Atunen berogailua eta sare zoragarria

atunaEtengabe igeri egiteko ahalmen handiena duten arrain teleosteoak, eskonbridoak dira. Beste zenbaiten artean, atunak eta berdelak dira talde horretako kideak. Iraupen laburreko ahalegin handiak egiteko ere gai dira, euren muskulatura zuri[1] indartsuari esker. Baina beste teleosteoekin erkatzen baditugu, oso ahaltsuak dira euren muskulu gorriak[2] ere. Muskulu gorriei esker egin dezakete igeri horren distantzia luzeetan zehar.

Eskonbridoen artean, tunidoak dira, alde handiarekin gainera, ahalmen fisiko handiena dutenak. Igerilari apartak dira, oso distantzia luzeak egiten baitituzte lastertasun handiz. Harrigarria bada ere, atunen muskulatura eta gainontzeko eskonbridoena ez da oso desberdina. Izan ere, ezin liteke alde handiegirik egon eskonbrido desberdinen muskuluen ahalmenen artean. Adituen iritziz arrain multzo horren muskuluen ezaugarri metabolikoak nekez hobetu litezke, lan handia eta eraginkorra garatzeko oso egokiak baitira denenak. Kasik ez dago, beraz, hobetzeko tarterik. Baina metabolismo muskularrari dagokionez batzuk eta besteak antzeko samarrak badira ere, oso berezia da tunidoek erakusten duten ezaugarri bat, eskonbridoek eta gainontzeko arrainek erakusten ez dutena. Ezaugarri bereizgarri hori ez da metabolikoa, fisiologikoa baizik; hau da, ez dagokio zelulen organuluen funtzionamenduari, sistemaren funtzionamenduari baizik.

Muskulu gorrien tenperatura inguruko itsas urarena baino 10 ºC garaiago mantentzen dute tunidoek. Horixe da ezaugarri gakoa. Beste eskonbrido guztiek baino jarduera maila garaiagoa garatu dezakete muskuluaren tenperatura horri esker. Esan bezala, muskulu gorriak dira beroago daudenak, ez beste muskulu edo gorputz atalak. Azken batean, tunidoek egiten dutena eta animalia homeotermoek egiten duguna, nonbait, ez da oso desberdina, baina noski, tunidoak ez dira homeotermoak.

Muskulu jarduerak sortzen duen beroa gordetzeko, edo ez galtzeko, ahalmena dute eta horri dagokio, hain zuzen ere, tenperatura garaiagoa mantendu ahal izatea. “Rete mirabile” (sare zoragarria) latinezko izena duen zirkulazio sistemaren gailu berezi bati dagokio atunen ahalmen hori. Gailu horri esker brankietatik datorren odol hotza berotu egiten da muskuluetara heldu baino lehen. Ibilbide horretan arteria odolak irabazten duen beroa aurkako norabidean doan beste odol batek galtzen du. Muskuluetatik igaro berria den zain odola da beste odol hori; zain odola bero dago, muskuluaren metabolismo jarduerak sortu duen beroaren eraginez, eta muskulu gorrietatik irteten denean, arteriazketatik datorren odolari ematen dio beroa. Odol hodiak, zainak eta arteriak, elkarren ondoan kokatuta daude eta kontrako norantzan mugitzen dira barruan daramaten zain- eta arteria-odolek. Odola (edo beste edozein fluido) zirkulatzeko era horri “korrontearen kontra” deitzen zaio eta berari esker lortzen da bi azpisistemen arteko bero transferentzia ahalik eta garaiena izatea.

Korrontearen kontrako trukatzailea dugu “rete mirabile”. Hori bezalako trukatzaile fisiologiko zenbait daude animalietan, eta beroa edo ioiak edo arnas gasak eta abar trukatzeko erabiltzen dira. Korrontearen kontrako trukatzaileak oso erabiliak dira instalazioak eta lokalak termostatizatzeko, eta ingeniariek giza adimenak sortuak direla uste duten arren, duela milioika urte sortu zituen naturak.

Orain arte emandako azalpenetatik ondoriozta daiteke tunidoek endotermiarako ahalmena dutela; hau da, barne jatorria duen beroa gordetzeko gai dira eta bero horri esker gora dezakete gorputz atal baten tenperatura. Oso antzekoa da animalia endotermook egiten duguna, gure metabolismoaren emaitza den beroari esker egon baikaitezke bero. Antzekoa da, bai, homeotermook egiten duguna eta atunek egiten dutena, baina ez da berdina: homeotermook konstante[3] mantentzen dugu barne tenperatura eta atunek euren muskulu gorriak kanpo medioa baino apur bat beroago mantentzea da lortzen dutena. Lorpen txikia dirudi, baina lorpen horri esker igeri egiteko makina ahaltsuak dira atunak. Eta lorpen hori posiblea da bi ezaugarriri esker: muskulu-metabolismoaren berogailua da bata eta berogailu horrek sortzen duen beroa ez galtzeko duten sare zoragarria bestea.

Oharra: Irudia Universal Ocean blogetik hartua dago


[1] Muskulu zurien ezaugarriak: uzkurtze azkarrekoak, anaerobikoak, eta berehala nekatzen dira.

[2] Muskulu gorrien ezaugarriak: astiro uzkurtzen dira, aerobikoak, mitokondrio askokoak, ondo odololeztatuak eta ez dira nekatzen erraz.

[3] Ez beti eta ez guztiz konstante, eskualde-heterotermia deritzon gertaera oso arrunta baita animalia homeotermoetan.

Iruzkin bat honentzako: Atunen berogailua eta sare zoragarria

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>