Zeruraino iristen diren hegaztiak

Aurreko sarreran ikusi ahal izan dugunez, arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduari eta bihotzaren tamainari esker jardun daitezke txoriak normaltasunez 6.000 m-ko garaieretan. Oxigeno gutxi dago garaiera horietan, baina oxigenoa eskuratzeko eta ehunetara eramateko sistemak oso eraginkorrak dira txorietan eta horri esker gaindi ditzakete altuerak eragindako hipoxiaren ondorioak.

Hegazti zenbaitek, baina, askoz ere garaiera handiagoetan egin dezakete hegaz. Gyps rueppellii izen zientifikoa duen saiaren ale batek, esaterako, 11.277 m-tan zebilen hegazkin batekin talka egin zuen 1973an eta espezie bereko aleak ikusiak izan dira behin baino gehiagotan 10.000 m-tik gora doazen hegazkinetatik. Nekez lor liteke horren garaiera handitan hegan egitea, arnas pigmentu berezirik eduki gabe.

Gyps rueppellii-k ez du, ez, hemoglobina arrunta. Izan ere, lau hemoglobina desberdinak ditu odolean, eta oxigenoarekiko kidetasun desberdina du bakoitzak. Hemoglobina horiei HbA, HbA’, HbD eta HbD’ izenak eman dizkiete, HbA oxigenoarekiko kidetasun apaleneko eta HbD’ kidetasun garaieneko hemoglobinak izanik. Gyps-en odolak oxigeno-tentsioen tarte zabalean zehar garraia dezake oxigenoa hemoglobina desberdinen multzo horri esker.

Aipatzeko modukoak dira garaiera handitan hegaz eginez migratzen duten ur-hegazti zenbait ere. Antzara indiarrak (Anser indicus) Everesteko mendikatearen gainetaik migratzen du eta 9.000 m-tik gora (garaiera horretan itsas mailakoaren herena da O2-aren presio partziala) hegan egiten ikusi izan dira espezie honen aleak. Oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina du hegazti honek ere; argi dago, beraz, horri zor diola, neurri handi batean behintzat, hain altuera garaietan hegaz egin ahal izatea. Andeetako antzara (Chloephaga melanoptera) ere toki garaietan bizi da (6.000 mt-tik gora) eta, antzara indiarrak bezala, oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina du.

Ikusi ahal izan dugunez, bihotzaren eta biriken ezaugarriei esker hegazti guztiak dira toki garaietan hegan egin ahal izateko gai, baina hori baino gehiago behar dute planetan dauden toki garaienetan bizi eta mendi garaien tontorretatik gora hegan egiten dutenek. Arnas pigmentu bereziak, hemoglobina bereziak, behar dituzte. Horiei esker irits daitezke zeruraino.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>