IXA group

ixa.eus

“Itzulbide” ikerketa-proiektua

Gaur egungo gizartean hizkuntzen arteko itzultzaile tresna automatikoak erabiltzea arrunta eta orokorra da. Euskal Herrian hizkuntzaren prozesamenduan ibilbide eta esperientzia zabala du EHUko Ixa taldeak. Testuinguru honetan, arlo klinikora egokitutako tresna bat garatzeko aukera ikusi dute EHUk eta Osakidetzak itzulpen automatikoan sare neuronalek ekarritako paradigma-aldaketagatik eta inoiz baino baldintza hobeak daudelako horretarako, bai baldintza sozialak (euskaraz ahoz eta idatziz lan egin nahi duten langile elebidunen gorakada eta unibertsitatean prestakuntza euskaraz jasotako gazte euskaldun prestatuak), bai teknologikoak ere.

Itzulpengintza ez da – ezta itzultzaile automatikoen garapena ere– helburu bat inongo Euskara Planetan, baizik eta bitarteko bat edo baliabide bat. Euskara Planen helburua da, baita Osakidetzarena ere, euskararen presentzia eta erabilera handitzea eta, frogatu beharra dago tresna honek lagunduko ote duen helburu horretan. Izan ere, Itzulbide ikerketa-proiektu bezala abiatu da eta hipotesi bat du oinarrian: itzultzaile sistema arruntari erakusten bazaio arlo klinikoan nola itzuli, etorkizunean itzulpen tresna azkar eta fidagarria izango dugu. Hipotesi hori betetzen ote den ikusiko da urte batzuk barru.

Proiektua 2019ko ekainean hasi zen eta hasita daude proiektu honen sustatzaileak (EHUko Ixa Taldea eta Osakidetzako Itzulbide lantaldea) zentroz zentro proiektuaren aurkezpen irekiak egiten profesionalen iritzi eta zalantzak argitzeko eta bertatik bertara profesionalen ekarpenak jasotzeko. Testu hau erredaktatzeko unean espezialitate eta kategoria ezberdinetako 68 profesional zeuden proiektuan kolaboratzen, testu kliniko elebidunak sortuz. Animo eta eskerrik asko parte-hartzaile guztiei!

“Itzulbide” izeneko Itzultzaile automatikoaren proiektuak ez ditu oztopatzen ezta baldintzatzen ere Osakidetzaren Euskara planean gaur egun jasotako helburu espezifikoak eta normalkuntza neurriak.

Baliagarria dela frogatzen bada, Osakidetzaren informazio-sisteman txertatuko da tresna, baina, horretaz gain, tresna honen garapena osasun arloko komunitate osora heda liteke (enpresa publiko eta pribatuetako profesionalak, farmazialariak, unibertsitateko eta unibertsitatez kanpoko osasun arloko ikasle eta irakasleak, egoiliarrak, elkarte profesionalak) eta euskararen esparru geografiko osora. Euskara ikasten ari diren profesionalentzat ere tresna lagungarria izan daiteke. Laburtuz, Itzulbideren balizko erabilera historia klinikotik haratago joan liteke.

Era honetako proiektu batek zalantzak sor ditzake, baina froga dezagun eta neur dezagun tresna honek Euskara Planaren helburuetara hurbiltzen gaituen; eman diezaiogun aukera bat Itzulbideri.

EHU-Ixa taldeko eta Osakidetzako Itzulbide lantaldea

Leave a Reply

 

 

 

You can use these HTML tags

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>