Ebaluazioa eta kalifikazioa unibertsitatean: ipurdia ageriago

Hala dio esaera zahar batek, bere askotariko bertsioetan: “Tximinoa, arbolan gorago, eta ipurdia ageriago”. Esaera honek tximinoa tenteltzat jotzen du, baina tximinoa ez da batere tentela, oso arina da eta azkarra, eta ez dio gehiegirik axola bere ipurdia agerian geratzeak, ze ipurdia ikusi badiozu, orduan behean zaude, oso leku txarrean…

https://pxhere.com/es/photo/1377264

Ez da beharrezkoa hitz gehiegi erabiltzea jakiteko unibertsitateak dituen ebaluazio-sistemak oso eskasak direla, unibertsitatearen irakaskuntza eskasiak ezagunak direlako oso. Hala ere, ikasleak oso gutxitan matxinatzen dira modu kolektiboan, gehienetan bakarka eta beldurrez egiten dutelako. Hainbat irakasleren arauhauste sistematikoen aurrean, ikasle askok nahiago du kaltetuak abandonatu edo beste bide batzuk bilatu, irakasleari elkarrekin aurre egin ordez. Edo erabakitzen dute arautegiari eustea eta bide administratiboa erabiltzea beren kexak adierazteko (erregistroa eta abar), baina jakin badakigu ez direla gutxi erretiroa hartu artean inolako arazorik gabe ikasleak gutxietsi, iraindu edo injustizia nabarmenez tratatu dituzten irakasleak, erreklamazio-zaku ederra zutelarik alboan.

Irakasle korporatibistek berehala esango dute: “beno, baina ikasle askok portaera antietikoa dute, gezurrak esaten dituzte, plagiatzen dute, kopiatzen dute…“. Badirudi ez dutela askorik landu Boterearen teoria. Ikasleak subalternitatez tratatzen dituzten irakasleek (irakasle gehientsuenek, alegia) duten botere osoa erabiltzen dute ikaslea etiketa azpiratzailea izateko. Irakaskuntza da proiekzio kurrikular txikiena duena gure lanean, eta irakasle batzuentzat irakaskuntza-lana nola edo hala gainetik kendu beharreko lana da.

Unibertsitatea ezagutzen ez duzuenontzat, laburki esanda (gero, jakina, Ʊabardurak daude): irakaskuntza gure lan-zamaren % 40 ingurukoa da, ikerkuntza % 40 inguru eta kudeaketa (bilerak eta karguak), aldiz, % 20; baina geure prestigioa, garapen ekonomikoa (soldata-igoerak eta kategoria igoerak), boterea (giza-baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa) eta aitortza ikerkuntza-lanetik dator edota karguetatik, hau da, berriro ere boteretik . Ehuneko horiek aldatzen dira adibidez kargu pisutsu bat duzunean (dekanotza, sailen zuzendaritza, errektoretza, ordezkaritza-karguak…) edo ikerketan proiektuak zuzentzen dituzunean (hau da, unibertsitatera diru-ekarpen interesgarria ekartzen duzunean, europar proiektuak, kasu), edo bestelako sistema meritokratikoen bitartez. Funtsean, karguetan eta ikerketetan ondo aritzearen saritzat hartzen da irakaskuntza murriztea.

Iturria: Europapress

Bolognako prozesuak lehenik (ECTS kredituen kontura) eta irakaskuntza aktiboak ondoren, irakaskuntza-lanaren berrikuntza ekarri du: konpetentziak dira irakaskuntzarako gako eta ez edukiak, eta konpetentzia horietan parte bat da aurrez aurre lantzen dena, baina beste parte bat (% 40-60 artekoa) da eskolaz kanpoko lan-zama. Izan ere, Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparrua ezartzean, erabaki gogor hau hartu zen: ikasleek ikastera dedikatu behar dute, estudiatzera, eta ondorioz, kalkulatu behar da gradu eta graduondoko titulazioen diseinuan, ikasleek egunean 8 orduko ikas-zama eduki behar dutela, horrek dakarren diskriminazioa nabarmena delarik. Ildo horretan sartzen da irakaskuntza-berrikuntzarako presioa: nola diseinatu eskolaz kanpoko ikas-zama hori?

Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindarietako bat izan zen Europan metodologia aktiboen ezarpena irakasleen formazio dentso baten bidez bideratzen. Hau nahiko ondo ezagutzen dut, hainbat irakasleren lana tutorizatu nuelako Eragin programen bitartez: Eragin I, II, III, IV… Irakats-taldeak sortu behar dira, modulu-lan diziplinartekoak, talde-lana… Horren guztiaren ondorioz, ikasleen gaineko kontrola areagotu da eta ardura gutxiagotu, hau da: ikasleek euren kasa eraiki behar dute irakasgaien parte bat (edo osoa), eta irakasleon lana ebaluatzera (kasu batzuetan) eta batez ere kalifikatzera pasa da, ikasleen lanaren kalitatea errubrika sofistikatuen bitartez baloratuz, itxura objektiboa emateko.

Aldi berean, klaseak duela 300 urte bezala ematen dituzten irakasleak daude, hauetako asko ederki gazteak, azken urteotan hasi direnak unibertsitatean sartzen. Horietako batzuk ezagutu ditut. Lehen egunean, eskatzen dute “zer eman behar den” egokitutako irakasgaietan (kontxo, tesi doktoral bat duzu, suposatzen da zeozer duzula aportatzeko irakasgaira, ez da hala? Ala langileen hautaketa ez da egokia?). Askotan, auskalo noiztik erabiltzen ziren materialak hartzen dituzte, eztakitzeinek egindakoak eztakinoiz, eta erne, festara apuntatzen diren irakasle berri hauek inor baino gogorragoak izaten dira, ezin baitira gidoitik atera eta bizipen berri bat sumatuta, orain eurak dira boteredunak!

Prekarietatea unibertsitatean M1

Irakaskuntza-lan bikaina egiten duten irakaslerik badago? Jakina, asko. Ez dut uste irakasle horiek arazo larriegirik izango dutenik uneotan, ikasleekiko ardura baino gehiago. Irakasleok egiten dugun lana oso partziala da eta gure irakasgaiaren parte bat egin gabe ere, edo eginda ere, ez du esan nahi ikasleek gehiago edo gutxiago dakitenik. “Nola gaindituko dute irakasgaia X edo Y ez badakite?” dioten irakasleek pentsatuko dute, agian, euren ikasleen burmuinean eragin zuzena izan eta ezagutza hipergarrantzitsu bat inkrustatzen dutela… eta hori lortzeko, sistema koertzitibo gogor bat ezarri behar dutela… baina, zintzoki: irakasgai bakoitzean lantzen duguna oso modu zehazgabean eraikitzen du pertsona bakoitzak bere buruan, eta ez daki pertsona horrek noiz etorriko zaion berriro gogora edo noiz. Zorte txarra dugu irakasleok: ez dago jakiterik zer ikasarazten dugun. Eta zorte txarra dute ikasleek: ez dute jakiterik zer dakiten.

Egoera berri honek hainbat kontu azaleratu ditu, lotsagabeki gainera:

  • EHUko Errektoretzak uneotan ezin du bere proposamen berritzailea “luzitu”. Irakaskuntzan egiten diren gauza nabarmendu asko “suziriak” baino ez dira eta ez dute eraldaketa sakon bat suposatu.
  • EHUko Errektoretzak, espainiar estatuko beste unibertsitate publikoetako errektoretzek bezalaxe, “ezer gertatuko ez balitz bezala” egin nahi du, denak aurrera egin dezan, baina erabaki garrantzitsuen prozedurak gehiegi luzatuz. Azterketen egutegiari eutsiko zaiola erabakita, goitik behera ari da begiratzen unibertsitatea eta arazoa beheragokoen esku utzi du, gatazka zuhaitzaren goialdetik begira dagoen bitartean (oso kezkatuta, seguru, baina dagoeneko arazoa ez da haiena).
  • “Kalitate” etiketak ez du ezer bermatzen eta gainera, oztopatu egiten du. Gauzak ez lirateke horren zailak izango gradu eta graduondokoen antolaketa horren estua izango ez balitz. Titulazio bakoitzean konponketaren bat lortuko genuke UNIBASQ eta ANECAren oniritzirik gabe, eta bestalde, erakunde hauek honezkero eginak izan behar zituzten ebaluazio eta kalifikazio gida lagungarriak, baina momentuz, ezer ere ez. Irakasleon irudimen, gaitasun eta okurrentzien esku utzi dute dena.
  • Koordinazioa tokatu zaienek arazo potoloa dute, irakasleen artean dauden gatazkak oso handiak direlako. Behin eta berriz esaten digute koordinatu behar dugula, baina nola koordinatuko naiz oso ildo zientifiko desberdineko irakasleekin? Hau askok ez dute ondo ulertzen, baina adibidez, neuk ezin dut irakatsi hizkuntzaren didaktika ikuspegi estrukturalistari eusten dion irakasle batek bezala, koordinazioak dibertsitate zientifikoa itxiko luke. Eta, larriago: nola koordinatuko naiz oso ikuspegi ideologiko desberdina dugunean? Eta ideologia esan nahi dut irakasle batzuek (askok) ikasleak subalternotzat jotzen dituzte eta neu, aldiz, klasismoaren aurka nago, orduan, nola koordinatuko gara?
  • Zenbait irakaslek zuzenean paso egin dute. Eta horrek ere, asko esaten du unibertsitateko irakaskuntzaz. Zein dira paso egin duten irakasle horiek? Nola tratatzen dituzte ikasleak alarmaz besteko egoeretan?
  • Antza denez, ikasleek zailtasun txikiagoak dituzte kexa kolektiboetan parte hartzeko etxealdian, egunero-egunero bere ikaskideekin daudenean baino. Honen atzean, irakasleon errepresio-ahalmena, unibertsitatearen egituraren gogortasuna (eszenatoki kriptofaszistak deritzen horiek), unibertsitatearen institutzea (hau da, institutua balitz bezala antolatzea), ikasleak adin txikiak balira bezala tratatzea, irakasle-ikasle harremanean konfiantza arraroa izatea, unibertsitateak egitura hiperhierarkikoa izaten jarraitzea foro eraikitzaile bat izan ordez… elementu garrantzitsuak dira paralizazio horretan, baina baita gizarte indibidualistaren ezarpena ere. Badirudi banaka egonda errezago borrokatzen direla. Krisialdi honetan, ikasleen elkarkidetza falta ere agerian geratu da, 1+1+1+1… traola eginez, elkarrekin borrokatu ordez. Jakina, orain arte elkarren laguntza oso mugatua bada, ez da orain egoera honetan lortuko. Ikusi beharko da biharamuna nolakoa den, baina ez dut itxaropen handirik indibidualtasuna apurtzearekin.

Lotsagarri geratzen ari gara, bai. Bai unibertsitate-erakundea, bai irakasleok eta baita ikasleak ere. Baina batzuk goialdean gaude, eta beste batzuk, aldiz, lur gogor eta hotzean, ipurdiaren azpian.

Comments are closed.