Igela printze bihurtu?


Denok dakigu igelak ez direla printze bihurtzen, ez bada ipuinetan behintzat. Baina igelen “bihurtzeko” gaitasunak izan dezake oinarri zientifikoa, anfibioena baita, intsektu, molusku, krustazeo, knidario eta ekinodermo eta tunikatuekin batera, metamorfosia delako fenomenoa erakusten duten animalia taldeetariko bat. Larba fasetik heldu fasera pasatzeko gertatzen diren aldaketa-taldeari deritzo metamorfosia.
Metamorfosiak aldaketa estruktural eta fisiologiko garrantzitsuak dakartza. Beste baterako utziko ditugu beste animalia taldeetan gertatzen diren aldaketak, eta oraingoan, bada, anfibioen metamorfosiari eutsiko diogu.


Anfibioek duten ezaugarrietako bat urarekiko menpekotasuna da: menpekotasun hori hertsia da larba fasean, arrautzatik irten ondoren, uretan igarotzen dute bere bizitza askeko lehen aldi hau. Zehatzak izateko, ur gezatan bizi izaten dira. Gogora dezagun hemen aurreko ekarpenean Rana cancrivorari buruz esandakoa: igel hau itsastarra izanik, arrautzak ernaltzeko eta zapaburuak bideragarriak izateko eta igeleranzko itxuraldaketa modu egokian gertatzeko, beharrezkoa du ur geza; monzoi aldietan ohikoak diren euri jasen ondorioz sortutako ur gezako putzuetan erruten dituzte arrautzak Fejervarya cancrivora igelaren emeek.
Salbuespenik gabe, beraz, zapaburu guztien ohiko medioa ur geza izanik, anfibio-larben ezaugarri anatomiko eta fisiologikoak ura mugagarria ez den ingurunean bizitzera egokituta dauden animaliek agertzen dituztenen bertsuak dira. Hori guztia, baina, hankaz gora jartzen da metamorfosian zehar: hasteko, animaliaren itxura zeharo aldatuko da, eta aldaketa metaboliko sakonak ere gertatuko dira, helduak kolonizatuko duen medio berrira modu egokian moldatzea bermatuko dutenak. Horien artean bada aldaketa garrantzitsu bat animalia hauen metabolismoan gertatzen dena, eta lehorreranzko iragapenak eragin ditzaken ur-arazoekin erlazionatuta dagoena: ur gezatan dauden artean, anfibioen larbek ura soberan dute, hain zuzen ere bere barne-medioa kanpoa baino kontzentratuago mantentzeak ura irabazteko joera izatea eragiten du. Ikusi dugu aurreko post batzuetan nola moldatzen diren ur gezatako animaliak kanpoa beste ez diluitzeko. Baina lehorrera pasatzerakoan, arazoa bestelakoa da, hain zuzen ere ura galtzeko arriskua baitago. Gauzak horrela, ur galerak ahalik eta gehien murriztea da irteera bakarra, eta horretan aritzen dira lehorreko anfibio gehienak: askok urarekiko menpekotasun handia agertzen dute, eta beraz ur-masetatik hurbil mantentzen dira bere bizitza osoan.
Baina bada ura aurrezteko garatu den beste moldapen ezkutu bat: metamorfosiarekin batera, animalia hauek nitrogenoaren eskrezio moduaren aldaketa nabarmena jasaten dute, amoniotelikoak izatetik ureotelikoak izatera aldatuz. Aldaketa funtzional honek aldaketa metaboliko sakonak eskatzen ditu, urea sintetisatzeko beharrezkoak diren urea-ornitina zikloko 5 entzimak ekoiztea eskatzen baitu. Nitrogenoa urea modura eskretatzeak ur asko aurreztea ahalbidetzen du, nitrogeno kantitate berbera kanpora baitaiteke amoniako modura eskretatuz beharko litzatekeen uraren %2, 5 besterik ez erabiliaz. Aurreko zenbait ekarpenetan esan bezala, gainera, ur arazoak egonez gero, urea metatu egin daiteke, amoniakoa baino kontzentrazio altuagoetan bere toxikotasuna apalagoa delako. Are gehiago, ikusi dugu urea bera eragile osmotiko modura ere erabil dezaketela zenbait animaliek, euren artean Rana cancrivorak, bere barne medioko kontzentrazio osmotikoa igoarazteko. Kasu honetan jatorriz lehorreko bizitzarako moldapena zena, azken muturreraino eraman da, eta ur gaziko bizitzara moldatzeko tresna modura egokitu da. Ez dezagun ahaztu uraren ekonomiari dagokionez medio lehorrak eta itsas urak ezaugarri komun bat dutela: erraz gal dezakete ingurunerantz ura bi medio horietan bizi diren animaliek.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>