Aurkezpena

2013(e)ko irailaren 2a

KOMUNIKAZIORAKO GAITASUNAK ZUZENBIDEKO GRADUAN

 

atahualpa_header_1.jpg

Zuzenbideko Graduari euskarri ematen dieten dokumentuen arabera , komunikaziorako gaitasunak (horien artean barne hartuta dokumentazioaren ulermen eta interpretazioarekin, ahozko eta idatzizko adierazpenarekin, zein pertsonarteko komunikazioarekin zerikusia dutenak, oro har) funtsezkoak dira Zientzia Juridikoen alorreko tituludunei testuinguru akademiko, profesional eta sozialean dagozkiekeen jarduerei eraginkortasunez aurre egiteko. Beraz, ezinbestekotzat jotzen da unibertsitateko egonaldian trebetasun horiek sustatzea, lantzea eta ebaluatzea. Izan ere, bai Elkargo profesionalek eta baita alorreko etengabeko prestakuntzan nolabaiteko ardurak dituztenek maiz nabarmentzen dute gaitasun hauek eginkizun eta garapen profesionalean duten garrantzia . Horiekin guztiekin bat datoz, halaber, Zientzia Juridikoak irakasteko metodologiaren inguruko zenbait aditu ere. Are gehiago, aditu batzuen ustez, komunikazio gaitasunak Zientzia Juridikoen alorreko ikasketa-planen helburutzat baino areago, ikasketa-prozesuaren beraren bitarteko eta eragiletzat hartu beharko lirateke.

Horiekin guztiekin bat datoz, halaber, Zientzia Juridikoak irakasteko metodologiaren inguruko zenbait aditu ere. Are gehiago, aditu batzuen ustez, komunikazio gaitasunak Zientzia Juridikoen alorreko ikasketa-planen helburutzat baino areago, ikasketa-prozesuaren beraren bitarteko eta eragiletzat hartu beharko lirateke. Bestalde,  hau bat dator UPV/EHUk sustatzen duen IKD ikaskuntza aktibo eta kolaboratzailearen ikuspegiarekin; eta, ez hori bakarrik, irakaskuntza-eredu aktibo eta parte-hartzaileetan komunikaziorako gaitasunen araberakoa izan daiteke, hein handian, ikaskuntza-prozesuaren arrakasta zein porrota. Izan ere, metodologia aktiboetan funtsezkoa, ezinbestekoa eta kritikoa da ikasleek izango duten komunikaziorako gaitasuna.

Ildo berekoak lirateke beste lan hauek ere: A Practical Guide to Lawyering Skills (Boyle et al., 2005), Libro de Estilo Garrigues (2006),  Legal Skills (Finch y Fafinski, 2007), Manual de Comunicación Persuasiva para Juristas (2008), Legal Method, Skills and Reasoning (Hanson, 2010), How to Do Things with Rules (Twining y Miers, 2010), La Comunicación Académica y Profesional (Llamas et al. 2012), El Abogado Eficaz (Estadella del Pino, 2012), Escribir Bien es de Justicia (2012), eta abar. Horiek guztiek agerian uzten dute Zientzia Juridikoen alorrean jarduteko funtsezkoa dela unibertsistateko egonaldian eskuratzea a) komunikaziorako gaitasun aurreratuak, b) alorreko testu-generoen ezagutza praktiko zabala eta c) hizkera juridikoaren ezagutza funtzionala eskuratzea.

Bestalde, badira beste lan batzuk ohartarazten gaituztenak komunikaziorako gaitasunek berebiziko garrantzia hartu dutela harremanetarako, lanerako eta ikaskuntzarako teknologia digitalek sortutako ingurune berrietan. Horien artean lan hauek aipa daitezke: Legal Education in the digital Age (Rubin, 2012), Las TIC al servicio de la docencia del Derecho el marco del EEES (Cerrillo eta Delgado, koord. 2011),  Docencia del Derecho y tecnologías de la información y la comunicación (Cerrillo eta Delgado, koord. 2010), Komunikazio Elektronikoa: IVAPeko gomendioak  (IVAP, 2013) eta Comunicación Digital Eficaz y Legal (Álvarez eta San José, 2013).

Beste lan batzuek, azkenik, herritarrek aitortua duten “Ulertzeko Eskubidea” aldarrikatu, eta Zientzia Juridikoen alorreko profesionalei gogorarazten diete ardura berezia dutela hizkuntza modu argi eta ulergarrian erabiltzeko bai lege-testuetan eta baita orotariko dokumentu zein komunikazio juridiko edo administratiboetan. Ardura berezia eskatzen zaie, noski, dokumentu horiek herritar xehei zuzenduak badira. Aldarrikapen hori lan hauetan jasotzen da, besteak beste: Modern Legal Drafting. A Guide to Using Clearer Language (Butt, 2011), Plan Estratégico de Modernización de la Justicia 2008-2012 (Espainiako Justizia Ministerioa, 2008), Informe de la Comisión de Modernización del Lenguaje Jurídico del Consejo General del Poder Judicial (Espainiako Justizia Ministerioa, 2011), EAEko Justizia Administrazioa modernizatzeko eta euskalduntzeko jarrera integrala (Eusko Jaurlaritza, 2007), Justizia Sailaren Hizkuntza-normalizaziorako Plana 2008-2017 (Eusko Jaurlaritza, 2008) eta abar.

Horrela, bada, Zientzia Juridikoen alorreko tituludunek unibertsitateko egonaldian alorreko espezialitate-hizkeraren bereizgarriez jabetzeaz gain, berariazko gaitasunak garatu beharko dituzte testuinguru komunikatiboen eskakizunen arabera hizkuntzaren erabilera egokitzeko. Erronka horiei erantzuteko, inguruko unibertsitateetan hainbat baliabide eta ekimen jarri dituzte abian, komunikaziorako gaitasunak Zientzia Juridikoen alorreko ikasketa-planetan txertatzeko eta zeharkako gaitasun gisa modu sistematikoan lantzeko. Ekimen horien artean hauek aipa litezke: Bartzelonako Unibertsitateak berriki argitaratu duen Tècniques de treball y de comunicació per a les ciénces jurídiques i socials eskuliburua (2011), Pompeu Fabra Unibertsitateak sarean garatu duen Centro de Redacción Virtual para las Ciencias Jurídicas izeneko gune birtuala (2008) eta Deustuko Unibertsitatearen Propuesta para la Evaluación de las Competencias Genéricas lana. Ekimen horiek eleaniztasunari begirako lehen urratsak ere emateko bidea erakusten dute, azken orduko hainbat lanek iradokitzen dutenaren ildotik (Alcón eta Michavilla, 2012; Ezeiza, 2009; eta abar.).

Horrenbestez, Zientzia Juridikoen alorreko tituludunen prestakuntzaz, jardunaz eta garapen profesionalaz arduratzen diren ikuspegi berritzaileenak bat datoz, eta aho batez aldarrikatzen dute alor honetako ikasketa-planetan komunikaziorako gaitasunen planifikazioa, trataera eta ebaluazioa sistematizatu beharra. Aldarrikapen hori jasoa dago, bestalde, 2010/11 ikasturtean UPV/EHUn abian jarritako Zuzenbideko Graduaren titulazioaren diseinuan. Eta, itxura denez, aldarrikapen horrek izan du oihartzunik, halaber, bai inguruko beste unibertsitate batzuetako ikasketa-planetan (Deustuko Unibertsitatean, Bartzelonako Unibertsitatean, Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta abar), eta, bereziki, eremu anglosaxoikoetan. Hala erakusten dute aurreko lerroetan aipatu ditugun lanek, ekimenek eta baliabideek.

Testuinguru horretan, UPV/EHUren Zuzenbide Fakultateko irakasle-talde batek IusKom berrikuntza-taldea sortu, eta blog hau jarri dugu martxan gaiaren inguruko informazioak, iritziak, esperientziak eta proposamenak zabaltzeko. Blog hau HBP/PIE-6533 kodea duen Berrikuntza Proiektuaren emaitzetako bat da, eta UPV/EHUren Kalitate eta Ikasketa Berrikuntzako Errektoreordetzaren laguntza jaso du 2012-14 deialdian.

 

 

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.