Erreginatxo marradunaren digestio sistema

Jakinmin handia sortu dute, betitik, hegazti migratzaileek. Bizitzarako baldintzak oso gogorrak diren tokietan ugaltzen diren espezie asko latitude bigunagoetara migratzen dira negua pasatzera. Latitude garaietan janari ugari dago udan eta udaren inguruko hilabeteetan, eta gainera, egokia da ingurune-tenperatura. Negua eta neguaren inguruko hilabeteak, berriz, oso gogorrak dira. Janari gutxi dago, edo ezer ere ez, eta bizirik irautea bera ere ezina izan daiteke muturreko tenperatura hotzetan.
Txori txikientzat bereziki gogorrak dira latitude garaietako baldintzak. Txori txikiek handiek baino bero gehiago galtzen dute masa unitateko eta beraz, janari gehiago behar dute. Ez da harritzekoa, beraz, latitude garaietako txoriak migratzaileak izatea. Baina migratzea oso gogorra da. Scott McWilliams ikertzaile estatubatuarrak ikerketa interesgarriak egin ditu txori migratzaileei buruz[1], eta hemen laburbilduko ditugu berak lorturiko emaitzak.
Txoriek, gantza eta proteinak pilatzen dituzte migrazioa prestatzeko. Migratzen hasi baino lehen gehiago jaten dute eta, gainera, proteina eta gantzetan aberatsak diren jakiak aukeratzen dituzte. Lau bider gehiago jan dezakete migratu aurreko egunetan, eta horretarako, handitu egiten dute digestio sistemaren kapazitatea, handitu barik ezin izango lukete-eta horrenbeste jan. Ingurune-seinale batek, fotoperiodoak, abiarazten du digestio sistemaren kapazitatea handitzeko prozesua. Izan ere, egunaren argi-ordu kopuruaren aldaketa esperimentalen bidez piztu ahal izan dira laborategian gatibu mantenduriko txorien digestio-sistemaren handitzea eta ingestio-tasaren igoera. Hortaz, egun-argiaren iraupenaren sasoi-aldaketek sorturiko aldaketa endokrinoak dira gehiago jatearen, loditzearen eta gauaz hegan egiteko joeraren bitartekoak.
Beharrezkoak izango zaizkien proteinak eta gantzak metatu ondoren, txoriek migratze bidaiari ekiten diote ugaltze-aldeetatik negua igaroteko aldeetara joateko. Migrazioan zehar, hegaldi eta geldialdi zenbait txandakatzen dituzte latitude epeletako txori migratzaile gehienek. Beraz, energia eta elikagai erreserbak bereraikitzeko aukera dute geldialdietan, baina zenbait kasutan malgutu egin behar dute elikatze portaera. Izan ere, txori intsektujale zenbaitek fruta jatera aldatzen dute geldialdietan, intsektu gutxi dauden tokietan fruta janez arinago lor baitezakete behar duten energia.
Latinamerikan “reinita rayada” edo “chipe gorranegra” izenez ezaguna den Dendroica striata dugu aipatzeko moduko txoria. Txikia da: 14 cm-ko luzera du eta 12 g. Iparamerikatik Ertamerikara edo Hegoamerikako iparraldera migratzen da eta bidaiaren zati handi bat Atlantikoaren gainetik egiten du. Bataz beste, 3.000 km-ko distantzia egiten du itsasoaren gainetik eta horrek esan nahi du 88 orduko hegaldi etengabea egin behar duela. Bidaiaren eskakizun maila, beraz, oso garaia da. Eta horren araberakoak dira txori horrek erakusten dituen moldapen fisiologikoak. Batetik, migratzen hasi baino lehen, bere masa bikoiztu egiten du oso denbora laburrean (aste batean egin dezake) gantz eta proteina erreserbak metatuz. Eta bestetik, digestio sistema atrofiatu egiten zaio hegaz egiten hasten denean. Digestio aparatua oso aktiboa da, bere metabolismoa oso garaia da, eta beraz, energia asko kontsumitzen du. Hori dela eta, eta 88 ordutan zehar ezertarako ere erabili behar ez duenez, hobe du ahalik eta gutxien gastatzea aldi horretan zehar. Horrexegatik atrofiatzen du digestio sistema, atrofiaturik askoz gutxiago gastatzen baitu eta horrela aurrezten duen energia hegaz egiteko erabil baitezake.
Aurkako bakarra du horrela jokatzeak. Izan ere, hegaldia bukatu eta berehala ezin du berreskuratu galdutako energia, digestio sistemak egun bat edo bi baino gehiago behar baitu janaria digeritu eta zurgatu ahal izateko berriro. Hala ere, Dendroica-k etekin argia ateratzen dio jokaera horri, migrazioa bukatu ostean galdutakoa berreskuratzeko denbora soberan baitu.
Izugarria da, bai, txori txiki horren digestio sistemaren malgutasuna: Migratu aurretik handitu egin du, bere kapazitate fisiko eta funtzionala nabarmenki emendatuz; migratzen hasterakoan, atrofiatu egiten du, baliabiderik gasta ez dezan; eta migratu ostean funtzional bihurtzen du berriro ere.

[1] Rode Island Unibertsitateko web atarian duen gunean ematen ditu ikerketa horien berri: http://www.edc.uri.edu/nrs/faculty/Scottnrs.htm eta http://www.gso.uri.edu/maritimes/Text_Only/00Summer/text/birds.html

2 iruzkin honentzako: Erreginatxo marradunaren digestio sistema

  • […] “Erreginatxo marradunaren digestio-sistema” izenburuko sarreran ikusi genuen bezala, hegazti horren digestio-sistemak erregresio-prozesu bat jasaten du migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina horrela, energia asko aurrez dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe egoten da migrazioa irauten duen bitartean eta jan gabe egonik, ez dio merezi lanean mantentzea digestio-sistema, metabolikoki oso sistema aktiboa baita eta energia asko gastatzen baitu. […]

  • […] duten hegalaldi luzeei aurre egiteko erakusten dituzten zenbait moldapen azaltzeko asmoz (ikus Erreginatxo marradunaren digestio-sistema eta Migratzaile aparta izenburuko sarrerak). Baina bada migratzeko gaitasunarekin lotuta den eta […]

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>