Ubunturekin lanean

Atzo hasi ginen berriz lanean Donostiako Irakasleen UEko 2.1 gelan, “Teknologi-Berrien Gela” deiturikoan (errotuloaren arabera), eta J.G. del Sol @jgdelsol teknikariari esker prest genituen ordenagailu guztiak Ubunturen bertsio eguneratuan jarduteko.

Ordenagailu gelan lan egiteko, beti bezala, musika jarri, TweetDeck zabaldu eta “Hizkuntza eta Teknologia” irakasgaiko proiektuetan aritu zinen ikasle-taldeak. Soilik agindu bat gelan sartutakoan: “Abiatu ordenagailuak Ubuntun“. Hortik aurrera, azalpen puntual txikiak kenduta, Linuxeko sistema eragile hau erabiltzen hasi ginen, hemendik aurrera beti zabalduko duguna gela horretan.

Ubuntun lanean. Argazkia: @jgdelsol Twitterren

ZERGATIK UBUNTU?

A ze galdera! Arrazoi ugari dago Ubuntu erabiltzeko:

  • Ubuntu software askeko sistema eragilea da. Aurreko sarreran teknologia libreen garrantziaz aritu nintzen eta ahal dugun neurrian software librea erabiltzeko konpromisoa hartu behar dugu hezitzaileok. Software askeak libreago egiten gaitu, ez ditugu ikasleak teknologia enpresen meneko egiten.
  • Ubuntu euskaraz dugu. Software askeak horretarako aukera ematen du, Microsoft-ek edo Apple-k onespena eman beharrik gabe. Librezaleen lana, esaterako, oso eskertzeko modukoa da software librearen itzulpengintzan.
  • Ubuntu oso sistema eraginkorra da. Ez du zerikusirik Windows motelarekin, ez du antibirusik behar eta oso prozesatze jariakorra du. Netbook-etan, esango nuke ezinbestekoa dela Windows kendu eta Ubuntu jartzea, ordenagailu txiki horiek ez baitute potentzia handirik eta oso, oso desesperatzekoa da Windowspean lan egitea eurekin. Eskola 2.0ko ordenagailuetan Windowspean lan egitea etsigarria da; Ubunturekin askoz biziago doaz.
  • Teknologikoki oso jantziak ez gaudenok ere erraz erabiltzen dugu. Ikastarorik gabe ere has gaitezke erabiltzen (nahiz eta hasieran eskertzen den aldamenean norbait izatea laguntzen). Gauzak leku desberdinetan daude baina ez da zaila deskubritzen.
  • Osasuntsua da sistema eragile desberdinetan trebatzea. Elebitasunaz esaten dugun bezala, software desberdinak erabiliz hobeto ulertuko dugu zein den software horren funtzionamendua, gure gaitasun teknologikoa handiagoa da sistema eragile desberdinak erabiltzen trebatuta. Adibidez, atzo ikasle batzuek lehen aldiz erabili zuten Libre Office, eta hainbat eragiketa Office-n dauden lekuan bilatzen hasi eta ez zituzten ikusten; baina laster ikusi zuten berez ez dela horren desberdina, besterik gabe eragiketa batzuk ez daude “esperotako” lekuan. Horrek animatu zituen esploratzera, “ez dut aurkitzen baina nonbait egon beharko!” horrek asko trebatzen du teknologiaren ulermenean.
  • Ubuntu software askea denez, ez da lizentziarik ordaindu behar instalatzeko. Hau da: doakoa da pirateatu beharrik gabe. Ordenagailuan software guztia erabat legala izan dezakegu, sosik ordaindu gabe.

Beno, ez dakit zergatik zabiltzan oraindik Windows erabiltzen!!!

 

ZER DA UBUNTU?

Gainera, Ubuntu hitza hezitzaileontzat oso esanguratsua da. Hegoafrikako hitza da jatorriz, zulu eta xhosa hizkuntzetan bere esanahia da “ni naiz zuek zaretelako”. Berez bizitzaren planteamendu filosofikoa da eta adierazten du bizitzan denok batera egin behar dugula aurrera, inor zanpatu gabe eta inor atzean utzi gabe. Hau da normalean Ubunturekin erlazionaturik agertzen den irudia:

Ubuntu

Ubuntu ipuinak kontatzen duen istorioa oso polita da. Tribu bateko haurrei esan zien misiolari batek lehena iristen zenak frutaz betetako saskia lortuko zuela. Lasterketa hastear zegoela, tribuko haurrek denek elkarri eskua eman eta batera egin zuten korrika helmugara iritsi arte. Hartara, denek irabazi zuten saskia eta denen artean banatu zuten. Hori da Ubuntu izpiritua.

Hitz ederra, ezta?

 

 

3 iruzkin honentzako: Ubunturekin lanean