Elefanteen birikak

Elefanteak ibaia zeharkatzera doazelaEzaugarri interesgarri zenbait dituzte elefanteek. Lurraren gainean, lehorrean, bizi diren animalia handienak izateaz gain, edo handienak izateagatik, badituzte zenbait ezaugarri berezi. Belarrien tamainaz aritu ginen aurreko sarreran, belarriek gorputz tenperaturaren eraenketan betetzen duten zereginaz, hain zuzen ere. Oso desberdina da orain aztertuko duguna.

Elefanteek urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko tresna gisa. Elefanteentzat balio handiko ahalmena da hori, joan-etorri luzeak egiten baitituzte eta egiten dituzten ibilbideetan oso ohikoa baita ibaiak zein lakuak zeharkatu behar izatea. Zenbaitetan, gainera, sakon samarrak dira zeharkatzen dituzten ur masak.

Ahalmen hori harrigarria egin zaie betitik zientzialariei. Izan ere, elefanteak urpean ibil daitezkeen sakoneran beste edozein ugaztunen birikak kaltetuta geratuko lirateke presio hidrostatiko handiaren eraginez. Baina duela zazpi urte, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia lehendabizi. American Physiological Society delakoaren 2002ko biltzarrean emandako hitzaldi batean (“Insights Into Respiratory Mechanisms: Lessons from the Elephant” izenburuko hitzaldian) eskaini zuen gertaera harrigarri horren zergatia.

Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa hain da handia, ezen beste edozein ugaztunen odol hodiak apurtuko liratekeen edo edema sortuko luketen. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza dentso bat baitute eta geruza horri esker presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak ekidin ditzakete birikek.

Biologo askoren ustez, urtarrak ziren egungo elefanteen arbasoak, eta West doktorearen ustez baliteke tronpa iraganeko garai hartan bilakatu izana. Azken batean, ez da ahaztu behar urtarrak diren dugong eta manati sireniok direla elefanteen ahaide hurbilenak.

Oharrak: 1) Travel Blog-etik hartu dugu argazkia. 2) Oliver Blaisier-en argazkiak ere oso ederrak dira. Hemen aurki daitezke.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>