Arnasteari uzten diote lokartzerakoan

fokakUrpekarien oxigenoa” izenburuko sarreran azaldu genuen bezala, itsas ugaztunek badituzte urperatzea ahalbidetzen duten berezko oxigeno biltegiak. Itsas txakurrek, esaterako, 80 minututan zehar egon daitezke urperatuta arnas egitera irten beharrik gabe. Beste ugaztunek baino hemoglobina gehiago dute; beraz, odolaren hemoglobina da oxigenoaren biltegietako bat. Baina biltegi nagusia ez da hori, muskuluaren mioglobina baizik. Izan ere, itsas txakurren muskuluek hogei bider mioglobina gehiago dute gizakiaren muskuluek baino.

Bere ehunetan oxigenoa gordetzeko itsas txakurrek duten ahalmenari esker, bestalde, arnas egiteari utz diezaiokete lo egiten duten bitartean. Harrigarria bada ere, fokak hogei minututan egon daitezke arnas egin gabe lokartuta daudenean. Lo egiten hasi eta berehala jaisten da mioglobinaren oxigeno kontzentrazioa; loaldiaren lehen minutuan oxigeno kontzentrazioaren %20ko jaitsiera gertatzen da. Baina ondoren, orekatu egiten da oximioglobinaren kontzentrazioa eta konstante mantentzen da berriro arnas egiten hasi arte. Bitartean, bi dira mioglobinarekin konbinatua dagoen oxigeno kontzentrazioa ez beheratzeko mekanismoak. Batetik, metabolismo tasa apalagoa mantentzen dute itsas txakurrek; hau da, oxigenoa, -eta energia, noski-, aurreztu egiten dute. Eta bestetik, mioglobinari hemoglobinak ematen dio apurka-apurka gastatzen doan oxigenoa, hemoglobina ere oxigenoaren biltegi garrantzitsua baita. Bukatzeko, aipatzekoa da fokek ez dutela jotzen metabolismoaren bide anaerobikoak erabiltzera; horixe da, hain zuzen ere, erabil lezaketen beste mekanismo bat baina bistan da aukera hori baztertu dutela.

Oharra: Argazkia, Fernando Flores-en blogetik (Tomareando) hartua dago.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>