Intsektizidak edo animaliatxikizidak?

eltxoaUdan intsektu gehiago dagoela iruditzen zaigu askori. Uste honek badu bere oinarri fisiologikoa: intsektu askok tenperaturarekiko menpekotasun handia agertzen dute, eta soilik sasoi epel edo beroetan gara dezakete jarduera-maila egokia. Baina horretaz gain, esan behar da guk ere denbora gehiago egiten dugula kalean udan eta sarriago ateratzen garela hiri edo herrietatik, eta beraz intsektuekin elkarrekiteko aukerak nabarmen igotzen dira baldintza horietan.

Dela gauza bata edo bestea edo biak batera, intsektuek eragin handiagoa dute gugan eta gure inguruan uda sasoian. Intsektu gehienak ez dira kaltegarriak, baina gutxi batzuk osasun-kalte larriak edo kalte ekonomiko garrantzitsuak sorrarazten dutenez, horiek eragindako izurriteei aurre egiteko moduak edo substantziak aurkitzeko eta garatzeko ikerketa asko eta asko egin izan dira urteetan; batez ere XX. mendearen bigarren erditik aurrera. Izan ere, 1940ko hamarkadan ekoitzi ziren lehen sintesiko intsektizidak, eta 20 bat urtetan zehar konposatu kimiko desberdinak sintetizatzeko ahalegin handia egin izan zen. Urte horietan guztietan merkatura ateratako intsektizida kimiko gehienek bere helburua ederto bete izan zuten, nahiz eta gerora arazoak sorrarazi dituzten; urteetako erabilerak sortutako arazo toxikologikoak direla eta zenbait debekatuta daude egun (herri batzuetan behintzat) eta beste batzuen erabilera arautua dago.

Zer dute, baina, intsektizidek intsektuak horrenbesteraino kaltetzeko edo hiltzeko?

Konbentzionalak deritzen intsektizidek animalientzat kaltegarriak diren konposatu kimikoak dituzte eta lau talde nagusi daude horien artean: organokloratuak, organofosfatoak, karbamatoak eta piretroideak[1]. Euren ekintza-mekanismoa nerbio-sistema kaltetzean oinarritzen denez, oso eraginkorrak dira. Izan ere, intsektuen koordinazio eta integrazio-sistema desantolatzen dute.

Zehatzago izateko, organokloratuek eta piretroideek nerbio-bulkada kaltetzen dute, nerbio-sistemaren seinaleak modu egokian sortu eta bidaltzea oztopatzen baitute. Funtsean, neurona-axoiaren mintzean zehar lekuzaldatzen den potentzial elektrikoaren aldaketa iragankor bat da nerbio bulkada eta boltai menpekoak diren sodio eta potasio kanaleen ixte eta irekitzeari zor zaie. Bada, boltai menpeko sodio kanaleen ohiko funtzionamendua oztopatzean datza organokloratuek eta piretroideek duten eragin kaltegarriak.

Organofosfato eta karbamatoek, aldiz, azetilkolinesterasa entzimaren jarduera murrizten dute. Arraildura sinaptikora jariatutako azetilkolina neurotransmisorearen hidrolisia gauzatzen duen entzima da azetilkolinesterasa. Bere ohiko eragina, hortaz, mezulari kimikoa den azetilkolinaren eragina bukaeraztea da. Organofosfato eta karbamatoen eraginez, baina, jarduera hau murriztua edo deuseztua gelditzen da, eta beraz hiperestimulazioa da sortzen den arazoa. Gogora dezagun hemen azetilkolina dela uzkurketa muskularra gerta dadin agintzen duen substantzia kimikoa. Azetilkolinarik gabe muskulua ez da uzkurtuko, baina azetilkolinaren eragin etengabeak hiperestimulazio arazoak eta paralisia sortzen ditu. Antzeko eragin bat aztertu genuen “Animalien pozoiekin jarraituz” izeneko ekarpenean. Kasu hartan alargun beltza izeneko armiarmak ekoitzitako pozoiak azetilkolinaren jario etengabera eragiten zuen. Kasu honetan normala da jarioa, baina neurotransmisorearen eragina oso anplifikatuta dago prozesuaren erregulazio-lana burutzen duen azetilkolinesterasaren zeregina kaltetua dagoelako.

Esandakotik ondoriozta daitekeenez, sintesi intsektizida hauen eragina unibertsala edo ez espezifikoa izatea da, hain zuzen ere, intsektizida hauek duten arazorik larriena. Ez da bakarrik ez dutela bereizten intsektu kaltegarri eta ez kaltegarrien artean; ez dute bereizten intsektu eta intsektu ez direnen artean ere! Erabilitako dosiaren arabera muga daiteke, nolabait, zein izakirentzat izan daitezkeen hilgarriak substantzia hauek eta intsektuak dira gure inguruan bizi diren animalia arrunten artean txikienetarikoak. Hortaz, dosi txiki batek handiagoak diren animaliei kalte txikiak eragiten dizkien artean, masa txikiko animalientzat hilgarria izan daiteke. Ez dago inolako espezifikotasunik, beraz, eta aplikazio-eremuaren bidez eta erabilitako dosiaren bidez kontrola daiteke soilik “intsektizida” hauen eragina. Albo-kalteetarako aukera, beraz, handia da.

Substantzia horietako asko, gainera, oso disolbagaitzak dira; animaliek ez badituzte iraizten, metatu egingo dituzte, eta kate trofikoan pilatuz joango dira. Batzuk, gainera, epe luzez irauten dute aplikazio eremuetan edo hortik hurbil. Ezaugarri hauek guztiak batera kontuan hartuta, erraz uler daiteke substantzia hauek urteetan barra-barra erabili ondoren arazo ekotoxikologiko larriak eragin izana.

Eta kontua ez da hor bukatzen, intsektizida kimikoak aise erabili izanak erresistentzia moten agerpena ere eragin du, erresistenteak egiten diren intsektuen formen aurkako gerra zailagoa eginez. Honen adibide hurbila dugu zorrien izurriekin gertatu dena: eskolaratuta dauden umeen artean oso zaila gertatzen ari da haien buruetako zorriekin bukatzea, denborarekin eta horrenbeste tratamentu desberdinen ondorioz ia edozein ohiko intsektizidarekiko erresistenteak bilakatu direlako. Horrexegatik da inportantea badaezpadako tratamenturik ez hastea, eta soilik ekitea zorrien kontrako gerrari zorriak behatzen direnean eta beraz beste erremediorik ez dagoenean.

Arazo hauek guztiak direla eta, intsektizida kimikoen erabilera neurrigabeak sortutako arazo kezkagarriak behatzen hasi zirenetik, batez ere aurreko mendearen azkenengo bi hamarkadak geroztik, interes handia egon da eta oraindik badago, intsektizida garbiak, biologiko edo ekologikoak deritzenak garatzeko. Honelako intsektizida eredugarri batek izan beharko lituzkeen baldintzak hurrengoak lirateke: espezifikoa izatea, ahalik eta espezifikoen, beste espezie edo animalia taldeentzat toxikoa ez izatea, eta intsektuentzat arrotza ez izatea, forma erresistenteen agerpena saihesteko.


[1] Hona hemen intsektizida mota horien adibide zenbait: DDT eta Lindano, organokloratuak dira; Paration, Malation eta Mevinfos, organofosfatoak; Carbaril eta Aldicarb, karbamatoak; eta Permeritina eta Fenvarelato, piretroideak.

Iruzkin bat honentzako: Intsektizidak edo animaliatxikizidak?

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>