egiteke zegoen, eta gaur egun hainbat eta hainbat tresna ditugu euskara juridikoaren inguruan. Aurrerapen nagusien artean Zuzenbide ikasketak euskaraz egiteko aukera nabarmenduko nuke, horri esker hainbat juristek euskara juridikoko kontzeptuak unibertsitatean bertan jaso eta ikas baititzakete. Honez gain, ezin ahaztu bost Aldizkari Ofizial elebidun dauzkagula gaur egun, eta espainiar ordenamendu juridikoko lege nagusiak ere euskaratu direla. Agiri ofizial eta idazki-eredu gehienak ere euskaraz emanak daude, eta hizkuntzaren inguruko zalantzak argitzeko laguntza praktikoa eskaintzen dituzten hainbat baliabide ere baditugu eskuragarri (estilo-liburuak, hiztegi espezializatuak, kontsultarako web orriak… ). Beraz, azken hiru hamarkadetako lanaren emaitza oparoa izan dela esan dezakegu.

    Hala ere, aurretik esan dugun moduan, oraindik ez da erabateko normalizazioa lortu eta euskara juridikoak berak ere hainbat muga eta zailtasun ditu. Zailtasun horien izaera bitarikoa da; legala eta praktikoa. Alde batetik ezin dezakegu ahaztu euskara EAEn eta Nafarroako iparraldean ofiziala den arren, oraindik gaztelaniarekiko mendekotasun legal puntu bat duela justiziaren arloan. Honela, legeek euskararen erabilera bermatzen dutela adierazi arren, nolabaiteko beto eskubidea dago gaztelaniaren alde. Izan ere, nahikoa da prozesu judizialetan aldeetako batek euskararen erabilera baztertzea prozesua gazteleraz egiteko. Honek euskaldunak gutxitasun egoeran uzten gaitu, beste aldearen borondatearen mende geratzen delako gure hizkuntzan jarduteko eskubidea.

    Bestetik, hizkuntzaren erabilera urriaren arazoa daukagu. Kontuan eduki behar da euskara juridikoak izan duen garapena berria dela, eta euskarazko terminologia juridikoa ez dela guztiz zabaldu, harmonizatu, eta errotu. Oraindik ezjakintasun handia dago. Horrek ohitura falta dakar. Eta ohitura faltaren ondorioz, gutxi erabiltzen da euskara. Ikusten denez, sorgin-kiribil batean gaude sartuta. Korapilo hau askatzeko funtsekoa da Zuzenbide ikasketak euskaraz egin ahal izatea. Erabileraren arazoari aurre egiteko, bestalde, ezin aipatu gabe utzi gaur egun oraindik hainbat administraziotan, eta bereziki Justiziaren alorrean, hainbat eta hainbat langile daudela euskaraz aritzeko gai ez direnak, eta indarrean dagoen kontratazio politikak berak ere epe jakinik gabe luzatzen duela egoera hau.

    Horrenbestez, eta azken 30 urteetako lanak fruitu oparoak eman dituen arren, argi dago normalizazioaren bidean oraindik gauza asko geratzen zaizkigula egiteko. Zerbait aldatu nahi bada, aldatu beharreko hori ezagutzea omen da. Normalizazioari dagokionez, argi dago zein diren oztopo nagusiak. Orain, oztopo horiei aurre egiteko borondatea besterik ez da falta. Hala ere, itxaropentsu izateko arrazoiak ditugu. Lortuko dugu!

    ___________________________________________________________

  27. Enea Ispizua
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:48(e)tan | #27


    EUSKARA JURIDIKOAREN EGUNGO EGOERA
    ___________________________________________________________

    Euskara tresna baliagarria da ideia juridikoak adierazteko. Gaur egun Euskara Juridikoa eta euskararen terminologia juridikoa oso garatuta daude eta sustrai sendoak dituzte. Hori horrela, Zuzenbide alorrean euskara nahiz gaztelania erabiltzeko arazorik ez da egongo eta bi hizkuntzak era berdintsuan erabili ahal izango dira bai legegintzan eta bai justizia administrazioan ere.

    Dena den, badira zailtasun batzuk parekotasun-egoera horretara heltzeko. Batetik, nahiz eta gero eta gehiago izan profesional gazte elebidunak,
    abokatuen artean asko dira oraindik bi hizkuntzetan aritzeko gaitasuna ez dutenak, eta urte asko daramatzatenek gaztelera jotzen dute gehienbat.

    Bestetik, egia da ahalegin handia egin dela lege-testuak eta agiri juridikoak euskaraz idazteko, baina, modu berean, oraindik estatu mailako lege gutxi eman dira euskaraz, eta are gutxiago Europako esparrukoak.

    Azkenik, oraindik ahalegin txikia egin da arlo juridikoko pertsonala euskalduntzen eta euskara, gehienbat, itzulpen-hizkuntza da oraindik.

    Zailtasun hauei aurre egiteko baditugu zenbait baliabide. Esaterako, unibertsitateek espainiar ordenamendu juridikoaren lege nagusiak euskaratu dituzte. Abokatuen Elkargoaren ekimenez, bestalde, euskarazko idazki-eredu normalizatuak egin dira. Zuzenbide-ikasketak ere bi hizkuntzetan egiteko aukera dago. Aldizkari ofizialak (EAEkoak eta Nafarroakoak) ere bi hizkuntzetan argitaratzen dira. Hainbat hiztegi ere baditugu… Beharbada, urrats garrantzitsu bat falta da: arau-idazketa elebiduna (http://www.argia.com/argia-astekaria/2149/itzulpengintza administrazioan/osoa). Link honetan, arau-idazketa elebidunaren artikulu bat aurki dezakezue.rau-idazketa elebidunaren beharra

    Hau guztia ikusita, ondoriozta daiteke oraindik etorkizunean asko dagoela egiteko. Beraz, jurista euskaldunen erronkak ugari dira eta horien artean ondorengoak dira aipatzekoak: doako ikastaroak eskaintzea abokatu, epaile, fiskal eta Justizia Administrazioaren langileei, Justizia Administrazioan euskararen erabilpenaren normalizazioa lortu ahal izateko. Euskara erabiltzea lortuz gero, abokatuen artean epaitegietan demandak euskaraz planteatzeko joera bulzatuko litzateke, batez ere euskara gehiago erabiltzen den arlo juridikoetan, esaterako foru-zuzenbide zibilarenean.

    Aipatutakoaz gain, euskarazko letratu-asistentzia bermatzeko baliabideak bultzatu behar dira, Atxilotuari Urgazpen Zerbitzua eta Ofiziozko Txanda guardia-sistemaren bidez. Zerbitzu horietan aritzen diren abokatuek euskara ezagutu behar dute eta euskara juridikoa erabiltzeko gai izan behar dute. Ez dauden lekuetan sistema hauek sortu behar dira eta daudenean euskarazko zerbitzuaren erabilera bultzatu behar da herritarrek ezagutarazteko.

    ___________________________________________________________

  28. Mireia Mochales
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:44(e)tan | #28


    EUSKARA: IRAGANETIK ETORKIZUNERA, ESKUBIDE IZATETIK ERREALITATERA
    ___________________________________________________________

    Abiapuntua

    Ez litzateke berria izango inorentzat euskararen egoera kaskarraz hitz egiten hastea. Itzultzaile, epaile, abokatu edota herritar xumea izan, guztiok ezagutzen dugu euskararen “normalizazioaren” errealitatea. Bai, hizkuntza ofiziala da; koofiziala nahi duenarentzat.
    Eta bai, ofizialtasun horri esker, guztiok hitz egin dezakegu euskaraz, guztiok bizi gaitezke euskaraz, baina hori ez da arrotza guretzat, etorkizuneko legegile izango garenontzat. Esan nahi dudana da ez dugula beste inola imajinatzen, aurreko garaietan hala izan bazen ere.
    Beraz, euskara ofiziala da. Legeak babesturiko hizkuntza, eta gazteleraren parekoa; bai, hala da Euskal Autonomi Erkidegoan. Ados. Baina orduan, nola da posible zenbait esparrutan euskaraz ezin moldatzea? Erantzuna erraza da: legeak babestu eta ofizial bihurtzen badu ere, Administrazioa eta Justizia ez daude euskaldunduta; eta ondorioz euskara ez da hizkuntza normalizatua.

    Iragana

    Egin dezagun begira atzera. Duela 30 urte inguru euskara ez zen ofiziala; ez zuen ez babesik, ez presentziarik. Herritarrek euskaraz etxean egiten zuten, eta arlo juridiko eta administratiboan gaztelera zen hizkuntza bakarra.
    Euskarak ez zuen horietara egokitzeko aukerarik, ezta modurik ere. Ez zegoen ez jurista euskaldunik, ez legerik euskaraz. Zertarako, bada? Euskara ez baitzen hizkuntza ofiziala.
    Baina egia badiotsuet, hau guztia ez dakit neure larrutik. Izan ere, ezin esan dezaket garai hura oroitzen dudanik, ezta bizi izan dudanik ere, artean ernatu gabe nintzen eta! Eta zertan nabil orduan iraganaz mintzatzen?

    Oraina

    Hobe izango dut orainari heltzea. Nik, etorkizunean legelari izango banaiz ere, egun oraindik edozein hiritarrek ezagutzen duen gisa ezagutzen dut euskarak administrazio eta justizian duen egoera. Gure hizkuntza “ofiziala” denetik egoera aldatu egin da, noski, baina ez behar bezainbeste, zoritxarrez.
    Hiritar bezala zailtasunak ikusgarriak dira, edonoiz eta edonon, guztiok baitakigu administraziora jo eta bertako langileen erdia ere ez dela euskaraz moldatzeko gai. Eta gaitasun eza ez da pertsonala soilik; baliabideetan ere bada nahiko hutsune, gehiegi nire ustez. Esaterako, Justizia eta Administrazioko idazki ofizialak kasu gehienetan gaztelera hutsez egiten dira; espresuki euskarazkoa eskatu ezean, behinik behin. Euskaraz lan egiteko gai den legegile gutxi dago, baina hizkuntza menderatzen duten gutxi horiek, egiten al dute beren lana euskaraz? Saiatzen al dira benetan?
    Baliabideak ere egon badaude, eta horretan ez dut inongo zalantzarik, baina baliabide horiei ematen al zaie, eman beharko litzaiekeen erabilera? Zailtasunak daude; baina, horiei aurre egiteko irtenbideak ere bai askotan. Dena den, askoz erosoagoa dirudi ahalik eta gutxien konplikatu eta dagoenarekin konformatzeak.
    Konformistak gara beraz. Euskara ofiziala da; baliabideak badaude, behar beste ez badira ere; baina ez gara daudenak ere erabiltzeko gai. Eta orduan? Zertarako nahi ditugu baliabide gehiago? Konplikatuak gara benetan. Konplikatuak eta erosoak.
    Euskaraz egin nahi dugu Administrazioan eta Justizian, legezko eskubidea dugulako esparru horietan euskaraz jarduteko. Baina, jarrera bera al dugu geure lankide, ikaskide eta lagunekin? Horiekin ere euskaraz egiteko eskubidea badugu, ezta? Baina, egiten al dugu? Badakit hori ez dela gaiaren funtsa, baina zalantza asko eragiten dizkit kontuak.

    Geroa

    Mintzatu naiz iraganaz, azaletik bada ere; eta mintzatu naiz orainaz ere. Baina zuzenbideko ikasle naizenez, etorkizuna da nirea. Nolabait, ni naiz etorkizuna, gu gara etorkizuna. Aipatu dugu euskaraz jarduteko eskubidea dugula; aipatu dugu era berean baliabideak badirela eta hizkuntzalariek eta itzultzaileek horretan dihardutela.
    Hala ere, euskaldun legegileak behar dira, euskaraz lan egiteko gai direnak. Eta horiek guk izan beharko dugu, zuzenbidea euskaraz ikasten gabiltzanok. Baina ez da nahikoa izango euskaraz ikastea, euskarazko baliabideak erabiltzen jakitea edota hizkuntza guztiz menderatzea geure lana aurrera eramateko orduan. Horrek guztiak ez du ezertarako balioko kontzientziaziorik ezean. Ez digu ezertarako balioko euskaraz moldatzeko gaitasuna izateak, euskaraz jardungo ez badugu; hau da, geure lana euskaraz egingo ez badugu.
    Nik, egia esan, nire zalantzak ditut. Euskaraz jaio eta hezi den belaunaldia gara, euskaraz ikasi duena eta ustez euskaraz bizi behar zuena. Izan ere, horretarako dugu legearen babesa, eta euskararen “ofizialtasuna”. Baina, euskaldunak al gara? Euskaraz mintzo gara? Bestela esanda, gure eguneroko bizitzan euskaraz egiteko gai ez garenok izango al gara gai, pauso bat gehiago eman gure lana euskaraz egiteko? Ala erosoenera jo eta egunerokotasunean egiten dugun hizkuntzan, gazteleran, egingo dugu gure lana? Ziurrenik, gehienok erosoenaren hautua egingo dugu, egingo dute edo egingo duzue.
    Ondorioz, oraindik ez dut argiegi ikusten etorkizuna, zalantzaz beterik baitator. Eta zalantza horiek guk geuk soilik ebatzi ditzakegu. Nik neuk argi dut: euskaraz jaio, hezi eta bizi naizela esan dezaket, eta askotan esfortzua egin eta erosoena denari buelta ematen saiatuko naiz. Nire hizkuntza-eskubidea gauzatuko dut. Euskara legezko hizkuntza “ofiziala” izatetik, eguneroko hizkuntza izatera igaro dadin lagundu nahi dut.
    Baina izango al gara guztiok horretarako gai? Ezin da ahaztu helburuak gauza bat direla eta errealitatea beste bat izan ohi dela gehienetan. Etorkizuna guk soilik eraiki dezakegun zerbait da, gu geu baikara etorkizuna: gure kontzientziazioa, lana eta lorpenak. Hortaz guri soilik dagokigu euskaraz ikasitakoa herritarrei eskuragarri jartzea. Izango al gara gai ikasia erabiltzeko?

    ___________________________________________________________

  29. Laider Etxebarria
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:36(e)tan | #29


    Euskara eta Justizia: bateragarriak ote?
    ___________________________________________________________

    Euskararen egoera azken 30 urteetan asko aldatu da, esaterako hezkuntzan ia eremu guztiak asetzen ditu: haur eskolak, haur hezkuntza, legen hezkuntza, batxilergoa, DBH, unibertsitate ikasketak etb… Arlo juridikoan, aldiz, -nahiz eta gauzak asko aldatu diren-, ez da normalkuntza hori justiziaren arlo guztietara hedatu.

    Hezkuntza eremuan baliabideak hobetzen joan dira. Arlo juridikoan, ordea, euskarazko baliabideak ez dira hain agerikoak. Egia da badaudela hiztegiak, lege-testu batzuk itzulita, eskuliburu gutxi batzuk euskaraz…baina praktikan erdara askoz ere errotuagoa dago, auzitegietan eta mundu juridikoan euskara baino.

    Ofiziala den heinean, aitortua dago euskara epaitegietan erabiltzeko eskubidea, baina euskaraz baliabide eta tresna juridiko gutxi izateak asko zailtzen du euskara alor juridikoan erabiltzeea. Mugak muga ere, argi eta garbi aldarrikatu nahi dut euskara oso tresna baliagarria dela ideia juridikoak adierazteko nahiz eta praktikan, zuzenbide pribatuan batez ere, normalean erderetara jo.

    Nahiz eta administrazioan lan egiteko gutxi batzuetan euskara ezagutza batzuk eskatzen diren, ezagutza hauek ez dira oso aproposak eta lan juridiko eta administratiboak eskatzen duen maila teknikoa eta zehaztasun terminologikoa dela eta, zalantzaren aurrean erderatara jotzen dugu askotan. Hori horrela delarik, garrantzi berezia hartzen du administrazioko langileen hizkuntza-prestakuntzak. Izan ere, prestakuntza onak izatea funtsekoa da euskararen sustapenerako.

    Beraz, lehen esan bezala euskaraz, erdaraz beste baliabide ez izateak honen eraginkortasunean eta erabilgarritasunean eragiten du; hainbesteraino, ezen euskararen ofizialtasuna zalantzan ere jartzen baitu. Baina badakit ere baliabideak euskaratzeko lan handia egin behar dela eta horretarako denbora asko behar dela. Dena den gogor ekin behar zaio lan honi euskara arlo juridikoan ere sustatu eta errotuko bada.

    Orain arte administrazioak edo juristek edo filologoek egindako lanak asko erraztu digute zuzenbidearen gaineko terminologi zalantzak, legeri batzuen kontsultak etb eskuragarri izatea gure lanak egin ahal izateko. Hala ere hurrengo belaunaldientzat eta hiritarrentzat ere lan handia egin
    beharko da
    oraindik arlo juridikoan euskara hizkuntza erabat normalizatua izateko.

    ___________________________________________________________

  30. Amaia Ramirez
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:33(e)tan | #30


    EUSKARA BIZI, LANDU ETA GARATU
    ___________________________________________________________

    80ko hamarkadan jaiotako euskarazko zuzenbide ikaslea naiz. Ama hizkuntza euskara daukat eta hizkuntza horretan jorratu ditut nire derrigorrezko ikasketak.

    Unibertsitatera heltzean argi neukan ikastetak euskaraz egiten jarraituko nuela, horregatik Zuzenbidean aritzea erabaki nuenean jende askok aurpegi ezkorra jartzen zidan esanik: Zergatik nahi duzu Zuzenbidea euskaraz ikasi? Gero praktikaren orduan gaztelera erabili beharko duzu eta!

    Baieztapen horrek zalantza bat ekartzen zidan burura: alde batetik, noski, bizitza errazago bat planteatzen zitzaidalako gazteleraz ikasketak eginez gero, azken finean arrazoia zeukatelako: oraindik epaitegietan eta administrazioan gaztelera baita indar handien duen hizkuntza. Bestalde, Zuzenbidea euskaraz ikastea erronka handi bat zen niretzat, bai nire ama hizkuntzan egingo nituelako ikasketak eta bai Euskara Juridikoa ez dagoelako oraindik guztiz garatua, Zuzenbideak duen jatorri latinoagatik eta euskarak alor honetan izan duen baztertzeagatik.

    Gaur egun Zuzenbideko ikasle euskaldun gisa gaian murgildurik nagoela, espero nuen baino egoera larriagoa aurkitu dut. Askotan, edo gehienetan, gu geu gara itzultzaile lanean aritu behar dugunak (horretarako esperientziarik edo baliabiderik izan gabe) eta azken finean, jada egina eduki beharko genukeen materiala guk birsortu behar dugu, material hori gaztelera hutsean dagoelako kasu onenetan, eta beste zenbaitetan ingelesez (azken hau gutxitan gertatzen bada ere). Hori dela eta, askotan pentsatu izan dut Unibertsitateak itzultzaile eta EGA agiriak eman beharko lizkigukeela dagokigun lana baino gehiago egiten dugulako.

    Euskararen aldeko estima daukadala ez dut zertan adierazi, baina oraindik ikasten ari naizen karreran hutsune handiak daudela antzematen dut argi. Nire egoera berberean dagoen orok ondo uler dezake zertaz ari naizen, Zuzenbidean euskarazko lerroan sartzen garenok euskararekiko daukagun grina eta atxikimendua erakusten dugulako horrekin bakarrik ere, benetan esfortzu bikoitza eskatzen duelako gaztelerazko materialak norberak oso-osorik itzuli beharrak.

    Beraz, ikasle gisa administrazioa salatuko nahi dut ez duelako bermatzen ikasleek Zuzenbide ikasketak euskaraz egin ahal izan ditzagun osorik. Izan ere, ematen du gaztelerako lerroari ematen zaiola lehentasuna bai ikasgaiak eskaintzeko orduan, bai irakaslego aproposa hautatzeko orduan, askok euskara justu justuan dakitelako eta beste batzuk hori ere ez. Badakit hau guztia euskarak Zuzenbidean egiten ari den bilakaeraren eta garapenaren ondorio dela, baina egoera honetan ere uste dut badaudela zenbait gauza hobetu litezkeenak, hala nola, ikasleei beste mota bateko laguntzak edo pizgarriak ematea lan erantsiak hartzeagatik (itzultzerako orduan).

    Hau da nik bizi dudan errealitatea, bizitza euskara hutsean egin ahal izan arren, badaude zenbait traba edo oztopo zenbait alorretan; gurean, adibidez Hori horrela, galdera hau bururatzen zait Niri, zuzenbide ikasle bezala, euskarazko zuzenbidea arrotza egiten bazait, zer irudituko zaio kaleko beste hiritar arrut bati? Are arrotzagoa eta ulertezinagoa, noski..

    Arazo horri aurre egiteko hizkuntza-eredu errazagoa garatzeko proposatuko nuke. Badakit kritikatzea erraza dela, baina seguru nago ematen diren diru laguntzekin eta benetan euskara maite duten pertsona askoren ekimena eta ideiak erabilita lan ona atera daitekeela. ildo honetatik Gainera, ez legoke gaizki biztanleriak eskura izatea Administrazioan eta Zuzenbidean euskara erabiltzeko gaitasuna lortzeko beharko lituzketen baliabide edo tresnak..

    Azken batean, gaztelaniak euskarari lekua ken diezaioke guztion aldetik gutxi bat egiten ez badugu; baina oraindik garaiz gaudela esango nuke, euskal biztanleria geroz eta sentikorrago baitago euskararen normalkuntza eta garapenarekin.

    ___________________________________________________________

  31. Maria Isabel Colino
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:22(e)tan | #31


    Euskal juristen erronka baino areago, euskaldun guztion erronka
    ___________________________________________________________

    Gaur egun gure hizkuntzak arlo juridiko zein administrazio arloan bizi duen egoera benetan tamalgarria da. Hala ere ez dugu zertan kezkatu, daramagun erritmoan, 60 urte barru euskarak normalizazio lortuko du eta…

    2010. urtean baldin bagaude ere, gaur eguneko juristek lan egiteko dauzkaten baliabideak oso eskasak dira. Bai, askok esango dute badaudela lege testu batzuk, monografia batzuk, edota manual batzuk euskaratuak, baina, ez, hori ez da nahikoa. “ Batzuk ” hitza “guztiak” hitzagatik aldatu beharra dago; ala akaso gaztelaniaz lege testu “batzuk” baino ez daude hizkuntza horretan emanak?

    Onartezina da, modu berean, XXI. mendean euskarak uniformetasunik ez edukitzea. Euskal-jurista bati galdetzen badiozu nola esan behar den “ recurso de amparo “euskaraz, honako hau erantzungo dizu: “Ba… ez dakit, depende nori galdetzen diozun modu batean ala bestean esango dizu. ”. Nola da posible oraindik ere hau gertatzea? Nola lortuko da euskararen normalizazioa arlo juridiko zein administrazio arloan hizkuntza bateratu bat ez badago?

    Honako bi arazo horiek dena den, konponbide “erraza “daukatela esan dezakegu: euskara bateratzea eta kalitatezko itzulpen zerbitzua sortzea. Hala ere, ni gehien kezkatzen nauen arazoa da zergatik ez duen jendeak euskara erabiltzean justizia zein administrazioan… Zergatik?

    Galdera honetarako bi erantzun baino ez zaizkit bururatzen: edo jendeak ez daki euskara arlo hauetan erabili daitekeela edo jendeak pentsatzen du euskara soilik etxean eta lagun artean erabiltzeko hizkuntza dela.

    Lehenengo taldeari azaldu beharko litzaioke euskara jurisdikzio zein administrazio arloan lasai asko erabili daitekeen hizkuntza dela, eta, are gehiago, erabiltzeko eskubidea dagoela. Bai Konstituzioan eta bai bestelako arauetan aitortua dago edonork jurisdikzio eta administrazio arloan euskara erabiltzeko eta euskaraz hartua izateko eskubidea daukala. Beraz, legeek horrelako eskubidea aitortzen badigute, zergatik ez dugu baliatzen?

    Bigarren taldeari honako hau esan beharra dago: euskara bizitzako edozein eremutan lasai asko erabili daitekeen hizkuntza dela eta ez dutela zertan euskara erabiltzeagatik lotsa edo beldurra eduki.

    Hau guztia jakinda, zergatik ez gara animatzen euskara erabiltzera?

    Nik ez dut erantzun zehatzik, baina argi daukat euskal juristek eta justiziara hurbiltzen diren hiritar euskaldunek ez badute aurrerapausorik ematen, nekez normalizatuko dela euskararen egoera alor honetan. 30 urteko ibilibidearen ondoren, gizartearen txanda iritsi da.

    ___________________________________________________________

  32. Irati Oleaga
    2010(e)ko azaroaren 29a 11:03(e)tan | #32


    AMORRUTIK IRRIRA

    ___________________________________________________________

    Euskara, herren

    Amorrua, lotsa, inpotentzia… Nork ez du halakorik sentitu epaitegi batean “arazorik sor ez dadin” epaiketa erdara hutsean egin denean? Nork ez, administrazio publikoko bulego batetara joan eta euskaraz hitz egite soilagatik bertako langile batzuek duten jarrera dela eta?
    Ez da inolako adituren txostenik behar euskarak aipaturiko eremu horietan duen presentzia eskasa dela ikusteko, hizkuntza eskubideak behin eta berriro urratzen direla jakiteko. Ez dugu txosten horien beharrik euskaldunok, edo bizitza euskaraz egiten saiatzen garenok, behintzat. Izan ere, asko gara euskaraz dakigunak, bai; ez hainbeste egunerokotasunean dagokigun eskubidea baliatu eta hizkuntza horrekin bizitzen saiatzen garenak.
    Hala baita: eskubidea. Lege ezberdinetan aitortzen dena. Horietan bigarren mailako tokia esleitzen zaio beharbada, baina eskubidea da, azken finean. Euskal Herriko lurralde batzuetan ofizialtasuna du gainera euskarak; koofizialtasuna, gaztelaniarekin batera.
    Baina ofizialtasun nahiz eskubide izaerak ez dio babes-berme errealik aitortzen, ez erabatekorik, bederen, lehenago esandakoari jarraiki.

    Oztopoak eta zailtasunak

    Zurrunbilo horren erdian daude, besteak beste, legelari zein jurista euskaldunak. Haien jardun orokorrean euskarak duen egoeraren lekuko zuzenak dira. Izan ere, hamaika oztopo eta zailtasun dauzkate jardun hori euskaraz burutu ahal izateko: iturri gehienak erdarazkoak dira, horiek euskaratzea jarduera mantsoa eta askotan ez-ofiziala izaten da, ez dago euskaraz sortu edo itzultzeko irizpide bateraturik…
    Horien gainetik, baina, ohituraren oztopoa dago. Ohiturarena, erakunde publikoetara jotzean erdaraz mintzatzen baita gehiengoa; eta oztopoa, horrek euskara bigarren maila batera igortzen baitu zuzenean, etxeko eremura zein lagunartekora mugatuz. Ohitura da errotik aldatu behar dena, euskarak mugatu egiten gaituen uste faltsua gainditu.

    Horretarako kontzientziazio sakona egitea ezinbestekoa da. Zentzu horretan egin dira, teorian, komunikabideek aldian-aldian haizatu dituzten kanpainak, planak, ekimenak eta halakoak, baita hainbesteko entzutea ez izan arren eraginkorragoak suertatu diren talde edota eragileen sorrera nahiz zenbait erakunderen jarduna ere. Hor dauzkagu IVAP-HAEE, Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Ikaskuntza, Bai Euskarari eta beste hainbat. Baina ohiturak irauli eta jabetze sendoa burutze horretan biziki garrantzitsua dena jurista zein legelari euskaldunak sortzea bera ere bada.

    Jurista zein legelari euskaldunak, normalizaziorako giltza:

    Itziar Alkortak idatziriko “Zuzenbidea euskaraz” artikuluan aipatzen zena datorkit gogora horretan pentsatzean. Bertan adierazten denez, euskarak zenbait arlo zientifikotan (eta batez ere, Zuzenbidearenean) dauzkan hutsuneez unibertsitatean jabetzen da bat gehienetan, ikastolan ez direlako euskarazko testuliburuak falta eta haietan erabiltzen den euskara normaltasunez ikasten delako. Hein handi batean, euskaraz ikaste soilarekin jakintzagai ezberdinetan (horiek arinak badira ere) euskaraz aritzeko ohitura hartzen da, naturaltasunez, eta ondoren gai horien inguruan euskarara jotzea izaten da arruntena.

    Ideia horrekin lotu behar da, bada, lehenago aipaturikoa; jurista zein legelari euskaldunak sortzearena edo Zuzenbideko ikasketak euskaraz egitearena, hain zuzen ere. Baina ez egite soila; horiek bultzatu eta indartzea funtsezkoa da lortu nahi diren helburuetara heldu ahal izateko. Izan ere, ikasketa horiek euskaraz egitearen inguruan irudi faltsua eratu da zenbait sektoretan: Zuzenbidea euskaraz ikastea alferrikakoa dela uste dute batzuek, hala ez direla behar bezalako irakaskuntza gaitasunak eskuratzen… Baina ideia horiek erabat okerrak dira; Zuzenbideko ikasle euskaldunek, izatekotan, balio bikoitza dutela esan liteke, lana ere maila horretan egiten dutelako erdarako taldeekin alderatuta. Eta hori esperientzia propioan oinarrituta ziurta dezaket, Zuzenbideko euskarako taldeetako batean ari bainaiz ikasten.

    Beraz, ideia faltsu horiek alboratu eta gizarteari Zuzenbidearen alor zabalean euskaraz egiteko gai garela erakutsi behar diogu, eta gaitasunetik haratago, euskaraz aritzea normala dela. Horri deritzot ohiturak irauli eta euskararen erabilera sustatzeko urrats sendoak ematea; horri, hainbatek amesten dugun normalizaziorako bideak irekitzea. Euskaldunok egiten ez badugu, ez duelako inork gugatik egingo.

    Gure esku dago

    Denok bizi izan ditugu hasieran aipaturiko egoerak, tristura eta antzerako sentipenak sorrarazi dizkigutenak; baina aldi berean, nori ez zaio irria atera erdaraz erantzutea espero izan eta administrazio jakin bateko bulegariak euskaraz egin dionean?
    Pentsa, beraz, zenbat irri aterako genituzkeen testuan zehar aipaturiko erronkak gainditu eta euskararen normalkuntzaren bidean aurrera egingo bagenu.

    ___________________________________________________________

  33. Xabier de la Torre
    2010(e)ko azaroaren 29a 10:46(e)tan | #33


    EPAITEGIAK EUSKARATZEN

    ___________________________________________________________

    “Zergatik ikasten duzu zuzenbidea euskaraz? Euskara da epaitegietan erabiltzen eta” Hau da nik nire bizitzan askotan entzun dudan esaldia, denek esan didatena: gurasoek, anaiek, batez ere nire anaia txikiak; lagunek, eta beste askok. Egia esan, euskarazko ikasgaiak hartu nituen euskaraz egin nituelako unibertsitate aurreko ikasketak, baina gehiago kezkatzen nau esaldiaren bigarren zatiak. Egia izan daiteke ez dela asko erabiltzen, hobeto esanda, egia da; baina, hau zergatik gertatzen da? Hiru arrazoi edo arazo nagusi daude: Funtzionarioen euskara maila, batetik; euskarazko baliabide eskasia, bestetik; eta hiritarren erabilera eza azkenik.
    “Funtzionarioek ez dakite euskaraz, ez dut denbora galduko euskaraz idazki bat egiten gero prozesua gehiago luzatuko bada”. Beste hau da nire ezagun batek esan zidana galdetu nionean ea zergatik ez zen nirekin etortzen euskarazko karrera egitera, noski beste modu batean esan zidan, burutik eginda egongo banintz bezala. Baina, tamalez, arrazoi puntu bat badauka: funtzionarioek ez dakite euskaraz, edo baldin badakite ere ez dute erabiltzen. Honek zer eragin dauka? Nagusiki itzultzaileen beharra egotea. Eta horrek garestitu ez ezik, luzatu egiten du, berez luzea den prozedura judiziala. Horri gaineratu behar zaio, oraindik, justizia arloko funtzionarioen artean ez dagoela euskara kontzientzia bat. Zertaz ari naizen hobeto ulertzeko egoera bat jarriko dut, ziur gehienoi gertatu zaiguna.
    Peio, Eusko Jaularitzan sartu da; sarreran euskaraz egiten du eta atariko andreak euskaraz erantzuten dio. Andreak, eraikinetik ateratzeko txartela ematen dio, eta “ondo izan” batekin agurtzen dio. Gero Peio, Kultura Sailera doa eta bertan euskaraz egiten du berriro ere, baina, tamalez, bertako funtzionarioak ez daki euskaraz. Hala ere, funtzionarioa badoa “ un momento por favor” batekin, eta berehala itzultzen da euskaraz dakien beste lankide batekin, inolako arazorik edo aurpegi arrarorik jarri gabe. Ondoren gure Peio Auzitegietara doa; berriro ere euskara erabiltzen du. Baina kasu honetan “en castellano por favor, en el juzgado en castellano” erantzuten dio funtzionariak umore txarrez. Adibidea ez da errealitatera guztiz egokitzen, badakit; baina gerta daitekeen egoera bat da. Imajina dezagun funtzionarioak euskaraz dakiela. Honek Peiori behar dituen dokumentuak emango dizkio eta, hara, erdaraz daude. Hau egoera erreala dela ez du inork ukatuko. Beraz funtzionarioak euskaraz ez badaki, modu batean behartzen zaitu erdaraz egitera, eta gainera dokumentuak erdaraz badaude, imajina dezakezue zer egingo duen Peiok, ezta?
    Hau da errealitatea, baina arazoa ez da hor bukatzen. Arazoek gutxitan daukate errudun bakarra, eta kasu honetan ere ez da horrela. Hiritarrok ere bagara errudun; izan ere, ez dugu euskara erabiltzen epaitegietara joaten garenean. Horrek ondorio latzak ditu, funtzionarioak ohitzen direlako euskara ez entzutera. Euskara erabiliko bagenu, funtzionarioek eta agintariek ikusiko lukete beharrezkoa dela aldaketa bat; baina, badakigu nolakoak garen, beste batek esfortzua egitea espero dugu, eta, hori bai, bitartean kritikatu eta kritikatu aritzen gara

    Egoera tamalgarria dela badirudi ere, benetako esfortzu bat egin izan da agintaritza publikotik egoera hori aldatzeko. Hizkuntza-politikak lehenengo bi arazoei egiten die aurre, hau da, funtzionarioen euskalduntzeari eta bai dokumentu eta lan tresnen itzulpenari. Urte hauetan zehar hainbat hitzarmen sinatu ditu Jaurlaritzak EHU eta Deustuko unibertsitatearekin lege testuak itzultzeko. orrekin lortu nahi da abokatuek, epaileek, ikasleek… lan egiteko tresna egokiak izatea euskaraz, gaztelerazko lege testuetara jo beharrik gabe. Baina benetan aurrerakuntza egin da agiri publikoetan, arlo hau Hizkera Juridikoa Euskaraz Normalizatzeko eta Bateratzeko Batzordeak kudeatzen du. Beraien helburua ahalik eta agiri gehien itzultzea da, modu horretan elebidunak diren funtzionario eta abokatuen lana errazteko. Argitaratu diren azken datuak 2007koak badira ere, aurrerapena nabaria dela argia da.

    Jurisdikzioa —- Agiri kopurua

    Lan arloko epaitegiak —- 52
    Lehen auzialdiko epaitegiak —- 161
    Erregistro Zibila —- 7
    Merkataritza arloko epaitegiak —- 39
    Adingabeen fiskaltza —- 13
    Instrukzioko epaitegiak —- 155

    Guztira —- 427

    Funtzionarioei dagokienez, hauen euskalduntze-prozesua ez da hain azkarra, hizkuntza bat ez delako azkar ikasten. Hala ere nahiko aurrerapen egin dira, eta aipagarria da batez ere, pixkanaka sortzen ari dela kontzientzia bat langile hauen artean eta gero eta gehiago agertzen dira ikastaroetara. Modu askotako ikastaroak daude, baina orokorrean bi multzotan banatzen dira. Batetik aurrez aurreko trebakuntza saioak egiten dira, horrela beraien ahozko hizkuntza lantzeko. Eta bestetik, idatzizko arloa lantzen da. Bake Epaitegietarako zuzenduta dauden politikak ere aipatu beharra daude, horietan aurrerapena izugarria izan baita, batez ere EPAINET web aplikazioaren ezarpenaren ondoren. Aplikazio honek agiri elebidunak kudeatzeko aukera ematen du; aurrerapauso nabaria izan da, eta horri esker orain Bake Epaitegi gehienak elebidunak dira. Politika hauen guztien ondorioak ez dira azkar nabaritzen, pixkanaka gorantz doan zerbait da, hona hemen datuak

    EPAINET daukaten udalerri kopurua

    Probintzia Udalerri kopurua
    Araba ————- 17
    Bizkaia ————- 61
    Gipuzkoa ————- 57
    Guztira ————- 135

    Funtzionario elebidunen kopuruak

    Hala ere esfortzu hauek guztiek ez dute ezertarako balio izango hiritarrek ez badute euskara erabiltzen epaitegietara jotzean. Epaile batek esan zuen ARGIA egunkariak egindako elkarrizketa batean” … esfortzua egin nuen euskara ikasteko, uste nuelako beharrezkoa zela euskaraz jakitea hemen lan egiteko, baina ikasi nuenetik orain dela 3 urte, oraindik ez zait demanda bat ere euskaraz iritsi…”

    Horrek ondo adierazten du zein den egoera,beraz kritikatu baino lehen ahalegindu gaitezen epaitegietan euskaraz hitz egiten, eta bertan ez badakite, orduan, kritikatu.

    Xabier de la Torre Arostegi

    ___________________________________________________________

  34. JOSEBA ANDONI EZEIZA RAMOS
    2010(e)ko azaroaren 29a 10:07(e)tan | #34


    EUSKARAREN ZEREGINAK ADMINISTRAZIOAN ETA ARLO JURIDIKOAN

    ___________________________________________________________

    Hizkuntzak funtzio ugari betetzen ditu gizakion bizitzan eta gizartearen antolamendu zein funtzionamenduan. Arlo juridiko eta administratiboan ere hizkuntza oinarrizko baliabidea da gizartearen antolamendurako eta Zuzenbidea ezarri, zabaldu eta aplikatzeko.

    Izan ere, hizkuntzak funtzio ugari eta ezinbestekoak betetzen ditu eremu honetan. Nola gauzatzen dira funtzio horiek administrazioan eta arlo juridikoan? Euskarak betetzen al ditu funtzio horiek guztiak eremu horietan? Hona hemen Zuzenbide Fakultatean Euskara Juridikoa lantzen ari diren ikasle-talde baten erantzunak.

    Euskararen egoera arlo juridikoan eta administrazioan
    Euskararen eremuak arlo juridikoan eta administrazioan
    Euskararen erabilera arlo juiridikoan eta administrazioan

    ___________________________________________________________

  35. Glx
    2010(e)ko azaroaren 29a 09:53(e)tan | #35


    LEXIKOA, TERMINOLOGIA ETA ESTILOA SAREAN

    ___________________________________________________________

    Oinarrizko Hiztegi Juridikoa

    Administrazioko Lokuzioak eta Formulak

    Eusko Legebiltzarraren datu-base terminologikoa

    Zuzenbideko Hiztegiak

    Toki Administrazioko Glosarioa

    Justizia Sailaren Euskara Batzordearen Estilo Liburua

    Eusko Legebiltzarraren Estilo Liburua

    IVAPeko Estilo Liburua

    AZPidazki

    ___________________________________________________________

  36. Glx
    2009(e)ko abenduaren 9a 15:51(e)tan | #36


    ARAU-IDAZKETA ELEBIDUNAREN ALDARRIKAPENA
    ___________________________________________________________

    Idazketa elebidunaren aldarrikapena ez da berria euskal erakundeetan. Urte batzuk pasa dira itzultzaileek eta legelariek koerredakzioaren ezinbestekotasuna azaldu dutela, euskarak gutxieneko egoera normalizatua izango badu arlo juridikoan.

    Eusko Legebiltzarrak urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan “Euskara Gutxituak Administrazioan” izenburua zutenak. Beste aditu askoren artean, jardunaldi horietan Eneko Oregik eta Zelai Nikolasek hartu zuten parte, arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko.

    Agerpen horretan emandako azalpenak eta egindako aldarrikapenak TIRAKA blogean jaso dituzte argitaratu berri diren bi sarreratan. Batean ponentziaren testua irakur daiteke osorik. Bestean, idazketa elebidunaren ezinbestekotasuna justifikatzen saiatu dira.

    Bi ekarpen horiek –TIRAKA blogean argitara emandako beste guztiak bezalaxe- ageri-agerian uzten dute zein atakatan dagoen euskara administrazioaren eta legegintzaren alorrean. Oso aintzat hartzekoak dira, beraz.
    ___________________________________________________________