Testu-ereduak

2013(e)ko martxoaren 22a

Giza komunikazioaren alor guztietan testuek funtseko eginkizuna dute komunikazio-prozesuaren sorburu, bitarteko eta jomuga gisa. Are gehiago: berariaz finkatutako generoen bidez, komunikatzeko, ezagutza egituratzeko eta munduari begiratzeko modu zehatzak zedarritzen dira. Bada, administrazioan, legegintzan eta arlo juridikoan testuek funtseko tokia bakarrik ez, ezinbesteko eginkizunak ere badituzte. Izan ere, kontuan hartzen badugu nola ulertzen den Zuzenbidea gure gizartean, eta nola egikaritzen diren administrazioko eta auzitegietako prozedurak, berehala ohartzen gara testuek egiten dutela legea lege, eta testuen bidez egiten dutela dagokien bidea prozedura administratiboek eta juridikoek.

Hori dela eta, berebiziko garrantzia dute alor honetan testugintza-irizpideek. Izan ere, lege-testuen eta dokumentu administratibo eta juridikoen alderdi funtsezkoenak lege bidez daude arautuak. Eta zenbait generotan egileak “testu librea” deitzen den zatian bere kasa aritzeko nolabaiteko askatasuna izango duen arren, oro har, oso protokolo zorrotzak erabiltzen dira testu gehienen kasuan. Hainbesterainokoak dira baldintza eta muga horiek, ezen dokumentu askotan estandarizatu ere egin baitira alderdi asko: dokumentuaren izena, diseinua, informazioaren antolaketa fisikoa, egintza juridiko edota administratiboari atxikitako testu-pasarteen adierazpidea, adierazpen formulaikoak, lexikoa…

Zeregin horretan elkarlanean jarduten dute juristek edota administrazioko adituek eta hizkuntzalariak elkarlanean. Gaur egun teknologia berrietan adituak direnek ere hartzen dute esku dokumentuen diseinuarekin zerikusia duten erabakietan. Izan ere, administrazioa eta justizia digitalizatzen ari den heinean, erabaki asko hartu behar dira dokumentuak eskuratu, izapidetu eta biltegiratzeko irizpideekin lotuta. Hona hemen Zuzenbide Fakultateko ikasleek arloko testu nagusietako batzuk egiteko bildutako jarraibideen eta estrategien inguruko azterlanak.

 

  1. Yoli Calparsoro
    2014(e)ko apirilaren 25a 13:45(e)tan | #1


    Arau juridikoak. Idazkera eta Estiloa

    ___________________________________________________________

    Ondorengo artikuluan arau juridikoa testu-genero moduan aztertuko dugu Ane Etxabek egindako azterlan batean oinarrituta. Hementxe dago lan hori eskuragarri: http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/files/2009/09/Arau-juridikoen-idazkera-eta-estiloa.pdf
    Arau juridikoa izaera bereziko testua da, berezko egitura eta izaera duena. Izan ere, egitura konplexua du, eta baita idazkera estilo-irizpide propioak ere.
    Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu arau juridikoa zuzenbidearen lengoaiaren adibe garbiena dela esan dezakegu. Pertsonen portaera gidatzeko sortzen den testua da. Autoritate jakin batek duen pertsonak igorritako arauaz ari gara hemen, eta indar izugarria duen arauaz, gainera; beraz, argia eta beregaina izan beharko du. Argia izan behar du, mezuaren hartzaileek interpretazio zuzena egin ahal izan dezaten, eta interpretazio subjektiborako tarterik gera ez dadin. Bi baldintza horiek ezinbestekoak dira segurtasun juridikoa bermatzeko.
    Egiturari dagokionez, zortzi dira juristen eta ikerlariaren aburuz arau juridikoa osatzen duten oinarrizko elementuak:

    1. Izaera : Arauaren izaera arauak bilatzen duen emaitza da. Hau da, zerbait egiteko obligazioa ezarri dezakete, eskubidere nbat aitortu, edota kontzeptu bat mugatu (honek, aldi berean eskubideak aitortu eta obligazioak eratu ditzakeelarik).
    2. Edukia : Edukia onartu, aitortu, debekatu nahi den hori izango da.
    3. Aplikazio baldintza: Arauaren edukia eman dadin gertatu beharreko baldintzak)
    4. Autoritatea : Arau juridikoa ematen duen organoa da, arau sortu, argitaratu eta, batzuetan, betearazten duena.
    5. Subjektua : Arau juridikoa hartuko duen pertsona da (fisiko nahiz juridikoa). Batzuetan, arauean bertan ezarrita egon ezean, arau multzoa izan beharko dugu kontuan nori aplikatuko zaion jakiteko.
    6. Aplikazio esparrua: Araua aplikatuko den momentua eta lekuari egiten dio erreferentzia.
    7. Argitaratzea : Arauak bide ofizialen bidez argitaratu ezean ez du indarrik izango.
    8. Zehapena : Ez betetzearen ondorio kaltegarria da. Arau juridiko orok izango ez duen arren, arauaren estrukturaren barruan agertzen zaigu maiz (arau penalak, kasu).

    Arau juridikoa eraikitzeko momentuan eskubideak eman eta obligazioak ezarriko dituela kontuan izan behar dugu; izan ere, arau juridikoena ez da kategoria homogeneo bat. Horretarako, arau argia eta osoak egiteko baliagarri izan daitezkeen zenbait baliabide erabili ditzakegu. Arau juridiko gisa definizioak erabil daitezke. Bestalde, eskubideak adierazteko arauetan Prozedura Zibileko Legearen 7. artikuluaren ereduari jarrai dakioke (Eskubide zibilen egikaritza osoa dutenak soilik agertu ahal izango dira epaiketan). Debeku gisako arau juridikoetan, berriz, Prozedura Zibileko Legearen 10. artikulua har daiteke adibidetza (Abokatuek auzilariak gidatuko dituzte, abokatuok euren lanbidean jarduteko legez gaituta badaude prozesuaren gaineko ardura duen epaitegian edo auzitegian. Ezin izango da ebatzi abokatuaren sinadurarik ez duen eskaerarik). Eta abar.

    Dena den, eta arau juridikoaren xedea edozein delarik ere, testu genero mota honetan zenbait irizpide orokor izan beharko ditugu kontuan. Hasteko, argi izan behar da arauaren izaera zein den: eskubideren bat aitortzea, betebeharrenbat ezartzea edo zerbati debekatzea. Bestalde, arauaren izera berezia dela eta, nori zuzendua dagoen, noiz aplikatuko den, eta bete ezean inolako zehapenik aurreikusten duen. Azkenik, araugintzak eskatzen dituen zentzuzko neurriak zaindu beharko dira, horrek bermatuko baitu arauaren segurtasun juridikoa. Irizpide horien artean funtsezkoenak Arabako Foru Aldundiaren 48/2003 Foru Dekretuaren II. Eranskinean daude jasoak: http://www.alava.net/botha/Boletines/2003/103/2003_103_B.pdf

  2. Amaia Nuñez
    2014(e)ko apirilaren 25a 13:40(e)tan | #2


    Sententzia bat nola idatzi

    ___________________________________________________________

    Interneten irizpide ugari aurki ditzakegu sententziak idazteko, baita zenbait estilo liburutan ere. Sententzia baten idazkuntzaz ari garenean, gehienetan sententzien egituraz hitz egiten da, ezinbestekoa baita legeek horri buruz zehazten dutena betetzea, baina kasu honetan sententzien betebeharrak eta erredakzioa hartuko dut hizpide. Abiapuntu bezala, gai honi buruz Mikel Von Wichmann Pavletichek idatzitako lan bat erabili dut. Helbide honetan dago eskuragarri: http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/files/2009/09/Nola-idatzi-sententzia-bat_Mikel-Von-Wichmannx.pdf

    Mamian sartu baino lehen, argi eduki behar dugu zer den sententzia bat eta zertarako erabiltzen den. Sententzia, epaile batek edo epaitegi batek emandako ebazpen judizial bat da, zeinak amaiera ematen dion “litis” delakoari (zibila, familiaren arlokoa, merkataritza-arlokoa, lan-arlokoa, administrazioarekikoa…) edo kausa penalari. Honen arabera, prozedura ezberdinez tratatuko da kasua, eta irizpide zehatz batzuk jarraitu beharko dira kausa penal batez ari bagara. Hau argi izanda, egiturari dagokionez, hainbat betebehar zaindu behar ditu sententziak; zehazki, denbora, leku eta formari dagozkionak.

    Prozedura motaren arabera desberdin jasoko da epearen zehaztapena, baina oro har, epaile edo epaitegiak honetarako duen errealizaziorako duen epe mugan eman beharko da sententzia. Formaren aldetik, bestalde, hiru zati bereiziko dira: goiburua, zati kontsideratiboa eta zati erresolutiboa (demandatuaren edo akusatuaren kondenazko edo absoluziozko ebazpena, alegia). Azken atal honetan funtsezkoa da kongruentzia; izan ere, ebazpenak ezin izango du aldeek eskaturikoa baino gehiago aztertu. Hiru inkongruentzia-mota egon daitezke: 1) zehaztasun eza, hau da, behar bezainbesteko sakontasunik ez izatea 2) “incongruencia ultrapetitum” delakoa, zeina aktoreak eskaturikoa baino gehiago ematen denean gertatzen baita; 3) “incongruencia Extratepitum” delakoa, hau da, autoreak eskaturikoaz gaindiko zerbati ematen gertatzen dena.

    Bukatzeko, erredakzioari dagokionez, kontuan hartzekoa da da sententzia idaztea kasuan kasuko epaileari edo organo kolegiatuari dagokiola. Behin sententzia epaileak edo auzitegiko kideek sinaturik, ezagutzera ematen da audientzia publikoan egingo den irakurketa bidez, edo aldeei egingo zaien jakinarazpen idatziaren bidez. Hori dela eta, garrantzitsua da oso argia eta ulergarria izatea, bestela, gaizkiulertuak sor ditzake eta.

  3. Olaia Barrenetxea
    2014(e)ko apirilaren 25a 09:48(e)tan | #3


    Sententzia bat nola idatzi

    ___________________________________________________________

    Sententzia bidez epaile batek edo epaitegi batek gatazka juridiko baten inguruan hartzen du erabakia. Beraz, prozesuari amaiera ematen dion jurisdikzio egintza den heinean, berebiziko garrantzia du sententzia-idazkiak. Hori dela eta, tentuz idatzi behar da ezinbestean.

    Erabakiak izan behar duen egiturari dagokionez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 244-248. artikuluek zehazten dute zein diren erabaki judizial batek forma aldetik zaindu behar dituen betekizunak Horrela, bada, legeak xedatutakoaren arabera, sententziak goiburu baten ondoren, paragrafo banatu eta zenbakituen bidez honakoak zehaztu behar ditu: egitateak, egitate frogatuak, zuzenbidezko oinarriak, eta ebazpena. Horrez gain, erabakia hartu duen epaile, magistratu edo magistratuen sinadurak jaso behar dira. Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait xehetasun, Prozedura Zibilaren Legearen 209. artikulutik hartuak:

    Goiburuan: Alderdien izen-deiturak jasoko dira eta, beharrezkoa bada, baita euren ordezkarienak ere
    Egitateen atala: Ahalik eta modu laburrenean azalduko dira aldeen uziak edo eskakizunak, egitateak, gauzatutako eta proposatuak izan diren frogak eta frogatuak izan diren egitateak. Paragrafo berezituetan emango dira datuak, eta paragrafo horiek hurrenez hurren zenbakituko dira.
    Zuzenbideko Oinarriak: Atal honetan frogatutzat jo diren egitateei aplikagarri zaizkien arauak aipatu behar dira; horrez gain, argudiatu egin behar da arau horien aplikagarritasuna. Horrekin batera, ekintza horien kalifikazioa egin behar da arauen interpretazioaz baliatuz.
    Epaitza: Atal honetan azalduko da zer irtenbide eman zaion gatazka juridikoari. Epaitza puntuz puntu garatuko da, modu argi eta ulergarrian; hartzen den erabaki bakoitza azalduz (ez da erabakia justifikatu behar, hori Zuzenbidezko Oinarrietan egin baita).

    Bestalde, sententziek erraz ulertzeko modukoak izan behar dute. Herritarrei zuzendutako erabakiak direnez, idazteko estiloak ahalik eta gutxien urrundu behar du herritarren hizkeratik. Horrek ez du esan nahi idazkerak lagunartekoa edota sinplea izan behar duenik, inolaz ere ez; alabaina, hizkera juridikoaren zehaztasuna galdu gabe ere, ahalik eta modu ulergarrienean adierazi behar dira gauzak sententzia batean. Horretarako, hurrengoa kontutan izan behar dugu:

    1. Autonomia: Sententziak ulergarria behar du izan bere puntu esanguratsu guztietan; halaber, saihestuko da kanpoko pieza arrotzak aipatzea
    2.Osotasuna: Gatazkako alderdiek aurkezturiko argumentu guztiak azaldu behar dira, baita kasurako esanguratsuak diren frogen aurkezpena egin ere. Horrekin batera, erabakian aipatuko ez diren gaiak jaso, eta horiek baztertu izana justifikatzen duten argudioak ere eman behar dira.
    3. Argitasuna: Ahal den neurrian anbiguotasunak saihetsi behar dira eta hizkuntza juridikoko terminologia erabileran gehiegikeriak ekidin behar dira.
    4.Konkretutasuna: Sententzia oso zehatza izango da, eta gatazkaren ebazpenarekin zerikusia duten puntuei erantzutera mugatuko da.
    5. Koherentzia: Idazkerak koherentea izan behar du; mamiari zein formari dagokionez.
    6. Gardentasuna: Argi azaldu behar da zein izan diren kasuaren iturriak, zein froga egin diren, eta zein agertu den epaiketan.

  4. Natalia Serrano
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:50(e)tan | #4


    Sententzia bat nola idatzi

    ___________________________________________________________

    Sententzia bat egiteko, bi alderdi hartu behar ditugu kontuan, alde batetik adierazpen-estiloa eta, bestetik, legeak zehaztutako formaltasunak. Edonola ere, erabiltzen den hizkera ez da arrunta, eta, beraz, euskarari dagokionez, itzultzaileen eta teknologien laguntza beharko da sententzia ondo egiteko.

    Hasteko, sententzia idatzi aurretik, argi izan behar dugu nortzuk diren idazkiaren igorleak eta nortzuk diren hartzaileak bi erregistro eta jakintza-maila ezberdin izango dituztelako: hiritar arruntarena eta zuzenbidean jarduten den profesionalarena. Baldintza hau oso kontuan hartzekoa da, zeren eta hirritarrek ez baitute beti abokatuaren edo prokuradorearen laguntza sententziak irakurri eta interpretatzeko orduan. Beraz, horren arabera aukeratu beharko dugu hizkuntza-erregistroa. Hori erabakita dugunean, komeni da aurretik egindako sententzien ereduak aztertzea beren egituran eta terminologian sakontzeko.

    Egituraren aldetik, legeak ezartzen dituen formaltasunak zaindu behar dira, Idazpurua idazteko orduan, adibidez, Prozedura Zibilaren Legearen 209.1 artikuluan zehazten diren datuak jaso behar dira: abokatuaren eta prokuradorearen izena, auziaren objektua… Aurrekarien edo gertakarien atalean, berriz, demanda edo errekurtsoa bultzatu duten egitateak agertu behar dira (defentsa eta akusazioak lortu nahi duena, garrantzitzuak diren dokumentuak…). Amaitzeko, frogatutako egitateak, oinarri juridikoak eta erabakiak agertu behar dira.

    Estilo-irizpideei dagokienez, bestalde, Prozedura Zibilaren Legeak bi gauza eskatzen ditu: sakontasuna eta koherentzia. Horrez gain, sententziek argiak eta zehatzak izan behar dute, eta horretarako legeak hainbat irizpide ematen dizkigu.
    • Argitasuna bermatzeko, hainbat irizpide hartuko dira kontuan: esaldiak ez dira luzeak izango, eta zerrendak zenbakiz markatzen baditugu hobeto; garrantzitsua da puntuak, komak eta abar ondo erabiltzea; hiztegiari dagokionez euskara teknikoa erabili behar dugu, baina bakarrik beharrezkoak diren hitz teknikoak erabiliko ditugu jende guztiak ulertu ahal izateko…
    • Koherentzia bermatzeko, berriz, kausa-ondorio loturak ondo landu behar dira eta frogak edo aurrekinak ondo landu behar dira
    • Sententzia ulergarria izan dadin, azkenik, behar diren banaketak burutuko dira beti testuaren kohesioa zainduta. Sententzia bat idazteko, aberastasuna ez da oso inportantea, orduan ez dugu aberastasuna kontutan hartuko.

    Amaitzeko ezin aipaut gabe utzi sententziak euskaraz egiteko ereduak eskaintzen digun web-orri bat: justizia.net. Horrez gain, gogoan izatekoak dira, noski, sententziaren testua behar bezala idazteko eta orrazteko baliagarriak diren beste baliabide batzuk: Euskalterm, Epaitegietako itzulpen-memoria, Euskaltzaindiaren kontsulta-baliabideak, eta abar.

  5. Irune Ugalde
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:48(e)tan | #5


    Sententzia bat nola idatzi

    ___________________________________________________________

    Gaur egun, gizarte modernoetan, gatazkak konpontzeko bide ezagunena epaitegiena da. Egunero hainbat eta hainbat epaiketa egiten dira, eta bakoitzak sententzia batekin ebatziko da amaieran. Sententzia komunikazio bat da, gatazkan alderdi gisa aritu diren subjektuei zuzendua. Baina, interesatuez gain, zuzenbideko adituek ere irakur dezakete. Gainera, Auzitegi Goreneko sententziek jurisprudentzia sor dezakete, eta, beraz, zuzenbideko profesionalek sententzia hauek erabili ahal izango dituzte haien alegazioen argumentu gisa.

    Horrenbestez, sententziak auzitegiko prozeduran zeregin jakin bat duten dokumentuak dira, eta askotariko hartzaileei zuzenduak izango dira. Hori dela eta, sententzia bat idazteko orduan hainbat irizpide jarraitu behar dira, ikuspegi juridikotik berme osoa izan dezaten, baina, aldi berean, balizko hartzaile guztiek arazorik gabe ulertu ahal izan ditzaten. Jarraian, hiru irizpide-mota aipatuko ditugu: dokumentuaren egiturarekin zerikusia dutenak, sententziaren edukiari dagozkionak eta, azkenik, hizkuntzaren erabilerekin lotutakoak.

    Egiturari dagokionez, sententzia batek hainbat atal izango ditu ezinbestean: idazpurua; aurrekinen edo gertakarien atala; egitate frogatuen zerrenda; zuzenbideko oinarriak jasotzen dituen zatia; eta erabakia. Atal bakoitzean, informazio jakin bat idatzi behar da ordena zehatz bati jarraituz; ezarritako arauak errespetatzea funtsezkoa da ulergarritasuna errazteko.

    Edukiari dagokionez, epaiak argia eta zehatza izan behar du. Kontuan izan behar da epaiek askotan oso gai konplexuak jorratzen dituztela, eta hauek zuzenbidean adituek nahiz ebazpenaren hartzaileek ulertzeko moduan azaldu behar direla. Bestalde, oso garrantzitsua da anbiguotasunak saihestea eta koherentzia errespetatzea. Horretarako, hainbat estrategia erabil litezke: oinarri juridikoak zenbakitzea, akusazioak nahiz defentsak alegatzen dutena zerrenda moduan aurkeztea, eta abar.

    Hizkuntzari dagokionez, azkenik, aurrez aipatu behar da sententzia gehienak gaztelaniaz idazten direla, gaztelania baita zuzenbidean gailentzen dena, baina badaude euskarazko sententziak eskaintzen dituzten epaile eta erakundeak ere. Interneten, hainbat web-gunetan aurki ditzakegu horrelakoen adibideak:

    -Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak emandako sententziak ditugu, bere web-orrian
    •http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r5114000/eu/contenidos/informacion/resoluciones/eu_resoluci/resoluci.html

    -Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren jurisprudentziaren datu-basean
    http://www.poderjudicial.es/search/indexAN.jsp
    -Justizia.net web-orriaren testu elebidunen datu-basean

    •http://www.justizia.net/uzei/default.asp?idioma=eu

    -EAEko Aldizkari Ofizialetan argitaratzen dira lurraldeko sententzien jakinarazpenak, euskaraz eta gaztelaniaz

    •http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_00?c

    Gai honen inguruan informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero edota aipatutako irizpideetan sakondu nahi izanez gero, hainbat dokumentu jakingarri daude sarean eskuragarri, hala nola, Miren Ortiz Olabek idatzitako txostena. Bertan gaia xehe-xehe aztertzen da:

    •http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/files/2012/06/Sententzia-bat-nola-egin_Miren-Ortiz.pdf

  6. Ihintza Palacín
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:43(e)tan | #6


    Sententzia bat nola idatzi

    ___________________________________________________________

    Sententzia, epaile batek edo epaitegi batek emandako ebazpen judizial bat da, zeinak amaiera ematen baitio litis-ari (zibila, familiakoa, merkantila, lan arlokoa, administrazioarekiko auzibidekoa…) edo kausa penalari. Sententziak, alderdi bati arrazoia eman, onartu edo deklaratzen dio, eta beste alderdia berau betetzera behartzen du.
    Sententziek ulergarri izan beharko lukete, baina honelako testuetan maiz topatzen ditugu ulertzen zailak diren hitz eta esaldiak. Kontuak kontu, sententziak idazteko irizpide batzuk hartu behar dira kontuan, zerikusia dutenak sententziaren hainbat alderdirekin: sententziaren egitura, sententziaren betebeharrak, erredakzio irizpideak, eta sententzien ohiko hitz edo lexikoa. Ikus ditzagun banan-banan.

    Sententziaren egitura
    Botere Judizialaren Lege Organikoaren 244-248. artikuluek sententziaren egitura formalaren oinarrizko arauketa azaltzen digute. Horien arabera, testuaren ulergarritasuna helburu, funtsezko irizpide batzuk zaindu behar ditu sententziak: autonomia, osotasuna, argitasuna, zehaztasuna, konsistentzia eta gardentasuna. Egitura irizpide hauen gain, epaileak forma irizpideak ere jarraitu behar ditu (goiburuari dagozkionak, egitateen atalari dagozkionak, zuzenbideko oinarriei dagozkienak, eta abar).

    Sententziaren betebeharrak
    Denbora, leku eta formako betebeharrak ditu sententziak. Epaile edo epaitegiak sententzia idazteko duen epe mugan eman beharko da (prozedura motaren arabera desberdina izango da epe honen zehaztapena).
    Formaren aldetik, bestalde, sententzietan hiru atal bereizi behar dira:
    • Goiburua. Bertan datu hauek jasotzen dira: data, tokia, parte hartzen duten aldeak, prokuradoreak, abokatuak, eskakizunak, akzioak eta aldeek aurkezturiko defentsak.
    • Parte konsideratiboa. Atal honetan zuzenbideko eta izatezko oinarriak biltzen dira.
    • Zati erresolutiboa. Atal honek demandatuaren edo akusatuaren kondenako edo absoluzioko “epaia” edo erabakia zehazten du. Erabaki horrek kongruentea izan behar du; alegia, ezingo du aldeek eskatutakoa baino gehiago jaso. Atal hau ixteko, epailearen izena eta erabakian parte hartu dutenen sinadurak agertuko dira

    Erredakzioa
    Sententzia idaztea bakarrik dagokie berau eman duen epaile, organo kolegiatu edo organu horietako kideari. Behin sententzia epaile edo Auzitegiko kideek sinaturik, ezagutzera ematen da audientzia publikoan ozen irakurriz, edo aldeei egingo zaien jakinarazpen idatziaren bidez.

    Lexiko berezitua eta sententzietan erabiltzen diren ohiko hitzak
    Sententzia bat idazteko orduan zeregin horretarako eskuarki erabiltzen diren hitzak edo lexikoa kontuan hartu behar dira. Garrantzi handikoa da lexiko berezi hori menperatzea sententzia ulergarri eta zuzen bat idazteko.

    Ondorioak
    Irizpide hauek jarraituz gero, sententzia argi eta ulergarri bat idaztea lortu beharko genuke. Hala ere, sententziak maiz luze eta korapilatsuak direla ohartzen gara. Justizia ministerioko hizkuntza juridikoa modernizatzeko batzordeak egindako ikerketak azaltzen duen bezala, gaztelaniaz behintzat, sententziek esaldi luzeegiak dituzte:

    http://www.mjusticia.gob.es/cs/Satellite/1292345665489?blobheader=application%2Fpdf&blobheadername1=Content-Disposition&blobheadervalue1=attachment%3B+filename%3DPlantillas_procesales.PDF

    Iparraldean, sententziak frantsesez bakarrik ematen dira. Sententzia hauek, espainiar sententziak bezala, ulertzen ailak dira zuzenbidea ikasi ez dutenentzat. Paragrafo luze eta konplexuak idazten dituzte epaileek, lexiko juridiko oso espezializatua erabilia. Iparraldean sententziak euskaraz idaztea lortuko balitz, frantziar modeloa jarraitu beharko lukete. Formulazio konplexu eta berezi hori kopiatuta, sententziak ulergaitzak izaten jarraituko lukete euskaraz ere. Aldiz, lehen aipatutako irizpideak hegoaldean zein iparraldean erabiliz gero, askoz ulergarriagoak izango lirateke euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta, bereziki, frantsesez idatzitakoak baino.

    Gehiago jakiteko
    http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/files/2009/09/Nola-idatzi-sententzia-bat_Mikel-Von-Wichmannx.pdf
    http://www.ehu.es/ehusfera/garalex/files/2012/06/Sententzia-bat-nola-egin_Miren-Ortiz.pdf

  7. Diana Martín
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:35(e)tan | #7


    Sententzia bat nola idatzi

    ___________________________________________________________

    Sententzia, epaile baten erabakia da, prozesuari amaiera ematen diona. Epaiak euskaraz ematea ez da oraindik oso ohikoa, eta ohitura faltak eredu gabezia dakar. Idazketa errazteko eta arintzeko, sententziak burutzeko gidak sortu beharko lirateke. Horien helburua litzateke, edozeinek prozesuari bere hizkuntzan amaiera emateko aukera izatea; eta, aldi berean, itzultzaileen lana arintzea. Kontuak kontu, edozein hizkuntzatan daudela ere, sententzia guztiek hainbat irizpide bete behar dituzte. Ikus ditzagun garrantzitsuenak.

    Batetik, testua idazten hasi aurretik, jabetu behar gara sententziak duen garrantziaz; botere judizialak herritarrei zuzendutako komunikazioa baita. Hori kontuan hartuta, ahalik eta gehien murriztu behar da hitz teknikoen erabilera eta tradizioz epaileek esaldiak luzatzeko izan duten joera.

    Bestetik, egituraren aldetik, sententziek Botere Judizialaren Lege Organikoak 248. artikuluko 3. atalean zerrendatzen diren elementuak izan behar ditu ezinbestean: idazpurua, aurrekinak, frogatutako egitateak, zuzenbidezko oinarriak eta erabakia.

    Horrez gain, Prozedura Zibileko Legearen arabera, hiru irizpide bete behar ditu sententziak: sakontasuna, osotasuna eta koherentzia; gainera, sententziek argiak eta zehatzak ere izan behar dute.

    Oro har, sententzia guztiek bete beharreko irizpideak dira horiek. Baina, jakina, alorraren arabera, sententziek eskakizun ezberdinak izango dituzte. Bereizgarri horiek antzemateko oso baliagarriak izan daitezke ereduak. Web-orri hauetan aurki daitezke horietako batzuk euskaraz:

    •http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r5114000/eu/contenidos/informacion/resoluciones/eu_resoluci/resoluci.html
    •http://www.poderjudicial.es/search/indexAN.jsp
    •http://www.justizia.net/uzei/default.asp?idioma=eu
    •http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_00?c

    Era berean, lagungarria izan daiteke, halaber, zenbait hiztegi espezializatu erabiltzea, hitzak ez errepikatzeko edota espresio desberdinak erabiltzeko.

    Hortaz aparte, bakoitzak bere idazteko estiloa izango du, noski, eta hori beti izango da aberasgarria

  8. Lide Gurrutxaga
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:31(e)tan | #8


    Demanda-idazkia

    ___________________________________________________________

    Izatez, demanda alde bakarreko egintza prozesala da, akzio-eskubidea egikaritzea ahalbidetzen duena; izan ere, horren bidez demandatzailearen babes eskubidea bermatzen da. Eta demanda-prozedura bat abian jartzeko demanda-idazkia izeneko dokumentua erabiltzen da.
    Dokumentu horrek, hainbat ukanbehar bete behar ditu:

    • Idatzia den heinean, eredu bati jarraituko dio.
    • Lehenbizi, zein epaitegiri zuzenduta dagoen zehaztu behar du.
    • Gero, kasuko gertaerak zerrendatu behar ditu.
    • Ondoren, zuzenbideko oinarriak zehaztu behar ditu.
    • Jarraian, epaitegiari egiten zaion eskaera jasoko du.
    • Azkenik, inguruabarrak aipatuko ditu.
    • Bukatzeko, data eta sinadura jasoko ditu ezinbestean.

    Bere izaera dela eta, berebiziko garrantzia dute agiri honetan edukiari dagozkion elementuak. Egiturari erreparatzen badiogu, berriz, lau atal ditu. Lehenbizi, elementu subjektiboak eskaintzen dira, eta, horri dagokionez, hurrengoak aipatu behar dira: hartzailea den organo judiziala, eta demandatzailea eta demandatua. Gero, oinarriak azalduko dira; hemen, egitateak azaltzen dira. Hirugarren zatian eskaera edo petitum deritzona egiten da. Beharbada, hori da demandaren zatirik garrantzitsuena, beraz, komeni da eskatu nahi dena ahalik eta modu argienean adieraztea. Bukatzeko, eskaera osagarriak egiteko aukera egoten da.

    Ba al dago demanda-idazkien eredurik euskaraz? Bi tokitan topa ditzazkegu euskarazko dokumentu ereduok: http://www.justizia.net web orrialdean eta “Prozedura zibileko idazki ereduak” eskuliburuan, hain zuzen ere. Lehenengoan, demanda eredu hauek aurki ditzazkegu, besteak beste: behin betiko neurriak aldatzeko demanda, adostasun gabeko dibortzioko demanda, exekuzioko demanda eta kopuru bat erreklamatzeko demanda. “Prozedura zibileko idazki ereduak” eskuliburuan, berriz, hauek ditugu: demanda, higiezin baten parte zatiezin bat errebindikatzekoa, sozietate-kontratu pribatua likidatzekoa eta testamentu xedapenak deuseztatzekoa; Demanda, eskatuz finka baten edukitza, hipoteka-kitapena,kontratu pribatua eskritura publiko bihurtzea eta kalte-galerak ordaintzea; kopuru bat erreklamatzeko demanda etab.

  9. Maite Jauregi
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:31(e)tan | #9


    Demanda-idazkia

    ___________________________________________________________

    Demandari dagokionez, lehenik eta behin esan beharrekoa da dokumentu honetan garrantzitsuagoa dela edukia forma bera baino Hala ere, badaude hainbat irizpide bere edukia ulergarriagoa egiten laguntzen dutenak, batez ere, hartzailea herritar xehea denean.

    Demanda-idakzi batek honako datuak jaso behar ditu beti: zein epaitegiri dagoen zuzendua, zein izan diren demanda eragin duten gertaerak, zein diren demandari euskarri ematen dioten zuzenbideko oinarriak, zer den zehazki epaitegiari eskatzen zaiona, inguruabarren aipamena eta azkenik data eta sinadura. Beste era batera adierazita, hauek lirateke demanda-idazki baten osagaiak:

    1. Elementu subjektiboak
    a) Zuzentzen garen organo judiziala.
    b) Alderdiak:
    i. Demandatzailea
    ii. Demandatua
    2. Oinarritzea
    a) Egitateak
    b) Zuzenbideko oinarriak
    3. Eskatzen dena edo petitum deritzona
    4. Beste batzuk.

    Zati hauek aztertzerakoan, ikus daitekeenez garrantzitsua da lehenbizi elementu subjektiboak identifikatzea, hau da, zehaztea zein organo judiziali dagoen zuzendua demanda, eta zein diren zehazki alderdiak. Horretaz gain abokatuaren eta prokuradorearen defentsa eduki nahi bada, hala jaso behar da berariaz demanda-idazkian, bai lan arloko prozeduran eta baita prozedura zibilean ere.

    Bigarren atalaren xedea, berriz, demandaren oinarriak zehaztea da. Horretarako, lehenbizi, egitateen deskribapen bat egiten da ahalik eta era argi eta zehatzenean. Atal honetan ezingo dira kontziliazio egintzan adierazitakoak ez diren beste egitate batzuk aipatu. Ezagutzen diren guztiak azaldu beharko dira, aurrerago ezingo baitira alegatu. Lan arloko prozeduran, ordea, ez dira zertan eskaeraren oinarri gisa balio dezaketen zuzenbideko oinarriak zehaztu. Baina lan arloko demanda berezi batzuetan -esaterako arazo kolektiboen inguruko demandaren kasuan eta baita hitzarmen kolektiboak aurkaratzeko demandetan-, beharrezkoa da horien inguruko deskribapen labur bat eskaintzea.

    Jarraian, demandaren funtsezko zatia dator, hau da, eskaera edo gaztelaniaz “suplico” deritzona, hain zuzen ere. Atal honetan adierazten da zer den zehazki eskatzen dena. Beraz, esan genzake atal honetan zehazten dela demandaren xedea.

    Azkenik, “beste batzuk” atalean, eskaera osagarriak egiten dira, eta amaitzeko, data eta sinadura gehitu behar dira.

    Demandaren ereduak euskaraz justizia.net-en aurki daitezke: http://www.justizia.net/JustiziaNet/liburutegia/abokatuen-ereduak. Horretaz gain, “Prozedura-zibileko idazki-ereduak” eskuliburuan ere aurki litezke mota eta gai ezberdinetako hainbat demanda-idazkien eredu.

  10. Josebe Zarautz
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:29(e)tan | #10


    Demanda-idazkia

    ___________________________________________________________

    Demanda auzi-prozesuari hasiera ematen dion dokumentu idatzia da; izan ere, horren bitartez akzio-eskubidea egikaritzen hasten da, norbaiten kontra zerbait eskatzeko uziaren bidez. Uzi hori egintza batzuen edukia da, eta lehenengoa demanda da. Demandan hasten da demandanteak uzia tarteratzen duenean, eta hori demanda-idazkiaren bidez egiten da.

    Demanda-idazki horrek hainbat ukanbehar formal bete behar ditu. Izan ere, lehen esan denez, demanda idatziz aurkeztu beharko da, eta demandaren dokumentuak egitura jakin bat jarraitu behar du. Oro har, lau atal izango ditu:

    1. Elementu subjektiboen atala: Dokumentuaren zati honetan, aipatu behar da batetik, zein organo judiziali zuzentzen zaion idazkia, eta, bestetik, bi alderdien identifikazio-datuak, ondo zehaztuta zein den demandatzailea eta zein demandatua. Horrez gain, adierazi behar da zein abokatu eta prokuradore izendatu diren.
    2. Oinarrien atala: bigarren zati honetan egitateak modu argian zehaztu eta adierazi behar dira, baita demandari euskarria ematen dioten zuzenbideko oinarriak ere.
    3. Eskariaren atala (petitum deritzona): demandaren zati garrantzitsuena da hau; izan ere, bertan zehazten da “zer eskatzen den”. Eskari hori argi, zehatz eta labur azaltzea komeni da.
    4. Bestelakoen atala: azken puntu honetan eskaera osagarriak gaineratuko dira.
    5. Demanda-idazkia amaitzeko, azkenik, data eta sinadura ezarri behar dira.

    Horiek dira, bada, demanda-idazkiaren osagai eta baldintza nagusiak. Euskarazko eredurik kontsultatu nahi duenak, bi baliabide hauetara jotzea du:

    http://www.justizia.net/JustiziaNet/liburutegia/abokatuen-ereduak
    • Prozedura Zibileko idazki- ereduak

  11. Irati Zufiria
    2014(e)ko apirilaren 25a 08:26(e)tan | #11


    Erregistro Zibileko testuak euskaraz

    ___________________________________________________________

    Erregistro Zibila erregistro publiko bat da, eta bertan pertsonen gertaera zibil guztiak bideratzen dira, ezkontzak, jaiotzak, izen-abizenak… Erregistro motak hiru dira, udal erregistroak, erregistro zibil zentrala eta erregistro kontsultarrak. Bakoitzak eragin eremu ezberdina du, baina guztietan izapide berdintsuak egiten dira. Erregistro zibileko ardura udal- epaileei edo eskualdeko epaileei dagokie. Erregistro zibil batekin harremanetan jartzeko modu asko daude: telefonoz, faxez, posta elektronikoz… eta espedienteak eta ziurtagiriak doan egiten dituzte. Erregistro zibileko legedia web-gune honetan kontsulta daiteke: http://www.justizia.net/JustiziaNet/erregistro-zibila.

    Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, erregistro zibilak lehentasunezkoak dira, zeren eta herritarrek zuzeneko harremanak baitituzte justizia administrazioaren zerbitzu honekin. Hori dela eta, bertan lan egiten duten langileek ondo jakin behar dute euskaraz. Baina, ez bakarrik hitz egiten, gainera informatika prozesuak eta erregistro-liburuak ere kudeatu behar dituztelako bi hizkuntzetan.

    Ildo horretatik, Erregistro Zibilak aldaketa asko izan ditu, eta dokumentu eta baliabide gehienak euskaratu dira. Horretarako, Euskaltzaindiak emandako gomendioak eta Hiztegi Batuko proposamenak kontuan hartu dira, eta lege-testuak horren arabera egokitu dira. Terminologiaren aldetik ere aldaketak egin dira; horretarako, idazkunei eta liburu-motei eman diete arreta berezia eta erregistro zibilak dituen bereko hitzak eta erabilerak kontuan hartu dira.

    Alor honetan bereziki aipagarria da Deustuko unibertsitateak egindako lana. Izan ere, bertan argitaratu dituzten eskuliburuen bidez, zuzenbide zibila euskaratzeko sistemari batasuna emateko ahalegin nabarmenak egin dituzte. Horrekin batera, testu horiek herritar guztiek ulertzeko modukoak izan daitezen, gai honen inguruko hiztegia ere sortu dute.

    Erregistro Zibila erregistro juridiko da, hau da, administrazio orokorretik kanpo dago, horregatik hizkuntza ofiziala gaztelania du, baina ahalegin asko egin dira euskara bertan txertatzeko. Horri esker, gaur Erregistro Zibilera doazen herritarrek, izapide guztiak euskaraz ere egin ditzakete

  12. Sandra Bernardos
    2014(e)ko apirilaren 23a 14:22(e)tan | #12


    Testamentua

    ___________________________________________________________

    Oinordetzaren figura Espainiako Konstituzioan dago jasota, zehazki, 33. artikuluan. Horren arabera, oinordetza hildakoaren jabetzak eskualdatzean datza, beraz, oinordetza-legeriak hil egin den pertsona dituen pertenentziak beste pertsona baten edo gehiagoren eskuetara pasatzeko baldintzak eta prozedura zehazten ditu. Baldintza horietako batzuk testamentua izeneko dokumentuan jaso daitezke. Testamentua, “Mortis causa” berezitasuna duen dokumentua da, izan ere, ezin da publiko egin edota aplikatu testamentugilea bizirik dagoen bitartean. Kode Zibilaren 667. artikuluan ondo azaltzen da testamentuaren zeregina “Testamentu deritzo norbaitek, bere heriotza gertatu eta geroko, bere ondasun guztiak edo batzuk xedatzeko gauzatzen duen egintzari”. Testamentuan, bi subjetuak izango dira: Kausatzailea eta oinordekoa. Kausatzailea, hiltzen den pertsona da eta oinordekoa kausatzailearen ondasunak eskuratzen dituen pertsona izango da.

    Artikulu horretan bertan zehazten dira testamentuaren ezaugarri nabarmenenak:

    -Negozio juridikoa da: Egintza juridikoen ikuspegitik, negozio juridiko deritzo testamentuari; izan ere, hilda dagoen pertsona dituen ondasunak eta oinordekoen datuak jasotzen dituen dokumentu juridikoa da.
    -Pertsona fisikoak emandakoa: alegia, testamentua pertsona fisiko batek egina izango da, ez, adibidez, enpresa edota bestelako pertsona juridiko batek egina.
    -Heriotza egitate juridikotzat: Testamentua kausatzailea hil aurrekoa dela ziurtatu behar da.
    -Herentzia: Kausatzaileak dituen ondasunen multzoari deritzo herentzia; era guztietako ondasunek osa dezakete ondare hau.
    -Xedatzeko borondatea: Testamentugileak zehazten du nola banatuko diren bere ondasunak.

    Testamentua librea izango da, hau da, norberak erabakiko du egin ala ez. Bestalde, unipertsona eta pertsonala izango da, beraz, pertsona bakar bat egin beharko du eta berak bakarrik egingo du salbuespenezko kasu batzuetan izan ezik. Testamentua dokumentu formala eta errebokagarria da, hau da, kausatzaileak edozein unetan alda dezake, baina, lehen esan denez, kausatzailea hil ondoren ezin da aldatu.

    Hala ere, mota ezberdinetako testamentuak daude: Testamentu arrunta eta bereziak. Testamentu arrunten barruan, olografoa, testamentu irekia eta testamentu itxia egondo dira. Testamentu berezien barruan, militarra, maritimoa eta atzerrian egindako testamentuak egongo dira. Testamentu hauen guztien berezitasunak Kode Zibilean argitzen dira.

  13. Miren Belloso
    2014(e)ko apirilaren 22a 15:25(e)tan | #13


    Administrazio-idazkien berritzea eta estandarizazioa

    ___________________________________________________________

    Askotan esan ohi da administrazioko hizkera iluna, hots, herritarrek ulertzeko zaila dela. Izan ere, azken urteetan administrazioko testuen kalitatea hobetu bada ere, oraindik ugari samarrak dira testu korapilatsu eta nahasiak. Beraz, badago zer egina oraindik administrazio-idazkien kalitatearen alorrean.
    Erronketako bat administrazio idazkiak berritzea da, eta, horrekin batera, idazkiak estandarizatzea. Hau da, alde batetik zaharkituak dauden administrazio idazkiei arnas berria eman behar zaie egungo garaietara eta egoerara egokituak egon daitezen, eta bestetik, antzekoak diren aministrazio idazkiak arau edo eredu baten arabera bateratu behar dira. Horren bidez administrazio-idazkien eraginkortasuna areagotu nahi da; alegia, testu horien hartzaileek erraz uler ditzatela. Horretarako, besteak beste, hizkera iluna eta ez-ohikoa saihestu, eta hizkera-eredu funtzional eta argia proposatu beharko da. Horrek, funtsean, hiru baldintza eskatzen ditu: sinplifikazioa, batasuna eta, zehaztasuna zein argitasuna.
    Lehenengo baldintzari dagokionez, helburua da idazkietan funtsezkoa baino ez jasotzea. Alegia, ezinbestekoa ez dena saihestea, gehiegizko informazioa oztopo izan daitekeelako testua ondo ulertzeko.

    Bigarren baldintzari dagokionez, berriz, helburua da administrazio edo eragile desberdinek modu bateratuan sortzea dagozkien testuak. Horrela saihestuko da erakundearen edo langilearen arabera, herritarrak eredu ezberdinak jasotzea, eta langileak ere ez du beti egokitu beharko bere jarduna lanpostuz aldatzen bada.
    Hirugarren baldintzari dagokionez, azkenik, helburua da segurtasun juridikoa bermatzea. Izan ere, testuak argiak eta zehatzak ez badira, gaizkiulertuak eta orotariko akatsak eragin daitezke. Zailena zehaztasunaren eta argitasunaren arteko oreka bilatzea da, alegia, zehaztasunak ez dezala testua ilundu, eta argitasunak ez dezala zehaztasunaren aldetik galera eragin.

    Zorionez, euskaraz lan handia egin da ildo honetan, eta ugariak dira testuak berritu eta estanadaritzatzeko sortutako baliabideak. Horietako asko IVAPek argitaratu ditu liburu formatuan: Hizkera Argiaren Bidetik, Argi idazteko bideak, Argiro, IVAPeko Estilo Liburuak… Horiez gain, oso tresna baliagarria da Aitor Gorostizak bere esperientziatik idatzitako beste lan hau ere: Administrazio idazkiak berritzeko eta estandaritzako teknikak. Bertan, beste gauza askoren artean testuen kalitatea bermatzeko funtsezkoak diren hainbat jarraibide zerrendatzen dira. Hona hemen jakingarrienak:

    – aukeran hitz laburrak eta ezagunak erabiltzea
    – esaldiak beharrik gabe ez luzatzea
    – egitura pasiboak ez gehiegi erabiltzea
    – esaldi berean ezezko egitura gehiegi ez sartzea
    – esaldi laburrak erabiltze perpaus gehiegizko esaldiak baino
    – aposizioak ez pilatzea
    – esaldian informazio nagusia aurreratzea
    – erlatibozko kate luzeegirik ez egitea
    – aditza leku logikoan kokatzea
    – kontuz egotea erdarazko gerundio okerren kalkoekin
    – errepikapenak erabiltzerakoan neurriz eta beti kohesioa indartzeko
    – testu antolatzaileak erabiltzea
    – puntuazioa egoki erabilitzea idazkiek kohesio handiagoa izan dezaten
    – diseinu argi eta funtzionala izatea
    – lerroaldeak egituratzea
    – zerbait ulertzen zaila delarik adibideak ematea
    – hizkera gaiari egokitzea

    Irizpide hauei buruzko xehetasun gehiago helbide elektroniko honetan daude eskuragarri.

  14. Iñaki Perez
    2014(e)ko apirilaren 7a 10:16(e)tan | #14


    Zigor Zuzenbideko Testuak Euskaraz

    ___________________________________________________________

    Gaur egun zigor zuzenbidearekin erlazionatuta dauden hiru lege-testu nagusiak eskuragarri ditugu euskaraz ere: Zigor Kodea, Adingabeen Legea eta Prozedura Kriminalaren Legea. Testu hauek lege organikoak dira baina, sorburuz, gaztelaniaz idatzi ziren, eta ondoren euskarara itzuli.

    Horrez gain, prest daude, halaber, zigor arloko epaitegietan jarduteko behar diren orotariko dokumentuak ere. Dokumentu horiek Justizia.net webgunean daude eskegita. Horien artean, mota askotakoak daude: adingabeen fiskaltzakoak edo adingabeen epaitegikoak, adibidez.

    Alabaina, dela lege-testuak ulertzeko orduan, dela epaitegietako dokumentuak osatzean ohikoa da zalantzak izatea hizkera juridikoarekin edo terminologiarekin. Laguntza gisa hainbat webgunek eskaintzen dizkiguten baliabideak erabil litezke. Horien artean bi nabarmendu daitezke: Justizia.net eta Euskalterm, bietan erraz kontsulta baitaitezke, batez ere, lexiko espezializatuarekin zerikusia duten zalantzak.

    Beraz, Zigor Zuzenbidearen alorrean funtsezko diren baliabideak baditugu euskaraz ere; baita zalantzak kontsultatzeko guneak ere. Dena den, oraindik ez daude euskaraz emanak alor honetako lege nagusi guztiak, eta epaitegiei dagokienez, oraindik ez da oso ohikoa demandak eta bestelakoak euskaraz egitea, nahiz eta prozedurako dokumentu guztiak euskaraz (ere) egiten diren epaitegietan beti.

  15. Diana Tejedor
    2014(e)ko apirilaren 1a 14:20(e)tan | #15


    Zigor Zuzenbideko Testuak Euskaraz

    ___________________________________________________________

    Legeak sortzean legegileek gaztelania erabiltzen dute lehen hizkuntza, eta, horren ondorioz, lege-testuetan euskara itzulpen hizkuntza da ia beti. Dena den, denborarekin euskara gero eta gehiago erabiltzen da bai legegintzan eta baita epaitegietan ere. Jakina denez, zuzenbidearen jurisdikzio nagusietako bat zigor arloa da. Eta alor honetan ere gero eta ohikoa da euskara erabiltzea. Baina, zer baliabide ditugu alor honetan euskaraz aritzeko? Zerrenda ditzagun erabilienak.

    Zigor kodea: Hauxe da, zalantzarik gabe, Zigor Zuzenbidearen lege garrantzitsuena. Kode honek gizartearen elkarbizitzako oinarrizko balio eta printzipioak babesten ditu, eta nolabaiteko zigorra merezi duten arau-hausteak zehazten ditu.

    Adingabeen legea: adingabeen portaerak arautzen dira lege honetan eta hauek horiekiko hartu beharreko erantzukizun penala. Lege honen jomuga adingabeen legez kanpoko jokabideak dira.

    Prozedura kriminalaren legea: Prozedura Kriminala arautzen du, alegia, delitutzat jotzen diren portaerak epaitzeko prozedura zehazten du.

    Hiru testu hauek euskaratzeko lan handia egin behar izan da, lege-testu sakonak direlako. Itzulpena egitean terminologia zaindu da bereziki. Terminologia hori hainbat hiztegi edo web-gunetan dago jasota. Hemen horietako bi:

    http://testubiltegia.ehu.es/Zuzenbide_Penaleko_Ikasgaiak/eg.pdf
    http://www.justizia.net/uzei/default.asp?idioma=eu
    – Euskalterm

    Hiru lege horiek ez dira, noski, zigor arloan arautzen duten bakarrak. Alabaina, ez daude guztiak euskaraz emanak. Horrek esan nahi du, oraindik ere badagoela zer egina alor honetan. Hala ere, ezin da ukatu funtsezkoenak behintzat baditugula.

    Kontuak kontu, gogoan izan behar da ez dela lan erreza gaztelaniako lege bat euskaraz ematea; beraz, gonbidatzen zaituztet legeak euskaraz erabiltzera, bestela, zertarako eskatu beste lege batzuk euskaraz emateko?

  1. Momentuz aipurik ez.