Egurreko igelaren izoztu ondorengo berpizte harrigarria

frozenfrog_2Aurreko post batean izotzari aurre egiteko moldapenei buruz aritu ginen. Esan bezala, batez ere ornogabeetan beha daitezke kalterik eragiten ez duten izozte-prozesuak. Hala ere, berebiziko arreta jarri zaie ornodunetan antzeko erantzun edo moldapenak agertzen dituzten animaliei. Zergatia argia da: naturan berez badago izoztuta egon ondoren bizi-funtzioak mantentzen dituen ornodunik, bere intereseko zelulak, organoak, ehunak edo izaki osoak izoztuta gorde eta etorkizunean suspertzeko aukerak irekitzen zaizkio gizakiari. Horretarako animali horiek agertzen dituzten moldapenak ezagutzea, beraz, funtsezkoa da.

Ornodunen artean, baina, zenbait anfibio eta narrastitan baino ez da aurkitu honelako erantzun motarik. Arrainek ezin dute izoztea jasan eta ezta ugaztun eta hegaztiek. Salbuespena dira ornodunen artean, beraz, eta baita ere anfibio eta narrastien taldeen barruan, talde horietan ere izotzaren ekidintza baita erantzun mota nagusia. Baina horien artean badira lehorrean negua igarotzen duten zenbait anfibio eta narrasti gutxi batzuk. Ohiko bizilekuetan egiten dituen hotz handiak migratuz sahiestu beharrean, tenperatura baxuek eragiten duten izozte-prozesuak gainditzeko tresnak garatu dituzte anfibio eta narrasti horiek.

Mundu Zaharrean soilik aurki ditzakegu Siberiako arrabioa (Salamandrella keyserlingi) eta Lacerta vivipara sugandila europearra. Ezagutzen diren beste guztiak, gehienak beraz, Ipar Amerikan bizi dira. Narrastien artean hiru espezie aztertu dira. Horien artean Terrapene carolina eta Terrapene ornata espezieetako dortokak dira hain zuzen izotza jasan dezaketen animaliarik handienak; Chrysemys picta espezieko dortoken jaioberriak eguzkiaren beroak txitatutako arrautzetatik atera ondoren, errutegiaren inguruan gelditzen dira negua igarotzen; sarri jasan behar dituzten tenperatura hotzek euren gorputzeko uraren %50 baino gehiago izoztea eragiten dute, eta gehienak bizirik irauten dute.

Ikerketa gehienak anfibioen taldean egin dira, eta batez ere lau igel espezie aztertu izan dira. Horien artean, Hyla versicolor arboletako igelaren kasuan ikusi da neguan glizerola bere fluidoen % 3 izatera hel daitekeela; igel honek, beraz, intsektuek erabiltzen duten substantzia babesgarri bera ekoizten du izotz kristalen kalteak ekiditeko.

Baina dudarik gabe, harrigarriena den kasua Rana sylvatica igelarena da, ospe handia baitu bere gorputz osoa behin eta berriro izoztu ondoren bizirik irauteko duen gaitasunak. Hurrengo helbidean ikus daitekeen modura, http://www.youtube.com/watch?v=UuhEHNey37Q, bere izozte-prozesua eta ondorengo funtzio nagusien etena benetan harrigarriak dira, arnasketa eta zirkulazioa bertan behera gelditzen dira eta ez du nerbio-sistemaren erantzunik erakusten kinaden aurrean. Bere gorputzeko likido guztiaren % 65a egon daiteke izotz forman, zeloma eta azal azpian 7-8 g izotz izan dezake, eta beraz bere organo guztiek izan behar dute deshidratazio maila nabaria. Egunetan eta asteetan izoztuta egon ondoren, izotza urtzean, bere funtzio guztiak errekuperatzen ditu, nerbio periferikoen kitzikagarritasuna eta erantzun erreflexuak 5-14 orduko epean ageriaz.

Egurreko anfibio honek babesgarri modura erabiltzen duen substantzia, azukre aski ezaguna da: glukosa metatzen dute bere fluidoetan igel hauek neguko sasoirako prestatzeko. Hibernazioa hasi aurretik gibeleko gramo bakoitzeko 180 mg glikogeno- biltegiak osa ditzake. Dirudienez, babesgarri modura erabiltzen den glukosaren sintesia igelaren azalak kanpoko izotza ukitzean pizten da, AMP ziklikoak bitartekari modura jokatzen duen bide adrenergiko baten bidez. Glukosa kontzentrazioa izoztutako igeleen funtsezko organoetan, hau da, gibela, bihotza eta zerebroan, gramo bakoitzeko 150-300 µg-koa izatera hel daiteke; izoztu gabeko igeletan ohiko balioak 1-5 µmol gramoko dira. Eta gainera glukosaren kontzentrazio-gradiente bat mantentzen dute, handiagoa igelaren muinean eta txikiagoa ehun periferikoagoetan. Horrela suspertze-prozesua lehenago gertatzen da bizi-funtzio nagusiak gertatzen diren gunean, kanpoko aldeek oraindik izoztuta jarraitzen duten artean.

Zirkulu artikoan bizi daitekeen egurreko igel honekin laborategian egindako saioetan, muskulu, gibel eta odoleko glukosa kontzentrazioa tenperatura jaitsieraren 14 eguneko iraupenaren ondoren hasten dela ikusi da. Dirudienez, intsektuek ez bezala, igel hauek ez dute izozguneak modu kontrolatuan eratzeko eragilerik (INArik) erabiltzen; euren tamainaz (nahiko handia) baliatzen omen dira izozte prozesua bat-batekoa izan beharrean gradualagoa izan dadin lortzeko, horrela izotza zeluletatik kanpo baino ez dela eratuko bermatuz. Hortaz gain, hibernatzeko habi egokiak ere bilatzen dituzte: hezetasun maila altua dutenak eta ondo babestuak.

Esan bezala, izoztu ondoren bizirik iraun dezaketen ornodunak arreta handiz ikertuak izan dira eta jarraitzen dute ikertuak izaten, lortutako ezagutza kriopreserbazio-prozesuetarako oso erabilgarria izan daitekeelako. Rana sylvatica egurreko igel honen kasua dugu, hain zuzen ere, ezagutzen den berezko kriopreserbazioaren adibiderik harrigarriena!

2 iruzkin honentzako: Egurreko igelaren izoztu ondorengo berpizte harrigarria

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>