Beldurrak mila aurpegi ditu

Beldurrak bizitza salba diezaguke; horixe da beldurraren balioa. Baina ondorio txarrak ere izan ditzake. Berriki jakin izan dugunez, aldaketa metaboliko sakonak dakarzkio beldurrak matxinsalto bati, eta aldaketa horiek, bestalde, ondorio ekologikoak izan ditzakete, matxinsaltoen ohiko ekosistemaren dinamika bera ere alda omen baitaiteke. Ikus dezagun nola gerta daitekeen hori.

Beldurrak ondorio txarrak ekar ditzakeela ez da kontu berria. Izan ere, aurreko batean aritu ginen beldurraren kostuaz, etxetxori melodikoaren demografian izan dezakeen eragina izan baikenuen hizpide. Desberdina da orain aurkeztuko duguna; batetik matxinsalto bat (Melanoplus femurrubrum izenekoa) delako protagonista, eta bestetik, jokaeraren ordez, metabolismoa delako beldurraren eraginez aldatzen dena.

Ikerlariek adierazi dutenaren arabera, ikarapean bizi izandako matxinsaltoen gorpuek izuaren “memoria kimikoa” dute, eta beldurrak eragindako ezohiko osaketa kimikoak landare-jatorriko materiaren andeakuntza moteltzea eragiten du, eta hortaz lurzoruaren berezko fertilizazio-prozesua, landare berrien hazkuntzarako ezinbestekoa dena, geldoago gertatzen omen da.

Emaitza horietara heltzeko, izututako matxinsaltoak sakon aztertu zituzten ikerlariek; matxinsaltoetan ikara sortzeko Pisaurina mira espezieko armiarmak sartu zituzten matxinsaltoak hazten ari ziren kutxetan. Aztertu nahi zutena beldurraren eragina zenez, eta ez erasoaren eragina,  barailak itsatsi egin zizkieten puntu batzuetan armiarmei; horrela, armiarmek matxinsalto koitaduak izutu zitzaketeen baina ez hil.

Lortutako emaitzen arabera, ikarak eragindako estresak karbono asko duten karbohidratoekiko zaletasuna eta metabolismoa suspertu zien  matxinsaltoei, eta beraz, harraparirik gabeko kutxetan hazitako matxinsaltoekin alderatuz  zortzi hankako mamuek eragindako izupean hazitakoek karbono gehiago eta nitrogeno gutxiago zuten. Horrelako aldaketa biokimikoak oso kaltegarriak izan daitezke lurreko mikrobioentzako, horiek nitrogenoa behar baitute landareen hondakinak andeatzeko. Izua jasandako matxinsaltoen karkasak gehitzean belar hondakinetara, laborategiko saioetan mikrobioen jarduera % 62 murriztu zen, eta % 19 inguru naturalean egin zirenean. Bakterioen gosea murrizten bada, hildako matxinsaltoaren gorpuaren karbohidratoetako eta proteinetako karbono organikoa karbono ezorganiko edo mineraletan bihurtzeko prozesua moteldu egiten  da. Gogoratu behar dugu substantzia horiek landareentzako ezinbesteko elikagaiak direla. Beraz, harrapariak harrapakinari eragin diezaiokeen estres-erantzunak zeharo  aldaeraz ditzake lurzoruko elikagaien prozesu ziklikoen erregulazioa. Hortaz, beldurrak eragindako animalien fisiologia-aldaketek ekosistemako prozesu biologiko, geologiko eta kimikoetan  izan dezake eragina, ohiko funtzionamendua zeharo baldintzatuz. Argi dago, animalien fisiologiak euren “mundua” alda dezake!

Iturria: D. Hawlena et al. Fear of predation slows plant-litter decomposition. Science, Vol. 336, June 15, 2012, p. 1434. doi:10.1126/science.1219973.

Non daramate hegaztiek ezkutatuta GPSa?

Migratzaileak diren hegaztiei buruz aritu izan gara blog honetan behin baino gehiagotan, batez ere  ahalegin handia eskatzen duten hegalaldi luzeei aurre egiteko erakusten dituzten zenbait moldapen azaltzeko asmoz (ikus Erreginatxo marradunaren digestio-sistema eta Migratzaile aparta izenburuko sarrerak). Baina bada migratzeko gaitasunarekin lotuta den eta oraindik argitu gabe dagoen kontu interesgarri bat: nola konpontzen ote dira ibilbide zehatzak jarraitzeko eta modu egokian orientatzeko, milaka kilometroko bidaiak galdu gabe egiteko?

Hegazti migratzaileek gida modura eremu magnetikoak erabiltzen dituztelako hipotesia aspaldi proposatu zen, eta beraz egin izan dira ahaleginak hegaztiek nonbait izan behar duten iparrorratz molekularren bat bilatzeko. Gauzak horrela, 2003. urtean usoen mokoaren goiko aldean 6 gune zehatzetan magnetita zuten zelulak aurkitu zituztenean, Fleissner eta bere laguntzaileek berehala proposatu zuten zelula magnetitadunak eremu magnetikoen aurrean erantzun zezaketeen neurona sentikorrak zirela, eta horiek erabiltzen zituztela hegaztiek nabegaziorako. Baina Nature aldizkarian berriki argitaratu denaren arabera, burdinetan joriak diren hegaztien mokoko zelulak sakon aztertu duen Vienako Patologia Molekularreko institutoko ikertzaile-taldeak, ezusteko galanta izan  du zelula horiek bilatu eta aztertu dituenean: ez omen dira neuronak, makrofagoak baizik; hau da, gorputzeko burdinaren erregulazioaz arduratzen diren sistema immunearen zelulak dira, ez nerbio-zelulak, uste zen bezala.

Izatez, ikerketa-taldearen asmoa,  ustezko magnetitadun neuronak sakon aztertzea zen, eta euren kokapena eta banaketa kartografiatzeko, mokoen  erresonantzia magnetikoa eta tomografía teknikak erabili zituzten. Aurkitu zuten banaketan oinarrituta, ondorioztatu zuten ezinezkoa zela sentsore magnetikoak izatea, eta gainera burdinetan joriak ziren mota horretako zelulak mokoaz gain hegaztien gorputzeko beste zenbait tokitan ere aurkitu zituzten, lumen folikuluetan eta arnas epitelioan besteak beste. Ikertzaileek diotenez, ikerketa honetan egindako aurkikuntzetan oinarrituta ezin daiteke guztiz baztertu   hegaztien mokoan sentsore magnetikoak diren zelulak egon ez daudenik, baina haien esanetan, dudarik gabe ez daude uste zen lekuan. Lanaren egileek diotenez, eremu magnetikoen sentsore modura jokatzen duten ustezko zelula horiek badituzte, agian usaimen-epitelioan egon daitezke kokatuta.

Erraz uler daitekeenez, berriki egindako aurkikuntza honek hegaztien orientatzeko gaitasuna azaltzeko hipotesi nagusia (bada bigarren bat baina hurrengo baterako utziko dugu hau) kolokan jarri duenez, zalaparta eragin du adituen artean, baina aldi berean oraindik argitu gabeko misterioa aztertzeko aukera paregabea plazaratu du: non ote da hegaztien GPSa?

Iturriak:

CL Treiber, MC Salzer, J Riegler, N Edelman, C Sugar, M Breuss, P Pichler, H Cadiou, M Saunders, M Lythgoe, J Shaw & D A Keays (2012): Clusters of iron-rich cells in the upper beak of pigeons are macrophages not magnetosensitive neurons. Nature 484: 367–370 doi:10.1038/nature11046

H Mouritsen  (2012): Sensory biology: Search for the compass needles. Nature 484: 320–321 doi:10.1038/484320

 

Ur sakonetako arrain bitxiak

Berriro ere, Fogonazos blogari esker izan dugu bideo honen berri.

Bideoan agertzen den bikote arraro horretaz aspaldi aritu ginen hemen.

Larrapoteek ikasi egiten dute izurria egiten

“Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua Egiptoren gain, larrapoteak etor daitezen eta kazkabarrak jo gabe utzi zituen landareak eta gainerako guztia jan ditzaten».

Luzatu zuen Moisesek makila Egiptoren gain eta, Jaunak eraginik, ekialdeko haizeak jo zuen lurraldean egun osoan eta gau osoan. Biharamun goizerako, ekialdeko haizeak larrapoteak ekarriak zituen. Hauek lurralde osoa bete zuten. Egun hartan bezainbateko larrapote-mordorik ez zen lehenago izan, ez eta geroan izango ere,  lurra ezin ikusteraino estali baitzuten. Kazkabarraren ondoren gelditu ziren landareak eta zuhaitzetako emaitzak irentsi zituzten. Ez zen berdegunerik gelditu Egipto osoan, ez belardietan, ez zuhaitzetan.”

[Irteera 10,1-20 Zortzigarren izurria: larrapoteak; 12. & 13. Bersetak]

Aski ezaguna da Bibliako “Irteera” liburuko larrapoteen izurritearen pasartea. Jakina, hor kontatzen dena gertaera mitikoa da, baina askotan gertatu dira holako izurri handiak historian zehar. Areago, izurrite horiek ez dira iraganeko kontu soilak. Izan ere, 1987an eta 1989an gertatu ziren Afrikako iparraldean gogoratzen diren larrapoteen izurrite larrienak. Eta hona ekarri nahi izan dugu larrapoteen kontu hori, animalia horien biologia bereziari buruzko aurkikuntza interesgarriak egin direlako azken aldi honetan.

Kalterik egiten ez duten matxinsaltoak izan daitezke larrapoteak. Berdeskak dira; ez dute aparteko ezaugarririk eta gauez bakarrik egiten dute hegan. Iraupen laburreko eurien ondoren belardi txikietan batzuk batzen direnean eta euren dentsitatea atari-maila jakin batetik gora iragaten denean, ordura arte inolako kalterik egin ez duten animaliek multzotze-jokaera hartzen dute eta apurka-apurka, talde erraldoiak osatzen dituzte. Modu izugarrian biderkatzen dira eta gorputzaren kolorea eta itxura aldatuz doaz belaunaldiz belaunaldi. Milioika ale batzen dira eta hodeien moduko itxura eta tamaina hartzen dute larrapote-multzoek. Gainera, mugikortasun handia erakusten dute, euren jatorrizko lekutik milaka kilometrora urrun baitaitezke janari bila. Bestalde, jatun handiak dira multzo horiek; izan ere, 2.500 gizabanakok edo 10 elefantek egun bakar batean jaten dutena jaten du larrapote horien “hodei” baten zati txiki batek (larrapoteen 1 Tn-ko zatiak). Hori dela eta, izurrite handia sortzen dutenean, herri osoak suntsitu ditzakete, batez ere uztaren aurretik garatzen badira.

Elkarrekin egoteak dakartzan elkar ikustea, elkarri usaintzea eta hankak elkarri ikutzea dira bakarti izatetik taldekoi izatera igarotzea eragiten duten pizgarriak. Pizgarri horien eraginaren ondorioz, larrapoteen garunetako zenbait gai kimikoren kontzentrazioa aldatu egiten da, eta serotonina da aldatzen den lehena. Neurotransmisore oso ezaguna da serotonina; eta zerikusi handia du gizakion depresioarekin, haserrearekin, ondo sentitzearekin eta beste zenbait gogo-gertaerekin. Dirudienez, serotoninaren ekintza esperimentalki blokeatzen denean, larrapoteak ez dira taldekoi bihurtzen, nahiz eta jokaera-aldaketa gertatzeko baldintza guztiak bete. Eta alderantziz, larrapote bakartiei serotonina txertatzen zaienean, taldekoi bihurtzen dira berehala. Beraz, taldekoi izateko ezinbestekoa eta nahikoa da neurotransmisore hori.

Duela gutxi jakin berri dugunez, bada larrapoteen multzotze-jokaeran esku hartzen duen beste gai kimiko bat, A proteina kinasa (APK) hain zuzen ere. Proteina kinasek zelulen zenbait ezaugarri aldaraz ditzakete, kanpo-seinaleen, hormonen edo neurotransmisoreen ekintzen ondorioz. Izan ere, hormonen edo/eta neurotransmisoreen zelula-barneko nolabaiteko bitartekariak dira. Neurotransmisoreen lan egiteko modu bat baino gehiago dago, eta neuronaren kokapen eta funtzioari dagokie modu hori. Neurona jakin batzuen mintzean, neurotransmisoreak mintzaren berezko hartzaileei lotzen  zaizkienean, seinaleen segida bat hasten da neuronaren barruan eta askotan, lehen aipatu dugun APK da segida horren katebegietako bat. Hori dela eta, neurona horien mintzera neurotransmisoreak heltzen direnean aktibatu egiten dira APK molekulak. Eta aktibazio horrek bi motatako ondorioak izan ditzake, beste entzima baten edo ioi-kanale baten jarduera-maila aldaraztea, edo proteina jakin batzuen sintesia sustatzea. Edozelan ere, epe luzekoak izan daitezke APKren aktibazioaren eraginak, baina bigarren aukeraren arabera, oso sakonak dira, ordura arte adierazi gabe zegoen genomaren zati bat adieraztea eragiten baitu.

APK-k, beraz, larrapoteen jokaera taldekoia sustatzen du, baina jokaera-aldaketa hori, hasiera batean behintzat, itzulgarria izan daiteke. Multzokatu berriak diren larrapoteak berriro banatzen badira, galdu egiten dute jokaera taldekoia. Hortaz, kasu horretan seguru asko, beste entzima baten edo ioi-kanale baten jarduera-maila aldarazi baino ez du egin APKk, eragin hori itzulgarria baita. Baina multzotan denbora luze egonez gero, larrapoteak ezin daitezke itzul bakarti izatera. Hau da, jokaera taldekoia finkatzen bada itzulgaitz bilakatzen da. Hortaz, APKren eragina, kasu horretan, epe luzekoa da eta horrek esan nahi du adierazi gabe zegoen genomaren zati baten adierazpenaren ondorioz proteina berriak sintetisatu direla eta jokaera eta itxura berria finkatu direla.

Schistocerca gregaria larrapotearen banapen geografikoa

Laburbilduz, larrapoteen hasierako batzeak serotoninaren igoera dakar zenbait neurona-zirkuitoetan. Horren ondorioz, zirkuitu horietako beste zenbait neuronaren mintzek serotonina hori hartzen dute eta zelula barneko A proteina kinasa aktibatzen da. Hasiera batean, beste entzima edo ioi-kanaleen aktibitatearen aldaketa baino ez bide dakar aktibazio horrek, baina larrapoteen multzoak irauten badu, taldekoi-jokaera sustatzen duten ingurumen-kinadak ugaritu egiten dira. Hortaz, zirkuitu horren aktibitatea areagotu egiten da eta horren ondorioz, APKk proteina berrien sintesia eragiten du. Horraino helduz gero, itzulezin bilakatzen da prozesua.

Ikasketa-prozesu gisa har daiteke hemen ikusi dugun jokaera-aldaketa. Eskarmentuak sorrarazitako jokaera-aldaketa bat bezala hartzen badugu ikastea, jokaeraren plastikotasun fenotipikoaren sinonimo gisa har dezakegu. Izan ere, bai serotoninak bai eta APKk ere, parte hartzen dute animalien zenbait ikasketa-prozesutan. Hortaz, tresna molekular bertsuak erabiltzen dituzte bai hemen azaldu dugun jokaera taldekoia hartzeak bai eta beste ikaste-prozesu horiek ere. Kasu horietan kanpo-seinaleetatik erantzun fenotipikorako urratsetako bi dira serotoninari da APKri dagozkienak, eta talde-esperientzia edo eskarmentua da aldaketa sustatzen duena. Izan ere, esan daiteke larrapoteek taldekoi izaten “ikasten” dutela, bakarti izatetik multzotzerako prozesu horren etengabeko berrindartzea gertatzen baita. Hau da, atze-elikatze etengabea da gertatzen dena, beste ikaste-prozesu askotan bezala. Bukatzeko, esan beharra dago gizakiongan gertatzen diren depresio-prozesuak atze-elikatuak direla eta horietan ere serotoninak eta APK-k parte hartzen dutela. Ba omen dute zerikusirik.

Iturriak:

M. L. Anstey, S. M. Rogers, S. R. Ott, M. Burrows y S. J. Simpson (2009): Serotonin Mediates Behavioral Gregarization Underlying Swarm Formation in Desert Locusts Science 323 (5914): 627-630 (DOI: 10.1126/science.1165939)

S. R. Ott, H. Verlinden, S. M. Rogers, C. H. Brighton, P. S. Quah, R. K. Vleugels, R. Verdonck y J. V. Broeck (2012): “Critical role for protein kinase A in the acquisition of gregarious behavior in the desert locust” PNAS 109 (7): E381–E387 (DOI: 10.1073/pnas.1114990109)

Arranoa antxetak ehizatzen

Fruta-eulien larben botika

Bizirik irauteko mozkortu. Hala jokatzen omen dute frutaren euliaren larbek, otsailaren 16an Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa-lan batek dioenez.  Fruta, banana bat esaterako, luzaroan babestu gabe utziz gero, belzten hasitako frutaren aldeen gainean agertzen diren ar zuri txikiak dira frutaren euliaren larbak. Larba horiek ez dute zuzenean fruta baliatzen, bertan hazten diren legamiak baizik.

Kontua da frutaren euliaren larba horiek badutela etsai hilgarri bat, ankerra benetan: liztor parasito txiki bat dugu, bere arrautzak eulien larbaren barruan erruten dituena. Behin arrautzatik atera ondoren, jaioberriak diren  liztor ñimiñoak larba bizia barrutik janez elikatzen dira eta hantxe doaz garatzen; ez dute ostalaria uzten, hilzorian utzi ere, helduaren tamaina lortzen duten arte.  Inork sekula nahiko ez lukeen parasito horietakoa dugu liztor txikia, beraz. Fruta-euliek ere nahi ez dute nahiko, baina sarritan  jasan behar izaten dituzte liztor isilen jarduera zitala.  Antza denez, baina, babes-modu berezi bat ere aurkitu dute: mozkortzea. Eulien larbak jaten dituzten legamiek andeatzen dauden fruten azukreak hartzitu egiten dituzte, eta prozesu horretan alkohola ekoizten da. Substantzia toxikoa, kaltegarria da etanola izaki askorentzat; ez ostera eulien larbentzat, oso azkar detoxifikatzen duten entzimak baitituzte.

Eulientzako alkoholak duen eragin babesgarria aztertu duten Emory Unibertsitateko ikertzaileek egindako esperimentuetan, eulien larbak bi janari motaren gainean jarri zituzten, alkoholik gabeko janariaren gainean batzuk eta % 6ko alkohol kontzentrazioa zeukan janariaren gainean besteak; liztorren errutaldia % 60an murriztu zen talde alkoholikoan. Gainera, larba alkoholikoetan hazitako liztorren % 65 hil egin ziren.

Behin alkoholaren eragin babesgarria ezarrita, erabakitzeko zegoen oraindik  euliaren larbak infekzioa sumatzen dutenean, alkohola hartzen ote duten ala ez. Auzia argitzeko, hurrengo esperimentu dotorea prestatu zuten ikertzaileek: ontzi berean bi janari motak jarri zituzten, alde banatan, eta larba osasuntsuak sartu zituzten lehenengo. Hurrengo egunean alkohola zeukan janariaren gainean larben % 30 zegoela behatu zuten. Esperimentu bera infektaturiko larbekin egin zutenean, ordea, larben % 80  zegoen biharamunean “tabernan”. Beraz, euliak alkohola liztorren aurkako botika modura erabiltzen ari zirela ondorioztatu zuten.

Kontuan hartuta naturan ohiko substantzia dela, euliez gain baliteke beste zenbait espeziek ere alkohola automedikatzeko erabiltzea!

Iturria: Neil F. Milan, Balint Z. Kacsoh, Todd A. Schlenke. (2012). Alcohol Consumption as Self-Medication against Blood-Borne Parasites in the Fruit Fly. Current Biology doi: 10.1016/j.cub.2012.01.045

Belatxinga mokohoria eta mendigoizaleen zorigaiztoa

Himalayaren gainetik hegan egiten duen antzarrari buruz idatzi genuen hemen duela zenbait aste. Ahalegin handia egiten dute, oso handia, izan ere, baina mendikatea zeharkatu ondoren, Asiako erdialdeko lautadetara abiatzen dira han arrautzak ipintzeko eta txitaldia egiteko. Ez dira, beraz, mendi garai haietan etengabe bizi, eta ez dute han, malda altu haietan, habia egiten.

Bada, baina, oso toki altuetan habia egiten duen hegaztirik. Belatxinga mokohoria da horien artean banapen zabalena duena eta, seguru aski, habia toki garaienetan egiten duena. Bele bat da eta Pyrrhocorax graculus du zientzia-izena. Afrikako ipar mendebalde, Iberiar penintsulako iparralde, Europako hegoalde, Kaukaso eta Himalayatik banatuta dago. Banapen zabala du, beraz, eta esan daiteke arrakasta handiko hegaztia dela. Orojalea da eta ez dio uko egiten mendizaleek uzten dituzten hondakinak baliatzeari.

Orain arte aztertu ditugun toki altuetako hegaztiak oso ondo moldatuta daude hain mendi garaien gainetik hegan egiten dutenean arnasa hartzeko, eta euren arnas pigmentuak oso eraginkorrak dira oxigenoa zeluletara garraiatzen; hortaz, oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobinak zeregin garrantzitsua betetzen du. Baina gauza bat da toki garai haietaraino iritsi ahal izatea eta beste bat, oso desberdina, arrautzak han errutea eta txitatzea. Azken batean, arrautzak ere oxigenoa hartu behar du eta arrautzaren metabolismoa mugatu samar egon daiteke normala den oxigenoaren erdia dagoen toki batean. Bada, harrigarria izanik ere, inoiz ikusi den hegazti baten habiarik garaiena, toki altuenean ikusitakoa, Pyrrhocorax graculus-ena da: 6.500 m-tan izan da ikusia, eta altuera horretan itsas mailan den oxigeno kontzentrazioaren erdia baino gutxiago dago.

Nola liteke, hortaz, hain oxigeno gutxi dagoen toki batean arrautzak bizirik egotea eta txita normalak garatzea? Bada, beste behin ere, arnas pigmentuaren ezaugarrietan dago erantzuna. Dirudienez, arrautza horietan den hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna handiagoa da beherago bizi diren hegaztien arrautzen hemoglobinarena baino. Eta horri dagokio, arnas pigmentuari hain zuzen ere, mendi altu horietan bizitzea eta arrautzak era egokian garatzea.

Kontu hauek burura etorri zaizkigu Ander Izagirre berri-biltzaile handiak kontatu zigun istorio batengatik. Berak azaldu zigun mendigoizale kataluniarren talde bati gertaturikoa eta horixe da ondoren azalduko duguna.

Broad Peak

Broad Peak (Pakistan) mendia igo nahi duten mendigoizaleen oinarri-kanpamentua 5.000 metrotan dago kasik, glaziar baten erdiko morrenan. Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzarekin joan zen Ander hara, bera baitzen espedizioko kazetaria. Hara heldu zirenean inor ez zegoen; ez zegoen beste talderik, ez eta ikus zitekeen animaliarik ere. Ondorengo asteetan beste zenbait espedizioetako taldeak iritsi ziren kanpamentura; eta talde horiekin batera, hegaztiak hasi ziren agertzen. Dirudienez, Karakorum mendikateko haranetatik barrena sartzen diren espedizioen atzetik joaten dira. Mendigoizaleek eramaten duten janaria bilatzen dute; bilatu eta, zenbaitetan, aurkitu ere. Begira zer gertatu zitzaion kataluniarrek osaturiko talde bati.

Oinarri-kanpamentutik 7.000 m-ko toki batera igo ziren eta garaiera horretan kanpadenda finkatu zuten; eta kanpadendaren azpian janari-biltegitxo bat utzi. Gero, azken igoerari ekin baino lehen, oinarri-kanpamentura itzuli ziren. Hortik egun batzuetara goiko kanpamentura heldu zirenean, berriz, kanpadenda mokokadaz josita txikituta aurkitu zuten eta gelditzen zen janari gutxia, sakabanatuta.  Belatxinga mokohoriak izan ziren sarraski haren errudunak. Mendigoizale kataluniarrek ez dakite, baina hain toki garaian hegazti horiek egin zieten sarraskiaren errua proteina batek izan zuen, belatxinga mokohoriaren arrautzen hemoglobina hain justu.

Iturriak

H. Bahn & A. Ab (1974): The avian egg: incubation time and water loss The Condor 76 (2): 147-152

C. P. Black (1980): Oxygen transport in the avian egg at high altitude American Zoologist 20: 461-468

“Bihotz salatzailea”

 

Edgar Allan Poe-ren The Tell-Tale Heart (Bihotz salatzailea) ipuinetik hartu dugu sarrera honen izenburua, beherago azalduko dugun sugeei buruzko istorioak idazle estatubatuarrak kontatutakoa ekarri baitigu gogora.

Harrapakinaren bihotz-taupada hautematen dute suge zenbaitek. Ahalmen hori duten sugeen ezaugarri behinenetako bat eurak baino askoz handiagoak diren harrapakinak menperatzeko eta osorik irensteko gaitasuna dugu. Gorputz-luzakinik ez dutenez, batzuek pozoiak erabiltzen dituzte harrapakinak eskuratu ahal izateko, baina beste batzuek harrapakina hertsatu egiten dute. Esate baterako, boek, eta horien artean  Boa constrictor famatuek, hertsatzearen bidez menderatzen dituzte ehizatzen dituzten musker, txori eta ugaztunak. Eraso-unean hasten da hertsatze-prozesua, boak burua harrapakinaren goi aldean mantentzen badu ere,   bere gorputza bihurtu egiten da eta harrapakinaren gorputzari kiribiltzen zaio.

Hertsatze-prozesua garestia da sugeentzako: boetan 7 aldiz emendatzen da ohiko  gastu metabolikoa (aerobikoa) hertsatze-uneetan,  eta kontuan hartu behar da hertsatzeak luze iraun dezakeela, 9-16 minutura hel baitaiteke. Gainera, harrapakina hertsatzea arrisku-jarduera dela esan dezakegu, gauzatzen den artean harrapakina mendekua hartzen saia daitekeelako, eta dirauen artean beste zenbait harraparirentzat ehizaki erraza izan daitekeelako sugea. Gauzak horrela, pentsa daiteke moldatze-balioa izango lukeela hertsatzaileak diren sugeetan harrapakinaren ahulezia-mailari buruzko informazioa jasotzeko modu zehatzen bat izatea. Beste modu batera esanda, energia alferrik ez galtzeko, oso komenigarria litzateke zehatz estimatu ahal izatea  zein momentutik aurrera harrapakina ez den arriskutsua edo ez den ihes egiteko gai, hortik aurrera hertsatze-lan garestia bertan behera uzteko.

Halakorik gertatzen ote den argitzeko, EEBBetako Pensilbaniako Dickinson Collegeko zenbait ikertzailek honako esperimentu hau egin dute: hildako arratoiei  bizirik zeudenean zituzten bihotzaren erreplikak ziren bihotz artifizialak ezarri zizkieten. Horrela, bihotzaren taupatze-prozesua ikertzaileek kontrolatuta zuten. Boei eskaini zizkieten honela prestaturiko arratoiak,  tenperatura egokiraino berotuta, eta boen hertsatze-prozesua aztertu zuten, eragindako presioa eta iraupen-denbora neurtuz.  Lortutako emaitzaren arabera, boek luzaroago eta estuago hertsatzen dituzte arratoiak horien bihotz-taupada hautematen dutenean, taupadarik ez dutenean baino. Sarri egokitzen dute isatsa ehizakiaren inguruan gehiago estutzeko  eta presio altuko hertsatze-aldiak eragiten dituzte bihotz-taupada duten harrapakinak atzemate dituztenean,  baina ez dute halakorik egiten taupatzen ez duen bihotza duten arratoiak harrapatzen dituztenean. Bihotzaren uzkurketa hertsatze-prozesuaren erdian geldiarazi zenean, handik gutxira murriztu egin zuten presioa boek.

Dirudienez, jokaera hau berezkoa dute boek, modu berean erantzun baitzuten naturan harrapatutako sugeek zein  aurretiaz harrapakin bizia sekula ikusi gabeak ziren gatibu jaiotakoak. Esan behar da, hala ere,  gatibu jaiotako sugeek kasu guztietan hertsatze-ahalegin txikiagoa erakutsi zutela,  eta beraz, bihotz-taupadarekiko sentiberatasuna berezkoa, jatorrizkoa  dela dirudien arren, erantzunaren magnitudea bizitako esperientziaren araberakoa omen da.

Ikertzaileek diotenez, sugeek harrapakinen aztarna fisiologikoak erabili eta integratu egiten dituzte oso antzinakoa eta konplexua den jokaera modulatzeko, hau da, hertsatze-ahalegina egokitzeko, eta harrapakina noiz askatu erabakitzeko.

Iturria: Scott M. Boback, Allison E. Hall, Katelyn J. McCann, Amanda W. Hayes, Jeffrey S. Forrester & VCharles F. Zwemer (2012): “Snake modulates constriction in response to prey’s heartbeat”. Biol. Lett. (doi: 10.1098/rsbl.2011.1105)

Armiarma urpekaria

Argyroneta aquatica armiarma bat da, Eurasian oso arrunta den armiarma. Baina egia esan, ez da batere arrunta, ur azpian bizi baita. Izatez, bera da ur azpian bizi den armiarma bakarra. Ur azpian bizi da, baina arnasten duen oxigenoa ez du hartzen uretatik, airetik baizik. “Urpeko kanpai” izeneko aire-burbuilak egiten ditu ur azpian eta burbuila horietatik hartzen du oxigenoa.
Oso sistema bitxia erabiltzen du urpeko kanpaiak egiteko. Berak sorturiko zeta-haria (edo armiarma-sarea) eta landareen adarrak erabiliz “eraikitzen” du kanpaia. Inork ez dezala pentsa ontzi hermetikoa denik kanpai hori. Ez da hermetikoa; izan ere, urpeko kanpaiak ez dira benetako ontziak. Airea kanpaien barruan gelditzen da eta gainazal-tentsioari esker ez da irteten. Zetazko harien eta landareen zuntzen artean oso distantzia txikiak gelditzen dira eta beraz, gainazal-tentsioa nahikoa da aireak alde egin ezin izateko.
Armiarmak berak ere aire-burbuilak eraman ditzake uraren azaletik hartuta. Sabeleko eta zefalotoraxaren alde bentraleko ile hidrofobikoetan harrapatzen du airea eta gero, burbuila horietan den oxigenoa har dezakete birikatik (liburu-birikatik) edo, arnasa hartzeko erabiltzen ez badu, urpeko kanpaira eraman dezake.
Tamaina desberdineko kanpaiak daude. Txikiak dira batzuk, eta horietan, sabela da burbuila ukitzen duen armiarmaren zati bakarra; baina badira kanpai handiak ere, eta handi horietan armiarma osoa sar daiteke; azpiko aldetik sartzen da. Areago, harrapakin bat burbuilara eramaten duenean edo kapulurik baldin badu, armiarma-sare gehiago sortzen du, urpeko kanpaiari gehitu eta aire gehiago sartzen dio. Hau da, armiarmak, beharren arabera moldatzen du burbuilaren bolumena.
Argyroneta aquaticaren urpeko kanpaiak birika baten lana betetzen du, inguruko urarekin trukatzen baititu arnas gasak. Izan ere, atsedenean dagoen armiarma batentzat nahikoa da uretatik burbuilara iragaten den oxigeno bolumena, bai eta uretako oxigeno-tentsioa apala denean. Argyronetak, gainera, hipoxiarekiko jasankortasun handia du. Baina, hala ere, beharrak handiak badira, ura oso hipoxikoa bada edo burbuila oso txikia bada, armiarmak aire bila joan behar du uraren azaleraraino, eta aire horrekin hornitzen du gastaturiko oxigenoa.

Fuente: Roger S. Seymour y Stefan K. Hetz (2011): “The diving bell and the spider: the physical gill of Argyroneta aquatica” The Journal of Experimental Biology 214: 2175-2181

Hegalari kaskar, urpekari aparta

Phalacrocorax verrucosus

Ubarroiak oso urpekari onak dira. Itsasadar edo kostalde-inguruetatik gabiltzanean askotan ikusten ditugu, ur-azalaren gainean, urperatzen edo bateletan ipinita. Urperatzen direnean, luzaroan egon daitezke ur azpian, eta urperatu diren tokitik urrun ager daitezke azaleratzen direnean. Ubarroien artean urpean bost minutu egotera hel daitezke urpekari onenak.

Urpekari onak bai, baina hegalari kaskarrak dira ubarroiak. Beste itsas hegaztiekin erkatuz gero, masa handikoak dira (handienak 4 kg-koak) eta beraz, ez da arraroa hegalari kaskarrak izatea, hegan egiteko behar den potentzia arinago igotzen baita masarekin potentzia hori sortzeko ahalmena baino. Eta gainera, hegal laburrak dituzte. Hori dela eta, hegan egin ahal izateko hegoak astindu egin behar dituzte, gogor astindu ere. Baina ubarroien hegaz egiteko muskuluak txikiak dira hegan egiten duten beste hegaztiekin erkatzen baditugu. Hortaz, hegan egiten dutenean egin behar duten lana hain da handia, sor dezaketen muskulu-potentzia gorena erabili behar izaten baitute. Hori horrela, gehienetan ez dituzte egiten hegaldi oso luzeak; izan ere, minutu eta erdikoa da hegaldien bataz besteko iraupena (1 km), eta nekez heltzen dira 10 minutukoak egitera. Egun oso batean hegan egiten dute denbora osoa batuta ere ez da iristen ordu erdira.

Baina, lehen esan bezala, oso urpekari onak dira. Batetik, urpean ibiltzeko behar den oxigenoa gordetzeko ahalmen handia dute, eta ahalmen hori oxigeno-kontsumoa baino arinago igotzen da masarekin. Horri esker luze egon daitezke urpean, eta animalia handiak txikiak baino luzaroago egon daitezke. Bestalde, hegal txikiak hegan egiteko txarrak badira ere, urperatzeko oso egokiak dira, zeren flotatzeko joera txikiagoa dute eta erresistentzia txikia kontrajartzen diote urperatzeari. Eta azkenik, handiak dira haien hanketako muskuluak (gorputz-masaren %12-10) eta muskulu horiexek dira urperatzeko erabiltzen dituztenak. Argi dago, beraz, ezaugarri anatomiko guztiak urperatzeko ezin egokiagoak direla.

Istorio honi amaiera emateko, pasadizo bat ekarriko dugu hona, Ekialdeko herrietatik hain justu. Hain dira ubarroiak urpekari onak, Txinan, Japonian eta beste zenbait tokitan arrantza egiteko erabiltzen baitituzte. Bateletan daramatzate, larruzko soka batek lepoa inguratzen diela; estu jartzen diete soka, baina ez itotzeko beste. Uretara botatzen dituzte eta arrain bat harrapatzen dutenean azaleratu egiten dira, baina arraina irentsi ezin eta bota behar dute; arrantzalea geratzen da arrainarekin.

Iturria: Yuuki Y. Watanabe, Akinori Takahashi, Katsufumi Sato, Morgane Viviant eta Charles-André Bost (2011): “Poor flight performance in deep-diving cormorants” The Journal of Experimental Biology 214: 412-421 (doi:10.1242/jeb.050161)