Elefanteen belarriak

elephants[1]Ezaguna da belarriek oso zeregin garrantzitsua betetzen dutela elefanteen gorputzaren tenperaturaren eraenketan. Bero asko dispatzen dute elefanteek belarrietatik; izan ere, odol hodiez josita dituzte belarriak, odolaren bitartez ateratzen baita barruko beroa gorputzaren azaleraino, kasu honetan belarrietaraino.

Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak, elefante guztien belarriak ez baitira hain handiak. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, luzera eta zabalera. Datu zehatzik eskain ezin dezakegun arren, kontu jakina da Loxodonta cyclotis-ek belarri txikiagoak dituela. Lehena sabanako elefantea da, Afrikako ekialdean bizi dena, eta mendebaldean bizi da bigarrena, ohianekoa. Egia da ohianekoa txikiagoa dela baina edozelan ere, proportzioan, txikiagoak dira ohianeko elefantearen belarriak. Sabanako elefantea bizi den tokietako ingurumen tenperaturak garaiagoak dira ohianeko elefantean bizi den aldeko tenperaturak baino.

Logika berberari jarraituz erraz uler daiteke zergatik diren txikiagoak Elephas maximus Asiako elefantearen belarriak ere: 60 cm eta 30 cm dira, hurrenez hurren, elefante horren belarrien luzera eta zabalera. Elefanteak bizi diren tokiak, Asian, freskoagoak dira nonbait, Afrikako tokiak baino. Eta muturrera eramaten badugu argudioa, erraz ulertuko dugu mamuten belarriak zergatik ziren horren txikiak. Ezaguna den Mammuthus primigenius mamut bilotsuaren belarri handienaren luzera, 30 cm-koa da.

Ondorio argia ateratzen da behaketa horietatik: elefante eta antzekoen belarrien tamaina handiagoa da ingurune tenperatura garaiagoa den heinean. Gorputz tenperaturaren eraenketaren zerbitzuan dago, beraz, belarrien tamainaren aldagarritasuna ugaztunen talde honetan.

Kontu honetan, hala ere, bada erraz ulertzen ez den zerbait. Zergatik elefanteak? Zergatik gertatzen da hau elefanteetan eta ez Afrikako toki beroenetan bizi diren beste ugaztunetan? Lurraren gainean bizi diren animalia handienak izanik, elefanteak bezalako animaliarik ez dago eta beraz, erkaketa hertsirik ezin daiteke egin. Jo dezagun, hala ere, erkaketaren bidetik, argia egiteko laguntza emango baitigu, eta erkaketarako, errinozero zuria hartuko dugu.

Errinozero zuria (Ceratotherium simum) ez da ugaztun txikia; izan ere, Afrikako (sabanako) elefantearen masaren erdira hel daiteke. Biak dira biluziak, ilajerik gabeak, eta hori ez da bat ere ohikoa ugaztunetan. Gorputzaren formaren aldetik, bestalde, ez dute horren itxura desberdinik. Jakina, errinozeroek ez dute tronparik; ez dute behar, burua lurrera eramateko arazorik ez baitute, baina tronparena albo batera utzita, belarriak dira bi animalien arteko ezaugarririk bereizgarriena, errinozero zuriek belarri txikiak baitituzte. Errinozero zurien ingurune tenperatura eta sabanako elefantearena antzekoak dira. Beraz, antzekoak izanik eta antzeko medioetan egonik, zergatik da beharrezkoa zerbait batean eta ez bestean? Zergatik ez dira handiak errinozeroaren belarriak?

Erantzunak zerikusi handia du tamainarekin, bien artean dagoen aldea nahikoa baita batak beroa disipatzeko mekanismo berezia behar izateko eta besteak ez. Azter dezagun hori.

Elefanteen tasa metabolikoa (masa unitateko, noski) oso apala da, animalia handiek tasa metaboliko baxuagoa baitute txikiek baino. Metabolismoaren ondorioz beroa sortzen denez, masa unitateko bero gutxiago sortzen dute animalia handiek txikiek baino. Gutxiago sortu, bai, baina hala ere gehiegi sortzen dute animalia handiek. Horren arrazoiak ez daude argi eta ez ditugu hemen aztertuko oraingoz, baina horren ondorioa argia da: animalia handiek zailtasunak izan ditzakete disipatu behar duten bero guztia disipatzeko, eta horixe da sabanako elefanteei gertatzen zaiena baina errinozero zuriei ez. Horrexegatik behar du elefanteak tresna bereziren bat beroa disipatzeko eta belarriak dira tresna hori.

Oharra: argazkia “Oldster’s view” blogetik hartu dugu.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>