Euskara

Jueves, 8 de Febrero de 2018

I ZIRKULARRA

 

Lagun agurgarriak,

Idazki honen bidez, Bartzelonan (2010), Madrilen (2012), Zaragozan (2012) eta Valentzian (2016) garatutako lanari jarraipena eman nahian, Historia Garaikidearen Unibertsitate arteko V. Doktoretza Jardunaldiak, Bilbon, 2018ko ekainaren 28an eta 29an, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bizkaiko Esperientzia Geletan ospatzea aurreikusita dagoela komunikatu nahi dizuegu. Jardunaldi hauek Historia Garaikidearen Unibertsitate arteko Doktoretza Programaren barneko prestakuntza-ekintzen parte izanik, unibertsitate desberdinetako doktoregai denak elkarretaratze honetara gerturatzera gonbidatzen zaituztegu; horrela, gure ikerketa jardueraren lanen partekatzea eta eztabaida emankorren garatzea ahalbidetzeko.

Ezaguna denez, gure doktoretza programa gai eta ikerketa lerro oso ezberdinez osatua dago. Honenbestez, lan mota hain ugariak egonda, topaketa hauetan ikuspegi zabaleko gaia ezartzea izan da gure aburua. Hala, batzorde antolatzaile honek iraganeko iturrien hausnarketara eta eztabaidara deitu nahi zaituzte. Jardunaldien V. edizio honi Iraganeko Aztarnak azpititulua jarri diogu. Iragana, aztarna gisa, puskatua eta materia arrasto bezala iturrietan irudikatua azaltzen baitako gugan. Beti osatu gabe azaltzen den iragan horrek, orainaldian historialaria behar du berriz berreraikia izateko, osatua izateko, huts horiek bete ahal izateko eta materia ulergarria bihurtzeko. Pitxer apurtu baten zatiak bat egiten dituen itsasgarria balitz bezala, gure interpretazioek hutsune horiek betetzen dituzte. Behin berreraikia, iraganak gure gu-a gainditzen du, gure garaiari zentzua emanez eta etorkizuneko historialariak interpelatuz.

 

Laburbilduz, deialdi orokor honen muina aribidean dauden ikerketa aniztasun horien, eta berauen sostengatu diren tipologia dokumental denen, arreta erakartzea da. Jardunaldi hauek iturri desberdinak ezagutzeko eta, bakoitzak komunzki erabiltzen dituenekin batera, kontrastean jartzeko aukera ezin hobea izango dela deritzogu, baita iragan iheskor horrekiko gure ikuspuntua zabaltzeko ere. Horrexegatik, historia garaikidearen ikerketarako erabiltzen diren iturri tipologia desberdinen inguruko komunikazio proposamenak jaso nahiko genituzke: artxiboko dokumentazioa, ahozko historia, prentsa, literatura, zinema, arte plastikoak eta abar. Formatu honek, iturri bakoitzaren maneiuan ager daitezkeen zailtasun eta baita beraien ahalmen informatiboaren inguruko elkarrizketa interesgarriak sorrarazi ditzakela sinisten dugu.

 

Planteamendu zabal hau zehazteko asmoz, V Jardunaldiek honako estruktura izango dute: mahai-inguru/tailer desberdinak antolatuko ditugu, non tipologia dokumental desberdinak taldekatzen saiatuko garen. Mahai-inguru/tailer hauek komunikazio proposamenak jaso ondoren eratuko ditugu. Bestalde, Jardunaldietan partehartzeko moduari dagokionez, bi modalitate egongo dira: entzule bezala bertaratzea edo komunikazio bat aurkeztea mahai-inguru/tailer batetan. Horretarako, ezinbestekoa izango da aurretiko inskripzioa (zehaztasunak zirkular honen amaieran daude).

 

Jarraian, komunikazio bidezko partehartzearen inguruko baldintzak zehaztuko dira: Batzorde antolatzaile honek, komunikatzaile bakoitzak iturri-dokumental tipologia bat aukeratzea proposatzen du —tesian zehar erabiltzen den bat izatea iradokitzen dizuegu—. Komunikazioa nahitaezko bi alderdiren baturan oinarrituko da: lehenik, hautatutako iturriaren inguruko hausnarketa teoriko-metodologikoa, eta bigarrenik, ariketa analitiko labur bat non azaldutako ikuspuntua praktikara eramango den. Gure proposamen honek ikuspuntu analitikoak azpimarratzea eta eztabaida sustatzea du helburutzat. Gogotsu animatzen zaituztegu edozein iturri tipologia aukeratzera, gure xedea historiografiarekiko ditugun ikuspegien partekatzean oinarritzen da eta. Halaber, komunikazioak work in progress formatuan aurkeztea komenigarria izango litzakete. Hots, azalpen edo ondorio itxiak beharrean, erantzunak irekiak izatea, horrela gure hipotesiak kontrastatu ahal izateko. Batzorde antolatzaile honek ideiak partekatzea eta posizio ezberdinak eztabaidatzea aberasgarriagoa dela deritzo. Hortaz, arren eskatzen dizuegu aurkeztuko diren komunikazioak 10 minutuko denborara mugatzea, esku-hartze desberdinen gehiegizko luzapena ekiditeko.

 

V Jardunaldietan inskripzioa egiteko, erantsitako izen-emate orria bete egin behar duzue (Izen-emate orria) eta, martxoaren 31a (barne) baino lehen, ondorengo helbidera bidali: jornadasdoctoralesehu2018@gmail.com. Inskripzioa doakoa da. Batzorde antolatzaileak komunikazioa aurkeztu nahi dutenei, izen-emate orrian 500 eta 1.000 arteko hitzezko abstract-aren eskakizuna egitea erabaki du. Hauek, izenburuekin batera, jardunaldiaren web-orrialdera igo egingo dira, jasotako proposamenak aditzera emateko eta eztabaidaren parte-hartzea aldez-aurretik pizteko.

 

Hurrengo zirkularretan programaren norakoak xehatzen joango gara. 

 

Besarkada bat,

Batzorde Antolatzailea

Comentarios cerrados.