Yasnayá Elena Aguilar Gil Gasteizen hizkuntz aniztasunaz, apirilaren 25ean

Apirilaren 25ean Yasnayá Elena Aguilar Gil mexikarrak Manifiestos interiores liburua aurkeztuko digu Oihanederren, Montermoso Jauregian, arratsaldeko 18:00etan.

Liburuaren egilea ayuujk hizkuntzako hiztuna da (mixe komunitatea), eta oraintsu edizio berria argitaratu da. Hitzaurrea Iñaki Martinez de Lunak eta Ines Garciak idatzi zuten idatzi dute, hau da, Garabidek eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak elkarlanean.

Aurkezpenaz gain, mahai-inguru bat ere antolatu dugu. Bertan hiru hizlari gonbidatu izango ditugu, Yásnaya Aguilar, egilea bera; Roberto Awanari, Peruko Amazoniako tupi guarania eta euskalduna; eta Asya Zayzaoui, Rifeko tamazight hiztuna. Moderatzaile lanetan Andoni Barreña arituko da.

Ekimenaren antolatzaileak Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Katedra dira.

$289.00 Leer los artículos de Yásnaya Aguilar reunidos en este volumen, así como los múltiples comentarios en redes sociales que los acompañan y enriquecen, es un placer que recomiendo de todo corazón a las lectoras y lectores. A lo largo de estos textos, tan amenos como refrescantes, queda claro que Yásnaya Aguilar ha sido capaz de ver más allá de las imposiciones y de la violencia, impulsada por su profunda pasión por las lenguas, por la lingüística, por la literatura, para rebasar los confines de su nativo ayuujk y de su aprendido español, hasta acercarse a los idiomas más hablados del mundo, como el ruso, pero también a las incontables lenguas indígenas que en todo el planeta se encuentran marginadas, amenazadas y, a veces, al borde de la desaparición. En su uso sin pretensiones del llano dialecto mexicano del castellano, destaca la generosidad constante de su estilo, su humor y sinceridad, que le permite construir una defensa tan apasionada como razonable, tan rigurosa como amena, del valor de las lenguas indígenas, de la pluralidad cultural, de la vitalidad de las tradiciones de nuestros pueblos originarios. Esta claridad da mayor fuerza también a sus denuncias contra la discriminación lingüística, contra el menosprecio a las lenguas indígenas y contra la prepotencia de los defensores del español como lengua nacional. Escrito a lo largo de una década, este libro está destinado a ser un exponente de un auténtico florecer y renacimiento del pensamiento contemporáneo hablante de lenguas indígenas. (Federico Navarrete) Ää: Manifiestos sobre la diversidad lingüística cantidad SKU: 9786078667987 Categorías: Sin categorizar, Yásnaya Elena A. Gil Product ID: 4163

Euskarazko abesti feministen zerrendak

Otsailaren 26an, Ibon LM Twitter erabiltzaileak honako eskaria egin zuen:

Klasean askotan jartzen dugu musika. Asko dira musika euskaraz entzuteko ohiturarik ez duten gazteak, eta kontzentrazio handia eskatzen ez duten jarduerak egiten ditugunean, musika pizteko ohitura dugu, soinuzko hizkuntz paisaia euskaratzen laguntzen duelakoan (komunikazio antsietatea ere zertxobait murrizten duela iruditzen zait gainera, baita hizkuntz estresa ere).

Iboni eta haria osatzen parte hartu duten guztiei esker, esteka hauek hementxe gordeko ditut, nahi duenak erabiltzeko.

BADOK

Magenta taldearen Odola: https://www.badok.eus/euskal-musika/pottors-ta-klito/magenta/_odola

YOUTUBE

Ibon LMren hariari esker osatu dudan erreprodukzio-zerrenda: https://www.youtube.com/watch?v=I2adPBZjA3g&list=PLT9W6OL68WcGNOH5GssjSrOmjdyAlEQ-S

Euskal Karaokearen (txantxangorria) Emakumeak zerrenda: https://www.youtube.com/playlist?list=PLwibYvY3RSADtm21S4G8cFfeROc61SNuB

Pirritx, Porrotx eta Marimototxen Marimore: https://youtu.be/TYKRYxe78U8

 

Euskarako eskolak jomugan. Egokia al da metodologia?

Galdera horixe egin zidaten Hik Hasi aldizkariko lagunek, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak gazteekin egindako inkesta baten emaitzen harira. Poz handia eman zidan nirekin harremanetan jarri izanak.

hik hasi

Aurretik, aipatu nahi nuke Hik Hasi aldizkariak egiten duen lana oso estimatua dugula hezkuntza fakultateetan, gaiak modu argi, xume eta esanguratsuan lantzen dituztelako. Unibertsitatearen munduan, gero eta eskakizun zorrotzagoa dugu artikulu akademiko-zientifikoak idazteko, baina gehienetan gure artikulu horiek oso urrun kokatzen dira ikasgelan lanean ari diren irakasleengandik, eta, zentzu horretan, ez dute beren berrikuntza-helburua betetzen. Aldiz, Hik Hasi aldizkariak lotura estuagoa du hezkuntzaren eguneroko praktikarekin, gaiak jorratzeko moduagatik eta beti erne dabiltzalako, argitalpenak azkar eta garaiz irits daitezen.

Hori esanda, esteka honetan duzue egin zidaten elkarrizketaren interpretazioa: http://hikhasi.eus/Albistegia/20230303/Euskarako_eskolak_jomugan._Egokia_al_da_metodologia__

 

Kike Amonarrizen hitzaldia Euskarabenturan (Tolosa, 2022)

Kike Amonarrizen hitzaldia Euskarabenturan (Tolosa, 2022)

Hementxe utziko dut nire hitzen laburpena edo:

Ideia jakin batetik abiatu da Ainhoa Ezeiza, DBHn eskolak ematea ez dela batere erraza: “Ikasleak aztoratuta egoten dira eta batzuetan gauza onak egin arren, itxuragatik eta nagusiekiko urruntasuna markatu nahi dutelako gustuko ez dituztela esaten dute”. Hori oinarri gisa hartuta, aldatu beharreko hiru arazo nabarmen daudela dio irakasleak:

1. Esaldiaren gramatikaren nagusitasuna. Hizkuntzen didaktikak duen arazoa da. 70eko hamarkadan zientifikoki frogatu zen hori ez zela hizkuntzak irakasteko bidea. Gutxienez testuaren gramatikara pasa beharko genukeela dio Ezeizak.

2. Idatzizkoaren nagusitasuna. Ahozkotasuna albo batera geratzen da.

3. Konduktismoaren erabilera ikas-prozesuak aktibatzeko, indartzeko edo zigortzeko. Konduktismoa epe laburrean eraginkorra dela dio Ezeizak, baina epe luzean, eskasa dela.

Beste alderdi bat ere gehitu behar zaie aurreko hiru arazo horiei: euskararen didaktikaren gaineko ikerketa askorik ez dela egiten.

HIZKUNTZAK ERRAIETAN dokumentala

Martxoaren 4an, Eusko Ikaskuntzak antolaturik, “Segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? jardunaldia egin zen. Bertan, partaideetako batek (Nora Salbotx, oker ez banago) “Hizkuntzak erraietan” dokumentala aipatu omen zuen. Nik Twitter bidez izan dut honen berri, Lardizabal Herri Eskolaren kontuan hauxe adierazi zutelako:

 

Dokumentala ikusi eta oso baliotsua iruditu zait EHUko Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin ikusteko, eta galdu nahi ez dudanez, hementxe kokatuko dut. Lardizabal Herri Eskolak, Zaldibiako Udalak, UEMAk, Etxekonekok Elkarbizitza Taldeak eta Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak elkarrekin eginiko filma da, eta Alotza ikus-entzunezkoen Youtube kanalean dago igota.

Mila esker aipatutako guztioi, lan hau ekoitzi eta partekatzeagatik!

HIZKUNTZA ERRAIETAN

 

Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gidak, deskarga librean

 

Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (7-18 helburuak) UPV/EHUko irakasle-talde batek sortutako literatur lanen gida da, Agenda 2030eko helburuak ardatz hartuta egina eta iaz argitara emandako Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (1-6 helburuak) lanari segida ematen diona.

Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida

Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta Haur eta Gazte Literatura, horiexek uztartzen dira gida honetan, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, literaturaren erabilera sustatzea Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lantzeko eta, bestetik, bitartekariei tresnak eskaintzea literatura-lan egokiak hautatzeko eta baliatzeko. Horiek horrela, balore sozialak eta balore literarioak jarri dira erdigunean. Gida honen ardatz nagusia izan da bi-biak kontuan hartzea.

Egileak: Maite Aperribay-Bermejo, M. Carmen Encinas, Iratxe Esparza, Karla Fernández de Gamboa, Miren Ibarluzea, eta Andrea Perales.

Lan interesgarria eta zehatza da, oso baliagarria bereziki literatur bitartekari eta irakasleentzat.

Ondorengo esteketan dituzue eskuragarri eta Creative Commons by-nc-nd lizentziapean daude argitaraturik:

Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (1-6 helburuak)
http://hdl.handle.net/10810/54613

Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (7-18 helburuak)
http://hdl.handle.net/10810/59608

 

Hizkuntz paisaiaren saturazioa eta elebitasunaren zenbait ondorio

Ikasturte honetan, hizkuntz paisaia lantzeko proiektu bat garatu dugu Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren barruan.

Proiektu hau garatzeko arrazoi nagusiak hauek izan dira, gutxi gorabehera:

  • Ikasleek euskararen egoeraren inguruko kontzientzia garatzea, hausnarketa bultzatzeaz gain, batez ere euskaraz hitz egitearen garrantziaz jabetzea.
  • Ikasleen arteko hizkuntz ohituretan eragitea, bereziki ideologikoki aldeko jarrera duten ikasleei bultzada emanez (lotsagatik, beldurragatik, konfiantza faltagatik, sozialki gaizki ikusia ez sentitzeagatik edo ohitura faltagatik egiten ez dutenak). Komunikazio antsietatean eta hizkuntz hautaketaren estresean eragitea.
  • Lehen Hezkuntzako irakasle direnean eskolako horma eta korridoreetan sortzen den ikus-entzunezko giroak duen garrantzia ulertzea.
  • Komunikazio multidimentsionalaren kontzeptua modu praktikoan eta irakasle lanbideari lotuz lantzea.

Entzunezko paisaiaren inguruan beste une batean idatziko dut zerbait hemen. Sarrera honetan, ikusizko paisaiaren berrikusketatxoa egingo dut.

 

Nolakoak dira gure hormak?

Normalean, hormak saturatuta egoten dira. Oso zaila izaten da kartel edo iragarki bat jarri eta jendeak ikustea, oso deigarria izanik ere. Ohituta gaude ikaskide edo lankideekin korridoreetan hizketan aritzea, hormetan dagoen informazioari kasu handirik egin gabe.

Gure ikastegiko beheko solairuko oholak (2022/11/04)

Gure ikastegiko beheko solairuko oholak (2022/11/04)

Horrek ez du esan nahi hizkuntz paisaiak gugan eragiten ez duela (sakontzeko, ikus. adibidez, Cenoz eta Gorter, 2006). Saturazioak, alde batetik, ikastetxeko giroa ezartzen du, ikastetxean sartu eta lehen inpresioa (gure kasuan) paper eta kolore pilaketa bat delarik. Ez du ematen irakasle izateko formazio-gune batean gaudela, ez dago ezer hori aditzera ematen duenik. Ez zaio garrantzi handirik ematen. Saturazio hori, jakina, solairuetan gora egin ahala murrizten da, eta zenbait espazio zabaltzen da, “zerbait egiteko”.

Iragarki edo kartel bera behin eta berriz dago jarrita, arreta deitu nahian. Ikusizko saturazioaz gain, iragarki saturazioa ere badago. Ondorioz, fakultatearen ekintza edo aldaketa garrantzitsu bat iragarri nahi denean, arazoak daude iragarkia ikusgarri egiteko.

Bitxia da, garrantzirik ematen ez zaion kontu honek nolako eragina duen bat-batean aldaketak eginez gero. Adibidez, bat-batean kortxoetako iragarkiak kentzen direnean, orduan bai, hutsik, hormek arreta erakartzen dute. Edo poster-erakusketa egin genuenean, dena poster akademikoz bete genuenean, ikastetxean sartzen zen jendea begira geratzen zen, hau da, arreta erakarri zuten.

Gure proiektuan, poliki-poliki kortxo batzuk “eskuratu” genituen. Kartelen bat jartzen genuenean, inguruan hutsunetxo bat uzten genuen, bestela ez zelako ia ikusten; hurrengo egunerako, hutsune horiek iragarkiz beteta zeuden, guk sortutako hutsune horiek “aprobetxatzeko”. Lehia txiki honetan, bi hilabeteren buruan, lortu genuen behintzat kortxo batzuetan eskola-giroa sortzea (azken batean, gure ikasleak Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak izateko ari dira formatzen).

Proiektuaren amaieran, gure eskulan guztiak kendu genituen eta dena “bere onera” itzuli zen. Horrek ere, eragin garrantzitsua izan zuen ikasleengan, egindako lana desagertzean, hobeto ulertu zutelako zein garrantzia zuen beraientzat ere.

 

Elebitasunarekin, zer?

Blog-sarrera honetan goraxeago jarritako argazkiei erreparatuz gero, berehala ulertzen da. Kartel instituzionalak elebidunak izaten dira, zenbait ekimenen kasuan izan ezik (adibidez, ikerketa-talde batek antolatutako zerbait denean, batzuetan soilik gaztelaniaz azaltzen dira); baina argi eta garbi, nagusiki elebidunak izaten dira. Gazte-antolaketari eta ikasle-antolaketari lotutako kartelak, gehienetan euskara hutsez izaten dira. Langile-antolaketari lotutakoetan, euskararantz jotzen da orokorrean. Hortik kanpo, asko dira gaztelania hutsez jartzen diren kartelak: klase partikularrak direla, akademiak, diskotekak, festak, alokairuak, ekintzak…

Ulergarria da EHUk erakunde gisa kartelak elebidun jartzea, baina batzuetan ez da beharrezkoa izaten. Behar-beharrezkoa da den-dena euskaraz eta gaztelaniaz jartzea? Zer irudituko litzaizueke kartelak orokorrean euskaraz izango balira? Zergatik ez kartel instituzionaletan ia dena euskaraz jarri eta gaztelaniaz gehiago jakiteko QR kodeak erabiltzea?

Gure ikastetxeak arazo nabarmena du euskararen erabilerarekin, behin eta berriz, bilera askotan, aipatzen den kontua da. Funtsezkoa da haurren irakasle izango diren gure ikasleek euskal giroan murgilduta ikastea, eta une honetan, ia irakasle guztiek dakite euskaraz. Posible litzateke, ez dakit, agian ez EHU osoan, baina hezkuntza fakultateetan, hormek euskaraz hitz egitea nagusiki?

 

Erreferentzia bibliografikoa

Cenoz, J. eta Gorter, D. (2006). Hizkuntz paisaia eta eleaniztasuna: hizkuntzen funtzio informatibo eta sinbolikoak. J. Cenoz eta D. Lasagabaster (Argit.) Hizkuntzak ikasten eta erabiltzen. https://pure.knaw.nl/ws/files/490827/Hizkuntz_paisaia.pdf

 

Erlazionatutako sarrerak:

Hizkuntz paisaia euskaratzen: poster erakusketa digitala

Hitz emandakoa zor eta hona hemen azaroaren 23an egindako poster erakusketaren bertsio digitala.

Lan hau “Hizkuntz paisaia euskaratzen” proiektuaren barruan dago eta honako egituren laguntza eta babesa jaso du: EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila eta Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordetza.

Proiektu honen alderdi akademikoena da erakusketa hau. Izan ere, “Komunikazio Gaitasunaren Garapena I” irakasgaiaren baitan egin da eta irakasgai honen helburu nagusia ikasleek unibertsitatearen ingurune soziodiskurtsiboa ezagutzea eta bertan parte hartzea da. Hori dela eta, poster akademikoen erakusketa ikas-prozesuaren ia amaieran kokatzen da eta espero da ikasleak, zailtasunak zailtasun, iturri bibliografikoak erabiltzen treba daitezen, iturri akademiko-zientifikoak bestelakoetatik desberdintzeko eta egoki erreferentziatzeko (alderdi hauek zailtasun handikoak izaten dira 1. mailako ikasleentzat).

Dinamika hauxe izan da:

  • Ikasleak taldeka bildu dira (6-8ko taldeetan, gutxi gorabehera).
  • Talde bakoitzari gai bat esleitu zaio, zozketaz.
  • Talde bakoitzak hainbat dokumentu izan ditu eskura eta bestelako materialak ere bilatu ditu, posterra egiteko.
  • Posterra Canva bidez egin dute eta proba bat inprimatu dugu, A4 formatuan, koloretan, erroreak eta erratak hobeto zuzentzeko, irudi eta objektuen proportzioa eta kokapena konprobatzeko, eta kolore-konbinazioak egiaztatzeko (ordenagailuan eta paperean desberdin ikusten dira kolore-kontrasteak).
  • Posterrak neuk inprimatu ditut, A1 formatuan (jasotako dirulaguntzari esker) eta beheko solairuko korridore nagusian jarri. Horrela, ikasleek ez dute diru gehigarririk jarri behar izan eta, gainera, ez dituzten euren posterrak ikusi erakusketa eguna iritsi arte (horrek ikus-mina eta ezustea eragin die, baita harrotasuna ere, poster guztiak batera ikusi dituztenean).
  • Erakusketa egunean, graduko bi gelak batera aritu dira (150 ikasle). Taldeak bitan banatu dira: talde erdia, posterra azaltzen geratu da, posterraren aldamenean, iristen ziren pertsonei erakusteko; eta beste erdia, berriz, posterrak ikustera eta azalpenak entzutera joan da. Erakusketa denboraren erdian, taldekideen txanda aldatu da. Horrela, taldekideek hainbatetan azaldu duten euren posterra, eta posterrak entzuten aritu diren ikasleei feedbacka eman diete poster egileei.
  • Erakusketaren amaieran, eta jasotako feedbacken arabera, ikasleak oso gustura sentitu dira posterra ez dutelako gela osoaren aurrean aurkeztu behar izan, gertutasunean baizik, eta behin baino gehiagotan azaldu dutenez, gero eta lasaiago eta gusturago kontatu dute. Gainera, erakusketaren ahozko azalpenak kalifikaziorik ez zuenez, ikaskideei erreparatuz kontatu dute (eta ez irakasleari begira edo irakaslearen iritziarekin kezkatuta).
  • Guztira, 2 orduko 3 saio erabili ditugu.

Kontuan izan Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleek egindako lanak direla, hau da, gerta liteke posterretan erroreak egotea edo gaizkiulertuak, interpretazio-erroreak eta abar.

Irudian klik egin eta galeriara sartuko zara. Espero dut zure interesekoa izatea eta, nahi baduzu, iruzkin bat gehi dezakezu, blogean edo Flickr-ren bertan.

Euskararen inguruan ikertzen poster erakusketa

(ondo ikusten ez baduzu, sartu esteka honen bitartez: https://flic.kr/s/aHBqjApqLc)

Erlazionatutako sarrerak:

 

Hizkuntz paisaia euskaratzen proiektua: aurkezpena

2022-2023 ikasturtearen lehen aldian (iraila-abendua), Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin hizkuntz paisaia landu dugu, praktikatik teoriarantz.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Gasteizen), Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren baitako zehar-proiektu gisa, ikasleei proposatu zaie zertarako eta nola eragin fakultateko hizkuntz paisaian, gero ikasle hauek Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan lanean ari direnean, ideia batzuk izateko.

Dakigunez, ideia berriak behar ditugu euskararen erabilera sustatzeko, eta etorkizuneko maisu-maistren sormena ezinbestekoa izango dugu. Horregatik, ikasketen hasiera-hasieratik kontzientzia hori piztea garrantzitsua da, bereziki eguneroko bizitzan euskara erabiltzera ohituta ez dauden ikasleen kasuan.

Hala ere, sormena ezinbestekoa da baina ez nahikoa. Jakintza teorikoa, akademikoa, zientifikoa, hausnarketan eta ikerketan oinarritutakoa, behar-beharrezkoa da egiten duguna intuizio huts-hutsa izan ez dadin.

Blog honen sarrera honetan eta ondorengoetan, proiektu honen hainbat zertzelada emango ditugu.

Abiapuntu gisa, poster akademiko hauxe prestatu nuen, ikasleek hizkuntz paisaiaren inguruan begiratu azkar batean jakiteko eta, gainera, poster hau eredu gisa erabili ahal izan dute, 2022ko azaroaren 29an egindako poster erakusketarako.

Hizkuntz paisaia euskaratzen - 1

 

Hizkuntz paisaia, ikusmena baino gehiago

Posterrean azaltzen den moduan, hizkuntz paisaia etengabe dugu bistan, eta nahigabe ere gugan eragiten du. Gai honen inguruko ikerketek ikuspegi soziolinguistikoa dute eta hizkuntzek espazio eta lurralde zehatzetan duten erabileran sakontzen dute (Moustaoui Srhir, 2019).

“Hizkuntza-lanbro moduko bat, edo ikusten ez den substantzia bat, edo paisaiaren kolore bat, edo usain jakin baina antzemanezin bat, edo… balitz bezala” (Anaut Peña, 2010, 20. orr.).

Edo, berriki Iratxe Retolaza Gutiérrez-ek adierazi moduan (2022-11-29), “Kultur paisaietan (eta oro har, kultur bizitzan) gorpuzten diren hizkuntza praktikek eta hizkuntza oihartzunek eragin bizia dute geure barne marmar linguistikoan, geure afektuak eraikitzeko moduan, geure mundu sinbolikoak hitzartzean, geure komunitateetako erreferenteak hautatzeko unean… Hau da, kultur paisaiek eta kultur bizitzek egunero zeharkatzen gaituzte, eta eragina dute hiztun komunitatearekiko geure atxikimenduan (edo atxikimendu ezan)”.

Hizkuntz paisaiaren ikerketek euskarak gainerako hizkuntzekiko duen indarra eta hizkuntzen arteko botere-harremanak aztertzen laguntzen dute.

Erakunde publikoen errotulazioari ez ezik, merkatu-eremuko errotulazioari eta bestelako seinaletika eta kartelei ere erreparatu behar zaie (Cenoz eta Gorter, 2006).

Adibide gisa, Martínez de Marigortaren ikerketan (2017), soilik auzo honetan, 25 hizkuntza identifikatu dira. Hala ere, maiztasuna ez dator bat biztanleen hizkuntzekin, bizindar etnolinguistiko desorekatuaren seinale (gaztelania % 50.14, euskara % 35.21, ingelesa % 7.12, arabiarra % 1.78). Egoera diglosikoa, errotulazio araudia eta turistifikazioa erabakigarriak dira hizkuntz paisaian.

Horrek guztiak pentsarazten digu ez dela kontu hutsala hizkuntz paisaian eragitea, bai bisualki, bai entzunez, bai bestelako sentipenen eta hausnarketen bitartez. Proiektu hau izango da datozen sarreretan azalduko duguna.

 

Erreferentzia bibliografikoak

 

Erlazionatutako sarrerak:

EUSKARAREN EGOERAZ IKERTZEN poster akademikoen erakusketa

Azaroaren 29tik abenduaren 9ra bitartean (ERNE: erakusketa azkenik abenduaren 2an jaso dugu, laster jarriko dugu erakusketa digitala, blog honetan bertan), EUSKARAREN INGURUAN IKERTZEN poster akademikoen erakusketa egingo dugu Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasletza eraikinean (magisteritzan). Erakusketa honetan, saiatuko gara euskararen inguruko zenbait ikergune modu xumean azaltzen, landutako erreferentzia bibliografikoak modu sintetikoan azaldu nahian.

Erakusketa honen helburu nagusia da bertaratzen diren pertsonekin partekatzea zenbat ikerkuntza-eremu dituen euskarak hezkuntzarekin lotura dutenak: euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza, haur eta gazte literatura, komunikabideak, zientzia eta unibertsitatea, marrazki bizidunak, bideojokoak, ikastolen sorrera, euskara eta gazteak, euskal kantagintza, kale erabileraren egoera, ahozkotasuna, euskararen lekua eleaniztasunaren erronkaren aurrean…

Posterrak eraikineko korridoreetan egongo dira ikusgai abenduaren 9ko arratsaldera arte, hortaz, edozein unetan pasa zaitezkete posterrak ikustera. Dena dela, gonbidatu nahi zaituztegu erakusketaren aurkezpen egunean etortzea, horrela posterretako autoreek egingo dituzten azalpenak entzun eta galdera edo iruzkinak egin ahal izango dituzue.

ERAKUSKETAREN AURKEZPENA ETA AUTOREEN AZALPENA: AZAROAK 29, 16:00-18:30

Erakusketako posterrak Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleek prestatu dituzte, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren baitan. Irakasgai honetan, adierazpide akademiko-zientifikoaren nolakotasunak lantzen ditugunez, jarduera egokia da honakoa, ikasleek unibertsitateko komunikazioaren poster-eremua lantzeko eta esperientziatzeko.

Halaber, erakusketa HIZKUNTZ PAISAIA EUSKARATZEN proiektuko atal bat da. Proiektu honek Euskara Zerbitzuaren Aktibatu! dirulaguntza eta babesa jaso du. Laster azalduko dugu proiektu hau blog honetan bertan, baina sarrera modura, hemen uzten dizuet erakusketarako neronek prestatutako posterra, adibide modura.

 

Nahia Delgado de Frutosek doktorego tesia aurkeztuko du urriaren 31n

Pozarren jakinarazten dizuet Nahia Delgado de Frutosek doktorego tesia aurkeztuko duela urriaren 31n, Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (irakasletza eraikinean) areto nagusian, 11:00etan.

Lanaren izenburua: La construcción colectiva del conocimiento comunitario a través de las historias orales para la creación de materiales didácticos digitales

Zuzendaria: Daniel Losada Iglesias

Programa: Psikodidaktika: Hezkuntzaren Psikologia eta Didaktika Bereziak

Saila: Didaktika eta Eskola Antolakuntza. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)


Bere tesi ibilbidean aldamenean ibili gara oinez, eta lehenago ere bai.

Lehen Hezkuntzako graduan lehen pausoak eman zituenean ezagutu genuen elkar, eta agerikoa zen zein irudimentsua eta ikaszalea zen. Gero, 3. mailan berriz elkartu ginen, eta #decomagis esperientzia aurrera atera zuen taldeko kidea izan zen, artean Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola zen horretan. Iraultza txiki bat izan zen, iraultza atsegina eta gustagarria.

Decomagis ate sinbolikoa

 

Decomagis protesta irudimentsua

Bizitzaren kasualitateak, bere Gradu Amaierako Lanen epaimahaian egotea egokitu zitzaidan, atzerriko hizkuntzaren espezialitatean, ingelesez aritu ginen orduan.

Ondoren, pentsatu genuen artikulu bat idatz genezakeela elkarrekin, hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiten ari ginelako, jabegabetzearen inguruan. Hizkuntzaren jabegabetzea deitu genion lanari, eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu genuen:

Ezeiza, A., Delgado, N., eta Encina, J. (2017). Desempoderamiento lingüístico. In J. Encina eta A. Ezeiza (Koord.), Sin poder. Construyendo colectivamente la autogestión de la vida cotidiana (237-252. orr.). Volapük Ediciones. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=725

Ezeiza, A., Delgado de Frutos, N, eta Encina, J. (2017). Hizkuntzaren jabe-gabetzea.  In A. Ezeiza eta J. Encina (Koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (159-172. orr.). ISM, UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=936

Horretan ari ginelarik, Nahia masterrean ari zen eta praktika egiteko, kanpoko tutore izateko aukera sortu zen, Fiskalitateari buruzko material pedagogikoak egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Bikain pasa genuen, bai materialgintzan, bai ikuspegi pedagogikoak sortzen eta asmatzen. Oso ondo baloratu ziguten materiala, eta aitzakia izan zen harremanetan segitzeko.

Horrek guztiak elkarrekin pasiatzen ibiltzera animatu gintuen. Harrezkero, Donostiako Altza auzoan ibilalditxo batzuk eginak ginen eta matrize soziokulturalaren inguruan idatzi nahi genuenez, elkarrekin egin genuen berriz ere, eta Ione Urangarekin batera, artikulu bat prestatu genuen haurrekin ahozko historiak nola landu planteatzeko:

Encina, J., Ezeiza, A., eta Delgado de Frutos, N.  (2019).Diversidad lingüística y matriz sociocultural. In A. Ezeiza y J. Encina (coord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica (87-124. orr.). ISM-UPV/EHU, UNILCO-espacio nómada. https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=958

Delgado de Frutos, N., Uranga, I., Encina, J. eta Ezeiza, A. (2019). Historias orales en Educación Infantil y Primaria. In A. Ezeiza eta J. Encina (Koord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica. Algunos apuntes sobre lengua y complejidad (273-289. orr.). ISM-UPV/EHU. https://labur.eus/zqqvz

Eta pasio horietan joan ginen tesi bide horretan bidelagun izaten, beti pozik, atseginez eta irudimentsu. Kontzeptu teorikoak eguneroko bizitzako praktikarekin elkarlotuz, aitzakia ederra izan da tesia hizketan segitzeko, oinez, pasiatzen eta bizitzaren bidea elkarrekin egiten. Bide horretan, ahozko historiei buruz gehiago jakin nahi zuelarik, beste artikulu bat prestatu genuen elkarrekin:

Encina, J., Ezeiza, A., eta Delgado de Frutos, N. (2020). Historias orales como herramienta para la convivencialidad. Revista Latinoamericana Estudios De La Paz Y El Conflicto, 1(2), 13–38. https://doi.org/10.5377/rlpc.v1i2.9828

Zorionak, Nahia, ibilbide eder hau gurekin partekatzeagatik, eta bizitzak aitzakia berriak eskainiko dizkigu maitasunezko bide hau jorratzen segitzeko!