Ikasle “bereziak” ikasgela barruan ala ikasgelatik kanpo?

Hementxe gabiltza, berriz ere, Eusko Jaurlaritzako Prest Gara programan “Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan” ikastaroan lanean, eta partaide batek dilema bat planteatu du: euskaraz ez dakiten ikasleak ikasgelatik atera behar dira, euskara lantzeko?

Estrasburgeko eskola bat – El País egunkaria

Dilema honen atzean, segregazioa ezkutatzen da. Euskal Herrian hau ohikoa dela esan izan dudanean, zeharo harrituta geratu da jendea, ea hori salbuespen den, oso kasu berezietarako, eta nik ezetz, politika normala dela hori. Orduan, hizkuntza bat ikasteko, hizkuntza hori normalean hitz egiten duten pertsonengandik aldendu behar dira ikasleak? Bitxi samarra. Aparteko gela horrek gehiago du ghetto itxura, laguntza gelaren itxura baino: homogeneotasunetik aldentzen diren guztiak bildu egiten dira eta trataera bera ematen zaie, “bertako vs. atzerritar” taldekatzea eginez.

Askotariko ikerketak egin dira ea hobe den hizkuntza ez dakien jendea aparte jartzea ala ez, artikulu honetan adibidez laburpen bat egin du Paula Labianok:

Paula Labiano Ibero (2011). Nociones básicas sobre la educación bilingüe. Revista Arista Digital, 6, 182-189. http://www.afapna.es/web/aristadigital/archivos_revista/2011_marzo_18.pdf

Ikasgelatik kanpo/ikasgelaren barruan dilema gisa planteatzen da (abantailak/desabantailak), baina ahaztu egiten da hor beste kontu bat dagoela: ea ikasgelan dauden irakasleen irakats-praktika zein den. Horrek asko eragiten du erabakian, ze ikasgelan dagoen irakasleak ikasle horiek baztertzen baditu eta hala sentiarazten badie, beharbada hobe da lasai eta aparte egotea. Aldiz, ikasgelan dagoen irakasleak lan egiteko modu irekia baldin badu, hau da, “eskola inklusiboa” deritzon moduan egiten badu lan, adibidez, orduan suposatzen da ikasle horiek ikasgelaren parte izango direla eta euren aberastasun horretatik abiatuz euren ekarpenak egin ahal izango dituztela.

“Eskola inklusiboa” komatxo tartean jarri dugu gu ez gaudelako ados normalean zaku horretan jartzen diren praktikekin, baina agian klaustroan edo koordinazio-bileretan hitz egiteko baliagarria izan daiteke kontzeptu horretatik tiratzea. Irakasleak ez du zertan egin lan liburu batekin edo ahozko azalpen luzeak ematen, modu horretan zure ikasle horiek ezer gutxi ulertuko dute baina besteek ere ez! soilik errepikatu egiten dute baina normalean ez dute askorik ulertzen.

Irakasteko modu asko dago eta horietatik asko gaurko gaztetxoek esaten duten moduan “win/win” dira, hau da, denek irabazten dute aniztasunarekin. Eta normalean ikasgelan DBHn erabiltzen diren irakasteko moduak “lose/lose” erakoak dira, hau da, zailtasunak dituztenek galtzen dute baina besteek ere bai. Zenbait modelotan “win/lose” edo “lose/win” egiten da, hau da, edo zailtasunak dituztenek irabazten dute baina gainerakoek galtzen dute, edo alderantziz; baina hori irakasleen erabakia da.

Irakasleon lan egiteko era ahozkotasunean oinarritzen ez bada (ahozkotasunaren adiera honetan), irakaslearen programazioan oinarritzen bada (ikasgelako errealitatea dena delakoa izanda ere), lan egiteko dinamikak bizikidetzazkoak ez badira (bizikidetzaren adiera honetan), orduan gainerakoa alferrikakoa da, egunero izango baitira ikasleak segregatuak. Segregatuak diren ikasleek sentituko dute lekuz kanpo daudela eta ondorioz autoestimu baxua izango dute, portaera erasokoiak izango dituzte, “pasotak” izango dira edota zailtasunak izango dituzte ikasketetan segitzeko; eta segregazioan garaile diren ikasleek ikasiko dute ondo dagoela jendea baztertzea, pertsona horien egoera ez dela euren ardura eta normala dela pertsona batzuk beste batzuen gainean egotea.

Comments are closed.