Izozteari aurre egiten

Gynaephora beldarra desizoztenAspaldiko ekarpen baten, “Izotz aurkako naturalak” izenburukoan hain zuzen ere, azaldu genuen nola moldatzen diren zero azpitiko tenperaturak jasan behar dituzten zenbait animalia. Orduan aztertu genuen kontua izoztearen ekidintza izan zen, hau da, nola lortu izotzik ez eratzea animaliaren gorputzean, horixe baita animalien artean hedatuen dagoen jokaera mota. Erantzun mota honi, ingelesez “freeze avoidance” deritzo; animalia askok euren ehunetan ur solidorik ez agertzea lortu behar dute bizirik mantenduko badira, izotzak kalte larriak sortzen baitizkiete, bai mintz zelularrak edo zelula barruko organoak kaltetzen dituztelako eratutako izotz kristalek.
Naturan badira, ordea, “freeze tolerant” diren animaliak ere, hau da izoztea jasan eta gainditu dezaketen animaliak; animaliak izoztea jasan dezakeela esaten dugunean ez gara ari behin behineko edo puntuala den gertakizun bat, garrantzi ekologikoa duen izozteaz baizik. Mota honetako animalien kasuan modu naturalean gertatzen da izoztea sasoi hotzean; denbora luzez (egunak, asteak) mantentzen da izotza euren gorputzean eta dirauen bitartean animaliaren likidoen proportzio garrantzitsu bat (%50etik gorakoa, 50-70 kasu gehienetan) egoten da izoztuta. Aldi horretan zehar animaliaren funtzio ia guztiak eten egiten direnez, animalia bat heriotzetik egon daitekeen punturik hurbilenean dagoela esan dezakegu.
Izozteari aurre egin diezaioketen animaliek, orduan, nola lortzen dute eratzen diren izotz kristalek eurengan eragin kaltegarririk ez izatea edo kalteak murriztea?
Lehenik eta behin, zeluletatik kanpoko eremura mugatzen dute izoztea. Gune estrazelularrean izotza eratzen hasten denean, oraindik izoztu gabe dauden aldeetako kontzentrazio osmotikoa igo egiten da, nolabait esatearren izotzak ura bahitu egiten duelako; zeluletako ura ere kontzentrazio gradientearen alde ateratzen da horren ondorioz. Zelulak, beraz, zertxobait deshidratatu eta zimurtu egiten dira; ur galera honek alde intrazelularraren kontzentrazio osmotikoa emendatzea eragiten du eta beraz zelulen barruko gunea izoztea zailagoa egiten du, alde intrazelularra babestuz.
Hortaz gainera, izozteari aurre egin diezaioketen animaliek substantzia babesgarriak erabiltzen dituzte mintzak eta zelulen egitura nagusiak izotzaren kalteengandik salbu mententzeko: funtzio hori gehienetan glizerola edo antzeko alkohol polihidrikoei dagokie edo baita ere azukreei. Izozte prozesuetan glizerolak duen eragin babesgarria aspaldian da ezaguna, eta horrexegatik erabiltzen da substantzia hau mota desberdinetako zelulak izoztuta mantentzeko, esperma esaterako.
Aipatu behar da, baita ere, modu naturalean gertatzen diren izozte-prozesu hauek nolabait zuzenduta daudela; ez dira edonola gertatzen. Zenbait animaliaren kasuan INA (ice nucleating agents) modura ezagunak diren izotzgune-eragileak erabiltzen baitituzte: hauek normalean oso hidrofilikoak diren proteinak dira, tamaina txikikoak, azido glutamiko edo glutamina aminoazidotan bereziki aberatsak direnak. Substantzia hauek gidatzen omen dute izotzaren eraketa edo behintzat agintzen dute gorputzaren zein alde edo gunetan eta noiz gertatu behar den, eta modu gradualean gerta dadin kontrolatzen dute.
Modu honetako moldapenak batez ere ornogabeetan behatu dira: horien artean badaude zenbait intsektu eta intsektuak ez diren artropodoen artean zentipedoak, eta hortik kanpo zenbait marearteko ornogabe: batez ere gastropodoak, anelidoak eta nematodoak. Esan behar da hala ere, izotzaren ekidintza dela araua erantzun moten artean eta izotzari aurre egiteko moldapenak nolabait salbuespena osatzen dutela. Intsektuen artean, hala ere, izoztea nahiko arrunta da zenbait koleoptero, diptero, himenoptero eta lepidopteroren larba eta pupetan; heldu gutxi batzutan ere behatu da baina inoiz ez arrautzetan.
Euren ingurumen naturalean aztertu diren intsektuen artean Bracon cephi liztor bizkarroia, Goi Artikoko beldarra Gynaephora groenlandica eta Eurostata solidaginis euliaren larba ditugu. Kanadako landa izoztuetan negua igarotzen duten Bracon generoko liztorren larben kasuan glizerola bere gorputz fluidoen % 25-30 izatera hel daiteke neguan, nahiz eta nabariki jaitsi udaberrian. Eurostatako larben populazioetan, bestalde, ikusi da 12 astez edo izoztuta egon daitezkeela; larba hauetan babesgarria den glizerolaren ekoizpena modu egokian gertatzeko beharrezkoa da azaroaren erdirantz gutxienez 6 egun jarraian 5 ºC baino tenperatura baxuagoak izatea. Genero bereko larbekin laborategian egindako lanek argitu dutenez, lehenengo glizerolaren kontzentrazioa emendatzen dute eta gero sorbitolarena. Dirudienez hotzak gantz gorputzetako glikogeno fosforilasa entzima aktibatzen du eta honen jarduerari esker glikogeno biltegitik abiatuta bi substantzia babesgarri hauen kontzentrazioa nabariki emenda daiteke. Gynaephora taldeko beldarrak 10 hilabetez egon daitezke izoztuta -50 ºC edo baxuagoak diren tenperaturetan. Euren 14 urteko bizi-zikloaren % 99,5 larba fasean igarotzen dute, pupa eta heldu faseak 15 egun baino ez baitu irauten, eta epe horren %80 a gutxienez, izoztuta pasatzen dute. Gaztaro luzea animali hauena, neurri handi baten izotzari esker!

Oharra: Goiko irudia articcaterpillar.org web orritik hartuta dago

Iruzkin bat honentzako: Izozteari aurre egiten

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>