Negutegi-efektua sortzen

vacasPlaneta berotzen ari dela diote. Gainera, gizakiaren jarduera bide da berotze horren eragile nagusia. Dirudienez, gizakiak sortu duen industriaren funtzionamendurako, berogailuetarako eta erabiltzen ditugun ibilgailuetarako beharrezkoa izan den erregai fosilen erabilera neurririk gabea izan da berotze horren erantzule nagusia. Erregai fosil horiek erretzean karbono dioxidoa eta beste zenbait gas askatzen dira eta gas horiek negutegi-eragina sortu bide dute. Horri dagokio, diotenez, planetaren berotzea.

Baina erregai fosilak ez dira negutegi eragina duten gasen iturri bakarrak. Izatez, negutegi efektuaren eragile handiak dira abereak ere, euren digestio fisiologiaren ezaugarri baten erruz hain zuzen ere.  Abere hausnarkariek metanoa eta oxido nitrosoa sortzen dituzte eta biek dute negutegi-eragin handia. Pentsa liteke gehiegikeria bat dela hori, baina horrela uste duena oker dago, negutegi-efektua duten gasen ekoizle handiak baitira abereak.

Mundu osoari erreparatzen badiogu, negutegi-eragina duten gasen isuriketaren %18 ganaduari dagokio. Kontuan hartu behar da, garraio mota guztiek, batera hartuta, ez dutela horrenbeste ekoizten. Beraz, garrantzi handiko eragina dugu hau. Eta herri jakin batzuei erreparatzen badiegu, askoz handiagoa da ganaduaren negutegi-gasen ekoizpenaren ekarpen erlatiboa. Horra, adibidez, Zelanda Berriko adibidea: negutegi-gasen ekoizpenaren erdia dagokio ganaduari. Errua 34’2 milioi ardi, 9’7 milioi behi, 1’4 milioi orein eta 155 mila ahuntzena da.

Ikus dezagun orain arazoa nondik datorren. Errumen izeneko urdail pregastrikoa dute behiak eta ardiak bezalako belarjale hausnarkariek. Errumenean mikroorganismo sinbionteek digeritzen dituzte animalien berezko digestio entzimek eraso ezin ditzaketen landare-materialak. Mikroorganismo horiek egiten duten digestioaren ondorioz hiru motako produktuak sortzen dira nagusiki, gantz azidoak, karbono dioxidoa eta hidrogenoa. Hiru horietatik gantz azidoak dira abereentzat baliagarriak diren bakarrak; beraz, zurgatu egiten dituzte. Hidrogenoak eta karbono dioxidoak, baina, ez dute inolako baliorik eurentzat. Beste mikroorganismo sinbionteek, bestalde, bai erabil ditzakete hidrogenoa eta karbono dioxidoa, eta metanoa sortzen dute horren ondorioz.

Arazoa ez da txikia, eta hainbat ikerketa egiten ari dira konpondu nahian. Ikerketa horietako baten ondorioz, esaterako, mikroorganismo metanogenikoak gaitasungabetu nahi dituzte; hori lortuz gero, beste mikroorganismo sinbionteek baliatu litzakete mikroorganismo metagenikoek erabili gabe utziko lituzketen CO2 eta hidrogenoa. Animalia marsupialioen heste hodian oso ugariak diren mikroorganismo azetogenikoak izan litezke horiek. Hausnarkarien hestean ere badira mikrobio azetogenikoak, baina ez dira, inondik ere, marsupialioetan bezain ugariak.

Arazoa ez da txikia, ez, eta are handiagoa izango da etorkizunean. Izan ere, zenbait kalkuluren arabera haragi eta esnearen eskaria bikoiztuko baita hemendik berrogei urtera eta, beraz, negutegi efektuaren areagotze nabarmena ekarriko luke eskari hori asetu ahal izateko beharrezkoa izango litzatekeen ganadua hazi behar izateak. Arazoa konpontzeko kanguru-haragira jotzea proposatu duenik ere bada, kanguruek ez baitute kasik metanoa sortzen, baina ez dakigu ez ote den hobe izango ganadu-haragia jateko ohitura garestiari uztea!

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>