Txoriak eta saguak

etxetxoriaDuela ia mende erdia, Duke (AEB) Unibertsitateko ikertzaile batek etxetxori batzuk eraman zituen 6.100 m-ko garaieran zegoen toki batera. Itsasoaren mailan dagoen oxigenoaren erdia baino gutxiago dago garaiera horretan. Jokaera normala erakutsi zuten txoriek; ez zirudien garaierak inolako eragin berezirik zuenik eurengan. Horrek esan nahi zuen beharrezkoa zuten oxigenoa lortzeko gai zirela txoriak, nahiz atmosferan hain oxigeno gutxi zegoen. Txoriekin batera, tamaina bereko saguak ere eraman zituen. Saguek, berriz, oso portaera desberdina erakutsi zuten. Etzanda geratu ziren, erdi koman.

Txoriek oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina edukiko zutela pentsatu zuen ikertzaileak hasieran; azken batean, horixe da goialdeetan bizi diren ugaztunek erakusten duten ezaugarrietako bat (ikusi “Andeetako kamelidoa” izenburuko sarrera). Neurtu zuenean, baina, ez zuen aurkitu saguen eta txorien odolen hemoglobinen arteko desberdintasun esanguratsurik eta, beraz, sistema kardiobaskularraren edo arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduan egon behar zuen gakoa.

Sistema kardiobaskularrari dagokionez esan beharra dago hegaztien bihotza oso handia dela; izan ere, tamaina bereko xaguena baino ia 3 bider handiagoa da etxetxorien bihotza. Bihotz handia izanik, odol bolumen handia bultzatzen du taupada bakoitzeko. Eta horrez gainera, oso eraginkorrak dira hegaztien birikak, ugaztunenak baino askoz ere eraginkorragoak. Ikus dezagun lehendabizi nolakoa den ugaztunen arnasketa, hegaztiena hobeto baliozta dezagun geroago.

Arnasa hartzerakoan eta arnasa botatzerakoan bide beretik joan eta etortzen da arnasturiko airea ugaztunen biriketan. Hori dela eta, hartzen den aire berria nahastu egiten da biriketan zegoen airearekin, eta nahaste horren ondorioz, odolari oxigenoa eman behar dion airean ez dago aire freskoan dagoen beste oxigeno, nabarmen gutxiago baizik. Izatez, arnasturiko aireko O2aren presio partzial eta odoleko O2aren presio partzialaren arteko aldea da odolerako iragapenaren intentsitatea baldintzatzen duen eragilea. Beraz, alde hori txikia da birikan dagoen airearen oxigeno presioa apala bada edo odolarena garaia bada, eta ugaztunen kasuan lehen baldintza hori da betetzen dena. Beraz, zorro modukoak diren birikak dauzkagun bitartean, ugaztunok ez dugu arnasa hartuko eraginkortasunez.

Gauzak oso bestelakoak dira hegaztietan. Hegaztien arnas aparatua konplexua da baina oso eraginkorra. Hauetan ere arnasa hartu eta bota bide beretik, ahotik, egiten bada ere, korapilotsuagoa da barrurago aireak egiten duen ibilbidea. Lau aire zorro dituzte eta airea zorro batetik bestera mugitzen da arnas mugimenduekin batera. Zorro horietako biren artean bronkioak daude, hodi itxura dutenak. Hodi horietatik iragaten da airea, norabide berean beti. Beraz, aire berria ez da alde horretan inoiz nahasten erabilitako airearekin. Horren ondorioz, oso garaia da  odolari oxigenoa ematen dion aireko O2aren presio partziala, eta transferentzia errazten da horrela. Hori gutxi balitz, bronkioek eta odol hodiek elkarrekiko duten kokapenak ere laguntzen du oxigenoa igaroten.

Beraz, badakigu zein diren goialdeetan egon ahal izateko txoriek erakusten dituzten ezaugarriak. Zentzu batean esan genezake aurremoldatuta daudela hain toki garaietan bizi ahal izateko.

hegaztien birikaren eskema

Oharra: www.agirregabiria.net/mikel/2004/gorriones.htm helbidetik hartu dugu etxetxoriaren argazkia eta Wikipediatik hegaztien arnas aparatuaren eskema (http://en.wikipedia.org/wiki/File:BirdRespiration.svg)

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>