Txikiagotzen ari diren ardiak

soay_sheep_at_cranborne_ancient_technology_centre1Hirta uhartean bizi diren Soay ardien tamaina txikiagotzen ari da azken 25 urteetan zehar. Ez zekiten zergatik gertatzen ari den hori, baina ba omen dakite orain.

Hirta uhartea St. Kilda uhartedian dago, Eskoziako Mendebaldeko Uharteetatik 60 km-tara. Joan den mendearen hasierara arte, gizakiak bizi ziren han, uharte txiki eta pobrean, baina bizi baldintzak hain gogorrak ziren, gizakiek handik alde egiteko erabakia hartu behar baitzuten. Gizakiak joan ondoren ardiak heldu ziren, Bute-ko markesak hara eraman zituelako, uhartedi bereko Soay uhartetik hain zuzen ere. Hirurogeita hamar urte baino gehiago daramate han eta, beraz, erabat basatuta daude orain. Eta, lehen esan bezala, duela 25 urte baino txikiagoak dira orain.

Itxaron zitekeenaren aurkakoa da gertaera hori, zeren bizirik irauteko eta ugaltzeko aukera gehiago baitute ardi handiek txikiek baino. Behintzat horixe da animalien eboluzioan adituak direnenen iritzia. Horregatik ez zuten ulertzen zergatik txikiagotzen ari diren han bizi diren ardiak. Baina orain bai, ingurumen baldintzei erreparatuz eta eredu matematikoak erabiliz aurkitu bide dute txikiagotzearen arrazoia.

Dirudienez, eguraldiarekin du zerikusia txikiagotzeak. Azken urteotan nabarmen hobetu da St. Kilda uhartediko eguraldia. Neguak laburragoak dira orain lehen baino, eta tenperatur baldintzak ez dira horren gogorrak. Lehen, neguak gogorragoak zirenean, soilik arkume handienek gainditzen zuten lehen negua. Orain, berriz, arkume txiki askok ere gainditzen dute. Horren ondorioz ez da tamaina txikiaren aurkako hautespen naturalik gertatzen eta horrek, populazioaren aleen txikiagotzea dakar.

Gertaera interesgarria da hau, agerian uzten baitu ingurumen-baldintzen eta animalien bizi-zikloen ezaugarrien arteko harreman hestua. Bizi-zikloen ezaugarriak (bizitzaren iraupena, ugaltze-adina, ugal-ahalegina, hazkunde-tasa, eta abar) oso garrantzitsuak dira eboluzioaren ikuspuntutik. Izan ere, espezie baten arrakasta, askotan, ezaugarri horien menpe dago. Baldintza abiotikoekiko erresistentzia garrantzitsua da; energia-baliabideak eskuratzeko ahalmena ere, arrakastaren osagai gakoa da. Bada, bizi-zikloaren ezaugarriak ere, hautespen-presio pean egoten dira eta presio hori ingurumen baldintzen araberakoa da. Horixe da adibide honetan ikusi duguna. Baldintzok gogorrak zirenean, ardien tamainak handiagoa behar zuen, txikiek ez baitzuten bizirik irauteko aukera handiegirik; baina biguntzen direnean, tamainaren garrantzia gero eta txikiagoa da. Ondorioz, gero eta txikiagoa bilakatzen da Hirta-ko populazioaren ardien batazbesteko tamaina.

Istorio hau Science aldizkariak irakurri dugu, eta honakoa da erreferentzia: Science (24 July 2009) Vol. 325. no. 5939, pp. 464 – 467 (DOI: 10.1126/science.1173668)

Argazkia Simon Barnes-ek egina da eta wikipediatik hartua dago. Creative Commons baimen motaren arabera erabil daiteke.

Iruzkin bat honentzako: Txikiagotzen ari diren ardiak

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>