Kalitatearen hatsarreak

2013(e)ko martxoaren 3a

Administrazioan eta mundu juridikoan berez badarabilten kalitatearen inguruko kezka orokorrari, azken urteotan erantsi zaio euskararen normalizazioaren eta estandarizazioaren arloko adituek hizkuntza-kalitatearen inguruan duten kezka. Euskarak hiztunak irabazi ditu, baina erabileran egiten du huts. Gainera, euskara estandarraren garapen-prozesua ez dago amaiturik, eta are gutxiago espezialitate-hizkerena. Testuinguru horretan, hiztun batzuek erraz jotzen dute alboko hizkuntzetara; izan ere, ez dituzte euskaran aurkitzen nahi moduko esan-indarra izango duten ereduak. Beste hiztun batzuek, berriz,  testu zuzenak, agian bai, baina esan-indarrik gabekoak sortzen dituzte.

Ildo horretatik,  ikuspegi berri bat sortu nahi izan da hizkuntza-kalitatearen inguruan. Ikuspegi honen arabera, kalitatearen jomuga nagusia ez da zuzentasun gramatikal hutsa; aitzitik, eraginkortasun komunikatiboa lehenetsiko da. Horrek esan nahi du hizkuntza-eredua hautatzean hiru aldagai kontuan hartu eta bateratu beharko direla: a) aldagai sozialak (euskararen estatusa, trataera eta balio funtzionala; erabiltzaileen hizkuntza-gaitasuna; euskalkien erabilera; itzulpen-politika; testu elebidunak egiteko irizpideak…); b) aldagai formalak: dokumentu-mota (generoa eta erregistroa); dokumentuaren diseinu teknikoa; ikusizko lagungarrien erabilera; baliabide ortotipografikoen erabilera; ulermena errazteko baliabideak (argibideak, glosategiak…); eta c) aldagai linguistikoak: zer diskurtso-baliabide erabiliko diren, nolako egiturak lehenetsiko diren, terminologia hautatzeko eta erabiltzeko irizpideak…

Hori horrela, alderdi soziolinguistikoak, juridiko-administratiboak eta prozedurazkoak erabakigarriak dira hizkuntza-kalitatearen aldeko ahaleginean. Baina, horiei guztiei euskara zaindu orokorraren garapenari eta finkatzeari begira proposatu diren irizpideak ere erantsi behar zaizkie. Hiru dira irizpide horiek: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna. Alabaina, nola bateratu eta uztartu irizpide horiek guztiak? Zein dira alde horretatik administrazioko euskarak eta euskara juridikoak une honeta dituen erronkak? Galdera horiek dira atal honetan bildutako azterlanak eta gogoetak gidatu dituztena. Hona hemen ildo horretatik Zuzenbide Fakultateko ikasleek egindako zenbait ekarpen jakingarri.

 

  1. jsb
    2009(e)ko abenduaren 8a 11:30(e)tan | #1


    Itziar Idiazabal: «Arauak emanez ez da hizkuntza erabiltzen irakasten»

    «Mezua pasatzeko gaitasuna ematea» da, Itziar Idiazabalen ustez, hizkuntza erabiltzen irakastea. Eta horrek ahozkoa orain arte baino gehiago aztertzea eta lantzea eskatzen du

    Itziar Idiazabal aspalditxo dabil euskararen kalitatearen inguruan ikertzen. Diario Vascon berriki egin dioten elkarrizketan gogoeta interesgarriak egiten ditu gai honen inguruan.

    Hementxe irakur dezakezu elkarrizketa hori osorik: http://www.diariovasco.com/20091123/cultura/arauak-emanez-hizkuntza-erabiltzen-20091123.html