Irakasgaia, TSE programaren lan-unitatea

irakasgaia_unitatea

Terminologia Sareak Ehunduz programaren lan-unitatea irakasgaia da. Programan parte hartzen duten irakasleek ematen duten irakasgai batean erabiltzen dituzten testuak bildu, terminologia erauzi eta landu, eta irakasgai horren glosategi eleaniztuna egiten dute, Terminologia Zerbitzurako Online Sistema (TZOS) datu-basean kontsultagai jartzeko. Ikus TSE progragamaren metodologia.

Hainbat arrazoi daude irakasgaia lan-unitatetzat hartzeko erabaki metodologiko horretarako:

  • Irakasgaia komunikazio-unitate akademikoa da. Ikasketa-planetan zehaztuta dauden saioetan irakasleen eta ikasleen arteko komunikazio-elkarrekintza gertatzen da, askotariko testu idatzi eta ahozkoen bitartez. Testu horiei esker, gure irismenetik kanpo dauden komunikazio-ekintza horietan erabiltzen diren hizkuntza-baliabideak azter ditzakegu, besteak beste, terminologia.
  • Maneiatzeko unitate egokia da irakasgaia, aukera ematen baitu irakasle jakin batek bere irakasgaia lantzeko lan indibiduala egiteko, edota irakasgai jakin bat ematen duten hainbat irakasleren artean lantzeko.
  • Irakasgaiak ikastegiekin, titulazioekin eta ikasmailekin lotuta daudenez, lan-unitate horrek aukera ematen digu titulazio jakin bateko ikasmaila jakin bateko ikasleek irakasgai desberdinetan jasotzen duten inputa aztertzeko.

Nolanahi ere, lan-unitate modura irakasgaia erabiltzeak baditu zenbait ondorio, sortzen diren terminologia-glosategiei begira. Izan ere, terminologia-lanerako ohikoa da lan-unitate modura espezialitate-alorra hartzea, eta alor horretako hiztegi-elementu espezializatutzat hartzen direnak biltzea, alegia, eremu horretako jakintza-unitateak edo kontzeptuak adierazteko erabiltzen diren denominazioak biltzea. Horrelakoetan, lan egiteko modua onomasiologikoa da, alegia, kontzeptuak zedarriztatzen dira eta, ondoren, kontzeptu horiek adierazteko erabiltzen diren denominazioak bilatzen dira. Denominazioak errelebantetzat hartzen diren testu espezializatuez osaturiko corpusetatik jasotzen dira. Kontzeptuak sistematikoki lantzeko, eremu-zuhaitz bat eraikitzen da eta hori erabiltzen da terminoak antolatzeko, eta terminologoei laguntzeko erabakitzen zer termino diren pertinenteak egin nahi duten hiztegiari begira.

TSE programako glosategiak egiteko, aldiz, terminoek aukeratutako irakasgaian erabiltzen diren testuetan dituzten agerraldietatik abiatzen gara (terminologia in vivo). Hartara, testuak (Garaterm lan-ingurunean) eta terminoak (Terminologia Zerbitzurako Online Sisteman) jakintza-alorretan biltzen baditugu ere, testuetan bestelako jakintza-eremuetan koka genitzakeen terminoak ere agertuko zaizkigu. Adibidez, kimika jakintza-alorrean kokatu dugun irakasgai batetik erauzitako terminoen artean, ager daitezke Zientzia Teknologikoetan edota Biziaren Zientzietan kokatu ditugun beste hiztegi batzuetan, adibidez, huts-ponpa, irabiagailu, mizela, nanometro, propietate estentsibo… Termino horiek glosategian jasotzea komeni den ala ez, glosategiaren egileak erabakitzen du. Hurrengo urrats batean, termioen semantika aztertu, eta hortik abiatuta eraiki dezakegu eremu-zuhaitz bat irakasgaiko terminologia sistematikoki lantzeko eta antolatzeko hiztegi terminologiko bat egiteari begira.

Nolanahi ere, esan daiteke prozedura horrek agerian uzten duela terminologiaren jokaera naturala: terminoak ez dira jakintza-alor jakin batekoak, jakintza-alor batean koka ditzakegun testuetan erabiltzen dira.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>