Elektrizitatearen faktura

(castellano)

Atal honetan, gure etxeetan kontsumitzen dugun elektrizitatea nola fakturatzen diguten azaltzen saiatuko gara. Kontsumitzen dugun elektrizitatea kilowatt-ordutan (kWh) neurtzen da. Kontsumo hori gure kontadorean erregistratzen da. Zenbateko hori, baina, ez da gure fakturaren zenbatekoa baldintzatzen duen bakarra. Fakturaren zenbateko totala konpainia merkaturatzailearekin kontratatuta dugun potentziaren mende ere badago. Kontratatutako potentzia hori zuzenean lotuta dago gure etxebizitzan edozein unetan gerta daitekeen gehieneko aldiuneko kontsumoarekin, hau da, aldi berean etxean konektatuta izan ditzakegun tresna elektrikoen kantitatearekin. Jarraian faktura elektrikoa nola egituratzen den ikusiko dugu, eta haren zati bakoitza zein parametroren mende dagoen. Ikusiko dugu, ere bai, fakturazio modu desberdinak daudela. Bukatzeko, Espainiako Estatuan egungo fakturazio kostuak Europako batezbestekoarekin eta beste erreferentziazko estatuenekin erkatuko ditugu.

Ondorengo irudiak faktura elektrikoa baldintzatzen duten elementuen diagrama orokorra erakusten du.

bloquesFacturaElectricidad euskaraz

Elektrizitate fakturak estaltzen dituen kostuak

Hilabetez hilabete ordaintzen dugun faktura elektrikoak gure etxebizitzetan hornidura elektrikoa edukitzeko sortzen diren kostu guztiak estali behar ditu.

Askotan pentsatzen dugu gure faktura elektrikoak elektrizitatea sortzearen kostu ekonomikoa estaltzeko erabiltzen dela, baina hori ez da fakturan kargatzen den kostu bakarra. Fakturaren bidez biltzen den diruak honako kontzeptu hauek estaltzeko ere erabiltzen da:

  • Elektrizitarea sortzearen kostuak. Elektrizitatea sortzen duten instalazioek eraikitze, mantentze eta funtzionamendu kostuak dituzte. Energia berriztagarrien fluxuak ustiatzen dituzten sorkuntza unitateek ez dute erregairik behar elektrizitatea sortzeko; beste askok, adibidez ikatzeko zentral termikoek, edo gas naturaleko ziklo konbinatuek, erregaia behar dute elektrizitatea sortzeko, eta jatorri fosileko erregai horiek kostu ekonomiko handia dute.

  • Elektrizitatearen garraioa eta banaketa, sare elektrikoen bidez. Kostu ekonomiko horiek garraio- eta banaketa-sareetarako bidesariak dira. Garraio- eta banaketa-sareak kudeatzen dituzten konpainiak elektrizitatea sortzen duten konpainietatik bananduta daude (konpainia desberdinak dira, beraz).

    Beste kostu batzuk, karguak deitzen ditugunak. Kostu horiek administrazioak ezartzen ditu, eta politika energetikoarekin lotuta daude, neurri handi batean. Karguek honako kontzeptu hauek estaltzen dituzte:

    • sorkuntza-unitate batzuen ordainsari-erregimena, hala nola jatorri berriztagarriko elektrizitatea sortzen duten unitate batzuk, efizientzia altuko baterako sorkuntza, hondakinak balioztatzen dituzten unitateak;

    • Kanariar eta Balear uharteetan elektrizitatea sortzearen gainkostua;

    • ahalmen-mekanismoen kostuak;

    • sistema elektrikoaren defizitaren kostu finantzarioa.

Era berean, faktura elektrikoak ez ditu kuantifikatzeko oso zailak diren hainbat kostu estaltzen, baina segurki oso garrantzitsuak direnak, hala nola:

  • Energia-azpiegituretan erabilitako materialak berreskuratu eta birziklatzearen kostuak.

  • Berriztagarriak ez diren baliabide energetikoen (erragai fosilen) agortzeak sortutako kostuak, printzipioz jatorri berriztagarriko ordezkoak ahalbidetu eta eskuratzeko erabili beharko genituzkeenak.

  • Hainbat ingurumen-inpaktu deuseztatzeak dakartzan kostuak, adibidez berotegi efektuko gasak isurtzeak sortzen dituenak.

Faktura elektrikoaren energia-terminoa eta potentzia-terminoa

Gure faktura elektrikoak estaltzen dituen kostuak, hau da, elektrizitatea sortzearena, bidesariak eta karguak, bi oinarrizko osagarritan banatuta daude:

  • Energia-terminoa; osagai hau fakturazio-aldian kontsumitutako energia elektrikoaren arabera ordaintzen dugu (kontsumitutako kilowatt-orduen kantitatearekiko proportzionala).
  • Potentzia-terminoa; osagai hau kontsumitzaileak konpainia merkaturatzailearekin kontratatuta duen potentziaren arabera ordaintzen du (kontratuko kilowatt-en kopuruarekiko proportzionala).

Beraz, gure faktura ez dago, bakarrik, kontsumitzen dugun elektrizitatearen mende, baizik eta baita kontratatutako potentziaren mende ere. Eta aldea ez da batere txikia.

Horregatik, fakturaren egitura horrek gutxienez bi bide ematen dizkigu inportea gutxitzeko:

  • Energia-terminoa gutxitzea, energia elektriko gutxiago kontsumituz. Hori lortuko dugu, adibidez, efizientzia altuko argiztapena, etxetresnak eta ekipamendua erabiltzen baditugu, edo haien erabilera murrizten badugu.
  • Potentzia-terminoa gutxitzea, konpainia merkaturatzailearekin kontratatuta dugun potentzia gutxituz. Murrizketa horrek aldi berean martxan egon daitezkeen tresna elektrikoen kopurua mugatzen du.

Oso argi izan behar dugu gure faktura elektrikoak ez dituela sorkuntza elektrikoaren kostu zuzenak bakarrik estaltzen, baizik eta beste kostu asko eta garrantzitsu batzuk ere, berdin estali behar direnak nahiz eta elektrizitate gutxiago kuntsumitu edo elektrizitaterik batere kontsumitzen ez dugunean. Kostu horiek dira, adibidez, garraio- eta banaketa-sareekin lotutako kostuak, edo elektrizitate-eskaeraren gailurretan bakarrik martxan jartzen diren sorkuntza-unitateak beste une askotan geldirik baina prest egoteko mantentzearen kostuak, gogoratu behar baitugu elektrizitatea ezin dela eskala handian bildu eta metatu, eta edozein unetan kontsumitu nahi dugun elektrizitatea aldi berean sortu behar dela beste leku batean.

Kostu erregulatuak eta merkatu libreak ezarritako prezioak

Merkatu elektrikoa liberalizatuta dago, eta han, elektriktrizitatearen prezioa, eskaera- eta eskaintza-legeek ezartzen dute. Merkatuak ezarritako elektrizitatearen prezio hori sorkuntza elektrikoaren prezioaren osagai nagusia da, gure fakturaren energia-terminoaren barruan sartzen dena.

Baina gure fakturaren beste osagai batzuk ez daude zuzenean merkatuak ezarrita, administrazioak baizik; horiek kostu erregulatuak dira. Garraio- eta banaketa-sareak, adibidez, monopolio naturalak dira, eta haien erabiliera ezartzeko merkatu librerik ez dago. Alternatiba moduan, administrazioak zerbitzu horien kostuak balioztatzen ditu, eta dagokien bidesariak ezartzen ditu, gero azkeneko kontsumitzeileei kobratuko zaizkienak garaio- eta banaketa-sareen erabilera egiteagatik. Sistema elektrikoaren beste kargu batzuk, adibidez: jatorri berriztagarriko elektrizitatea sortzen duten unitateei emandako ordainsariak; baterako sorkuntzako unitateei, edota hondakinak balioztatzen dituzten unitateei emandakoak; penintsulatik kanpo elektrizitatea sortzeak dakarren gainkostua; edota sistema elektrikoaren defizitak dakarren kostu finantzarioa; horiek guztiak administrazioak erregulatutako kostuak ere badira.

Merkatu librean jarduten duten merkaturatzaileak eta prezio erregulatuko merkaturatzaileak

Faktura elektrikoan ordaintzen ditugun kontzeptuen zati bat merkatu elektrikoak ezartzen ditu nagusiki elektrizitatearen sorkuntzarekin lotutakoak—; beste kontzeptu batzuk, berriz, administrazioak erregulatu eta ezartzen ditu. Kontzeptu horiek guztiak batzen dira, eta faktura berean konpainia merkaturatzaileari ordaintzen dizkiogu. Konpainia horrek kontsumitzen dugun energia elektrikoa eta kontratatutako potentzia hilero kobratzeko ardura bere gain hartzen du, gero dagokien ordainketak egiteko: elektrizitatea sortzen duten konpainiei sorkuntza-kostuak, garraio- eta banaketa-sareen bidesariak, karguak, kontadorearen alokairuaren kostua, zergak, eta abar, merkaturatzaileari dagokion legezko etekina ahaztu barik.

Konpainia merkaturatzaileak, euren aldetik, bi erregimen desberdinetan jardun ahal dute:

  • Merkatu libreko merkaturatzaileak. Elektrizitatearen merkaturatzea liberalizatuta dagoenez, nahiz eta horren barruan kostu batzuk erregulatuta izan, konpainia merkaturatzaileek askatasun osoa dute euren prezio-politikak ezartzeko, deskontuak ezarriz, edo prezio finalaren egonkortasuna eskaintzeko, elektrizitatearen merkatu-prezioaren gorabeheretatik babestuta.

  • Erreferentziazko merkaturatzaileak. Konpainia merkaturatzaile horiek administrazioak ezarritako tarifa batean saltzen diete elektrizitatea euren bezeroei. Tarifa erregulatu horri Kontsumitzaile Txikientzako Borondatezko Prezioa esaten zaio (Precio Voluntario al Pequeño Consumidor, edo PVPC). Erreferentziazko merkaturatzaileak sektore elektrikoko bide luzeko eta bezeroen kantitate handia duten konpainiak dira.

Kontsumitzaile Txikientzako Borondatezko Prezioa (Precio Voluntario al Pequeño Consumidor, PVPC)

PVPC tarifa erregulatua da erreferentziazko merkaturatzaileek saltzen duten hornidura elektrikoaren tarifa.

PVPC tarifa erregulatua da, eta bere baitan bai kostu erregulatuak (bidesariak eta karguak) eta bai merkatuak ezartzen dituen prezioak (elektrizitatea sortzearena) hartzen ditu.

Jarraian PVPC tarifaren egitura eta osagaiak zehaztuko ditugu, dauden tarifa-mota eta haien ezaugarriekin batera. Aurrerago,  PVPC tarifen eta merkaturatzaile libreek eskaintzen dituzten tarifen artean dauden aldeak zehaztuko ditugu.

PVPC tarifaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • PVPC tarifa 10 kW baino gutxiagoko potentzia kontratatuta duten kontsumitzaileentzat dago eskuragarri, bai konexio monofasikoan, bai trifasikoan.

  • Monofasikoan, kontratatu daitezkeen potentziak 1,15 kW-eko tarteetan (edo 5 A×230 V) antolatuta daude, 9,2 kW-era arte (= 8×1,15 kW). Potentzia baxuenetan erdiko tarteak ere badaude. Ondorengo taulan, potentzia normalizatuen tarteak erakusten dira, tentsio baxuko hornidura elektrikorako:

potentcias euskaraz2

Ordu-bereizketaren araberako hiru tarifa desberdin daude PVPCren barruan:

  • 2.0A tarifa: ordu-bereizketarik gabeko tarifa. Fakturaren energia-terminoak ez du orduaren arabera aldatzen.

  • 2.0DHA tarifa: bi tarteko ordu-bereizketa duen tarifa;
    Puntakoa, 10 ordu egunekoa (12:00-22:00 neguko ordutegian; 13:00-23:00 udako ordutegian)
    Sakonunekoa, 14 ordu egunekoa

  • 2.0DHS tarifa: hiru tarteko ordu-bereizketa duen tarifa;
    Puntakoa, 10 ordu egunekoa (13:00-23:00)
    Tarte laua, 8 ordu egunekoa (7:00-13:00 eta 23:00-1:00)
    Sakonunekoa, 6 ordu egunekoa (1:00-7:00).

Ordu-bereizketa dagoenean, orduan tarte bakoitzean (puntakoa, laua, sakonunekoa) energia-terminoaren kalkulua egiteko kontsumitutako energia biderkatzen duen terminoa aldatzen da.

Ordu-bereizketaren helburua da egunean zehar elektrizitatea sortzeak dakartzan kostu desberdinak hobeto islatzea. Elektrizitatearen eskaera handiagoa da eguerdiaren inguruan, eta iluabarrean:

Pantaila-argazkia 2015-02-25 14:51:27

Horregatik, elektrizitateak duen prezioa merkeagoa da gaueko ordu txikitan, eta goiz-goizean:

INT_D_PFM_DEM_1_30_12_2014_30_12_2014

Ordu-bereizketa duten tarifetan (2.0DHA eta 2.0DHS) elektrizitatea merkeagoa da puntako tartetik kanpo kontsumitzen badugu. Horrek hirugarren bide bat ematen digu gure fakturaren zenbatekoa murriztu ahal izateko: ordu-bereizketa duen tarifa bat kontratatzea, eta gure kontsumo elektrikoak etxean elektrizitate merkeagoko ordu-tarteetara mugitzea. Horrek, baina, egunean zehar normalean izaten ditugun kontsumo elektrikoaren profilak ezagutzea eskatzen du (izan ere, neurGAI oso lagungarria izan daiteke horretarako).

Ondorengo taulak PVPC tarifaren egitura erakusten du:

tabla1 euskaraz

Adibide moduan, jarraian PVPC 2.0A (ordu-bereizketarik gabekoa) tarifaren arabera 4,6 kW-eko potentzia kontratatuta duen konsumitzaile baten faktura kalkulatuko dugu, 2015eko urtarrilerako, suposatuz bezeroak 250 kWh kontsumitu duela (urtean 3 megawatt-ordu, 3 MWh/urte, gutxi gorabehera Estatuko batezbesteko kontsumoa etxebizitzetan). Horretarako, 2015eko urtarrilean indarrean zeuden terminoak erabiliko ditugu (TEU, TPU, TPA…):

TPA = 38,043426 €/kW·urte = 0,104229 €/kW·egun

MCF= 4 €/kW·urte = 0,010958 €/kW·egun

TEA = 0,044027 €/kWh

TCU = 0,084837 €/kWh

tabla2 euskaraz

Potentzia-terminoa, kontratatutako potentziarekiko era proportzionalean fakturatzen dena, 16,42 €-koa da. Energia-terminoa, berriz, kontsumitutako energiarekiko era proportzionalean fakturatzen dena, 32,22 €-koa da. Bi termino horiei zerga elektrikoa gehietzen zaizkio —zerga berezietako bat—, eta kontagailuaren alokairua ere, administrazioak erregulatutako beste kostu bat dena. Guztiari %21eko BEZa ezartzen zaio.

Faktura elektrikoa ezin da inoiz zero izan, bezeroak gutzienez, beti, kontratatutako potentziaren araberako potentzia-terminoa ordaindu behar baitu, eta dagozkion zergak ere. Gutxieneko zenbateko hori, nulua ez dena, batere elektrizitaterik kontsumituko ez balu ordaindu beharko luke bezeroak.

Beraz, elektrizitatearen kostuak zati finko bat dauka (gutxienekoa) eta beste bat aldakorra (kontsumitutako elektrizitatearen arabera). Fakturaren egitura horren eraginez, kontsumo elektrikoa, kilowatt-orduko eurotan kalkulatuta (€/kWh), gero eta baxuagoa da fakturazio-aldian kontsumitutako elektrizitatearen zenbatekoa handitzen den heinean (geroago itzuliko gara kontu horretara).

Energia elektrikoaren horniduraren prezioen inguruko gardentasuna errazte aldera, araudiak dio faktura elektrikoak (etxean jasotzen dugun erreziboa) honako kontzeptu hauetan egon behar dela banakatuta:

  • Ezarritako zergak. Kontzeptu honek zerga elektrikoa eta BEZa biltzen ditu. Landutako adibidean 13,4 € da.

  • Elektrizitatea sortzearen kostua eta merkaturatzearen marjina. Honek biltzen ditu merkatu libreak ezartzen duen energia-terminoaren zatia (21,21 €) eta merkaturatze marjina (1,56 €); gure adibidean, guztira 22,77 €.

  • Erregulatutako kostuak. Bidesariak potentzia-terminoan (14,86 €) eta energia-terminoan (11,01 €) biltzen dira. Gure adibidean, guztira, 25,87 €. Kostu erregulatu hauek, euren aldetik, beste hiru termino hauetan banakatzen dira, administrazioak ezartzen duen proportzioaren arabera, administrazioa baita bidesarien osaketa ezartzen duena:
    • Berriztagarrien, baterako sorkuntzaren eta hondakinen inguruko pizgarriak. 2015ean kostu erregulatu guztien %35,69 dira.
    • Garraio- eta banaketa-sareen kostuak. 2015ean kostu erregulatu guztien %34,53 dira.
    • Beste kostu erregulatu batzuk (defizitaren urteroko ordainketa barne). 2015ean kostu erregulatu guztien %29,78 dira.

Informazio hori guztia ondoko irudietan jasotzen da:

kostuak 1 kostuak 2

Kostu horiei guztiei kontagailuaren alokairua gehitu behar zaie (adibidean 0,81 €) faktura elektrikoaren zenbateko finalera heltzeko (62,85 €).

Merkatu libreko sorkuntza elektrikoaren kostuaren ezartzea, PVPC tarifaren barruan

Gorago erakutsitako fakturaren adibidean ikus daitekeenez, kontsumitutako elektrizitatearen kilowatt-orduak (250 kWh) 0,084837 €/kWh-ko kostu baten bidez biderkatzen dira, energia-terminoa kalkulatzeko. Jada esan dugunez, elektrizitatearen kostu elektriko hori merkatu libreak ezartzen du. Atal honetan, prezio hori ezartzeko prozedura azalduko dugu.

Indarrean dagoen araudiak (hemen eta hemen) dio PVPC tarifa bat duten bezeroei fakturatutako zenbatekoak fidelki islatu behar dituela elektrizitateak merkatu librean dituen orduz orduko prezioak. Prezio horiek orduz ordu aldatzen direnez, fakturazio guztiz zuzen batek kontsumitzailearen orduz orduko kontsumoen erregistroa eskatuko luke. Aukera hori posible izango da kontsumitzaile guztiok kontsumo elektrikoaren orduz orduko kontrola izaten dugunean, kontagailu adimendunen bidez egindakoa. Horren bitartean, araudiak fakturazioa kalkulatzeko metodo alternatibo bat ezartzen du; horren arabera, energia-fakturaren koefizienteak kalkulatzeko (TEU eta TCU terminoak), sistemaren operadoreak (Red Eléctrica de España, S.A.; REE) periodikoki kalkulatu eta argitaratzen dituen batez besteko kontsumoen profilak biderkatzen dira sorkuntza elektrikoaren orduz orduko prezioen bidez.

Kalkulu hori konplexua denez, hura errazteko sistemaren operadoreak (REE) publikoaren esku aplikazio telematiko erraz bat jartzen du (LUMIOS kalkulagailua) energia aktiboko terminoaren bi osagaiak kalkulatu ahal izateko bidesarien eta karguen energia-terminoa (TEU) eta energia-kostuen terminoa (TCU) aplikazioan kontsumitutako kilowatt-orduko kopurua eta fakturazio-aldia sartuta. LUMIOS kalkulagailuak ematen dituen zenbateko horiek, hain zuzen ere, orduz orduko kontsumo errealaren kontrolik ez duten bezeroen fakturetan agertu behar diren termino berberak izan behar dute, baldin eta PVPC tarifa bat kontratatuta badaukate.

Ondorengo taulan, LUMIOS kalkulagailuak goragoko adibidearen datuekin ematen dituen emaitzak erakusten dira:

lumiosAzpimarratu behar da LUMIOS-ek bakarrik fakturaren energia-terminoa ematen duela. Faktura osoko zenbatekoa lortzeko, potentzia-terminoa, kontagailuaren alokairua eta dagokien zergak gehitu behar zaizkio.

Fakturak dakarren informazioa, elektrizitateari buruz

Hornidura elektrikoaren fakturak kontsumitutako elektrizitateari buruzko informazioa ere jaso behar du. Etxebizitza guzti-guztietan edozein momentutan kontsumitzen ari garen elektrizitatea berdin-berdina den arren sare elektrikoaren edozein puntutan elektroi hutsak, azken batean, sistema elektrikoak aldiuneko sorkuntza elektrikoaren moten inguruko erregistro zehatza eta horri dagozkion CO2 isurketen erregistroa egiten ditu. Elektrizitatearen eskaintza eta eskaeraren bat etortze sistemak (merkatu elektrikoan gertatzen dena) kontsumitutako elektrizitatearen jatorri-bermearen sistema bat ahalbidetzen du. Informazio hori kontsumitzaileei helarazten zaie fakturaren bidez, hiru kontzeptutan azalduta:

  • Elektrizitatearen jatorria. Merkaturatzaileak saltzen duen elektrizitatea sortzeko erabili diren teknologien nahastea zehazten da, eta Estatuko batezbestekoaren nahastearekin erkatzen da.

  • Karbono dioxidoaren isurketak, kilowatt-orduko kilogramotan neurtuta (kgCO2/kWh). Isurketa maila hori kontsumitutako elektrizitatearekin lotuta dago, eta Estatuko batezbestekoarekin erkatzen da.

  • Aktibitate altuko hondakin erradiaktiboak, kWh-ko miligramotan neurtuta, eta kontsumitutako elektrizitatearen sorkuntzarekin lotuta dago; Estatuko batezbestekoarekin ere erkatzen da datua.

Kontzeptu horiek gure kontsumo elektrikoaren ingurumen-inpaktuaren oso adierazle garrantzitsuak dira.

Merkatu libreko merkaturatzaileen tarifak

Aurreko adibidea bialiagarria izan zaigu PVPC tarifa aurkezteko; esan dugunez, tarifa hori administrazioak erregulatuta dago, eta 10 kW baino gutxiagoko potentzia erabili nahi duen edozein kontsumitzailek kontratatu ahal dio erreferentziazko merkaturatzaile bati.

Merkatu libreko merkaturatzaileek (merkaturatzaile libreak) eskaintzen dituzten tarifak, berriz, oso antzekoak dira, azken batean tarifa libre horien elementu asko ere administrazioak erregulatuta baitaude: zergak, bidesariak eta karguak, kontratatutako potentziaren araberako fakturazioa eta kontsumitutako elektrizitatearen araberakoa, merkaturatze marjina, kontagailuaren alokairua… eta merkaturatzaile guztiei eragiten diete, merkatu librekoei zein PVPC-koei. Hala eta guztiz ere, elementu batzuk bai direla desberdinak.

Merkaturatzaile libreen fakturazio-prezioen artean aldeak izan daitezke, batetik bestera, eta PVPC tarifekin erkatuta. Logikoa denez aldea ez da, orokorrean, oso handia izango, alde batetik fakturaren osagai asko erregulatuta daudelako (bidesariak eta karguak, nagusiki). Beste alde batetik, PVPC tarifekin konparatuta, tarifa libreak ez dira askoz altuagoak izango, kontsumitzaileek beti izango baitute PVPC tarifa bat kontratatzeko aukera erreferentziazko merkaturatzaile batekin. PVPC tarifarekin konparatuta ager daitezkeen alde txikiak, normalean, merkaturatzaile libreak eskaintzen dituen deskontu eta zerbitzu osagarriekin lotuta egongo dira.

Merkaturatzaile libreak eskain ditzakeen deskontuak konpainiari lotuta jarraitzeko konpromisoarekin lotuta egon daiteke, edo gas- eta elektrizitate-hornidura bikoitzari, edota mantenimenduko zerbitzu osagarrien kontratatzeari (gaseko instalazioen mantentzea, etxeko konponketak, eta abar).

Merkaturatzaile libreak, kasu batzutan, erreferentziazko merkaturatzaileak eskaini ezin dituen zerbitzu batzuk eskainiko ditu. Merkaturatzaile libre batzuk, adibidez, ziurtatzen dute eurek hornitutako elektrizitateak jatorri berriztagarriko bermea duela. Elementu hau oso garrantzitsua da, kontsumo elektrikoaren ingurumen-inpaktua nabarmen murrizten baitu. Kontsumitzaile asko prest gaude, gainera, pixka bat gehiago ordaintzeko elektrizitate horren truke, jatorria %100 berriztagarria baldin bada.

Kontuan hartuta elektrizitatearen prezioa nahiko aldakorra dela urtean zehar, eta baita eguneko orduaren arabera ere, merkaturatzaile libreek askoz egonkorragoak diren tarifa finkoak ere eskaintzen dituzte, aldi zehatz baterako (urte batez, adibidez). Suposatzekoa denez, tarifa aldakorren prezioa baino pixka bat altuagoa izango dira tarifa egonkor horiek, baina horrela kontsumitzailea, nolabait, txertatuta geratzen da elektrizitatearen kostuaren urtaroko aldaketen aurrean.

Elektrizitatearen kostua Europako estatiskitetan (Eurostat)

Garestia al da elektrizitatea Espainian? Galdera horri erantzutea zaila da. Lehenengo hurbilketa bat lortu daiteke Espainiako elektrizitatearen prezioa beste Estatu batzuetakoarekin erkatzen badugu, edo Europako Batasuneko batezbestekoarekin. Oso adierazgarria izan daiteke, ere bai, etxebizitzetan ordaintzen dugun prezioa industria sektoreak ordaintzen duenarekin konparatzea. Halaber, garrantzitsua da ikustea kontsumitutako elektrizitatearen zenbatekoak, nola baldintzatzen duen elektrizitate horren batezbesteko prezioa.

Europako Batasunaren estatistika bulegoak, Eurostat-ek, seihilabetero Europako kontsumitzaileok elektrizitatearen truke ordaintzen dugun prezioaren inguruko informazioa biltzen du. Zehazki, Eurostat-ek seihilabetero inkesta bat egiten du, estatuka, bai etxeetako kontsumitzaileen artean, bai sektore industrialeko kontsumitzaileen artean. Inkesta horietatik elektrizitatearen batezbesteko prezioa kalkulatzen du Eurostatek, kontsumo-tarteen arabera (kontsumo industrialetarako zazpi kontsumo-tarte hartzen ditu kontuan, eta bost tarte etxeetako kontsumoetarako). Datuok Eurostateko datubasean eskuragarri daude, kontsultarako.

Beherago erakusten diren datu guztiak Eurostateko datubasetik aterata daude. Exeetako kontsumoen kasuetan, elektrizitatearen prezioek Estatu bakoitzean gerta daitezkeen zerga guztiak barne hartzen dituzte; sektore industrialeko kasuetan, berriz, BEZa eta itzulgarriak beste zerga guztiak prezioetatik kango geratzen dira.

Ondoko bi irudietan elektrizitatearen kostuak erakusten dira, €/kWh-tan adierazita, Espainiako etxeetako kontsumitzaileentzat ezkerreko irudian, eta kontsumitzaile industrialentzat eskuineko irudian, kontsumo-tarteen arabera, 2015eko lehenengo seihilabetean. Erreferentziarako, esan dezagun Espainian, 2010ean, batezbesteko urteko etxeko kontsumo elektrikoa 3.500 kWh (DC tartea) izan zela. Hego Euskal Herriko autogintzako planta handi batean, berriz, urteko kontsumo elektrikoa 100 GWh ingurukoa da (IF tartea).

españa-residencial-2015

españa-industria-2015

Espainia, 2015eko lehenengo seihilabetea
Etxeetako kontsumoak

Espainia, 2015eko lehenengo seihilabetea
Kontsumoak industrialak

Datuak ikusita, honako puntu hauek azpimarratu daitezke:

  • Industrian kontsumitzen den elektrizitatearen prezioa, orokorrean, etxeetan kontsumitzen denarena baino merkeagoa da. Hau gertatzen da kontsumitutakoaren bolumena handiagoa delako.

  • Kontsumoa handitzen den heinean, nabarmen jaisten da elektrititatearen prezioa. Etxeetako kontsumoetan, beheko tartearen batezbesteko prezioa (DA tartea) goiko tartearen (DE tartea) prezioaren ia hirukoitza da (×2,7). Kontsumo industrialen kasuan, kostua ia laukoizten da (×3,8) beheko tartetik goiko tartera pasatzean.

  • Tarifa-egitura honek, argi eta garbi, aurrezte energetikoari eta efizientzia energetikoari pizgarriak kentzen dizkie: elektrizitate gutxiago kontsumitzea prezio garestiago batekin zigortzen da.

  • Tarifa-egitura hori, era berean, sozialki oso erregresiboa da: diru sarrera urriakoak dituzten etxeek normalean elektrizitate gutxiago kontsumitzen dute; hala ere, elektrizitate hori garestiago ordaintzen dute, gehiago kontsumitzen den eta normalean diru sarrera handiagoak dituzten etxebizitetan baino.

Ondorengo irudietan elektrizitateren batezbesteko kostuak Espainian, Alemanian, Danimarkan eta Europako Batasunean (EB28) erakusten dira, industria eta etxeetako kontsumitzaileentzat, kontsumo-tarteen arabera. Datuok 2014ko lehenengo seihilabetekoak dira.

europa-residencial-2015

europa-industria-2015

Etxeetako kontsumoak
2015eko lehenengo seihilabetea
EB28, Danimarka, Alemania y Espainia

Kontsumo industrialak
2015eko lehenengo seihilabetea
EB28, Danimarka, Alemania y Espainia

Honako puntu hauek ondorioztatzen dira:

  • EB28an elektriziatatearen prezioa jaisten da kontsumoa handitzen den heinean, bereziki industria sektoreko kontsumoen kasuan. Hala ere, joera hori askoz leunagoa da etxeetako kontsumoen kasuetan —beheko kontsumo-tartearen kasua albo batera utzita (DA tartea)—.

  • Elektrizitatearen prezioak Espainian EB28an baino nabarmen handiagoak dira beheko kontsumo-tarteetan (IA eta DA tarteak). Espainiako eta Europako prezioen arteko aldea gutxitzen da kontsumo maila handitzen den neurrian, alderantzizkatu arte: goiko kontsumo-tarteetan, bai kontsumo industrialetan (IE e IF tarteak) bai etxekoetan (DE tartea), elektrizitatea merkeagoa da Espainian, Europan (EB28an, batez beste) baino. Tarifa elektrikoaren izaera erregresiboa nabarmenagoa da, beraz, Espainian, Europako batezbestekoan baino.

  • Espainiako etxeetako kontsumoak, orokorrean, Alemaniakoak eta Danimarkakoak baino merkeagoak dira. Beheko tartearen kontsumitzaile industrialek ere, Espainian, Alemanian baino gutxiago ordaintzen dute. Kontsumo industrialeko beste tarte guztietan, ordea, Alemaniako kontsumitzaile industrialek beti ordaitzen dute Espainiakoek baino gehiago. Danimarkako kasuan, bere aldetik, itzulgarriak diren zergek azkeneko prezioa irudian ez da erakusten hirukoiztea dakarte.

Deje una respuesta

 

 

 

Puedes utilizar estos tags HTML

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Junio 2020
L M X J V S D
« May    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930