Amaren odola eta umekiarena ez dira berdinak

Izurde umekiaHaurdun dauden emakumeek ito egiten direla esaten dute ahalegin luzeak egiten dituztenean, arnasa ez zaiela heltzen. Arnasa hartze sakonak egin behar izaten dituzte noizean behin. Normaltzat hartzen dute, umekiak betetzen duen bolumenak eragozten omen duelako birikak zabaltzea behar den neurrian. Ez dakit hori horrela ote den; ez dakit umekiak noraino kentzen duen arnasa hartzeko bolumenaren zatiren bat.

Baina badago beste arrazoi bat itotze-sentsazio horretarako. Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Gainera, jarduera metaboliko garaia du. Bi arrazoi daude horren garaia izateko. Batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa. Eta bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen ari da etengabe; eta ehun berriak sortzen dagoenez, handiak dira bere behar metabolikoak ere. Umekien jarduera metaboliko garai horren adierazle ezin hobea da sortzen duten beroa; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean eurak direlako bero hori disipatu behar dutenak.

Umekiaren behar metabolikoak, beraz, handiak dira, eta horrek esan nahi du oxigeno asko behar duela. Bestalde, umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Kontua, hala ere, ez da sinplea. Hemoglobinarekin konbinatua darama odolak oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da hain erraza; odoleko oxigeno tentsioa asko beheratu behar da horretarako. Baina oxigeno tentsioa asko jaisten bada, ez da izango umekiaren beharrak asetzeko nahikoa. Kontuan hartu behar da, gainera, oxigenoa umekiaren odolera heltzeko, plazentaren epitelioan zehar barreiatu behar dela, hau da, oxigenoak nolabaiteko “hesia” zeharkatu behar duela.

Bestelako mekanismorik gabe, beraz, egoera ez litzateke bat ere samurra izango umekiarentzat, amaren hemoglobinak, nonbait, oxigenoa “gordetzeko” joera baitu eta umekiarengana iristeko oxigenoak hesi bat zeharkatu behar baitu. Argi dago, hala ere, umekiarentzako oxigeno emaria nola edo hala bermatuta egon behar duela. Eta halaxe da: umekiaren odolak badu oxigenoa eskuratzeko pigmentu bat, hemoglobina bat, amaren hemoglobinari oxigenoa “xurgatzen” diona. Oxigenoa “xurgatu” egiten duela esatea ez da guztiz zuzena, baina berbak ondo adierazten du zer egiten duen. Umekiaren hemoglobinak oxigenoarekiko kidetasun handia du, amaren hemoglobinak baino kidetasun handiagoa. Hori dela eta, bi pigmentuak oxigeno tentsio berbera edo antzekoaren menpe daudenean, amaren hemoglobinatik umekiaren hemoglobinara igarotzen da oxigenoa. Esan genezake, beraz, umekiak nolabaiteko “lehentasuna” duela amak arnasturiko oxigenoa erabiltzeko orduan.

Ugaztunen ezaugarria da hemen azaldu duguna, nahiz gertaeraren mekanismo molekularrak berberak ez diren guztietan. Hiru motako mekanismoak daude, baina emaitza oso antzekoa da denetan: umekiaren pigmentuaren kidetasuna amaren pigmentuarena baino garaiagoa da eta horri esker berma daiteke umekiaren beharrak asetzeko nahikoa den oxigeno emaria.

Oharra: Argazkia Genciencia blogetik hartu dugu.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>