Zergatik barne-sua?

leoiakEndotermia berba, beroaren jatorriari dagokio. Animalia endotermoen beroa, barrutik dator, zelulen mitokondrioetan gertatzen diren erreakzioetatik. Animalia ektotermoena, berriz, kanpotik. Animalia homeotermoak, tenperatura konstatante mantentzen dutenak, endotermoak dira. Izan ere, oso zaila izango litzateke tenperatura konstante mantentzea barneko bero-iturririk gabe.

Endotermia agertzeko arrazoiak, baina, ez daude argi. Oso garestia baita. Gizaki bat bi hilabete egon daiteke jan gabe eta krokodilo batek urte oso bat iraun dezake baraurik. Egia da endotermiari esker gorputz tenperatura garaia manten daitekeela, eta hori ona dela, baina ez dago begi-bistako arrazoirik tenperatura garai hori etengabe mantentzeko. Izan ere, bakarrik beharrezkoa denean piztu liteke “berogailua”, eta beharrezkoa ez denean, “itzali”. Etengabe bero mantentzeko endotermo batek egun batean jan behar du bere masako narrasti batek hilabete oso batean jaten duen beste.

Duela gutxi arte pentsatu da bizimodu aktiboa behar zuten haragijale txikietan agertu zela endotermia. Baina joan den urtean beste ideia bat hasi da zabaltzen, alegia, belarjaletan sortu zela, euren elikatze eskariak orekatzeko bide gisa.

Ugaztun eta hegaztietan, garuna eta gibela dira metabolismo garaiena duten organoak; hau da, bero gehien sortzen dutenak dira organo horiek. Ektotermoetan baino handiagoak dira eta, gainera, bost bider mitokondrio gehiago dute. Horri esker sortzen dute sortzen duten beroa, baina hori, beste animalia batzuek egiten dutenaren alboan, energia xahutzea da.

Duela hiru hamarkada Albert Bennet eta John Ruben ikertzaileek proposatu zuten homeotermia muskuluaren erresistentziarekin loturik zegoela. Beste animalien alboan, gaitasun aerobiko handia dute hegazti eta ugaztunek. Muskuluetara oxigenoa etengabe eramateko ahalmen handia dute eta ahalmen horri esker, lasterka egin dezakete edo borroka dezakete etenik gabe denbora luzeetan. Euren ustez, horren ondorioa da endotermia; hau da, batak bestea ekarri zuen nonbait.

Baina aditu denak ez daude ados ideia horrekin, ez baitute uste lotura hori ezinbestekoa denik. Erresistentzia eta ahalmen aerobikoa eskeletu-muskulu eta bihotzaren menpe dago, baina garun eta erraien menpe dago oinarri-metabolismoa. Zenbait narrastik, -euren artean Varanus generokoak dira adibide egokiena-, gaitasun aerobiko handia dute baina oinarri-metabolismoa oso apala dute. Bestalde, zenbait ugaztunek gorputz tenperatura beheratzen dute hibernazioan edo ezaktibo daudenean. Hau da, hori aintzat hartuta, ez dirudi endotermia eta gaitasun aerobikoaren arteko loturarik dagoenik.

Marcel Klaassen eta Bart Nolet ikertzaileek beste bide batetik jo dute. Euren ustez, janari baliabideen konposizio biokimikoari erreparatu beharko genioke. Izan ere, herbiboroen janariari nitrogenoa falta zaio, edo hobeto esan, landareen nitrogeno edukia txikia da animalien nitrogeno edukiaren alboan. Hori dela eta, animaliek behar duten nitrogenoa lortzeko, asko jan behar dute eta gero karbono gehiegi barneratu dutenez, karbono hori kanporatu behar dute. Hortaz, erretzea da karbonoa kanporatzeko modurik errezena. Beraz, bi ikertzaile horien iritziz, karbonoa erretzeko beharretik dator endotermia. Hau da, beroa sortzeko agertu beharrean, karbonoa ezabatzeko edo kanporatzeko bide gisa sortu zen.

Ez da ahaztu behar, baina, endotermiak nitrogenoaren beharrak goratzen dituela, zeren metabolismo garaiagoak proteinen berrikuntza arinagoa baitakar, eta proteinen berrikuntza azkarragoa bada, nitrogeno gehiago behar da. Izan ere, ugaztunek eta hegaztiek nitrogeno gehiago kontsumitu behar dute tamaina bereko narrastiek baino, lau bider gehiago zehatzak izateko. Hala eta guztiz ere, aukera ona da endotermiarena nitrogenoaren beharrak handiagoak izan arren, zeren ugaztun eta hegazti herbiboroek baliatu baitezakete nitrogeno eduki oso txikia duen janaria. Pentsa liteke bestelako bideetara jo litekeela karbonoa kanporatzeko, baina oso bide erraza eta garbia da karbonoa erretzea.

Endotermia karniboro txikietan agertu zela izan da orain arteko iritzi nagusia, eta bizimodu harrapakaria ahalbidetu zuela. Hori horrela izango balitz ere, ikuspegi interesgarria emango liguke hemen aurkeztu den hipotesiak. Buelta eman diezaiogun argudioari: endotermiak bizimodu ehiztaria ahalbidetu bazuen ere, herbiboria erraztu zuen gero, endotermo izanik etekin gehiago ateratzen baitzaio landareak jateari.

Oharra: El mundo de los gatos blogetik hartua da argazkia

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>