Txerrikortaren zorua

txerriakLau hankako animalia gehienek eroapenaz ez dute galtzen bero gehiegi. Zorua ukitzen duten gorputzaren atalak oso txikiak izaten dira, edo hobeto esan, gorputzaren azalera osoaren zati txikia izaten ohi dira. Baina bada salbuespen bat, etzanda egoteari dagokiona hain zuzen. Izan ere, etzanda egonik ugaztun guztiok dugu gure gorputz azaleraren zati handi bat zorua ukitzen. Egoera horretan, beraz, bero asko gal daiteke, eta eroapenaz galdu gainera, normalean inolako garrantzirik ez duen bide batetik.

Neurri txikian edo handian, guztiok dugu bero galera mota horren esperientzia zuzena. Izan ere, etzanda egonda garrantzi handikoa da zorutik ahalik eta isolatuen egotea, batez ere lur hotz baten gainean egonda. Ez da gutxi horrela gal daitekeen beroa. Izan ere, txerrikortan etzanda egonik, energia galera esanguratsua da txerriek galtzen duten beroa. Baina, noski, bero eroankortasuna oso desberdina da zoru motaren arabera, eta horren ondorioz, txerriek galtzen duten beroa oso desberdina da lur zoru batean eta bestean.

Lur zoru motak horrenbesterako garrantzia izan dezake ezen berezko ikerketa lanak egin baitira kontu horren garrantzia neurtzeko eta txerrien gizentze handiena ahalbidetzen duen zoru mota erabakitzeko. Bateren bat aipatzearren, 1967an egindako lehenengoetarikoa ekarriko dugu gogora: orduan, jaio berriak ziren txerrikumeen bero-galerak neurtu zituen Mount ikertzaileak hiru lur zoru motatan: porlana, egurra eta poliestirenozkoa. Porlanean zeudenean txerrikumeek euren bero-galera osoaren % 15a galtzen zuten eroapenaz, eta proportzio hori % 6raino, erdira! jaisten zen egurraren gainean etzaten zirenean; poliestirenozko lurzoruan are gehiago murrizten zen ukipenez galdutako bero kantitatea.

Jakina, bero galera zoru motaren arabera aldatzen bada, hazkunderako geratzen zaien energia ere aldatu egiten da. Beste modu batera esanda, txerria desberdin gizentzen da zoru motaren arabera, eta horrek, ondorio ekonomiko nabariak ditu.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>