Erraldoiak

Sorgin orratz erraldoi bat Karbonifero aldiko baso bateanLurraren historian zehar asko aldatu da atmosferaren O2 kontzentrazioa. Hasieran ez zegoen oxigenorik. Gero, kontzentrazio apaleko eta kontzentrazio garaiko aldiak izan dira, beste gasekin (CO2 eta CH4 esaterako) gertatu den bezala. Atmosferaren oxigeno kontzentrazioa 20’5 %koa da egun, baina 35%koa izatera heldu zen iraganean eta 15%koa izan da metazooak agertu zirenez geroztik gertatu den O2 kontzentraziorik apalena.

Lurraren historian zehar gertatu diren oxigeno kontzentrazioaren aldaketak aipatu ditugu aldaketa horiek zerikusi zuzena bide dutelako zenbait espezieren aleek lor dezaketen tamainarekin. Karbonifero izeneko aldia, zenbait animalia talderen gigantismoko aroa izan zen. Erraldoi gehienak, intsektu hegalariak ziren, baina artropleurido (artropodo iraungiak), milazango eta Labyrinthodontia (anfibio iraungiak) azpiklaseko espezie lehortiar batzuk ere, erraldoiak ziren. Ikus ditzagun aipatu gigantismo horren hiru adibide: 0’7 m-koa zen Protodonata ordenaren sorgin orratz iraungi baten hegalen punten arteko zabalera; baziren 1 m-ko luzera zuten milazangoak eta 2 m-ko arrabioak ere (pentsa ze susto hartuko genukeen holakoekin topo egingo bagenu!).

Bada, Karboniferoa izan da oxigeno kontzentrazio garaiena gertatu den aldia Lurraren historia osoan. Oxigenoa kanpo mediotik ehunetara iristeko barreiatze-prozesuek garrantzia dutenean espezie batean, arnas medioaren oxigeno kontzentrazioak neurri handian baldintza dezake espezie horren tamaina. Izan ere, eguratsaren O2 kontzentrazioa 35%-ra iristen bada, 67% garaiagoa da O2-ren barreiatze-tasa. Igoera hori garrantzi handikoa da barreiatzearen menpekotasun handikoak diren arnas sistema duten animalientzat. Hori dela-eta, horien artean daude larruazal-arnasketa erabiltzen duten anfibioak eta, noski, barreiatzearen guztiz menpekoak diren trakea-sistema dutenak ere. Hortaz, ez da bat ere harritzekoa gigantismo kasu gehienak erakutsi dituen taldea intsektuena izatea, trakea-sistema baita intsektuen arnas aparatua.

Gai honi buruz idatzi genuen “Arnas egiteko beste modu bat” izenburuko sarreran ere. Orduan azaldu genuen bezala, trakea-sistemaren ezaugarriak direla-eta, intsektuen tamaina mugatua dago eta ezin daiteke oso handia izan. Baina oxigenoa barreiatzeko baldintzak aldatzen direnean (O2 kontzentrazioa aldatzen delako, adibidez), tamainaren muga ere aldatzen da; horixe da hemen ikusi ahal izan duguna. Gauza bera gertatzen da egungo anfibio urodeloekin; larruazal-arnasketaren oso menpekoak direnez, euren tamaina ere mugatua dago eta, horrexegatik, zenbait espezieren aleak heldu ahal izan ziren Karboniferoan 2 m-ko luzera edukitzera.

Hemen aurkeztu duguna, hipotesi bat baino ez da, baina oinarri oso sendoak dituen hipotesia. Bere alde dago, gainera, Permiar aldian zehar batera gertatu ziren O2 kontzentrazioa beheratzea eta espezie erraldoien iraungitzea. Gero beste aldi batean, Kretazeoan, baldintza hiperoxikoak itzuli ziren eta O2 kontzentrazioaren igoerarekin batera, intsektu erraldoiak sortu ziren berriro ere. Efemeropteroak ziren Kretazeo-ko intsektu erraldoiak, baina berriro desagertu ziren eguratsaren O2 gertutasuna jaitsi zenean.

Oharra: Argazkia Natur North Manitobako online aldizkaritik hartu dugu.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>