Intsektuen aurkako gerra garbia (II)

pinu-beldarraAurreko ekarpenean ikusi dugun modura, intsektizida kimikoetatik at badira intsektuen aurka borrokatzeko bestelako aukerak, errazak ez diren arren eta, zenbaitetan, muga nabarmenak dituzten arren. Hormonen eta feromonen erabileran oinarrituko litzatekeena da, zalantzarik gabe, aukera horien arteko onena. Izan ere, ideala litzateke teorian, nahiz eta gero, praktikara eramaterakoan, zenbait arazo agertzen diren. Animaliek berez ekoizten dituzten mezulari kimikoak dira hormonak eta feromonak. Odol sistemara jariatzen dira hormonak eta, horrela, animaliaren zelula guztietaraino hel daitezke eta egokia den tokian beren eragina izan. Komunikazio funtzioa betetzen dute, beraz, animalien barruan. Feromonak, ordea, kanpora, ingurura jariatzen dira, eta espezie bereko kideen arteko komunikazioa ahalbidetzen dute.

Feromonen antzeko konposatu sintetikoak, hortaz, nahi diren intsektuak erakartzeko erabil daitezke, eta behin gune kontrolatuetara gidatuta, kontrol kimikoa ezarri dakieke. Horrelaxe erabiltzen ari dira dagoeneko zenbait sits espezierekin, adibidez. Eta pityolure izeneko feromona sintetikoa ere erabilia da Thaumetopoea pityocampa espezieko pinu-beldarraren arrak erakartzeko.

Hormonen erabilerari dagokionez, bestalde, intsektuen sistema endokrinoaren oinarriei buruzko azalpen laburra ematea beharrezkoa da ustezko aplikazioak ulertu ahal izateko. Hormonek kontrolatzen dute, neurri handi batean, intsektuen bizi-zikloa, euren menpe baitaude hazkundea bera eta baita metamorfosia ere. Arrautzetatik atera ondoren, intsektu guztiek agertzen dituzte zenbait muda gazte fasean zehar; muda kopurua espezie bakoitzean desberdina da, eta muda bakoitzaren ondoren larba handiago bat agertzen da. Une egokia heltzen denean, larba fasetik heldu faserako muda ematen da.

Gaztetik heldurako iragapen horren arabera intsektuak hemimetabolo edo holometabolotan sailka daitezke. Hemimetaboloen larbak eta heldua oso antzekoak dira; helduaren ezaugarriak tamaina handiagoa eta hegoen agerpena dira; beraz hauen kasuan metamorfosi sinplea gertatzen da, aldaketa txikiak baino ez daude itxuran. Intsektu holometaboloetan, ostera, metamorfosi konplexua ematen da: kasu honetan beldar itxura duen larbak une egokia heltzean pupa faserako muda jasango du, eta baldintza egokien menpe azken mudaren ondorioz metamorfosia osotuko da gaztearekin inolako antzik ez duen heldu bat agertuko delarik (adibidez tximeleta bat).

Bi hormonak dira hazkundea eta metamorfosia kontrolatzen dutenak: ekdisona edo muda-hormona (MH) eta gazte-hormona (GH). Ekdisonaren gorakada da muda gertatzeko beharrezkoa den seinalea eta gazte-ezaugarriak mantentzea da gazte-hormonaren eragin nagusia; hau da gazte-hormonak ekidin egiten du helduaren ezaugarriak garatzea. Hori dela eta, gazte-hormonaren kontzentrazioak garaiak diren artean, handiagoak diren larbak agertuko dira ekdisonak agindutako muden ondoren. Gazte, larba edo ninfen hazkundea kontrolatzen du, beraz.

Hortaz, gazte-hormonaren kontzentrazioaren jaitsiera da, hain zuzen ere, puparako muda edo heldurako muda gauzatzeko beharrezkoa den gertakaria. Bestalde, gazte-hormonak badu helduetan bigarren zeregin bat eta zeregin horri dagokio intsektu helduetan gertatzen den hormona honen igoera berantiar bat. Izan ere, funtzio gonadotropikoa betetzen du; hau da, ezinbestekoa da ezaugarri sexualak modu egokian garatzeko eta baita obozitoak ondo garatzeko ere[1].

Hazkundea, metamorfosia eta ugalketa bera hormona hauen kontrolpean egonik, mezulari kimiko hauek izurrien kontrolerako erabil daitezkeela begibistakoa da, eta horrexegatik izan da horren sakon aztertua intsektuen sistema endokrinoa (beste ornogabe askorena ez bezala).

Prekozenoak aspalditik dira ezagunak; izan ere, intsektuen metamorfosi goiztiarra eragiten dutelako hartzen dute izen hori. Ikus dezagun horren zergatia. Prekozenoek gazte-hormonaren antagonistak dira, gazte-hormonak bere eragina izan dezan oztopatzen dute eta, beraz, mudaren ondoren ateratzen diren intsektuek, larba ezaugarriak izan beharrean, heldu goiztiarren itxura dute. Baina ez dira ez bata ez bestea, gazte hormonaren antagonistaren eraginez bilakatu direlako sasiheldu. Heldu goiztiar hauek gehienetan ez dira bideragarriak izaten eta beraz populazioaren murrizpen nabaria gerta daiteke prekozenoen eraginez. Antzutasuna ere eragiten dute gainera, gazte-hormonaren berezko eragin gonadotropikoa ere kaltetuta gelditzen baita. Eta hori gutxi balitz, eragin obizida ere badute: arrautzak prekozenoz tratatuz gero, ez da larba edo ninfarik ateratzen edo ateratzen badira berehala hiltzen dira.

Aukera badago, bestalde, gazte-hormona bera ere intsektizida modura erabiltzeko. “Jubenoideak” deritzen substantziak gazte-hormonaren agonistak dira, bere funtzioa ordezkatzen dute. Beraz, pentsa daiteke gazte-hormona modu naturalean desagertzen den fasean modu artifizialean erabiliaz intsektuen bizi-zikloa eten egin daitekeela: izan ere, jubenoideak erabilita, adibidez metoprenoa, larba supernumerarioak deritzenak lor daitezke; hau da, berez metamorfosiaren ondoren heldu bat agertu beharko litzatekeen unean, helduaren ordez tamaina handiagoko gazte itxurako ale bat agertzea. Noski, metodo hau soilik litzateke erabilgarria izurria ale helduek sorrarazten duten kasuetan, bestela izurria larriagoa izatea eragin baitaiteke beldar erraldoiak sortuaz.

Bestalde, ekdisona edo muda hormonaren (MH) agonistak eta antagonistak erabiltzea ere aukera ahaltsu bat izan liteke intsektuen garapena mozteko, mudak azkarregi gertatzea eraginez edo mudak ekidinez, hurrenez hurren. Hiperekdisonismoak hazkuntza arazoak sorrarazten ditu, sexu-organoak ez dira egokiro heltzen, ezta arrautzak ere… eta arazo funtzional ugari eragiten ditu intsektu mota desberdinetan. MH-ren antagonistak erabiliz ikusi da, bestalde, jaken uzten dituela intsektuak eta muda inhibitu edo behintzat atzera dezakeela. Arazoa laborategian egindako saio hauek praktikara eramatean dago, aplikazio-moduak, dosiak, eta tratamenduaren une zehatzarekin asmatzea  erabakigarriak baitira. Orain arte eremu honetan aurrerapen gutxi egin badira ere, etorkizunean baliteke bide berriak zabaltzea.

Hormona eta feromonetan oinarritutako intsektizidak garatzeak dena du bere alde, kostu ekonomikoa alde batera utzita. Era honetako intsektizidak seguruak dira eta nahiko espezifikoak; eta forma erresistenteen agerpena saihesten dute, animaliaren berezko substantziak baitira!

Oharra: www.fao.org/docrep/009/a0789s/a0789s13.htmtik hartua da argazkia


[1] Zenbait lepidopterotan, hala ere, heldu emeetan obulutegiak ekdisona ekoizten du eta honexek kontrolatzen du bitelogenesia.

Iruzkin bat honentzako: Intsektuen aurkako gerra garbia (II)

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>