Animalien pozoiekin jarraituz

krait-sugegorria

Eboluzioan zehar hainbat animalia taldek mota desberdinetako estrategiak edo moduak garatu dituzte, bai elikagaiak izango dituztela bermatzeko zein euren etsaietatik babesteko. Estrategia horien artean daude animalien ekoizten dituzten toxinak. Pozoiak erabiltzen dituzten animaliak talde askotakoak dira: ekinodermoak, zelenteratuak, anelidoak, moluskuak, artropodoak, arrainak, narrastiak, anfibioak… eta horietako zenbaitek oso egitura eta mekanismo sofistikatuak erabiltzen dituzte pozoia txertatzeko.
Sinapsietan gertatzen den neurotransmisorearen askapenean eragiten duten toxinak eta toxina horien ekintzen ondorioak ikusi ditugu aurreko sarrera batean. Baina badago beste toxina talde bat neurotransmisorearen askatze-prozesuan eraginik ez duena, baizik eta bere ondorengo eragina zapuzten jokatzen duena.
Neurotoxina horien artean dugu, esaterako, α-bungarotoxina. krait sugegorri arraiadunaren pozoia osatzen duten peptidoetariko bat da toxina hori. α-bungarotoxina modu itzulezinean lotzen da azetilkolinaren hartzaile batera (hartzaile nikotinikoetara) eta horren ondorioz azetilkolinak ezin ditu kanalak irekiarazi. Sugegorriak, koska egiterakoan eta pozoia txertatzerakoan, harrapakinak paralizatu egiten ditu eragin horri esker. Eta eragin berbera dute kobra sugearen α-neurotoxina eta itsas sugegorriaren erabutoxina peptidoak.
Harrigarria gerta badakiguke ere, oso antzekoa da Hegoamerikako zenbait indiok erabiltzen duten prozedura. Amazoniako zenbait tributan kurarea erabiltzen dute euren gezien puntak blaitzeko, eta kurareak lehen aurkezturiko toxinen eragin berbera du. Egia da kurarea ez dela animalia-jatorrikoa, Chondrodendron tomentosum-en landare-jatorriko toxinen nahastea baita, baina gauzak ez dira gehiegi aldatzen horregatik: animalia bat dugu (gizakia) landare jatorriko pozoi bat (kurarea) erabiltzen, bere harrapakina errazago ehizatzeko. Azken batean, Amazoniako indioek naturak eskainitako produktu bat baliatzen dute animalia pozoitsuek bezala jokatu ahal izateko.
Kontu honi dagokionez, itsasoko ornogabeak ez dira salbuespen bat. Hor dugu, esaterako, itsasoko barraskilo konikoen pozoia, konotoxinaz osatuta dagoena. Hainbeste peptidoren nahastea da konotoxina (batzuk kanalak blokeatzen dituztenak) baina euren artean aurki daitezke baita azetilkolinaren hartzaileak blokeatzen dituztenak. Sinapsi neuromuskularraren kasuan uzkurketa inhibitzen da blokeatze horren ondorioz. Hau da, harrapakinaren nerbio-sistemak muskuluei mugitzeko agindua eman arren, hauek ezin dute erantzun, agindua atariraino besterik ez baita iristen. Baldintza horietan harrapakinaren ihes egiteko aukerak oso urriak dira, eta barraskiloak orduan erraz asko irentsi dezake bere ehizakia.
Clostridium generoko bakterioek ekoitzitako toxinak aurkeztu genituenean ikusi genuen toxina botulinikoak medikuntzan eta estetikan izan duen erabilera. Hemen aipaturiko pozoi batzuk ere zenbait gaixotasun eta kalteei aurre egiteko erbiltzen ari dira edo aztertzen ari da haien erabilera: kurarea, esaterako, erlajatzaile muskular modura erabilia izan dena, eta itsas jatorriko konotoxinak ere aztertzen hasiak dira eta dagoeneko farmakoren bat atera da merkatura min muskularrak arintzeko, morfina bera baino askoz ere eraginkorragoa baita eta opiazeoa ez denez zaletasunik (adikziorik) ez eragitea baitu bere alde. Pozoiak ere, beraz, neurri egokian eta ongi erabilita, onuragarri!

Barraskilo konikoen ehizatzeko era ikus daiteke bideo honetan: http://www.youtube.com/watch?v=LcBKH7s4SVQ

2 iruzkin honentzako: Animalien pozoiekin jarraituz

Erantzuna idatzi

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>