Ura edaten ote dute izurdeek?

Baten batek pentsa dezake galdera erretorikoa dela hau, baina ez da. Erantzuna, gainera, ez da erraza. Ikus dezagun zergatik. Itsas arrainen egoera osmotikoaren antzekoa da itsas ugaztunena. Baleak, itsas lehoiak, izurdeak, itsas txakurrak eta abar, talde horretako kideak dira, eta itsasoko arrain gehienei –arrain teleosteoi- gertatzen zaien bezala, oso apala da euren barne likidoen kontzentrazioa. Gutxi gora behera, itsas uraren kontzentrazioaren herena da itsas ugaztunen odolarena. Antz handia dago, beraz, arrain eta ugaztunen barne eta kanpo medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Ur eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude bi talde horien artean. Egia da gatzen gradientea berdina dela, eta egia da, beraz, bi kasuetan ura galtzeko edo gatzak irabazteko joerak izango dituztela animaliek. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuago daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen elkartrukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke izan iragazkaitza, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero, edanez berreskuratu behar dutena.
Baina hori ez da itsas ugaztunen egoera berbera. Itsas ugaztunek birikak erabiltzen dituzte arnasa hartzeko eta hori airean egiten dute. Hau da, itsasoko urak ez du inoiz ukitzen gasen elkartrukerako azalera. Izan ere, itsas ugaztunek uretatik irten behar dute arnasa hartzeko. Hori dela eta, biriketatik ez dute urik galtzen, eta alde horretatik uraren ekonomiarekin ez dute arrainek duten arazo larria. Gauzak horrela, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da itsas ugaztunen ura edateko beharra. Hala ere, ez daude ura edateaz salbuetsita. Azken batean, arnas azaleratik ez, baina gernu gisa bai galtzen dute ura itsas ugaztunek. Bestalde, ezin liteke bestela izan, nitrogeno hondarrak kanporatzeko erabiltzen duten molekulak, ureak, uretan disolbatua egon behar baitu. Eta gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute. Balizko bi bide daude ura berreskuratzeko, itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez. Azter ditzagun kontu hauek.
Ugaztun gehienok ez dugu batere atsegin itsasoko ura; azken batean itsasoko uraren gatzen edukia hiru bider handiagoa da odolarena baino. Izan ere, bi dira itsasoko ura edateak ekar diezaizkigukeen ondorio kaltegarriak. Batetik, uraren gatzak xurgatzen ez badira, ura irten daiteke barne mediotik heste argira, eta horrek, azken batean, barne medioaren lehortzea ekar dezake; izan ere, horixe da magnesio eta sulfatoarekin gertatzen zaiguna. Eta gatzak xurgatzen badira, nola edo hala kanporatu beharko dira gero, orekatua mantenduko bada gatzen balantzea.
Egia da ugaztunen giltzurruna oso eraginkorra dela lan hori egiten, odolarena eta itsasoko urarena baino gatz kontzentrazio handiagoa duen gernua sor baitezake[1]. Baina eraginkortasun hori mugatua da, eta beraz, hobe dute ahalik eta itsasoko ur gutxien edatea.
Lehenago esan bezala, janaria izan daiteke ura berreskuratzeko beste bide bat. Izan ere, oso irtenbide ona izan daiteke hori ugaztun harraparientzat euren harrapakinak arrain teleosteoak baldin badira. Arrain teleosteoen barne medioak eta ugaztunenak gatzen antzeko kontzentrazioa dutenez, arrainak jaten dituzten ugaztunek ez diete aurre egin behar ura edateak dakartzan arazoei. Izan ere, itsas lehoiekin egindako ikerketa batean aurkitu denez, itsas lehoien jakia arrainez osatua badago, ez dute bat ere urik edan behar. Harrapariak ez direnentzat, baina, bere horretan dirau arazoak. Krill izeneko krustazeo txikiak iragaziz elikatzen diren baleek, adibidez, itsasoko ura bezain kontzentratua dagoen janaria baliatzen dute. Agian horregatik ikusi izan dira baleak izotza jaten!
Ekarpen honen izenburuaren galderari erantzutea ez da erraza. Ezaguna da hainbat itsas txakurrek eta itsas lehoik itsasoko ura edaten dutela, noizean behin bai behintzat, baina ez dakigu hori ohikoa den ala ez. Seguraski, ura edaten dute besterik geratzen ez zaienean; azken batean, euren giltzurrunek geureek baino gernu kontzentratuagoa sortzen dute. Hala ere, segurtasun osoz esan dezakegu ahalik eta ur gutxien edaten dutela, bestela giltzurrunek lan handiegia egin beharko lukete-eta.
[1] Neurketak egin diren esperimentuetan, -foka eta itsas lehoietan-, ikusi da itsasoko ura baino 2’5 bider kontzentratuago dagoela gernua.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>