Karramarroak jaten dituen igela

Urlehortarrak gune berezian daude, uraren eta medio lehorraren arteko iragapen-aldean. Zenbait anfibio, urtarrak dira beren bizi ziklo osoan; beste zenbait, berriz, lehortar bilakatu dira, nahiz horietako gehienek urarekiko menpekotasun handia ez duten galdu; eta azkenik, gutxi batzuek lortu dute uretatik aldentzea eta urarekiko menpekotasun hori nonbait apaltzea. Bestalde, urtarrak diren neurrian ur geza da anfibio ia guztien ur ingurua. Ia guztiena, bai, baina ez guztiena, igel bat baita ur gazian edo ur gazi-gezan bizi dena.
Asiako hego-ekialdeko mangladietan bizi da igel hori; hori dela eta, mangladietako animaliek osatzen dute igel horren jakia. Karramarroak oso ugariak direnez mangladietako faunan, hortik datorkio izena igelari. Rana cancrivora edo Fejervarya cancrivora du izen zientifikoa, karramarro-jale esan nahi baitu “cancrivora” berbak. Igel horren ingurumena mangladiak izanik, ur gazi-geza da bere ur ingurua eta horregatik ez balitz bere izena ez litzateke ezaguna izango adituen artikulu eta liburuetatik kanpo.
Ornodunen barne likidoan ohikoak diren gatz mineralen kontzentrazio apalak mantendu ahal izateko bi bide zituen igel horrek aukeran: arrain teleosteoek hartu zutena zen bata eta arrain elasmobrankioena bestea. Teleosteoen aukera horren arabera, larrauzalean zehar galdutako ura beste era batera, -edanez seguraski- lortu beharko zuen eta sartutako ioiak kanporatuko zituen nola edo hala. Eta elasmobrankioen aukeraren arabera, urea gorde beharko zuen odolean, odola eta kanpo ingurunearen arteko oreka osmotikoa mantentzeko baina gatz mineralen barne kontzentrazioak aldatu barik.
Bada, biak hartu ditu Fejervarya cancrivora-k. Espezie horren zapaburuek, arrain teleosteoek bezalaxe, eraenketa ioniko eta osmotikoa burutzen dute. Ale helduek, ordea, ez dute aukeratu estrategia bera, arrain elasmobrankioek, -marrazo, manta-arraia eta beste-, bezala jokatzen baitute. Desberdintasun esanguratsu bakarra dago arrain elasmobrankio eta Fejervarya cancrivora-ren ale helduen artean. Izan ere, elasmobrankioek barne fluidoetan urea gordetzeko, birxurgatu egiten dute giltzurrunean; gure igelak, berriz, ez du birxurgatu behar, gernu ekoizpena murrizten baitu.
Igel honen bizimoduak badu azken bitxitasun bat. Itsastartzat har badaiteke ere, horrek ez du esan nahi Fejervarya cancrivora ur gezaren guztiz ezmenpekoa denik. Izan ere, kanpo ingurunean gatzen kontzentrazio apalak beharrezkoak ditu bai arrautzen ernalketarako bai eta itxuraldaketarako ere. Hori, hala ere, ez da izaten muga gaindiezina bizi den ingurumenean, euri jasa handiak maiz gertatzen baitira eta ur gezetako putzuak sarritan sortzen baitira. Argi dago bizimodu korapilotsua dela igel horrena, baina kontuan har dezagun janari baliabidez aberatsa den medio bat kolonizatu ahal izan duela jokaera osmotiko berezi hori garatu izanaren truke.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>