Ulermenezko irakurketa eta curriculum arloak

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 12. saio honetan, ulermenezko irakurketa eskolako jakintza-eremuekin nola lotzen den argitzeko saiakera egin dut, Dulantziko festak ondo pasatzea opatzeaz gain.

Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da (https://www.ivoox.com/escuchar-radio-alegria-libertaria_nq_450479_1.html).

Deskargatzeko, hemen klikatu

Gaur ulermena eta irakurketaren inguruko atal berri bat landuko dugu: irakurketa eta curriculum arloak. Eta horretarako, aspaldidanik eskuartean dudan liburu bat hartuko dut abiaburu: “Hablar y escribir para aprender”, Jaume Jorbak 2000 urtean Isabel Gómez eta Àngels Prats-ekin batera koordinatu zuena. Liburu honen aurretik, bere beste liburu bat oso gustatu zitzaidan: “La regulación y la autorregulación de los aprendizajes”, Ester Casellas-ekin koordinatu zuena, eta hain zuzen ere, nire doktorego tesian autoerregulazioak eta elkarren arteko erregulazioak atal berezi bat izan zuenez, esan dezaket Jaume Jorbaren bi lan hauek asko lagundu didatela komunikazio gaitasunaren garapenean sakontzen eta modu xumean ulertzen.

Alde batetik, autonomia eta elkarren arteko laguntza funtsezkoak dira ikaskuntzak aberasteko, norberaren hipotesiak beste pertsona batzuekin kontrastatzeko, eta irakaslearekiko mendetasuna murrizteko. Erne, ez dut esan nahi irakaslea beharrezkoa ez denik, hori eztabaidagarria da; baina ez da gauza bera irakaslearen laguntza izatea eta irakaslearen aginduen zain egon behar izatea. Bigarrenak, ikasleen autonomia murrizten du. Ikasleek horizontalki erregulatzeko eta kolektiboki eraikitzeko ikas-prozesuak asko interesatu zaizkit, eta Javier Encinarekin batera azken urteotan proposamena gauzatzen eta teorizatzen gabiltza.

Baina gatozen harira. Jaume Jorbak, antza denez, trebetasun berezia zuen ikas-prozesuen inguruko eskemak eta sistematizazioak egiten. Lau hautatu ditugu, gai hau garatzeko:

  1. Ikaskuntza esanguratsuaren marko teorikoa
  2. Trebetasun kognitiboak eta testuen ekoizpena
  3. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen ikuspegi soziokulturala
  4. Trebetasun kognitibolinguistikoen taula

Honatx irudiak:

1. irudia: Jorbak ikaskuntza esanguratsurako proposatutako marko teorikoa (2000, 29. or.).

Berak dioenari segiz, ikaskuntza esanguratsua eraikitzeko, sei trebetasun kognitibolinguistiko garatu behar dira: narrazioa edo fenomenoak kronologikoki kontatzeko trebetasuna izatea, deskribatzea, azaltzea, argumentatzea eta frogatzea edo justifikatzea. Hauek, era berean, askotariko konexioak dituzte, jakintza eraikitzeko testuetan, hau da, ezin dira testu-genero gisa ulertu ez daudelako bereizita edo aparte. Normalean, testuak ekintza komunikatibo hauen konbinazioak dira.

Adibidez, deskribapena azalpenarekin konektatuta egon daiteke, fenomeno edo gertaera bat argumentatu edota justifikatu ahal izateko.

2. irudia: Trebetasun sozio-kognitiboak (Jorba, 2000, 32. or.)

Ikuspegi honetan, pertsona bakoitzaren ikaskuntza gertatzeko, hezkuntza-ekintzan parte hartzen duten beste pertsonekin elkarreragina sortu behar da, hau da, komunikazio sozialaren bitartez eraikitzen da jakintza. Zergatik? Ba modu horretara, pertsona bakoitzak bere hipotesiak kontrasta ditzakeelako, esanahiak besteekin negoziatu, akordioetara iritsi edo jakintzak kontrastatu hipotesi berriak egiteko, bere pentsamenduak esplizitu egin eta egikaritzeko modua sortzen delako, eta ondorioz, prozesu horretan, ikasleen errepresentazioei hitzak jartzeko aukera ematen zaielako.

Trebetasun kognitibolinguistikoak dira ikasteko beharrezkoak diren adierazpen linguistikoak erabiltzeko trebetasunak: azaldu, deskribatu, adierazi, argumentatu, justifikatu, kontatu…

3. irudia: Ikas-irakats prozesuen ikuspegi soziokulturala (Jorba, 2000, 33. or.)

4. irudia: Trebetasun kognitibo-linguistikoen taula (Jorba, 2000, 42. or.)

Gure ustez, komunikazio gaitasunaren ikuspegi zabalagoa erabili behar da, eta horrela, ikasle batek duen jakintza zehatz bat kontrastatzeko modu asko dago. Pertsona batzuek hobeto adierazten dituzte ideiak hitzak erabiliz, baina beste batzuei irudiak edo gorputz adierazpena hobeto doakie. Pertsona batzuei asko gustatzen zaie gauzak modu sintetikoan edo zehatzean adieraztea, baina beste batzuek nahiago dute modu narratuan adieraztea, edo modu sinbolikoan. Adimen anitzen ikuspegiaren arabera, nork bere modu gogokoena erabili beharko luke eta ondorioz, irakasleok ikasle bakoitzari utzi beharko genioke bere modura egiten. Alabaina, Gardnerrek berak adierazi du ikuspegi hori oso mugatua dela eta adimenak ez duela horrela funtzionatzen. Adimena oso konplexua da eta pertsona batzuek joera zehatz nabarmenak badituzte ere, ez da oso interesgarria dakienak dakien moduan adieraztea, askoz aberatsagoa da ikasle baten joera hori besteekin partekatzea, adierazteko modu desberdinak elkarlotzeko.

Horren inplikazio didaktikoak argiak dira. Idatzizko testuak, jakintzak geureganatzeko tresna funtsezko direla badakigu, ez dira tresna bakarrak baina bai garrantzitsuak, ikasle bakoitzari denbora eta aukera eskaintzen diolako bere jakintzak autonomiaz eraikitzeko. Baina jakintza eraikitzeko, beste pertsona batzuekin komunikazio modu anitzen elkarreragina beharrezkoa da.

Egia da zientzia-eremu bakoitzak bere estiloa duela komunikatzeko, eta eskolak, neurri handi batean, estilo horiek transmititu nahi ditu, ikasleek zientzia-eremu horietako testuak ulertzeko trebetasuna eskuratzeko. Adibidez, matematikaren eremuan, adierazpide abstraktoa da nagusi, eta horretan trebatzen ditugu ikasleak matematika irakasgaia lantzen dugunean: nire sagar bat eta nire beste sagar bat elkartzen ditugunean bi sagar ditugula ikasten dugunean, interesgarria da objektu zehatzarekiko autonomia lortzea eta 1+1=2 notazio matematikora jotzea, horrek kalkulu sofistikatuagoak egiteko bidea zabaltzen digulako.

Baina, era berean, ezin dugu ahaztu, 1+1=2 diogunean, pertsona bakoitzaren buruan ideia desberdinak sortzen direla, eta gainera, 1+1=1 izan daitekeela, filosofiaren zientzia-eremuan hain ondo azaldu bezala…

Evocación mental (Chantal Évano, 2006)

Curriculum arloak eta eskola-antolamendua

Ulermenezko irakurketaren konplexutasunak erakutsi digu ikasleei ez diegula askorik laguntzen testu-tipologia edo testu-genero edo testu-mota bakoitza isolatuz eta modu sinpleagoan landuz. Horrek arazo handi bat ekartzen digu: ulermen konplexua garatzeko zailtasunak izatea, normalean testuak sortzeko askotariko moduak daudelako, horrela, ikasleei irakasten badiegu testu sinplifikatuak irakurtzen (eta irakurritakoa nola edo hala erreproduzitzen, eskemen bidez, galdera-erantzunen bidez, ideia nagusiak azpimarratuz…), irakasten ari gatzaizkio testuak ulertzea jarduera sinplea (bezain gogaikarria eta errepikakorra) dela. Guk egiten duguna da testu konplexuak xumetu (“sencillizar lo complejo”), testu korapilotsuak sinpletu ordez (“simplificar lo complicado”).

Aurreko batean testu zati hau ekarri genuen debatera:

Ugaztunak (Mammalia) ugatz-guruinak eta ilea duten ornodunen talde amniota homeotermoa da. Gehienak lurtarrak badira ere, badaude espezie urtarrak (zetazeoak, fokak…). Talde honetako 6.000 espezie baino gehiago ezagutzen dira, 1.200 genero, 152 familia eta 46 ordenatan banaturik, eta hainbat izaera eta forma har ditzakete. Bere tamaina 4 cm-tik hasi eta 30 metrorainokoa (baleak, esaterako) izan daiteke. Azala ilez estalita izan ohi dute gehienetan, eta gorputzeko tenperatura konstante eta altua daukate. Lau gorputz-adarrez osatuta daude gehienetan, eta arnasa beti biriketatik hartzen dute.

Testu hau deskribapen hiperegituratua da. Berez, wikipediako artikulu asko eta asko horrela daude mekanizaturik, datuak hizkuntza-egitura beraren barruan automatikoki txertatzeko, gizakion behar handiegirik gabe. Informazioa ematen dute, bai, baina datu horiek geure buruan sortu eta irudi bihurtzen ez baditugu, ezer gutxi esango digute. Gainera, kasu honetan animalia-mota hori ingurune naturaletik bereizita lantzen dugunean, objektu bat balitz bezala deskribatzen ari gara, eta horrek ingurumenaren zaintzatik urruntzen gaitu. Halako testurik ez da landu behar? Ez dago hori esaterik, baina ez, behintzat, isolaturik. Isolatzen ditugu ikasleek hobeto ulertuko dituztelakoan, baina isolaturik, ez dago zer ulerturik, soilik errepikatu.

Horregatik, egungo eskola-antolamendu proposamen indartsu bat da irakasgaiak desegitea. Pentsa, Lehen Hezkuntzan leku askotan ez dituzte desberdintzen, baina azken urteotan berriro ere espezializazioa ari da gailentzen eskola askotan, ikasleak hobeto diziplinatzeko. Ikasleek, loritoen moduan errepikatuz, irakaslea pozik, ikasleek ikasi dutelakoan… Aldiz, zientzia munduan mugitzen garenok, gero eta argiago dugu diziplinak elkarlotu behar direla: STEM ospetsua, zientzia esperimentalak eta artea lotzeko proposamena, edo ikertzaile ospetsu askok diotena, alegia, poesiak asko laguntzen diela “ataskatuta” daudenean, burmuina askatu eta gauza berriak irudikatzeko aukera zabaltzen delako…

Zure eskolan hori ez bada posible, ezin badira diziplinak apurtu eta modu integralean lan egin, horrek ez du esan nahi irakurketa sakona eta konplexua landu ezingo duzunik. Testu konplexuak bilatu, multidiziplinarrak, zailtasun desberdina dutenak, zientifikoa eta artistikoa elkarlotzeko aukera zabaltzen dutenak, testuekin askotariko gauzak probokatu edo dinamizatu, irakurketak partekatu eta jakintzak elkarrekin eraiki… Gure ikasgela mundu txikia da, baina mundu txiki hori malgutu dezakegu, mundu asko sor daitezen, posible direnak eta posible ez direnak ere bai…

KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Musika: Gozategi – “Alboka-rocka-joka” eta “Txemakarrak”

Erreferentzia bibliografikoak

Jorba, Jaume (2000). La comunicación y las habilidades cognitivolingüísticas. J. Jorba, I. Gómez eta A. Prats (argit.), Hablar y escribir para aprender. Uso de la lengua en situación de enseñanza-aprendizaje desde las áreas curriculares (29-49). Bartzelona: ICE-UAB, Ed. Síntesis.

Évano, C. (2006). La gestión mental: Otra forma de ver y escuchar en pedagogía. Bartzelona: Graó.

Comments are closed.