Terminologia erreala, terminologia kodifikatua eta terminologia ofiziala

Komunikazio espezializatuak ezinbestekoa du terminologia. Hortaz, espezialitate-alor jakin bateko komunikazio espezializatuan hizkuntza jakin bat erabiltzen denean, hizkuntza horretan espezialitate-alor horretako terminologia badagoela ondorioztatu behar dugu. Gure unibertsitateetan denetariko gaiak irakasten dira euskaraz duela zenbait hamarkada, eta unibertsitateko diskurtso didaktikoa espezializazio maila altu samarrekoa da: irakasleak irakasten duten alorreko adituak dira eta, ikasleak, berriz, etorkizunean adituak izateko prestatzen ari direnak.

Komunikazio espezializatuan erabiltzen den hiztegi espezializatuari terminologia erreala deritzogu. Terminologia erreala deskribatu nahi badugu, komunikazio espezializatuan erabiltzen diren testuak (idatzizkoak zein ahozkoak) bildu eta aztertu behar ditugu. Testu-bilduma horiei corpus deritzegu hizkuntzalaritzan. Terminologia Sareak Ehunduz programan (TSE) unibertsitateko irakasleek beren  irakaslanean erabiltzen dituzten dokumentuak biltzen ari gara Garaterm corpusean. Testu horietatik abiatuta, terminologia erauzten dugu eta kontsultagai jartzen dugu Terminologia Zerbitzurako Online Sistema (TZOS) datu-basean. Bi baliabide horiei esker, posible da terminologia-kontsultak egitea eta, terminologia komunikazio errealean erabiltzen diren testuetatik aterata dagoenez, posible da baita terminologia hori testuetan nola erabili den kontsultatzea corpusean (in vivo terminologia).

velocidad_abiadura_TZOS_GaratermTerminologia kodifikatua esaten diogu, aldiz, hiztegietan jasota dagoen terminologiari. Hiztegietan jasotzen den terminologia komunikazio naturalean erabiltzen dena izan daiteke, baina zenbaitetan erabilerari eragiteko proposamenak ere izan daitezke kodifikatutako terminoak. Azkenik, terminologia ofiziala esaten diogu terminologiaren normalizaziorako erakunde baten bermea duenari. Gure kasuan Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordea da euskal terminologia normalizatzeaz arduratzen den erakundea eta, Euskalterm datu-base terminologikoan jartzen du kontsultagai lantzen duen terminologia.

Hiztegi eta datu-base terminologikoek eragin handia daukate erabileran, oro har, erabiltzaileek, itzultzaileek eta zuzentzaileek horrelako kontsulta-baliabideetan jasotako terminologia, erabileran aurki litekeenaren aldean, lehenesteko joera izango baitute. Berebiziko garrantzia du, beraz, komunikazio espezializatu naturalean erabiltzen den terminologia erreala hiztegietan, datu-base terminologikoetan eta normalizazio-ekimenetan kontuan hartzea eta, horretarako, ezinbestekoa da terminologia erreala ikusgai egitea. Helburu hori du, hain zuzen ere, TSE programak[1]. Nolanahi ere, TSE programaren bitartez eraikitzen ari garen baliabideak esangarriak izango badira, irakasle eta irakasgai gehienen dokumentuak eta termino-zerrendak biltzen saiatu behar gara.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>