Irakurmena eta IKTak

Gai hau oso zabala izanik, pentsatu dugu bi galderaren bueltan jorra dezakegula:

  1. Zertan aldatu dituzte irakurtzeko moduak IKTek?
  2. Nola erabil ditzakegu IKTak irakurmenerako jarduera didaktikoak planteatzeko?

Arazo garrantzitsu bat dugu gure irakaskuntza-lana ikerketen laguntzaz gauzatu nahi dugunok: IKTek (oraindik) ez dute egonkortasun nahikorik ikerketen emaitzak iraunkorrak izateko. Adibidez, 2008an egindako txosten bateko emaitzak ez dira oso baliagarriak dagoeneko aldatu delako IKTen erabilera. Eskolak presio handia du IKTak bere eguneroko lanean txertatzeko, baina ez dugu ebidentzia zientifiko handirik ea zein erabilerak hobetzen duen benetan irakaskuntza. Entzungo zenuten Sillicon Valley famatuko eskoletan IKTrik ez erabiltzeko erabakia hartu dutela; nahiko bitxia da, kontuan hartuta IKT garapen garrantzitsuenak bertan egiten direla. Gainera, azken urtean IKTak eskolan erabiltzearen kontrako hainbat ikerketa-emaitza ere agertu dira.

Gure ustez, kontua ez da IKTak bai ala ez, baizik eta zein zentzutan trebatu behar ditugun gure ikasleak, errealitate berri honi erantzuteko. Baina, sentitzen dugu, guk geuk hainbat ikerketa egin ditugu IKTak eta hezkuntza hizpide, eta, hala ere, esan behar dugu hemendik aurrera azalduko duguna neurri handi batean geure intuizioan oinarritzen dela. Agian zuek beste pertzepzio batzuk dituzue eta ondo legoke komentatzea.

Muga hori azalduta, hortxe doakizue testua.

The three levels of curiosity – via @wellbelove

1. Zertan aldatu dituzte irakurtzeko moduak IKTek? Arretaren kudeaketa

Roger Chartier-ren esanetan (2008), iraultza digitalak dena aldatu du aldi berean: irakurtzeko euskarriak, idazteko moduak, hedapena eta irakurtzeko moduak, eta hau ez da inoiz gertatu lehenago gizateriaren historian. Gauza zehatzak aldatu bai, baina ez dena aldi berean. Iraultza digitalak sakonki aldatu du testualtasuna, irakurketa ez delako derrigor lineala edo deduktiboa, irekia, hedatua eta erlazionatua izan daitekeelako, hipertestuaren bidez. Beste aldetik, eta ondorioz, irakurleak testuak bere kasa kontsulta ditzake (bilaketa azkarren bidez) eta testuekin batera, irudiak, audioak edo musikak. Horrela, jakintzak beste modu batera ari dira eraikitzen. Areago, testuetako autoreekin kontakta dezakegu, iruzkinak utzi, geure sareetan zabaldu… idazle-irakurle bereizketa lausotu da.

Irakurketa digitala dinamikoa da, ez dago geldirik, eta idatziarekin batera estimulu ugari daude. Orduan, dilema bat sortzen zaigu: alde batetik, suposatzen da ikasleak trebatu behar ditugula horrela irakur dezaten, irakurketa azkarra, irudiz eta soinuz hornitua, hipertestuala… baina, era berean, horrek esan nahi du IKTen merkatuaren agindupean ari garela lanean, eta azken tresna ikateroa ikasi behar dugula, gure ikasleak “atzeratuta” ez gelditzeko. Guk uste dugu irakurketa kontzentratua, ixiltasunean eta eduki testual finkoduna ondo datorrela, patxadaz irakurtzeko eta nork bere modura irakurtzeko, baina irakurketa digitalak ere gauza interesgarriak dituenez, egokiena dirudi irakurtzeko modu anitzak erabiltzea.

Hipertestualki irakurtzeak konplexutasun handia du, informazioa eraikitzeko modu asko dagoelako. Oso ohikoa izaten da jendea bidean galtzea eta irakurketa “inproduktiboa” gertatzea, hau da, oso-oso zatikatua. Agian ordubete pasa duzu interneten nabigatzen eta galdetzen badizute zer irakurri duzun, ez zara kapaz izaten. Aldi berean, “serendipitia” ere hor dago, hau da, informazio asko dago sekula bilatuko ez zenukeena baina topatzen baduzu asko interesatzen zaizuna. Interneten hemen eta han klikatuz irakurtzen dugunean, asko ikas dezakegu.

Baina… (berriro!)… horren aurrean “clickbait” izeneko efektua sortu dute internetetik dirua atera nahi dutenek. “Clickbait” edo ziberamua da albiste bati oso izenburu deigarria jartzea, jendearen arreta erakarri eta klikatzeko, eta gero azkenean tontakeria hutsa da. Eurek dirua egiten dute publizitateagatik eta zuk denbora polita galdu duzu. Ziberjakin-minak akatu zuen katua!

Hipertestualtasunaren kontzeptua lantzeko modu bat izan daiteke, adibidez, interneteko nabigazio-historia galdetzea, kritikoki lantzeko. Hau da: interneten ordubetez aritu direlarik, egindako ibilbidea deskribatzea. Horrela ikus daiteke nola joan diren arreta batetik bestera eramaten. Hala ere, kontuz egin jarduera hau, datu pribatutasuna zainduz eta ikasleei utziz ze informazio ezabatu nahi duten beren historiatik. Normalean ez da oztoporik egongo baina, adibidez, eskolako ordenagailuetatik historia geuk ateraz gero, espiatuak sentituko dira. Hori zeuek dakizue nola egin, zuen ikasgela ezagutzen duzuelako; ohar hau soilik badazpada diogu.

Esperientzia batzuk ere izan ditugu, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, bideojokoen narratibari lotua. Bideojoko xume bat sortu behar zuten, eta horretarako, lehenik oinarrizko istorioa asmatu behar zuten, eta gero hortik aurrera jokoaren pantailak, pertsonaiak eta gertaerak. Horrela, bide batez, bideojokoen gai interesgarria eztabaidatu ahal izan genuen. Bideojokoek elementu asko dituztenez (narratiba, pertsonaiak, estetika, programazio xumea…), ikasleek euren trebezietatik abiatuz egin zezaketen lan eta era berean, beste ikaskideekin batera eraiki behar zuten asmakizuna. Saio gutxi batzuk izan ziren eta ez genuen jolasa teknologikoki sortu, baina hipertestuen sorkuntzaren atala asko gustatu zitzaigun, asko disfrutatu genuen (oso sortzailea izan zen!) eta hobeto ulertu zuten zer ziren hipertestuak eta zer ondorio dituen bide bat hartzeak eta ez besteak.

Beste lan posible bat da tresnak ematea, interneten informazio bila dabiltzanean, nabigatu duten orri bakoitzetik oharren bat hartzeko. Jakob Nielsen-en arabera (2008), erabiltzaileek orri bakoitzeko testuen % 20 ere ez dute irakurtzen. Edo CIBER-rek egindako lan batean (2008), ikusi dute erabiltzaileek testu asko gordetzen dituztela euren disko gogorrean nabigatzen ari direlarik, baina horietarik ez dagoela jakiterik zenbat irakurtzen duten (Millán, 2008tik hartua). CIBER erakundeak berak (Londoneko University College-koa) dio irakurle akademikoak sarean oso aldakorrak eta hegalariak direla, izan ere, eduki akademikoen bila dabiltzanean, orri gutxi batzuk baino ez dituzte begiratzen, horietariko askok ez dute ezta eduki erreala ere, eta orokorrean ez dira nahikoa gelditzen edukiak benetan irakurtzeko. Azkar klikatzen du jendeak, eta gazteek bereziki. Google (edo youtube) erabiltzen dute bilatzaile nagusi gisa, eta azkar-azkar doaz orri batetik bestera, testuak kopiatzen eta itsasten, baina ez irakurtzen, soilik gain-begiratzen. Txantxa bat egiten da horrekin: zerbait oso ondo ezkutatu nahi baduzu, gorde Google-ren bigarren orrialdean!

Orduan, kopiaitsatsi erako lanak saihestu behar dira eta laguntza tresnak sortu behar ditugu, ikasleei zibermunduan irakurtzen laguntzeko. Beharbada guk geuk ere beharko genituzke, ohitura hori oso kutsakorra delako.

Orokorrean, IKTak arreta-lapurrak dira eta horregatik, informazioaren kudeaketatik arretaren kudeaketara pasa behar dugula diote hainbat ikertzailek. Eta hor, mobila ere sartzen da tarteko. Unibertsitateko klaseetan irakasle gehientsuenok ez dugu mobila debekatzen (nahiz eta ez dagoen ondo ikusita mobilean begiratzen ibiltzea), baina antsietatea sortzen zaie askori mobila begiratzeko modua aurkitzen ez badute (mahai azpian, irakaslea begira ez dagoenean…). Mobilak arretari lotutako problematika handia sortu du, eta hau ikastaro honetako gaia ez bada ere, eragin handia du irakurketan. Adibidez, liburu bat irakurtzen ari direlarik, pertsona askok mobilera begiratzeko ohitura dutenez, bat-batean mezu bat jaso badute (edo edozein aitzakia), orduan irakurketa alde batera uzten dute. Hau oso irakurle onekin ere gertatzen ari da. Horregatik, gai hau ere hor presente eduki behar dugu. Gaur egun, inoiz baino gehiago irakurtzen da, baina oso-oso azaleko irakurketak dira gehienak, nekatzen gaituzte eta kasu gehienetan jarduera interesgarriagoak egiteko denbora lapurtzen digute. Hala ere, irakurketa-mota hori ere erabil dezakegu adibidez bigarren edo atzerriko hizkuntza lantzeko, oso dinamikoak direlako.

Ikasleekin batera ohitura hauei buruz hausnartzea oso beharrezkoa da.

Nola erabil ditzakegu IKTak irakurmenerako jarduera didaktikoak planteatzeko?

Gauza bat da IKTetan irakurtzen trebatzea, eta bestea da IKTak erabiltzea irakurmen-jarduerak sortzeko. Bigarren kasu honetan, ugariak dira proposamenak. Ikastaro honetan bertan, talde batean booktrailerrak aipatu dituzue. Batzuk oso onak dira, beti kontuz ikasleen irudiaren erabilerarekin, saihestu euren aurpegiak erabiltzea bideoak grabatzen dituztenean.

Guk halako esperientzia bat gauzatu genuen Lehen Hezkuntzako 3. mailan duela 8 bat urte. Gelan zailtasunak zituzten haurrek euskaraz mintzatzeko, eta orduan bururatu zitzaigun gustuko zuten liburu baten booktrailerra grabatzea, euskaraz. Bideo laburtxoak ziren, bi minutu ingurukoak, eta liburu-markatzaile batzuk egin genituen, bideoak egindakoan oparitzeko (jarduera boluntarioa zen). Partehartze ona izan zuen, oso ondo prestatu zuten nola azaldu euskaraz eta asko gustatu zitzaien. Orduan ez genuen gaur egungo kontzientziarik haurren irudiekiko eta euren aurpegiarekin egin zuten; gaur egun hori ez genuke egin beharko, zorionez gauza hauen inguruan hausnarketa lasaia egin dugu eta astakeria da haurrak interneten horrela azaltzea. Juxtu kontrakoa irakatsi behar diegu: euren irudia ez erakusteko, ezinbestekoa ez bada behintzat. Leer.es webgunean lehiaketa moduko bat egiten dute booktrailerrekin, begira esteka honetan zer sortu duten aurten:

https://leer.es/proyectos/trailer-obra-literaria

Edo scratch informatika tresnarekin ere hauxe egin dute:

https://leer.es/proyectos/scratcheando/scratcheando-2019

Normalean, gomendioa da irakurmena, idazmena eta irudigintza bateratzea IKTen erabilerarekin. Tresna ugari dago horretarako, horregatik irizpide hauek dira IKT tresna hautatzeko inportanteak iruditzen zaizkigunak:

  • Ez eskatu haurrei IKT tresnetan kontuak sortzeko. Kasu gehienetan legearen kontra doa (16 edo 18 urte behar izaten dira hainbat lekutan kontua sortzeko). Erabili zure eskolak dituen tresnak (eskola izan dadila haurren datu pribatuak babesten dituena) edo bestela, konturik behar ez dituzten tresnak erabili.
  • Orokorrean, ez dago zertan internetera igo haurren ekoizpenak. Nahikoa da klasean ikustea. Haurrei erakutsi behar diegu ziberexhibizionismoa ez dela ona, horregatik guk geuk ez genuke egin behar, are gutxiago haurren ekoizpenekin.
  • Batzuetan ona da gauzak internetera igotzea, adibidez beste eskola batzuetako ikasleekin trukeak egiteko, familiak ikusteko, ikasturte edo belaunaldi desberdinen lanak erakusteko… Kasu horretan, esan bezala, saihestu ikasleen irudiak erakustea. Animazioak erabili (adibidez powtoon), posterrak (adibidez glogster edo canva), mozorroak, edo liburuak erakutsi baina ez aurpegiak…
  • Ez erabili teknologia ez badu ekarpen pedagogiko handirik ematen. Teknologiak liluratzen gaitu, baina askotan, IKTak erabiltzen dira betiko galdera-erantzun erako jarduerak asmatzeko, edo oinarri konduktista duten jarduerak egiteko… Gu oso ikateroak gara, baina ez ditugu erabiltzen beharrezkoak ez badira. Askotan, kartulina eta plastikarako materialak erabiliz gozamendu handiagoa konpartitu dugu ordenagailu aurrean lan eginda baino, eta sorkuntza-lanak egiteak asko lagundu digu kolektiboki eraikitzen.
  • Debekatuta dago copyright duten liburuak interneten jartzea. Ez eskaneatu liburuak, ez badira creative commons, copyleft edo domeinu publikokoak. Espresuki adierazten ez denean, copyright-a dute.

Hainbatetan ebook-ak aipatzen dira. Azken ikerketen arabera, behera jo du ebook tresnen erabilera. Ez da iristen % 30era ebook euskarri bat erabiliz irakurtzen duten irakurleen kopurua. Jendeak papera maite du, eta IKTek aukera ona eskaintzen badigute ere, gehienbat artikuluak irakurtzeko erabiltzen ditugu baina ez liburu osoak. Badirudi liburu bat irakurtzeko gozamenduan zeresana duela orriak pasatzeak, usaintzeak, liburuaren bolumena sentitzeak… Gainera, ugaritzen hasi dira bigarren eskuko liburu-dendak, eta horri esker merkeago lor daitezke. Ez dago argi ikusmena zaintzeko zer den hobe, badirudi mobilekin bai, ikusmena kaltetzen dela, batez ere egun osoan zehar mobilera begira aritzen bagara (bista azkar egokitzea eskatzen du, ezohikoa den letra-tamaina batera, eta horrek antza denez asko nekatzen ditu begiak); ordenagailuko argia ere, egokia izan behar da, ondo doitua, eta ez oso iluminatua. Gainerakoan, badirudi liburuek oraindik bizitza luzea izango dutela!

Aprender con alegria! (Évora, Portugal, 2019/04/25)

Erreferentzia bibliografikoak

Chartier, Roger (2008). Aprender a leer, leer para aprender. J.A. Millán (coord.), La lectura en España. Informe 2008. Leer para aprender (pp. 23-38). Madrid: Fundación Germán Sánchez Ruipérez https://fundaciongsr.com/wp-content/uploads/2016/03/La-lectura_Informe-2008.pdf

CIBER (University College, Londres) (2008). Information Behaviour of the Researcher of the Future [on line], 9-10. http://www.bl.uk/news/pdf/googlegen.pdf

Millán, José Antonio (2008). Los modos de la lectura digital. J.A. Millán (coord.), La lectura en España. Informe 2008. Leer para aprender (pp. 299-312). Madrid: Fundación Germán Sánchez Ruipérez https://fundaciongsr.com/wp-content/uploads/2016/03/La-lectura_Informe-2008.pdf

Nielsen, Jakob (2008ko maiatzak 8). How Little Do Users Read?. Useit [on line] http://www.useit.com/alertbox/percent-text-read.html

Comments are closed.