Bizirik iraun urik edan gabe

rata-canguroIpar amerikako hegomendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hori bai, hazi eta landare lehorrak jaten dituzte euren metabolismoa asetzeko beharrezkoa den energia lortzeko.
Kanguru arratoiak deritze euren aurreko hankak oso oso laburrak baitira, eta atzeko hanka bereziki luzeekin jauziak eginez mugitzen direlako, kanguruen antzera. Animalia txikiak dira (10-20 zmkoak, gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak, karraskari guztiak bezala, eta beraz energia-eskari garaiak dituzte. Izatez, animali hauek ez dira beste gehienak baino lehorragoak; euren ur edukina normaltzat har daiteke ugaztunen artean (% 66 inguru). Eta ur-proportzio hori mantendu egin dezakete nahiz eta ura eskuragarri ez izan. Are gehiago, janari lehor nahikoa izanez gero, animalia hauek ez dute pisurik galtzen, eta irabazi ere egin dezakete. Eta horrek zera esan nahi du, ur-galerek ez dituztela ur-sarrerak gainditzen. Nola gerta daiteke ur-balantze negatiborik ez izatea, ura gertu ez duten egoera horretan?
Azter ditzagun ur-sarrerak eta ur-galerak kontu hau argitzeko: ur askerik ez dagoen egoera batean, animalia hauek lor dezaketen ur bakarra jakiak berez duena, gehi jaki horren oxidazio-prozesuen ondorioz lor daitekeena da. Elikagaiek berez dutena inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Bestalde, jakiaren katabolismoaren ondorioz lortzen dena, ur metabolikoa deritzona, jakiaren konposizio biokimikoaren araberakoa da; jaki mota aldatzen ez bada, hortaz, konstantea izango da jakiaren masa unitateko lor daitekeen ur metabolikoaren kantitatea. Argi dago beraz kanguru-arratoiek jaten dituzten elikagaietatik beste edozein animaliak lor dezakeen ur metabolikoaren kantitate berbera lor dezaketela, ez gehiagorik.
Hori horrela, ur-sarrera mugatua dagoen egoera batean, horrenbeste ez galtzean datza ura aurrezteko modu bakarra. Ikus dezagun nola lortzen duten basamortuetako biztanle hauek ur-galerak murriztea: Alde batetik horretara zuzendutako bizimodua dute, gauez besterik ez dira ateratzen euren habietatik, tenperatuta horren garaia eta hezetasuna horren apala ez denean hain zuzen ere. Bestetik, urarekiko oso iragazgaitza den azala dute, eta beraz apenas galtzen dute ura tegumentutik zehar.
Baina zer gertatzen da ezinbestekoak diren ur-galerekin? Hau da, gorotzetan, gernuan eta arnas azaleran gertatzen diren ohiko ur-galerekin? Kanguru-arratoiek ekoizten dituzten gorotzak oso lehorrak dira eta horietan galtzen den ur-kantitatea arbuiagarria da.
Arnasketan gertatzen da ekidin ezineko ur-galerarik handiena (>%50). Arnasa hartzeak beti eragiten du ura lurruntzea. Prozesu horretan galdutako ur-kantitatea eguraste-bolumenaren menpekoa da eta eguraste-bolumena oxigeno-kontsumoaren araberakoa; Bestalde, kanguru arratoiek eskari metabolikoa garaiak dituzte, oso aktiboak izateaz gain animalia txikiak baitira. Nola lortzen dute orduan arnasketaren ondorioz lurrundutako ur-kantitatea murriztea? Batez ere gorputz-tenperatura baino hotzagoa den airea kanporatuz: biriken tenperatura ohikoa bada eta urez saturatuta badago ere, sudurretik pasatzerakoan hoztu egiten da. Arnasa hartzerakoan airearen pasabideko paretek beroa eta ura galtzen dute airea berotuz eta urez saturatuz, eta gertatzen den lurruntze-prozesuari esker inhalaturiko airearen tenperaturaren azpitik koka daiteke pasabideko hormaren tenperatura. Arnasa botatzerakoan, biriketatik datorren aire bero eta uretan saturatuak azalera hotz hauetatik pasaerazten da, hoztuz eta ura hormetan kondentsatuz. Airea zenbateraino hozten den aldatu egingo da inhalaturiko airearen tenperatura eta hezetasunaren arabera.
Mekanismo hori animalia guztiek erabil dezakete berez, baina zenbat eta airearentzako pasabideak hestuagoak izan eta elkartrukerako azalera zabalagoa, karraskari txikietan bezala, indartsuagoa da bere eragina. Izan ere, laborategiko arratoien kasuan kanguru-arratoiaren kasuan bezain eraginkorra da.
Orduan, ur askerik ez dagoen baldintzetan zergatik deshidratatzen dira arratoi arruntak eta ez ordea kanguru-arratoiak? Erantzuna saihestezina den hirugarren ur-galeraren murrizteko gaitasunean dago. Lehengusuen arteko desberdintasun nagusia honetan datza hain zuzen: basamortuko biztanle txikiek duten gernua izugarri kontzentratzeko ahalmenean. Animalia hauek odola bera baino 14 aldiz kontzentratuagoa den gernua ekoiz dezakete. Horretarako, oso Henle bihurgune luzeak dituzten nefronek osatzen dituzte euren giltzurrunak, eta horien lanari esker gernuaren kontzentrazioa 4000-5000 miliosmolarreraino iritsi daiteke. Erreferentzia bat izateko, gizakiak 4 aldiz , arratoi arruntak 9 aldiz, eta katuek 10 aldiz kontzentratuagoa den gernua kanpora dezakete, hau da, askoz ur gehiago behar dute solutu kontzentrazio berbera iraizteko. Kontuan hartuta basamortuko baldintzetan ur galerak murriztea hil ala biziko kontua dela, orain badakigu zergatik bizi eta ugal daitezkeen kanguru arratoiak medio horretan eta ez ordea beste animalia asko.
Azaldutako guztia ohiko baldintzen menpe gertatzen da, zeren baldintza bereziek eragin dezakete ur beharrizanak emendatzea. Adibidez, kanguru arratoi emeek, ugal sasoian, udaberri goienean, ohikoa baino ur askearen beharrizan garaiagoak dituzte esnea ekoizteko; hori dela eta, berdeak edo behintzat hezeagoak diren landareak jan behar dituzte ur balantzea mantentzeko.

2 iruzkin honentzako: Bizirik iraun urik edan gabe

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>