Nire esperientzia kontsumo elektrikoak neurGAI-rekin neurtzen

(en castellano)

Atal honetan nire esperientzia pertsonala jasotzen dut, neurGAI-rekin hilabete batzuez probak egiten eta nire etxeko kontsumo elektrikoak neurtzen.

Nire kontsumitzaile-profila honako hau da:

  • Etxean bost pertsona bizi gara; etxebizitza 100 m2-koa da, eraikuntza berrikoa.
  • Berokuntza sistema komunitarioa da, gas naturalekoa. Beraz, berokuntzarako kontsumo elektrikorik ez dugu.
  • Aire girotuko sistema dugu etxean, baina ez dugu inoiz erabiltzen.
  • Asteburuetan izan ezik, egunero guztiak etxetik kanpo bazkaltzen dugu.
  • Hasieran, hornidura elektrikoko 4,6 kW-eko potentzia genuen kontratatuta, ordu-bereizketarik gabe (2.0A tarifa), Goiener merkaturatzaile librearekin.

Printzipioz, nire helburua zen ikustea ea kontratatuta neukan potentzia  (4,6 kW) benetan beharrezkoa zen, edo agian posible zatekeela tarte batean jaistea (1,15 kW), 3,45 kW-era arte, horrek fakturan dakarren aurrezte ekonomikoarekin batera.

Hasteko, etxean ditugun hainbat elektrotresnaren kontsumo-profilak neurtzen hasi nintzen. Jarraian erakusten ditut neurketa horiek, neurGAI-ren bidez lortutakoak. Kontsumo elektrikoaren neurketa horiek egitean, bi segundoro, neurGAIk neurketok .csv (character separated values) artxibo batean gordetzen ditu. Geroago, neurketa horiek nire eskuko telefonotik berreskuratu ditut eta jarraian erakusten diren irudiak sortu ditut, LibreOffice-eko kalkulu-orria erabiliz.

 

ARGIZTAPENA (eta standby-eko kontsumoa)

iluminacion

Neurketa-erregistro honetako hasieran, etxeko tresna guztiak itzalita zeuden, edo stand-by egoeran; hortik aurrera, etxeko argi guztian, banan banan, pizten joan naiz; guztiak piztuta zeudenean hasi naiz kontrakoa egiten, banan banan itzaltzen, hasierako egoerara itzuli arte. Prozesu osoan 4 minutu behar izan ditut.

Nire bonbilla gehienak efizientzia altukoak dira, eta gutxi batzuk LED motakoak. Beste gutxi batzuk, berriz, goritasunezkoak dira eta gehiago kontsumitzen dute (baten bat 100 W-ekoa da). Edonola ere, etxeko argiztapen osoak ez du 1 kW baino gehiago kontsumitzen. Gainera, ez dugu inoiz guztia aldi berean pizten.

Stand-by kontsumoa neurketa horiek egin nituenean 200 W baino pixka bat gehiago izan zen. Hori zen neurGAIk neurtu zuen kontsumoa; potentzia hori, hala ere, itxurazko potentzia da, eta osagai erreaktiboa barne hartzen du. Nire etxebizitzan, stand-by kontsumoaren osagai aktiboa (azken batean, ordaintzen dena) 80 W inguru kokatzen da, etxean inoiz ez dagoenean (eta hozkailua martxan ez dagoenean).

 

GARBIGAILUA (ZIKLO LUZEA)

lavadora

Erregistro honek garbigailuaren (A+++ efizientzia energetikoaren motakoa) funtzionamenduaren ziklo luzea erakusten du, kolore zuriko arropa garbitzeko erabiltzen duguna. Ziklo honen tenperatura 40 ºC da, eta iraupena 3 ordu.

Funtzionamenduaren lehenengo orduan 2 kW-eko potentzia gainditzen duten bi fase daude. Lehenengo fasean, pikoek 2,5 kW-eko potentzia gainditzen dute.

Hurrengo irudiek 20. minutuan egindako neurketak erakusten dituzte, 2,5 kW-eko kontsumoa bukatzen denean, alde batetik, eta bestetik, 170. minutuan erregistratutako neurketak.

GARBIGAILUA (xehetasunak)

garbigailua

 

Irudietan ikus daiteke kontsumo-pikoak oso motzak direla, 10-15 segundokoak, edo gutxiago.

Garbigailuak 2 kW baino gehiagoko kontsumoak eskatzen ditu funtzionamenduko lehenengo orduan, baina hurrengo bi orduetan kontsumoa 1 kW baino gutxiago da, eta gainera minutu erdi baino gutxiagoko boladatan.

 

HOZKAILU-IZOZKAILUA

frigorifico

Hozkailu-izozkailua efizientzia energetikoko A+ motakoa da. Periodikoki martxan jartzen da, barruan dagoen tenperatura muga baten azpitik mantentzeko. Hasierako piko bat pasata, ia 1 kW-ekoa, segurki konpresorearen motorraren piztuerak eraginda, etxetresnak 15 minutuz 100 W inguru kontsumitzen du.

Hozkailuak ez du potentzia handirik eskatzen, baina haren kontsumoa, azkenean, nahiko handia da, beti konektatuta baitago eta periodikoki pizten delako barruko tenperatura hotz mantentzeko.

 

SUKALDEKO LABEA (190ºC)

horno cocina 190 grados

Grafiko honetan sukaldeko labearen funtzionamenduaren erregistroa erakusten da (aire beroa), 190 ºC-tan programatuta 45 minutuz.

Labeak 2 kW baino pixka bat gutxiago eskatzen du. Pizten denean jarraiki funtzionatzen du programatutako tenperaturara heldu arte, eta gero, minutu eta erdiko baladatan, tenperatura mantentzeko.

 

ONTZI-GARBIGAILUA  (45 ºC)

friegaplatos ciclo corto 45 grados

Ontzi-garbigailua potentzia handi bat eskatzen duen beste elektrotresna bat da. Gurea efizientzia energetikoko A+ motakoa da. Guk normalean garbiketaren ziklo laburra erabiltzen dugu (30 minutu), 45 ºC-tan.

Ziklo horretan garbigailuak 2 kW baino pixka bat gehiago eskatzen du, 8, 3 eta 10 minutuko hiru fasetan.

 

INDUKZIOZKO SUKALDEAREN FOKU ERTAINA

cocina induccion foco mediano

Gure sukaldea indukziozkoa da, eta hiru foku ditu. Goiko irudiak barazkiak sukaltzeko zikloa erakusten du. Potentzia gorenak (9tik 9) 2 kW baino gehiago eskatzen du, baina bi minutu pasata potentzia erdira jaisten dugu, eta orduan kontsumo elektrikoa 1 kW inguruan geratzen da.

 

MIKROUHIN-LABEA POTENTZIA MAXIMOAN (900 W)

microondas potencia 900W maxima

Mikrouhin-labearen kontsumo elektrikoaren profila potentzia gorenean funtzionatzen (berotzeko 900 W) konstantea da, eta gutxi gorabehera potentzia termikoaren bikoitza, 1,8 kW inguru. Guk, normalean, 600 W-ko potentzia termikoan erabiltzen dugu, 1 kW-eko kontsumo elektrikoa ekarriko lukeena.

 

TXIGORGAILUA (DEFROST)

tostadora defrost

Txigorgailuak ere 1 kW baino gutxiagoko potentzia bat eskatzen du. Ezin dugu ahaztu neurketa egiten dugunean etxean beste kontsumo elektriko batzuk badaudela: argiztapena, stand-by eta abar. Neurketa hau egin genuenean, ia 400 W.

 

IRABIAGAILUA

batidora

Elektrotesna txikiek ere elektrizitatea kontsumitzen dute, gutxi bada ere. Irabiagailuak, adibidez, martxan jartzen denean 100 W inguruko kontsumoa gehitzen du.

 

Erregistro hauek analizatu eta gero, honako ondorio hauetara heldu naiz (ondorio hauek, noski, guztiz baliodunak dira gure etxebizitan eta gure etxetresnekin; hala ere, erreferentzia oso interesgarri bat izan daitezke beste pertsona batzuen kasuetarako):

  • Nire kontsumo minimoa 100 W baino pixka bat gutxiago da, eta stand-by kontsumoari dagokio (WIFI-routerra martxan, telebista stand-by egoeran, eta abar).
  • Etxeko argiztapenak beste 200 W gehiago gehitzen du egunean, etxean gaudenean, eta 400 W gehiago gauean.
  • Etxean potentzia gehien eskatzen duten etxetresnak sukaldean daude: garbigailua, sukaldea bera, labea, ontzi-garbigailua; bakoitzak ia 2 kW eskatu ahal dute, une batzuetan. Hala ere, askotan potentzia-pikoak boladatan gertatzen dira, eta oso laburrak dira, minutu erdi bat baino gutxiagokoak (garbigailua, indukziozko sukaldea), edo minutu pare batekoak (labea).
  • Beste tresna batzuek, txigorgailuak edo irabiagailuak, adibidez, 1 kW-eko potentzia eskatu ahal du, bakoitzak.
  • Kasu gehienetan etxetresnak eskatzen duen potentzia elektrikoa oso sentikorra da etxetresnaren potentzia-erregulazioarekiko, adibidez mikrouhin-labearen edo sukaldearen kasuetan.

Kontratatutako potentzia 4,6 kW-eko baldin bada, ematen du kontsumo handiko hiru elektrotresnen aldibereko funtzionamenduak (adibidez: garbigailua, labea eta indukziozko sukaldearen foku bat) ICP-aren deskonexioa eragin beharko lukeela. ICP Interruptor de Control de Potencia delakoa da, gure kontsumo maximoa mugatzen duen gailu elektronikoa, konpainia banatzaileak gure kontadorean instalatua. Gure kasuan hori gertatu beharko litzateke eskatzen dugun korrontea 20 A-ko muga gainditzen denean, hori baita 4,6 kW-eko potentziari 230 V-eko linea batean dagokion korronte elektrikoa.

Hurrengo irudiak kontsumo elektrikoaren profila erakusten du, sukaldean jararia prestatzen ari garen bitartean, eta etxetresna desberdinak aldi berean martxan ari direlarik, sukaldeko foku fatzuekin batera.

20 A-ko ICP-a EZ DA DESKONEKTATZEN 4,6 kW-etan

ICP 20A no dispara

Sukaldeko fokuak piztu eta itzaltzen dira, igoera eta jaitziera asko dituen kontsumo-profil bat sortuz, zerra-hortzak modukoa. Une batzuetan, ematen du kontsumoak 4,6 kW-eko potentzia gainditzen duela (minutu batez 17. minutuan, ia 5 minutuz 30.ean, eta segundo batzuez 58.ean). 5 minutuko tartea 30. minutuan aise gainditzen du 4,9 kW-eko muga, ICP-aren atalasearen gainetik.

Beraz, argi dago ICP-ak tolerantzia moduko bat duela, eta kontratuko potentziaren hurbil dauden kontsumoek ez dutela ICP-aren deskonexioa eragiten.

Zein da ICP-aren deskonexioa eragiten duen potentzia? Zenbat denboraz luzatu behar du kontsumo horrek deskonexioa eragiteko? Erantzuna hurrengo irudian ikus daitezke.

20 A-ko ICP-a DE 20 DESKONEKTATZEN DA (8 kW-ko KONTSUMOA 260 SEGUNDOZ)

ICP 20A dispara

Beste une batean, sukaldeko labea eta indukziozko bi foku potentzia gorenean martxan jartzea erabaki nuen. Horrekin 6 kW-eko kontsumo bat neurGAIrekin neurtzea lortu nuen, eta ikusi nuen ICP-a ez zela deskonektatzen, nahiz eta 4,6 kW-eko muga aise gainditu. Ikusita minutu bat pasata guztiak martxan jarraitzen zela, mikrouhin-labea piztu nuen, eta potentziak handitzen jarraitu nuen neurGAIn 8 kW-eko potentzia bat neurtu arte. ICP-ak ia 4 minutu behar izan zuen deskonektatzeko. ICP-ak, beraz, deskonektatzeko korronte nominalarekiko tolerantzia garrantzitsu bat dauka.

ICP-en funtzionamendua UNE 20317 arauak erregulatzen du, 2005eko otsailekoa, “Interruptores automáticos magnetotérmicos, para control de potencia, de 1,5 A a 63 A” delakoa. Potentzia era automatikoan kontrolatzen duten etengailuen (interruptores automáticos de control de potencia, ICP) helburua da konpainia elektriko banatzaileen abonatuen kontratatutako potentzia kontrolatzea. UNE arau horrek ICP-aren funtzionamendu baldintzak espezifikatzen ditu. Arauak honako puntu hauek zehazten ditu:

  • Egoera hots batetik hasita, ICP-ak ezin du deskonektatu ordu betez bere bidez korronte nominala halako 1,1 zirkulatzen denean. Korronte horri “ez deskonektatzeko korronte konbentzionala” deritzogu, eta ICP-aren korronte nominalaren %110 da. Horrek esan nahi du ICP-ak ezin duela deskonektatu ordu betez, kontsumoa justu kontratatutako potentziaren %110 baldin bada.
  • Korronte “deskonexioko korronte konbentzionaleraino” igotzen bada, hain justu nomina hala 1,5 dena, orduan ICP-ak 900 segundotan (edo 15 minututan) deskonektatu behar du, gehienez. Horren esan nahi du posible izan daitekeela potentzia kontratatuaren %150 kontsumitzea 15 minutuz, gehienez.
  • ICP-ak eutsi behar du kontsumo nominala halako 2,475 segundo batez gutxienez, eta minutu batez gehienez.

Arauak beste muga batzuk ezartzen dizkio ICP-aren funtzionamenduari. Aurrekoei gehituta, muga horiek guztiek behean erakusten den irudian funtzionamenduaren korronte eta denborako maskara osatzen dute:

 

ICP

UNE 20317 arauak, beraz,  bermatzen du posible dela, 4,6 kW-eko kontratatutako potentzia batekin, 5,06 kW-eko kontsumo bati eustea (%10 gehiago) ordu betez, gutxienez. Kontratuko potentzia 3,45 kW bada, ICP-ak 3,795 kW-eko kontsumo bati eutsi behar dio, ordu betez.

Potentziak potentzia nominalaren %110eko muga gainditzen badu, printzipioz konplikatua da jakitea zenbat denbora beharko duen ICP-ak deskonektatzeko. Denbora hori segundo bat baino gehiago eta  15 minutu baino gutxiago izan beharko da, derrigorrez. Tarte hori handiegia da; hobeto mugatzeko, onena da neurGAIrekin neurketak egitea, marjina eta muga non dagoen zehazki jakiteko. Gure kasuan, kontsumo nominalaren %174k (8 kW kontratuko potentzia 4,6 kW denean) 260 segundoko deskonexiorik gabeko marjina ematen du.

Emaitza hauek ikusita, ondorioztatu nuen marjina neukala etxean Goienerren bidez kontratatutako potentzia tarte batean jaisteko, 4,6 kW-etik a 3,45 kW-era. Ordura arte, neurGAIrekin neurketak egiten hasi baino lehen, ICP-a ez zitzaidan inoiz deskonektatu gainkontsumoengatik, potentzia jaisteko tartea baneukalako susmoak areagotuz. Orain dela hilabete batzuk kontratuko potentzia jaitsiera eskatu nuen. Aldi berean, ordu-bereizketako tarifa batera pasatzera aprobetxatu nuen kontratu aldaketa, 2.0A tarifatik 2.0DHA-ra.

Hiru hilabete baino gehiagoz kontratatutako potentzia tarte batean jaitsita (orain 3,45 kW) eta ordu-bereizketarekin, ICP-a behin bakarrik deskonektatu zaigu: janaria prestatzen ari ginen, sukaldeko bi fokurekin martxan, eta garbigailua ere martxan zegoen. Une hori kenduta, eta edozein momentutan kontsumo elektriko handiak eskatzen dituen etxetresna bat, bakarrik, martxan dagoela zainduz, hornidura elektrikoa arazorik gabe mantentzen da, mozketarik gabe. Izan ere, ICP-ak optentzia nominala baino nabarmen handiagoak diren kontsumo motxak eusten ditu, hurrengo irudian ikus daitekeen bezala. Irudi horrek konexioko baldintza berrietan egindako neurketen erregistro bat erakusten du:

 

15 A-ko ICP-a EZ DA DESKONEKTATZEN

ICP 15A no dispara_detallesIkus daitekeenez, konexioa arazorik gabe mantentzen da 7 minutuz 4 kW-etan (hasierako minutuak), eta geroago 5 kW-eko pikoak ere, eta baita 7 kW-ekoak ere, eusten du 13. eta 17. minutuen artean (eskuineko irudian zehaztasunak). Piko horiek oso laburrak dira, segundo gutxikoak. Hala ere, 5 minutuz batez besteko potentzia 5 kW inguru da. Jarraian neurketen beste erregistro bat erakusten dugu beste irudi batean. Neurketa horren bitartean, sukaldeko labearekin batera (beroketa jarraitua hasieran, eta 15. minututik aurrera 2 minutu eta erdiko piztuerako eta itzalerako uneak tartekatuz) prezio-eltzea indukziozko fokuan berotzen dugu, 30. minututik aurrera (gutxi gorabehera). Egiaztatu daitekeenez, une batzuetan kontsumoa 4 kW-eko potentzia aise gainditzen du, ICP-aren deskonexioa eragin barik.

 

ICP 15A no dispara_bis

ICP-aren deskonexioak kontsumo elektrikoaren gutxienenko maila bat eskatzen du, gutxieneko denbora batez. neurGAI oso lanabes baliagarria izan daiteke baldintza horiekneurtzeko. Adibide moduan, hurrengo grafikoak 15 A-ko ICP baten deskonexioaren erregistreoa erakusten du (3,45 kW-ko kontsumo nominala).

ICP 15A si dispara

Erregistro honen helburua zen neurtzea zenbat denbora eskatzen duen ICP baten deskonexioak, gainkorrontea (edo gainkontsumoa) %50 denean. Kontuan hartuta nire kontratua orain 3,45 kW-ekoa dela, etxeko kontsumoa 5,175 kW izan behar zen, edo potentziako tarte bat eta erdi kontratuko potentziaren gainetik. Horretarako, Sukaldearen bi foku piztu nituen, potentzia gorenean, ura berotzen. Sukaldeko estraktorea gehituta, eta etxeko argi batzuk piztuta, gai izan nintzen etxeko kontsumoa 5 kW-en pixka bat gainetik jartzeko (5050-5200 W), ICP-a deskonektatu zen arte. Datuok adierazten dute oso posible dela nire ICP-a gai dela kontratuko potentzia %50ean gainditzen duen kontsumoa gutxienez 10 minutuz eusteko gai dela, deskonektatu barik. 3,45 kW-eko kontratuko potentzia bat, beraz, bateragarria da bera tramo bat eta erdian gainditzen duten beste kontsumoekin, minutu gutxikoak (hamar baino gutxiagokoak) baldin badira.

Beste alde batetik, potentzia jaitsierak ordu-bereizketarako aldaketarekin batera inpaktu zuzen eta nabarmena izan du gure faktura elektrikoan.

Adibide moduan, azken fakturazio tartean (30 egun) 142 kWh kontsumitu ditugu puntako tartean, eta 116 kWh haraneko tartean. Kontratuko potentzia 3,45 kW izanik, eta tarifa 2.0DHA, gure azkeneko tarifa (zergak barne) 55,86€ izan da.

4,6 kW-ko potentzia jarraitu izan bagenu, eta ordu-bereizketarik gabe, orduan 65,45€ ordaindu genukeen (ia 10€ gehiago). Aldaketak, beraz, %14,7-ko jaitsiera ekarri du gure fakturan.

Nire kalkuluen arabera, potentzia bakarrik jaisteak faktura 60,39€-ra arte ekarri zukeen (%7,7ko jaitsiera bat), y bakarrik ordu-bereizketako tarifara pasatzeak 60,92€-ra (%6,9ko jaitsiera).

4 comentarios a Nire esperientzia kontsumo elektrikoak neurGAI-rekin neurtzen

  • Imanol

    Oso azterketa interesgarria. Eskerrik asko.

    Irabiagailua bezalako tresna txikien potentzia errazago neurtzeko kableak banatuta dituen alargadorea lagungarri izan daiteke.
    Ez dakit salgai ote dagoen helburu honetarako piezarik =D==E
    Entxufe arra eta emea eta kable txatal birekin erraz presta daiteke.
    __ __
    –| \-~~~-/ (
    –|__/-~~~-\__(

  • Imanol

    Ascii art.
    Entxufearen irudia desitxuratu da webak formateatu duenean. Courier letra motan prestatu dut.


    __ __
    -–| \-~~~-/ (
    -–|__/-~~~-\__(

    ` .__` ` ` .__
    -–|..\-~~~-/..(
    -–|__/-~~~-\__(

  • da2d

    Oso interesgarria kontakizuna. Neu pentsatzen ari naiz etxeko potentzia 3.4tik 2.3ra jaistea. Ez dakit muga-mugan ibiliko naizen, oso zorrotza “kontsumo arauetan” izan gabe, edo “Erraz” jaitsi ahal dudan. Zer deritzoe?? hain erraza izango da??

    Etxean bakarra naiz, asteburuetan izan ezik. Eta astean zehar gutxi ematen dut berton.

    Kalkulatzen ari naiz gure kasuak ez direla hain ezberdinak. Azken finean, arropa edo ontziak garbitzea berdin egin behar dugu (maiztasuna aldatuko da). Sukaldatzeko berdina ez, baina antzekoa (berdin estraktorea edo 1/2 sute). Routerra ere berdina da pertsona 1 edo familiarentzat.

    Ezberdintasun handietan izan liteke aldi berean piztutako argiak, baina horrek ez luke suposatuko kontsuko gehigarri handirik.

    Galdera bat: etxeko ura berotzeko nola egiten duzue?? neuk gas-galdara dut. Uste dut hori izan daitekeela alde bakarra.

    :)

    skrrksk!

    • GORKA BUENO MENDIETA

      Kaixo da2d,
      Geuk ere ur beroa gas-galdara komunitario baten bidez lortzen dugu; beraz, kontsumo elektrikorik ez.
      Kontuan hartuta geu 5 garela etxean, eta 3,45 kW-ekin primeran moldatzen garela, zuk ez duzu batere arazorik izan behar 2,3 kW-ekin, etxetresna handiak potentzia gorenean ez badituzu aldi berean erabiltzen.
      Gorka

Deje una respuesta

 

 

 

Puedes utilizar estos tags HTML

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

Junio 2020
L M X J V S D
« May    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930