Hizkuntza-baliabideak

2016(e)ko abenduaren 22a

Azken hamarraldietan hainbat erakunde, itzultzailek eta hizkuntzalarik ahalegin emankorra egin dute euskara juridikoa eta administrazioko euskara lantzeko eta garatzeko. Horri esker, corpus zabala osatu da, eta Zuzenbidearen alorrerako proposatu diren irizpideak eta finkatzen joan diren erabilerak ere era askotako kontsulta-baliabidetetan bildu dira. Horietako gehienak sarean jarri dira eskuragarri azken urteotan.

Baliabide horiek Zuzenbidearen eta Administrazioaren alorreko profesionalentzat oso baliagarriak izan daitezkeen hizkuntza-irizpideak eta zalantzak argitzeko oso lagungarriak izan daitezkeen askotariko informazioak eskaintzen dituzte. Hori bai, eraginkortasunez erabili ahal izateko, komenigarria da ondo ezagutzea zer eskaintzen duen baliabideetako bakoitzak eta nola egin litezkeen kontsultak bertan. Hori horrela, Zuzenbide Fakultateko ikasleek hainbat azterlan egin dituzte, bereziki sarean eskuragarri dauden baliabideak hobeto ezagutu eta baliabide horiek eskaintzen dituzten aukerak ezagutarazteko. Ondoren zerrendatu dira azterlan horietako batzuk.

Alabaina, kontsulta-baliabideak berak ez ezik, oso kontuan hartzekoak dira, oro har, administrazioan eta arlo juridikoan hizkuntza erabiltzeko ematen dituzten jarraibide orokorrak. Jarraibide horien artean  hiru gairen ingurukoak hartu dira jomugan GARALEX blogaren orrialde honetan:

TESTU-EREDUAK atalean, lehenik, administrazioko eta zuzenbidearen alorreko testuak egiteko irizpideen eta baliabideen inguruko informazioak eskaintzen dira.

ESTILO-IRIZPIDEAK atalean, bestalde, alorreko estilo-liburuetan jasotzen diren proposamenak aztertzen dira berezki.

TERMINOLOGIA atalean, azkenik, lexiko eta terminologia juridiko eta administratiboarekin zerikusia duten azterlanak jaso dira nagusiki.

__________________________________________________________

HIZKUNTZA-KONTSULTAK EGITEKO ZENBAIT BALIABIDE

Ikusmira orokorra

Zenbait baliabide monografiko

Estilo-liburuak

Kontsulta-zerbitzuak

 

  1. E. Urrestarazu, N. Manzisidor, A. Fadrique eta A. Perez de Albeniz
    2014(e)ko irailaren 26a 16:18(e)tan | #1


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    Zuzenbidearen alorrean lan egin edota ikasten dugunok maiz izaten ditugu hizkuntza juridiko edo teknikoari buruzko hainbat zalantza. Izan ere, administraziora, epaitegietara zein bestelako erakunde publikoetara jotzean, ez da erraza izaten euskaraz komunikatzea, ahoz zein idatziz dela ere. Aurkezten diren arazo hauei aurre egiten laguntzeko, badira hainbat webgune, baliabide aproposak eskaintzen dituztenak. Hori dela eta, jarraian, zuzenbidean aritzen direnentzat baliagarriak izan daitezkeen hainbat tresnaren erabilera azalduko dugu. Bereziki kontuan hartu ditugu inprimaki eta arlo juridikoko testuak nola idatzi, egituratu eta antolatu erakusten dutenak.

    Lehenik eta behin, interesgarria izan daitekeen baliabide bat “JUSTIZIA.net’’ atarian daukagu. Bertan, “Euskara Justizian” atala dago. Atal honek, gehienbat, epaitegietara zuzentzeko dokumentuak eskaintzen ditu. Hain zuzen, inprimaki, txantiloi eta bestelako ereduak eskuragai daude, gatazka juridiko edo administratiboetan erabiltzeko. Hemen dauden abokatu agiriak bost multzotan banatzen dira: zibila, administrazioarekiko auziak, lan-arloa, instrukzioa eta adingabeen arloa.

    Bigarrenik, epaitegietan, erregistroan zein administrazioan lan egiten dutenentzako tresna egoki bat ere badago. Webgune hau ere, Justizia.net atarian topa dezakegu helbide honetan: http://www.justizia.net/uzei/. Kasu honetan, langileek beren lana burutzean sortzen zaizkien hizkuntza zalantzak webgune hau erabiliz argi ditzakete. Gainera, tresna honen bidez, erakunde honetan lan egiten duten langileei txantiloi elebidunak eskaintzen zaizkie, haiek gazteleraz bete ditzaten euskara jakin beharrik izan gabe. Tresna honek, beraz, erraztu egiten du instituzio hauen eguneroko lana.

    Baliabide hauekin batera, “Euskara Juridikoaren Atariko Glosategia´´ dugu. Bertan, testu normatibo esanguratsuenetan aurki ditzakegun euskarazko terminoen hiztegi bat jasotzen da. Era honetara, gaztelaniazko terminoak euskaratzen ditu, eta horiek azaldu.

    Aurreko guztia laburbilduz, azalduriko hiru baliabide hauek oso aproposak direla iruditzen zaigu. Izan ere, hiru tresna hauek alor juridikoan zein administratiboan sortzen diren beharrei erantzun egokia eman diezaieketela uste dugu. Hori dela eta, profesionalak izan beharko lirateke, bereziki, hauen berri izan beharko luketenak. Zeregin horretan, instituzio publikoak izan beharko lirateke tresna hauen erabilera sustatu beharko luketenak.

  2. M. Ugartemendia, A. Celaya, M. Gomez eta O. Beldarrain
    2014(e)ko irailaren 26a 16:01(e)tan | #2


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    Eguneroko bizitzan oso ohikoa da hizkuntza zalantzak sortzea, eta horiek argitzeko kontsulta-baliabideetara jotzea komenigarria da. Bestetik, aipatu beharra dago, azken urteotan euskararen normalizazioa sustatu dela arlo desberdinetako hizkuntza eredu egokia bultzatzeko. Kontsulta-baliabideen artean erabilgarrienak eta modu arin batean erraz erabiltzekoak azpimarratu ditugu, adibidez, AZPidazki eta Elhuyar. Bestalde, Administrazioan eta justiziaren alorrean euskararen erabileraren inguruko zalantzak argitzeko web-guneak aukeratu ditugu, hala nola, Euskalterm eta bestelako hiztegi espezializatuak. Hurrengo hauek dira, gure ustez, kontsulta-baliabide jakingarrienak:

    Estilo-liburuak:

    AZPidazki: http://www.ehu.es/azpidazki/
    IVAPeko estilo-liburua: http://www.ivap.euskadi.net/s20aWar/publicacionesJSP/s20aVerDetalle.do?idValorSeleccionado=429X0
    Eusko legebiltzarraren idazkera arauak:
    http://www.euskara-juridikoa.com/fitxategiak/files/6_%20Estilo-jarraibideak.pdf

    Kontsulta-zerbitzua:

    EHULKUren aholkuak: http://www.ehu.es/ehulku/

    Hiztegi eleaniztuna:
    Elhuyar: http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/eu/hizt_el/index.asp

    Datu-base terminologikoa:

    Euskalterm: http://www.euskara.euskadi.net/r5915172x/eu/q91EusTermWar/kontsultaJSP/q91aAction.do

    Webgune espezializatuak:

    Euskara Juridikoaren Ataria: http://www.euskara-juridikoa.com/
    Garalex: http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/
    JUSTIZIA.net: http://justizia.net/

    Zuzentzaile automatikoa:
    XUXEN, http://www.xuxen.com/

    Gune hauetan hizkuntza arazoen konponbideak edota kontsultak eskaintzen dira gizarte osoak eskuragarri izan ditzan. Batzuetan, (Euskara Juridikoaren Ataria, JUSTIZIA.net, Garalex) zuzenbidearen eta justiziaren alorrean jarduteko baliabideak ditugu eskuragarri, besteetan, aldiz, eremu bakoitzean dagokion moduan jarduteko erak (IVAPeko estilo-liburua, Eusko legebiltzarraren idazkera) eta baita terminologia nahiz itzulpen argibideak ere (Elhuyar, Xuxen).

  3. A. Anabitarte, G. Azpiazu eta A. Benito
    2014(e)ko irailaren 26a 15:30(e)tan | #3


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    I.SARRERA

    Gaur egun hizkuntza arloan ditugun itzulpen baliabideen sakabanatzea dela eta, txosten honen bitartez gure ustez erabilgarrienak direnak aurkeztuko ditugu. Printzipioz, zuzenbidearekin harremanetan dauden pertsonei zuzenduta egongo da artikulu hau. Pertsona hauentzat baliagarriak izan daitezkeen kontsulta baliabideak hautatu ditugu, batez ere idazkiak betetzeko orduan edota idazkiok euskara zaindu edo zuzenean egiten laguntzeko balio dutenak.

    II.ZERRENDA

    Hau esanda, hona hemen zuzenbide arloko jardurnerako erabilgarriak izan litezkeen webgune eta baliabideen zerrenda;

    • Testuak zuzen idazteko euskararen arauak jasotzen dituzten webguneak

    o AZPIDAZKI web-ataria http://www.ehu.es/azpidazki/
    o EHULKU http://www.ehu.es/ehulku/
    o JAGONET ataria http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&view=article&id=87&Itemid=423&lang=eu

    • Dokumentu eta agirien biltegiak

    o AGIRIAK.net http://www.agiriak.net
    o Enpresa euskaldunduz: fitxa juridikoen eskuliburua.
    o Justizia.net atariko euskara justizian atala: http://www.justizia.net/la-justicia

    III.ONDORIOAK

    Logikoa denez, talde bakoitzeko baliabideen artean ere desberdintasunak topatuko ditugu. Arau orokorren artean baliabide batzuk teknikoagoak diren bitartean, beste batzuk edozein testu mota zuzentasunez garatzeko balio izango dizkigute. Dokumentuen biltegi hauetan ere baliagarriak izango diren baliabide desberdinak ditugu: dokumentu pribatu zein publikoan, enpresan nahiz Administrazioan erabiliko direnak. Agiriak, eskaerak… baita euskaratutako arau eta legeak ere ( Justizia.net da kasu honen adibide nagusia).

    Dena den, web-orri bakoitzak baliabide bat baino gehiago eskaintzen du, eta, beraz, erabilera bat baino gehiago izan dezakete. Ondorioz, baliabide gehienak talde berean kokatzeak bere baliagarritasuna murriztu dezake. Hortaz, gure gomendioa web orri bakoitza modu sakonago batean aztertzea da bakoitzaren erabilgarritasun osoa zein den ezagutu ahal izateko.

    Ez dugu ahaztu behar, gomendio honen harira, baliabide horiek erabilera orokor bat ere izan dezaketela, eta zuzenbidearen eremutik kanpo ere erabilera izan dezaketela. Honekin batera, izaera orokorragoa duten beste baliabide batzuk, hala nola hiztegi orokorrak eta sinonimoen hiztegiak, erabiltzeak ere gure testu juridikoei euskara maila altuagoa eman diezaiokete.

  4. K. Lopez eta M. San Sebastian
    2014(e)ko irailaren 26a 15:12(e)tan | #4


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    Askotan euskaraz ikasten dugunok nahiko galduta ibiltzen gara interneten, kontsulta-baliabide asko daudelako, baina hauen berririk ez dugu izaten gehienok. Hau al da zure kasua? Lasai, zu laguntzeko hemen gaude eta. Sarearen amaraunean murgildu aurretik, irakur itzazu honako artikuluan azaltzen zaizkizun gomendioak, eta ikusiko duzu dirudiena baino askoz ere errazagoa suertatuko zaizula.

    Lehenik eta behin, Euskara Juridikoaren Ataria aurkeztu nahi dizugu. Webgune honetan hainbat motatako baliabideak dituzu eskuragarri. Esate baterako, lege testu anitz aurkituko dituzu eta webgunean UPV/EHUn bakarrik itzuli diren testuak aurkitzen badira ere, beste zerrenda batean aurki ditzakezu euskaraz argitaratutako lege guztiak (kontsulta baliabideak atalean, lege-hizkera sailean), denak elkarrekin jasoak daudenez ez duzu arazorik ukango zuk behar dituzun testuak aurkitzeko, aparteko bilatzaile bat baduelako ere bai. Eguneratutako argitalpenak, zein lege corpusa eta glosarioa erabiltzailearen zerbitzura daude. Beste alde batetik estiloa eta lege hizkera zaintzeko gomendioak daude, hizkera juridikoa aberastu nahi duten ikasleentzat. Beraz, Euskara Juridikoaren Ataria erabilgarria suertatu ahal zaizu testu juridikoak aurkitzeko bai eta hizkuntzaren erabilera egokiago bat lantzeko ere.

    Bestalde, zure kezka testu ereduak aurkitzea baldin bada, aurki dezakezun webgune egokiena Agiriak.net da. Bertan aurkituko dituzu pentsa ditzakezun agiri mota asko. Honela, agiriak gaiaren arabera sailkatzen dira. Adibidez, administrazio arloan, gizarte segurantzako eta INEMeko testu ereduak daude, baita agiri orokorrak ere, edozein egoerari aurre egiteko. Hala ere, bestelako idazki mota asko daude erabiltzailearen beharrak asetzeko.

    Esandakoaz gain, bestelako tresnak ere aurki ditzakezu. Guk bi tresna erraz aurkeztuko dizkizugu: XUXEN zuzentzaile automatikoa eta EUSKALTERM hiztegi espezializatua. Idazten duzun momentuan EUSKALTERM izango da zure lagun onena, lexikoari buruzko duda guztiak argituko dizkizulako. Idazten duzun bitartean edo bukatzen duzunean, zure testua XUXEN zuzentzaileari eman eta akats posible guztiak detektatuko ditu. Bi tresna hauek bereziki erabilgarriak dira testuak idazteko garaian eta laguntza paregabea ematen dute, bereziki idazteko trebezia gutxi baldin badaukazu.

    Azkenik, jakin behar duzu GARALEX bloga zure zerbitzura daukazula. Bertan baliabide gehiago daukazu nahi izanez gero bertara jo dezazun. Gainera zuzenbide eta kriminologia ikasleen sarrerak ere kontsultatu ditzakezu, zure egoera berean dauden ikasleen iritzi eta gomendioak ezagutzeko.

    Beraz jada ez daukazu arrazoirik ez testu juridikoak bilatzeko eta ezta ondo idazten ikasteko ere. Eutsi horri!

  5. I. Ugarte eta A. Landa
    2014(e)ko irailaren 26a 14:54(e)tan | #5

    Zuzenbidea euskaraz ikastean askotan arazoak sortzen dira idatzizko zein ahozko lanak egiteko unean, esaterako; nola esaten da euskaraz ‘herencia’? Edo zein estilo irizpide jarraitu behar dira demanda bat tarteratzerakoan? Edo ‘heredero’ hitza euskarara itzultzerakoan zein hitz erabili behar da, ‘ondorengo’, ‘oinordeko’ edo ‘jaraunsle’? Arazo horien guztien aurrean laguntza emateko asmoz idatzi honen bidez zalantza horiek erraztu ditzaketen interneteko kontsulta baliabide erabilgarrienen zerrenda bat prestatu dugu. Jarraian zerrendatu ditugu, gure ustez, erabilgarrienak diren baliabideak:

    1)HIZTEGIAK/TERMINOLOGIA

    Hiztegi hauen bitartez gaztelerazko hitz baten euskarazko ordaina zein den zehaztu daiteke eta alderantziz. Horretaz gain, hiztegiek hitz horren erabilera adierazten duen adibide bat ere jasotzen dute kasu batzuetan.

    Euskalterm:http://www.euskara.euskadi.net/r5915172x/eu/q91EusTermWar/kontsultaJSP/q91aAction.do
    Elhuyar: http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/eu/hizt_el/index.asp

    2)ZUZENTZAILE AUTOMATIKOAK

    Zuzentzaile automatiko honek euskaraz idatzitako testuen akats ortografikoak detektatu eta zuzentzen ditu. Horretarako, oker dagoen hitzari dagokionez zuzentzaileak hainbat aukera proposatzen ditu.

    Xuxen: http://www.xuxen.com/index.php

    3)ESTILO LIBURUAK

    Estilo Liburu hauek testu idatziak antolatzeko eta zuzentzeko irizpideak eskaintzen dituzte eta era berean gramatikaren gaineko materiala ere jasotzen dute.

    Azpidazki: http://www.ehu.es/azpidazki/default.asp
    IVAPeko Estilo Liburua: http://www.ivap.euskadi.net/r61-vedargeu/eu/contenidos/informacion/euskalduntze_argit/eu_def/index.shtml

    4)ITZULPEN MEMORIAK

    Itzulpen memoria hauetan hitz batek gaztelerazko eta euskarazko testu ezberdinetan dituen erabilera anitzak azaltzen dira. Horrela, bilatu nahi den hitzak testuinguru bakoitzean duen erabilera erakusten dute. Esaterako gaztelerazko “financiero” hitzak euskaraz testuinguruen arabera dituen itzulpen desberdinak bilatu daitezke.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren I-Memoriak: http://www.gipuzkoa.eus/imemoriak/
    Bizimena: http://apli.bizkaia.net/Apps/Danok/CEMT/Default.aspx?locale=eu-ES

    5)AGIRIEN TXANTILOIAK

    Justizia.net webguneko euskara justizian sailak gure esku jartzen ditu zuzenbideko alor desberdinetako (zibila, prozesala…) hainbat dokumenturen euskarazko eta gaztelerazko txantiloiak.

    Justizia.net Atariko Euskara Justizian Saila: http://www.justizia.net/euskara-justizian

    6)OROKORRA

    Euskara Juridikoaren Atarian zuzenbidean egiten den euskararen erabilerari buruzko informazio anitza dator, besteak beste; arlo desberdinetako inprimakiak, estilo irizpideak, lege testuen argitalpenak, glosategiak, ikasmaterialak…
    Euskara Juridikoaren Ataria: http://www.ehu.es/azpidazki/default.asp
    Aurreko atalean zerrendaturiko webguneen gaineko balorazio orokorrari dagokionez, lehenik eta behin, adierazi behar da baliabide horietaz gain badaudela interneten euskararen erabilerari buruzko bestelako webguneak. Hala ere, gure iritziz zerrendaturikoak oinarrizkoenak eta erabiltzeko errazenak dira.

    Bestetik, azpimarratu nahi dugu gure ustez Euskara Juridikoaren Ataria dela denetan baliabiderik osatuena. Webgune horretan euskararen erabilerari buruzko material oso anitzak aurkitu daitezke; Lege-testuak,Glosategia, Glosategi Juridikoa, Ikasmaterialen Argitalpenak, Corpusa… Horretaz gain, lege hizkera orokorrari eta auzitegiko eta administrazioko lege hizkerari buruzko material ugari ere jasotzen da, besteak beste; inprimaki eta txantiloiak aurkitzeko webguneak, estilo irizpide zehatzen baliabideak, terminologia zehatza kontsultatzeko webguneak…

    Amaitzeko, webgune honetan bestelako web-orri estekak ere aurkitu daitezke eta modu horretan ez da beharrezkoa baliabide bakoitzaren helbidea ikastea.

  6. M. Elortza, O. Castro eta J. Isasi
    2014(e)ko irailaren 24a 17:21(e)tan | #6


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    Euskarazko Zuzenbide ikasketei orain dela gutxi heldu baldin badiezu, baliteke euskaraz dauden baliabideei buruzko informazio gehiegirik ez izatea. Hasiera batean ager daitezkeen gabezia horiek, ez dute esan nahi erabilgarriak diren hainbat baliabide ez daudenik. Izan ere, ondorengo zerrendan ikus daitekeen bezala hasiberrientzat erabilgarriak izan daitezkeen hainbat baliabide daude interneten eskuragarri.

    Zuzenbide ikasketen hastapenean, terminologia berri ugari azaltzen da eta askotan kezka andana sortzen da termino berri horien termino horiek euskaraz emateko moduaren gainean. Duda horiek argitzeko, badaude erabilgarriak diren hainbat baliabide. Besteak beste, honako hauek aipa genitzake:

    • Elhuyar Hiztegia. Euskara-Gaztelania hiztegia.
    http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/eu/hizt_el/index.asp
    • Bizkaiko Foru Aldundiaren Hiztegi Terminologikoa. Zuzenbidearen alorreko hainbat kontzepturen gaztelaniazko eta euskarazko ordainak aurkitu daitezke bertan.
    http://aplijava.bizkaia.net/TK00/servlet/webAgentTK00
    • Dudanet. Datu base honetan hitz eta esaerak kontsulta daitezke; eta hiztegietan argi ebatzita ez dauden, edota kontzeptu berrien euskarazko ordainei buruzko galderak ere bidal daitezke.
    https://www6.euskadi.net/v50aWar/busqConsultasOP/v50ainiciobusqconsultas.do?v50aCgaIdioma=eu

    Zuzenbidea ikasten hasi baldin bazara, euskaraz zuzen aritzeak garrantzi handia du. Euskararen erabilera zuzena bermatu ahal izateko, badaude baliagarriak izan daitezkeen zenbait baliabide:

    • Xuxenweb. Testuak zuzentzeko balio duen zuzentzaile automatikoa.
    http://www.xuxen.com/
    • Azpidazki. Besteak beste, arauen eta gramatikaren inguruko informazioa, baita aholkuak edota esaldiak aurki daitezke bertan.
    http://www.ehu.es/azpidazki/default.asp
    • Jagonet. Lexikoaren, morfologiaren, sintaxiaren, onomastikaren, ahoskeraren eta idazkeraren galdera erantzun zerbitzua. Horrez gain, Euskaltzaindiaren Arauak, Euskaltzaindiaren Gramatika liburuak eta Hiztegi Batua ere eskaintzen dira JAGONET atari honetan.
    http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&view=article&id=87&Itemid=423&lang=eu

    Zuzenbideari ekiterakoan sor daitekeen beste oztopoetako bat, legeria eta apunteak euskaraz aurkitzeko zailtasuna da. Dena den, interneteko hainbat ataritan euskarazko apunteak aurki ditzakegu Zuzenbidearen alor ezberdinen inguruan. Bertan, jasotzen dira (esteken bidez) atari horien helbide elektroniko guztiak.

    • Euskara juridikoaren atariko lege-argitalpenak. Lege batzuen euskarazko bertsioak.
    http://www.euskara-juridikoa.com/fitxategiak/files/1_%20Liburutegi%20juridiko%20elebidunak2(1).pdf
    • Euskara juridikoaren atariko ikasmaterialek argitalpenak / Testu-biltegia. Zuzenbide ikasketen euskarazko apunteak aurki daitezke bertan.
    http://testubiltegia.ehu.es/

    Irakurri berri duzun artikuluan seguru aurkitu duzula interesgarria edo baliagarria egingo zaizun baliabideren bat. Hala ere, artikuluan aipaturikoak gutxi batzuk bat besterik ez dira. Jakin-minik izanez gero, interneten apurtxo bat nabigatuta baliagarriak izan daitezkeen bitarteko gehiago aurki ditzakezu.

  7. H. Etxeberria, J. Aizpuru eta L. Gorrotxategi
    2014(e)ko irailaren 24a 16:34(e)tan | #7


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    Testuak idazteko orduan, sarritan, zalantzak sortzen dira hitz edo esaldien sintaxiaren inguruan. Zalantza horiek argitzeko internetez baliatu gintezke, Alabaina, denok web-orri jakingarri asko ezagutzen ditugun arren, badaude baliabide batzuk bereziki lagungarriak hizkuntza-zalantzak argitzeko.

    Izan ere, unibertsitaterako lanak egin behar ditugunean ohikoa da zalantzak sortzea, eta are gehiago gure kasuan. Euskaraz egiten ditugu ikasketak, eta beraz lanak ere bai. Baina, ia material guztia gaztelaniaz dagoenez, ezinbestekoa zaigu erdarazko testuak itzultzea, eta jakina, zeregin horretan beti sortzen dira buruhausteak.

    Hori horrela, idatzi honen bidez, euskaraz lanak egiteko orduan izan ditzakegun zalantzak argitzeko ezin egokiak diren zenbait web orri aipatuko ditugu.

    ZERRENDA

    1. Elhuyar Hiztegia:

    http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/eu/hizt_el/index.asp
    Gure aukeretako bat Elhuyar Hiztegia da. Euskarazko hitzen batez gaztelaniazko ordaina jakiteko, edo alderantziz, zalantzaren bat badugu oso hiztegi baliagarri zein erabil erraza da. Gainera, hitz jakin hori zein testuingurutan erabiltzen den erakusten digu adibide bat edo gehiagorekin. Hau oso lagungarria da hitz jakin bat guk nahi dugun zentzuan erabiltzen den edo ez jakiteko.

    2. Zehazki Hiztegia:

    http://ehu.es/ehg/zehazki/
    Gaztelaniazko hitzak euskarara itzultzeko balio duen tresna da. Lehen begiradan Elhuyar hiztegiaren funtzio bera betetzen du, baina honek baditu beste berezitasun batzuk. Batzuetan konplexuak edo eguneroko bizitzan erabili ohi ez diren hitzak ez ditu jasotzen aurrekoak eta hau, aldiz, zabalagoa da hainbat hiztegi erabiltzen baititu iturri gisa.
    Aukera ematen du, hitz baten hasiera idatzita, hitzen horren familiako hitz guztiak ikusteko. Horrez gain, aukera ematen du bilatutako hitzarekin esapideak nahiz adibideak aurkitzeko. Bereziki, arlo juridikoarekin harremana dutenak.

    3. Hiztegi Batua (Euskaltzaindia):

    http://www.euskaltzaindia.net/hiztegibatua/
    Euskaltzaindiaren hiztegia izanik, nolabaiteko ziurtasuna ematen du lanak egiterakoan. Izan ere, badakigu hitz hori Euskaltzaindia ontzat ematen duen edo ez, hau da, Euskaltzaindiaren aburuz egokia den. Eta hori, lanak egiterakoan oso garrantzitsua da, zalantza kasuetan hitzaren forma zuzena den edo ez jakiteko abagunea ematen baitigu. Horrez gain, baliagarria dela deritzogu hitz horretatik eratortzen diren, edo hitz hori erabiliz sortzen diren bestelako esapide batzuk erakusten baitizkigu.

    4. Euskalterm terminologia-banku publikoa:

    http://www.euskara.euskadi.net/r59-15172x/eu/q91EusTermWar/kontsultaJSP/q91aAction.do
    Hiztegi orokorretan agertzen ez den lexiko espezializatua kontsultatzeko balio du. Hiztegi terminologikoa da, alor desberdinetako terminoak biltzen ditu (zuzenbidea, hezkuntza…). Horregatik, unibertsitateko ikasleentzat, edozein ikasketa egiten ari dela ere, tresna ezin hobea lanak egiteko. Baztertu beharreko terminoa zein den erakusten digu, termino onartua zein den erakutsiz.

    5. EHUren Glosategi Juridikoa:

    http://www.euskara-juridikoa.com/legeak/glosategia
    EHUren Glosategi Juridikoa lanak egiteko tresna baliagarritzat hartu dugu zuzenbide ikasleentzat. Lan egiterakoan legeetan kontsulta desberdinak egiteko baliabide benetan egokia dela deritzogu. Izan ere, guk behar dugun terminoa legeetan zein puntutan agertzen den zehazteaz gain, kasu batzuetan termino hauen laburpenak zein diren ere zehazten digu. Modu honetan, lana asko aurreratzen da, legeetan zein bere aurkibideetan beharrezkoa dugun terminoaren bila denbora pasatzea ekiditen baitigu.

    6. Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpen-memoriak (Imemoriak):

    http://www.gipuzkoa.net/imemoriak/
    Orain arte aipatu ditugunek batez ere hitz jakin baten esanahia zein den erakusten digute, hauek esaldietan kokatuta adibide batzuk eskainiz. Baina Foru Memoriaren Itzulpen Memoria hauek haratago doaz, hitzen esanahia emateaz gain hauek testuinguruan kokatzen laguntzen baitu. Eta hori askotan laguntza garrantzitsua izaten da, batez ere hitz bat edo esaldi jakin bat nola idatzi ez dakigunean. Horrez gain, euskarazko nahiz gaztelaniazko baliokidetzak testuinguruan bilatzeko aukera ematen digute.

    7. Dudanet

    https://www6.euskadi.net/r61-v50001x/eu/v50aWar/comunJSP/v50acambioIdioma.do?v50aCgaIdioma=eu
    Kontsulta zerbitzu egokia eskaintzen du, administrazio eta lege arloko hizkuntza zalantzak argitzeko unean. Aurretik aipatutako baliabideen bidez ebatzi ezin izan ditugun zalantzak argitzeko balio dezake. Beraz, tresna egokia da, gure ikasketetan terminologiaren inguruan edozein zalantza izanez gero, Internet bidez eta doan zalantza argitzen laguntzen baitigu.

    8. Jagonet:

    http://www.euskaltzaindia.net/jagonetgaldeerantzunak
    Galdera zehatzak eta arazo konkretuak modu eraginkorrean argitzen ditu. Lanak egiterakoan edo ahozkoak prestatzerakoan zalantzaren bat izanez gero, baliabide txukun eta erabilgarria da. Besteak beste, lexikoaren, morfologiaren, sintaxiaren eta ahoskeraren inguruan izan dezakezun edozein zalantza argitzen dizu jada eginda dauden galderen bidez. Egindako galderetan erantzunik ez bada aurkitzen, beti izango da aukera norberak galdera egiteko. Eta horrek baliabide hau benetan erabilgarri bihurtzen du.

    9. Azpidazki:

    http://www.ehu.es/azpidazki/
    Administrazioaren alorrean, arau eta gomendio egokiak ematen ditu. Euskararen eta bere erabileraren inguruko zenbait arau jaso zein emateaz gain, bestelako funtziorik ere badu. Alde batetik zenbait esaldi ematen ditu komunikazio zein agurretara zuzenduak. Horrez gain, idazki eredu batzuk ere biltzen ditu. Web orri hau oso baliagarria dela deritzogu, idatziak egiterakoan ohikoa baita forma inguruko zenbait zalantza sortzea.

    10. Polizia hiztegia:

    http://datos.ertzaintza.net/web/TP000000.nsf/euskera2?OpenFrameSet&pagina=1
    Hiztegi hau ere baliozkoa dela deritzogu, batez ere zigor zuzenbideko lanak egiterakoan. Gure egunerokotasunean termino hauek askotan erabiltzen baditugu ere, normalean erdarazko terminoak erabiltzen ditugu. Horregatik, termino hauen euskarazko baliokidea aurkitzeko ezinbesteko tresna da. Bestalde, polizia arloko hitzen definizioak ematen ditu.

    BALORAZIOA

    Zuzenbideko edozein ikaslerentzat, buruhausteak sortzen ditu erdal iturriak erabiliz euskarazko lanak aurkeztu behar izateak. Izan ere, jasotako informazio hori guztia nolabait itzuli edo moldatu beharrean aurkitzen gara egunero. Gainera, jakina den moduan, zuzenbidean berebiziko garrantzia du hitz egokiak erabiltzeak, antzerakoa baina zehatza ez den termino batek, ikasleak bilatzen ez zuen beste zentzu bat eman diezaiokeelako esaldiari.

    Hau kontuan izanik, lan honetan zerrendatu eta aztertu ditugun baliabide hauek, egunero sortu ohi diren zalantzak modu eraginkorrean argitzeko orduan, laguntza handikoak izango dira. Ikasleok hiztegi orokorretara soilik jotzeko joera baitugu, eta maiz zuzenbideko zalantza terminologikoak argitu gabe geratzen baikara.

    Horregatik, lan honi dagokionez egiten dugu balorazioa positiboa da. Hizkuntz zalantzak argitzeko baliabide anitzak ezagutu eta hauek erabiltzeko gai izateak, ikasleari erraztasunak baino ez baitizkio ematen. Modu honetan, sortzen zaizkion zalantzen gaineko konponbide egokia bilatu izanaren ziurtasuna lortuko baitu, zeregin horretan denbora gehiegi igaro gabe.

  8. Jon Ibeas eta Iñigo Gurrutxaga
    2014(e)ko irailaren 24a 14:54(e)tan | #8


    Kontsulta baliabide erabilgarrien zerrenda

    ___________________________________________________________

    SARRERA

    Jakina da abokatuek zuzenbidearen alorrean duten zeresana izugarrizkoa dela; izan ere, beraien presentzia egun indarrean dauden eskubideak bermatzeko funtsezkoa da izanik. Dena den, abokatuek eguneroko jardueretan izan ditzaketen zalantzak argitzeko edota haien egitekoetan erraztasunak izan ditzaten, beharrezkoa da jarraian aipatuko ditugun kontsulta baliabideak ezagutzea eta horiei erabilera egokia ematea. Gauzak horrela, haientzat erabilgarriak izan daitezkeen kontsulta baliabideak zerrendatuko ditugu, horien aukeren justifikazioa burutuz eta azken balorazio bat eskainiz.

    KONTSULTA BALIABIDEEN ZERRENDA

    Lehenik eta behin, AGIRIAK.net web guneari aipamen egin behar diogu. Helbide horretan, harreman sozio-ekonomikoetan eta eguneroko bizitzan baliagarri suerta daitezkeen dokumentu eta inprimaki estandarrak biltzen dira. Zehatzago esanda, bai doakoak zein ordaindu beharrekoak diren dokumentu eguneratuak eskuratzea ahalbidetzen du kontsulta baliabide honek. Adibide pare bat jartzearren, abiaduraren inguruko trafiko errekurtso bat jarri ahal izateko idazki eredua eskura dezakegu bertan. Honez gain eta zuzenbide administratiboari dagokionez ,zerbitzu prestazioko kontratu bat egiteko txantiloia ere dago eskuragarri, beste zenbait dokumentuen artean. Azken aipamen gisa, agiri estandarraz gain, norberarentzako inprimaki pertsonalizatuak jasotzeko aukera dagoela azpimarratu behar dugu.

    Dakigun moduan, abokatuek beren bidea eraiki nahian, euren ikasketak amaitu eta unibertsitatearekin zuten lotura hautsi egin ohi dute. Aipaturikoaren ondorioz, ezinbesteko deritzogu abokatu askok ezezaguna izango duten atari juridiko bat aipatzeari: UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen Euskara Juridikoaren Ataria, alegia. Bertan, Euskara Juridikoaren mintegiko kideek egiten dute lan, ikasle, irakasle eta adituei erabilgarri izango zaizkien baliabide anitz biltzeko. Horrela, abokatuek euskaraz dauden lege testu garrantzitsuenetarikoak aurkitu ahalko dituzte; hala nola, gizarte segurantza, jabetza intelektuala eta enpleguaren inguruan biltzen direnak, beste batzuen artean. Era berean, jadanik ahaztuak izango dituzten edo errepaso gisa oso baliagarri izan dakieken ikasmaterialak aurki ditzakete bertan, non unibertsitateko irakasleek eskegitako material ezin hobeaz (liburu, apunte, tesi,…) osaturiko corpus zabala dagoen. Aipaturikoaren harira, edozein testu bilatzeko orduan edo termino zehatzak topatu nahi direnean, atari honek eskaintzen duen kontsulta guneak bilaketa arina eta erraza egitea ahalbidetzen du. Honez guztiaz gain, epaitegian zein hizkera mota erabili behar den eta hau lantzeko materiala dago eskuragai, abokatuentzako oso interesgarri izan daitekeelarik.

    Hirugarren kontsulta baliabide gisa, Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta IVAPek eskaintzen diguten liburutegi juridiko elebidunak aipatu behar ditugu. Hiru horiek aipatzen ditugu, denen artean jasotzen den informazioarekin sail guztiak barne hartzen dituen informazio juridikoa lortu daitekeelako. Horrela, aipaturiko liburutegian, Euskal Gaien Institutuak zein Eusko Jaurlaritzaren HAEE-IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak euskaratutako lege testuen bilduma oparoa eta bestelakoak kontsulta daitezke. Are gehiago, kontsulta egitea doakoa da, internet bidez edo PDF formatuan dokumentuak eskuratzea posible izanik. Kontuan izan behar dugu, funtsezkoa dela abokatuek aztertzen dituzten lege testuak eguneratuak egotea eta posible dela euskaraz topa daitezkeen testuak eguneratuak ez egotea. Horren inguruan, aipaturiko gaurkotze lan hori web orrialde hauetan bermatzen dela adierazi behar dugu.

    Azkenik, komenigarri deritzogu justizia.net web orrialdea aipatzeari. Zehatzago esanda, Epaibi (euskara juridikoaren ataria) kontsulta baliabidearen inguruan arituko gara. Bertan, justizia administrazioan euskara sustatzeko eta bultzatzeko proiektuak martxan jartzen dira. Abokatuei dagokienez, atari honen barnean, herritarrek zein adituek, euskararen zein erabilera egin dezaketen argitzen da, edozein zalantza izan ezkero, hura ebazteko prestutasuna eskainiz. Zenbait adibide aipatzearren, honi buruz jarduten da bertan: epaitegian euskara erabiltzeko eskubiderik ba al dagoen azaltzen da; itzulpen gastuak nork ordaindu behar dituen zehazten da; epaitegira aurkeztu beharreko dokumentazioa euskara hutsean eraman al daitekeen argitzen da, beste gauza batzuen artean. Era berean, interesgarria den bestelako informazioa eskuratu daiteke internet sare honetan; adibidez, euskara justizian bloga (egunerokotasun handia duten gai ezberdinetako erreportajez osaturik), albisteen atala (zuzenbidearekin erlazionaturik dauden euskarazko berrien sekzioa) edo liburutegi bat, besteak beste.

    BALORAZIOA

    Hasieran azaldu dugun bezala, gaur egun abokatuek zuzenbidearen alorrean duten zeresana itzela da. Horregatik, aditu hauen lanaren garrantzia ikusirik eta horiek eguneroko jardueretan izan ditzaketen zailtasunei erreparatuz, beraien lana errazteko edo behintzat eskuragarri dituzten materialak ezagutzera emateko helburuz burutu dugu aurreko zerrenda. Esan beharra dugu, zerrenda hori burutzeko beste zenbait tresna kanpoan utzi behar izan ditugula. Izan ere, abokatuek eskuratu ahal dituzten kontsulta baliabide guztien zerrenda egingo bagenu, informazioa astunegia eta errepikakorra bihurtuko litzatekeela uste dugu.

    Gauzak horrela, behin abokatuei erabilgarriak izan dakieken kontsulta baliabideak azaldurik, beraien egitekoetan horiek erabilgarriak izan daitezen espero dugu, haiek eskaini beharreko zerbitzua baliagarria izanik eta euskaraz buruturiko lana kalitatezkoa bihurtuz. .

  9. Erika Rikoy
    2013(e)ko urtarrilaren 2a 16:12(e)tan | #9


    Kontsulta-baliabide eraginkorrenak “klik” batean

    ___________________________________________________________

    Azkeneko urteetan Zuzenbide eta Administrazioaren alorreko profesionalentzat oso baliagarriak diren hainbat kontsulta-baliabide daude eskuragarri sarean. Horiez gain, administrazioan eta arlo juridikoan hizkuntza erabiltzeko hainbat jarraibide orokor eskaintzen dituzten web-atariak ere badaude, hiru gairen inguruan: Testu-ereduak, estilo-irizpideak eta terminologia.

    Horrela, hizkuntza-baliabide eraginkorretako bat Jagonet tresna daukagu. Hitz gutxitan esanda, interneten bidez profesionalei euskararen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua da eta bi xede nagusi ditu: Batetik, herritarrak zerbitzatzea, noski; eta, bestetik, hizkuntzaren kalitatea bermatzea.

    Oro har, baliabide hau zerbitzua hizkuntza mailako kontsulta interaktiboak egiteko prestatuta dago eta erabiltzaileek eskuragarri ditu Euskaltzaindiaren batzordeek aztergai izan dituzten galderarik ohikoen erantzunak.

    Herritarrek hizkuntza mailan izan dezaketen edozein zalantza argitzeko balio du (lexikoa, sintaxia, morfologia, idazkera,etab.-en inguruan) eta oso eraginkorra da, hizkuntzaren modernizazioan eta estandarizazioan lagundu duen baliabidea izanik.

    Jagonet-ek eskaintzen dituen baliabideak honako hauek dira: e-AEB kontsulta-edukiak jaisteko zerbitzua, Jagonet galde-erantzunak eta, azkenik, arauak.

    Lehenik, e-AEB zerbitzua, hots, arau-erabakien banaketa elektronikoa, Euskaltzaindiaren arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema da. e-AEB sistemaren bitartez, Euskaltzaindiaren arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera dago. Gainera, e-AEB sistemak informazio berritua eta erabat eguneratua eskaintzen du. Arau bati edota izendegi bati eduki berriak gehitzen zaizkion unean, bertsio berria kaleratzen da, alegia, testu zaharrari eduki berriak erantsiz eta arau-erabakiaren testua guztiz eguneratua eskainiz. Horrela, e-AEB atalean edukiak deskargatu atala klikatuz, Euskaltzaindiaren arau-erabaki eguneratu eta beste hainbat dokumentu eskuratu ditzakegu.

    Jagonet galdera erantzunak zerbitzuari dagokionez, atal horretan bildutako datu-basea kontsulta daiteke. Datu-base hau emandako erantzunak bilduz osatzen doa eta mota ezberdinetako zalantzak argitzen ditu, adibidez: “ – Galdera: Zein da euskal hiri nagusiaren izena euskaraz: Bilbo ala Bilbao? – Erantzuna: Biak euskarazko izenak dira: “Bilbo” eta “Bilbao”. Hala ere, “Bilbao” ere euskal izena izan arren, Euskaltzaindiak erabaki zuen “Bilbo” dela gure hiri nagusiaren euskal izen arautua, eta horrelaxe eman zuen argitara bere Euskal Herriko Udalen Izendegia delakoan, 1979an. Euskaltzaindiak “Bilbo” hobetsi izana zertan oinarritu zen jakiteko, ikus Euskera aldizkaria (1983-1 alea, 125.- 129. or.). Horiek horrela izanik ere, Bilboko Udalak, dirudienez, “Bilbao” erabiltzea erabaki zuen hiri horren izena euskaraz aditzera emateko ere (baina deklinatzerakoan “Bilbo” erabiltzekotan). Hauxe da, beraz, Bilboko Udalak eskubide osoz erabaki omen duena: “Bilbao, Bilboko, Bilbotik, Bilbora, Bilbon” eta abar erabiltzea euskaraz”.

    Bestalde, Jagonet atariko eskuinaldean Euskaltzaindiak aukera ematen du Jagonet deskargatzeko, bertan ohiko galderak eta erantzunak jasotzen direlarik, modu ulergarri batean azaldurik. Dokumentu hau 2009ko martxoaren 24ean eguneratua izan zen, beraz, nahiz eta urte pare bat igaro diren aldaketarik egin gabe, oso baliagarria da profesional zein herritarrentzat. Hala ere, bertan ez badugu gure zalantzaren inguruko erantzunik aurkitzen, aukera ematen zaigu ere galdera bat bidaltzeko Euskaltzaindiari, Egin zure galdera-n“klik” eginez eta beraiek erantzun egiten digute.

    Era berean, galde-erantzun atal honetan galderak gaika sailkaturik agertzen dira (lexikoa, morfologia, sintaxia, onomastika, ahoskera eta idazkera) erabiltzaileari bere zalantzak argitzeko erraztasunak emanik.

    Azkenik, arauak atala dugu aztergai eta hemen ortografia, partitibo deklinabide, adizki, munduko estatu-izen, herri-izen eta beste hainbat gaien inguruko idazkera arauak agertzen dira. Atal honetan aukera dago ere arauak gaika aztertzeko.

    Ondorioz Jagonet oso baliabide eraginkorra da bi arrazoiengatik batez ere: Eskaintzen duen sistematizazio erosoagatik eta Euskaltzaindiaren arauen araberako erantzun ziurra lortzen delako.

  10. Jon Aranburu
    2012(e)ko abenduaren 2a 08:09(e)tan | #10


    Garapen teknolinguistikoaren garrantzia euskara juridikoaren alorrean

    ___________________________________________________________

    Egun, teknologia berriei esker, hizkuntza ezberdinek beraien garapen nabarmena izan dute, hiztunei ahalbidetzen baitiete aurretiaz ezagutzen ez zituzten zenbait baliabide edo datu jakitea, esaterako, itzulpenak, sinonimoak edo estilo-liburuak, hauen beharra daukaten une berean eskura izatea.

    Gainera, gure lan arloari dagokionez, -arlo juridikoari dagokionez, alegia-, lan bikaina egin da eta oso baliabide erabilgarriak garatu dira eguneroko lanerako ezinbesteko tresna bilakatu direnak. Horien adibide ditugu hiztegi orokor (Elhuyar kasu) zein espezializatuak (EHUren Glosategi Juridikoa), itzulpen-memoriak edota lege-testuen biltegiak (Legeak/Leyes liburutegia).

    Egun ditugun teknologia berri hauen erabilerak argi erakutsi digu garapen teknolisguistikoak etorkizunean izango duen garrantzi handiaz. Honela, etorkizuneko euskararen garapena teknologia berri hauen bidez egin beharko da, nire ustez, hiztunen eta hizkuntzaren arauak ezartzen dituzten erakundeen (gure kasuan Euskaltzaindia) arteko hartueman erlazio bat ezarri eta hau eraginkor eginaz, sarritan erakunde horien erabilera eta hizkuntza arauak aldatzeko arrazoiak ez baitira modu egokian hiztun horiei jakinarazten edota arrazoitzen.

    Beraz, nahiz eta lan nabarmen handia eta bikaina egin den azken urte gutxian euskararen garapen teknolinguistikoari dagokionez, oraindik zenbait pauso garrantzitsu emateke daude, etorkizunean horien osatze baterantz joan beharko ginatekeelarik.

  11. Janire Barinagarrementeria eta Edurne Manzisidor
    2012(e)ko azaroaren 20a 11:47(e)tan | #11

    @Maria Uria
    KRIMINOLOGIAKO BALIABIDEAK EUSKARAZ

    Maria Uriak Garalex blogean argitaratutako Zigor Zuzenbideko balibideak euskaraz testuan (http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/hizkuntza-baliabideak/comment-page-1/#comment-300) ondo jasotzen den bezala, euskara euskaldunon hizkuntza ofiziala da eta hau erabiltzeko eskubidea dugu.

    Badakigunez, dagoeneko euskararaturik daude zuzenbideko hainbat testu: Kode Zibila, Administrazioko Legeria… Kriminologiaren arloan, haatik, hutsune larriak daude. Izan ere, zuzenbidean erabiltzen diren testuez gain, beste batzuk ere behar izaten dira eta horietako gehienak ez daude euskaraz eskuragarri. Batzuk aipatzearren, hauek nabarmen litezke: Kriminologiaren teorien inguruko lanak, kartzela sistemen legeak eta erregelamenduak, biktimei arreta egiteko protokoloak… Testu horiek gaztelaniaz bakarrik daude. Alor honekin lotuta dauden dokumentuak askotan ez daude eguneraturik eta hori arazo bat da.

    Gauzak horrela, euskarari kriminologiaren alorrean toki bat egin nahi badiogu, lehenbailehen hasi behar da oinarrizko materialak identifikatzen eta hauek euskararatzen. Izan ere, ez da nahikoa kriminologia euskaraz ikasteko aukera ematea ondoren hizkuntza horretako materiala eskuragarri ez badago.

  12. Idoia Rodriguez
    2012(e)ko azaroaren 19a 21:54(e)tan | #12


    IVAPeko estilo-liburuak

    ___________________________________________________________

    IVAP, Euskal administrazio publikoen jardunerako bereziki garrantzitsuak diren eremu ezberdinetan lan egiten du eta bere funtzioak honako hauek dira: langileak aukeratu eta prestatzea alde batetik, eta euskararen erabilera erakunde publikoetan normalizatzea beste aldetik. Bi betekizun hauen helburua euskal autonomiaren berezitasunak eta, oro har, administrazio-zientzia ikertu, irakatsi eta ezagutzera ematekoak dira. IVAPek argitaratutako liburuetan, hizkuntza ofizialaren erabilera lantzen du. Hau da, idazteko arau orokorrak ematen ditu eta edozeinek kontsulta dezake. Ildo horretatik, IVAPek, euskarazko liburuaren sarreran esaten duen bezala, bere helburua, kalitatezko komunikazioa Euskal Administrazioan sustatzeko nahiarekin argitaratu zuen liburu hau. Batez ere, eguneroko lana euskaraz egin nahi duten langileak kontuan izanda argitaratu zen eta horiek izan ditzaketen zalantzak eta arazoak jasotzen ditu.

    IVAPek gai hau jorratzen dituen bi liburu garrantzitsu argitu ditu: “Estilo-liburua´´ euskaraz eta “Libro del estilo´´ gaztelaniaz. Aurre-ikuspegian pentsa daiteke liburu biak elkarren itzulpenak direla, baina ez da horrela; bakoitzak bere ezaugarri eta eduki propioak ditu, eta bere hizkuntzari dagozkion arazoak konpontzen saiatzen da. Liburu hauek atal berdinetan banatzen dira: idazketa-prozesua, gramatika, estiloa, diseinua, testuaren zuzenketa, idazkiak eta osagarriak (laburtzapenen eta administrazioko terminoen hiztegiak barne). Irizpide hauek kontuan hartuta, bi liburuen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak, hau da, bakoitzaren berezitasunak gainetik aztertzea komeni da eta horretarako, estilo-liburu hauek egituratzen dituzten ataletara jo behar da banan-banan: Idazketa-prozesua, Gramatika, Estiloa, Diseinua, eta abar.

    Idazketa prozesuari dagokionez, atal honetan jorratzen diren ideiak testuari egiten diote erreferentzia: batez ere idazkien antolaketari, zuzenketari eta diseinuari buruz hitz egiten da. Bai gaztelaniazko eta bai euskarazko liburuetan ideia berberak lantzen dira. Gainera, testua antolatzeko urratsak eta ideiak ere ematen dira.

    Gramatikaren arloan, bestalde, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetan kontu ezberdinak lantzen dira. IVAPeko euskarazko liburuak dudak sortu dezaketen hitzen zerrenda bat aurkezten digu, nola idatzi behar diren esanez. Gaztelaniazko liburuan, aldiz, ortografiaren barruan, beste puntu batzuk aztertzen dira; hala nola, maskulino eta femeninoaren erabilera, laismoa, leismoa, loismoa eta antzeko akatsei egiten die erreferentzia. Bestalde, bietan sintaxia, zenbakien idazkera, eta adberbioak jorratzen dira.

    Estiloaren ataleean, berdintasunak zein ezberdintasunak aurkitu daitezke bi liburuen artean. Zehazki biek antzeko jarraibideak ematen dituzte “esaldiak moztu” atalean jasotako arauetan. Bietan edukia berdintsua den arren, kontuan hartzen dira, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak eta hizkuntza horretan egon ohi diren arazoak.

    Diseinuari dagokionez, euskarazko liburua eta erdarazkoa guztiz berdinak dira. Idazki-motak kontuan izanik, hiru aukera aipatzen dira: inprimaki batzuetan datuak eskatzen dira bereziki (izen-abizenak, helbideak, telefonoak, etab.). Idazkiak testu labur-laburrak baldin baditu, orrialdearen goiko aldean jar dezakegu testu bata, eta beheko aldean bestea. Idazkia orriaren alde batean sartzeko modukoa bada (ofizioa, gutuna, bilera-deia…), zutabeetara jotzen da askotan Administrazioan.

    Bi liburu hauek eskaintzen dituzten atalak aztertu ondoren (Idazketa-prozesua, Gramatika, Estiloa, Diseinua), bi liburuen edukia erabilgarria dela azpimarratu daiteke, Administrazioan lan egiten dutenentzat idazkiak modu egokienen egiteko gomendioak ematen dituelako. IVAPek argitaratutako testuak izanik, IVAPerako daude diseinatuta, eta IVAPen eragina dute. Baina dena den, garbi dago lagungarriak direla persona ororentzat kalitate oneko komunikazioa sustatzen dutelako.

  13. Amaia Burgos
    2012(e)ko azaroaren 19a 21:20(e)tan | #13


    Zuzenbide Zibilaren alorreko baliabideak euskaraz

    ___________________________________________________________

    Azalekoa denez, handia da azken urte hauetan euskararen alde, entitate ezberdinek egin duten lana; esate baterako: Deusto zein Euskal Herriko Unibertsitateek eginikoa, Justizia Administrazioak buruturikoa … lan horren ondorioz, ugari dira Zuzenbidearen alor ezberdinei buruz, sarean aurki daitezkeen baliabideak. Nahiz eta, zuzenbidearen alor guztietan hiritarrek baliabideak eskuragarri izateko helburua guztiz ase ez, badira erabat hornituta utzi diren alorrak; Zuzenbide Zibilaren alorra hain zuzen ere. Hona hemen zerrenda:

    Lege testuak

    – Kode Zibila. Errege Dekretua, 1889ko uztailaren 24koa. (2007ko ekainaren 30ean eguneratua)
    • 1888ko maiatzaren 11ko Oinarri-Legea. Kode Zibila: aurrekariak
    • 13/2005 Legea, Kode Zibila aldaraztekoa, ezkontzeko eskubidearen arloan
    • 15/2005 Legea, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldaraztekoa, banantze eta dibortziatzearen arloan
    – Abenduaren 28ko 54/2007 Legea, Nazioarteko Adopzioari buruzkoa
    – Foru-lege zibilak (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea)
    • Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen Aurreproiektua (2007)
    – 29/1994 Legea, Hiri errentamenduena
    – 42/2003 legea, Txanadakako Arpobetxamendu eskubideena eta Zerga Arauena
    – 49/1960 Legea, Jabetza Horizontalarena
    – Erregistro Zibilaren Legea eta Erregelamendua
    • 1958ko azaroaren 14ko Dekretua. Erregistro Zibilaren Erregelamendua

    Ikas-materialak

    – Zuzenbide Zibilaren eskuliburua (Deustoko Unibertsitatea)
    – Zuzenbide Zibileko ikasgaiak. Pertsona. (UPV/EHU)
    – Oinordetza Zuzenbidea. (UPV/EHU)
    – Euskal Zuzenbide Zibila. (UPV/EHU)
    – Euskal Zuzenbide Zibilaren oinarriak. (UPV/EHU)
    – Eskubide Errealak. (UPV/EHU)
    – Familia Zuzenbidea. (UPV/EHU)
    – Ondasun Zuzenbidea. (UPV/EHU)
    – Zuzenbide Zibila I. (UPV/EHU)
    – Zuzenbide Zibila: obligazio-zuzenbide eta erantzukizun zibila. (UPV/EHU)
    – Zuzenbide Zibila III (Betebeharren zuzenbide, erantzukizun zibila eta kontratuen teoria) (UPV/EHU)

    Agiri ereduak:

    – Demanda idazkia

    – Adostasun gabeko dibortzioko demanda

    – Eskaera Bateratua

    – Erantzuna eta errekonbentzioa

    – Bizkaiko Foru zibila

    • Agerraldia
    • Foru-saka eta ondasun tronkalak lehenespenez eskuratzeko eskubideak
    • “Hilburuko” testamentua protokoloan jasotzea
    • Testamentu mankomunatua
    • Testamentu-ahalordea eta komisario bidezko testamentua
    • Senipartea eta bazterketa
    • Testamenturik gabeko oinordetza
    • Dohaintzak
    • Oinordetza-itunak
    • Ezkontzako itunak eta ezkontzaren araubide ekonomikoa
    • Herentziak
    • Bide-zorra Bizkaian

    – Arabako Foru Zibila

    • Laudio eta Aramaio: Agerraldia
    • Aiara: agerraldia, podere osoko gozamenduna izendatzea, senipartedunak baztertuz eta jaraunslea izendatzea, senipartedunak baztertuz

    – Gipuzkoako Foru Zibila

    • Agerraldia
    • Testamentua eta jaraunsle-izendapena (testu tradizionala)
    • Testamentu-ahalordea eta komisario bidezko testamentua
    • Testamentu mankomunatua
    • Senipartea eta baserriaren gaineko oinordetza antolatzea
    • Oinordetza-ituna eta baserriaren gaineko antolaketa
    • Ezkontzako itunak (testu tradizionala)

    – Auzotasun Zibila

    • Idazkiaren eredua, ezkontzaren ondorioz auzotasun zibila aldatzeko eskaerarena
    • Idazkiaren eredua, egoitza aldatzearen ondorioz, egoitza berriari dagokion auzotasun zibila eskatzekoa

    – Izatezko bikoteak

    • Izatezko bikotea eratu baino lehenagoko itunak
    • Izatezko bikotekideen testamentu mankomunatua, bizkaitar forudunak direnean
    • Bizkaitar forudunak bere kabuz izatezko bikotekideari emandako testamentu-ahalordea, aurreneurrizko testamentua jasota

    Hiztegiak

    – Kode Zibilaren berbategia
    – Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen berbategia
    – Nafarroako Foru Berriaren berbategia
    – Jabetza Horizontalaren legeko berbategia
    – Hiri-errentamenduen Legeko bebategia
    – Txandakako Aprobetxamendu-eskubideen Legeko berbategia
    – Landa-errentamenduen legeko berbategia
    – Hipoteka-legeriaren berbategia
    – Erregistro Zibilaren Lege nahiz Erregelamenduko berbategia
    – Zuzenbide Zibileko berbategia. On line bertsioa

    Zerrenda honen luzera erreparatuz gero, zalantza izpirik gabe esan daiteke Zuzenbide Zibilaren arloan baliabideen inguruan egin den lana izugarria dela. Alor honetan beharrezkoak diren legeez gain, ikasgaia era samurragoan ulertzeko ikasmaterialak aurki ditzake interesa duen orok; gainera, abokatuen lana errazago egiteko formulario, hots, agiri ugari daude (Estatalak, zein Autonomia Erkidegoetakoak). Beraz, mirestekoa da hasieran aipatutako erakundeek Zuzenbide Zibilaren alorreko baliabideen inguruan eginiko lana.

  14. Andoni Molina
    2012(e)ko azaroaren 17a 09:40(e)tan | #14


    Euskaraz zigortuta izateko eskubidea dut

    ___________________________________________________________

    Zigor zuzenbidea, Estatuak gizartearen arauak betearazteko duen azken baliabidea da. Izan ere, funtzio hori betetzeko bi bide nagusi ditu. Lehenengoa, guk legeak urratu ez ditzagun uxatzea, hau da, “hura egiten badut, atxilotuko naute, beraz, ez dut egingo.” Eta bigarrena, legea urratzen duen edonor zigortzea, gaineko biztanleriak aditu dezan, “pertsona horrek gaizki egin du, eta horregatik zigortu dute.” Modu honetan lehenengo bidea sendotzen da gainera, eta biztanleen konfiantza Zigor Zuzenbidean finkatuta geratzen da.

    Horrela, bada, herrialde batean bizi diren guztiek haien askatasunaren zati bati, autotutelari alegia, egiten diote uko, Estatuaren esku uzteko eta modu honetan Estatuak gure askatasun indibidualen baturarekin Zigor Eskubidea sortu eta errespetaraz dezan.

    Hau horrela izanda, behar-beharrezkoa iruditzen zait Zigor Zuzenbidearen alorrari dagozkionak euskaraz ere egotea. Euskaldunok ere uko egin diogulako gure askatasun eta eskubidearen zati bati Estatuaren alde, beraz, Zigor Zuzenbidearen inguruan garatzen direnak geure hizkuntzan aditzeko eskubidea izan beharko dugu trukean.

    Zorionez, azken urteotan euskara Zigor Zuzenbidean eta prozesu penaletan erabilgarri izan dadin ahalegin asko egin dira, hortaz, hainbat baliabide sortu dira:

    LEGE-TESTUAK
    – Zigor Kodea
    – Adingabeen Legea
    – Prozedura Kriminalaren Legea.

    MONOGRAFIAK
    – Zigor-prozesua: exekuzioa eta kautela
    – Zigor prozesu adierazlea
    – Zigor Prozesu Bereziak
    – Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak. Zati orokorra eta zati berezia.

    HIZTEGIAK
    – Zigor Kodearen berbategia
    – Adingabeen Legeko berbategia

    AGIRI-EREDUAK
    – Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren Zigor arloko epaitegientzako agiri ereduak (UZEI)
    – Gipuzkoaren Abokatu Elkargoarentzako Zigor-arloko alderdien idazkiak (UZEI)
    – Epaitegietako agiri elebidunen biltegia

    Horiei guztiei, Justizia Sailak azken urteotan bere web-gunean (www.justizia.net) epaitegietako langileen eskura (www.justizia.net/uzei/) eta baita abokatuen eskura (http://www.justizia.net/JustiziaNet/liburutegia/abokatuen-ereduak) jarri dituen baliabideak ere. Izan ere, horiei esker euskaraz har daiteke esku bai instrukzio-prozesu orokorretan eta baita, adibidez, adingabeen epaitegietako prozesuetan ere.

    Zigor zuzenbidean euskarak izan duen garapena oso ona izan da. Eta honek guztiak aurreratu dezan borrokatu diren guztiei eskerrak eman behar genizkieke. Beraz nahiko pozik geratu naiz testu hau idazteko informazioa begiratu ostean; izan ere, litekeena baita, gertu dagoen etorkizun batean zigor zuzenbide prozesuak euskaraz egin ahal izatea. Agian, gure eskubideen murrizketa eta zapalkuntzetatik irteteko pauso bakar batera gaude.

  15. Oihana Ezkerro
    2012(e)ko azaroaren 17a 09:24(e)tan | #15


    Kontsulta zerbitzuak sarean, gure zalantzak argitzeko prest

    ___________________________________________________________

    Hezkuntza egoki bat jasotzeak bermatzen du hizkuntzaren erabilera aproposa. Baina gaur egungo gizarte teknologiko honetan internet bidez eskoletan ikasten den adina (edo gehiago) ikasi daiteke. Euskara ikastea ere posible da beraz interneti esker. Eta hau posible egiteko zenbait tresna eta baliabide dauzkagu gure esku, euskara ikasi edo jada gurea den hizkuntza hau hobetzeko. Kontsulta-zerbitzu hauen artean, JAGONET, EHULKU eta DUDANET aurkitu ditzakegu.

    JAGONET euskarari buruzko zalantza orokorrei erantzun bat ematen saiatzen da. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzua da, hiritar guztiei zabaldua dagoena, alor zehatz batetara mugatu gabe. Bertan, mota guztietako zalantza eta galderei emandako erantzuna aurkitu dezakegu: datak nola idatzi, hitz zehatz batzuen ahoskera nolakoa den, arau gramatikal batzuk, etab. Baliabide honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik herritarrei zerbitzatzea, zalantzak argituz eta bestetik, gure hizkuntzaren kalitatea bermatzea. Jendeari sortzen zaizkion ohiko zalantzak aurkitu daitezke hemen, bai PDF formatuan baita gaika sailkaturi ere. Eta sortutako zalantza aurkituko ez bagenu, galdera email bidez bidali genezake, kontsulta-zerbitzutik erantzun bat jasotzeko.

    EHULKU, JAGONET ez bezala, koletibo jakin bati dago zuzendua, UPV/EHUko irakasle eta langileei, hain zuzen ere. Baina bien helburuak oso antzekoak dira: euskararen erabilera zuzena bultzatzea. Hizkuntza arazoei irtenbide egoki bat aurkitzen saiatzen den kontsulta-zerbitzua da. Ez da itzultzaile soil bat. Zalantzak ahalik eta azkarren argitzen saiatzen dira, eta irtenbiderik aurkitu ezean, horren inguruko eztabaida irekitzen dute.

    Azkenik, DUDANET dugu. Hau ere, hikzuntza zalantzak argitzeko sortutako baliabidea da eta beste biek bezalaxe aholkuak ematen ditu besterik gabe; hau da, egiten dituen proposamenaek ez dute arau-mailarik eta, beraz, ez dira lotesleak. Kontsulta-zerbitzu honen berezitasuna bere esparruan dago, administrazio eta lege arloko hizkera eta terminologiak lantzen baititu. Zure zalantza argituko duen erantzuna datu basean bilatzearekin nahikoa da. Eta erantzuna bertan aurkituko ez balitz, DUDANETen erregistratu eta galdera bidaltzeko aukera zabaltzen du.

    Hiru kontsulta-zerbitzu hauek euskarari egindako mesedea benetan handia dela iruditzen zait. Horrelako baliabideak egotea benetan garrantzitsua dela uste dut, euskara arlo guztietan zabaltzea oso garrantzitsua delako, baina are gehiago euskaren erabilera egokia egitea. Euskal hiztunei behin eta berriro sortzen zaizkigu zalantzak hitz baten edo termino juridiko zehatz baten inguruan. Eta horrelako baliabideak eskura izatea benetan erabilgarria dela uste dut.

  16. Ohiane de los Ojos eta Zuriñe Dominguez
    2012(e)ko azaroaren 17a 08:52(e)tan | #16


    Konstituzio Zuzenbidearen alorreko baliabideak euskaraz

    ___________________________________________________________

    Konstituzio Zuzenbidearen alorrean lan handia egin den arren, oraindik lan gehiago egin behar da zenbait jurisprudentziari dagokionez. Hala eta guztiz ere hiritarrek baliabideak eskuragarri izateko helburua ondo ase da; izan ere, Konstituzio Zuzenbideari buruzko baliabide ugari prestatu dira dagoeneko euskaraz. Hona hemen zerrenda:

    LEGE TESTUAK

    • Espainiako Konstituzioa
    • Konstituzio Auzitegiari Buruzko Lege Organikoa
    • Botere Judizialaren Lege Organikoa (V. Eta VI. liburuak)
    • Zuzenbide politikoaren legeria
    • Kataluniako Autonomia Estatutua (Eusko Jaurlaritzaren HAEE-IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak euskaratua
    • Hezkuntzako Lege Organikoa (Eusko Jaurlaritzaren HAEE-IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak euskaratua
    • Espainiako Konstituzioa (1978)
    • 3/1979 Lege Organikoa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena.
    • 12/2002 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duena.
    • 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.
    • 6/2006 Lege Organikoa, Kataluniako Autonomia Estatutua aldatzen duena.
    • 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa.
    6/2002 Lege Organikoa, Alderdi politikoei buruzkoa.
    • 1/2002 Lege Organikoa, Elkartzeko eskubidea arautzekoa.
    • 4/2001 Lege Organikoa, Eskariak egiteko eskubidea arautzekoa.
    • 4/2000 Lege Organikoa, Atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzkoa.
    • 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa.
    • 994/1999 Errege Dekretua, Fitxategi automatizatuen segurtasun Erregelamendua.
    • 2/1997 Lege Organikoa, Kontzientzia klausula arautzekoa.
    • 8/1985 Lege Organikoa, Hezkuntzarako eskubidea arautzekoa.
    • 11/1985 Lege Organikoa, Sindikatu-askatasunari buruzkoa.
    • 6/1984 Lege Organikoa, Habeas Corpus prozedura arautzekoa.
    • 5/1984 Legea, Asilo-eskubidea eta errefuxiatu izaera arautzekoa
    • 2/ 1984 Lege Organikoa, Zuzenketa-eskubidea arautzekoa.
    • 9/1983 Lege Organikoa, Bilera-eskubidea arautzekoa.
    • 1/1982 Lege Organikoa, Ohorerako eskubideari buruzkoa.
    • 7/ 1980 Lege Organikoa, Erlijio-askatasunari buruzkoa.
    • 2/1979 Lege Organikoa, 1979ko urriaren 3koa, Konstituzio Auzitegiari buruzkoa
    • 1/2010 Lege Organikoa, otsailaren 19koa, Konstituzio Auzitegiari buruzko eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzeari buruzkoa

    ESKULIBURUAK

    • Konstituzio zuzenbidearen eskuliburua (Deustoko Unibertsitatea)
    • Konstituzio zuzenbidea (UPV/EHU)

    HIZTEGI TERMINOLOGIKOAK

    • Ehuren glosategi juridikoa: http://www.euskara-juridikoa.com/legeak/glosategia
    • Konstituzio Zuzenbideko berbategia

    Ikusi dezakegunez, funtsezkoak diren testuak euskaratuak dauzkagu, adibidez Espainiako Konstituzioa. Aurrera pausu handiak eman dira baina oraindik ez dago guztiz eguneratuta lege asko ez daudelako euskaratuta. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentzia falta da. Adibidez, duela gutxi sexu berekoen arteko ezkontza onartzen duen epaia soilik gaztelaniaz dago. Europar Batasuneko Konstituzio nagusiak ere euskaratuak egotea ondo legoke, batez ere Frantziako Konstituzioa. Gaur egun Katalunian dagoen egoerarekin, liburu monografiko asko idatziko dira eta gehienak espainolez egongo dira. Ondo legoke euskaraz ere horren inguruko lanak egitea.

  17. Nagore Alberdi
    2012(e)ko azaroaren 16a 18:44(e)tan | #17


    Gramatika eta estilo-liburuak sarean

    ___________________________________________________________

    Gramatika eta estilo-liburuek, gramatika eta estilo arauak eta jarraibideak ipintzen dituzte eskura. Modu argi eta errazean euskaraz idazteko nahiz hitz egiteko laguntza ematen diguten baliabideak dira. Euren helburua euskarazko kalitatezko komunikazioa sustatzea da. Batzuek gehiago jotzen dute administrazio eremura edo eremu juridikora, eta beste zenbait orokorragoak dira.

    Estilo-liburu nagusien artean hauek aurki ditzakegu:

    – EHUTSI: EHUk garatutako kontsulta- eta praktika-baliabide bat da. Bertan, UPV/EHUko ikasleek maizenik egiten dituzten akatsak aztertzen dira eta azalpen sinple eta ariketen bidez, berauek zuzentzen laguntzen digu.
    – Euskaltzaindiaren EGLU gramatika-liburuen bilduma: euskararen gramatika deskriptiboa eskaintzen du, hizkuntzaren datuak bildu nahi dituena. Hizkuntzaren datuak erakutsian uzten ditu, tradizioan oinarritutako lekukoetan, eta egungo euskalkien ezagutzan oinarriturik. (Apur bat zaharkitua dago, baina bere zabaltasuna ukaezina da).
    – IVAPeko estilo-liburua: idazketa prozesua, gramatika, estiloa e.a. zainduz, kalitatezko komunikazioa sustatzea du xede, estilo aholkuak emanez.
    – Eusko legebiltzarraren estilo-liburua: orotariko idazkera arauak zehazten ditu: puntuazioa, ortotipografia, sintaxia, ahozko testuak zuzentzeko irizpideak, gaztelania formaletik itzultzeko estrategiak…

    Hauek guztiek dokumentu zuzenak, egokiak eta argiak idazten laguntzen digute, gomendioak eta adibideak emanez. Erregela eta jarraibide hauek jarraituz, kalitatezko euskarazko komunikazioa bideratzen dugu, bai geuretzat, baita mezuaren hartzaileentzat positiboagoa izango dena.

  18. Irati Gaztelumendi
    2012(e)ko azaroaren 16a 17:58(e)tan | #18


    Eusko Legebiltzarraren Idazkera Arauak eta Azpidazki

    ___________________________________________________________

    Testu labur honetan sarean dauzkagun bi estilo-libururen inguruan arituko naiz: Eusko Legebiltzarraren Idazkera-arauak eta Azpidazki .

    Eusko Legebiltzarrak, ganbara legegile gisa dauzkan eginbeharrak bete ez ezik, euskararen hizkuntza kalitatearen izenean hainbat eta hainbat baliabide eskaintzen ditu bere web orrialdearen bitartez. Hain zuzen hiru dira eskaintzen dituen baliabideak: euskara-gaztelania datu-base terminologikoa, idazkera-arauen gunea eta hiztegia. Gu idazkera-arauak atala aztertzera mugatuko gara oraingo honetan.

    Lehenik eta behin adierazi behar dugu Eusko Legebiltzarrak eskaintzen duen baliabide hau oso erabilgarria dela euskarazko testu bat taxuz idatzi ahal izateko. Izan ere, idazteko, itzultzeko eta zuzentzeko jarraibideak eskaintzen zaizkigu bertan. Horrela, hizkuntzaren kalitatea zaintzeko irizpide ezin hobeak eskaintzen dizkie arlo administratibo zein juridikoko profesionalei nahiz edozein herritarri ere edozein euskarazko testu idatzi nahiz gaztelaniazko testu bat euskara itzultzeko orduan, baliagarri izango zaizkikenak .

    Ondoren, baliabidearen berezitasunen inguruan esan behar dugu sei idazkera-arau eskaintzen dizkigula:

    1. Puntuazioa. Atal honetan puntuazio-zeinuak erabiltzeko arauak azaltzen zaizkigu: puntua, koma, puntua eta koma, eten puntuak, bi puntuak, enumerazioa, parentesiak etab. Lehenik, zeinu bakoitzari buruzko azalpen bat agertzen zaigu, nola erabili jakiteko, eta gero, kasu bakoitzeko adibide batzuk gehitzen dira.

    2. Ortotipografia. Bigarren atal honetan letra larriak, letra etzana, kopuruak, izen bereziak, maileguak eta labur hitzak nola erabili behar diren aztertzen da. Honetan ere lehenik azalpena eta ondoren adibidea topatzen dugu.

    3. Sintaxia kontuak. Hirugarren atal honetan sintaxi gai batzuk jorratzen dira: aposizioa, genitiboen erabilera, izenondo erreferentziala eta koordinazio-egituretan aplika daitezkeen marken ekonomiari buruzko arauak aurki ditzakegu. Aurreko ataletan bezala, hemen ere Eusko Legebiltzarrak adibideak ematen ditu egindako azalpenak errazago ulertu ahal izateko.

    4. Tratamendua. Laugarren atal honetan testu formal eta formalak ez direnetan zein tratamendu jarraitu behar den azaltzen da, bi kasuetan ezberdina izango baita.

    5. Ahozko testuak zuzentzeko irizpideak. Bosgarren atal honetan legebiltzarkideek ahoz egiten dituzten testuak zuzentzeko jarraitu beharreko irizpideak eta horiek ondoren idatzizko testu batean jartzeko eman beharreko pausoak zein diren jasotzen da.

    6. Gaztelania formaletik itzultzeko estrategiak. Azken atal honetan eremu administratibo zein juridikoko gaztelerazko testuen itzulpenak nola egin azaltzen dute: alegia, Legebiltzarreko ekimenen eta Jaurlaritzako lege proiektuen itzulpenak behar bezala egiteko jarraibideak ematen dira.

    AZPIDAZKI

    Euskara UPV/EHUko zerbitzu-hizkuntza izanik, bertako administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak euskaraz mintzatzerakoan, kontutan izan beharreko gomendio, arau eta baliabideak biltzen dituen webgunea da. Hori bai, administrazio eta zerbitzuetako langileez gain, ohiko zalantzak argitu nahi dituen pertsona orok aurki dezake hemen behar duen laguntza, hain zuzen ere, Argitokia izeneko atalean.

    Kontuan izan beharreko lehenengo gauza da, Azpidazki baliabideak hiru zerbitzu eskaintzen dituela: jakiteko atala, esaldi atala eta idazki ereduak atala. Guk Jakiteko atalari ekingo diogu oraingoan.

    Lehenik esan behar dugu, Azpidazkik eskaintzen duen Jakiteko atal honek biltzen dituen arauak, euskaraz testu bat zuzen idatzi ahal izateko oinarrizko idazkera-arauak direla. Hain zuzen ere, euskara zuzen erabiltzeko kontuan izan beharreko bi atal eskaintzen zaizkigu bertan:

    1. Arauak. Euskaraz behar bezala idazteko kontuan izan beharreko arauak biltzen dira: euskaraz data, ordua, zenbakiak, helbideak, puntuazio-zeinuak, letra larriak eta xeheak, itzulpenak, erdarakadak eta hiztegi batua, etab. nola idatzi behar diren. Idazkera-arau bakoitzaren atalean,araua nola erabili behar den ulertzeko beharrezkoa den azalpena eta beharrezkoak diren adibideak jasotzen dira modu oso txukunean.

    2. Gramatika. Euskaraz edozein testu idazteko ezinbestekoak diren idazkera-arauak biltzen dira bertan: alfabetoa, aditza, deklinabidea, ortografia, Euskaltzaindiaren arauak, etab. Atal honetan beharrezkoa den azalpena eta azalpena argitzeko adibideak ere jasotzen dira.

    Azterturiko bi baliabide hauek eskaintzen duten zerbitzuaren helburua bera da: bai arlo administratiboko nahiz arlo juridikoko profesionalei eta baita herritar arruntei ere euskaraz zuzen idazteko beharrezkoak diren irizpideak eskaintzea. Helburua bera baldin bada ere, nik ezberdintasun nabaria topatzen dut bi baliabideek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatearen aldetik. Izan ere, askoz ere lan aberatsagoa iruditzen zait Eusko Legebiltzarrak egin duena. Ezin da esan Azpidazkik lan makala egin duenik, baina niretzat ezin konpara daiteke Eusko Legebiltzarrak idazkera-arau bakoitza nola erabili behar den azaltzeko erabiltzen duen modua eta azalpena argitzeko erabiltzen duen adibide kopurua, Azpidazkik egiten duen saiakerarekin. Egia da biek xede-talde ezberdinak dituztela jomugan, eta, agian, horregatik dute gauzak azaltzeko estilo ezberdina .

  19. Zuriñe Dominguez eta Oihane de los Ojos
    2012(e)ko azaroaren 12a 13:13(e)tan | #19


    Teknologia berriek kontsultak egiteko emandako erraztasunak

    ___________________________________________________________

    Gaur egun gauden garai honetan, teknologia egunero berritzen ari da eta honek gure bizitza errazten du. Euskararen arloan, jende ugarik egindako lanari esker, euskara sustatzeko baliabide asko sortu dira. Kontsulta-zerbitzutan jarriko dugu arreta:

    JAGONET
    Euskaltzaindiak eskaintzen duen zerbitzu bat da. Interneten bidez herritarren zein profesionalen dudak argitzeko balio du. Bi xede nagusi ditu, alde batetik euskararen kalitatea bermatu eta zuzendu nahi du eta beste aldetik, zerbitzu egokia eskaini nahi die herritarrei. 2001ean jarri zen martxan eta harrezkero, 850.000 bisitarik baino gehiago kontsultatu dute. Kontuan izan behar dugu han ematen diren erantzunek gomendio maila dutela. Interneten 272 orrialdeko pdf bat dago eskuragai. Edozein motatako zalantza eta erantzun daude, baina gure zalantzen erantzuna aurkitzen ez badugu, bidaltzeko aukera daukagu.

    DUDANET
    Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak (IVAP) herritarrei eta erakundeei interneten bidez eskaintzen dien doako zerbitzua da. Hemen, bakarrik administrazio eta lege arloko terminologiari eta hizkerari buruzko zalantzak argitu daitezke. Ematen diren erantzunak, Jagonet zerbitzuan gertatzen den bezala, ez dira arau bat bezala hartu behar, baizik eta gomendio bezala. Erantzunak ezin dute ordezkatu beste erakundeek hartutako erabakiak. DUDANETen hitz solteak bilatu litezke, nola idazten dira, ortografia, estiloa, e.a. Hitza ez aurkitzekotan erregistratzeko aukera dago han galdetzeko.

    EHULKU
    EHUk euskararen erabilera egokia eta zuzena irakasleen eta langileen artean bultzatzeko zerbitzua da. Hizkuntza-arazoei konponbide egoki bat bilatzen saiatzeko zerbitzu bat da. Ez da itzultzaile bat ezta eztabaida filosofikoak egiteko. Zuk zure hizkuntza-arazoaren konponbidea izatekotan galderarekin batera ipini dezakezu eta eztabaidatuko dute.

    Hiru kontsulta-zerbitzu hauen helburua zalantzak argitzea da. Dudanet-en kasuan bakarrik administrazio eta lege arloko hizkera eta terminologiari buruzko zalantzak argitu ditzake. Esan beharrekoa da Euskaltzaindiak, HAEE/IVAP eta bestelako erakundeek egiten ari diren lana euskara sustatzeko eta euskararen erabilera egokia herritarren artean zabaltzeko ikaragarrizko lana dela. Oso zerbitzu baliagarriak dira, edonoren esku daude eta nahi duzun tokian eta nahi duzun orduan dudak argitu ditzazkezu.

  20. Ana Vegas
    2012(e)ko azaroaren 10a 16:02(e)tan | #20


    JAGONET, EHULKU eta DUDANET kontsulta-zerbitzuak

    ___________________________________________________________

    Lerro hauetan JAGONET, EHULKU eta DUDANET hizkuntza-baliabideei buruz ariko naiz: zer zerbitzu eskaintzen duten aztertuko dut, eta, ondoren, balorazio bat egingo dut.

    JAGONET Euskararen erbilera zuzena eta egokia erakiteko internet bidez eskaintzen den zerbitzua da, Euskaltzaindiak eskaintzen duena. Zehazki, bi helburu nagusi ditu: batetik, herritarrak zerbitzatzea, eta bestetik, gure hizkuntzaren kalitatea bermatzea. JAGONETek Euskara Batuaren arauak eta jendeak Euskaltzaindiari egindako kontsulten galde-erantzunak jasotzen ditu. Arauak gaien arabera, kronologikoki zein alfabetikoki ordenatuak eskaintzen dira. Galde-erantzunak, berriz, datu-base batean bitzen dira gaiaren arabera sailkaturik (lexikoa, morfologia, sintaxia, onomastika, ahoskera eta idazkera). Baina, JAGONET, funtsean, kontsulta-zerbitzu bat da, alegia, aukera ematen die herritarrei beren zalantzak Euskaltzaindiari internet bidez helarazteko.

    Hala ere, sarreran aurreratu bezala, badira antzeko beste baliabide batzuk ere, EHULKU, adibidez. EHULKU, UPV/EHUn euskararen erabilera zuzena eta egokia bultzatzeko asmoz Euskara Zerbitzuak UPV/EHUko irakasleei eta langileei eskaintzen diena. Dena den, EHULKUren web-orrian ageri denez, “EHULKU ez da euskaltegi bat, ez halaber ikerketa filologikoak eztabaidatzeko gune bat;aitzitik, unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen jakintza eta zerbitzuetako hizkuntza-arazoei irtenbide egoki bat bilatzen saiatzeko zerbitzu bat da ”.Zerbitzu honek hainbat aukera eskaintzen ditu: galdera haiei egin, beste galdera-erantzun batzuk kontsultatu, Euskara Zerbitzuaren testu-zuzenketak kontsultatu, Euskara Zerbitzuak euskal erkidegoari aldian-aldian eman izan dizkion hizkuntza-aholku didaktikoak kontsultatu, eta abar.

    DUDANET, azkenik, HAEE/IVAP herritarrei eta erakundeei doain eskaintzen dien baliabidea da. Administrazio eta zuzenbideko hizkera eta terminologia era espezializatuagoan lantzen du. Aipatu bezala, euskara juridiko administratiboko zalantzak argitzeko erabili ohi da DUDANET. Beraz, administrazio eta lege arloko terminologia eta terminologiaren inguruko zalantzak argitzen saiatuko da kontsulta gunea: ortografiari, idazkerari, estiloari eta antzeko gaiei buruzkoak. Beraz esan dezakegu DUDANET hitz edo esaeren inguruko zalantzak argitzeko baliabidea dela, baina ez itzulpenak egitekoa.

    JAGONET , EHULKU eta DUDANET zerbitzuak aztertu ondoren, esan beharra daukat oso baliagarriak iruditzen zaizkidala, izan ditzakegun zalantzak argitzeko aukera ematen baitute, eta oso baliagarriak direla , gainera, herritarrentzat zein profesionalentzat. Adibide bezala, jendeak egiten dituen zenbait galdera aipatuko ditut: Zein da zuzena, “ez dio inoren aholkuari kasurik egiten” ala “ez dio inoren aholkuri kasurik egiten”? (morfologia); Nola da, “Asturietako Printzerriko Gobernua” ala “Asturiasko Printzerriko Gobernua”? (onomastika); Egia al da “j” letra “y” ahoskatu behar dela?(ahozkera). Ageri denez, ez dira intuizio hutsez erantzuteko moduko galderak eta horiek ebazteko behar diren ezagutzak ez daude edonoren esku. Alabaina, horretarako ditugu JAGONET, EHULKU eta DUDANET.

  21. Ohiana Ezkerro
    2012(e)ko azaroaren 10a 07:12(e)tan | #21


    Zigor Zuzenbidea ere euskaraz

    ___________________________________________________________

    Gaur egungo gizarte honetan Zigor Zuzenbideak duen garrantzia nabarmena da. Jendea babestea eta portaera okerrak zigortzea helburutzat dituen alor bat ezin dugu alde batera utzi gai honi buruzko edukiak euskaratzeko garaian. Egun bizi dugun egoera honetan Zigor Zuzenbideak eta Zigor Kodeak zehazki, garrantzi handia hartu dute, gertatzen ari diren arazoei irtenbide bat eman behar zaielako eta gehiengoaren ustea zigor astunagoak ezartzean dagoelako konponbidea. Hau horrela izanik, Zigor Zuzenbidearen alorraren euskaratzea benetan garrantzitsua da eta horregatik eman dira aurrepauso nabariak gai honen inguruan, ahalegin handia eginez monografia, lege testuak, hiztegiak etab. euskaratuz. Euskararen garapen honen isla honako adibide hauek dauzkagu Zigor Zuzenbidearen barruan:

    + Hiru lege testu nagusi:
    – Zigor Kodea
    – Adingabeen Legea
    – Prozedura Kriminalaren Legea.

    + Monografiak
    – Zigor-prozesua: exekuzioa eta kautela
    – Zigor prozesu adierazlea
    – Zigor Prozesu Bereziak
    – Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak. Zati orokorra eta zati berezia.

    + Hiztegiak
    – Zigor Kodearen berbategia
    – Adingabeen Legeko berbategia
    – Delitu zerrenda euskaraz eta gaztelaniaz
    (http://www.justizia.net/uzei/idazki/005B/005B.html)

    + Agiri-ereduak
    – Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren Zigor arloko epaitegientzako agiri ereduak (UZEI)
    – Gipuzkoaren Abokatu Elkargoarentzako Zigor-arloko alderdien idazkiak (UZEI)
    – Epaitegietako agiri elebidunen biltegia

    Ezin da esan lan makala egin denik Zigor Zuzenbidearen alorrean legeak, testuak, hiztegiak etab. euskaratzeko orduan. Baina Zigor Zuzenbideak gaur egun duen garrantzia kontuan hartuta, eta euskara normalizatzeko erakunde ezberdinek egiten ari diren ahaleginak kontuan hartuta, bide luzea falta dela uste dut alor honetan euskara guztiz barneraturik egon dadin. Euskara justizia arloan erabili ahal izateko materiala euskaraz egotea guztiz beharrezkoa da eta horretarako lanean jarraitu behar dela uste dut, egunen batean epaiketak euskaraz egiteko aukera izan dezagun, gaztelaniara jo gabe inprimakiak betetzeko edo epaiketa bera guztiz euskaraz izateko.

  22. Joana Loyo
    2012(e)ko azaroaren 10a 05:16(e)tan | #22


    Kontsulta-zerbitzuak sarean: JAGONET, EHULKU eta DUDANET

    ___________________________________________________________

    Azken urte hauetan aurrerapauso ugari eman dira euskara juridikoa eta administrazioko euskara lantzeko eta garatzeko. Horrek, corpusa ugaritzearekin batera, Zuzenbidean ezarri diren irizpideak eta erabilerak kontsulta-baliabide ugarietan biltzea ekarri du. Baliabide hauei esker hizkuntza-irizpideak eta zalantzak argitzeko informazio ugari aurkitu ahal dugu sarean. Besteak beste, hiztegi espezializatuak, estilo-liburuak, kontsulta-zerbitzuak, testu juridiko eta administratiboen ereduak eta lege-testuen biltegiak kontsulta ditzakegu. Artikulu honetan sarean eskaintzen diren kontsulta-zerbitzuak aztertuko ditut. Zehazkiago, hiru kontsulta-zerbitzuri jarriko diet arreta: JAGONET, EHULU eta DUDANET. Izan ere, nire ustez, sarean dauden baliabide jakingarrienak dira eta.

    JAGONET, esate baterako, euskararen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua da. Bi helburu nagusi ditu: herritarrak zerbitzatzea eta euskararen kalitatea bermatzea. Herritar zein profesionalei zuzenduta badago ere, euskara lanean eguneroko tresna duten sektore profesionalak dira etekin gehien lortu dutenak zerbitzu honetatik. Bestetik, hizkuntza mailako kontsulta interaktiboak egiteko prestatua dago eta erabiltzaileak eskuragarri ditu Euskaltzaindiaren batzordeek aztergai izan dituzten galderarik ohikoenen erantzunak. Hau da: kontsula-baliabide honek aukera ematen du Jagonet deskargatzeko, bertan orain arte egindako galderak eta erantzunak jasotzen baitira. Baina, bertan guk bilatzen ari garen zalantza agertzen ez bada, aukera daukagu Euskaltzaindiari gure galdera zuzenean bidaltzeko.

    Bestetik, EHULKUk, UPV/EHUn euskararen erabilera zuzena eta egokia bultzatzeko zerbitzua eskaintzen du. Baliabide honekin unibertsitateko lanean behin baino gehiagotan agertzen diren hizkuntza-arazoak galdetzeko aukera eskaintzen digu. Baina bere web orrian azaltzen den moduan, EHULKU ez da euskaren oinarrizko ezagutzak eskuratzeko baliabide bat. Ezta itzulpen-zerbitzu bat ere. Kasu honetan, JAGONETen bezala, galdera bidaltzeko aukera badugu ere, lehenagotik EHULKUk erantzuna jadanik duen ikusi dezakegu. Beti ere, gogoratu behar dugu zerbitzu honetatik aholku bat besterik ez dugula jasoko.

    Azkenik DUDANET daukagu. DUDANET IVAPek herritarrei eta erakundeei interneten bidez eskaintzen dien kontsulta-zerbitzua da, eta bere helburua hizkuntza-zalantzak argitzea da. Aurreko biak ez bezala, azkenengo honen esparrua administrazio- eta lege-arloko hizkera eta terminologia da. Honako honetan ere orain arte bildutako informazioa kontsulta dezakegu eta nahi dugun informazioa aurkitzen ez badugu, DUDANETen erregistratu eta galdera egiteko aukera eskaintzen digu.

    Beraz, kontsulta-zerbitzu hauei esker behin baino gehiagotan euskaraz idatzi eta hitz-egitean sortzen zaizkigun zalantzak argitzeko irtenbide erraz, fidagarri eta eraginkor bat daukagu. Beti ere, gogoratu behar dugu baliabide hauek ez direla hizkuntzalaritzaz edo etimologiaz galdetzeko lekua, ez eta azalpen teorikoak edo itzulpenak eskatzekoa ere. Soilik kontsulta edo aholku zerbitzu batzuk dira. Hori dela eta, ez dute ordezkatzen beste erakunde aginpidedun batzuek erabakitakoa.

  23. Irati Gaztelumendi
    2012(e)ko azaroaren 4a 19:23(e)tan | #23


    Zuzenbide prozesalaren alorreko baliabideak

    ___________________________________________________________

    Euskara zuzenbidearen alor ezberdinetan txertatzeko ahalegin handiak egin dira azken urteotan. Adibide gisa, euskara arlo sozio-ekonomikoan txertatzeko egin diren ahaleginak aipa ditzakegu: euskararen ezarpen eta erabilera planak areagotu dira nonahi, eta, horrekin batera, lan-zuzenbidearekin eta lan-harremanen jarduerarekin zerikusia duten hizkuntza baliabide asko ere garatu dira.

    Baina euskarak bide oparoa egin badu, hori zuzenbide prozesalarena izan da. Izan ere, ukaezina da zuzenbidearen alor honen garrantzia: gatazkak bideratzeko zuzenbidearen gainerako alor guztiek behar duten baliabidea baita. Hona hemen zuzenbide prozesalari dagozkion euskarazko hainbat baliabideren zerrenda:

    LEGE-TESTUAK

    -1881eko otsailaren 3ko Errege Dekretua, Prozedura Zibilaren Legea aldarrikatu duena.
    1/2000 Legea, Prozedura Zibilarena
    -1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua. Prozedura Kriminalaren Legea
    – Lan Arloko Prozeduraren Legea
    – Lan Arloko Prozeduraren Legearen aldaketak
    – Administrazio Auzien Jurisdikzioaren Legea
    – Prozedura Zibilaren Legea
    – Prozedura Kriminaleko Legea

    MONOGRAFIAK

    – Zuzenbide Prozesalerako Sarrera
    – Epai-babes zibil adierazlea: Prozesu zibil adierazle arruntak
    – Prozesu zibil bereziak
    – Prozesu zibila: exekuzioa eta kautelazko neurriak
    – Zigor prozesu adierazlea
    – Zigor Prozesu Bereziak
    – Zigor-prozesua: exekuzioa eta kautela
    – Lan Prozesua

    HIZTEGIAK

    – Prozedura Zibilaren Legeko berbategia
    – Prozedura Kriminalaren Legeko berbategia
    – Zuzenbide Prozesaleko berbategia. On line bertsioa
    – UPV/EHUren Glosategi Juridikoa
    -Euskalterm
    – Epaitegietako hiztegiak

    AGIRI-EREDUAK

    – Epaitegietako agiri ereduak (Administrazioarekiko auzi epaitegiak, Lehen instantziako epaitegiak, Lehen auzialdiko epaitegiak, Lan arloko epaitegiak, etab.)
    – Agiriak.net > aurkibidea > zuzenbide prozesala

    Ikusi dezakegun bezala, arlo prozesaleko jurisdikzioari dagokionez, eskuragarri dauzkagu funtsezkoak diren lege-euskarri, testu-eredu nagusiak baita hiztegiak ere. Horrela, arlo prozesaleko profesionalek euren zereginak euskaraz egiteko baliabide egokiak dauzkate gaur egun.

    Haatik, hutsune batzuk igartzen dira. Izan ere, agerikoa da eskuliburuen gaztelerazko eskaintza euskarazkoa baino askoz ere zabalagoa dela. Horien artean, ondorengo eskuliburuen kasuak dauzkagu: kasuen azterketak nahiz prozedura-eskemak (“esquemas procesales”) eskaintzen dituzten eskuliburuak eta demanda bat nola egin (“cómo hacer una demanda”) jakiteko kontsultatzea beharrezkoak diren dibulgazio-liburuak. Horretaz gain, ezinbestekoa da kontuan hartzea, halaber, jurisprudentziarik ia ez dagoela euskaraz. Izan ere, ikaslearen esperientziatik hitz eginda behintzat esan dezaket, zuzenbidea euskaraz ikasi ahal izateko ezinbestekoa gertatu zaigula etengabeko itzulpen-lanak egiten aritzea karrera osoan zehar.

    Komenigarria iruditzen zait aipatzea ere duela oso gutxira arte abokatuentzako dokumentu-ereduen hutsa oso nabarmena zela, nahiz eta gaur egun esparru hori ere estalita dagoen alor honetan.

    Hori horrela izanik, esan dezakegu arlo honetan funtsezkoak diren baliabideak jada baditugula eskuragarri, baina zuzenbide prozesalaren euskarazko corpusa guztiz betetzeko hainbat baliabide falta ditugula oraindik.

  24. Sara Zabala
    2012(e)ko azaroaren 4a 19:14(e)tan | #24


    Euskara Zigor Zuzenbidearen alorrean

    ___________________________________________________________

    Euskara epaitegien eta justiziaren arloan erabilia izan dadin nahi badugu, beharrezkoa da herritar eta zuzenbideko profesionalentzat materiala ere euskaraz egotea. Zigor zuzenbideari dagokionez, zuzenbideko alorren artean garrantzia handia duen eremu bat da, gizartean lehentasunezko posizioa duela esaten baita, Zigor Kodeko zioen azalpenetan adierazten duen bezala, “gizartearen elkarbizitzaren oinarrizko balio eta printzipioak babestu behar baititu”. Beraz, adar honetan euskara ohiko hizkuntzetako bat bihurtzea aurrerapausu oso garrantzitsu bat izango litzateke. Azken urteetan ahalegin asko egin dira hau lortzearren (lege-testuak euskaratuz, monografiak euskaraz landuz, etab.) eta hauek dira emaitzetako batzuk:

    Lege testuak:
    – Zigor Kodea
    – Adingabeen Legea
    – Prozedura Kriminalaren Legea.

    Monografiak:
    – Zuzenbide Penaleko Zati Orokorra
    – Ministerio Fiskala Espainiar Ordenamendu juridikoan
    – Zigor-prozesua: exekuzioa eta kautela
    – Zigor prozesu adierazlea
    – Zigor Prozesu Bereziak
    – Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak. Zati orokorra eta zati berezia.

    Aldizkariak:
    – Eleria
    – Uztaro aldizkaria (Espainiako eta Frantziako zigor-bitartekaritza sistemari buruzko artikulua)
    – IVAP erankundearen RVAP aldizkaria (Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean aktore judizial erregionalek duten estatusari buruzko artikulua).

    Hiztegiak:
    – Zigor Kodearen berbategia
    – Adingabeen Legeko berbategia
    – Delitu zerrenda euskaraz eta gaztelaniaz (http://www.justizia.net/uzei/idazki/005B/005B.html)

    Agiri-ereduak:
    – Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren Zigor arloko epaitegientzako agiri ereduak (UZEI)
    – Gipuzkoaren Abokatu Elkargoarentzako Zigor-arloko alderdien idazkiak (UZEI)
    – Epaitegietako agiri elebidunen biltegia (http://www.justizia.net/uzei/idazki/multzoak.htm)

    Zigor zuzenbidean euskaraz egin den ekarpena nahiko mamitsua da: legeak euskaratu dira, monografiak argitaratu dira, ikerketarako artikuluak lantzen dira eta epaitegietako jardunetako agiri-eredu ugari aurki daitezke. Arlo hau nahiko osatua dagoela esan daiteke, nahiz eta beti dagoen gehiago egiteko beharra, agian lege gehiago euskararatu, zigor zuzenbideko gai gehiago landu, etab. Nire ustez, hutsune nabarmenena euskaraz argitaratatzen den guztiaren eguneraketa falta da, horrek zuzenbidean duen garrantziarekin.

  25. Jokin Babaze
    2012(e)ko azaroaren 4a 19:10(e)tan | #25


    Finantza eta Tributu Zuzenbidea euskaraz: euskal diruaren hotsa, isilik

    ___________________________________________________________

    Jakina denez, Euskal Herriko Lurralde Historikoak eskudunak dira Euskal Herrian ezartzen diren tributu gehienen arautzean. Honek, prima facie, Euskal Tributu Zuzenbidea ondo aztertutako gaia dela pentsatzera eraman dezake edonor, eta baita azterketa hori euskaraz egin dela ere. Baina, tamalez, ez da horrela.

    Nahiz eta Deustuko Unibertsitateko Alberto Atxabal irakasleak alor honetan oso kontuan hartzeko moduko ekarpena egin duen (berak egin baititu euskaraz alor honekin zerikusia duten lan ia bakarrak), oro har, euskarazko produkzio akademikoan, Finantza eta Tributu Zuzenbidearen alorreko lanketaren gabezia nabaria da, eta horrek bi ondorio ditu, biak ala biak kezkagarriak: 1) Euskara sail akademiko honetan oraindik sartzeke dagoen hizkuntza dela 2) Euskal Finantza eta Tributu Zuzenbidea ikasteke dagoen gaia dela.

    Nire ustez, larriena bigarrena da, euskal zergapekoen diruarekin zer egiten den ondo ez dakigulako, eta honek demokrazia gabezia larria dakarrelako. Euskara juridikoaren alorrean ere larria da, euskal hiritarrek tributuak direla eta administrazioarekin dituzten bere harremanak euskaraz egin ahal izateko apustu garbia egiten ari direlako azkeanaldian euskal administrazioak, baina alor honetan erabili beharreko euskara guztiz finkatu gabe.

    Noski, Foru Arauak euskaraz ere argitaratzen dira, baina hori ez da nahikoa. Euskara alor honetan ondo finkatu ahal izateko, beharrezkoak dira euskarazko Finantza eta Tributu Zuzenbideko eskuliburuak, eta baita ere gai zehatzak euskaraz jorratzen dituzten monografiak, gida-liburuak etb. Bestela, euskara beti egongo da Finantza eta Tributu Zuzenbidetik at, eta euskal Finantza eta Tributu Zuzenbidea ikasi gabeko gaia izango da urte luzeetan.

  26. Joana Loyo
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:54(e)tan | #26


    Administrazio Zuzenbidearen alorreko baliabideak

    ___________________________________________________________

    uzenbidean, euskararen presentzia gero eta ugariagoa da eta, horren ondorioz, gero eta baliabide gehiago garatzen ari dira. Honen ondorio zuzena euskara juridikoaren corpusa handitu izana da. Hala eta guztiz ere, zuzenbideko alor guztietan ez da garapen–maila bera eman. Nire kasuan, administrazio zuzenbidearen alorreko euskarazko baliabideak aztertuko ditut. Izan ere, gure eguneroko bizitzan hiritar gehienok administrazioarekin harremanetan jarri behar dugu eta bai euskaraz bai gaztelaniaz egiteko eskubidea dugunez, euskarazko baliabideak gure esku edukitzea ezinbestekoa dela zalantzarik ez dago.

    Horretarako, Euskara juridiko administratiboaren corpusa gaur egun izeneko dokumentuan (http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/files/2010/11/1.2.5._Euskara-juridiko-administratiboaren-corpusa-gaur-egun_Emaitza-orokorrak_2010.pdf) jasotakoaren arabera, administrazio zuzenbidean honako baliabideak ditugu:

    – Lege testuak:
    o Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea
    o Toki–araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea
    o Herri Administrazioen Kontratuen Legea
    o Zirkulazioei buruzko Araudi Orokorra
    o Administrazio auzien Jurisdikzioaren legea
    o Lurzoruari buruzko legea

    – Monografiak:
    o Euskara, Zuzenbidearen hizkera
    o Administrazio Zuzenbidea I: Zati orokorra
    o Administrazio Zuzenbidea II: Antolaketa eta enplegu publikoa
    o Administrazio Zuzenbidea III: Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea

    – Hiztegiak:
    o Administrazio Zuzenbideko berbategia
    o Administrazioko lokuzioak eta formulak
    o Administrazio eta Prozedura Legearen Glosarioa
    o Enplegatu Publikoaren oinarrizko estatutuaren Glosarioa
    o Toki-administrazioaren Glosarioa
    o Zirkulazio Hiztegia

    – Agiri ereduak:
    o Administrazio idazkien ereduak: aktak, gutunak…
    o Prozedura negoziatuaren bidezko esleipenerako dokumentuen ereduak
    o Zerbitzu prestazioko kontratuen ereduak
    o Eudelen dokumentu ereduak: araudiak, ordenantzak, hitzarmenak, aktak…
    o Udal espedienteak egiteko dokumentu ereduak
    o Eta abar

    Beraz, aztertu ahal izan dugun moduan, bai hiztegiak zein monografiak, agiri ereduak eta lege testuak aurki ditzakegu administrazio zuzenbidearen alorrean. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago oraindik lan anitz egin behar dela esparru honetan. Lehenik eta behin, jakina da legeak etengabe aldatzen direla eta, hori dela eta, beharrezkoa da eguneratze–lanak etengabe egitea. Bestetik, agiri ereduak baldin badaude ere, seguraski ez dituzte esparru guztiak betetzen. Azkenik, aipatzekoa da unibertsitateko materialak, monografiak, ikerketak falta direla. Hala eta guztiz ere, gaur egungo ikuspegi orokorra aztertuz gero egiaztatu dezakegu euskararen egoera Zuzenbidean asko eboluzionatu dela. Gainera, etengabe egiten diren lanei esker zalantzarik ez dago bilakaera aurrera jarraituko duela.

  27. Maria Uria
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:37(e)tan | #27


    Zigor Zuzenbideko baliabideak euskaraz

    ___________________________________________________________

    Hasteko, esan beharrik ere ez dago euskarak, euskaldunon hizkuntza ofiziala den neurrian, zuzenbidearen alor guztietan duela garrantzia eta eremu guztietan eduki beharko lukeela bere tokia. Zehazki Zigor Zuzenbidearen alorrari erreparatuz gero, ordea, ezinbestekoa da Zuzenbide alor guzti batetako Kodea euskaraz eskuratzeko aukera izatea. Izan ere, Zigor Kodea, edozein gizarte zibilizatutan benetan beharrezkoa da bertan bizi diren guztien elkarbizitzarako balio, printzipio eta arauak ezartzen baititu.

    Zigor eremu honi dagokionez, urteen poderioz, baliabide ugari sortu dira. Besteak-beste, lege-testuak, hiztegiak edota monografiak aurki ditzazkegu:

    •LEGE-TESTUAK:
    -Adingabeen Legea
    -Zigor Kodea
    -Prozedura Kriminalaren Legea

    •MONOGRAFIAK:
    -Zigor-prozesua: exekusioa eta kautela
    -Zigor prozesu adierazlea
    -Zigor Prozesu Bereziak
    -Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak (zati orokorra eta berezia)

    •HIZTEGIAK:
    -Adingabeen Legeko Berbategia
    -Zigor Kodearen Berbategia
    -Prozedura Kriminalaren Berbategia

    •AGIRI-EREDUAK: UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroari esker Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren Zigor arloko epaitegientzako agiri ereduak ditugu euskaraz eskuragarri (http://justizia.net/uzei/default.asp?idioma=eu ), baita abokatuentzakoak ereduak ere
    (http://justizia.net/JustiziaNet/liburutegia/abokatuen-ereduak).

    Honekin guztiarekin, laburbilduz, geroz eta zigor zuzenbidearen inguruko lege, liburu, aldizkari eta praktikarako dokumentu gehiago daude. Urratsak eman dira azken urte hauetan eta ematen jarraituko beharko liratezke, beharrezkoak baitira zigor-arloan euskara juridikoa normalizatzeko.

  28. Maria Uria
    2012(e)ko azaroaren 4a 18:31(e)tan | #28


    Estilo-liburuak

    ___________________________________________________________

    Estilo-liburua edo estilo eskuliburua zuzen eta artez idazteko aholkuak biltzen dituen liburua da. Hizkuntza estandarizatua eta Hizkuntza Akademia daukaten hizkuntzetan Hizkuntza Akademiak berak atera ahal ditu estilo liburuak. Bestela, hedabide edo hizkuntzalari jakin batzuek argitara ditzakete horrelako estilo-liburuak, baita tokiko administrazioek ere.
    Estilo-liburu garrantzitsuenen artetik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak EIMA programaren barruan ikasmaterialetarako argitaratu izan dituen zenbait estilo-liburu, IVAPeko estilo liburua, Eusko Legebiltzarrarena, Justizia Sailaren Euskara Batzordearen estilo-liburua edota aipatuko ditut; baita AZPidazki ere.
    EIMAko estilo-liburuetan ototipografia, kalko okerrak, onomastika, letra larrien erabilera nahiz estandarizatu gabeko solasak aurki genitzazke, eta esan bezala, liburu hauek guztiak ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko eginak dira.
    Bestalde, 1996an eginiko IVAPeko estilo-liburua, batiz bat administrazioetako langileentzat dago zuzendua, hauen kalitatezko komunikazioa sustatzeko helburuz; euskaraz lan egin nahi duten guztientzat eskaintza interesgarria da, bertan aholku, eredu nahiz argibide ugari agertzen baitira modu erraz eta arin batean azalduak.
    Eusko Legebiltzarraren estilo-liburuari dagokionez, honek eskaintzen dituen zerbitzuak euskararekin harreman berezia dute, batez ere terminologiaren ingurukoek. Euskaraz idazteko, zuzentzeko nahiz itzultzeko jarraibide lagungarriak ematen ditu.
    Azkenik, AZPIDazki, Administrazio eta zerbitzuetako langileez gain, ohiko zalantzak argitu nahi dituen orok behar duen laguntza aurkitzeko webgune interesgarria da, non, euskararen inguruko gomendio, arau eta baliabideak biltzen diren.
    Laburbilduz, idazterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko baliagarriak dira estilo eskuliburuak. Aipatu ditugunak interneten aurkitu ahal izateko, hona hemen euren web orrialdea:
    •EIMAko estilo-liburua: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/eu/contenidos/informacion/dih/eu_5490/estilo_liburua_e.html
    •IVAPeko estilo-liburua: http://www.ivap.euskadi.net/r61-euskcont/es/contenidos/informacion/euskalduntze_argitalpenak/es_hizkera/adjuntos/IVAPeko%20estilo-liburua.pdf
    •Eusko Legebiltzarraren estilo-liburua: http://www.parlamento.euskadi.net/e_normas_redaccion.html
    •Justizia Sailaren estilo-liburua: htt://www.justizia.net/normalizacion/default.asp%3Fidioma%3Deu +justizia+ sailaren+euskara+batzordea&cd= 1&hl= es&ct=clnk&gl=es&source=www.google.es
    • AZPIDAZKI: http://www.ehu.es/azpidazki/

  29. GLx
    2012(e)ko maiatzaren 14a 13:00(e)tan | #29

    Euskara zuzen eta egoki erabili nahi?

    Lantalan web-orrian EHUren baliabide interesgarri bat gomendatzen dute: AZPIDAZKI

    Egiaz, oso laguntza praktikoa ematen du baliabide honek.

  30. GLx
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:30(e)tan | #30


    LAN ZUZENBIDEAREN ALORREKO BALIABIDEAK
    ___________________________________________________________

    Azken urteotan ahalegin handiak egin dira euskara arlo sozio-ekonomikoan txertatzeko. Euskararen ezarpen eta erabilera planak areagotu dira nonahi, eta, horrekin batera, lan-zuzenbidearekin eta lan-harremanen jarduerarekin zerikusia duten hizkuntza-baliabide asko ere garatu dira. Horietako asko sarean ditugu eskuragarri. Hona hemen baliabide horietako batzuren zerrenda:


    LEGE-TESTUAK

    Lan Zuzenbideko legeria
    Lan Arloko Prozeduraren Legea
    Lan Arloko Prozeduraren Legearen aldaketak
    Merkataritzako sozietateen legeria
    Kontsumoari buruzko legeak
    Konkurtso legeria
    Lan eremuko hainbat lege

    MONOGRAFIAK

    Zuzenbide Sindikala
    Betebehar eta Kontratuei buruzko zuzenbidea
    Finantza eta Tributu zuzenbidea
    Lan-zuzenbidearen ikasgaiak
    Publizitate-zuzenbideko eskuliburua
    Lan Zuzenbidearen Iturriak


    HIZTEGIAK

    Lan Zuzenbideko Hiztegia
    Konkurtso legeriaren berbategia
    Merkataritzako sozietateen legeriari buruzko berbategia
    Lan Zuzenbideko legeriaren berbategia
    Kooperatiba Hiztegia


    AGIRI-EREDUAK

    Agiriak.net web ataria
    Lan-munduko agirien ereduak
    Lan arloko epaitegietako agiri normalizatu elebidunak
    Enpresa euskaldunduz fitxa juridikoen ereduak
    Gizarte arloko jurisdikzioan erabiltzen diren eredu elebidunak

    Ikusten denez, lan arloko jurisdikzioari dagokionez, eskuragarri ditugu funtsezkoak diren lege-euskarri, hiztegi eta testu-eredu nagusiak. Alde horretatik, enpresek, aholkularitza-zerbitzuek, lan-arloko lege-profesionalek, eta alor honetako bestelako eragileek euskarri egokia dute euren zereginak euskaraz egiteko.

    Haatik, hutsune batzuk ere igartzen dira, lehenbailehen osatzea komeni direnak. Horien artean nabarmentzekoak da prestakuntzarako eskuliburuen hutsa, ez bakarrik unibertsitaterako, baizik eta bereziki lanbide-heziketarako eta profesionalen etengabeko prestakuntzarako. Horrez gain, kontuan hartu behar da jurisdizkio honetan aldaketak etengabeak direla, eta legeak, arauak, protokoloak, inprimakiak… oso maiz eguneratu behar izaten direla.

    Hori horrela, komeniko litzateke behatoki bat sortzea edota, gutxienez, arduradun-talde bat izendatzea –LANBIDEn adibidez- aldaketa horiek etorri ahala euskarazko baliabideak ere eguneratzen joateko. Bestela, aurretik egindako lana hein handi batean baliogabetuta geratzeko arriskua dago, izan ere, ez bailuke behar bezainbesteko berme juridikoa eskainiko
    _______________________________________________________________

  31. GLx
    2012(e)ko maiatzaren 11a 14:26(e)tan | #31


    SIGLA JURIDIKOEN HIZTEGI LABURRA

    Lucia Amo kideak arlo juridikoan maiz erabiltzen diren sigla batzuen zerrenda elebiduna egin du EUSKALTERM eta JUSTIZIA.NET datu-base terminologikoen laguntzaz.

    Zerrenda horri esker, erraz jakingo dugu zer erakunde, zerbitzu edota lege izendatzen duten euskarazko LHLDL, LKI, ZBZ, HL, EZE eta beste sigla askok. Modu berean erraz aurkituko ditugu gaztelaniazko CC, CIF, BOE, LAS, SCRED eta beste sigla askoren euskarazko baliokideak.

    Baliabide soila baina biziki lagungarria da Luciak prestatu diguna.

    Hementxe duzue eskura: SIGLA JURIDIKOEN HIZTEGI LABURRA

    ___________________________________________________________

  1. 2009(e)ko abenduaren 5a 11:13(e)tan | #1
  2. 2009(e)ko abenduaren 18a 15:19(e)tan | #2