Zer da JAKINTZA LIBREA? Zertarako IKTak?

Teknologia Irakaslearen Eskura jardunaldiak Bilbon

http://www.jakintzalibre.eus/

Datorren asteko ostegunean, 2015eko maiatzaren 7an, Bilbon egingo dira Jakintza Librearen V. Jardunaldiak: Teknologia Irakaslearen eskura eta saioetako bat dinamizatzera (edo akuilatzera…) gonbidatu naute (eskerrik asko!!!). Hementxe duzue egitarau osoa: http://www.jakintzalibre.eus/teknologia-irakaslearen-eskura-egitaraua/

Egitaraua

Egitaraua

Saioa 11:45etik 13:45era izango da, neure kasuan unibertsitateaz, gradu eta graduondokoez eta hezkuntza ez formalaz ariko gara hausnartzen.

 

ZER DA JAKINTZA LIBREA?

Jakintza librea materialak sarean argitaratzea da? Creative Commons lizentziak erabiltzea da? Hori, nire ustez, ondo dago baina oso pausu txikia da. Nik ez dut jakintza librea horrela ikusten. Niretzat, jakintza librea da elkarrekin eraikitzen dena eta ondorioz jaberik ez duena. Jakintza librea harreman horizontalekin dago lotuta, ez IKTen erabilerarekin… nahiz eta IKTak oso baliagarriak diren jakintza partekatzeko, trukatzeko, jende berria topatzeko eta eraikitzeko jarraitzeko.

Niretzat esaterako, MOOC bat (Massive Open Online Course) ez da jakintza librea, jakintza gatibua da, nahiz eta sarrera librekoa izan.

Niretzat, materialen bilgune bat ez da jakintza librea.

Niretzat, unibertsitatean transmititzen den jakintza ez da jakintza librea.

Orduan… zein leku izan dezakete IKTek jakintzak libreki eraikitzeko, Estatuaren egituren menpe egon gabe, Merkatuaren menpe egon gabe? Nola egin dezakegu lan ikasleekin eta ikasleengandik, horizontalki eraikitzeko jakintzak (jakintza zientifikoak, jakintza herrikoiak…)?

Saio honetan, esperientzia batzuk komentatuko ditugu, egiturak nola malgutu, nola egin lan ikaskuntza kooperatiboa alde batera utzi eta ikaskuntza kolektiboetara joz, nola joan lurralde eta ordutegiak espazio eta denbora bihurtzen…

Ea nora garamatzan saioak!

Comments are closed.